47. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

11/2017 FORU DEKRETUA, otsailaren 22koa. Honen bidez aldatzen da abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretua, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuak (abuztuaren 10eko 23/2015 eta irailaren 7ko 33/2016 foru dekretuek aldatua) ezarri zituen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua.

Abuztuaren 12ko 53/2015 Foru Dekretuaren bidez ezarri zen Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren oinarrizko egitura.

Abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren egitura organikoa.

Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusiak aldaketa bat proposatu du Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan, Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuari dagokionez.

Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko otsailaren 22ko bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzen da abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretua, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena, honela:

Bat.–22. artikulua aldatu da eta honela idatzita agertuko da:

“22. artikulua. Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuaren egitura.

Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuak honako atal hauek ditu:

a) Kontu-hartze Atala.

b) Kontrol Juridikoaren Atala.

c) Auditoretza Atala.

d) Egitura Funtsen Finantza Kontrolerako Atala.

e) NBEUF-LGENF Diru-laguntzen Finantza Kontrolerako Atala.”

Bi.–23. bis artikulua gehitu da. Hauxe esanen du:

“23 bis artikulua. Kontrol Juridikoaren Atalaren eginkizunak.

1. Kontrol Juridikoaren Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

–Aholkularitza juridikoa ematea Kontu-hartzailetza Orokorrari, kontu-hartzailetza delegatuei eta Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzua osatzen duten atalei.

–Zerbitzuaren gaietan, jurisprudentziaren, doktrinaren eta interes juridikoko informazioen segimendua, bilketa eta zabalkundea egitea.

–Kontu-hartzailetza delegatuek gauzatutako kontu-hartzailetza eginkizunen ondorioz pizten diren desadostasunak, kontu-hartzailetza horiek adierazitako eragozpenen ondorioz azaleratu direnak, aztertzea eta konponketa proposatzea.

–Txostenak egitea eta arau eta jarraibide zehatzak proposatzea, barne kontrola hobeki gauzatzeko, eta Kontu-hartzailetza Orokorrak bete behar dituen edo Kontu-hartzailetza Orokarraren txostena behar duten gainerakoak.

–Barne kontrolaren arloan kontu-hartzaileak edo Kontu-hartzailetza Orokorrak esleitzen dizkion gainerakoak.

–Indarra duten xedapenek esleitutako beste eginkizun batzuk.

2. Kontrol Juridikoaren Ataleko burutza betetzen duenak kontu-hartzaile nagusiaren delegazio iraunkorra beteko du kontu-hartzailetzari dagokion gaietan.”

Xedapen gehigarri bakarra.–Kontrol Juridikoaren Ataleko burutzan aritzeko baldintzak.

Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusiko Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuko Kontrol Juridikoaren Ataleko burutza berrirako dedikazio araubidea departamentuko gainerako atalburutzek duten berbera izanen da.

Iruñean, 2017ko otsailaren 22an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1702409