Iragarkia
46. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
15/2017 FORU AGINDUA, otsailaren 15ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, bi prestakuntza beken deialdia egiten duena unibertsitate tituludunentzat, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuan aritzeko, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikia baitago.
Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak bi prestakuntza beken deialdia egin nahi du unibertsitate tituludunentzat, dokumentuak eta artxiboak kudeatzearen arlorako.
Beka horietarako deialdiaren bidez Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak nahi du, alde batetik, artxiboen arloan eskumena duen departamentuari ordenamendu juridikoak esleitutako eginkizunak hobeki bete, zehazki Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legeak esleitutakoak, eta, bestetik, unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatu nahi du, ezagutza teoriko eta praktiko hobea eta zuzenagoa lor dezaten, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan artxiboen eta dokumentu ondarearen arloan egiten den lanean, hain zuzen ere Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak egiten den horretan.
Bekak ematerakoan, deialdiko oinarri arautzaileetan aurreikusten ez den orotan, ondokoei jarraituko zaie: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari, eta, modu osagarrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Bi prestakuntza beken deialdia egitea unibertsitate tituludunentzat, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuan aritzeko, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikia baitago.
2. Bekak emateko oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.
3. 26.037,36 euroko gastua baimentzea, 13.018,68 euro beka bakoitzerako. Honela banatuko da:
–25.967,58 euro, 12.983,79 euro beka bakoitzerako; Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorretako “Bekadunak” izeneko A21002 A2200 4800 332100 kontu-sailaren kargura egotziko dira.
–69,78 euro, 34,89 euro beka bakoitzerako, 2018. urterako onetsiko diren Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den kontu-sailaren kargura. Gizarte Segurantzaren 2017ko abenduko enpresa kuotarako da, 2018ko urtarrilean ordaindu beharrekoa.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Foru agindu honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
6. Foru agindu hau igortzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzura eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko otsailaren 15ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.
I. ERANSKINA
Bi prestakuntza beken deialdia, Artxiboen eta Dokumentu
Ondarearen Zerbitzuan aritzeko, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikia baitago. Oinarriak
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea bi prestakuntza beka norgehiagokako araubidean emateko, unibertsitate tituludunentzat (gradua, lizentziaduna edo baliokidea), Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuan aritzeko, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikia baitago.
Bekaren helburua da unibertsitate tituludunen prestakuntza bultzatzea, zuzenean ezagut dezaten zer jarduketa egiten dituzten artxiboen eta dokumentu ondarearen arloan Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak eta hura osatzen duten artxibo zentroek: Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Artxiboak.
2. Aurrekontuko dirua.
Beka honi aurre egiteko gastua, guztira, 26.037,36 eurokoa da, 13.018,68 euro beka bakoitzeko, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.
3. Iraupena.
Bekaldia esleipenaren ebazpenean adieraziko den egunean hasiko da (2017ko urtarrilaren 1a baino lehenago ez, betiere), eta 2017ko abenduaren 31n bukatuko. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari eskaturik, beka luzatzen ahalko da, 12 hilabeteko aldika, gehienez ere hiru urterako, lehenbiziko aldia eta luzapenak baturik.
4. Zenbatekoa eta bekaren ordainketa.
Beka bakoitzak urtean 13.018,68 euro izanen ditu gehienez ere. Guztirako zenbateko horretan Gizarte Segurantzaren kotizazioak sarturik daude. Onuradunari hilero 1.050,00 euro gordin pagatuko zaizkio, edo haien zati proportzionala, bidezko bada. Zenbateko horretatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da. Halaber, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak, hilero, bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ere ordainduko du (34,89 euro).
5. Bateraezintasunak.
Prestakuntza beka hau ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.
6. Eskatzaileak.
Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:
a) 1. oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea (gradua, lizentzia edo baliokidea), Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean lortu izana.
b) Espainiako herritarra izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.
c) Nafarroan erroldatua egotea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.
d) Adinez nagusi izatea.
e) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.
f) Bekaren xede den prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.
7. Balorazio baremoa.
Eskaerak baloratzeko, honako baremo honen arabera kalifikatuko dira merezimenduak:
a) Espediente akademikoa. Puntuazioa, gehienez ere: 4 puntu arte.
Ikasketa espedientearen batez besteko nota baloratuko da, azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Dekretuaren arabera (errege dekretu hori abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen).
–Nahiko: puntu bat.
–Oso ongi: 2 puntu.
–Bikain: 3 puntu.
–Ohorezko matrikula: 4 puntu.
b) Hizkuntzak jakitea: euskara, ingelesa eta frantsesa. Puntuazioa, gehienez ere: 1,5 puntu arte.
Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C1 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 0,50 puntu hizkuntza bakoitzarengatik. B2 tituluak edo ofizialki baliokidetzat jotako tituluak 0,25 punturekin baloratuko dira.
c) Beste unibertsitate titulu batzuk. Puntuazioa, gehienez ere: 2,5 puntu arte.
Artxiboei buruzko masterra edo baliokidea izatea: 2 puntu. Beste titulu akademiko batzuk (graduak, diplomak, lizentziak edo graduatu ondokoak): 0,50 puntu bakoitza.
d) Artxiboekin zerikusia duten baina unibertsitateko tituluaren ikasketa planean sarturik ez dauden gaietan langile gisa izandako esperientzia: Puntuazioa, gehienez ere: 1 puntu arte.
0,25 puntu emanen dira langile gisa emandako hiru hilabeteko aldi bakoitzeko. Hiru hilabetetik gorako aldiak baizik ez dira baloratuko, behar bezala justifikaturik dokumentu fede-emaile baten bidez (ziurtagiria, nomina, aitorpena...).
e) Dokumentuak eta artxiboak kudeatzeko bestelako prestakuntza, ikastaro espezializatuen bidez eskuratua. Puntuazioa, gehienez ere: puntu bat arte.
Dokumentuak eta artxiboak kudeatzeko bestelako prestakuntza, ikastaro espezializatuen bidez eskuratua, 0,10 punturekin baloratuko da, guztira 10 orduak gainditzen dituen ikastaro bakoitzeko, betiere erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu badituzte.
Eskatzaileen artean berdinketarik izanez gero, a) atalean lortutako baremazioari garrantzi handiagoa emanez ebatziko da. Berdinketak irauten badu, c) atalari emanen zaio garrantzi handiagoa, eta gero d) eta e) atalei, behar izanez gero, ordena horretan. Azkenik, behar izatera zozketaz ebatziko da.
8. Eskaerak.
8.1. Prestakuntza beka bat jasotzeko interesa dutenek eskabide orokorra aurkeztu beharko dute Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroan, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, edo Nafarroako Gobernuaren erregistro-bulegoetako edozeinetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aipatzen diren tokietako edozeinetan, eta Erregistro Orokor Elektronikoan, 20 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
8.2. Honako agiri hauek aurkeztuko dira eskabide orokorrarekin batera:
a) Eranskin honen azkeneko orrialdean dagoen inprimaki normalizatuarekin batera aurkeztuko dira agiri guztiak.
b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak.
c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, kurtso bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.
d) Lehenbiziko oinarrian aipatzen den titulu ofizialaren fotokopia.
e) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.
f) Nafarroako erroldatze ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.
g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere.
h) Alegatutako merezimenduen gaineko egiaztagirien dokumentuak eta fotokopiak, zazpigarren oinarriaren arabera baloratuak izateko.
8.3. Organo eskudunak epearen barrenean aurkezten diren eskaerak aztertuko ditu. Epearen barrenean aurkeztutako eskaeraren batek aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela, eta azken gorabehera horren berri emanen zaio.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.
8.4. Prestakuntza beka hauek jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
9. Ebaluazio batzordearen osaera eta bekak emateko prozedura.
9.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz, non izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko baitira.
Ebaluazio Batzordea kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Joaquim Llansó Sanjuan, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria.
–Ordezkoa: José Miguel Gamboa Baztán, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko idazkari tekniko nagusia.
Idazkaria: Maika Munárriz Elizondo, artxiboetako goi mailako teknikaria.
–Ordezkoa: Elena López Fernández, Dokumentuen eta Artxiboen Kudeaketa Sistema Administratzeko Bulegoko burua.
Epaimahaikidea: Félix Segura Urra, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Ataleko burua.
–Ordezkoa: Carlos Idoate Ezquieta, artxiboetako goi mailako teknikaria.
Epaimahaikidea: Susana Herreros Lopetegui andrea, Dokumentu Ondarea Kudeatzeko Ataleko burua.
–Ordezkoa: Juan Carlos Balda Goldaracena, artxiboetako goi mailako teknikaria.
9.2. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.
Ebaluatzen hasi aurretik, eskatzaileek bekak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez adieraziko duen txostena prestatuko du. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.
9.3. Ebaluazio Batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, bekak emateko proposamena eginen du, lortutako puntuazioaren araberako ordenari jarraikiz.
9.4. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira bekak, instrukzio organoaren proposamena ikusita. Ebazpen hori eta hautagaien zerrenda, merezimenduen baremazioan lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren iragarki oholean jarriko dira jendaurrean (Navarrería kalea, 39, behea, Iruña).
Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, eta beka nori eman zaion, eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.
Puntuaziorik altuena lortzeagatik beka jasoko duten interesdunei jakinaraziko zaie ebazpena; gainera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.
9.5. Hautapen prozesua bukatu ondoren, beka jasotzeko hautatzen diren pertsonek aurkeztu beharko dituzte prestakuntza beka eskatzerakoan alegatu zituzten merezimendu guztien jatorrizko egiaztagiriak edo haien kopia konpultsatuak.
10. Tutoretzak.
10.1. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko Zuzendaritzak zuzenduko eta gainbegiratuko ditu beken onuradunen jarduerak, halako moduz non bekadunen prestakuntzara bideratuko baitira, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Artxiboan betetzen diren lan eta eginkizunetarako.
10.2. Tutoreak ordutegiak zehaztuko ditu, 9:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera, eta begiratuko du bekadunek beren betebehar orokor eta zehatzak betetzen dituztela.
11. Justifikatzeko epea eta modua.
Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, onuradunak egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du.
Azken memoria hori prestatzen ez badu, bekadunak jaso duen bekaren azkeneko hilekoa itzultzeko eskatuko zaio.
Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta, horretarako, beka emateko baldintzak eta aurreikusitako helburuak noraino bete diren baloratu eta azaltzeko atal bat jaso beharko du.
12. Onuradunaren betebeharrak.
a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.
b) Organo emaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.
c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.
d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.
e) Hala badagokio, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga guztien ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela. Horrekin batera, zinpeko aitorpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.
f) Organo eskudunari komunikatzea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
g) Bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan bekadun gisa aritu dela adieraztea.
h) Prestakuntza jarduera bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.
i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araubidea betetzea.
13. Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.
Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.
Bekari uko eginez gero, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko zaio, hamabost egun natural lehenago gutxienez.
Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.
14. Prestakuntza jarduera egitea.
Bekadunen jarduerak Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren instalazioetan eginen dira, astean gehienez ere 30 orduz.
Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaie onuradunei.
15. Jabetza intelektuala.
Bekadunek jabetza intelektualaren gainean dituzten eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.
16. Lan edo administrazio harremanik eza.
16.1. Beka erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
16.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
16.3. Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2012 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.
17. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
Bekadunak, prestakuntza egiten ari deneko Administrazio Publikoarekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.
18. Ez-betetzeak.
Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesdunari entzunaldia eman ondoren; horrekin batera zuzkidura ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluaren arabera eska daitezkeen diru-itzulketak, berandutza interesak eta ezar litezkeen zehapenak galarazi gabe.
19. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuari jarraikiz.
Deialdi honen aplikazio egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
20. Aplikatu beharreko legeria.
Foru agindu honetan ezartzen ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Inprimaki normalizatua (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1702435
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
