50. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

476/2017 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez onesten dira urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuan aurreikusitako Nafarroako laneratze eta gizarteratzeko enpresen laguntza teknikorako diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak.

Urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren helburua da laneratze enpresen araubide juridikoa arautzea, bazterketa sozialaren kontrako politika publikoetan, laneratzeko eta gizarteratzeko eragile aktibo diren aldetik, lan merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituztenentzat.

Laneratze enpresek babesteko, jarraipena egiteko eta gizarte-laguntzako esku-hartzeak egiten dituzte, eta, horiei esker, errazten dute gizarterako eta lanerako ohiturak hartzea, parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzen dutenak, eta lan merkatuan sartzeko ezinbesteko direnak.

Ebazpen honen helburua da enpresa mota horiei babes formulak eskaintzea, horien ezaugarri eta beharretara egokituak, eta, horretarako, haientzat berariaz diseinatutako diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dira.

Nafarroako Gobernuak, 2016ko abenduaren 21ean, erabaki zuen Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea diru-laguntzak emateko laneratze eta gizarteratzeko enpresen laguntza teknikorako, banakako ebaluazioaren bidez.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat eta abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Gizarteratze eta laneratze enpresentzako diru-laguntzen deialdia onestea, laguntzako teknikariak kontratatzeko, gizarteratze eta laneratze prozesuetako langileei laguntza eman diezaieten, esku-hartzeko, gizarteratzeko eta lagun egiteko zerbitzuak emateko, enpresa arruntean txertatzeko helburuarekin. Orobat, oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskin gisa jaso direnak.

2. 468.000 euroko gastua baimentzea, 2017. urterako, 2017ko gastuen aurrekontuko “Gizarteratzeko eta laneratzeko programak, zailtasun handienak dituzten kolektiboentzat. Konferentzia sektoriala eta EGF” izeneko 950001 96100 4819 241104 aurrekontuko kontu-sailaren kargura, 2016ko azaroaren 1etik 2017ko urriaren 31rako aldirako.

3. 2016ko azarotik (hori barne) oinarri arautzaile hauen argitaratze ofiziala arteko hilabeteei dagozkien diru-laguntzak eska daitezke argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, honako hauetan xedatutakoarekin bat: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikulua.

Iruñean, 2017ko otsailaren 24an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Oinarri hauen xedea da arautzea zer baldintza eta beharkizunekin emanen zaizkien diru-laguntzak gizarteratze eta laneratze enpresei, laguntzako teknikariak kontratatzeko, gizarteratze eta laneratze prozesuetako langileei laguntza eman diezaieten, esku-hartzeko, gizarteratzeko eta lagun egiteko zerbitzuak emateko, enpresa arruntean txertatzeko helburuarekin.

2.–Enpresa onuradunak.

2.1. Oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun izan daitezke:

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (hemendik aurrera NL-NEZ) ofizioz eta behin-behinekoz laneratze enpresa gisa sailkatutako gizarteratze eta laneratze zentroak.

b) Behin-behinekoz sailkatu zirenetik gutxienez ere 2 urtez funtzionamenduan diren gizarteratze eta laneratze enpresak.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden entitateak.

3.–Laguntzako teknikarien kontratazioa.

3.1. Enpresek 5.3 oinarrian adierazten diren laguntzako teknikarien gutxieneko kopurua izan behar dute.

3.2. Urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren 19.2 artikuluan aurreikusitako titulazioa edo esperientzia izan beharko dute kontratatutako laguntzako teknikariek.

Enpresak laguntzako teknikari bakarra izateko betebeharra badu, haren lana izanen da gizarteratzeko esku-hartze eta akonpainamendu neurriak garatzea. Kasu horretan, teknikariak, gutxienez ere, erdi mailako unibertsitateko titulua izan beharko du, zerikusia duena hezkuntza, pedagogia, psikosoziologia, terapia eta gizarteratze eta laneratze eremuarekin, edo urtebeteko esperientzia izan beharko du arlo sozial horietan.

Foru dekretu horrek indarra hartu baino lehen gizarteratze eta laneratze zentroetan kontratatutako teknikariek, eskatzen den titulazioa ez badute, gutxienez ere bi urteko esperientzia izanen dute akonpainamendu edo esku-hartze eta laneratze lanetan.

4.–Gizarteratze eta laneratze enpresek bete beharreko beharkizunak.

Oinarri hauetan aurreikusitako diru-laguntzen onuradun diren gizarteratze eta laneratze enpresek honako betebehar hauek bete beharko dituzte, urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitako beharkizunez gain:

a) Gutxienez ere, oinarri hauek eskatzen duten teknikari kontratatuen kopurua izatea. Baldin teknikari baten lana utzita ez bada betetzen eskatutako teknikarien gutxieneko kopurua, laneratze enpresak ordeztu egin beharko du, hilabeteko epean, oinarri hauetan aurreikusitako beharkizunak betetzen dituen teknikari batekin, eta horren berri emanen dio NL-NEZri.

b) Ekitaldi bakoitzean prest dauden edo lortu diren emaitza edo soberakinen %80, gutxienez ere, aplikatzea produkzio eta gizarteratze eta laneratze egiturak hobetzeko edo handitzeko. Orobat, betebehar hori betetzat joko da baldin entitateak mozkinak bideratu baditu aurreko ekitaldietako galerak konpentsatzera.

c) NL-NEZn aurkeztea, urte bakoitzeko urtarrilean, jardueren memoria bat, aurreko urteko teknikariek egina, 9.2 oinarrian zerrendatutako edukiarekin.

d) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezagutzera ematea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek, Espainiakoek zein atzerrikoek, xede bererako emandako bestelako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta diru-laguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere. Laguntza lortu edo aldaketa egin eta hilabeteko epean komunikatu beharko da.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan oro har ezarritakoak.

f) Egiten diren jardueretan eta zerbitzuetan, baita diru-laguntza jasotzen duten jardueren publizitatean, dokumentuetan edo zabalkundean ere, behar bezala identifikatu eta adieraztea NL-NEZren finantzaketa izan duela.

g) Jatorrizko agiriak eta kopia ziurtatuak 4 urtez gordetzea, oro har onartzen diren euskarrietan, diru-laguntzaren justifikaziotik hasita. Jarduera bukatu edo ixten baldin bada, NL-NEZri igorri beharko zaio dokumentazioa, gorde dezan.

h) NL-NEZri eta kontroleko edozein organismo eskuduni ematea laguntzei jarraipena egiteko behar den informazio guztia, eta behar diren kontrolak onartzea, eta egoki den auditoreari laguntzea.

i) Gardentasunari buruzko betebeharrak:

l.1) Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

1) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

2) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.

l.2) Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

1.3) Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

5.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

5.1. Diru-laguntza urtean 18.000 eurokoa izanen da gehienez ere, lanaldi osoko teknikari bakoitzeko, edo dagokiona, benetan egindako lanaldiaren arabera, soldata eta Gizarte Segurantzarengatik, edo urte horretan lan egindako denboraren zati proportzionala.

Lanaldi partzialeko lan kontratuen kasuan, gutxienez ere lanaldi osoaren %50ekoa izanen da.

5.2. Hilabeteko ordaindu beharreko gehienekoa 1.500 euro izanen da, edo egindako lanaldiari arabera dagokiona. Gehieneko muga hori gaindituko da bakarrik baldin aurreko hilabetean ez bada ordaindu ezarritako gehienekoa.

5.3. Laneratze enpresei diru-laguntza ematen ahalko zaie teknikariak kontratatzeagatik, hurrengo taulari jarraituz:

LANERATZE ENPRESAN DAUDEN LANGILEEN KOP.

LANERATZE ENPRESAK

GUTXIENEZ ERE IZAN BEHAR DITUEN TEKNIKARIEN KOP.

DIRUZ LAGUN DAITEZKEEN TEKNIKARI KOP.

8 langile arte

Teknikari bat, lanaldi osokoa

Teknikari bat, lanaldi osokoa

9-14 langile

Teknikari bat, lanaldi osokoa

2 teknikari, lanaldi osokoak

14 langiletik gora

2 teknikari, lanaldi osokoak

3 teknikari, lanaldi osokoak

5.4. Baldin, laguntzako teknikari batek lana utzita, ez bada betetzen teknikarien nahitaezko gutxieneko kopurua, laneratze enpresak ordeztu egin beharko du, hilabeteko epean, oinarri hauetan aurreikusitako beharkizunak betetzen dituen teknikari batekin, eta horren berri emanen dio NL-NEZri.

5.5. Baldin laguntzako teknikari batek baja medikoa badu hilabete baino luzeago, ordeztu egin beharko da 15 egun naturaleko epean gehienez, oinarri hauen araberako teknikari batekin, eta horren berri emanen dio NL-NEZri.

6.–Eskabideak eta haiek aurkezteko epea.

6.1. Enpresek hilabetero aurkeztuko dituzte diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko eskaerak, laguntzako teknikarien aurreko hilabeteko soldataren eta Gizarte Segurantzaren kostuengatik ordaindutakoengatik, deialdiaren aurreko urteko azaroaren 1etik urte bakoitzeko urriaren 31 arteko aldian, halako moduz non organo kudeatzaileak agintzen ahal duen behar den diru-laguntza ordain dadila.

6.2. Diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko epea hilabetekoa da, aurreko hilabetea bukatzen denetik.

Deialdiaren aurreko urteko azaroaren eta argitaratzearen aurreko hilabetearen arteko aldirako eskaerak 20 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdia argitaratu eta biharamunetik.

6.3. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar oinarriak onartzea.

6.4. Eskaera aurkezteak berarekin dakar onartzea NL-NEZk erakunde eskudunei informazioa eskatzen ahal diela, entitateak Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen egiaztatzeko.

Orobat, berarekin dakar baimena beste administrazio publiko batzuek kontsulta eta egiazta ditzaten entitate eskatzailea ordezkatzen duen pertsonaren nortasun datuak (NANa). Kontsulta hori egiteko baimena eman ezean, aipatutako pertsonaren NANaren fotokopia erantsi beharko da.

6.5. Diru-laguntza aurreikusitako epean eskatzen ez bada, ulertuko da enpresak uko egin diola dagokion hilabetearen ordainketari. Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

6.6. Aurkezten diren agiriak kopia soilak izan daitezke. Nolanahi ere, eskabidea eta behar diren aitorpenak jatorrizkoak izanen dira. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ahalmena izanen du kopia soilean aurkeztutako edozein agiriren jatorrizkoa edo notario edo administrazio batek autentifikatutako kopia eskatzeko.

6.7. Eskaerak adierazi diren betebeharrak betetzen ez baditu, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio zuzendu dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

7.–Aurkezteko tokia.

Eskabideak Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietan eta bitartekoak erabiliz aurkez daitezke.

Eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izanez gero, aipatutako dokumentazioa euskarri informatikoan ere aurkeztu beharko da.

8.–Instrukzioa eta diru-laguntza emateko prozedura.

8.1. Prozedura instruitzeko organoa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.

8.2. Oinarri hauetan aurreikusitako diru-laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta aurkeztu ahala ebatziko dira, horretarako aurrekontuan kreditua dagoen bitartean.

9.–Diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko justifikazioa.

9.1. Hilabetero emanen eta ordainduko da diru-laguntza, laneratze enpresa bakoitzak aurkeztutako justifikazioaren arabera, dokumentazio hau aurkeztuta:

  • Eskabide orria.
  • Inprimaki normalizatua, eskatutako diru-laguntzari dagozkion kalkuluak adierazita.
  • Kontratatutako teknikarien aurreko hilabeteko nomina ordainduen kopiak, zeinetarako eskatu baita diru-laguntza ematea eta ordaintzea, eta ordainketaren frogagiriak.
  • Aurreko hilabeteko Gizarte Segurantzako kotizazio ordainduen buletinen kopia, gastua egozten bada, baita ordainketaren frogagiria ere.
  • Erantzukizunpeko adierazpena:
  • Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela.
  • Diru-laguntza hauen xede bererako beste laguntzarik ez duela hartzen, edo hartuz gero, guztien artean ez dela kostua gainditzen.

–Teknikari berri bat kontratatu behar bada:

  • Lan-kontratuaren kopia.
  • Gizarte Segurantzako alta-agiriaren kopia.
  • Teknikariarentzat urtean aurreikusitako jarduera jasotzen duen txostena, egin behar diren jarduketak zehaztuta.
  • Urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren 19.2 artikuluan aurreikusitako titulazioa edo esperientzia betebeharra betetzearen frogagiriak.

–Kontratu baten luzapena bada:

  • Haren kopia.

9.2. Urte bakoitzeko urtarrileko eskaerarekin batera, memoria aurkeztuko da, eduki honekin:

–Laneratze enpresaren titulartasuna.

–Kokapena.

–Jarduera nagusia eta osagarria.

–Plantillaren osaera, adieraziz zer langile dauden laneratze prozesuan.

–Honako hauei buruzko txosten xehakatua: teknikariek aurreko urtean egindako jarduera, laneratzeko akordioa, prestakuntza ekintzak, prospekzioak, etab.

–Egindako laneratze lanei buruzko xehetasunak eta lan merkatu arruntean zer mailatan lortu diren laneratzeak, laneratutako pertsonen zerrendarekin batera.

–Eskaeraren xede diren teknikarientzat urtean aurreikusitako jarduera jasotzen duen txostena, egin behar diren jarduketak zehaztuta.

10.–Eskaeren ebazpena.

NL-NEZren kudeaketako zuzendaritzak, instrukzio organoak proposaturik, aurkeztutako eskaerak ebatziko ditu 3 hilabeteko epean.

Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

11.–Aurrekontuko zuzkidura.

Urtero, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan egoki den kontu-sail onetsiaren kargura finantzatuko dira oinarri hauetako diru-laguntzak; zehazki, programa honetarako den kontu-sailaren kargura: “Laneratzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboak lan munduan sartzeko programak. PE EGIF 2014-2020”. Betiere, aurrekontuko kontsignazioaren gehieneko mugaraino.

12.–Bateragarritasuna.

Oinarri hauen xedeko diru-laguntzak bateragarriak izanen dira beste laguntza batzuekin, hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako batzuekin. Hala ere, diru-laguntzen zenbatekoa ez da inoiz proiektua gauzatzean sortutako kostuaren %100 baino handiagoa izanen, laguntza bakar bat izan edo jarduera horiek finantzatzen dituzten beste administrazio batzuek nahiz entitate publiko edo pribatuek, Estatukoek edo nazioartekoek, emandako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei gehituta izan.

13.–Jarraipena eta kontrola.

13.1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beharrezko zeregin guztiak eginen ditu diruz lagundutako jarduketak kontrolatzeko eta haiei jarraipena egiteko. Laneratze enpresek beharrezkoak diren datu, agiri eta informazio guztiak emanen dituzte egindako jarduketa ebaluatzeko, justifikatzeko, jarraitzeko eta kontrolatzeko.

13.2. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzaren xedeko jarduketak ikuskatzen ahalko ditu, diru-laguntzak ematean aintzat hartutako eta ezarritako baldintza eta zehaztapenei egokitzen ote zaizkion egiaztatzeko. Horretarako, beharrezkoak diren bisitak eginen ditu diru-laguntza jasotzen duten jarduerak egiten diren tokietara.

14.–Publizitatea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak banatutako diru-laguntzen berri emanen du Nafarroako Enpleguaren Atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako moduan.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web orrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

15.–Diru-laguntzen aldaketak.

15.1. Diru-laguntzak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, NL-NEZri komunikatu beharko zaio aldez aurretik, baimen ditzan.

15.2. Funtsezkotzat hartzen diren aldaketen kasuan, NL-NEZk behar den ebazpena emanen du. Aldaketak ez funtsezkotzat jotzen badira, Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendariak emandako ofizioaren bidez komunikatuko da baimena.

16.–Betebeharrak ez betetzea eta diru-laguntzak itzultzea.

16.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak ez badira betetzen, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak ez badira betetzen. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

16.2. Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatuz gero, eta aldaketa hori NL-NEZri komunikatzen ez bazaio, diru-laguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interesak barne, ezar daitekeen zehapena galarazi gabe.

16.3. Teknikari kopuru gutxienekoa izatearen betebeharra betetzen ez badu enpresak, behin ezarritako epea iraganik, ez du diru-laguntzarik jasoko ez-betetzeak irauten duen bitartean.

Orobat, ordeztu gabeko teknikariaren bajatik jasotako kopuruak itzuli beharko ditu enpresak, egoki diren berandutze-interesekin. Kasu honetan, organo kudeatzaileak behar den ebazpena emanen du.

16.4. Dagokion oinarrian (9.2) aipatutako memoria hori urte bakoitzeko urtarrilean aurkezten ez bada, eten eginen da eskatutako diru-laguntzen ordainketa, harik eta memoria aurkeztu arte. Nolanahi ere ordainketa horiek eteteak ez die laneratze enpresei eskubiderik ematen seigarren oinarrian aurreikusitako eskaeren aurkezpenerako epea ez betetzeko.

16.5. Bi urtez segidan laneratzeko betebeharra betetzen ez bada, urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako moduan, ez betetze horretatik aurrerako hurrengo deialdiko diru-laguntzak lortzeko beharkizunak ez direla bete ulertuko da.

17.–Zehapen araubidea.

Arau-hausteen eta zehapenen araubideari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio.

18.–Araudi osagarria.

Oinarri hauetan aurreikusirik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta urriaren 26ko 94/2016 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1702490