54. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

175E/2017 EBAZPENA, martxoaren 2koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, gizarte-erantzukizuna sustatzeko 2017ko laguntzen deialdia onesten duena.

Nafarroako Gobernuak enpresaren gizarte-erantzukizuna sustatzen du, eta horretarako laguntzak ematen die enpresei, beren estrategietan gizarte-erantzukizuna sar dezaten.

Nafarroako Gobernuak, 2009ko apirilaren 6an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zuen diru-laguntza hauek banakako ebaluazioko araubidean tramita zitezen, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedaturikoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2017. urteko laguntzen deialdia onestea gizarte-erantzukizuna sustatzeko.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.

3. 88.000 euroko gastua baimentzea, deialdi honetatik sortutako konpromisoetarako, 2017ko gastuen aurrekontuetako 810012 81500 4819 494112 partidaren kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

RCSA KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810012-81500-4819-494112: Gizarte-erantzukizuna sustatzeko programa

2017

88.000,00 euro

Baimendutako gastutik, hauek dira diruz laguntzen ahal den jarduketa bakoitzerako diru kopuruak: 27.000 euro, diagnostikoak egiteko; 40.500 euro, jarduketa planetarako, 6.000 euro, jasangarritasun txostenetarako; eta 14.400 euro, hobekuntza zikloetarako. Jarduketa baten eskaerei erantzun ondoren, dirua soberan gelditzen bada, beste jarduketa batzuk finantzatzeko erabiltzen ahalko da, horiek zein ordenatan aurkeztu diren kontuan hartuta.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko martxoaren 2an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Enpresen gizarte-erantzukizuna Nafarroako enpresetan bultzatzeko xedea dute laguntza hauek, “InnovaRSE” metodologiaren araberako diagnostikoak, jarduketa planak, jasangarritasun txostenak eta hobekuntza zikloak prestatuz.

Enpresaren estrategian kezka sozialak, lanekoak, ingurumenekoak eta giza eskubideekiko errespetuzkoak beren interes-taldeekin nahita txertatzeari esaten zaio gizarte-erantzukizuna; horrela, beren ekintzek sortzen dituzten ondorio eta eraginez arduratzen dira. Legeria aplikagarria eta hitzarmen kolektiboak errespetatzea aldez aurreko baldintza da erantzukizun hori betetzeko.

“InnovaRSE” metodologiak enpresen gizarte-erantzukizuna esaldi batzuetan laburbiltzen du, gai horretan kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak zehatz-mehatz deskribatuz. Guztira 30 esaldi dira, 10 esaldi aztertzen diren dimentsio bakoitzeko (ekonomikoa, ingurumenekoa eta gizartekoa).

Aurtengoa deialdiak, 2016koak egin zuen bezala, hiru dekalogoen betearazpena bultzatzeaz gain, berdintasun arloan puri-purian dauden kezka sozialak enpresetan txertatzen dituzten jarduketak sustatuko ditu bereziki (gizarte arloko dekalogoaren 4. esaldia), Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren “Berdintasuna enpresen gizarte-erantzukizuna” izeneko VII. tituluarekin bat.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira diru-laguntzen onuradunak:

a) Lantoki bat Nafarroan izatea, gutxienez 5 langile kontratatuta dituena eskaera aurkezten denean.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar bada, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuarekin bat (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

c) Deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean zehapenik jaso ez izana Langileen Estatutuak edo aplikatzen den kolektiboak ezarritako berdintasun planen arloko betebeharrak ez betetzeagatik edo enpresak hartutako erabakiengatik, sexuarengatik edo orientazio sexualarengatik edo sexu jazarpenagatik zuzeneko edo zeharkako bereizkeria egiteagatik.

d) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan falta oso larri bat edo bi falta larri baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

e) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, betiere zehapen organoaren txosten baten arabera neurri horiek gauzatu ez badira edo aplikatzeko egutegia bete ez bada.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere ez urratzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik daudela frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. a), b) eta f) letretako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabidean datorren erantzukizuneko aitorpena erabiliko da. Gainerako beharkizunak ofizioz egiaztatuko dira.

3. Sozietate publikoak eta aholkularitzako enpresak ezin dira laguntzen onuradunak izan, 4. oinarriarekin bat baimendutako pertsonaren bat badute.

3. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren jarduketak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Hurrengo jarduketak aholkulari gisa baimendutako pertsonekin egitea da diru-laguntzaren xedea:

1.1. Diagnostikoak: enpresei bide ematen diete gizarte-erantzukizunari dagokionez beren egoera identifikatzea, hiru dekalogoetan (ingurumenekoa, ekonomikoa eta gizartekoa) esaldi bakoitza aztertuz. Horri esker, jarraitu beharreko bideak planteatuko dira, enpresaren politikan gizarte-erantzukizunaren printzipioak ezartzeko.

Emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko jarduketak baloratzearren, gizarte arloko dekalogoaren 4. esaldian (genero berdintasunari lotutako alderdiak aztertzen dituena), aztertu egin beharko da neurri hauetako zein ari diren aplikatzen:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatu eta aplikatzea 250 langiletik beherako enpresetan.

b) Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politiken aplikazioan nabarmentzeagatik aitortza edo bereizgarriren bat lortu izatea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZEren “Reconcilia zigilua”, eta abar).

c) Bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak aplikatzea.

1.2. Jarduketa planak: aldez aurreko diagnostikotik abiatuta, enpresaren gizarte-erantzukizuna hobetzeko garatu beharreko ekintzak zehazten dituzte. Laguntza hauek eskuratzeko, aholkulari baimendu batek egindako gizarte-erantzukizunari buruzko diagnostikoa dutela frogatu beharko dute enpresek.

Jarduketa planek bi ekintza izanen dituzte gutxienez. Ekintza bat, gutxienez, 1.1 atalean zehaztutako neurrietako bat izanen da.

1.3. Jasangarritasun txostenak: tresna bat dira jarduketa plana egin duten enpresentzat, plan hori gauzatu dutela erakusteko. Txosten horretan sartzen dira erakundeak garapen jasangarriarekin lotuta egiten duen jardueraren neurketa, zabalkundea eta kontu ematea, barne eta kanpoko interes-taldeen aurrean.

250 langiletik beherako enpresa baten txostenean argi gelditzen denean berdintasun plan bat prestatu eta aplikatu dela, laguntza aholkulariei pagatutakoaren %100 izanen da, 3. ataleko taulan adierazten den bezala.

1.4. Hobekuntza zikloak: jasangarritasun txostena egina duten enpresentzat; haietan beste diagnostiko bat egiten da, lortutakoa eta egiteko dauden zereginak berrikusten dituena, bai eta beste jarduketa plan bat ere, non hobetu beharreko beste eremu batzuk, helburuak eta hartu beharreko neurriak proposatzen baitira.

Jarduketa plan berriek 1.1 atalean adierazitako neurrietako bat, gutxienez ere, jaso beharko dute, 1.2 puntuan adierazten den bezala.

2. Gainera, diruz laguntzen ahal diren jarduketek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Gobernuaren “InnovaRSE” metodologiaren araberakoak izan behar dute.

b) Laguntzaz eskatzen den egunaren eta 2017ko irailaren 15aren artean egin behar dira. Ondorio horietarako, egindako gastutzat jotzen da egun hori baino lehenago fakturatu eta ordaindu dena.

c) Enpresako jarduketa bakarrerako emanen da diru-laguntza.

d) Aholkulariak laneko denbora bat frogatu beharko du, 25 ordukoa gutxienez, diagnostiko bakoitzeko; 50 ordu, jarduketa plan bakoitzeko; 15 ordu, jasangarritasun txosten bakoitzeko eta 60 ordu, hobekuntza ziklo bakoitzeko.

3. Laguntza aholkularien ordainsarien portzentaje bat (BEZa kanpo) izanen da, ondotik ematen baita, egindako jarduketagatik jaso beharreko gehienekoarekin batera:

JARDUKETA

LAGUNTZAREN %

GEHIENEKO LAGUNTZA

1.1. DIAGNOSTIKOA

%100

1.000 euro

1.2. JARDUKETA PLANA

%75

1.500 euro

1.3. JASANGARRITASUN TXOSTENA

%50 edo %100*

300/600 euro*

1.4. HOBEKUNTZA ZIKLOA

%50

1.200 euro

* 250 langiletik beherako enpresek, berdintasun plan bat aplikatu badute, %100 jasoko dute, betiere 600 euroko muga gainditu gabe.

4. oinarria.–Aholkulariak baimentzea.

1. Lan Zerbitzuak aholkulari gisa baimendutako pertsonen zerrenda bat prestatuko du, diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak egiteko; aholkulariek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresentzako kontsulta edo aholku lanetan edo enpresa kudeaketan hiru urteko esperientzia izatea.

b) Kontsulta eta aholku lanetara emana den enpresa edo entitate batean jardutea, enpresak helbidea Nafarroan izanik.

c) Lan Zerbitzuak emanen duen prestakuntzan parte hartzea.

Aipatu prestakuntza bi saioz osatua da, eta nahitaezkoa izanen da InnovaRSE metodologian esperientziarik ez dutenentzat. Esperientzia dutenek nahitaez joan beharko dute metodologia hori eguneratzearen gaineko saiora.

2. Baimen hori eskuratu nahi dutenek 7 egun naturaleko epea izanen dute eskabidea bidaltzeko, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, honako helbide honetara: responsabilidadsocial@navarra.es. Eskabideak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoan dagoen ereduaren araberakoa izan behar du.

3. Aholkulari gisa baimendutako pertsonen zerrenda aipatutako Interneteko helbidean argitaratuko da, enpresek aukera dezaten norekin egin nahi dituzten diruz laguntzen ahal diren jarduketak.

5. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. 2017ko apirilaren 4an hasiko da eskaerak aurkezteko epea, 08:00etan, eta apirilaren 11n bukatuko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla eta, horretarako, helbide elektroniko gaitua eduki beharko da (DEH). 9. oinarrian ezarritako moduan lor daiteke DEHa.

Eskaera bulego batean aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, aurkezpen elektronikoa eginez. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

3. Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak:

a) Enpresako zuzendaritzaren konpromisoa, diruz lagundutako jarduketak abian jartzekoa, laguntzaren fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa.

b) Berdintasun plana, jasangarritasun txostenak aurkeztu eta 3.3 oinarrian aipatutako laguntzaren gehienekoa (%100) jaso nahi duten enpresen kasuan.

4. Aurkeztutako dokumentazioak aipatu beharkizunak betetzen ez baditu, Lan Zerbitzuak enpresari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

6. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, 3. oinarrian ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eskabideak eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da diru-laguntza.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari; horretan agerraraziko da onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen dutenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak informatzeko betebehar hori betetzen ez badu, ez da onartutako diru-laguntza ordainduko.

b) 8. oinarrian ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko da diru-laguntzaren xedeko jarduera.

c) Behar izatera, Lan Zerbitzuari jakinaraztea diru-laguntzari uko egiten diotela eta uko egitearen arrazoiak azaltzea.

d) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

8. oinarria.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diruz lagundutako jarduketa gauzaturik, 2017ko irailaren 15a arte, egun hori barne, izanen dute epea onuradunek 5. oinarrian adierazitako moduan dokumentazio hau bide telematikoan aurkezteko:

a) Justifikazioko inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena.

b) Diagnostikoaren, jarduketa planaren, diruz lagundutako jasangarritasun txostenaren edo hobekuntza zikloaren ale bana, euskarri digitalean. Dokumentu horiek hizkera ez-sexistan idatzi beharko dira.

c) Diagnostikoa egin duten enpresek aurkeztu beharko dute InnovaRSE zigilua erabili izanaren dokumentua, behar bezala beteta.

d) Aholkulariaren faktura eta ordainketa frogatzen duen dokumentua. Bi dokumentuak diru-laguntzaren eskatzailearen izenean egonen dira.

2. Lan Zerbitzuak frogagiriak aztertuko ditu eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta txosten bat erantsiko dio, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela frogatzeko; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu izatea.

3. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean frogagiria aurkezten denetik.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza horiek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (DEH).

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke helbide elektroniko gaitua. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretan harpidetuta egon beharko da. DEH eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

2. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

10. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste diru-laguntza batzuekin.

11. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zergaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

12. oinarria–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua adierazita.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1702800