45. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIA

Ordenantza, Ziako hilerriaren erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena

Ziako Kontzeju irekiak, 2016ko azaroaren 17ko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zituen hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza eta hura erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren erabakia 2016ko 238. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 13an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zian, 2017ko urtarrilaren 23an.–Kontzejuko burua, José Joaquín Echeverría Gueracenea.

ZIAKO HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 4. eta 39. artikuluetan eta haiekin bat heldu direnetan, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. artikuluan ere, ezarritakoaren arabera, Kontzejuaren hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Ziako Kontzejuaren esku egon behar dute, deusetan ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean esleiturik izan ditzaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriaren higiene eta osasunari dagozkionak, Itzako Udalak egin ditzakeen garbiketa lanak deusetan ukatu gabe.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Kontzejuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.

Ordenantza honetan arautzen diren hilerriko zerbitzuak erabili nahi dituztenek Eritze Itzako Kontzejuko alkate kontzejuburuari eskatuko diote.

4. artikulua. Hilobiak era erregularrean banatuko dira, ondoz ondoko zenbakiak emanen zaizkie, eta berariaz egindako plano batean marraztuko dira.

5. artikulua. Behar bezalako gizalegea eta errespetua agertzen ez dituzten edo edozein modutan lekuaren berezko baitarapena hausten duten pertsonei han egotea galaraziko zaie. Debeku da edozein motatako animaliak sartzea, gidazakurrak izan ezik.

6. artikulua.

a) Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobietako elementuak jartzeko erabiliko da. Horiek hilobietako burualdean baizik ez dira paratzen ahalko.

b) Nitxoei dagokienez, haien azalera nolakoa, horren araberakoak izanen dituzte neurriak.

c) Ez da inola ere baimenduko lauzak jartzea. Ordenantza hau onetsi aurretik lauzak ezarrita zituzten lurrak ere Kontzeju honen jabetzakoak dira, baina ez da lauzak kentzeko betebeharrik izanen, beharrezko kasuetan izan ezik.

d) Debeku da, orobat, hilobien inguruan hesiak edo itxiturak, heskaiak edo bestelako landareak paratzea.

e) Hilartitzak, oroigarriak, ezaugarriak eta ikurrak edozein hizkuntzatan para daitezke, eta hilerriaren izaerari begiratu beharko diote, ordenantzaren 5. artikuluan adierazitakoaren arabera. Hirugarrenendako eskubideen aurka jo dezaketen inskripzioen erantzukizuna titularrarena izanen da.

7. artikulua. Kontzejuak ez du bere gain inolako erantzukizunik hartuko, hilerriaren esparruan gertatzen ahal diren lapurretengatik edo kalteengatik.

8. artikulua. Kontzejuaren organo eskudunek edo ehorzketa zerbitzuen esleipen-hartzaileak dute hilerria zaintzeko ardura, deusetan ukatu gabe Itzako Udalak Kontzejuarekin lankidetzan egin ditzakeen garbiketa lanak.

9. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak edo nitxoak, gauzak eta muntadurak zaintzea, segurtasun, higiene eta apaindurako baldintzak behar bezala betez.

Partikularrek hilobiak garbitzeko eta zaintzeko betebeharrean huts egiten badute, eta narriatze zantzurik baldin bada, Kontzejuak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 egunean beren zabarkeriaz eragindako narriadura konpontzeko.

Epe hori iraganik, Kontzejuak subsidiarioki egiten ahalko ditu, eta sortzen den kargua interesdunei pasatuko die.

II. TITULUA

Hilotzak ehortzi, hilobitik atera, lekuz aldatu
eta haiei autopsiak egitea

10. artikulua. Hilerrian, Zian erroldatutako eta hor sortutako herritarren hilotzei baino ez zaie lur emanen, legezko izapideak bete badira. Kontzejuko Batzarrak salbuespen puntualak erabakitzen ahalko ditu.

11. artikulua.

1. Hilotzen inguruko Osasun Neurriei buruzko Erregelamenduaren arauei jarraituz eta titulu honetan xedatutakoaren arabera dira hilotzak edo hondarrak ehortziko, hobitik aterako eta lekuz aldatuko.

2. Gorpu-hondakinak dituzten hilobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek murriztu beharko dira, eskubidearen titularrari edo hark eskuordetutako pertsonari abisua emanda; hilotz bat utzi behar denean, gorpu-hondakin horiek berriz ere ehorzten ahalko dira.

3. Osasun baimena beharrezkoa izanen da hilotzak edo gorpu-hondakinak beste hilerri batera eraman nahi direnean, arauetan ezarritako kasuetan.

12. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere, eta bi kasuetan hilobiaren gaineko eskubidearen titularraren eskabidea beharko da.

Hilotzak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, berrehorzketa egin nahi den hilobiaren gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarrita dagoenaren arabera egiaztatuko dira, behar diren neurri guztiak hartuz.

13. artikulua.

1. Epaileak agindu ezean, ezin izanen da hilotzik hobetik atera, heriotzatik lau urte iragan arte, ehorzketa zerraldo arruntean edo lekualdaketarako zerraldoan egin den kontuan hartu gabe.

2. Lurreko hilobietan egindako ehorzketei dagokienez edo heriotza Hilotzen gaineko Osasunari buruzko maiatzaren 9ko 123/1986 Foru Dekretuaren 2. artikuluaren I. taldean adierazitako arrazoiengatik gertatzen bada, bost urteko epea iragan beharko da hilobia irekitzeko edo, osasun teknikarien iritziz, hilotzaren gai organikoa erabat deskonposatzeko behar den epe luzeagoa.

3. Hilobi mota guztietan zinkezko hilkutxan ehortzi bada, edozein unetan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da ongi kontserbaturik ez badago.

14. artikulua. Hobitik ateratzean zerraldoetan agertzen diren gai baliotsuak zenduaren oinordekoek eska ditzakete, betiere eskabidea egiten badute hobitik atera baino lehen, beraien nortasuna eta oinordetza frogatu ondoan. Kontzejuak egokia iruditzen zaion xedea emanen die erreklamatzen ez diren gauzei.

15. artikulua. Lekuz aldatzeko nahiz berriz hobiratzeko, hilotz bat hilobitik ateratzen denean, horren oharra jasoko da erregistro liburuan, dagokion hilobian, titularraren baimena duela.

III. TITULUA

Hilerriko hilobien erregistroa

16. artikulua. Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortu da, honako hauek jasoko dituena:

a) Hilobien identifikazioa.

b) Ehorzketa eguna.

c) Hildakoaren izen-deiturak.

d) Eskualdaketak, bertan azalduta data, titular berriaren datuak eta eskualdaketaren zioa.

e) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta tokiz aldatzeak, honako hauek adieraziz: zein hilotz den, pertsona horren izen eta deiturak, eta jarduketa noiz izan den.

f) Gertaerak eta erreklamazioak: hilobia edo haren ingurua ukitzen duen edozein gertakizun.

Erregistroa Kontzejuko Idazkaritzan eramanen da, hilerriaren kudeaketa esleitua duen enpresak lagunduta, halakorik bada. Neurriak hartuko dira datuen segurtasuna bermatzeko eta horiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabeko tratamendu edo inoren sarrera eragozteko.

Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, akatsa argi eta garbi adierazi eta zuzentzeko idatzohar berria eginez.

17. artikulua. Hilobiak honako arrazoi hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direnean.

ZIAKO KONTZEJUKO HILERRIKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Hilerriaren erabilerari dagozkion tasen ordainarazpena arautzen du ordenantza honek, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 5., 7. eta 100. artikuluetan eta ondokoetan du oinarria.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak egitea da:

1. Ehorzketak.

2. Hilotzak hobitik ateratzea.

3. Nitxoen eta kolunbarioen kontzesioa.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, izan pertsona fisikoak, izan pertsona juridikoak edo izan, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak.

Zerga-oinarria eta tarifak

4. artikulua. Ordenantza honen tarifen eranskinean jasotako kopuruei jarraikiz, ondotik zehaztuko diren kontzeptuei dagozkien zerbitzu moten arabera finkatuko da zerga-oinarria:

a) Lurperatzeko edo ehorzteko eskubideak: zenbateko finkoa ehorzketagatik, segun eta lurrean, nitxoan edo kolunbarioan egiten den.

b) Hondarrak hobitik ateratzeko eskubideak.

Aplikatuko diren tarifak ordenantza honen eranskinean adierazitakoak izanen dira eta Kontzejuko Batzarrak aldatzen ahalko ditu.

Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

Hilotzak nahiz hondarrak erretzetik sortutako errautsek hondarrak hobiratzerakoan hartzen duten tratamendua izanen dute ordenantza honi dagokionez.

5. artikulua. Ordenantza honen 4. artikuluan aipatzen diren zerbitzuetako bat egiteko eskatzen denean gertatuko da tasen sortzapena.

Kudeaketa arauak

6. artikulua. Hilotzak hilerriraino eramateaz arduratzen diren ehorzketa enpresek, Udalean likidatuko dituzte bidezko diren ehorzketa eskubideak, eta haien ordainketa agiria emanen zaie; Kontzejuak ordaindu beharko ditu zerbitzu horiek.

Kontzejuko Batzarrak erabaki beharko du kostu horiek ordaintzeko modua, bai hildakoaren familiakoen bitartez, ordenantza honen eranskinean ezarritako tarifei jarraituz, edo Kontzejuak berak ordainduta.

Diru-bilketa

7. artikulua. Kuoten ordainketa 30 egun naturaleko epearen barrenean egin beharko da, ordenantza honetan ezarritako zerbitzuak egin eta haien kostua jakinarazi ondoko egunetik aitzina kontatzen hasita.

8. artikulua. Kuotak borondatez ordaintzeko aldietan ordaintzen ez dituztenek, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren gaineko Erregelamenduan eta aplikatzekoa den tributuei buruzko gainerako araudian adierazten diren errekarguak izanen dituzte.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea eta aplikatzekoa den tributuei buruzko gainerako araudia aplikatuko dira.

ERANSKINA, HILERRIA ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALARENA

1.–Ehorzketak: Zian erroldaturiko herritarrak eta sortzez bertakoak: salbuetsita. Gainerakoek tarifen taulan ezarritakoari lotuko zaizkio.

2.–Hobitik ateratzea: Hilerriko hilobi guztiendako: haien kontura izanen da zerbitzuaren kostua, tarifen taulan ezarritakoari jarraituz.

KONTZEPTUA

TARIFAK

Ehorzketak, lurrean*

Zerbitzua egiten duen enpresak ezarritakoak

Hondarrak ateratzea

Zerbitzua egiten duen enpresak ezarritakoak

Iragarkiaren kodea: L1700964