44. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

236/2017 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, untxien sektoreko abeltzaintzako ustiategiei “de minimis” araubideko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena eta 2017ko deialdia onesten duena.

Untxien sektorean ari diren abeltzaintzako ustiategiek bizi duten egoera kritikoak ezinbesteko egiten du zuzeneko laguntzako lerro batzuk finkatzea, besteak beste, “de minimis” laguntzak emateko aukera, zailtasun ekonomikoak dituzten sektore honetako ekoizleentzat.

Hori guztia dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak beharrezkotzat eta presakotzat jotzen du laguntzak ematea Nafarroako untxien sektoreko abeltzaintzako ustiategiei, oinarrizko jarduera ekonomiko hau desager ez dadin, Nafarroako landa eremuek bizirik iraun dezaten eta kontsumitzaileek eskura izaten jarraitu dezaten lur honetan kalitatez eta segurtasunez ekoizten diren elikagaiak.

Azaldutako egoerari aurre eginen dioten neurriak hartzea premiazkoa denez eta kontuan hartuta sinplifikazio administratiboaren eta zamak gutxitzearen printzipioa, Administrazioak laguntza horiek emanen ditu, hau da, ordainketa bakar bat eginen zaie untxien abeltzaintzako ustiategiei ebazpen honetan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.

Ebazpen honetan araututako laguntzak “de minimis” araubidearen menpean daude (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 EE Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatuko zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko untxien sektoreko abeltzaintzako ustiategientzako laguntzak, “de minimis” araubideari lotuak, emateko oinarri arautzaileak onestea.

2. Gardentasuna aitortzeko betebeharrari buruzko eredua, ebazpen honen II. eranskinean jasotzen dena, onestea.

3. Untxien sektoreko abeltzaintzako ustiategiei laguntzak emateko 2017ko deialdia onestea.

4. Laguntza hauetarako 50.000 euroko gastua baimentzea, 2017ko aurrekontu orokorretako “Krisialdiko laguntza berezia untxien sektorearentzat” izeneko 710004 71310 4700 412207 kontu-sailaren kargura, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

6. Diru-laguntza deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (BDNS) erregistratzea.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko otsailaren 16an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, untxien sektoreko abeltzaintzako ustiategiei laguntzak emateko

Lehena.–Xedea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko untxien sektoreko abeltzaintzako ustiategiak sustengatzeko laguntzak ematea du xede ebazpen honek, abeltzaintzaren sektore honek bizi duen krisi egoeraren ondorioz ustiategi horiek dituzten zailtasunak arintzearren.

2. Ebazpen honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten untxitegiek jasotzen ahalko dituzte diru-laguntzak.

Bigarrena.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren zenbatekoa 3 euroko prima izanen da aurrerako untxi bakoitzeko; gehienez ere, aurrerako 2.000 untxietarako.

2. Laguntzen deialdi hau “de minimis” araubidearen menpean dago (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako araubidea, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa). (L 352 AO, 2013ko abenduaren 24koa).

3. Edozein onuraduni gehienez ere 15.000 euroko laguntza ematen ahal zaio hiru zergaldiko epean, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. atalean xedatutakoaren arabera; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori.

Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategien erregistro orokorrean (REGA) 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen inskribatuta dauden untxitegien titularrak izanen dira laguntza hauek onuradunak; horretarako, laguntza ematen duen ebazpena proposatzen den unean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Abeltzaintzako ustiategian aurrerako 100 untxi, gutxienez ere, izatea 2017ko martxoaren 31n.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

c) Diru-laguntza publikoak itzuli beharrik ez izatea.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9, Iruña), Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren erregistroetan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) eskuratzen ahal da.

3. Eskabideekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, NANaren fotokopia. Pertsona juridikoa bada, entitatearen IFK eta eraketa eskrituraren fotokopia. Eskaerak bazkide guztiek sinatu beharko dituzte, edo legezko ordezkariak edo administratzaileak; azken kasu horretan, ordezkaritzaren egiaztagiria ere aurkeztuko da.

b) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten ekoizleentzat.

Bosgarrena.–Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xedeko diru-laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen ezaugarrien arabera banatuko dira. Eskaerak hurrenkera honetantxe hartuko dira kontuan:

2.1. Ogibide nagusia nekazaritza duten titularren izenean dauden ustiategien eskaerak, titularra pertsona fisikoa denean, eta lehentasunezko ustiategienak, titularra pertsona juridikoa denean.

2.2. Gainerako eskatzaileak.

3. Aurrekontua lehentasunezko talderen baten eskaerak finantzatzeko aski ez bada, talde horren barrenean kobratu beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren baldintzak betetzen ote diren egiaztatuko du Abere Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez eta tokian berean eginen diren jarduketen ikuskapen akten bidez.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko eta ordaintzeko ebazpen proposamena eginen du.

3. Laguntza eman baino lehen, onuradunak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiei buruzkoa.

4. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte onuradun bati emandako laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 EE Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga eta Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.

5. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak diru-laguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

1. Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

2. Gainera, abeltzaintzako ustiategia funtzionamenduan izan beharko dute gutxienez 2017. urtean.

Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoak 20.000 euro gainditzea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Diru-laguntza ordainketa bakar batean pagatuko da, onartzen den momentuan, eta Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak laguntza emateko onesten duen ebazpenean berean tramitatuko da.

Hamaikagarrena.–Diru-laguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

2017ko bigarren hiruhilekoan zenbat untxikume saldu diren egiaztatuz justifikatuko da laguntzen helburua bete ote den. Abeltzainak datu baseetan adierazten dituen azienda mugimenduetan oinarrituko da egiaztapena.

Hamabigarrena.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira Foru Administrazioak berak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin.

Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, diru-laguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarrena.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honetako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da (www.nafarroa.eus), zerbitzuen katalogoan, untxien sektoreko zailtasun ekonomikoak konpentsatzeko laguntzei dagokien fitxan.

II. ERANSKINA

Gardentasunari buruzko betebeharraren gaineko aitorpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1702415