53. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MENDIGORRIA

Deialdia, garbitzaile lanpostuak betetzeko oposizio-lehiaketaren bidez eginen den ordezkapenen zerrenda osatzeko

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdiaren xedea da oposizio-lehiaketaren bidezko ordezkapenen zerrenda osatzea, garbitzaile izateko lanpostu batzuk lan-kontratuarekin betetzeko:

–Lanpostuak, Udaleko plantilla organikoan identifikatuak, 16 orduko lanaldikoak izanen dira astean, eta udal eraikinak garbitzea, haien xedea.

1.2. Horretaz gainera, deialdi honen xedea da aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda osatzea, deialdi honen 12. eta 13. oinarrietan xedatuaren arabera.

1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.4. Lanpostuak E mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenaren arabera, bai eta Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.5. Hautatzen diren pertsonek bete beharreko eginkizunetan hauek daude, bertzeak bertze: eraikin eta lokaletako zoruak eta altzariak garbitzea, haien higienizazioa eta kontserbazioa bermatzeko teknika, lanabes eta produktuak erabiliz eta laneko segurtasun eta osasunaren arloan aplikatzen ahal den araudiarekin bat, eta, orokorrean, gaur egun nahiz etorkizunean E mailari dagozkiokeen lanak, baldin badira ofizio eta lanbideen eta maneiatzen diren erreminta eta lanabesen bilakaeraren ondoriozkoak eta antolakuntza sistemetan eta egiten diren zerbitzuen osagaietan izaten diren aldaketen ondoriozkoak.

1.6. Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan honako hauetan xedatuari jarraikiko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aipatu estatutua garatu eta betearazi beharrez Administrazio Publikoetan Sartzeko emandako Erregelamendua eta gainerako aplikatzeko arauak.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.2. Betebeharrekoak:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, hartzen ahal dute parte espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude, eta halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak baina haien kontura bizi direnak.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

c) Eskola Agiria edo horren baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Mendigorriko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean, azken eguneko 14:00ak arte, egun hori balioduna bada, edo, bestela, hurrengo egun baliodunean. Eskabideak deialdi honen I. eranskin gisa argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabideari Nortasun Agiri Nazionalarenen fotokopia konpultsatua gehituko zaio, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen duen agiri ofizial baliokidea, baita izangaiak lehiaketaldian baliarazi nahi dituen merezimenduak frogatzen dituzten ziurtagiri jatorrizkoak edo kopia kautotuak ere.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Mendigorriko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Mendigorriko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.–Kalifikazio epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduna.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Epaimahaiburua: Mendigorriko Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Hirigintza Batzordeko burua.

1. mahaikidea: Mendigorriko Udaleko Obra eta Zerbitzuen Udal Zerbitzuko arduraduna: Fernando Zudaire Jiménez.

Ordezkoa: hark hautatzen duen enplegatua, Zerbitzukoa betiere: Aritz Erro Arbizu.

2. mahaikidea: Mendigorriko Udaleko Hezkuntza Batzordeko burua: Otxando Irurtia Irurzun.

Ordezkoa: Mendigorriko Udaleko zinegotzia: Eunate López Pinillos.

3. mahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat: María Asunción Santas Asín Castillo.

Ordezkoa: José Ignacio Armijo Beasoain de Paulorena.

Mahaikide idazkaria: Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Larragako Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu: lehiaketaldia eta oposizioaldia, oinarri hauetan adierazten den gisan, eta 2017ko apiriletik aitzin gauzatuko da, seguruenik.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioaldiko ariketak non eta zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Herriko Etxeko iragarki oholean emanen dira argitara, 48 ordu lehenago.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaldia ez da baztergarria. Xedea du izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea eta gehienez ere 15 puntu emanen dira, baremo honekin bat:

a) Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 12 puntu.

b) Prestakuntza osagarriagatik, haren edukiak lanpostuarekin zuzenean ikusteko badu, gehienez ere 3 puntu.

7.2. Epaimahaiak III. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak; horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala egiaztatuak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

7.3. Baloratu ondotik, Mendigorriko Udalaren iragarki-oholean eta web-orrian argitaratuko dira horien emaitzak.

7.4. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldiak ondoko ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 85 puntu lortzen ahal dira:

8.2. Lehen proban, idatzizko ariketa hauek egin beharko dira:

Ariketa bakarra: hainbat aukeratako galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik, zenbakietarako eta ortografiarako gaitasuna neurtzeko, eta gaiak administratiboak, lanbide arloari buruzkoak, eta Mendigorriko geografia eta historiari buruzkoak izan dira. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte epaimahaiak proba hasi aurretik ezarritako proportzioan. Ariketa honetan gehienez ere 75 puntu lor daitezke.

8.3. Bigarren proban, elkarrizketa bat izanen da epaimahaiarekin, eta 10 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

8.4. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren. Haien iraupena epaimahaiak erabakiko du, hasi aitzin.

8.5. Dei bakarraren bidez eginen dira oposizioaldiko proba guztiak, eta izangaiak NANa aldean dutela agertuko dira, nork bere nortasuna behar bezala frogatzeko. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

8.6. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

9.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, kontratatzeko proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu Mendigorriko Udalaren iragarki-oholean, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortu duten izangaiak kontratatzeko proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari.

9.2. Emaitzak argitara eman eta 15 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Udalaren Erregistro Orokorrean:

a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

c) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena, deialdiko lanpostuan egin beharreko jardueretarako ezarritako osasun protokoloen arabera; Udaleko laneko arriskuei aurrea hartzeko zerbitzuak egiten duen osasun azterketaren bidez eginen da, IV. eranskinean zehazten diren probek osatua. Aipatu osasun azterketan “gai” kalifikazioa ez duten izangaiak ezin izanen dira kontratatu.

d) Zin egite edo hitzematea, Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiria aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.

e) Hala behar badu, Mendigorriko Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.

9.3. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoituriko ezinbertzekoetan salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, izan dezaketen erantzukizuna ukatu gabe.

9.4. Aitzineko atalean aurreikusitako kasuan, Mendigorriko Udalak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, 9.1 atalean aipatzen den horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du lanpostua.

9.5. Aitzineko oinarrian xedatu diren baldintza dokumentalak betetzen dituzten izangaiek zein lanpostu huts lehenesten duten adieraziko dute, Mendigorriko Udalak emanen dien epean.

10.–Lanpostu hutsak hautatzea.

Aitzineko oinarrian xedatua betetzen duten izangaiek zein lanpostu huts lehenesten duten adieraziko dute, emanen zaien epean.

11.–Kontratazioa.

11.1. Hautapen prozedura amaitu eta izangaiek oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoan, alkateak kontratazioa eginen du.

11.2. Deialdiaren emaitza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.3. Hautatzen diren pertsonek kontratua sinatu beharko dute hilabeteko epean, oposizio-lehiaketaren emaitza jakinarazten denetik. Epe horretan, eta ezinbertzekoetan salbu, kontratua sinatzen ez badute, kontratatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Horrelakorik gertatuz gero, 9. oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

12.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

12.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarri denarekin bat, Mendigorriko Udaleko alkate udalburuak aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda hauek sortuko ditu, deialdi honen 13. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz.

–Probak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda.

–Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

13.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

Kalifikazio epaimahaiaren espedientea jasota, Mendigorriko Udaleko alkate udalburuaren ebazpen bidez, hautaprobak gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituztenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, honako dokumentazio hau aurkezteko:

a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Hala behar badu, Mendigorriko Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak, aski justifikatutako ezinbertzekoetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

Agiriak aurkezteko epea bururaturik, Mendigorriko Udaleko alkate udalburuaren ebazpenaren bidez onetsiko dira, hala behar badu, aldi baterako kontratazioa egiteko zerrenda hauek:

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda, probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangai ez badira.

Oposizioa gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan zenbat eta puntuazio handiagoa erdietsi, eta gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan zenbat eta puntuazio handiagoa erdietsi, halakoxea izanen da lehentasuna aldi baterako kontratazioa egiteko zerrendetan.

14.–Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Legearekin bat, izangaiek, deialdira aurkeztu hutsez, baimena emanen dute beren datu pertsonalen tratamendurako, eta jakinaren gainean geldituko dira “langileen kudeaketa” izeneko fitxategia dagoela, bertzeak bertze, langileak hautatzeko prozesuak egiteko.

Orobat ematen zaie aditzera izangaiei bildutako datuak hirugarrenei lagatzen ahal zaizkiela legean berariaz adierazten denetan, edo lagapena bertze administrazio publiko batzuei egiten zaienean, bakoitza bere eskumenetan ari dadin.

Hautapen prozesuaren emaitzak jendaurrean jarriko dira, ez bakarrik aplikatzeko arauetan ezartzen diren tokietan, baita Mendigorriko Udalaren iragarki-oholean eta web-orrian ere.

Udala da fitxategiaren arduraduna eta udal egoitzan erabiltzen ahalko dira fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak.

15.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Mendigorrian, 2017ko otsailaren 3an.–Alkatea, Iosu Arbizu Colomo.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

–Gramatika eta ortografia.

–Matematika eta zenbakiak.

–Administrazioko gaiak.

1. Nafarroako toki entitateen lege araubidea: udalerriak. Toki erakundeen eskumenak. Antolaketa eta administrazioa.

2. Mendigorriko Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Osoko bilkura, alkatea eta zinegotzi ordezkariak. Informazio batzordeak. Udal erakundeen funtzionamendua.

3. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina-araubidea.

–Lanbide arloko gaiak:

1. Garbiketa prozesu batean sartzen diren elementuak.

a) Garbiketa, zikinkeria, desinfekzioa eta higienea.

b) Paramentuak, zoruak eta sabaiak estaltzen dituzten materialak: motak eta behar duten tratamendua.

c) Altzariak: motak eta behar duten tratamendua.

d) Kristalezko azalerak: motak, kristalen ezaugarriak eta zikinkeria motak.

e) Komunen garbitasuna: komun-ontzien, osagarrien eta ispiluen higienizazioa eta desinfekzioa.

f) Garbitzeko lanabes eta/edo erremintak. Motak eta erabilerak.

g) Aise erabiltzen diren aparatu elektro-mekanikoak: xurgagailuak edo gisakoak.

h) Garbitzeko produktuak: motak, manipulazioa, dosifikazioa, biltegiratzea eta etiketak paratzea.

i) Produktu kimikoak garbiketan.

2. Zoruak, paretak eta sabaiak garbitzeko prozedura eta teknikak: erratza pasatzea, erratz hezea pasatzea, aspiratzea, fregatzea, hautsa kentzea.

3. Eraikin eta lokaletako kristalak garbitzeko teknikak: barnetik eta kanpotik garbitzea.

4. Garbiketa lanaren antolaketa: eginkizunak, denbora eta espazioa.

5. Laneko segurtasun eta osasunari buruzko ezagutzak: arrisku motak eta horiei aitzintzea; norbera babesteko ekipoak.

6. Hondakin eta zaborren sailkako bilketa: sailkapena eta tratamendua.

–Mendigorriko historia eta geografia.

III. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 12 puntu.

Enpresa edo administrazio publikoren batean deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunetan garbitzaile gisa, urtebetez edo denbora luzeagoz egindako zerbitzuak: urtebete oso bakoitzetik, puntu 1 eta gehienez ere 12 puntu. Zerbitzu egin bada osoa baino lanaldi laburragoetan eta urtebete baino gutxiago iraun badu, hainbanaketa eginen da dagokion heinean.

Laneko eskarmentua frogatuko da enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagiriak eta Gizarte Segurantzako kotizazioaren ziurtagiria aurkeztuz.

Enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagirietan hauek jaso beharko dira: lanbide-kategoria, lanaldi mota (lanaldi partzialak izanez gero, portzentajea edo ordu kopurua zehaztuta) eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera data zehatzak.

Laneko eskarmentua baloratzeko oharrak:

1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu aitzin gauzatu diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

2. Data beretan bi kontratu edo gehiago egon badira, izangaiari mesedegarrien zaion hura baloratuko da soilik.

3. Denbora partzialeko kontratuak eta urtebete baino gutxiago irauten dutenak, proportzioaren arabera kontatuko dira.

b) Bete beharreko lanpostuarekin zuzenean ikusteko duen edukiaren gaineko prestakuntza osagarriagatik, gehienez ere 3 puntu, baremo honi jarraikiz:

20 ordu baino gutiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,5 puntu.

20 ordu eta hortik goiti, 40 ordura gabe: puntu bat.

40 ordu eta hortik goiti, 100 ordura gabe: 1,5 puntu.

100 ordu eta hortik goiti: 2 puntu.

Iraupena behar bezala egiaztatzen ez bada, ikastaroa 20 ordu baino gutxiagokoa dela ulertuko da.

IV. ERANSKINA

Osasun azterketa

Osasun azterketa hau egin beharko dute hautatutako pertsonek, lanpostua bete aitzin, egiaztatzeko bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa dutela.

–Odolaren eta gernuaren analitika osoa: hemograma, biokimika, proba funtzional hepatikoak eta determinazio hormonal tiroideoa.

–Miaketa fisikoa eta aparatuena: giharren eta eskeletoaren aparatua, bihotzaren eta biriken aparatua, aparatu neurologikoa, sabelaldeko aparatua eta zirkulazio aparatua.

–Azterketa dermatologikoa.

–Biometria.

–Bihotz funtzioaren balorazioa.

–Arteria tentsioaren balorazioa.

–Entzumenaren balorazioa.

–Begi zolitasunaren balorazioa.

–Birika funtzioaren balorazioa.

Iragarkiaren kodea: L1701836