51. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FUSTIÑANA

Udal ordenantza arautzailea eta fiskala, jendea biltzeko,
aisia pribaturako eta peñetarako erabiltzen diren lokalei buruzkoa. Behin betiko onespena

Fustiñanako Udalak, 2016ko abenduaren 13an egindako osoko bilkuran erabaki zuen hasiera batean onestea jendea biltzeko, aisia pribaturako eta peñetarako erabiltzen diren lokalei buruzko udal ordenantza arautzailea eta fiskala. 2016ko abenduaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofizialeko 246. zenbakian argitaratu zen.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Fustiñanan, 2017ko otsailaren 8an.–Alkatea, Juan Antonio Sola Pradilla.

UDAL ORDENANTZA ARAUTZAILEA ETA FISKALA,
JENDEA BILTZEKO, AISIA PRIBATURAKO ETA PEÑETARAKO ERABILTZEN DIREN LOKALEI BURUZKOA

Zioen azalpena

Gure gizartean erabilera moldeetan eta jarduera motetan gertatu diren aldaketek eta eraldaketek jendea biltzeko eta aisia pribaturako baliatzen dituen lokalak sarriago erabiltzea eragin du. Lokal hauek garai batean aldi baterako izaeraz sortzen ziren herriko festen harira, baina poliki-poliki urte osoan iraunkorki erabiltzen diren lokal bilakatu dira eta gero eta gehiago dira lokal hauek eskatzen dituzten gazteak.

Honengatik guztiarengatik beharrezkoa da Udalak jarduera hauek arautzea, gazteek aisiarako toki hauek izateko duten eskubidea eta bizilagunek jarduera hauek osasungarritasun eta higiene baldintza teknikoekin eta segurtasun baldintzak beteta ahalik eta eragozpen txikiena eraginez egin daitezen duten eskubidea uztartuz.

Era berean, beharrezkoa da adinez txikiak direnek garatzen dituzten aisiarako lokalak eta peñak arautzea, egoerak hala eskatuta.

Disziplinarteko araudi bat da jarduera hauek arautzen dituena. Martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legeak, ikuskizun publikoak eta aisialdi jarduerak arautzen dituenak, lokal hauek bere eragin esparrutik kanpo uzten baditu ere, josteta eta aisia helburu duten jarduerak egiteko baliatzen diren lokalek baldintza tekniko egokiak izanen dituztela ezartzen du, hirugarren batzuei eragozpenak ekiditeko eta pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatzeko. Bereziki, egituren sendotasunari eta instalazioen funtzionamenduari dagokionez, suteen aurkako prebentzio eta babes neurriei dagokionez eta osasungarritasun eta higiene baldintzei dagokionez. Horretarako, dagokion udal lizentzia izan beharko du, abenduaren 10eko 26/2001 Foru Legeak ezartzen duen moduan.

Administrazioak esku-hartzea beharrezkoa da aipatu jarduerari baimena emateko baldintza teknikoak egiaztatzeko, baita behin baimena emanda haien funtzionamenduaren ikuskaritza eta errebisioa egiteko ere. Kasu hauetan ez zaie 4/2005 Foru Legea aplikatuko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa, ezta honen araudiaren garapena ere, ingurugiroaren babeserako jarduera gisa sailkatutako aisialdi eta jostaketa jarduerak arautzen dituena. Salbuespena izango dira, ordea, “gastronomia lokalak”, jarduera pribatuetako lokalen sailkapenekoak izanik haien ezaugarriak direla eta jantokirako mahaiak dituztelako, sukaldea eta elikagaiak prestatzeko elementuak, tabernako barra ere izan dezaketelako, telebista, musika ekipoa, eta behartuta daudelako komunak, estalkira arteko erauzgailua, suteei aurrea hartzeko neurriak eta isolamendu akustikoa izatera. Ordenantza honek berak ere arautuko ditu azken hauek eta haren tramitazioan, aldiz, 4/2005 Foru Legean, Ingurugiroaren Babeserako Esku-hartzeari buruzkoa, eta honen garapenerako araudian jarduera sailkatuen espedienteetarako ezarritakoa aplikatuko zaie.

I. KAPITULUA

1. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau “Lokal Gastronomikoak” eta “Peñak edo jendea biltzeko lokalak” direnei aplikatuko zaie, Fustiñanako udalerrian izaera pribatuz funtzionatzen dutenean.

2. artikulua. Xedea.

Arautzea dagokion lizentzia eskuratzeko eta funtzionamendu baimena lortzeko bete beharreko baldintzak jendea biltzea edo aisia helburu duten lokaletan eta gastronomia lokaletan. Besteak beste, funtzionamenduan zehar aintzat hartu beharreko baldintzak eta kontrola, aipatu lokalek gutxieneko segurtasun eta higiene baldintzak izan ditzaten, erabiltzaileei eta bizilagunei eragozpenak eta arriskuak galaraziz.

3. artikulua. Definizioak.

–Gastronomia-lokalak:

Lokal gastronomikotzat joko dira helburu gastronomikoa duten jendea biltzeko tokiak, sukaldea eta/edo jakiak prestatzeko elementuak dituztela; tabernako barra, telebista eta musika ekipoa ere izan ditzakete, eta behartuta daude komunak, estalkira arteko erauzgailua, suteei aurrea hartzeko neurriak eta isolamendu akustikoa izatera, indarra duen araudiak eskatuz gero.

–Jendea biltzeko lokalak eta Peñak:

Peñatzat edo jendea biltzeko lokaltzat joko dira irabazi asmorik gabe eta kultura, aisia, josteta, jolasa edo antzeko helburua dutela, jendea biltzeko erabiltzen diren lokalak. Haietan jarduera erabat pribatuak egingo dira, edonorentzat irekita egon gabe, aplikagarri zaion hirigintzako araudiak hala onartzen baitu, eta ezin izango dute taberna, sukalde, jatetxe edo antzeko zerbitzurik izan.

II. KAPITULUA

Prozedura eta tramitazioa. Baimen lizentzia

4. artikulua. Eskaera.

Bere lokala erabilera gastronomikora bideratu nahi duen jabeak, udalari baimen eskaera egin aurretik dagokion espedientea tramitatu beharko du ingurugiroaren babeserako sailkatutako jardueraz, 4/2005 Foru Legearen, Ingurugiroaren Babeserako Esku-hartzeari buruzkoa, eta honen garapenerako araudian ezarritako baldintzen arabera.

Bere lokala Peña edo jendea biltzeko lokal gisa erabili nahi duen jabeak dagokion baimen eta irekitze udal-lizentzia tramitatu beharko du, errenta bidez erabiltzeko denean, zein norberak erabiltzeko denean.

5. artikulua. Tramitazioa eta ebazpena.

Bere lokala Peña edo jendea biltzeko lokal gisa erabili nahi duen jabeak Fustiñanako Udalean lizentzia eskaera egin beharko du, honako dokumentazioa aurkeztuz:

a) Lokalaren izena eta helbidea.

b) Ziurtagiri teknikoa, teknikari eskudunak sinatua eta lanbide elkargoak ikus-onetsia, ziurtatzen duena lizentzia eskaera egina duen higiezinak ondoko ezaugarriak betetzen dituela:

–Eraikuntza Udalaren araudi indardunaren arabera egokituta egotea.

–Ur hornidura eta saneamendu zerbitzuak izatea.

–Instalazio elektrikoaren ziurtagiria izatea, araudi indardunaren arabera.

–Komun-zuloa eta konketa dituen komuna izatea.

–Aireberritze naturala edo artifiziala izatea.

–Eraikuntzaren Kode Teknikoa betetzea, suteei aurrea hartzeaz eta erabileraren segurtasunaz den bezainbatean. Zehazki:

1. Egiturazko elementuek suaren aurrean izan beharreko egonkortasun baldintzak betetzea.

2. Estaldurako material erregaiak ez erabiltzea.

3. 2kg-ko CO2 itzalgailua, 34B eraginkortasunekoa, hargune elektrikoaren koadrotik hurbil izatea eta 6 kg-ko hautsezko itzalgailu balioaniztunak, 21A-113B eraginkortasunekoak izatea, hau da, 1,2 kg-ko gai itzaltzailea azalera erabilgarriaren 10 m²-ko. NBE-CPI 1996 araua.

4. Larrialdietako argiak eta seinaleak, CTE-DB SI kode teknikoaren araberakoak.

–Zaratak sortzen dituzten jarduerei buruzko 135/1989 Foru Dekretua betetzea. Barneko hots maila 80 dbA-koa izanen da gehienez. Hots neurketaren ziurtagiria aurkeztu beharko da irekitzeko lizentzia eskuratzeko. Musika ekipoa izanez gero, eraikuntzako konponbide egokiak eman beharko dira, ondoko eraikinean behar den hots maila izan dadin. Ondoko eraikinetan bizi direnei eragozpenak sortzen bazaizkie zaratarengatik, soinu-mugatzaile bat jarri beharko da musika ekipoan, ezarritako hots maila lortu arte.

–Lokalak itxitura metalikoak edo pertsianak baditu, txosten teknikoan adierazitako neurri zuzentzaileak bete beharko dira eta, edonola ere, Zaratei buruzko 135/1989 Foru Dekretuan eta 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharko da.

–Lokalaren soinu iturrien deskribapena eta barneko hots mailak.

–Lokalaren planoa, honako hauek non dauden zehaztuta: itzalgailuak, komuneko elementuak (komun ontzia, konketa...), entxufeak, larrialdietako argia edo argiak eta azalera.

–Gehienez baimendutako aforoaren aitorpena: pertsona bat m²-ko, CTE-SI arauaren arabera.

Ziurtagiria, zeinean agertuko baita, lokal berriei dagokienez, gutxienez berrogeita hamar metroko tartea dagoela biltzeko edo gastronomiako beste edozein lokalera bitarte. Lokalen arteko distantzia honako hau izanen da: Lokalen arteko distantzia honako hau izanen da: bi lokalen fatxaden bi punturik hurbilenak eremu publikoaren bitartez lotzean sortzen den lerro hautsi txikienak egiten duena.

Eskaera aztertuta eta aurkeztu dokumentazioa egokia bada, bete beharreko baldintzak egiaztatzera joko da. Aldeko txostena emanez gero, lizentzia emateari ekingo zaio eta hala ez bada, akatsak edo bete gabekoak konpontzeko eskaera egingo da. Hau bete ezean lizentzia ukatu egingo da.

Lizentzia ematen duen ebazpena momentu oro ikusgarri eta eskuragarri egon beharko da lokalean eta kontrol, ikuskaritza eta zaintza lanak egiten aritzen diren udal zein udalez gaindiko autoritate ororentzako eskuragarri.

6. artikulua. Prozedura eta tramitazioa. Erabiltzeko baimena.

Jarduerarako eta irekitzeko lizentzia duen lokala erabili nahi duten pertsonek (erabiltzaileak adingabeak badira, eskaera gurasoetako batek izapidetu beharko du, Peña edo lokalaren erabiltzaile izango diren horien guraso edo tutore banaren baimenarekin eta sinadurarekin batera) edo elkarteek Fustiñanako Udalean izapidetu beharko dute Lokalen Erregistroan inskribatzeko eskaera. Horretarako eredu ofiziala erabiliko da eta honako hauek gehitu beharko zaizkio:

–Errentamendu kontratuaren kopia edo erabileraren lagapenarena.

Aseguru konpainiak emandako ziurtagiria, lokala kokatua dagoen higiezinak aipatu den erabileran suteetarako eta erantzukizun zibilerako berariaz 300.000 euroko gutxieneko estaldura duen asegurua daukala egiaztatzen duena.

Erabiltzaileak lokalak baldintza tekniko, seguru eta osasungarrietan mantentzera behartuta daude, baimenak dioen moduan. Urtero mugaegunean udaletxean suteetako eta erantzukizun zibileko asegurua berritu izanaren agiriaren kopia aurkeztu beharko dute. Era berean, erregistroko inskripzioan dauden datuetan moldaketarik edo aldaketarik egin bada, horren berri eman beharko dute.

7. artikulua. Ordezkaritza.

Biltzeko edo gastronomiako lokaletako kideek “nortasun juridikorik gabeko batasunak” osatzen dituzte, eta ordezkari bat izendatu beharko dute, haren bitartez ari daitezen Udalarekin egiten dituzten tramite guztietan.

Lokala oso-osorik adingabeek osatuko balute, ordezkaria haietako baten gurasoa edo tutorea izanen da eta Peña osatzen duten gainerakoen guraso banaren onespena eta baimena beharko da.

Lokala adingabeek eta adin nagusikoek osatuko balute, ordezkaria adin nagusikoen artean izendatu beharko da eta adingabeko bakoitzaren guraso banaren baimena eta onespena beharko da.

Ondorio guztietarako, Fustiñanako Udalak lokalaren jabearekin eta ordezkariarekin eginen ditu bere eginbehar guztiak; Udalaren egintza guztiak jakinarazpenetarako ematen duten helbidean jakinaraziko zaizkie eta ordezkariak konpromisoa hartuko du jarduketa horien berri gainerako kideei emateko.

III. KAPITULUA

Administrazioaren esku-hartzea eta zehapen araubidea

8. artikulua. Ordutegiak eta erabiltzeko mugak.

1. Halako lokalak beheko solairuetan eta sotoetan bakarrik baimentzen ahalko dira, eta irekitzen diren lokal berriek gutxienez ere berrogeita hamar metroko tartea utzi beharko dute biltzeko edo gastronomiako beste edozein lokalera bitarte. Lokalen arteko distantzia honako hau izanen da: Lokalen arteko distantzia honako hau izanen da: bi lokalen fatxaden bi punturik hurbilenak eremu publikoaren bitartez lotzean sortzen den lerro hautsi txikienak egiten duena.

2. Udalak kale edo eremu zehatz batzuk “eremu saturatutzat” jo ditzake, eta biltzeko edo gastronomiako lokal berriak irekitzea debekatu. Halaber, “eremu saturatuaren” deklarazioa indarrik gabe utz dezake, eta lokal berriak irekitzeko baimena eman.

3. Biltzeko lokalen edo lokal gastronomikoen ordutegiak honako hauek izanen dira:

–Igandetik ostiralera 9:00etatik 22:00etara.

–Ostiraletan, larunbatetan, jai-egun bezperetan eta herriko festetan zein urtean zehar diren gainerako festetan 9:00etatik 2:00etara.

4. Debeku da:

a) Lokalaren barrenean plastikoak, kartoia, koltxoiak edo su hartzen eta hura hedatzen laguntzen ahal duten bestelako gaiak pilatzea. Mugapen horrek Eraikuntzaren Kode Teknikoaren babesa du; izan ere, berariaz arautuko dira sua pizteko arriskua murrizten duten baldintzak.

b) Lokalak baldintza egokietan egon beharko du, kontserbazio eta garbitasun aldetik.

c) Merkataritzan edo salerosketan aritzea lokalean.

d) Lokalak sukaldea edo jakiak prestatzeko tresnak izatea.

e) 18 urtez azpikoek alkohola edukitzea edo kontsumitzea, Adingabeek Edari Alkoholdunak Kontsumitzea Galarazi eta Mugatzeari buruzko martxoaren 16ko 10/1991 Foru Legearekin bat.

f) Droga toxikoak, gai sorgorgarriak zein psikotropikoak edukitzea, horien legez kanpoko kontsumoa edo trafikoa, Herritarren Segurtasuna Babesten duen otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 23.i) artikuluarekin bat.

g) Lokaleko altzariz nahiz edozein elementuz eremu publikoa hartzea, ibilgailuen edo oinezkoen joan-etorria eragotzi edo oztopatuz.

h) Bizikletak edo motorrak espaloietan aparkatzea, pertsonen joan-etorria oztopatzen denean.

i) Musika aparatuak lokaletatik kanpo jartzea.

j) Ateak eta leihoak irekita izatea, traba egiten ahal badute barneko zarata kanporatzeagatik, zarata eragiteagatik edo usainak kanporatzeagatik.

k) Eremu publikoa edozein hondar, zikinkeria eta, oro har, edozein zaborrez zikintzea. Beren kale zatia garbi edukitzeaz arduratu beharko dute.

l) Barneko eta kanpoko hots mailak 135/1989 Foru Dekretuak hotsari buruz ezarritako araudiari dagozkionak izanen dira. Zehazki, biltzeko lokalaren barrenean egiten den zarata ez da 80 dBA-koa baino handiagoa izanen egunez, ezta 60 dBA-koa baino handiagoa gauez. Ez dira hots muga hauek gaindituko: 30 dBA etxebizitzetan, 45 patioan eta 50 kaleetan.

9. artikulua. Ikuskatzeak.

Lokal oro edozein momentutan ikuskatua izan daiteke, ofizioz edo alde batek hala eskaturik kexak edo salaketak tarteko, Udalak ahalmendutako langileen bidez edo Foruzaingoaren, Polizia Nazionalaren edo Guardia Zibilaren bidez.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauesteak izanen dira ordenantza honetan eta erabiltzeko onespena ematen duen lizentzian xedatutakoa ez betetzea edo urratzea.

Arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

Arau-hauste oso larritzat jotzen dira:

a) Jardueran aritzea “Biltzeko lokala irekitzeko lizentzia” edo “Lokal gastronomikoa irekitzeko lizentzia” lortu gabe.

b) Biltzeko lokala edo lokal gastronomikoa erabiltzeko baimenean ezarritako xederako ez erabiltzea lokala, baizik eta beste xede baterako.

c) Lokalaren jabeak sute aseguruaren poliza edo lokaleko jardueraren ondoriozko erantzukizun zibileko poliza ez izatea.

d) Agintaritzako agenteei sarrera ukatzea zaintza edo ikuskapen lanetan ari direnean, edo lan horiek beste edozein moduz eragotzi edo oztopatzea. Agintaritzako agenteek, erabiltzaileak adingabeak badira, horien guraso edo tutore ordezkaria aldean izan beharko dute lokalean sartzen direnean.

e) Lokala irekitzeko lizentzia emanik, ordenantza honetan eskatzen diren baldintzetako bat ez betetzea.

f) Lokalaren jabeak hura behar den egoeran ez izatea segurtasun, egituraren sendotasun, osasungarritasun eta bizigarritasun baldintzak bermatzeari dagokionez.

g) Gai sukoiak pilatzea, pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat oso arriskutsuak badira.

h) Baimendutako hots maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuak larritzat jotzen duenean.

i) Jarduera horiek egiten diren lokaletan adingabeek edari alkoholdunak izatea, kontsumitzea edo haiei lortzea edo eskaintzea.

j) Droga toxikoak, gai sorgorgarriak edo psikotropikoak eduki edo/eta kontsumitzea.

k) Lokalera sartzeko baimendutako jende-kopurua gainditzea, ondorioz pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku oso larriak ekarrita.

l) Udaleko Erregistroan inskribatuta ez dauden kideek erabiltzea Lokala edo Peña.

m) Urtebetean bi arau-hauste larri edo hiru arin egitea, lehen arau-haustetik aitzina.

Arau-hauste larritzat hartuko da:

a) Eremu publikoa okupatzea lokaleko altzariekin edo bertako edozein elementurekin, ibilgailuen edo oinezkoen joan-etorria eragotziz edo oztopatuz.

b) Eremu publikoa behin eta berriz okupatzea, barreneko jarduera kanpoaldera zabalduta.

c) Lokala behar bezala garbi ez mantentzea eta eremu publikoa edozein hondarrez, zikinkeriaz eta, oro har, edozein zaborrez zikintzea.

d) Merkataritzan edo salerosketan aritzea lokalean.

e) Baimendutako hots maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuak larritzat jotzen duenean.

f) Gehienez egon daitekeen jende kopurua gainditzea.

g) Lokalaren egoera aldatuta, haren berri ez ematea Udalari.

h) Ateak eta leihoak irekita izatea eta, halakoetan, eragozpenak sortzea zarata kanporatzeagatik, zarata eragiteagatik edo usainak kanporatzeagatik.

i) Lokala ezarri den aldi eta ordutegitik kanpo erabiltzea.

j) Urtebetean bi arau-hauste arin egitea, lehen arau-haustetik aitzina.

Arau-hauste arintzat joko da:

a) Lokalaren barrenean kartoiak, plastikoak edo beste edozein material pilatzea, edo su hartzen eta hura hedatzen laguntzen ahal duten bestelako gaiak.

b) Baimendutako hots maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuak arin gisa sailkaturik duenean.

c) Lokala erabiltzeko baimen eskabidean jarritako erabiltzaileen zerrendan aldaketaren bat eginez gero, Udalari horren berri ez ematea.

d) Lokalean etxe-animaliak edukitzea haietaz inor arduratu gabe, betiere bizilagunei traba egiten badiete edo osasun publikoarendako arriskua badakarte.

e) Ordenantza honetan edo lege aplikagarrietan larritzat edo oso larritzat jotzen ez diren arau-hausteak.

Zehapenak:

Arau-hauste oso larriei zehapen hauetako bat edo biak ezarriko zaizkie:

–Baimenaren etenaldia, lokala 3 hilabetetik 3 urtera bitarte itxita.

–1.000 euro bitarteko isuna.

Arau-hauste larriei zehapen hauetako bat edo biak ezarriko zaizkie:

–Baimenaren etenaldia, lokala gehienez ere 90 egunetarako itxita.

–500 euro bitarteko isuna.

Arau-hauste arinei zehapen hau ezarriko zaie:

–Baimenaren etenaldia, lokala gehienez ere 30 egunetarako itxita eta 100,00 euro bitarteko isuna.

Lokal gastronomikoetako arau-hausteak nagusiki 4/2005 Foru Legearen arabera zedarrituko dira, Ingurugiroaren Babeserako Esku-hartzeari buruzkoa.

11. artikulua. Kautelazko neurriak.

Ordenantza honetan sailkatutako arau-hauste batengatik zehapen prozedura hasten denean, zehapena ezartzeko eskumena duen organoak behin-behineko neurri hauetako bat edo batzuk hartzen ahal ditu, besteak beste:

a) Lokala aldi baterako ixtea prozeduraren izapidea egin eta ebazpena eman bitartean.

b) Tresnak edo ekipoak zigilatzea.

c) Zuzenketa, segurtasun edo kontrol neurriak, arriskua edo kaltea egiten ez jarraitzeko.

12. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

11. artikuluan arau-hauste gisa sailkaturik agertzen diren egintzak benetan egin dituzten pertsonak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-haustea lokaleko kide guztiei egozten ahal bazaie, nortasun juridikorik gabeko batasuna diren aldetik, lokaleko ordezkari agertzen direnei jakinaraziko zaie espedientea. Horrek ez du ukatzen zehapena, ekonomikoa bada, batasun horretako kide guztiei zuzentzea modu solidarioan.

13. artikulua. Tasa fiskalak.

Jardueretako lizentziak eta irekitzekoak: 80,00 euro.

Erabiltzaileen erregistroan inskribatzea: 50,00 euro.

Erregistroan datuak moldatzea: 20,00 euro.

Erregistroan baja hartzea: 20, 00 euro.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantzak indarra hartzen duen egunetik 3 hilabeteko epean gure udalerrian dauden jendea biltzeko lokal guztiek, gastronomikoek zein Peñek, derrigorrezkoa den onespen edo irekitze lizentzia izapidetua eta eskuratua izan beharko dute, baita erabiltzaileen Udal Erregistroan izena emana ere, ordenantza honek xedatutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Hirugarrena.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

I. ERANSKINA

Jendea biltzeko lokala/Peña izateko lizentzia eskaera. Erantsitako dokumentazioa (PDFa).

II. ERANSKINA

Eskaera Udal Erregistroan lokal gastronomikoak edo/eta aisia lokalak eta jendea biltzekoak-Peñak inskribatzeko. Ordezkariaren izendapenerako eta lokaletako kideen zerrenda osatzeko dokumentua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1701757