45. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIA

Ordenantza, Ziako Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena

Ziako Kontzeju irekiak, 2016ko azaroaren 17an egin bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Ziako Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2016ko 238. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 13an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zian, 2017ko urtarrilaren 23an.–Kontzejuko burua, José Joaquín Echeverría Gueracenea.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Ziako Kontzejuaren mugapeko herri-lurretako ondasunen administraziorako, xedapen egintzetarako, eta babes, berreskuratze eta aprobetxamendurako arauak ezartzea.

2. artikulua. Herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira herri-lurretako ondasunak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Hauek dira herri-lurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, 280/1990 Foru Dekretuak onartutako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua, eta gainerako erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri-lurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Ziako Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Ziako Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Ziako Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Ziako Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-lurretako ondasunak defendatu
eta berreskuratzea

7. artikulua. Ziako Kontzejua herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Ziako Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Ziako Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren finken hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Ziako Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko baimen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarri bezala.

11. artikulua. Ziako Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste edozein tituluren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Ziako Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Ziako Kontzejuak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimenaren txanda izanen da, legez zehaztuko den gisan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Herri-lurretako larreen aprobetxamenduak.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua.

1. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urte bateko antzinatasunez.

c) Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Ziako Kontzejuan eta Itzako Udalean ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Ziako Kontzejuak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, Herri-lurren Batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Herri-lurretako larreen aprobetxamenduak

16. artikulua. Ziako Kontzejuaren herri-lurretako larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da, lehentasunezko ordena honetan:

a) Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez.

b) Enkante publikoaren bidez esleituz.

17. artikulua. Herritarrendako zuzeneko esleipena.

1. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako titularrak izanen dira herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidezko larre aprobetxamenduaren onuradun, betiere azienda alta emanda badute Ziako Kontzejuko Aziendaburuen Erregistroan.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Kontuan hartuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

18. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Ondorio horietarako, Ziako Kontzejuak uste izanen du ez direla larreak zuzenean aprobetxatzen onuradunek haien azienda kentzen dutenean Kontzeju honetako Aziendaburuen Erregistrotik.

19. artikulua. Esleipena 8 urterako izanen da.

20. artikulua. Kontuan harturik jasan daitekeen abelburu kopurua, larreen kopurua eta kalitatea eta haien eskuragarritasuna, Kontzejuak kanona ezarriko du merkatuko prezioaren arabera.

21. artikulua. Esleipenaren prezioa lehen urtetik aurrera igoko da; horretarako, bizitza kostuaren igoera, onetsitako indize ofizialen araberakoa, gehituko zaio.

22. artikulua. Epe bakar batean ordainduko da urte bakoitzari dagokion kanonaren edo esleipenaren zenbatekoa, abenduaren 25a baino lehen.

23. artikulua. Onuradunak urteko prezioaren %10 jarri beharko du fidantza gisa, 5 eguneko epean esleipen egunetik hasita.

24. artikulua. Larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta aplikatzen den gainerako araudian eskatzen diren baldintzak betetzen direla, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

Esleitzeko prozedura

25. artikulua. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, 10 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

26. artikulua. Eskaerei honako hauen gaineko zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Ziako biztanleak izatea, gutxienez urtebeteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez gutxienez bizitzea.

b) Kontzeju honekiko eta Udalarekiko zerga beharkizunak beteak izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai kontzeju honetan bai besteetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal mugape honetan bai beste batzuetan; lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren zehaztu beharko da.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Ziako mugapean bai beste batzuetan.

g) Familia unitateko kide bakoitzaren abeltzaintzako aberastasunaren zergapeko kapitalak edo abelburu kopurua eta espeziea, bai kontzeju honetan bai beste batzuetan.

h) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, baita Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak ere.

i) Abelburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria.

j) Ordenantza honen 26. artikuluan aipatzen den osasun babesari buruzko ziurtagiria.

k) Erabili nahi diren eremuen zerrenda ordenatua.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Ziako Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 18.3 artikuluan zehazten den bezala.

27. artikulua. Herri-lurren Batzordeak proposaturik, Ziako Kontzejuko Osoko Bilkurak onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

28. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko onartuen behin-behineko zerrenda Kontzeju honen iragarki oholean jarriko da 10 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

29. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta esleipen modalitate bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea duten bizilagunen behin betiko zerrenda onetsiko du.

30. artikulua. Kontzejuak behin-behineko esleipena eginen du, inguruabar hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.

b) Hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera esleituko dira eremuak, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.

31. artikulua. Behin-behineko esleipena eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

32. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan esleituko dira 8 urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez; orobat, Kontzejuak ezartzen dituen baldintzak beteko dira.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

33. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Ziako Kontzejuak etxerako egur loteak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

34. artikulua. Ziako Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko egur loteen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako. Betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Legearen 163. artikuluetan eta hurrengoetan xedatutakoa bete beharko da.

35. artikulua. Egur loteak zuzenean erabili beharko dira eta ezin izanen dira saldu.

36. artikulua. Egurra banatzerakoan, Ziako Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da eta, beraz, diru aldetik apalenak diren familia unitateei lehentasuna emanen die.

37. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu diren familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Ziako Kontzejuak irizpide objektiboen arabera jokatuko du, ordenantza honen 18. artikuluan jasotzen denari jarraituz, non ez dagoen Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 165. artikuluan aurreikusitakoaren aurka, horrexek baitu lehentasuna.

38. artikulua. Etxerako egur aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Kontzejuak bere aurrekontu arruntean.

39. artikulua. Etxerako egur loteak hartutzat ematen dira:

a) Markaketa eremutik baztertuta daudenean.

b) Zatituta eta metatuta daudenean.

c) Ezin direnean hondar horiek metatu bideetan, mendiko pistetan edota bertatik igarotzea galarazten duten tokietan; gainera, zehatz-mehatz bete beharko dira landazainek agindutako jarraibideak.

d) Loteak gehienez ere urtebetez uzten ahal dira mendian, zatituta eta metatuta.

e) Loteak ateratzean alanbre-hesiak hondatuz gero, konpondu egin beharko dira.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

40. artikulua. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, indarrean dagoen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta haren osagarri direnetan ezarritakoari segituz arautuko da.

41. artikulua. Ziako Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza.

Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-lurretako ondasunetan

42. artikulua.

1. Ziako Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela frogatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Kontzejuak, Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Kontzejuaren erabakia, horren bidez onetsiz proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

43. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

44. artikulua. Oro har, arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua norberak zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako esleitzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

f) Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

g) Hildako abereak bertan uztea.

h) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

45. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

Aipatu diren a), b), c), d) eta f) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak galarazi gabe; gainera, gordailuan utzitako fidantza galduko da.

Herri-lurren edo herri-larreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da, e) arau-haustea bada.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 150 euroko zehapena ezarriko da, gehienez ere.

Iragarkiaren kodea: L1700963