44. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

13/2017 FORU AGINDUA, otsailaren 10ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei eta Nafarroako gazteen beste erakunde batzuei gazteriaren arloko programetarako diru-laguntzak emateko 2017ko deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua arlo horretako erakunde eskuduna da, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 34. artikuluan, “Gazte elkarteak eta gazteen beste entitate batzuk”, ezarritakoaren arabera. Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak sendotu egiten du eskumen hori, bai eta haren estatutuek ere, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuan onesten baitira, gazteriaren esparruari berariaz heltzeko. Haren xede orokorra da herritar gazteen eskubideak babestea, gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean askatasunez eta eraginkortasunez parte hartuz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakundeetan zeharka jardunez.

Bere eskumenak garatzeko, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari dagokio programak eta diru-laguntzak zuzendu eta kudeatzea, besteak beste. Eginkizun hori Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren babesean gauzatuko da; izan ere, haren xedea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra arautzea.

Halaber, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak dituen helburuen artean gazteen elkartegintza sustatzea dago, gazteak gizarte-bizitzan integratu eta parte hartzeko modua den aldetik. Horretarako, laguntza eman nahi zaie elkarte horiei, gazteentzako programak presta ditzaten.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei eta Nafarroako gazteen beste erakunde batzuei gazteriaren arloko programetarako diru-laguntzak emateko 2017ko deialdiaren oinarriak onestea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean azaltzen dira.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 105.000 (ehun eta bost mila) euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorretan “Gazte elkarteen programetarako diru-laguntzak” izeneko A50003-A5220-4819-232100 kontu-sail ekonomikoaren kargura.

3. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Gainerako eranskin eta inprimakiak http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Juventud/ web-orrian eskuratzen ahalko dira.

4. Foru agindu hau Gazteriaren Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta atal horretako Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari igortzea.

Iruñean, 2017ko otsailaren 10ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei eta Nafarroako gazteen beste erakunde batzuei gazteriaren arloko programetarako 2017ko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea du xede deialdi honek.

Deialdiak onura publikoa dakar, gazteen elkartegintza sustatzea interesgarria delako gizartearentzat eta bide bat sortzen duelako gazteentzat beren bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuetan parte hartzeko.

Deialdi honetarako aurrekontua 105.000 eurokoa da, gehienez ere, Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorretako “Gazte elkarteen programetarako diru-laguntzak” izeneko A50003-A5220-4819-232100 kontu-sail ekonomikoaren kargura.

2. Helburua.

Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei eta Nafarroako gazteen beste erakunde batzuei laguntzea dute helburu deialdi honetako diru-laguntzek, gazteriaren arloko programak gara ditzaten 2017an.

3. Entitate onuradunak.

Honako hauek aurkezten ahalko dituzte eskaerak deialdi honen babesean:

3.1. Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribatuta dauden gazte elkarte guztiek. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 18ko 73/2002 Foru Aginduak arautzen du errolda hori.

3.2. Gazteriaren arloko programak garatzen dituzten Nafarroako gazteen elkarteek, legez eraturik eta, indarreko araudiak eskatuz gero, kasuan kasuko erregistroan inskribaturik badaude eskaera aurkezten dutenean, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

3.2.1. Irabazi-asmorik ez izatea (irabazi-asmoa duten entitateak berariaz baztertzen dira) eta irabazi-asmoa duten entitate baten mende ez egotea, ekonomikoki zein instituzionalki.

3.2.2. Estatutuetan, gazteriarekin lotutako eta gazteei zuzendutako jarduerak egitea erakundearen xedea dela agertzea.

3.2.3. Egoitza soziala (edo egoitza) eta egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

4. Diru-laguntza izan dezaketen proiektuen edukia.

A. Proiektuak hamalau eta hogeita hamar urte arteko gazteentzat izan beharko du, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 2. artikuluari jarraituz.

B. Diruz laguntzen ahal diren proiektuak batasun bat duten zenbait jardueraz osatuko dira, helburuak lortzera bideraturik plan egituratu bati jarraikiz.

C. Gazteen bizi garapenean laguntzen duten eta/edo gazteek gizartean parte-hartze aktiboa izatea sustatzen duten proiektuek jasoko dute diru-laguntza. Genero perspektiba kontuan hartu behar dute proiektuek.

Aipatu diren proiektuei dagokienez, era honetako ekintzak lagunduko dira diruz:

a) Gazteek prestakuntza eta enplegua izan dezaten laguntzen duten jarduketak.

b) Osasun-hezkuntzako jarduketak.

c) Indarkeria, arrazakeria, xenofobia, sexismoa, homofobia eta intolerantzia prebenitzen duten jarduketak.

d) Emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren aldeko jarduketak.

e) Gazteen parte-hartze solidarioa bultzatzen dituzten jarduketak, boluntariotzaren, hezkuntzaren eta garapenerako lankidetzaren bidez.

f) Gazteen aisia eta astialdi osasungarria bultzatzen dituzten jarduketak.

g) Gazte elkarteen jarduketak bultzatzen dituzten ekintzak, ingurumenaren kontserbazioan eta aisiaren kultura berri baten erabileran.

h) Gazteen arte eta kultura arloko promozioa dakarten jarduketak.

i) Gazteen parte-hartzea bultzatzen duten ekintzak, herritartasun aktiboa sustatzeko.

j) Gazteen aisialdiko eta astialdiko proiektuak, non baztertzeko arriskuan dauden gazteek eta/edo desgaitasuna duten gazteek parte hartzen baitute.

D. Deialdi honetatik kanpo daude publizitate kanpainak, dokumentalak, argitalpenak eta gidak sustatzen dituzten proiektuak, bai eta obrak egitea edo material inbentariagarria eskuratzea helburu dutenak ere, aurreikusitako jarduerak egiteko.

E. Proiektu horiek 2016ko urriaren 1etik 2017ko irailaren 30era bitarteko epean gauzatu beharko dira.

5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak

Proiektuak egiteko diru-laguntza jasotzen ahal duten gastutzat jotzen dira, oro har, proiektuak gauzatzearekin zuzeneko lotura dutenak, hala nola:

–Garraioko gastuak; halakotzat joko dira garraio kolektiboak, publikoak nahiz pribatuak, erabiltzearen ondorioz sortutakoak.

–Mantenu eta ostatu gastuak, irtenaldietan. Irtenalditzat joko dira egoitzatik kanpo gutxienez ere bi gaueko ostatua behar duten jarduerak.

–Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko beharrezko material suntsigarrian egindako gastuak.

–Proiektuaren publizitatean eta hedakuntzan egindako gastua.

–Egoitzaren barnean zein kanpoan jarduerak egiteko behar diren aseguruen ordainketa (erantzukizun zibila eta istripuak).

–Zerbitzu profesionalen ordainketa, proiektuek izaeragatik, haien arloan aditua den teknikari profesionala kontratatzea eskatzen dutelako.

–Askotariko gastuak, diru-laguntzaren xedeko jarduerarekin zalantzarik gabeko lotura dutenak.

Diru-laguntza jasotzen duten gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

6. Diru-laguntzaren xede ez diren kontzeptuak eta gastuak.

Hurrengoak deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

–Irakaskuntzako jarduerak, indarra duten ikasketa planetan aurreikusitakoak, edo hezkuntza formalaren xedea edo edukiak dituztenak.

–Kirol kluben jarduerak eta, oro har, lehiaketako kirol jarduerak.

–Inauteriak, dantzaldiak, txuliaketak, antzezkizunak, kontzertuak, tokian tokiko jaiak, desfileak, lehiaketak eta gainerako jaialdiak, eta ekintza horietan sortutako gastuak.

–Ikasleen elkarteen jarduerak.

–Beste deialdi berariazkoago baten helburu diren jarduerak.

–Bazkari, hamaiketako, askari eta horrelakoen gastuak, irtenaldietako mantenu gastuak izan ezik.

–Elkartetik kanpoko monitoreen ordainsariak eta elkarteetako langileen ordainsariak, horrelakorik badago.

–Gazte elkartearen jarduerak antolatu eta gauzatzeko zerbitzu profesionalak kontratatzea.

–Gazte elkartearen erabilera gainditzen duten funtzionamendu gastuak, garatutako jarduerei dagokienez.

–Jarduerarekin zerikusi zuzena ez duten gastuak.

–Gasolinak eta kotxeen alokairuak sortutako gastuak, kanpalekuetara edo zeharkaldietara joateko ez badira.

–Aldizkari, egunkari, telebista-kanal eta abarren harpidetzak.

–Kirol ekipamenduak, jantziak, mozorroak eta abar eskuratzeko gastuak.

–Diru-laguntzatik kanpo daude gauzatu beharreko proiektuarekin zuzenean lotu gabeko gastuak, hala nola, opariak edo zeinahi motatako eskersari edo erregaliak edozein parte-hartzaileri (erabiltzaileak, proiektuak garatzen dituztenak, hizlariak eta abar)

7. Diru-laguntzen gehieneko kopuruak.

7.1. Aurkeztu eta onartzen den aurrekontuaren %66,66koa izanen da diru-laguntza elkarteentzat, eta 8.000,00 euroko muga izanen da proiektu bakoitzeko.

7.2. Lehen fasean, proiektu batek bakarrik izanen du diru-laguntza elkarte bakoitzeko, 11.2 oinarriaren araberako gutxieneko puntuazioa lortu badu.

Kasu horretan, kreditua nahikoa ez bada aipatu puntuazioa lortzen duten guztiei aurreikusitako gehieneko kopurua emateko, hainbanaketa eginen da.

Aurreko ebaluazioa eginik, nahikoa kreditu bada proiektu gehiago diruz laguntzeko, bigarren proiektuari helduko litzaioke, eta behar adinako puntuazioa lortzen dutenean, puntuazio handienetik txikienerako ordenan onartuko dira, deialdiaren gainerako zuzkidura agortu arte.

7.3. Diru-laguntza izan dezaketen gastuetarako honako muga hauek jarri dira, 4. oinarrian aipatzen diren proiektuak gauzatzeari dagokionez:

a) Joan-etorrien gehieneko gastua 1.500 eurokoa izanen da, joan-etorri bakoitzeko. Banakako txartelen bidezko garraio gastuetarako, tarifa arrunt merkeenaren prezioa ordainduko da (turista-maila).

b) Egoitzatik kanpora egiten diren jardueretan, gaua ematea beharrezkoa denean, ostatu eta mantenu gastu gehienekoak 28 eurokoak izanen dira, parte-hartzaile eta egun bakoitzeko.

c) Hala behar duten proiektuentzat, profesionalen zerbitzuak kontratatzeko gastuetan, kontratazio horretan egiten den gastua proiektuaren kostuaren %40 izanen da, gehienez ere.

8. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

8.1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkezten ahalko dira (Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere. Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, eskabidea eta eranskinak sinatzen dituen pertsonaren sinadura elektronikoa beharko da, baita kasuan kasuko elkartearen sinadura elektronikoa ere.

Gazte proiektuetarako diru-laguntzaren eskaerak 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.2. Eskaerak postaz aurkez daitezke. Kasu horretan, interesdunak dagokion ziurtagiriaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun berean, diru-laguntza kudeatzen duen organoari iragarri beharko dio telefax, telex edo telegrama bidez proposamena igorri duela. Bi baldintza horiek bete ezean, dokumentazioa ez da onartuko, betiere eskaera aurkezteko ezarritako epetik kanpo jasotzen bada. Halaber, epea amaitu eta 10 egun natural iraganik dokumentaziorik jaso ez bada, ez da inola ere onartuko.

9. Eskaera eta dokumentazioa.

9.1. Diru-laguntzarako eskaerak, entitateko buruak sinatuak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak emanen dituen eta/edo http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Juventud/ web orrian eta Nafarroako Gobernuko Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahalko diren ereduak (II. eranskina - 1-6 fitxak) erabiliz aurkeztuko dira, agiri hauekin batera:

a) Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribatuta ez dauden gazteen entitateen kasuan:

1. Elkartearen edo entitatearen estatutu indardunak.

2. Elkarteak edo entitateak dagokion erregistroan inskribaturik dagoela egiaztatzeko agiria, araudi indardunaren arabera baldintza hori eskatzekoa denean.

3. Elkartearen edo entitatearen identifikazio fiskaleko agiria (IFZ).

4. Elkartearen edo entitatearen legezko ordezkariaren NANa, eskatzailea denean; bestela, eskabidea sinatzen duenaren NANa eta ordezkaritza frogatzen duen agiria.

5. Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

b) Eskabide guztiekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

1. Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren ziurtagiria, Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela frogatzen duena. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan.

2. d) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela egiaztatzen duena. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

3. Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, entitatea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako debekurik ez duela urratzen azaltzen duena.

4. Erantzukizunpeko adierazpena, sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboari buruzkoa, gazteentzako jardueretan parte hartu ahal izateko. (III. eranskina)

5. Behar bezala prestatutako eta ekonomikoki baloratutako proiektua. Proiektu horiek, gutxienez ere, helburuak, hartzaileak, metodologia, jardueren deskripzioa, garatu beharreko ekintzen banaketa geografikoa, jardueren egutegia eta aurrekontu zehaztua jasoko dituzte.

6. Elkarteak proiektuak prestatzen eta/edo jarduerak eta programak planifikatzen daukan esperientzia jasotzen duen agiria.

a) eta b) atalei dagokien dokumentazio administratiboan akats materialik atzematen bada, bost egun naturaleko epea emanen da zuzentzeko, eta eskatzen den dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztu beharko da ezartzen den epean.

Elkarteak emandako posta elektronikoaren helbidera komunikazio elektronikoa igorriz eginen da errekerimendua dokumentazioa osatzeko edo zuzentzeko.

9.2. Eskaerak hobeki ebaluatzen laguntzeko, eskatzaileei aurkeztutako proiektuetako informazioa argitzeko eskatzen ahalko die Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak.

9.3. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaera guztiak, baita datu faltsutuak dituztenak ere.

10. Instrukzioa.

10.1. Deialdi honen xedeko diru-laguntza norgehiagokako araubidean tramitatuko da, deialdira aurkeztu eta diru-laguntzak eskuratzeko beharrezko baldintzak betetzen dituzten elkarteen artean.

10.2. Gazteriaren Zuzendariordetzari dagokio diru-laguntza emateko prozedura instruitzea, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalaren bidez, eta horrek aztertu eta kalifikatuko ditu aurkezten diren eskaerak eta agiriak, bidezko zuzenketak egiteko eskatuko du eta eskaerak baloratzeko behar diren instrukzio egintza guztiak eginen ditu. Halaber, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari ebazpen proposamena eginen dio.

11. Balorazio irizpideak.

11.1. Eskaerak baloratzeko, Ebaluazio Batzorde bat eratuko da, Gazteriaren zuzendariordea buru duela, eta honako hauek kide: Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua, Toki Entitateen eta Gazte Elkarteen Bulegoko burua eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko burua edo hark eskuordetutako kontseilukidea. Instrukzio organoak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena aurkeztuko du.

Ebaluazio Batzordeak arrazoietan oinarrituz baloratuko ditu diru-laguntzak emateko eskaerak, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.

11.2. Proiektuen balorazioa honako irizpide hauei jarraikiz eginen da, balorazio bateratuaren bitartez:

a) Proiektua zenbateraino egokitzen zaien deialdi honetako helburuei (35 puntu arte).

b) Proiektuaren kalitatea (35 puntu arte):

  • Jardueren plangintza (10 puntu arte).
  • Helburu, ekintza eta aurrekontuen arteko koherentzia (10 puntu arte).
  • Proiektuaren izaera berritzailea (10 puntu arte).
  • Emaitzen adierazleak (5 puntu arte).

c) Proiektuaren onura zenbat bazkidek jasotzen duten (10 puntu arte).

  • Bazkideen %71 - %100: 10 puntu.
  • Bazkideen %41 - <%71: 7 puntu.
  • Bazkideen %21 - <%41: 4 puntu.
  • Bazkideen %1 - <%21: puntu bat.
  • Parte hartzen duen bazkiderik ez, edo bazkideen %1etik beherako parte hartzea: 0 puntu.

d) Proiektua gauzatzeko, gazte elkarteak jartzen dituen baliabideak (20 puntu arte).

70 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

12. Ebazpena, diru-laguntza ordaintzea eta justifikazioa.

12.1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen baten bidez emanen ditu diru-laguntzak, organo instruktorearen proposamen txostena eta espedientea eta Ebaluazio Batzordearen erabakiak ikusita, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik bi hilabeteko epean, eta interesdunei jakinaraziko zaie.

Diru-laguntza eskuratzen duten eskatzaileen zerrenda eta ezesten diren eskaeren zerrenda agertuko dira ebazpenean. Arrazoietan oinarrituz sartuko dira eskatzaileak bi zerrendetan.

Eskaerak ezetsitzat joko dira ez bada ebazpen espresik ematen ezarritako epean.

12.2. Diruz laguntzen den proiektuaren guztirako gastua justifikatu beharko da; horretarako, 2017ko urriaren 11 izanen da azken eguna. Epez kanpo aurkezten diren frogagiriak ez dira onartuko, ez eta datu faltsutuak dituztenak ere.

Justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Programaren txosten orokorra, programa hori osatzen duten jardueretako bakoitzaren helburuei, iraupenari, gauzatzeko tokiari, parte-hartzearen kuotari eta emaitzen beste adierazle batzuei buruzko informazioa zehaztuta (IV. eranskina - 1-6 fitxak).

b) Programaren diru-sarreren eta gastuen balantze ekonomikoa, jardueraz jarduera.

c) Kasu guztietan, gastuen justifikazioa jatorrizko fakturak aurkeztuz eginen da. Gastu bakoitzaren fotokopia konpultsatuak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera duen edo administrazio eragina duen beste agiriren bat ere aurkezten ahalko dira. Fakturek jarduerak antolatu eta diru-laguntza eskatzen duen elkartearen izenean izan behar dute, eta “aztertua” hitzarekin zigilatu ondoren itzuliko dira, bai eta haien fotokopiak ere.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz jaulkiko dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura egiten deneko eguna, zenbakia, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua eta aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa). Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZatik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

Faktura guztiek ordainketaren egiaztagiria izan beharko dute.

Honako hauek ez dira inolaz ere onartuko: ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, emate-orriak, autofakturak eta froga baliorik, merkataritzako trafiko juridikoan baliorik eta egindako gastua frogatzeko administrazio eraginik ez duten ziurtagiriak.

Dokumentazio hori modu honetan aurkeztuko da: karpeta batean, deialdian eskatzen den dokumentazioaren jatorrizko agiri guztiak eta jarduketen fitxak, dataren arabera ordenatuta, fakturak atxikita; beste karpeta batean, dokumentazioaren fotokopiak eta lehen aipatu justifikazioa.

e) Egindako jardueren zerrenda, jarduerak sortutako fakturak xehakaturik. Dokumentu hori paperean eta euskarri informatikoan aurkeztu behar da.

f) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, entitatea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako debekurik ez duela urratzen azaltzen duena.

g) Beste erakunde publiko zein pribaturi helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen zerrenda, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, entitateen izena eta lortutako zenbatekoa.

h) Faktura guztiak ordaindu izanaren frogagiria.

12.3. Diru-laguntzak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez ordainduko dira, diruz lagundutako proiektu teknikoa justifikatu ondoren.

a) Proiektuaren %100 justifikatzen ez bada, burutu den proiektua zenbatean murriztu den, proportzio berean gutxituko da diru-laguntza. Horretarako, onuradunak edo entitate laguntzaileak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatu behar du (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legearen 35. artikulua).

b) Gastuen justifikazioan, fakturen bidez egindakoa, proiektu teknikoan aurkeztu eta onartutako jarduera guztiak adierazi beharko dira.

c) Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa handitzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak eskatzaileei.

d) Eskatutako dokumentuak Nafarroako Foru Administrazioan lehenago aurkeztu badira, haien ordez erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu edo eman ziren, eman baziren, edo zeinetan dauden jasota, betiere bost urte baino gehiago igaro ez badira dagokien prozedura bukatu zenetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

12.4. Deialdiari jarraikiz diru-laguntza eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldi ekonomikoetan ere diru-laguntzak jasotzeko eskubidea eskuratzen denik.

12.5. Deialdi honi loturik ematen diren ebazpenak jendaurrean jarriko dira, jendeak ikus ditzan, Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiaren iragarki oholean, bai eta http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Juventud/ web orrian eta Nafarroako Atariko Zerbitzuen Katalogoan ere.

13. Betebeharrak.

Diru-laguntzen onuradunak diren elkarteek, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gainera, beste hauek ere izanen dituzte:

a) Helburua lortzea eta diru-laguntza emateko oinarri den proiektua gauzatzea.

Diruz lagundutako proiektuaren garapena edo gastua aldatzen bada, horren berri eman beharko zaio Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari, behar den denboraz, hark jakin dezan eta, bidezkoa bada, aginduzko baimena eman dezan.

b) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen arabera eskumena duten organoek eskatutako egiaztapenak onartu eta erraztea.

c) Idatzizko eta ahozko publizitatea eta zabalkundea egiten bada, bai eta diruz lagundutako proiektuei buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bidez daukan parte-hartzearen berri emanen da.

–Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala.

–Testuan: Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak diru-laguntza eman du.

Halaber, Gazteriaren Zuzendariordetzara betebehar horren froga dokumentala bidaliko da.

Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

d) Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, non adieraziko baita hornitzaileak eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu direla, aholkularitza edo laguntza enpresek 12.000 eurotik gorako ekipamendu ondasunen horniketa egin edo zerbitzuak ematen dituztenean.

Kasu horietan, elkarte onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsulta-tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, diruz laguntzen ahal diren gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

e) Diruz lagundutako proiektuak finantzatzeko bestelako laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortu bada, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari horien berri ematea. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako dokumentuak behar bezala eguneratuta edukitzea.

g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

14. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta diru-laguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ezin izanen dute proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditu, deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa barne dela.

Kontzeptu berberetarako laguntza bi erakundetatik edo gehiagotatik jasotzen duten elkarteek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, elkarteko buruak sinatua, diru-laguntza guztien batura elkarteak egindako gastua baino baxuagoa dela adierazteko.

15. Oinarriak onartzea.

Deialdi honetan parte-hartzearekin onartu egiten dira bere oinarri guztiak.

16. Ez-betetzeak.

Deialdi honen oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko dute, baita ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesa ordaintzea ere, hala badagokio, ezertan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluaren arabera eskatzen ahal diren gainontzeko erantzukizunak. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan finkatzen da berandutze-interesaren zenbatekoa.

Hala ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da.

17. Gardentasun betebeharrak.

17.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, entitate onuradunek gardentasun-betebeharrak izanen dituzte, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren bidez arautuak (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrak arautzen dituen foru dekretua).

Urtean 20.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten entitate onuradunek, onetsitako laguntza beren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa bada, honako informazio hau eman beharko diote Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Entitate onuradunen legezko ordezkariek sinatu beharko dute aipatutako informazioa.

17.2. Aurreko ataleko inguruabarrak ez gertatzeagatik entitate onuradunak gardentasun-betebeharra bete behar ez badu, horixe dioen aitorpena aurkeztu beharko du, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzeko unitateari egiaztatu eta ikuskatzeko esleitu zaizkion ahalmenak.

Aitorpen hori aurkeztuta ere, nahitaez onartu behar dira laguntza ematen duen organoaren egiaztapen lanak, eranskin honen 13. oinarrian ezarritakoak.

17.3. Atal honetan aipatzen den informazioa diru-laguntza onesteko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendua.

17.4. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa ez aurkezteak onetsitako diru-laguntza ez ordaintzea ekarriko du berekin, eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17.5. Nolanahi ere, entitate onuradunek dokumentuak ez aurkezteko eskubidea izanen dute baldin eta haiek dagoeneko Foru Komunitateko Administrazioaren esku badaude (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikulua).

17.6. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datu pertsonalak jakinarazteko ez da beharrekoa izanen interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.

17.7. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

18. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

19. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarririk ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1701959