1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
184/2017 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ordezkoak bitarte baterako gaitzen dituena.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak bere 13. artikuluan aurreikusten duenez, administrazio publiko bakoitzak aurreikusiko duen moduan, administrazio organoen titularrak aldi baterako ordeztu daitezke titularrak kanpoan edo eri daudenean edo karguak hutsik daudenean, edo abstenitzea edo errefusatzea deklaratuta dagoen kasuetan. Ordezkorik izendatzen ez bada, kasuko administrazio organoa menpean duen administrazio organo hurrenak izendatzen duenak hartuko ditu bere gain haren eskumenak. Ordezkatzeak ez du esan nahi eskumena aldatuko denik, eta baliozkoa izateko, ez da beharrezkoa izanen hura argitaratzea.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Aginduaren 41.3 artikuluan xedatzen denez, zerbitzuetako zuzendariak eta ataletako, bulegoetako eta beheragoko unitateetako buruak zer organoren mende dauden, horri egokituko zaio haien ordezkoak izendatzea, horretaz araudi berariazkorik ez baldin bada. Artikulu beraren 5. idatz-zatiak ezartzen du titular bakar baten ordezko bat baino gehiago izan daitezkeela aldi berean, eta 6. idatz-zatiak ordezkoen izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dela agintzen du.
Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari atxikita dauden atalburutzetako titularrak gaitzea, bitarte baterako, zerbitzuko zuzendariaren ordezko izan daitezen kargu hori hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri denean edo ezintasun pertsonal bat duenean, lehentasun hurrenkera honetan:
1.–Langileriaren Araubide Judidikoaren Ataleko burua.
2.–Deialdien Ataleko burua.
3.–Langile Kontratatuak Kudeatzeko Ataleko burua.
4.–Langileen Kontratuen Ataleko burua.
5.–Laneko Arriskuen Prebentzioko Ataleko burua.
2. Ebazpen hau jakinaraztea Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Langileriaren Araubide Juridikoaren Atalari, Langileen Kontratuen Atalari, Langile Kontratatuak Kudeatzeko Atalari, Deialdien Atalari eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko martxoaren 7an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.
Iragarkiaren kodea: F1702914