45. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEATXE

Ordenantza, uraren hornidura zerbitzuagatiko eta uraren saneamendurako sarea mantetzeagatiko tasa arautzen duena. Behin betiko onespena

Leatxeko Udalak, 2016ko azaroaren 25ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea uraren hornidura zerbitzuagatiko eta uraren saneamendurako sarea mantetzeagatiko tasa arautzen duen udal ordenantza. 2016ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 15ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Leatxen, 2017ko urtarrilaren 31n.–Alkatea, Javier Iribarren Pérez.

Ordenantza, uraren hornidura zerbitzuagatiko
eta uraren saneamendurako sarea mantetzeagatiko tasa arautzen duena

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua.–Zergapeko egintzak dira eskura izatea nahiz erabiltzea edateko uraz hornitzeko zerbitzua eta Leatxeko udalerriko hondakin uren saneamendurako sarea mantentzeko zerbitzua.

Salbuespenak

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Zergadun diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat izan edo ondare bereizia eduki eta edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua eskatu dutenak edo hartaz baliatzen direnak.

Ordaindu ezik eta zorduna kaudimengabe deklaratuta, higiezinaren jabea joko da zergadunaren ordezkotzat.

Tarifak

5. artikulua. Zerbitzua egiteko tarifak honako kontzeptu hauengatik izanen dira:

a) Etxeetan erabiltzeko hornidura: 0,48 euro/metro kubikoa, eta urteko gutxienekoa: 28,80 euro/urtea, 60 metro kubikori dagokiona.

b) Industrian eta obretan erabiltzeko hornidura: 0,48 euro/metro kubikoa.

c) Ureztaketan eta igerilekuetan erabiltzeko hornidura: 0,48 euro/metro kubikoa.

d) Ur hornidurako sareari lotzeko lizentzia edo baimena ematea: 242 euroko ordainketa bakarra.

e) Ur saneamendurako sareari lotzeko lizentzia edo baimena ematea: 95 euroko ordainketa bakarra.

f) Kontagailuen alokairuagatik: 5 euro/urtea.

g) Hornidurako zerbitzuan baja eman ondorengo bigarren edo hurrengo altak: 242 euro.

Likidatu beharreko kuota

6. artikulua. Likidatu beharreko kuota aurreko artikuluko tarifak aplikatuz ateratzen dena izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sortzapena

7. artikulua. Tasak sorraraziko dira:

a) Zerbitzua eskura izan eta mantentzeagatik, hornidura sarearekin lotzen denetik hasita.

b) Kontsumoagatik, hasten denetik.

c) Harguneagatik, haren irekiera, lizentzia edo baimena ematen denetik.

d) Kontagailua alokatzeagatik, hornidurako sareari lotzean.

e) Bigarren edo hurrengo altengatik, zerbitzuan berriz ere alta emateko eskatzen den unetik.

Kudeatzeko arauak

8. artikulua. Higiezinaren titularraren kontura izanen dira hornidurako eta saneamendurako sareei lotzearen ondoriozko gastuak, bai eta haien behar bezalako mantentzea ere.

Halere, kontsumoa neurtzeko ekipamenduak erosteko gastuak bai instalaziorako eta horniduraren hargunerako behar diren materialei eta eskulanari dagozkien gastuak, Udalaren bizkar joanen dira.

Kontsumoaren kontagailuak eremu publikoan edo sarbide komuneko tokietan jarriko dira, horien irakurketa etxebizitzetan, lorategietan, lurzatietan edo horniduraren hartzaile diren lokaletan sartu behar izan gabe egin ahal izateko.

9. artikulua. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta ixteko giltza egoera onean mantentzea, bai eta Leatxeko Udalak zeregin horretarako ematen dituen jarraibideak betetzea ere.

10. artikulua. Erabiltzaile bakoitzak egindako kontsumoak kontagailuko irakurketen artean izaten den aldearen bidez zehaztuko dira. Hala, ordenantza honetan ezarritako ordainarazpenen bati lotuta dauden zergadun guztien betebeharra da kontagailurako bidea libre uztea, irakurketak egin behar dituzten langileentzat.

11. artikulua. Erabiltzailea ez dagoelako edo beste arrazoiren batengatik langileek kontagailua irakurtzerik ez dutenean, erabiltzaileak berak eman beharko ditu irakurketako datuak. Horretarako, irakurketaz arduratzen diren langileek inprimaki bat utziko dute horniduraren tokian, beharrezkoak diren jarraibideekin.

12. artikulua. Fakturazio eguna iritsi eta Leatxeko Udalak erabiltzailearen kontagailuko benetako edo baliozko irakurketarik ez badu, zenbatespen sistemaren bidez fakturatzen ahalko da kasuan kasuko aldia, faktura erreala duen azken urteko kontsumoaren zerrenda guztia kontuan harturik.

Hala kalkulatutako kontsumoak konturakoak izanen dira, eta kontagailuaren benetako irakurketa lortutakoan erregularizatuko da egoera, fakturazioan gehiegi edo gutxiegi kobratutakoa aintzat harturik.

Era berean, zenbatespen sistemaren bidez fakturatzen ahalko da zerbitzua, kontagailuak akatsen bat duela ikusten denean irakurketa egitean, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan hartuta; halakoetan, behin betikotzat joko da fakturazioa.

Edonola ere, fakturatu beharreko gutxieneko kopurua ordenantza honen 5. artikuluko a) letran ezarritakoa izanen da.

13. artikulua. Aurreneurri moduan, instalazio barrenean ur galera dakarten matxurak dituen eta ur-sare orokorrean ur-ihesak sorrarazten dituen hargunearen titularrari ur hornidura mozten ahalko zaio.

14. artikulua. Hornidura jasotzen duen eraikinaren titularrak baja eska dezake zerbitzuan; horretarako, Leatxeko Udaleko erregistroan eskabidea aurkeztuko du, horixe nahi duela garbi adierazteko. Fakturazioa zerbitzu bakoitzaren gutxieneko kuotarengatik eginen da betiere.

Ur horniduran baja gauzatu ondoren, zerbitzuan berriz ere alta eman nahi bada, ordenantza honen 5. artikuluaren g) letran adierazitako tasa ordaindu beharko da.

15. artikulua. Horniduraren titularra aldatzeko, lokalaren edo etxebizitzaren okupatzaile berriak egin beharko du eskaera eta, horretarako, eskualdaketa jakinarazi beharko du eta eraikinaren jabea, errentaria edo erabilera eskubidearen titularra dela frogatu.

Titularra aldatzeak ez du tasarik sortuko.

16. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko beste pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du.

17. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatzen diren gorabeherak Leatxeko Udalari lehenbailehen jakinaraztera.

Harguneak eta hornidurak lurzoru urbanizaezineko jardueretarako

18. artikulua. 1. Lurzoru urbanizaezineko harguneen barnean sartzen dira ingurunean sare orokorrik ez duen eta herrigunetik kanpo dagoen lurzati batean erabiltzaile bakarrari hornidura zerbitzuak emateko egiten direnak.

2. Lurzoru urbanizaezineko harguneak gauzatu eta abian jartzeko nahitaezkoa izanen da lizentzia izatea, eta lizentzia horretan ezarriko da harguneak zein baldintzatan gauzatuko diren eta hornidura zerbitzua emateko baldintzak zeintzuk izanen diren.

3. Lurzatian garatuko den jarduerak edo lurzoruari emanen zaion erabilerak administrazio eskudunaren edo eskudunen baimena edo baimenak izan beharko ditu, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

Era berean, instalazioak zuzen gauzatzen direla bermatzeko eta zerbitzua ongi emateko, erabiltzaileak jabearen baimena eduki eta frogatu beharko du, zerbitzuaren elementu materialek beste batzuen lurrak ukitzen dituztenean edo haietatik pasatzen direnean.

4. Herriguneko sare orokorrei lotu arte lurzatiari hornidura eta saneamendu zerbitzuak emateko behar diren obrak eta instalazioak exekutatzeak eragindako kostuak hargunearen eskatzailearen kontura izanen dira erabat.

5. Hornidurarako hargune horiek zaindu, mantendu eta konpontzeko gastuen ardura banan-banan zehaztuko da, zenbait inguruabarren arabera, besteak beste: instalazioaren ezaugarriak, hirigunerainoko distantzia eta bolumenean eragina izan dezakeen beste edozein faktore.

6. Saneamendu zerbitzurik ez badago, lurzatiaren titularrak zerbitzu horren irtenbide autonomorako beharrezkoak diren baimenak beharko ditu, eta bere gain egonen dira hustuketa sistema zaindu, mantendu eta konpontzeko gastuak.

Diru-bilketa

19. artikulua. 1. 5. artikuluaren a), b), c) eta f) letretan aipatzen diren ordainarazpenak urtero ordainduko dira.

2. Sorrarazten diren unean ordaindu beharko dira artikulu berberaren d), e) eta g) ataletan aurreikusitako ordainarazpenak.

Arau-hausteak eta zehapenak

20. artikulua. Iruzurtzat jotzen dira eta, beraz, zerga arloko arau-hauste larritzat, honako hauek:

a) Behar bezala egiaztatuta dauden udal langileek egiten dituzten bisitak oztopatzea.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikusteko duten egiaztapenak eragoztea.

c) Prezintu, sarraila eta kontsumoa neurtzeko Udalak jarritako gailuak aldatzea.

d) Kontsumoa neurtzeko aparatuak aldatzeko Udalak ematen dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren irakurketa maltzurkeriaz aldatzeko asmoz, baimenik gabeko mekanismoak ezartzea.

21. artikulua. Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatu bezala eginen da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Kaleak urbanizatzeko unean Udalak egindako harguneak hartu zituzten higiezinen jabeek ordenantza honen 5. artikuluan ezarritako tasak ere ordaindu beharko dituzte, aipatu obren kostuagatik, hots, 1.200 euro.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean aurreikusitako izapideak beteta, Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1701309