46. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MIRANDA ARGA

II. eranskina, Herri-lurrak arautzen dituen ordenantzarena (Nafarroako Ubidearen Arga 2-XXII. sektoreko lurzatiak).
Behin betiko onespena

Miranda Argako Udalak, 2016ko azaroaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Miranda Argako herri-lurretako lurzatien aprobetxamendua arautzen duen ordenantzaren II. eranskina, Nafarroako Ubidearen Arga 2-XXII. sektoreko laborantzako herri-lurretako lurzatien aprobetxamendua eta familiako baratzeen esleipena arautzen dituena.

2016ko 233. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 2an, hasierako onespenaren erabakia argitaratuta, ez da alegaziorik aurkeztu.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluari jarraikiz, jendaurreko epea alegaziorik aurkeztu gabe iraganda, behin betikoa bilakatu da Miranda Argako herri-lurretako lurzatien aprobetxamendua arautzen duen ordenantzaren II. eranskinaren hasierako onespenaren erabakia. Ordenantzak Nafarroako Ubidearen Arga 2-XXII. sektoreko laborantzako herri-lurretako lurzatien aprobetxamendua arautzen du, baita familiako baratzen esleipenak ere.

Behin betiko onetsitako eranskinaren testu osoa argitaratu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Miranda Argan, 2017ko urtarrilaren 20an.–Alkatea, Jesús Luis Andión Ripa.

MIRANDA ARGAKO HERRI-LURRETAKO LURZATIEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAREN II. ERANSKINA, NAFARROAKO UBIDEAREN ARGA 2-XXII. SEKTOREKO LABORANTZAKO HERRI-LURRETAKO LURZATIEN APROBETXAMENDUA ETA FAMILIAKO BARATZEN ESLEIPENAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Eranskin honetan, herri-lurretako ureztalurrei aplikatuko zaien erregelamendua jasotzen da, Arga-2-XXII Sektoreko nekazaritzako azpiegituretan jarduteko proiektuan ezarritako jarduketa perimetroaren barnean. Proiektu hori Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak onetsi zuen, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 68. artikuluan aurreikusitakoa bete dadin.

Lurzati berrantolamenduaren obren ondorioz eta Nafarroako Ubideko eremu ureztagarriko Arga 2-XXII Sektorea ureztagarri bihurtu eta ureztalurra modernizatzearen ondorioz, Miranda Argako ureztalur tradizionala modernizatu da, bai eta, horrekin batera, Miranda Argako herri-lurreko ureztalur tradizionala ere. Hartara, beharrezkoa da Herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen indarreko ordenantza osatzea, Nafarroako Ubideko 2 Arga-XXII Sektorearen barrenean dauden ureztalurreko herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen erregelamendua ezartzeko, modernizazio obren finantzazioa bermatzearren.

Eranskin honen helburua da uraren kontsumoa kontrolatzeko neurriak ematea eta gehiegikerien zehapenak arautzea; instalazioak gaizki erabiltzeagatik etor daitekeen erantzukizunetik libratzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua; ureztalurrean aldatu diren eta aldatuko diren laborantzei buruzko informazioa emateko konpromisoa izatea; esleituriko loteetan, ureztalurraren gutxieneko azalerari 15 urtean eutsi beharra ezartzea, eta lote horiek esleitzeko lehentasun irizpideak finkatzea; hori guztia Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko aipatu 1/2002 Foru Legearekin bat.

Halaber, arautu behar da Miranda Argako Udalaren eta Arga 2-XII sektoreko Ureztatzaileen Elkartearen arteko harremana.

Horrenbestez, Miranda Argako Udalak II. eranskin hau onetsi du, herri-lurretako lurzatien aprobetxamendua arautzen duen indarreko ordenantzarena, ordezko gisa aplikatu ahal izateko.

2. artikulua. Ur kontsumoak finkatzea.

Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Ureztatzaileen Elkarteak eta, bestela, Alkatetzak, herri-lurren loteen kasuan, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

–Ureztatzeko arauak ezartzea.

–Matxuren berri ematea.

–Obra, sistema eta instalazioetako mantentze-lanak.

Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, Ureztatzaileen Elkarteak eta, bestela, Alkatetzak, herri-lurren loteen kasuan, erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu ureztalurreko laborantza mota bakoitzarentzat, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Kontseilaritzak INTIA SA-Ureztaketa Sailaren bitartez ematen dituen jarraibide teknikoekin bat.

Erreferentziako kontsumo horien arabera, Ureztatzaileen Elkarteak eta, bestela, Alkatetzak, herri-lurren loteen kasuan, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean, nekazari bakoitzari adieraziko dio, aldatu dituen edo aldatuko dituen laborantza motekin bat, lurzati bakoitzean zenbat metro kubiko dagozkion kanpaina horretarako.

3. artikulua. Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak.

Ureztatzaileen Elkarteak ez badu kudeatzen, Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 68.3.c) artikuluaren arabera eta, bestela, Alkatetzak, herri-lurren kasuan, fakturatuko dizkie ureztatzaileei euren egiazko kontsumoaren gaineko ordainagiriak, blokeka tarifatuko ere.

Fakturazioaz den bezainbatean, 1. multzoa edo ureztatzaile bakoitzak ordaindu behar duen oinarri finkoa da Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, kalkulatutako metro kubiko kontsumitu bakoitzaren prezioa. Prezio horretan fakturatuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aldez aurretik harentzat finkatutako metro kubikoak adinakoa edo txikiagoa bada; gehiago izatera, %10 gehienez ere.

Berriz, II. multzokoak izanen dira ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak, berarentzat ezarritakoak baino gehiago badira, alegia, %11tik %20 artekoak badira; berarentzat ezarritako kontsumotik gorakoari zehapena ezarriko zaio, I. multzoan prezio kubiko bakoitzeko ezarritako prezioari %300 erantsita.

Azkenik, III. multzoan sartuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aldez aurretik harentzat ezarritakoa baino %20 baino handiagoa bada. Kasu horretan, I. multzorako ezarritako prezioa %500 igota zehatuko da haren gehiegizko kontsumoa.

Ureztatzaileen Elkarteak eta, bestela, Alkatetzak, herri-lurren loteen kasuan, ureztatze kanpaina bakoitzean ezarriko du kontsumitutako metro kubiko bakoitzaren prezioa, 1. Blokeari dagokiona.

4. artikulua. Erantzukizunak.

Zein ureztatzailek instalazioak gaizki erabili eta kalteak sortzen dituen, hark izanen du erantzukizuna, hala nola alderdi baterako eta ohiko laborantzetarako ezarritako ur kopurua baino gehiago erabiltzean sortzen dena.

Kaltearen arrazoia ezin denean argitu eta ezin zaienean halako ureztatzaile bati edo gehiagori leporatu, Ureztatzaileen Elkarteak edo Udalak, behar denean, bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inola ere egotzi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari.

5. artikulua. Loteen esleipen hartzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek eskualdean sartutako laboreen edo sartu gogo direnen gaineko datu aipagarrienak emanen dizkiete Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari edo haren enpresa publikoei, horiek hala eskatuta. Ureztatzaileen Elkarteak eta, bestela, Alkatetzak, behar denean, izanen dute informazio hori eman beharra.

Herri-lurren esleipen-hartzaile guztiek bete behar dute Udalak eta/edo Ureztatzaileek Elkarteak azpiegituren zaintzaz xedatzen duten guztia.

Esleipen-hartzaileen kontura izanen dira ureztaketa sistema, sare eta instalazioen mantentze-lanak, kontserbazioa eta ohiko konponketak, esleipenak dirauen bitartean. Aprobetxamendua bukatzean, edo titularrak jarduera utziz gero, Nekazaritza batzordeak edo Alkatetzak aipatu instalazioak aztertuko ditu. Erabilera okerrak eragindako kalteak edo anomaliak ikusten badira, Udalak konponketaren kostua eskatzen ahalko dio esleipen-hartzaileari. Horrek ezin izanen du ureztalurreko finka itzuli esleipena hartu zuenean baino okerrago.

Nekazaritzako lehentasuneko ustiategien titularrek, aurreko artikuluan azaldutako baldintzak eta herri-lurretako lurzatien aprobetxamendua arautzen duen ordenantzaren artikuluek eskatutakoak betetzen badituzte, esleipenerako sisteman sartu ahal izateko honako hau bete beharko dute, betiere Miranda Argako Udalak hala eskatzen badu ureztalur bihurtzeko obren finantzazioa hobetzeko asmoz:

Egiaztatzea, ureztaketak eta ongarridun ureztaketak programatzeari buruzko prestakuntza ikastaro homologatuak egin dituela loteak esleitu baino lehen, edo konpromisoa sinatua ikastaro horietara joateko esleitutako loteak laboratu aurretik; lote bat esleituta esleipen hartzaileak ureztaketak eta ongarridun ureztaketak programatzeari buruzko prestakuntza ikastaro homologatuak egin dituela egiaztatzen duen ziurtagiria laboratu aurretik aurkezten ez badu, egindako esleipena automatikoki baliogabetuko da eta lotea beste bati esleituko zaio lehen aipatu lehentasuneko ordenari jarraituz, ureztalur bihurtzeko obren finantzaketa hobetze aldera.

Loteen esleipena hartzen dutenek, halaber, uraren kontsumoen jarraibideei segimendua egiteko eta haiek justifikatzeko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ezarritako erreferentziei jarraituz (maiatzaren 11ko 186/2011 Foru Aginduaren 2.1.2 atala, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 15eko 187/2015 Foru Aginduak egindako aldaketari jarraituz).

6. artikulua. Laborantzako herri-lurretako ureztalurren aprobetxamendua: laborantza loteen azalera, onuradunak eta lehentasunezko ordena.

6.1. Loteen azalera.

Ureztatzeko deklaraziotik aitzina, eta gutxienez hamabost urtean, loteek oinarrizko ureztatze azalera izanen dute edo gehiago, ahal dela. Oinarrizko azalera hori eraikuntza proiektuan zehaztuko da, Nafarroako Gobernuak eremu horretan jarduteko dekretuan finkatzen duena oinarritzat hartuta.

6.2. Onuradunak.

Familia unitateek Arga 2-XXII sektorean modernizatu diren laborantzako herri-lurretako lurzatien onuradunak izateko eskubidea edukitzeko (lurzati horien aprobetxamendua eranskin honetan arautzen da), haien titularrek herri-lurretako lurzatien aprobetxamendua arautzen duen indarreko ordenantzako baldintza orokorrak bete eta lehentasunezko nekazaritza ustiategi bateko titularrak direla egiaztatu behar dute, Nafarroako Gobernuaren dagokion Departamentuak luzatutako dokumentuaren bitartez.

Kontzesio aldian beharkizun hori galtzeak lurzatiaren galera ekarriko du, Udaleko Osoko Bilkurak, interesdunari entzun ondotik, hala erabakita.

6.3. Lehentasunaren ordena.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 40.5.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, ureztalur bihurtzearen edo ureztalurra modernizatzearen ondoriozko herri-lurretako loteak esleitzeko, honako lehentasun ordena hau ezartzen da:

A) Lehen-lehenik, familienak diren nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nekazari gazte batek zuzentzen baditu edo bertan aritzen bada.

B) Bigarrenik, nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nagusiki nekazariak direnek osatuak.

C) Hirugarrenik, Udalak berak zuzenean ustiatzekoak. Soberako loterik egonez gero, enkante publikoaren bidez esleitzen ahal dira; hori guztia aipatu Foru Legearen 40.5.b) artikuluan xedatuarekin bat.

Arga 2-XXII Sektoreko lurzati berrantolamenduko 4. poligonoko 351. eta 353 herri-lurretako lurzatiak salbuetsita daude artikulu honetan xedatutako aplikatzetik, bertan familiako baratzeak paratu gogo baitira. Haien esleipena II. eranskin honen 12. artikuluan dago araututa.

7. artikulua. Herri-lurretako loteak esleitzeko prozedura eta zozketa.

1.–Esleipenari buruzko deialdia argitaratuta, aurreko artikuluan biltzen diren baldintzak betetzen dituztela uste dutenek hamar egun balioduneko epean idatziz eskatuko beharko diote Miranda Argako Udalari herri-lurretako esleipenaren onuradun direla onar dezala. Eskabideari ondoko agiriak erantsi beharko zaizkio:

1.1. Bidezko erregistroko egiaztagiri ofiziala, nekazari gaztea izan eta lehentasunezko nekazaritza ustiategiko buru edo partaide dela edo lehentasunezko laborantzako ustiategia izanda ogibide nagusia nekazaritza duen pertsonak aipatu ustiategia osatzen duela edo ustiategian sartuta dagoela frogatzen baitu.

1.2. Egiaztagiria, loteak esleitu baino lehen ureztaketak eta ongarridun ureztaketak programatzeari buruzko prestakuntza ikastaro homologatuak egin dituztela frogatzen duena, edo ikastaro horietara joateko konpromisoa sinatua, esleitutako loteak laboratzen hasi baino lehen.

1.3. Konpromiso sinatua, INTIAk (Riegos de Navarra, S.A.) ezarritako jarraibideak betetzen dituela ura erabiltzerakoan, loteak esleitu eta hurrengo sasoian.

1.4. Konpromiso sinatua, aldiro beteko dituela Nafarroako Gobernuak, Miranda Argako Udalak eta Ureztatzaileen elkarteek eginiko eskaerak, uraren erabilerari eta landatutako laborantza motaren ezaugarriei buruzkoak.

2.–Nekazaritzako Batzordeak baloratuko ditu eskatzaileen baldintzak eta esleipenerako prozeduran onartu eta baztertu direnen zerrenda osatuko du. Zerrenda hori iragarkien oholean argitaratuko du eta bostetik hamar egun bitarteko epea irekiko, baztertuek okerrak zuzendu edo haien eskubideen alde egoki juzgatzen dutena alega dezaten.

3.–Udalak, alegazioak ikusita, aurkeztutako zerrenda onetsiko du. Erreklamaziorik aurkezten ez bada, zerrenda behin betiko onetsitzat joko da.

4.–Zozketa. Nekazaritza Batzordearen aurrean egiten den zozketaren bidez esleituko dira loteak. Zozketaren iragarkia aldez aurretik paratuko dira iragarki oholean, eranskin honen 2. artikuluan ezarritako lehentasun ordenaren arabera.

Udalak esleitu beharreko loteen zerrenda eta banaketa onetsiko ditu. Lote horien azalera ez da ureztatzeko oinarrizko azalera baino txikiagoa izanen. Zozketa horretatik kanpo geldituko dira Arga 2-XXII Sektoreko lurzati berrantolamenduko 4. poligonoko 351. eta 353. herri-lurretako lurzatiak, bertan familiako baratzeak paratu gogo baitira.

Zozketako bi modalitateetan onartutako pertsonen behin betiko zerrendak zenbakituko dira, baita Udalak ureztalurrerako eskainitako herri-lurretako loteak ere.

Lehen-lehenik, loteak esleituko dira familienak diren nekazaritzako lehentasuneko ustiategietarako, nekazari gazte batek zuzentzen baditu edo bertan aritzen bada.

Gero, gainerako loteen zozketa eginen da, ogibide nagusia nekazaritza duten pertsonez osatutako lehentasunezko nekazaritzako ustiategien alde esleitzeko.

Ohiko moduan, zenbakiak zakutxoan sartu ondotik atera eginen da zenbaki bat onuradun jakin bati dagokiona eta beste bat, loteari dagokiona, eta biak elkarri atxikiak geldituko dira, horrela jarraituz bukatu arte.

Familienak diren nekazaritzako lehentasuneko ustiategiei (nekazari gazte batek zuzentzen baditu edo bertan aritzen bada) esleitzeko zozketan eskatzaileak baino lote gutxiago badago, eskatzaile batzuei ez zaie loterik esleituko.

Lehenbiziko eta bigarren lehentasun ordenetako eskatzaileei esleituriko lurren azaleraren %60 gainditu ondoan edo, edozein arrazoi dela bide, hori erabat ezinezkoa denean, hirugarren lehentasun ordena aplikatuko da, hau da, Udalak zuzenean ustiatuko ditu lurrak, berariaz bertzelakoa adierazi ezean. Kasu horretan soberako loteak enkantearen bidez esleituko dira.

5.–Udalak erabakitzen badu soberan diren loteak zuzenean ustiatzea, herritarrekin akordioak egiten ahalko ahalko ditu, haien artean loteen aprobetxamendua banatzeko.

6.–Esleipen horiek Udaleko Osoko Bilkurak berretsi beharko ditu.

7.–Behin-behineko esleipena egiten denetik Udalak osoko bilkuran berresten duen bitartean, esleipen-hartzaileek baimena eska dezakete idatziz elkarren artean loteak trukatzeko. Trukeak betiere Udalak baimendu edo ukatuko ditu. Udalak baimena uka dezake, bertzeak bertze, truke horiek azpiegituren finantzaketarako laguntzak lortzeko eragozpenen bat sortzen badute.

8.–Esleipen-hartzaileek 2.2 idatz-zatiko lehentasun ordenaren baldintza erabakigarriei eutsi beharko diete aprobetxamenduaren aldi osoan.

Bestela, Udalak beretako gordetzen du esleipena errebokatzeko ahalmena. Halakoetan, Udalak zuzenean ustiatzen ahal du lotea, edo, kasua bada, zozketa bidez esleitu interesa agertzen duten loteen esleipen-hartzaileen artean.

Nolanahi ere, Udalak eskumena izanen du lehenetsitako nekazaritza ustiategiei esleipenean emandako lehentasunaren baldintza erabakigarriak betetzen direla egiaztatzeko. Horretarako, beste administrazio eta entitate batzuetara joko du eta, beharrezkoa bada, interesdunei eskatuko die baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duten dokumentazioa eta gainerako elementuak aurkezteko.

9.–Lehenbiziko esleipena egin ondoan, laborantzako ureztalurren loteen onuradun izateko eskubidea duten nekazari gehiagok eskatzen badute loteak esleitzeko, Udalak beste esleipen prozesu bat tramitatuko du, baldin eta loterik badago (enkantekoak, ukoa jasotakoak, ustiapen zuzenekoak, etab.).

10.–Loteen azalera. Loteek oinarrizko ureztatze azalera izanen dute edo gehiago. Oinarrizko azalera hori eraikuntza proiektuan zehaztuko da, Nafarroako Gobernuak eremu horretan jarduteko dekretuan finkatzen duena oinarritzat hartuta, salbu eta lote bereiziak baldin badira eta horiek oinarrizko ureztatze azalera edo gutxiago badute edo herri-lurretako lurzatien erdia zatitzearen ondoriozko loteak badira, lurzati horien ezaugarri fisikoek ez dutenean aukerarik eman aipatu oinarrizko ureztatze azalera baino gehiagoko bi lote lortzeko.

11.–Ez da onartuko esleipen-hartzaileek azaleraren zati bati uko egitea. Uko partziala egiten bada, loterako eskubidea erabat galduko da, gelditzen zaion epe osorako.

12.–Orobat, aprobetxamendua eta labore mota edozein direlarik ere, ezin izanen da errentamenduan emandako lurzatia utzi edo hari uko egin esleipen epean, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuan ez bada, eta Udalak libreki onartzen ez badu. Udalak irizten badu ez dela frogatu ezinbesteko kasua, uko egiten duenak ezin izanen du herri-lurretako lurzatien esleipenik hartuko harik eta onuradun izan zen esleipenaren epe osoa iragan arte.

13.–Udalak erabakitzen badu Udalaren intereseko obrak egitea esleitutako herri-lurren loteren batean eta obrak bateraezinak badira esleipen-hartzaileak laborantzan jarraitzearekin, lotearen alokairua baliogabetuko da, esleipen-hartzaileari jakinarazi ondoren. Baliogabetze izanak ez du inongo kalte ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko esleipena behar baino lehenago bukatzeagatik.

Udalak interesdunari laborantzako lurra esleituko dio beste alderdi batean ahal den bezain laster.

8. artikulua. Adjudikazioaren epea.

Nafarroako Ubidearen Arga 2-XXII Sektoreko laborantzako herri-lurretako ureztalurren loteak esleitzeko epea zortzi urtekoa izanen da.

Herri-lurretako ureztatzeko loteen esleipen hartzaileek esleipen epea baino luzeagoa duen laborantza mota bat landatu nahi badute, baimena eskatu beharko diote Udalari esleipen epea luzatzeko, behar duten denbora arte. Udalak eskaera aztertu eta Nekazaritzako Batzordearen txostena ikusita, bidezko bada, baimena emanen du epea luzatzeko, gehienez ere hamabost urte gehiagokoa.

Ezarrita dagoen epea amaitzen denean, finketan emankor jarraitzen duen landarerik edo hobekuntza lanik gelditzen bada, finkaren eta udalerriaren mesederako geldituko da, inolako kalte-ordainetarako eskubiderik sortu gabe. Halaber, Udalak eska diezaioke esleipen-hartzaileari erabat kentzea, baldin hobekuntza, landare edo instalazio horrek, bere ustez, aprobetxamenduaren geroko esleipena kaltetzen badu. Orobat, Udalak berak ken dezake ez-betetzea gertatuz gero, esleipen-hartzailearen kargura, arau-haustetzat hartzea ukatu gabe.

Esleipenaren datatik lau urte iraganik, ez da onartuko urte askotako loboreak egiteko eskabiderik.

9. artikulua. Esleipenen araubide ekonomikoa

Kanona eta haren eguneratzea.

Udalak 2017an onetsiko du zer urteko kanon aplikatzen zaien La Dehesa, La Morera eta La Tudelana alderdietan esleitzen diren herri-lurretako ureztalurren loteei. Kanona urtero eguneratuko da, nekazariek hartzen dituzten prezioen aldaketaren arabera, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten dituen indizeei jarraikiz. Hartara, indize hori igotzen bada, prezioa hein berean igoko da, eta beheiti egiten badu, ez da eguneratzerik batere eginen eta aurreko urteko prezioari eutsiko zaio.

Itoizko erregulazioaren kanonak Udalari igortzen dizkion kostu erantsi guztiak automatikoki jasanaraziko dira: Nafarroako Ubidea eraikitzeko, ustiatzeko eta mantentzeko gastuak, Ureztatzaileen Elkarteen funtzionamendu gastuak eta abar, eta, oro har, Nafarroako Ubideko ureztalur gehiago jartzearekin zerikusia duten gastu guztiak.

Kanona urte naturalean ordainduko da baina seihilekoetan, hiruhilekoetan eta abarrean zatitzen ahalko da, Udalak horrela erabakitzen badu.

Era berean, gehigarri gisa, esleipen hartzaileari jasanaraziko zaio haren ustiategian kontsumitzen duen uraren zenbatekoa, Ureztatzaileen Elkarteak edo erakunde baliokideak Udalari fakturatzen diona.

Ur kontsumoagatik egin behar diren ordainketak egin beharko dira Udalak kobratzeko aurkezten dituenean, betiere tokian tokiko Ureztatzaileen Elkarteen karguak jaso ondoren.

10. artikulua. Funtzionamendu arauak.

1.–Ureztalurren loteen esleipen-hartzaileak kasu egin eta bete beharko ditu Udalak eta/edo Ureztatzaileen Elkarteek alderdi hauei dagokienez ematen dituzten jarraibideak:

a) Ureztatzeko arauak.

b) Sistema orokorrak, ureztatzeko instalazio eta obren mantentze-lanetakoak.

c) Matxuren berri emateko metodoak.

Halaber, hartzen duten edozein arau edo erabaki, betiere sistemaren funtzionamendu egokia bermatzearren.

2.–Udalak, edozein momentu eta sasoitan egiten ahalko ditu egoki ikusten dituen ikuskapenak eta egiaztapenak, hala nola, ondoko hauek: laborantza moten egoera, ureztatzeko instalazioen funtzionamendua eta, oro har, ureztalur bihurtu diren herri-lurretako laborantzako lurren esleipenen gaineko arautegia behar bezala betetzen den egiaztatzeko. Esleipen hartzaileak lagundu beharko du egiteko horietan guztietan, ikuskapen lanak oztopatu gabe.

3.–Loteak esleitu ondoren eta horiek laboratu aurretik, Nekazaritzako Batzordeko buruak, nekazari esleipen hartzailearen aitzinean, egiaztatuko du ureztatzeko sistemak egoki funtzionatzen ote duen eta horren gaineko akta jasoko du. Akta hori esleipen hartzaileak sinatuko du, betiere konforme badago.

Une horretatik aitzina, esleipen hartzailea izanen da instalazioaren eta haren erabilera eta maneiuaren arduradun bakarra. Behartuta egonen da esleitu zaion lotean dagoen ureztazeko instalazioa konpontzera eta ordeztera, hala bada, hori guztia egoki erabiltzeko maneran egon dadin aldiro.

Betebehar hori betetzen ez badu, Udalak subsidiarioki egiten ahalko ditu lan horiek, eta gero kostuak esleipen hartzaileari kargatuko.

Orobat, nekazaria da erantzulea ureztaketaren maneiu desegokiaren ondorioz laborantza mota mugakideei edo hirugarrenei eragiten ahal zaizkien kalteak badira, eta horiek ordaindu beharko ditu.

4.–Ureztalurretako laborantza moten loteak zuzenean landu beharko dituzte esleipen hartzaileek eurek, herri-lurretako lurzatien aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Herri-lurretako lurzatien aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan aurreikusten diren arau-hausteen araubideaz eta Ureztatzaileen Elkarteen ordenantzetatik eta erregelamenduetatik etortzen ahal direnez gain, ureztalur loteen esleipen hartzaileak arau-hauste eta zehapenen araubide berariazkoaren menean egonen dira.

1.–Arau-hauste arintzat hartzen dira:

a) Udalaren edo Ureztatzaileen Elkarteen gomendioak ez betetzea.

b) Udalaren edo horretarako baimena duen bestelako erakunde baten ikuskapen lana oztopatzea edo ez laguntzea.

c) Lanabesak edo makineria uztea esleituak ez dituen beste laborantzako loteetan.

2.–Arau-hauste larritzat hartzen dira:

a) Hutsegite arinak berriz egitea.

b) Udalaren ikuskapen lana galaraztea, horretarako arrazoi aski izan gabe.

c) Loteen mugak aldatzea edo esleipenekoak ez diren loteetako lurrak landatzea.

d) Ureztatzeko instalazioak arduragabekeriaz erabiltzea, lote mugakideei edo hirugarrenen ondasunei kalteak eraginda.

e) Kanona ez ordaintzea, amortizazioaren urtekoa nahiz ur kontsumoarena.

f) Datu faltsuak edo ageriki gezurrezkoak ematea, esleipenerako eskubidea frogatzeko aurkezten den dokumentazioan.

3.–Arau-hauste arinak 300dik 500 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; larriak, 500dik 3000 euro bitarteko isunekin, eta sortzen diren kalteak ordaindu beharrarekin.

Udalak uste baldin badu arau-hauste bereziki larria izan dela, zehapena izan daiteke esleipena kentzea, inolako ordainik gabe, eta are gehiago, hurrengo esleipenetan aurkezteko debekua aginduz.

12. artikulua. Familiako baratzeak.

Hala nahi duten familia unitateen titularrei, Miranda Argako Udalak ureztalurreko familiako baratzeak esleituko die Arga 2-XXII Sektoreko lurzati berrantolamenduko 4. poligonoko 351. eta 353. herri-lurretako lurzatien barrenean.

12.1. Azalera.

Familiako baratzeen azalera 1.200 metro koadrokoa izanen da.

12.2. Onuradunak.

Familia unitateak izaten ahalko dira familiako baratzeen esleipenaren onuradunak, titularrak baldintza hauek betetzen baditu:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Miranda Argako udal erroldan inskribatua egotea gutxienez ere hiru urteko antzinatasunez.

c) Miranda Argan urtean bederatzi hilabetez gutxienez ondoz ondo eta egiazki bizitzea.

d) Miranda Argako Udalarekin mota guztietako zerga betebeharrak eguneratuak izatea.

12.3. Kontratuaren baldintzak.

Baratzeak baldintza hauetan emanen dira:

a) Familiako baratzeetan barazkiak landuko dira, eta baimenduta egonen da bertan zenbait arbola landatzea, fruta emateko, eder egiteko edo itzala emateko.

b) Esleipena 16 urterako izanen da.

c) Udalak 2017an onetsiko du zer kanon aplikatuko zaion familiako baratze bakoitzari. Kanon hori urtero eguneratuko da, nekazariek hartzen dituzten prezioen aldaketaren arabera, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten dituen indizeei jarraikiz. Hartara, indize hori igotzen bada, prezioa hein berean igoko da, eta beheiti egiten badu, ez da eguneratzerik batere eginen eta aurreko urteko prezioari eutsiko zaio.

Familiako baratzearen esleipen hartzaileak ordaindu beharreko kanona urtero ezarriko du Udalak bere aurrekontuetan. Kanon hori urtero eguneratuko da Nafarroako Foru Komunitateko kontsumoko prezioen indizearekin bat (KPI). Indize hori zenbat igo, horrenbeste igoko da prezioa. Jaitsiz gero, aurreko urteko prezioari eutsiko zaio, prezioa ez baita eguneratuko.

d) Familiako baratzea zuzenean esleipen-hartzaileak edo familia unitate bereko gainerako kideek landu beharko dute. (Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 164. artikulua)

e) Herri-lurretako aprobetxamendua eta familia unitatearen eskubidea izategatik, familia-baratzearen ustiapena ez da errentan, apartzerian edo bertzelako eskualdaketa edo lagapen mota batean emanen.

Kontrakoa eginez gero, Udalak arau-hausleari kenduko dio bai esleitutako baratzea bai beste baten esleipen-hartzailea izateko eskubidea, zer esleipenetan izan zen onuradun, horrexek irauten duen bitartean. Osorik aplikatuko da Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 166. artikuluaren edukia.

f) Aprobetxamendu kontzeptuak dakar baratzea modu jarraituan lantzea; alde horretatik, Udalak hura kentzea xedatuko du frogatzen baldin bada urtebete baino gehiago egin duela landu gabe, behar bezala frogaturiko ezinbestekoetan izan ezik.

g) Ez da onartuko baratzeetan uztea edo abandonatzea materialik, ontzirik edo bertzelakorik, desordenu itxura ematen duenik.

h) Debeku da edozein etxola mota eraikitzea esleitutako baratzeetan, edo etxola aurrefabrikatuak edo mugigarriak paratu.

i) Debeku da itxiturak paratzea esleitutako baratzeetan.

12.4. Baratzeetako instalazioak.

Baratzeetan berotegiak edo antzekoak paratu gogo dituen esleipen-hartzaileak baimena eskatu beharko dio aldez aurretik Miranda Argako Udalari.

12.3 atalean adierazi den moduan, debeku da edozein etxola mota eraikitzea eta etxola aurrefabrikatuak edo mugigarriak paratzea, eta debeku da itxiturak jartzea baratze horietan.

Familiako baratzearen esleipen-hartzaileek ez dute kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izanen bertan egindako hobekuntzengatik, aprobetxamendua kentzen bazaie eta baratzea uzten badute edo hari uko egiten badiote.

12.5. Esleitzeko prozedura.

Miranda Argako bizilagunek baratze baten esleipena urte osoan eskatzen ahalko dute edozein egunetan.

Eskatzaileen arteko zozketa urtean behin eginen da, abenduan.

Urte naturala izanen da esleipenaren aldia.

Nekazaritza Batzordeak proposatu ondoan, Miranda Argako alkateak onetsiko du onartutako eskaeren zerrenda. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da eta Herriko Etxeko iragarki oholean edukiko da 10 egun balioduneko epean, interesdunek bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkezteko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, bertzerik gabe.

Alegaziorik aurkeztu bada, Nekazaritza Batzordeak edo hura legez ordezkatzen duen organoak emanen du ebazpena, eta, horren proposamena ikusita, alkateak onetsiko du onartutakoen behin betiko zerrenda. Onartuen zerrenda hori Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratuko da.

Esleipena Nekazaritza Batzordeak edo hura legez ordezkatzen duen organoak eginen du zozketa bidez, gisa honetara:

a) Onartutakoen behin betiko zerrendetan eta herri-lurretako familiako baratzeen zerrendan zenbakiak jarriko dira.

b) Ondoren, modu tradizionalean, poltsatik aterako da zenbaki bat, eskaera egin duen bizilagunari dagokiona, eta beste bat baratzeari dagokiona; horrela behin eta berriz, zozketa bukatu arte.

Baratzeen esleipena bukatuta, esleipen hartzaileen eta esleitutako baratzeen zerrenda ikusgai jarriko da Herriko Etxeko iragarki oholean.

Eskubidea duten familia-unitateen eskaerei erantzun ondoan, familia-baratzerik gelditzen bada esleitu gabe, Udalak prekarioko esleipena egiten ahalko du, urte natural baterako (urtarriletik urtarrilera) eskatzen dutenen artean zozketa eginda.

Nolanahi ere, nahitaezko baldintza izanen da, betiere, eskatzaileak 12.2 atalean eskatzen diren baldintzak betetzea, salbu eta 12.2.b) atalean ezartzen den baldintza, hau da, bizilagun gisa izan beharreko antzinatasuna.

12.6. Baldintzak ez betetzea.

Baldintza-agiri honetan ezarritakoa ez betetzeak familia-baratzea kentzea eta arau-hauslea etorkizuneko esleipenetatik baztertzea ekarriko du.

13. artikulua. Eskubideak.

Eranskin honek ez die ematen ez Udalari ez aprobetxamenduen esleipen hartzaileei bertzelako eskubiderik; alegia, lehendik legeek emanak dituzte soilik. Era berean, lehendik zituzten horiek ez dizkiete kentzen.

Xedapen indargabetzailea.

Indarrik gabe gelditu dira ordenantzaren II. eranskin honetan ezarritakoari kontra egiten dioten edo berarekin bat heldu ez diren udal ordenantza eta xedapen guztiak. Miranda Argako herri-lurretako lurzatien aprobetxamendua arautzen duen ordenantzaren eranskina da, Nafarroako Ubidearen Arga 2-XXII sektoreko laborantzako herri-lurretako lurzatien aprobetxamendua arautzen duena.

Iragarkiaren kodea: L1701190