50. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERRIOZAR

59/2017 Ebazpena, Berriozarko Udaleko alkateak emana, Berriozarko Udalaren Haur Eskolako haur hezitzailearen lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko deialdia onesten duena

Ikusita Berriozarko Haur Eskolan langileak behar direla lanpostu hutsak betetzeko, bidezko da deialdi bat egitea hezitzailearen lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko, Berriozarko Udalaren Haur Eskolan sortzen diren premiak betetzeko.

Hori dela eta, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2 c) artikuluan aurreikusitakoarekin bat, ondokoa iragartzen da:

“Deialdia, Berriozarko Udalaren Haur Eskolako haur hezitzailearen lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko”

Hona hemen deialdiko,

OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da haur hezitzailearen lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko, Berriozarko Udalaren Haur Eskolan sortzen diren premiak aldi baterako betetzeko.

Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hori lehentasunezkoa izanen da, eta ondoriorik gabe utziko ditu aldi baterako kontratatzeko izangaien aurreko zerrendak. Halaber, zerrenda hori erabili baino lehen, enplegatu finkoen zerrendak erabiliko dira, oraingoak zein etorkizunean era daitezkeenak.

Bigarrena.–Lanpostuaren ezaugarriak.

2.1. Lanpostuak C mailari dagozkion lansariak izanen ditu, baita %12ko lanpostuko osagarria ere.

2.2. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko du.

2.3. Bete beharreko eginkizunak lanpostuak berezkoak dituenak izanen dira; horietako batzuk III. eranskinean aipatzen dira.

2.4. Zerrendak beste deialdi bat egin arte izanen du indarra.

Hirugarrena.–Izangaiek bete beharrekoak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko edozein estatutakoa, edo bizileku-baimena izatea eta atzerritartasunaren arloan indarra duen araudiarekin bat lan egitea, beste edozein naziotakoa izanez gero.

b) Adinez nagusia izatea eta erretiroa hartzeko ezarritako adinik ez izatea.

c) Hauetako bat edukitzea: haur hezkuntzako maisu-maistren lanbidean aritzeko gaitzen duen gradu titulua, haur hezkuntzako espezialitateko maisu-maistren titulua, edo urriaren 29ko 1394/2007 Errege Dekretuan arautzen den Haur hezkuntzako goi mailako teknikariaren titulua. Edo titulu horiek edukitzeko moduan egotea eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen. Ondorio horietarako, titulu baliokidea ulertuko da Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituen abuztuaren 25eko 93/2008 Foru Dekretuaren Lehen Xedapen Gehigarrian ezarritakoa (alegia, Haurtzaindegiko teknikari espezialista, Komunitatearentzako zerbitzuen alorrekoa, eta Haur Hezkuntzako teknikari espezialista, Komunitatearentzako zerbitzuen alorrekoa).

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatua dagoela frogatzen duen ziurtagiria eduki beharko da.

d) Lanpostuaren eginkizunetarako behar den gaitasun fisikoa nahiz psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Euskaraz jakitea beharrezko duten lanpostuetan ere aritu nahi dutenek frogatu behar dute EGA maila dutela, edo Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1. Hori frogatzen duen titulurik izan ezean, NAPIn euskara mailaren proba bat eginen da ezagutza hori frogatzeko. Proba egin nahi bada, izangaiak hala adierazi beharko du eskaeran, eta hautatzeko prozesua bukatu ondoren eginen da proba.

Aldi baterako kontratatzeko hautatu eta deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute baldintza horiek guztiak denboraz eta moduz betetzen dituztela, kasuan kasuko kontratua izenpetu aurretik.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedura aldian eta kontratazioak iraun bitartean ere beharko dira bete.

Laugarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskatzaileek Berriozarko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dute eskabidea, edo bestela legez ezarritako erregistroetan, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamabost egun naturaleko epean.

Bosgarrena.–Eskaerak non eta nola aurkeztu.

Eskabideak Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Euskal Herria plaza, zk.g., jendea hartzeko orduetan) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 2ko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako gainerako bulego publikoetan. Azkeneko kasu horretan, eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barnean, oac@berriozar.es helbide elektronikora igorriko da deialdian parte hartzeko eskabidea, adieraziz zer erregistrotan aurkeztu den dokumentazio osagarria.

Desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskaeran (I. eranskina) adierazi beharko dute, bertze orri batean, zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

Azterketa eskubideak.–Azterketa eskubideetarako tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean (23. ordenantza) ezarritakoak izanen dira azterketa eskubideak; 10,00 euro ordaindu beharko dira.

Transferentzia agindua honako honen alde eginen da: “Berriozarko Udala. Hautaprobak, Haur eskolako hezitzaile izateko”, eta tasaren zenbatekoa kontu korronte honetara igorriko da: ES84 2100 5184 5422 0009 8217.

Azterketa eskubideetarako tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean (23. ordenantza) ezarritakoarekin bat, honako hauek tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) %33ko edo handik goitiko desgaitasun maila aitortua dutenak.

b) Hautaproben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Behar den tasa ez ordaintzea nahikoa arrazoi izanen da izangaia hautapen prozeduratik baztertzeko.

Ez da azterketa eskubideen itzulketarik izanen baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, esaterako beharkizunak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere berarekin ekarriko hautaproban parte hartzeko eskabidea behar den denboran eta forman aurkeztu behar ez izatea, eta hala egin ezean izangaia baztertuko da, nahiz eta azterketa eskubideak ordaindu.

Seigarrena.–Izangaien onarpena eta epaimahaia.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Berriozarko Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du Berriozarko Udaleko iragarki oholean eta Udalaren web orrian (www.berriozar.es) argitara dadila. Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda behin betiko onetsiko da zuzenean.

Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta okerrik egin badute, haiek zuzendu.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta horiek ebatzitakoan, Berriozarko Udaleko alkateak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta ebazpen horretan azalduko dira, orobat, deialdiko lehen hautaproba egiteko eguna eta tokia eta epaimahaiko kideak. Alkateak aginduko du Berriozarko Udaleko iragarki oholean eta web orrian argitara dadila.

Izangai onartu eta baztertuen zerrenda Udalaren web orrian (www.berriozar.es) argitaratzearekin ulertuko da egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoarekin bat.

Epaimahaia alkate udalburuak izendatuko du, oposizioa epaituko du eta kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Sagrario Ortigosa Lekunberri, Berriozarko Udaleko Hezkuntzako zinegotzia.

Ordezkoa: Karmele Nadales Ramírez, Berriozarko Udaleko Langileriako zinegotzia.

Mahaikideak:

1. mahaikidea: Edurne Lekunberri Urmeneta, Iruñeko Donibane Haur eskolako zuzendaria.

Ordezkoa: zehaztu beharrekoa.

2. mahaikidea: Garikoitz Torregrosa Armendariz, Iruñeko Printzearen Harresi Haur eskolako zuzendaria.

Ordezkoa: zehaztu beharrekoa.

3. mahaikidea: Jacobo Valdés Fernández, Berriozarko Udaleko ordezkari sindikala.

Ordezkoa: Mónica Bidegain Iriarte, Berriozarko Udaleko ordezkari sindikala.

Mahaikide idazkaria: Natalia Rodriguez Aguado, Berriozarko Udaleko idazkaria.

Ordezko mahaikide idazkaria: titularrak izendatzen duena.

Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratuko da eta bere eraketak eta jarduketak balio izateko gutxienez ere kideen gehiengoa beharko da elkartu.

Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak probak koordinatuko ditu. Epaimahaiko kide guztiek izanen dute hitza eta botoa.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza. Hitza izanen dute baina botorik ez.

Oinarri hauek interpretatzean bilatuko da ahalik eta hobekien bermatzea berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak.

Zazpigarrena.–Proba.

7.1. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan 50 galdera erantzun beharko dira ebazpen honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitza erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena.

7.2. Probak 50 puntuko balorazioa izan dezake gehienez. Okerreko erantzun bakoitzagatik, zuzen erantzuten denaren balioaren herena kenduko da. Izangaien zerrendan sartuko dira hautaproban ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 gutxienez (25 puntu) lortzen duten izangaiak.

Gai zerrendan eskatzen den legedia deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duena izanen da. Kalifikazio Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, ariketa hasi aurretik.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza ez bada.

7.3. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

7.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

Zortzigarrena.–Proba gainditzen dutenen zerrendak.

Izangaien artean gertatzen diren berdinketak irizpide hauei jarraituz ebatziko ditu kalifikazio epaimahaiak:

kalifikazio epaimahaiak eginen duen zozketa bakar baten bidez erabakiko dira. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutako izangaiaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Emaitzak Berriozarko Udalaren web-orrian eta iragarki-oholean jarriko dira jendaurrean.

Proben kalifikazioa amaituta, epaimahaiak Berriozarko Udalaren web orrian eta iragarki oholean argitaratuko du aldi baterako kontrataziorako deialdian gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraituz.

Halaber, epaimahaiak Berriozarko Udaleko alkateari igorriko dizkio oinarri honetan aipatzen diren zerrenda horiek, onets ditzan, hautaprobetako espediente osoarekin batera.

Bederatzigarrena.–Behin betiko zerrendak.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, behin betiko zerrendak onetsiko dira Alkatetzaren ebazpenaren bidez. Berriozarko Udalaren web orrian (www.berriozar.es) eta iragarki oholean argitaratuko dira.

Hamargarrena.–Deia.

Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia jasotzen duten izangaiek deialdiaren hirugarren oinarrian eskatutako titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, tituluaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratuak.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Hamaikagarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da Berriozarko Udaleko alkateari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Berriozarren, 2017ko otsailaren 2an.–Alkatea, Raúl Maiza González.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Ikastetxeko hezkuntza proiektua eta proposamen pedagogikoa.

2.–Eskola berria eta Decroly, Montessori, Freinet eta Pestalozziren ideiak. Abanguardiako mugimendu pedagogikoak: Vigotski, Bruner, Ausubel eta Emmi Pikler. Reggio Emiliako (Italia) Udalaren haur eskoletan aplikatutako Loris Malaguzziren pedagogia. Korronte psikopedagogiko nagusien eragina haur hezkuntzan. 3. Hezitzailearen eginkizuna haur hezkuntzan. Eskumenak, trebetasunak eta jarrerak. Haurraren eta hezitzailearen arteko harreman interaktiboak.

4.–Hezkuntzako esku-hartzearen oinarriak. Ikuspuntu globalizatzailea. Ikasketa esanguratsua. Haurrak egiten duen ezagupenen erdiespena eta hezitzailearen laguntza pedagogikoa.

5.–Behaketa eta esperimentazioan oinarritutako metodologia. Laneko programazioa epe labur eta luzera. Egindako lanaren dokumentazioa.

6.–Entzutearen pedagogia. Proiektuak eta proposamenak mugen eta programazioen ordez. Entzutea, dokumentazioaren oinarria.

7.–Lantegiak, haurraren interesean eta jardueran oinarritutako metodologia gisa. Adierazpen artistikoa: teknikak eta baliabideak. Adierazpen artistikoaren garapena haurrengan.

8.–Garapen ebolutiboa 0-3 urteko haurrengan.

9.–Psikomotrizitatea eta bere eginkizun globalizatzailea, garapen kognitibo, afektibo eta mugimenduzkoan. Kontzeptua eta definizioak. Hezkuntzako psikomotrizitatearen jatorria.

10.–Esku-hartzea familiekin. Familiaren parte hartzea haur eskolaren heziketa zereginetan. Komunikazio eta lankidetza bideak. Bilerak gurasoekin, helburuak, planifikazioa eta balorazioa.

11.–Jolasa, haurren garapen orokorrean. Jolasa, baliabide didaktiko gisa. Haur jolasaren garapena. Jolas heuristikoa. Jolas eta jostailu motak. Jolasa laguntzen duten material eta baliabideak. Hezitzailearen egitekoa haurren jolasean. Jolas eremuak eta jolastokia.

12.–Espazio eta denboren antolaketa eta ebaluazioa. Eguneroko erritmo eta ohiturak. Denbora antolatu eta banatzeko ereduak: banakako jarduerak eta taldekakoak. Espazioen antolaketa. Txokoak, jolaserako eta atsedenerako eremuak.

III. ERANSKINA

Hezitzailearen berezko eginkizunak

a) Hezitzaileek parte hartzen dute haur eskolaren eguneroko kudeaketan, proposamenen antolaketan, prestaketan eta hausnarketan, eta behaketa eta dokumentazio prozesuetan.

b) Hezitzaileek proiektuak antolatu eta gauzatzen dituzte, gogoeta bidez gelako gainerako hezitzaileekin koordinatuta zehazki, baita eskolako gainerako langileekin koordinatuta ere, oro har.

c) Hezitzaileek haurren garapen integralaren prozesuko egoerei aurre egiten diete.

–Afektiboak eta harreman sozialei eta ingurunearekikoei dagozkienak.

–Higienikoak, elikadurarenak eta atsedenarenak.

–Garapen kognitiboari, adierazpenekoari eta heltze uneari dagozkienak.

d) Hezitzaileek familiekin egon eta haien seme-alaben hezkuntza prozesuari buruzko informazioa ematen diete, elkarrizketen bidez eta ohiko hartu-eman formalen eta informalen bidez.

e) Honakoak ere badira hezitzaileen eginkizunak:

–Haurren ohitura prozesuak koordinatu eta aurrera eramatea.

–Adierazpen lantegien proiektuak eta proposamenak koordinatu, berritu eta aurrera eramatea.

–Puntualak izatea.

–Ikasleren bat begikoa ez izatea.

–Haurren prozesuetan lagun egitea hezkuntzaren aldetik.

–Hezkuntza proiektua behar bezala eskuratzeko beharrezkoak diren proposamen osagarrietan, jaietan eta prestakuntzan parte hartzea.

–Eskolaren kanpoko irudia ona izan dadin laguntzea.

–Koordinazio bileretan partaidetza proaktiboa izatea.

–Berrikuntza pedagogikorako proposamenak sortzea.

Iragarkiaren kodea: L1701519