47. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

119E/2017 EBAZPENA, otsailaren 17koa, Turismoko eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da Nafarroako Foru Komunitatean turismo arloko ikuskapena egiteko plana, 2017rako.

Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legeak turismoko ikuskapena arautzen du, turismoko kalitatea kontrolatzeko tresnetako bat den aldetik, eta turismoko ikuskatzaileei esleitzen die hura gauzatzea, esleiturik baitituzte, besteak beste, aplikatzekoa den turismoko araudia betetzearen zaintza eta kontrola.

Aipatutako eginkizunak betetzeko, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak uste du komeni dela Turismo arloko ikuskapen plan bat diseinatzea eta gauzatzea, erraztasunak eman ditzan hainbat neurri betetzeko, lagundu dezaten turismoko kalitatea handitzen eta lehia desleialari aurre egiten.

Hala, Ikuskapen Planak tresna erabilgarria izan nahi du lortu nahi diren helburuak zehazteko, halako moduz non aise zehaztu eta bermatu ahal izanen diren jarduketen eraginkortasuna eta emaitzen lorpena, eskura dauden baliabideen arabera.

Lehenbiziko Ikuskapen Plan honen helburuen artean daude: gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen dela eta arlo honetan jarduera eta zerbitzuen funtzionamendua egokiak direla; detektatzea zerbitzu turistiko klandestinoak ematen direla; bermatzea turismo zerbitzuen erabiltzaileak errespetatzen direla, erreklamazio eta salaketen arrazoi diren gertaerak ikertuz; kontrolatzea turismo arloan emandako diru-laguntzak; eta, azkenekoz, aurrera egitea ikuskapenak gauzatzen dituzten langileen kualifikazioan eta prestakuntzan.

Plana onesten denetik 2017ko abenduaren 31 arte egonen da indarrean.

Horrenbestez, jarduketa zehatzak behar dituzten egoera bereziak gorabehera, Ikuskapen Planak eratzen du ikuskapen jarduketaren oinarrizko esparrua turismoaren arlorako.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikoaren Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 3ko 1/2017 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean turismo arloko ikuskapena egiteko plana onestea, 2017. urterako. Ebazpen honen eranskinean jaso da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko otsailaren 17an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean turismo arloko ikuskapena egiteko plana, 2017. urterako

Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legearen 47. eta 48. artikuluek esleitutako eginkizunak betez, turismoko ikuskatzailetzak ezarri beharreko helburu, jarduketako ildo estrategiko eta programa berariazkoen arabera eratuko da Nafarroako Foru Komunitatean turismo arloko ikuskapena egiteko 2017ko plana.

I.–Helburuak.

1. Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen dela eta arlo honetako jarduera eta zerbitzuen funtzionamendua egokiak direla.

2. Detektatzea turismoko zerbitzu klandestinoak ematen direla.

3. Bermatzea turismo zerbitzuen erabiltzaileak errespetatzen direla, erreklamazio eta salaketen arrazoi diren gertaerak ikertuz.

4. Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismo arloan emandako diru-laguntzen erabilera.

5. Turismoko ikuskapeneko langileen lanbide kualifikazioa sustatzea.

II.–Jarduketa ildo estrategikoak.

1. Turismoko araudia betetzen dela gainbegiratzeko, kontrolatzeko eta egiaztatzeko jarduketak.

2. Turismoko honako zerbitzu klandestino hauek saihesteko jarduketak: ostatua ematea, bitartekaritza zerbitzuak, turismoko informazio eta turismo aktiboko jarduerak. Arreta berezia emanen zaie Interneteko eta gailu mugikorren bidez egindako jarduerei.

3. Turismo zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak errespetatzen direla zaintzeko jarduketak; horretarako, kontratatutako turismo zerbitzuetan izandako gabeziengatik aurkeztutako erreklamazio eta zerbitzuak egiaztatuko dira.

4. Turismo arloan emandako diru-laguntzak behar ez bezala erabiltzea saihesteko jarduketak; horretarako, onartutako helbururako erabili direla egiaztatuko da.

5. Ikuskapen eginkizuna betetzen duten langileen prestakuntza espezializatuan aurrera egiteko jarduketak.

III.–Programa berariazkoak.

III. 1. Ildo estrategikoari dagozkion programak, jarduera hauetan: “Turismoko araudia betetzen dela gainbegiratzeko, kontrolatzeko eta egiaztatzeko jarduketak”.

–1.1. programa.

Turismoko araudia betetzen dela gainbegiratzeko, kontrolatzeko eta egiaztatzeko jarduketak, jarduerari hasiera edo bukaera ematen dioten ostatu leku turistikoetan.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea jarduerari hasiera edo bukaera ematen dioten ostatu leku turistikoetara. Horietan, egoki diren ikuskapen aktak formalizatuko dira, eta, behar denean, bidezko diren txosten teknikoak eginen dira.

Jarduketa esparrua:

Jarduerari hasiera edo bukaera ematen dioten ostatu turistikoen establezimenduak.

–1.2. programa.

Turismoko araudia betetzen dela gainbegiratzeko, kontrolatzeko eta egiaztatzeko jarduketak, aldaketak komunikatu dituzten ostatu turismoko establezimenduetan, bereziki aldaketek establezimenduaren birsailkapena ekarri badute.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea funtsezko aldaketak deklaratu dituzten ostatu turistikoko establezimenduetara, bereziki aldaketek establezimenduaren birsailkapena ekarri badute. Horietan, egoki diren ikuskapen aktak formalizatuko dira, eta, behar denean, bidezko diren txosten teknikoak eginen dira.

Jarduketa esparrua:

Nafarroako Turismo Erregistroko datuei eragiten dieten aldaketak egiten dituzten ostatu turistikoko establezimenduak.

–1.3. programa.

Egiaztatzea ea araudi turistikoarekin bat datorren Interneten dagoen informazioa, ostatu turistikoko establezimenduei dagokienez.

Ikuskapen jarduketa:

Interneten dagoen informazioari jarraipena egitea, ostatu turistikoko establezimenduei dagokienez, bai horien web orrietan dagoenari bai beste bitartekaritza bide batzuetan dagoenari, eta turismoko araudiarekin bat ote datorren egiaztatzea. Erabilera turistikoko apartamentuen eta etxebizitzen kasuan, bereziki egiaztatuko da Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio kodea.

Jarduketa esparrua:

Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako ostatu establezimenduak.

–1.4. programa.

Proiektua turismoko araudiarekin bat ote datorren dioten txostenak.

–Ikuskapen jarduketa:

Aholkularitza ematea eta, behar denean, txostenak egitea beharkizunak betetzeari buruz, arlo hauetan: azpiegiturak eta zerbitzuak, irisgarritasuna eta oztopoak kentzea, eta, bidezko denean, establezimenduari dagokion sailkapena.

–Jarduketa eremua:

  • Turismoko establezimendu bat eraikitzea edo aldatzea proiektatzen duten enpresa turistikoak, turismoko araudia betetzeari buruzko txosten bat eskatzen dutenak.
  • Nafarroako tokiko ekintza taldeak, diru-laguntzak ematen dituztenak tokiko garapen parte-hartzailearen estrategietarako, sustatzaile publiko eta pribatuen bidez (Leader 2014-2020).
  • Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, turismoko araudia betetzeari buruzko txosten bat eskatzen dutenak, turismoko establezimenduak irekitzeko lizentziak eman aurretik.

–1.5. programa.

Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen dela hotel-establezimenduetan, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik dauden sailkapenaren arabera.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea hotel-establezimenduetara, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik dauden sailkapenaren arabera, egiaztatzeko instalazioen eta ekipamenduen erabilera eta kontserbazio egoera bat datozela sailkaturik dauden kategoriarekin. Egoki diren ikuskapen aktak formalizatuko dira, eta, behar denean, bidezko txosten teknikoak eginen dira.

Jarduketa esparrua:

Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako hotel-establezimenduak eta apartamentu turistikoak. Arreta berezia emanen zaie ikuskapen zerbitzuek aurkitutako gabeziak zuzendu ez dituzten establezimenduei, baita apartamentu turistikoei ere baldin alta lortu badute Turismo Erregistroan erantzukizunpeko adierazpenaren bidez bakarrik inskribaturik.

–1.6. programa.

Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen dela turismoko kanpalekuetan.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea aire zabaleko ostatuen establezimenduetara, martxoaren 30eko 24/2009 Foru Dekretuan aurreikusitakoa betez (foru dekretu haren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko turismoko kanpalekuen antolamenduari buruzko erregelamendua), instalazioen egoera ikuskatzeko, bereziki honako hauek egiaztatzeko:

  • Turismoko kanpaleku bakoitzaren egiazko edukiera.
  • Zer neurritan betetzen diren 24/2009 Foru Dekretuan zehaztutako beharkizunak.
  • Egiaztatzea ea zuzendu diren ikuskapenean egindako zuzenketa eskaeretako gabeziak.
  • Nafarroako Turismo Erregistroko datuen eguneratzea.

Egoki diren ikuskapen aktak formalizatuko dira, eta, behar denean, bidezko txosten teknikoak eginen dira.

Jarduketa esparrua:

Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko kanpalekuak.

–1.7. programa.

Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen dela landetxeetan.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea landetxeetara, instalazioen egoera ikuskatzeko, eta bereziki araudia betetzen dela egiaztatzeko:

Aurreikusia dago 2017an landetxeko titularrak autoebaluazioa aplikatzen hasiko direla, baremazioaren sistemaren bidez, eta horretarako honako jarduketa hauek ere proiektatu dira:

1.–Landetxeetako titularrek egin beharreko baremazioaren sistema ezartzeko zehaztutako irizpideak zabaltzea, beren establezimenduen autoebaluazioan oinarriturik, landetxeetan ostatu hartzeko arauak ezartzen dituen ekainaren 28ko 243/1999 Foru Dekretuarekin bat.

2.–Ikuskapenak egiteko bisitak, egiaztatzeko titularrek egindako baremazio prozedura egokia dela, eta bat datorrela esleitutako modalitate eta kategoriarekin.

Jarduketa esparrua:

Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako landetxeak.

–1.8. programa.

Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen dela apartamentu turistikoetan.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea apartamentu turistikoetara, egiaztatzeko titularrek egindako baremazioa egokia dela, bat datorrela esleitutako modalitate eta sailkapenarekin eta, behar denean, bidezko diren aktak eta txosten teknikoak egitea.

Jarduketa esparrua:

Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako apartamentu turistikoak.

–1.9. programa.

Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen dela Nafarroako aterpe turistikoetan.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea aterpe turistiko gisa sailkatutako establezimenduetara, bereziki Done Jakue bidean daudenetara, abenduaren 5eko 140/2005 Foru Dekretuan aurreikusitakoa betez (foru dekretu haren bidez onetsi zen Nafarroako Turismoko Aterpetxeak Antolatzeko Erregelamendua), instalazioen egoera ikuskatzeko.

Egoki diren ikuskapen aktak formalizatuko dira, eta, behar denean, bidezko txosten teknikoak eginen dira.

Jarduketa esparrua:

Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako aterpe turistikoak.

–1.10. programa.

Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen dela turismo aktibo eta kulturaleko enpresetan.

Ikuskapen jarduketa:

Turismo aktibo eta kulturaleko enpresei idatzizko eskaera egitea, egiaztatzeko betetzen direla abuztuaren 23ko 288/2004 Foru Dekretuko beharkizunak (foru dekretu haren bidez onetsi zen turismo aktibo eta kulturaleko zerbitzuak ematen dituzten enpresen jarduerak arautzen dituen erregelamendua), bereziki honako hauei buruzkoak:

  • Erantzukizun zibileko aseguruak.
  • Nafarroako Turismo Erregistroko datuen eguneratzea.

Jarduketa esparrua:

Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismo aktibo eta kulturaleko enpresak.

–1.11. programa.

Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen dela bidaia agentziek egiten dituzten jardueretan.

Ikuskapen jarduketa:

Bidaia agentziei idatzizko eskaera egitea, egiaztatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 141/1988 Foru Dekretuko beharkizunak (foru dekretu haren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Bidaia Agentzien Erregelamendua), bereziki honako hauei buruzkoak:

  • Nafarroako Zerga Ogasunean utzitako abalak.

Jarduketa esparrua:

Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako bidaia agentziak.

III.2. Ildo estrategikoari dagozkion programfak, jarduera hauetan: “Turismoko honako zerbitzu klandestino hauek saihesteko jarduketak: ostatua ematea, bitartekaritza zerbitzuak, turismoko informazio eta turismo aktibo eta kulturaleko jarduerak. Arreta berezia emanen zaie Interneteko eta gailu mugikorren bidez egindako jarduerei”.

–2.1. programa.

Detektatzea ostatu emateko zerbitzu turistikoa eman dela Nafarroako Turismo Erregistroko nahitaezko inskripziorik gabe.

–2.2. programa.

Detektatzea turismo aktibo eta kulturaleko zerbitzua eman dela Nafarroako Turismo Erregistroko nahitaezko inskripziorik gabe.

–2.3. programa.

Detektatzea bitartekaritza eta informazio turistikoen zerbitzua eman dela Nafarroako Turismo Erregistroko nahitaezko inskripziorik gabe.

Horiek detektatzeko iturri gisa, informazioa egiaztatuko da, honako hauen bidez emandakoa:

–Internet.

–Eskuorriak edo publizitateko beste edozein euskarri.

–Nafarroako Foru Komunitateko turismo bulegoek emandako informazioa.

–Ikuskapen zerbitzuek egokitzat jotzen duten beste edozein zabalpen bitarteko.

Jarduketen eremua:

Nafarroako Foru Komunitatean ostatu turistikoa ematen edo bestelako jarduera batzuk gauzatzen dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, jarduerari hasiera emateko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ez dutenak.

Lehentasunezko jarduketa eremuak ezarriko dira, kontuan izanik zer eragin eta garrantzi duten Nafarroako Foru Komunitateko sektore turistikoan.

–2.4. programa.

Detektatzea kanpatzeko zerbitzua ematen dela autokarabanak gelditzeko eta aparkatzeko udal eremuetan.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea autokarabanak gelditzeko eta aparkatzeko udal eremuetan, egiaztatzeko eremu horietan zer zerbitzu ematen den, eta erabiltzaileek araudia betetzen dutela.

Jarduketa esparrua:

Autokarabanak gelditzeko eta aparkatzeko udal eremuak, azaroaren 5eko 103/2014 Foru Dekretuak arautu gabekoak (foru dekretu haren bidez onetsi zen autokarabanak hartzeko eta kanpatzeko antolamendu erregelamendua).

III.3. Ildo estrategikoari dagozkion programak, jarduera hauetan: “Turismo zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak errespetatzen direla zaintzeko jarduketak; horretarako, kontratatutako turismo zerbitzuetan izandako gabeziengatik aurkeztutako erreklamazio eta zerbitzuak egiaztatuko dira”.

–3.1. programa.

Egiaztatzea turismoko erabiltzaileek jarritako salaketak, zerbitzu turistikoak ematean izandako gabeziekin loturik.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea, egiaztatzeko zerbitzu turistikoen erabiltzaileek jarritako salaketak, baldin, in situ egiaztatu ondoren, ikusten bada araudi turistikoaren urraketa izan daitekeela.

Jarduketa esparrua:

Turismoko erabiltzaileen salaketa edo erreklamazioaren xede izan diren establezimendu eta jarduera turistikoak.

III.4. Ildo estrategikoari dagozkion programak, jarduera hauetan: “Turismo arloan emandako funts publikoak behar ez bezala erabiltzea saihesteko jarduketak; horretarako, onartutako helbururako erabili direla egiaztatuko da” ildo estrategikoari dagozkion programak”.

–4.1. programa.

Egiaztatzea Turismo Zuzendaritza Nagusiaren bidez kudeatutako turismoko diru-laguntzak ongi erabili direla.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak, edo beste edozein frogabideren bitartez egiaztatzea benetan gauzatu direla, ongi gauzatu ere, Turismo Zuzendaritza Nagusiak kudeatutako diru-laguntzekin finantzatutako azpiegitura edo sustapen turistikoko jarduketak.

Jarduketa esparrua:

Irabazi asmorik gabeko enpresa eta elkarteak, 2016ko abenduaren 31rako justifikaturik dauden diru-laguntzen onuradun direnak.

III. 5. Ildo estrategikoari dagozkion programak, jarduera hauetan: “Ikuskapen eginkizuna betetzen duten langileen prestakuntza espezializatuan aurrera egiteko jarduketak”.

–5.1. programa.

Irizpideen eta prozeduren homogeneizatzea.

Egin beharreko jarduketak:

Aldian aldiko bilerak, irizpideak batzeko eta antzeko jarduketetan jarrera amankomuna izateko, ikuskapen planaren indarraldiaren barnean.

–5.2. programa.

Jarduteko jarraibideak eta/edo protokoloak prestatzea.

Egin beharreko jarduketak:

Jarduteko jarraibideak eta/edo protokoloak prestatzea, jarduteko irizpideak eta araudi turistikoaren aplikazioa homogeneizatzeko.

–5.3. programa.

Ikuskapeneko langileen prestakuntza.

Ikuskapeneko langileen prestakuntza beharrak detektatzea, prestakuntza ekintzak prestatzeko.

IV.–Urteko ikuskapen plana gauzatzea eta emaitzak.

2017an gauzatuko da ikuskapen plana; nolanahi ere, zerbitzu turistikoak ongi ematea galarazten ez duten sasoietan programatuko dira batez ere jarduketak.

Plan honen ondoko hurrengo urte naturalaren bi lehenbiziko hilabeteetan, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak urteko memoria bat prestatuko du, Ikuskapen Planaren gauzatzearen datu guztiekin, eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira igorriko da.

Iragarkiaren kodea: F1702174