53. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

SAN ADRIAN

Deialdia, izangaien zerrenda bat eratzeko, hautaproben bitartez eta aldi baterako kontratazio bidez sukaldeko laguntzailearen lanpostuan aritzeko (D maila)

Oinarriak

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdia iragartzen da izangaien zerrenda bat eratzeko, hautaproben bitartez eta aldi baterako kontratazio bidez sukaldeko laguntzailearen lanpostuan aritzeko (D maila), San Adriango Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren (ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia) 42.2.c) artikuluan xedatutakoari jarraituz onesten da deialdi hau; orobat, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan xedatzen denarekin bat.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Sukaldaritza eta Gastronomiako teknikari, Sukaldaritza teknikari eta Sukaldaritzako titulua eta Sukaldeko laguntzaile teknikari titulua izatea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedura aldian eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak San Adriango Udalaren bulegoan aurkeztu beharko dira, Nafarroako etorbideko 7.ean, edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan aipatzen diren aukeretako edozein erabiliz.

Eskabideak I. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira. San Adriango Udaleko bulegoan eskura daiteke (Nafarroako etorbidea, 7) edo aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionala ere aurkeztu beharko dute.

3.2. Minusbalioa duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbalioa dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Behin-behineko zerrendak.

Behin eskabideak aurkezteko epea bukatuz gero, jendaurrean paratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda San Adriango Udalaren iragarki oholean (Nafarroako etorbidea, 7), baita Udalaren web orrian ere.

Oholean agertzen denetik hasita, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6.–Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta, halakorik izan bada, haiek ebatzi ondoan, San Adriango Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura San Adriango Udalaren iragarki oholean eta Udalaren web orrian jarriko da jendaurrean, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

7.–Epaimahaia.

7.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Mahaiburua: Emilio Cigudosa García, San Adriango Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: Concepción Ruiz López (San Adriango Udaleko zinegotzia).

–Mahaikidea: Eneko Madinabeitia Pérez (Burlata ZIko Ostalaritza Eskolako irakaslea).

–Ordezkoa: Carlos Iriarte Merino (0-3 Eskolako sukaldaria)

–Mahaikidea: Nuria Aldama Navarro (0-3 Eskolako zuzendaria).

–Ordezkoa: M.ª Victoria Ayensa Resano (Santas Reliquias Haur Eskolako hezitzailea).

–Mahaikidea: Carlos Sobrevilla Torrecilla, San Adriango Udaleko langileen ordezkaria.

–Ordezkoa: Yolanda del Rincón Sáenz, San Adriango Udaleko langileen ordezkaria.

–Epaimahaikide-idazkaria: Natividad Azcona Comas, San Adriango Udaleko idazkaria.

–Ordezko mahaikide-idazkaria: Edgar Láinez Goñi (Udaleko kontu-hartzailea).

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta deialdia egin duen organoari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jendaurrean agertuko da hori, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

Hautapen prozesua idatzizko proba baten bidez eginen da. Proba horretan berrogei galdera erantzun beharko dira deialdi honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena.

Epaimahaiak ariketa hori egiteko izangaiek zenbat denbora duten adieraziko du haren hasieran.

Ariketan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Erantzun oker bakoitzagatik %25 kenduko zaio galderaren balioari.

Proba bukatutakoan, zuzendu eta berehala argitaratuko dira emaitzak.

Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

Hautaproba egiteko orduan, halaxe eskatzen duten minusbaliatuek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

Azken emaitzetan berdinketarik suertatuz gero zozketa bidez erabakiko da.

9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Idatzizko probaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak San Adriango Udalaren iragarki oholean, web orrian eta proba egin den lekuan jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren arabera.

9.2. Zerrendan agertzen diren izangaiei sortzen diren premien arabera dei egiten ahalko zaie, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.3. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

San Adrianen, 2017ko martxoaren 3an.–Alkate udalburua, Emilio Cigudosa García.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

1. gaia.–Elikagaiak jaso, biltegiratu, kontserbatu eta manipulatzea. Elikagaiak lehengoratzea: birberotzea, desizoztea. Elikagaien gaineko segurtasuna.

2. gaia.–Elikagaiak jasotzea. Salgai ezberdinen tratamendua, ezagutza eta kontrola: elikagai galkorrak, izoztuak eta kontserbak.

3. gaia.–Trebetasun irizpideak elikagaiak prestatzean. Egitea eta prestatzea. Egosketa eta sukaldaritzako bertze lan batzuk. Elikadura motak.

4. gaia.–Lehengaiak. Sailkapena, ezaugarri fisikoak, tasun organoleptikoak.

5. gaia.–Sukaldaritzako teknikak. Azterketa eta aukeraketa, egin beharreko prozesuen arabera. Lanabesak, erramintak eta lan egiteko ekipoak.

6. gaia.–Elikadurako intoxikazioak. Motak, arrazoiak eta haiei lotutako aurreneurriak.

7. gaia.–Garbiketa plan orokorra. Desinfekzioa, intsektu kentzea, arratoi garbiketa. Puntu kritikoak, ebaluazioa eta arriskuak. Aurreneurriak eta neurri zuzentzaileak.

8. gaia.–Lokalak garbitzea. Ezaugarriak eta erabilerak. Garbiketa sistemak. Erabiltzen diren produktuak. Erabiltzeko arauak. Erabilera komuneko makinak.

9. gaia.–Kategoriak berezko dituen laneko arriskuei aitzintzea. Banakako nahiz taldeendako babes neurriak. Sute arriskuetako larrialdi plana. Oinarrizko kontzeptuak, aurreneurriak eta egin beharrekoak. Lehen esku-hartzerako ekipoak, haien eginkizunak. Jarduketak.

10. gaia.–Sukaldeko lanaren antolaketa. Sukaldeko langileak, lanpostuak, eginkizunak eta ardurak.

11. gaia.–Ortografia, matematikak eta eskatutako titulazioari dagozkion kultura orokorreko beste ezagupen batzuk.

Iragarkiaren kodea: L1702793