44. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Gardentasunari buruzko ordenantza. Behin betiko onespena

Jendaurreko epean ez denez ez alegaziorik ez erreklamaziorik aurkeztu, behin betiko onetsitzat jotzen da udal honen gardentasunari buruzko ordenantza, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan xedatuari jarraikiz.

Sarrigurenen, 2017ko urtarrilaren 16an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria.

EGUESIBARKO UDALAREN GARDENTASUNARI, INFORMAZIOAREN ESKURAGARRITASUNARI ETA DATUAK BERRERABILTZEARI BURUZKO ORDENANTZA

Zioen azalpena

Jarduera publikoaren GARDENTASUNA oso garrantzitsua da benetako gizarte demokratiko, anitz eta parte-hartzailea lortzeko. Are gehiago udal administrazioez (gurea, kasu) ari garenean, hurbilago baitago herritarrengandik. Horregatik, horrelako gizarte bat eraikitzeko, gizarte eragile guztien konpromisoa behar da, udal honetako kideen konpromisotik hasita.

Herritarrek, gizarteari buruzko iritzia eman, exijitu eta eraginkortasunez parte hartzeko, nahitaezkoa da eskura izatea hainbat tresna, jakite aldera nola hartzen diren haiei eragiten dieten erabakiak, nola erabiltzen diren funts publikoak edo zein den gure instituzio eta arduradun publikoen jarduera publiko eta pribatua, bai eta zer irizpideren arabera jokatzen duten ere.

Informazioa aurrez ezagutu eta aztertzea ezinbestekoa da afera publikoen kudeaketan eta erakunde publikoen erabakiak hartzeko prozesuetan eraginkortasunez parte hartzeko, bai eta beren jokabideei buruzko azalpenak eskatzeko ere.

Gardentasunak, hortaz, benetako demokrazia dakar, erakunde publikoen eta herritarren arteko erantzukizun partekatua sustatzen du, eta ustelkeriaren aurkako txertorik onena da. Halaber, erakundeen ikuspegitik, eraginkortasuna, efizientzia, erantzukizuna eta gizartearekiko gertutasuna sustatzen ditu, eta haren legitimitatea berresten laguntzen du.

Gardentasuna tresna sozial eta ekonomikoa da, eragile guztiei aukera ematen diena eskuragarri dauden udal datuak eta informazioa erabili eta aztertzeko, bai eta nitxo balio-sortzaileak lokalizatzeko ere.

Jarduera publikoaren Gardentasuna ulertzeko, bi ikuspegiri erreparatu behar diegu. Lehenik, publizitate aktiboari; hau da, Udalak eta hari lotutako gainerako subjektuek duten betebehar positiboari, informazio publikoa jartzeko gizartearen eskura, aurrez eskatu gabe. Legeari jarraikiz, aipatu printzipioak aplikatu behar dituzten laguntzaile guztiei Udalak exijituko die aipatu printzipiook bete ditzatela. Horretaz gainera, ahaleginak eginen ditu udal baliabideak erabiltzen dituzten entitateek gardentasunarekin konpromisoa har dezaten. Bigarren ikuspegia da herritar guztiek duten eskubide subjektiboa informazio hori eskuratzeko, eskatuz gero. Baina bada hirugarren ikuspegi bat:

Udalak, entitate publikoa den aldetik, bermatu beharko du alderdi hauek guztiak bete egiten direla, eskuragarritasun maximoko printzipioa betez. Hori guztia dela eta, arau nagusia hauxe behar du: Gardentasuna edo eskuragarritasuna; eta salbuespena, beste hauxe: gardentasunik eza edo mugatua.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legeak (minimoen legetzat duguna) ezarritako legezko betebeharrez gainera, itun honen bidez, politikariok konpromisoa hartzen dugu Gardentasunaren eremua arautzeko (gure eskumenen barruan) eta ahalik eta modu zabalenean hura betearazteko, Udalak egin dezakeen horretan guztian.

Arautzeari dagokionez, Herritarren partaidetza arautzen duen Ordenantza egiteko konpromisoa hartzen dugu, Gardentasuna udal-mailako eremuan txerta dadin, 19/2013 Legearen printzipioei jarraikiz eta legezko betebeharretatik haratago eramanez.

Betearazteari dagokionez, konpromisoa hartzen dugu beharrezko baliabide materialak eta giza baliabideak bideratzeko Udalak abian jar ditzan aipatu ordenantza betearaztea bermatzen duten sistemak. Baliabideon xedea izanen da ibarreko bizilagunek publizitate aktiborako eta eskuragarritasunerako duten eskubidea bermatzen duen sistema bat ezartzea, partaidetza hobea eta handiagoa izan dadin, eta ondorioz, baita udal-kudeaketa eraginkorragoa eta efizienteagoa ere. Helburu hauek betetzeko, ahalik eta modurik zabalenean zehaztu behar ditugu arauaren aplikazioaren xedea eta eremu subjektiboa, bai eta ezarri ere ordenantza interpretatu eta aplikatzeko printzipioak.

Ordenantza hau zazpi kapituluk osatzen dute: I. kapituluan (“Xedapen orokorrak”), arauaren xedea aipatzen da, hau da, arautzea gardentasuna toki entitatearen jardueran, eta betearaztea informazio publikoa eskura izateko eskubidea. Ordenantza Administrazio nagusian aplikatzeaz gainera, haren mendeko entitate guztietan ere aplikatuko da, haien bidez ere gauzatzen baitu entitate publiko nagusiak bere jarduera, bai eta enpresa pribatu, kontratista eta zerbitzu-emaileetan ere. Entitate hauen guztien betebeharra da gardenak izatea; horretarako, 3. artikuluan ezartzen diren baldintzak bete eta neurriak hartu behar dituzte. Betebeharrei dagokienez, herritarrek 4. artikuluan aipatzen diren eskubideak dituzte, zeintzuk gauzatu ahal izanen dira aurrez aurre nahiz telematika bidez, baldintza berberetan; edonola ere, informazio publikoaren gaineko ardura hartuko duen unitate bat eratzea aurreikusten da. I. kapituluaren amaieran biltzen dira ordenantzaren arauketa gidatuko duten printzipio orokorrak.

II. kapitulua informazio publikoari buruzkoa da; bertan ematen da horren definizioa abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarriari jarraikiz, eta arautzen da, lehenik, zein diren pertsonek dituzten moduak informazio publikoa eskuratzeko. Ondoren, ezartzen du zer eginkizun bete behar dituzten, ordenantza honen ondorioetarako, informazio hori osatzen duten datu, eduki eta agiriek. Azkenik, informazio publikoa eskuratzeko mugak zehazten dira; hots, 10. artikuluan edo araudi berariazkoan espresuki ezartzen direnak. Halaber, aipatzen da datu pertsonalek babes berezia behar dutela, Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan, Lege hori garatzen duen Erregelamendua arautzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan eta ordenantza honen 11. artikuluan ezarritakoarekin bat.

III. kapituluan, gardentasun aktiboa arautzen da; hau da, ordenantza honen aplikazio-eremuaren barneko entitateek ofizioz argitaratu beharreko informazio publikoa, horixe baita esanguratsuena Toki Administrazioaren jardueran, bai eta gizarteak gehien eskatzen duena ere. Informazio hori bitarteko elektronikoen bidez argitaratuko da: ordenantzaren aplikazio-eremuaren barneko entitateen gardentasunerako atarietan, web-orri instituzionaletan edo egoitza elektronikoetan. Informazio publikoa, 2. artikuluan aipatutako entitateen publizitate aktiboaren xede dena, 16. artikulutik 22.era bitarte zehazten da, eta honako kategoria hauetan biltzen da: erakundeari eta haren antolaketa, plangintza eta langileei buruzko informazioa; goi-mailako karguei eta entitatetan erantzukizun handiena duten pertsonei buruzko informazioa; ondare-informazio garrantzitsua, bai eta juridikoa ere; kontratazioari, hitzarmenei eta diru-laguntzei buruzko informazioa; informazio ekonomikoa, finantzarioa eta aurrekontuei buruzkoa; zerbitzu eta prozedurei buruzko informazioa; eta ingurumenari eta hirigintzari buruzko informazioa.

IV. kapituluan, gardentasun pasiboa arautzen da, alegia, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea, edozein pertsona fisikok, juridikok, publikok nahiz pribatuk duena, eta ez dakarrena inolako hiritartasun, auzotasun edo antzeko baldintzarik bete beharra. Informazio hori eskuratzea ukatuko da baldin eta aurrez araututako mugaren bat gainditu bada, eta arrazoitutako eta proportzionatutako ebazpen baten bidez frogatzen denean arlo horietan kaltea izanen dela, eta ez dagoenean goragoko interes publiko edo pribaturik informazio eskuratze hori justifikatzen duenik. Kapitulu honetan araututako eskubidea gauzatzeko, Ordenantzak prozedura arina ezartzen du, alegia, ematen den ebazpena ezesten den kasuetan aukerako erreklamazioa aurkezten ahalko da (abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 23. artikulua). Ebazpena baieslea bada, ordea, informazio publikoa ebazpenarekin batera emanen da edo, bestela, gehienez ere jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean.

V. kapitulua elkarlaneko gardentasunari buruzkoa da; bertan arautzen da informazio publikoa berrerabiltzeari buruzko araudia, funtsezko xede duena herritarrengan balio publikoa sortzea arlo sozialean, berritzailean eta ekonomikoan. Berrerabilpen hori ez zaie aplikatuko jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubideen mendeko agiriei, deusetan ukatu gabe arloari buruz indarrean den araudian ezarritako gainerako mugak, bereziki, Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legean ezarritakoak. Edonola ere, eta oro har, argitaratu edo eskura jarritako informazio guztia berrerabilgarria izanen da, baldintzarik gabeko modalitateari jarraituz; ondorioz, ez da aldez aurreko baimenik behar, eta doakoa izanen da informazio hori eskuratzea eta berrerabiltzea, hartan ez bada espresuki adierazten kontrakoa eta betetzen badira eskuragarritasunari buruzko baldintzak, bai eta Ordenantzaren 35. artikuluan ezarritakoak ere, eta, hala behar denean, dagokion ordainarazpena pagatzen bada.

VI. kapituluan, haren lehendabiziko atalean, arautzen da Ordenantza urratzeagatik aurkez daitezkeen kexen eta erreklamazioen araubidea. Horren arabera, kexak aurkezten ahalko dira Administrazioak ez dituenean publizitate aktiboaren arloan dituen betebeharrak betetzen, hura eskatu beharrik ez izateko IV. kapituluan araututako prozeduraren bidez. Bigarrenik, Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Kontseiluari zuzendutako erreklamazioa arautzen da, hautazkoa dena eta administrazioarekiko auzibidean aurkaratu aitzin aurkeztekoa, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera. Bigarren atalean arautzen da tokiko informazio publikoa berrerabiltzearen gaineko zehapen-araubidea, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. tituluan oinarritzen dena, ez baitago araudi sektorial espezifikorik arlo horren gaineko zehapenak jartzeko ahalmena ematen dionik. Arau-hausteak honelaxe ageri dira tipifikatuta: oso larriak, larriak eta arinak; eta honako zehapen-araubide hau ezartzen da: isunak pagatu beharra eta, arau-hauste oso larri eta larrien kasuan, agiriak erabiltzeko debekua urtebetetik 5 urtera bitarteko epean eta emandako baimenak errebokatzea.

Azkenik, VII. kapituluan, araua ebaluatu eta haren jarraipena egiteko sistema arautzen da; horren arabera, Alkatetza-Lehendakaritzak izanen du araua garatu, ezarri eta betearazteko ahalmen orokorra eta, kasua denean, dagozkion antolaketa-, formakuntza-, sentsibilizazio- eta zabalkunde-neurriak hartuko ditu. Halaber, gardentasuna garatzeko eta mantentzeko helburuak eta jarduketak urteko planetan zehaztuko dira. Plan eta neurri horien ebaluazio- eta jarraipen-lanen emaitza urteko memoria egiteko erabiliko du horren gaineko ardura duen zerbitzuak, gainerako zerbitzuekin elkarlanean.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta araubide juridikoa.

1. Ordenantza honen xedea da Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea eta Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legea aplikatzea eta garatzea, eta, horretarako, Eguesibarko Udaleko jardueraren gardentasunerako, informazio publikoa berrerabiltzeko, eta hura eskuratzeko arau batzuk ezartzea, horretarako behar diren bitartekoak ezarriz, batez ere elektronikoak.

2. Informazio publikoa eskuratzeko eta berrerabiltzeko pertsonek duten eskubidea erabiliko da honako hauetan aurreikusi bezala: abenduaren 9ko 19/2013 Legea, azaroaren 16ko 37/2007 Legea, lege horiek garatzeko eman den erkidego mailako araudia, baldin aplikazio-eremuan toki entitateak badaude, eta ordenantza hau bera.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Ordenantza honen xedapenak honako hauei aplikatuko zaizkie:

a) Eguesibarko Udala.

b) Erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak eta nortasun juridiko propioa duten zuzenbide publikoko entitateak, Eguesibarko Udalarekin lotutakoak edo haren mendeko direnak.

c) Merkataritza sozietateak, baldin kapital sozialean Eguesibarko Udalaren, haren erakunde autonomoen eta entitateen partaidetza zuzena nahiz zeharkakoa %50etik gorakoa bada.

d) Tokiko ekimen publikoko fundazioak, edo Eguesibarko Udalak parte-hartzearen gehiengoa duten fundazioak, bai fundazio-uneko zuzkiduran bai gobernu organoetan.

e) Eguesibarko Udalak eta artikulu honetan aurreikusitako erakundeek eta gainerako entitateek eratutako elkarteak.

2. Edozein pertsona fisikok edo juridikok, zerbitzu publikoak ematen baditu, edo tokiko titulartasuneko administrazio ahalak erabiltzen baditu, aipatutako zerbitzuak emateari dagokionez edo administrazio ahalak erabiltzean, behar den informazioa eman beharko dio Eguesibarko Udalari, ordenantza honetan aurreikusitako betebeharrak betetzeko.

Entitate adjudikaziodunek betebehar bera izanen dute, dagozkien kontratuetan ezartzen den moduan, eta zehaztuko da nola jarriko den informazio hori Eguesibarko Udalaren esku, honek herritarren esku uzteko.

3. Eguesibarko Udalean zerbitzu ematen duten elkarte, enpresa, entitate, eta abarrek, eta kontratu, diru-laguntza, akordio, hitzarmen, eta abarren bidez, Udalaren aldetik 6.000 eurotik gorako finantziazioa jasotzen dutenek, finantziazioa jaso ahal izateko, ordenantza honetan publizitate aktiboari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

Hitzarmen, diru-laguntza edo kontratu bidez, 6.000 euro baino gutxiago jasoko duten entitateek galdetegi bat bete beharko dute, gardentasun aktiboaren betebeharra betetzat jotzeko. Zenbatekoak horiek izanen dira, salbu eta, 13/2019 Legearekin bat, gainerako xedapenak nahitaez bete behar badira.

3. artikulua. Gardentasunerako eta informazioa berrerabiltzeko eta eskuragarri izateko betebeharrak.

1. Gardentasunerako eta informazioa berrerabiltzeko eta eskuragarri izateko betebeharrak betetzeko, ordenantza honetan aurreikusi bezala bete ere, 2.1 artikuluan aipatutako entitateen beharkizunak dira:

a) Ezarritako informazioa prestatzea, eguneraturik izatea eta zabaltzea, batez ere web-orrien edo egoitza elektronikoen bidez, gardentasuna bermatzeko, jarduketa publikoaren funtzionamenduarekin eta kontrolarekin loturik, eta, horretaz gain, informazioaren berrerabilpena baimentzea eta informazioa eskuratzeko erraztasunak ematea.

b) Bere eskuetan dagoen informazio publikoaren katalogo bat prestatzea, eguneraturik izatea eta zabaltzea, argi adieraziz non aurki daitekeen informazio hori, eta, orobat, katalogo hori eskaintzea, formatu elektroniko irekietan, elkarri lotutakoetan, lotura makinek irakurtzeko modukoetan, ahalbidetuko dutenak informazioa birbanatzea, berrerabiltzea eta baliatzea.

c) Eskatutako informazioari buruzko kontsultak egiteko bitarteko egokiak ezartzea eta mantentzea.

d) Informazioa kudeatzeko neurriak hartzea, halako moduz, non erraza izanen baita informazioa aurkitzea eta zabaltzea, baita informazioaren eskuragarritasuna, elkarreragingarritasuna eta kalitatea ere.

e) Informazioa argi argitaratzea, modu egituratuan eta jendeak ulertzeko moduan, eta aurreikusitako epeen barnean.

f) Honako hauei buruzko informazioa argitaratzea eta zabaltzea: informazioa eskuratzeko eskubidearen edukia, eskubide hori erabiltzeko prozedura, eta ebazteko eskuduna den organoa.

g) Informazioa berrerabiltzeko moduari buruzko informazioa argitaratzea eta zabaltzea, herritarrek ulertzeko moduan.

h) Ordenantza honek pertsonei aitortzen dizkien eskubideak zabaltzea, jendeari aholku ematea eskubide horiek ongi erabil ditzan, eta informazioa bilatzen laguntzea.

i) Eskatutako informazioa ematea gehieneko epeen barnean, aukeratutako moduan eta formatuan, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

2. Ulertzen da ordenantza honen betebeharrek ez dutela galarazten erabiltzea publizitatearen arloan araubide zabalago bat aurreikusten duten beste xedapen zehatzago batzuk.

3. Ordenantza honetan aurreikusitako informazio osoa eskuragarri egonen da desgaitasuna duten pertsonendako, haiek eskuratzeko moduan, hots, egoki diren bitarteko eta formatuetan emanen da, halako moduz, non eskuragarri eta ulergarri izanen diren, irisgarritasun unibertsalaren eta denendako diseinuaren printzipioarekin bat.

4. artikulua. Pertsonen eskubideak.

1. Ordenantza honetan ezarritakoarekin bat, pertsonek eskubide hauek dituzte:

a) Publizitate betebeharrak dituen informazioa eskuratzea, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

b) Informazioa jasotzea, jakiteko ea eskatutako informazioa duten agiriak edo informazio hori eman dezaketen agiriak organo edo entitatearen esku dauden. Hala baldin bada, organo edo entitate horrek argituko du zer egin den agiri horiekin.

c) Informazioa bilatzeko laguntza jasotzea.

d) Aholkularitza egokia jasotzea, ulertzeko moduan, eskuragarritasun eskubidea erabiltzeko.

e) Eskatutako informazioa jasotzea epeen barnean, aukeratutako moduan eta formatuan, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

f) Jakitea zer arrazoirengatik ukatu den eskatutako informazioa eskuratzea, eta, hala behar denean, zergatik eman den aukeratutakoa ez den beste modu edo formatu batean.

g) Eskatutako informazioa dohainik lortzea, galarazi gabe, behar denean, egoki diren ordainarazpenak, kopiak egiteagatik edo jatorrizkoa ez den formatu batera aldatzeagatik.

2. Edozein pertsona fisikok edo juridikok, publikok edo pribatuk, erabil ditzake ordenantza honetako eskubideak, eta horretarako ezin jarri da baldintzarik, esaterako nazionalitate, hiritartasun, auzotasun edo egoitza zehatz bat edukitzea.

3. Pertsona batek informazio publikoa erabiltzeko duen moduaz ez du inolako erantzukizunik izanen Eguesibarko Udalak.

5. artikulua. Informazioa eskuratzeko bitartekoak.

1. Ordenantza honen aplikazio-eremuko entitateek betebeharra dute informazio publikoa zenbait bitartekotan jartzeko, halako moduz, non bermatuko baita eskuragarri egonen dela jende guztiarentzat, kontuan izan gabe zein diren bere prestakuntza, baliabideak, inguruabar pertsonalak, baldintzak edo egoera soziala.

2. Ondorio horietarako, Eguesibarko Udalak informazio publikoa eskuragarri jarriko du bitarteko hauen bidez:

a) Informazio bulegoak.

b) Web-orriak edo egoitza elektronikoak.

c) Arreta telefonikoko zerbitzuak.

d) Udalak horretarako prestatutako beste bulego, departamentu edo bitarteko elektroniko batzuk.

6. artikulua. Informazio publikoaren ardura duen unitatea.

Eguesibarko Udalak informazio publikoaren ardura izanen duen unitate bat izendatuko du, toki entitatearen idazkaritzaren gidaritza eta ardurapean, honako eginkizun hauek izanen dituena:

a) Koordinazioa, informazioaren arloan, Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzeko. Horretarako, behar den informazioa jasoko du departamentu, erakunde edo entitateko organo eskudunetatik.

b) Informazioa eskuratzeko eskaeren tramitazioa, eta, behar denean, jartzen diren erreklamazioena, 41. artikuluan ezarritakoarekin bat.

c) Jendeari aholku ematea, informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatzeko, eta informazioa bilatzen dutenei laguntza ematea, galarazi gabe beste unitate administratibo batzuek esleiturik dituzten eginkizunak.

d) Behar izanez gero, informazioa eskuratzeko eskaeren Erregistroan inskribatzea.

e) Udalaren esku dagoen informazio publikoaren katalogo bat sortzea eta eguneraturik izatea, azalpen argiak izanen dituena informazioa non aurkitu daitekeen jakiteko.

f) Gardentasun administratiboari eta informazio publikoa berrerabiltzeari eta hura eskuratzeko eskubideari buruzko txostenak egitea.

g) Informazio publikoaren zabalkundea, helbide elektronikoetarako loturak sortuz eta eguneraturik izanez, horien bidez informazioa eskuratzeko.

h) Behar diren neurriak hartzea, segurtatzeko informazio publikoa zabalduko dela pixkanaka eta herritarren eskura utziko dela ahalik eta modu zabal eta sistematikoenean.

i) Behar diren neurriak hartzea, bermatzeko informazioa eskuragarri egonen dela datu base elektronikoetan, sare publiko elektronikoen bidez.

j) Antolamendu juridikoak esleitzen dizkion gainerakoak, eta ordenantza honen xedapenak aplikatzen direla bermatzeko behar diren guztiak.

h) Udal-langileendako eta herritarrendako formakuntza-sistemak antolatzea, gardentasunaren atarian sartu eta hura erabiltzeko.

7. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Jendaurreko informazio aldiaren publizitatea: Udalaren esku dagoen informazioa publikotzat jotzen da.

2. Publizitate aktiboa: Eguesibarko Udalak bere ekimenez argitaratuko du bere jardueraren gardentasuna bermatzeko garrantzitsua den informazioa, baita gizartearentzat eta ekonomiarako erabilgarrien izan daitekeena ere, eta hala, ahalbidetuko du bere jarduketa kontrolatzea eta pertsonek beren eskubide politikoak erabili ahal izatea.

3. Informazioaren berrerabilpena: informazio publikoa berrerabiltzen ahalko da azaroaren 16ko 37/2007 Legean eta ordenantza honetan aurreikusitako moduan.

4. Informazioaren eskuragarritasuna: Udalak bermatzen du pertsonek informazio publikoa eskuratu ahal izatea abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta ordenantza honetan ezarritako moduan.

5. Berehalako atzipena eta bitarteko elektronikoen bidez: Udalak behar diren bitartekoak ezarriko ditu informazio publikoa bitarteko elektronikoen bidez berehalakoan jasotzerik izan dadin, aldez aurretik eskatu behar izan gabe. Orobat, informazioa argitaratzean eta eskura uztean, eginahala eginen da formatu elektroniko berrerabilgarriak ere erabiltzeko, ahal den guztietan, betiere galarazi gabe pertsonek Udalarekin komunikatzeko bidea aukeratzeko duten eskubidea.

6. Informazioaren kalitatea: pertsonei ematen zaien informazioak egiazkoa, fede-emailea eta eguneratua izan behar du. Argitaratze eta eskura jartze orotan adieraziko da nor den informazioaren ardura duena eta noiz eguneratu zen azkenekoz. Halaber, argitaratu beharreko informazioa egokitu eginen dute horren gaineko ardura dutenek, edozeinek ulertzeko moduko egitura, aurkezpena eta idazketa emanez.

7. Zerbitzuko konpromisoa: informazio publikoaren emateak izan beharko du, uneoro, eraginkorra, azkarra eta kalitatezkoa, eta tokiko enplegatu publikoek jendeari lagundu beharko diote hala eskatzen dutelarik, eta komunikatzeko bide espezifiko bat izanen da Udalaren eta informazioaren hartzaile direnen artean.

II. KAPITULUA

Jendaurreko informazioa

8. artikulua. Informazio publikoa.

Informazio publikotzat jotzen da abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 13. artikuluan aipatzen diren agiri edo eduki oro.

9. artikulua. Informazioaren betebehar orokorrak.

Honako hauek dira ordenantza honetan araututako informazio publikoaren beharkizun orokorrak:

a) Informazioaren kudeaketa, bereziki formatu elektronikoan dagoenarena, eginen da, halako moduz, non datu edo agiri bakoitza izanen baita bakarra, partekatua, eskuragarria, egituratua, deskribatua, erabilera-mugei buruzko informazioa duena, eta, behar denean, geografikoki kokatua.

b) Agiri edo datu multzo guztiak argitaratuko edo eskuragarri jarriko dira formatu komunak erabiliz, irekiak, nahierara erabiltzekoak eta pertsonendako doakoak, eta horien osagarri gisa, erabilera orokorreko beste formatu batzuetan ere bai.

c) Informazio publikoa deskribatzeko eta egituratzeko hiztegiak, eskemak eta metadatuak entitatearen web-orrian argitaratuko dira, pertsonek bilaketetan erabili ahal izateko eta informazioa zuzen interpretatzeko.

d) Zenbakizko datuen multzoak argitaratuko dira edo eskuragarri jarriko, halako moduz, non ez den mugarik izanen, edukia ustiatzeko trabagarri edo eragozle.

e) Desgaitasuna duten pertsonek informazioa eskuratuko eta berrerabiliko dute, bitarteko eta formatu egoki eta ulergarrien bidez, irisgarritasun unibertsalaren eta denendako diseinuaren printzipioarekin bat.

f) Bilatzaile adimenduna izatea, zerrendak, datuak, txostenak eta abar egitea errazten duten iragazkiak sartzeko, bai eta edozein pertsonak informazioa ustiatzeko aukera ematen dutenak ere, hala behar denean.

10. artikulua. Mugak.

Ordenantza honetan araututako informazio publikoa mugatua izan daiteke abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 14.1 artikuluan jasotako kasuetan, eta, horretaz gain, estatuaren eta erkidegoaren beste eskumen batzuk eskuordeturik erabiltzen direnean, eskuordetze arauak ezartzen duenaren arabera, edo, behar denean, Udalak bere esku duen informazioak bere eskumenak edo beste administrazio batenak ukitzen ahal dituenean eta eskuratzeko eskubidea Legeak mugaturik dagoenean.

Nolanahi ere, informazioa prestatuko eta aurkeztuko da, halako moduz, non aipatutako mugak ez diren traba izanen argitaratzeko edo eskuragarri egoteko.

11. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

1. Ordenantza honetan aurreikusitako bideen bitartez informazio publikoaz egiten den erabilera orok errespetatuko ditu datu pertsonalen babesak dakartzan eskubideak, arlo horri buruzko legeria espezifikoak ezarri bezala, baita abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 5.3 eta 15. artikuluetan ezarri bezala ere.

2. Datu pertsonalen babesa ez da muga izanen publizitate aktiboa egiteko eta informazio publikoa eskuratzeko, baldin datuaren titularra hil bada, salbu beste eskubide batzuk ere tartean badira.

Halaber, ez da muga hori aplikatuko, baldin datuen titularrek publiko bihurtu badituzte ageriki, aldez aurretik, edo posible bada datu pertsonalak bereiztea informazioa engainagarri bihurtu edo aldatu gabe, eta posible izan gabe ukitutako pertsonak identifikatzea.

3. Organo batean zerbitzu ematen duten pertsona fisikoen datuak hartzen dira identifikaziorako bakarrik diren datutzat, organoaren antolakuntzarekin, funtzionamenduarekin edo jarduera publikoarekin lotuak. Datu horiek dira bakar-bakarrik haien izen-deiturak, betetzen dituzten eginkizun edo lanpostuak, eta lantokiko helbide postal nahiz elektronikoa, telefonoa eta fax zenbakia.

III. KAPITULUA

Informazioaren publizitate aktiboa

1. ATALA

Araubide orokorra

12. artikulua. Publizitate aktiboaren helburua eta xedea.

1. 2.1 artikuluan zerrendatutako pertsonek beren ekimenez eta doan argitaratuko dute egoki den informazio publikoa, jakitea garrantzitsua dena bere jardueraren gardentasuna bermatzeko eta, nolanahi ere, 16. artikulutik 22.era zehazten den edukia duen informazioa. Informazio hori gutxienekoa eta nahitaezkoa da, galarazi gabe beste xedapen espezifiko batzuk, araubide zabalagoa aurreikusten dutenak publizitatearen arloan, edo edukia zabaldu ahal izatea, behartutako pertsonek hala nahita.

Betebehar hori betetzeko, Udalak behar den informazioa eskatzen ahalko du zerbitzu publikoak ematen dituzten pertsona fisiko eta juridikoei buruz, edo ahal administratiboak erabiltzen dituztenei buruz, eta kontratistei buruz, kontratuan aurreikusitako moduan.

2. Orobat, publizitate aktiboaren xede izanen da maizen eskatzen den informazioa, baita informazioa eskuratzea ukatzen edo mugatzen duten ebazpenak ere, behin pertsona interesdunei jakinarazi ondoren, betiere aldez aurretik datu pertsonalak edukitik bereizita.

13. artikulua. Non emanen den argitara.

1. Aplikazio-eremuko entitateen web-orrian edo egoitza elektronikoan argitaratuko da informazioa, edo, behar denean, gardentasunerako atari espezifiko batean.

2. Udalaren web-orrian edo egoitza elektronikoan sartuko dira, halaber, haren mendeko erakundeen web-orriak edo egoitza elektronikoak, baita harekin lotutako subjektu eta entitateenak ere, baldin publizitate aktiborako betebeharrak badituzte, aplikatzekoa zaien araudiaren arabera.

3. Eguesibarko Udalak beste neurri batzuk hartzen ahalko ditu, osagarriak eta gainerako administrazio publikoekiko elkarlanekoak, publizitate aktiboko betebeharrak betetzeko, barnean direla gardentasunerako atariak eta beste entitate batzuen datu irekiko atariak erabiltzea.

14. artikulua. Organo eskuduna eta argitaratzeko modua.

1. Eguesibarko Udalak azalduko du zer organo eskudunek duten erantzukizuna kapitulu honetan arautzen den publizitate aktiboaren gainean, eta haiei buruzko nahikoa informazio emanen dute.

2. Informazioa modu argian eta egituratuta argitaratuko da, erraz ulertzeko moduan, hizkera ulergarria erabiliz. Informazioaren izaera dela-eta edo edukia dela-eta hura konplexua bada, hizkera teknikoarengatik, berariazko bertsio errazagoa eginen da argitaratzeko.

3. Publizitate aktiboaren xede den informazioaren katalogo osoa agertuko da, adierazita zer organo edo zerbitzutatik heldu den informazioa, eguneratze maiztasuna, azken eguneraketaren data, berrerabiltzeko modua, eta, behar denean, hura interpretatzeko behar den informazio semantikoa.

15. artikulua. Argitaratzeko eta eguneratzeko epeak.

1. Informazio eguneratua eman beharko da, eta horren ezaugarri bereziei emanen zaie arreta.

2. Informazio publikoa argitaraturik mantenduko da epe hauetan:

a) 16., 17., 18. eta 21. artikuluetan aipatutako informazioa, indarrean dagoen bitartean.

b) 19. artikuluan aipatutako informazioa, horietatik eratortzen diren betebeharrek iraun bitartean, eta, gutxienez, horiek bukatu eta bi urte igaro arte.

c) 20. artikuluan aipatutako informazioa, informazioa sortzen den unetik bost urteko epean.

d) 22. artikuluko informazioa, indarrean dagoen bitartean, eta indarraldia bukatu eta bost urteko epean gutxienez.

3. Argitaratutako informazioa eguneratu egin behar da ahalik lasterren, eta iragarritako eguneratze maiztasuna errespetatuz betiere, informazioaren ezaugarrien, aukera teknikoen eta eskura dauden bitartekoen arabera. Ikusgai egonen da informazio bakoitzak zer maiztasunekin eguneratuko den. Lehentasuna emanen zaie eguneratzeko sistema automatikoei.

4. Nolanahi ere, behar diren neurriak hartuko dira bermatzeko, ezen informazio publikoa argitaratzen den tokian berean mantenduko dela jadanik gaurkotasunekoa ez den informazioa.

2. ATALA

Betebehar espezifikoak

16. artikulua. Erakundeari, haren antolakuntzari, planifikazioari eta langileei buruzko informazioa.

1. 2.1 artikuluan zerrendatutako entitateek honako hauei buruzko informazioa argitaratuko dute, abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta apirilaren 2ko 7/1985 Legean aurreikusitako irismenarekin:

a) Erabiltzen dituzten eskumenak eta eginkizunak, bai berenak bai eskuordetuta esleiturik dituztenak.

b) Aplikatzekoa zaien araudia.

c) Udalaren mendeko erakundeen, Udalaren partaidetza dutenen eta hura bere baitan duten erakundeen identifikazioa, barnean direla web-orri korporatiboetarako estekak.

d) Antolakuntza egituraren organigrama deskriptiboa: erabakitzeko, kontsultarako, parte hartzeko nahiz kudeatzeko organoen identifikazioa, zehaztuz horien egoitza, osaera eta eskumenak.

e) d) lerroaldean adierazitako organoen arduradunen identifikazioa, zehaztuta horien lanbide-profila eta -ibilbidea.

f) Entitateko departamentuen egitura administratiboa, departamentuetako arduradun nagusiak identifikatuta, eta arlokakoa, zehaztuz kokapen administratiboaren zerrenda osoa eta lanpostu bakoitzaren eginkizunak, bai eta harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa, beren eginkizunak direla-eta halakorik badute. Egitura administratibo hori plantilla organikoan adieraziko da, mailen araberako ordainsarien eta horien osagarrien taula barne.

g) Enplegatu publikoak ukitzen dituzten bateragarritasun baimenen edo aitorpenen ebazpenak.

h) Plan eta mapa estrategikoak, baita plangintzako beste agiri batzuk ere, zehaztuta helburu zehatzak, jarduerak, bitartekoak eta gauzatzeko aurreikusi den denbora. Halaber, betetze maila eta emaitzak jasotzen dituzten dokumentuak eta neurketa eta balorazio adierazleak aldian behin argitaratuko dira, gutxienez ere urtebeteko maiztasunarekin.

i) Urteko eta urte anitzeko programak, zehaztuta helburu zehatzak, jarduerak, bitartekoak eta horiek gauzatzeko aurreikusitako denbora. Halaber, betetze maila eta emaitzak jasotzen dituzten dokumentuak eta neurketa eta balorazio adierazleak aldian behin argitaratuko dira, gutxienez ere urtebeteko maiztasunarekin.

j) Behin-behineko langileendako erreserbatutako lanpostu kopurua.

k) Lanpostuen zerrendak, bai eta katalogoenak edo langileen arloa planifikatzeko beste tresna batzuenak ere.

l) Lan publikoaren eskaintza edo antzeko beste tresna batzuk, langileen beharren hornidura kudeatzekoak.

m) Langileak hautatzeko eta lanpostuak betetzeko prozesuak.

n) Langileak ordezkatzeko organoen parte diren pertsonen identifikazioa.

o) Neurketa eta balorazio adierazleak, udal-arlo bakoitzerako; sistema hori arloaren arabera ezarriko da, eta ondotik, aldiro eguneratuko.

2. Betiere j) lerroaldean aipatutako informazioa egoitza elektronikoan emanen da argitara.

17. artikulua. Goi karguei eta entitateetan erantzukizun handiena duten pertsonei buruzko informazioa.

Apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75. artikuluaren eta hamabosgarren xedapen gehigarriaren aplikazio-eremuko pertsonei dagokienez, gutxienez ere honako informazio hau argitaratuko da:

a) Urtean jasotzen dituzten ordainsariak.

b) Kargua utzi bada, jaso dituzten kalte-ordainak.

c) Jarduera pribatua izatea baimentzen duten ebazpenak, horien kargu-uztea dela eta.

d) Ondasunen eta jardueren urteko aitorpenak, apirilaren 2ko 7/1985 Legean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu organikoak ez duenean ezartzen aitorpen horiek nola eman behar diren argitara, Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan interes-gatazkei buruzko araudian xedatua aplikatuko da. Nolanahi ere, ondasun higiezinen kokapen zehatzari buruzko daturik ez da emanen, eta titularren pribatutasuna eta segurtasuna bermatuko dira.

18. artikulua. Informazio garrantzitsua, ondareari buruzkoa eta juridikoa.

2.1 a) eta b) artikuluan aipatutako entitateek honako hauei buruzko informazioa argitaratuko dute:

a) Udalaren ordenantzen, erregelamenduen eta bestelako xedapenen testu osoa.

b) Ordenantzen, erregelamenduen eta arau izaera duten bestelako xedapenen proiektuak, baldin ekimena badagokie, barnean direla arau horiek egiteko espedienteetako memoriak eta txostenak. Irizpenak eskatzea nahitaezkoa denean, publizitatea eginen da behin irizpenak eskatu zaizkienean egoki diren kontsulta organoei, nahiz eta horrek ez duen nahitaez esan nahi entzunaldi publikoko tramitea ireki denik.

c) Arauak, jarraibideak, erabakiak, zirkularrak edo partikularrek edo beste organo batzuek egindako kontsultei emandako erantzunak, Zuzenbidearen interpretazio diren neurrian edo ondorio juridikoak dituzten heinean.

d) Indarreko legeriaren arabera, tramitazioan jendaurrean egoteko aldia behar duten agiriak.

e) Beren ondasun higiezinen zerrenda edo, ondasun higiezinen gainean eskubide errealik izanez gero, haiena.

f) Batzordeei eta Gobernu Batzarrari aurkeztutako txosten teknikoak. Publikazioari buruzko zalantzarik bada, Batzordeak hartuko du horren gaineko erabakia, Zerbitzu Juridikoen aurretiko txostena izanda.

g) 2.1 puntuko entitateak ukitzen dituzten prozesu judizialen zerrendak, bai eta horiei buruzko epai eta autoak.

h) Alkatetzaren eta zinegotzi ordezkarien ebazpenen zerrendak, TGBaren eta osoko bilkuren erabakiak, informazio batzordeetako irizpenak, eta Udalaren kide anitzeko organoen aktak edo bideo aktak.

i) Duela bost urte baino gutxiago egindako inbentario eguneratua eta ondare-ondasunen katalogo banakatua, zehaztuz haien kokapena, erosketa- edo besterentze-data, balio katastral edo zenbatetsia, eta egungo erabilera.

19. artikulua. Kontratazioari, hitzarmenei eta diru-laguntzei buruzko informazioa.

2.1 artikuluan agertutako entitateek honako hauei buruzko informazioa argitaratuko dute:

a) Kontratua jasotzen duen espedienteari hasiera ematen dion dokumentua, bai eta aktak eta kontratazio-prozesuan izandako espediente-aldaketak.

b) Udalak egindako kontratu guztiak, adieraziz xedea, lizitazioko eta adjudikazioko zenbatekoa, iraupena (luzapenak barne), kontratua egiteko prozedura, zer tresnen bidez egin den publizitatea, prozeduran parte hartu duten lizitatzaileen kopurua eta adjudikaziodunen identitatea, eta kontratuaren aldaketak ere. Kontratu txikiei buruzko informazioaren publizitatea gutxienez ere hiru hiletik behin egiten ahalko da. Kontratazio bakoitzerako, kontratuaren ezaugarrien laburpen-koadroa erakutsiko da, honako informazio hau bilduko duena: kontratu mota (obra, asistentzia, zerbitzuak, etab.); kontratazioa baimendu duen organoa; adjudikatzeko era (zuzeneko adjudikazioa, lehiaketa irekia, adostua); eta kontratuaren sinatze eta hasiera datak, indarraldia eta luzapenak; publizitaterik den ala ez; eta jarraipen-batzordearen eraketa eta maiztasuna, halakorik sortuz gero.

c) a) lerroaldean adierazitako kontratuen aldaketak eta atzera egiteko eta uko egiteko erabakiak.

c) Kontratatzailearen profila.

e) Datu estatistikoak, azaltzen dutenak adjudikatutako kontratuen aurrekontu-tamainaren portzentajea, sektore publikoko legerian ezarritako prozeduretako bakoitzaren bidez.

f) Sinatutako hitzarmenen zerrenda, adieraziz zein diren alderdi sinatzaileak, xedea, iraupena, egindako aldaketak, nor dagoen beharturik zerbitzu ematera eta, kasua bada, hitzartutako betebehar ekonomikoak.

g) Sinatzen diren kudeaketa esleipenak, adieraziz xedea, aurrekontua, iraupena, betebehar ekonomikoak eta egiten diren azpikontratazioak, zehazturik nor diren adjudikaziodunak, adjudikaziorako erabilitako prozedura eta zenbatekoa.

h) Kontratu bakoitza lotuko da TGBetan edo osoko bilkuretan agiriak eta aldaketak onesteko hartzen diren erabakiekin.

i) Kontratazio-mahaiaren eratzeko akta, eta aurkeztutako eskaintzen balorazioa, adjudikazio- eta betearazpen-agirietako klausulei jarraikiz.

j) Onartutako diru-laguntza eta laguntza publikoak, adierazita zenbatekoa, helburua edo xedea eta onuradunak.

k) Klausula teknikoak, sozialak, administratiboak, ekonomikoak eta ingurumenari buruzkoak, bai eta adjudikazio- eta betearazpen-agirietako puntuazio-irizpideak eta lizitatzaileek haietako bakoitzean izandako puntuazioa ere.

l) Kontratazio-lehiaketetan parte hartu nahi duten enpresa lizitatzaileen erregistroa sortuko da.

m) Kontratu guztiek eduki beharko dute kontratatutako, hitzartutako edo diruz lagundutako jardueraren amaierako memoria, arloko teknikariek egina.

20. artikulua. Ekonomia, finantza eta aurrekontu arloetako informazioa.

1. 2.1 artikuluan aipatutako entitateek honako hauei buruzko informazioa argitaratuko dute:

a) Urteroko aurrekontu osoak, formatu berrabilgarrietan, deskribaturik aurrekontuko kontu-sail nagusiak eta gauzatze-egoerari buruzko informazio eguneratua emanda, gutxienez ere hiru hiletik behin.

b) Aurrekontuetan egindako aldaketak.

c) Aurrekontu egonkortasuneko eta finantza jasangarritasuneko helburuak betetzeari buruzko informazioa.

d) Aurrekontuaren likidazioa.

e) Aitortu beharreko urteko kontuak eta haiei buruz kanpoko kontrol organoek egiten dituzten kontuen auditoretza eta fiskalizazio txostenak.

f) Tokiko sektore publikoko lan-kontratudunen soldata masa, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 103 bis artikuluan arautu bezala.

2. Betiere j) lerroaldean aipatutako informazioa egoitza elektronikoan emanen da argitara.

21. artikulua. Zerbitzu eta prozedurei buruzko informazioa.

2.1 artikuluan aipatutako entitateek honako hauei buruzko informazioa argitaratuko dute:

a) Ematen dituen zerbitzuen katalogo orokorra, informazio egokia emanez horien edukiaz, kokapenaz eta eskuragarritasunaz, baita horien funtzionamenduari buruzko kexak aurkezteko prozedura ere.

b) Entitatearen zerbitzuak eta ekipamenduak, helbidea, jendearendako arreta ordutegiak eta web-orri korporatiboetarako estekak eta posta elektronikoko helbideak edo zerbitzuak emateko bideak.

c) Zerbitzuen gutunak eta kalitate mailarako herritarrekiko konpromiso agiri estandarizatuak, baita beste agiri batzuk ere, betetze maila agertzeko, neurketa eta balorazio adierazleen bidez.

d) Beren eskumeneko prozedura administratiboen katalogoa, adieraziz xedea, hasiera emateko moduak, aurkeztu beharreko agiriak, tramiteak, aplikatzeko araudia, ebazteko epeak eta isiltasun administratiboaren esanahia, baita lotutako inprimakiak eta formularioak ere, beharrezkoa izanez gero, zehaztuz zein egin daitezkeen bide elektronikoz.

22. artikulua. Ingurumeneko eta hirigintzako informazioa.

Eguesibarko Udalak honako honi buruzko informazioa argitaratuko du:

a) Ingurumenaren arloan aplikatzekoak diren arau-testuak.

b) Eguesibarko Udalak dituen politikak, programak eta planak ingurumenari buruz, baita horien jarraipena egiteko txostenak ere.

c) Hiriko natur baliabideen eta ingurumenaren kalitateari buruzko datuak, barnean direla airearen eta uraren kalitatea, eta polen mailari eta kutsadura akustikoari buruzko informazioa.

d) Ingurumen eraginari buruzko azterlanak, paisaiari buruzkoak eta ingurumeneko elementuekin lotutako arriskuaren ebaluazioak.

e) Hirigintza arloko planeamendurako tresnen testu osoa eta planimetria, horien aldaketak, eta hirigintza arloko hitzarmenak.

IV. KAPITULUA

Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea

1. ATALA

Araubide juridikoa

23. artikulua. Eskubidearen titulartasuna.

4.2 artikuluari jarraikiz, edozein pertsona da Konstituzioaren 105.b) artikuluan araututako eskubidearen titularra, abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritako araubide juridikoarekin bat, eta haren erregelamenduzko garapenarekin bat, baldin oinarrizko araudi izaera badu.

Eskubide hau erabiltzeko jarduteko gaitasuna, baita adingabeen kasuan ere, arautuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuaren arabera.

24. artikulua. Mugak.

1. 10. eta 11. artikuluetan zerrendatutako mugetako batek ukitutako informazio publikoa eskuratzea ukatuko da bakarrik baldin, arrazoitutako eta proportzionatutako ebazpen baten bidez, frogatzen bada arlo horietan kaltea izanen dela, eta ez badago goragoko interes publiko edo pribaturik informazio eskuratze hori justifikatzen duenik.

2. Ponderazio horren emaitza gisa bidezko bada informazioa eskuratzeari ezetz esatea, aldez aurretik aztertuko da ea eskuratze partziala onar daitekeen, delako mugak ukitutako informazioa kenduta, salbu horren ondorioz informazio distortsionatua edo zentzugabea ematen bada. Informazio partziala ematen denean, bermatu beharko da mugatutako informazioaren erreserba, eta erreserba horren ohartarazpena egiten dela eta jasota gelditzen dela.

2. ATALA

Prozedura

25. artikulua. Eskumena.

1. Eguesibarko Udalak identifikatuko du zer organok duten eskumena informazio publikoa eskuratzeko eskaeren gainean ebazteko, eta horri buruzko nahikoa publizitate emanen du.

2. Informazioa eskuratzeko eskaerak jasotzen dituzten organoak inhibitu eginen dira, nahiz eta beren esku dagoen informazio publikoa izan, baldin beste batek prestatu edo sortu badu, osorik edo nagusiki. Halaber, inhibituko dira baldin eskatutako informazioa ez badute, nahiz eta jakin ebazteko eskumena duen zer organok duen.

Aurreko lerroaldean aipatutako kasuetan, eskuduntzat jotzen den organoari igorriko zaio eskaera, eta hori eskatzaileari jakinaraziko zaio.

3. Eskatzen den informazioa zerbitzu publikoak ematen dituzten pertsona fisiko edo juridikoei galdegin behar bazaie, edo ahal administratiboak dituztenei, pertsona horiek zer administrazio, erakunde edo entitateri dauden loturik, haiek emanen dute informazioa eskuratzeari buruzko ebazpena.

26. artikulua. Eskaera.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ebazteko eskumena duten organoek eskatzaileei ez diete identitateari buruzko datu gehiagorik eskatuko, ebazteko eta jakinarazteko behar-beharrezkoak direnak baino.

Halaber, eskatzaileari behar den laguntza eta aholkua emanen diete, eskatutako informazio publikoa identifikatzeko.

2. Informazio publikoa eskuratzeko, ez da beharrezkoa izanen eskaera arrazoitzea. Nolanahi ere, interesdunak adierazitako interesa edo motibazioa kontuan hartzen ahalko da ponderatzeko, kasua bada, informazioa zabaltzearen interes publikoa eta eskatutako informazioan agertzen diren datuen titular diren ukituen eskubideak, 11. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Eskaeraren aurkezpena ez dago epeen mende.

4. Eskatzaileari komunikatuko zaio zein den, prozeduran, ebazteko eta jakinarazteko dagoen gehieneko epea, baita isiltasun administratiboak ekar dezakeen ondorioa ere, prozedura administratiboaren gaineko araudian ezarritakoaren arabera.

5. Eskaera pertsonala idatziz nahiz telematika bidez egiteko sistemak prestatuko dira, pasa-hitz edo sinadura digitalen bidez.

27. artikulua. Ez onartzea.

1. Abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 18. artikuluan zerrendatutako ez onartzeko zergatiak era murriztailean interpretatuko dira informazio publikoaren eskuragarritasun handienaren alde.

2. Ez onartzeko ebazpena ematen bada, prestatzen ari den informazioa delako edo laster argitaratuko den informazio orokorra delako, bukatzeko aurreikusi den denboraren berri emanen da.

3. Nahitaezko txostenak ez dira joko izaera lagungarriko informaziotzat, informazioa eskuratzeko eskaera ez onartzearen ondorioetarako. Nolanahi ere, horrek ez du eragotziko informazioa eskuratzearen ukoa baldin 10. eta 11. artikuluetan ezarritako mugetako bat kaltetzen ahal bada.

28. artikulua. Tramitazioa.

1. Eskatutako informazioa zuzentzeko tramiteek, baldin informazioa behar bezala identifikatu ez bada, eta behar bezala identifikatutako eskubide eta interesen titularren entzute tramiteek ebazpena emateko epea etenen dute, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 19. artikuluan ezarritako moduan.

2. Eskatzaileari emanen zaio 1. atalean aurreikusitako etetearen eta etenaren bukaeraren berri, baita ebazteko epea luzatzearen berri ere, jakin dezan nola zenbatu ebazteko epea.

29. artikulua. Ebazpena.

1. 10. eta 11. artikuluetan ezarritako mugak aplikatzeagatik informazioa eskuratzea ukatzen denean, ukoa arrazoitua izanen da, eta ez da nahikoa izanen informazioa eskuratzeko eskubidearen mugak zerrendatzea, nahitaezkoa izanen da tartean diren eskubideen arrazoizkotasuna eta proportzionaltasuna aztertzea, zehazteko ea zer ondasun edo interes babestuk duen lehentasuna.

2. Epe bat igarotzearen mende egon daiteke informazioaren eskuragarritasuna, baldin ukoaren arrazoia loturik baldin badago udal eskuduna bakar-bakarrik ukitzen duen interes batekin.

30. artikulua. Ebazpenaren jakinarazpena eta publizitatea.

1. Informazio publikoa eskuratzeko prozeduretan ematen den ebazpena jakinaraziko zaie eskatzaileei eta, hala eskatu badute, eskubide eta interes ukituen titular diren hirugarrenei ere.

Jakinarazpenean, berariaz azalduko da aukerako erreklamazioa egin daitekeela, hain zuzen abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 23. artikuluan aipatzen dena, edo Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

2. 10. artikuluaren mugak aplikatuz ematen den ebazpena publiko eginen da, behin datu pertsonalak bereizirik eta interesdunei jakinarazi ondoren.

31. artikulua. Eskuragarritasuna gauzatzea.

Informazioa eskuratzeko eskaera baiesten duen ebazpenarekin batean emanen da informazio publikoa edo, behar denean, jakinarazi eta gehienez ere hamar eguneko epean. Entzuteko tramitean hirugarrenen oposizioa izan bada, eskuratzea gauzatuko da Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko epea halakorik formalizatu gabe igaro denean edo, ebatzi bada, informazioa eskuratzeko eskubidea berretsiz.

Halaber, etete efektu hori bera gertatuko da aldez aurreko aukerako erreklamazioa ebazteko epean, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar baitaiteke haren kontra.

V. KAPITULUA

Informazioaren berrerabilpena

32. artikulua. Berrerabilpenaren helburuak.

Ordenantza honen aplikazio-eremuko entitateek beren jardunean sortutako informazioaren berrerabilpenak erakusten du sektore publikoak duen elkarlaneko gardentasuna, eta funtsezko helburu du gizartean balio publikoa sortzea, eremu hauetan:

a) Sozialean: sektore publikoaren ezagutza eta informazioa eskuratzeko eskubidea oinarrizko printzipioa da demokrazian eta ongizate estatuan. Erantzukizuneko ongizate estatu hori eraikitzeko, hasteko informazio arrakalak eta asimetriak amaitu behar dira, arrakalak eta asimetriak bi hauen artean: batetik, ongizate estatuaren zerbitzuak definitzen eta ematen dituztenak, eta, bestetik, horiek erabili eta finantzatzen dituztenak. Berrerabilpenak balio eta zentzu gehigarria ematen dizkio gardentasunari, eta sektore publikoa legitimatzen eta hobetzen du.

b) Berritzailean: informazio publikoak irekirik egon behar du, akordio esklusiborik ez izateko, eta modu berritzailean berrerabil dezaten gizarteko sektoreek, merkataritzakoak diren edo ez diren helburuekin. Berrerabilpenak erraztuko du enpresek eta erakundeek sortzea balio gehigarriko informazio produktu eta zerbitzuak.

c) Ekonomikoan: sektore publikoaren informazio erantsian eta horren berrerabilpenean oinarritutako merkatu potentzialaren tamainak eta, Europar Batasunaren eremuan, garapen ekonomikoan eta enplegu sorkuntzan duen inpaktuak eragiten dute administrazio guztiek arlo honetan eginahala eta ekarpena egin behar izatea.

Ordenantza honen aplikazio-eremuko entitateek behar diren eginahalak eginen dituzte beren informazio publiko berrerabilgarriaren katalogoa federa dadin gainerako entitateen katalogoekin batera, modu erantsian, plataforma komunetan, esaterako http://datos.gob.es plataforman, edo beste batzuetan, helburu bakarra izanik laguntza ematea informazio publiko berrerabilgarriaren katalogo bakar bat sortzeko, gizartearen sektore berrerabiltzailearen jarduera erraztea, eta, hala, sektore publikoaren elkarlaneko gardentasunak sortutako balio sozial, berritzaile eta ekonomikoa handitzea.

33. artikulua. Jabetza intelektualari eta eskubide esklusiboei atxikitako agiri berrerabilgarriei aplikatzeko araubidea.

1. Ordenantza honetan araututako informazioaren berrerabilpena ez da aplikatzen baldin jabetze intelektualaren edo industrialaren eskubideen mende badaude dokumentuak, batez ere hirugarrenen eskubideen mende.

Ordenantza honen ondorioetarako, jabetza intelektualeko eskubidetzat jotzen dira egile eskubideak eta antzekoak, barnean direla espezifikoki babesteko moduak.

2. Ordenantza honek ez du galarazten bere aplikazio-eremuko erakundeetan jabetza intelektualeko eskubideak izatea.

3. Ordenantza honen aplikazio-eremuan sartutako entitateek beren egile eskubideak berrerabilpena errazteko moduan erabiliko dituzte betiere.

34. artikulua. Irizpide orokorrak.

1. Aurreko artikuluetan aipatzen den informazio publikoa berrerabiltzen ahalko da, betiere sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen arloko indarreko araudian ezarritako mugen barnean.

2. Orokorki, argitaratutako edo eskuragarri utzitako informazio guztia izanen da berrerabilgarria eta eskuragarria, aldez aurreko baimen beharrik gabe eta doan, salbu hartan berariaz kontrakorik adierazten bada.

3. Bereziki, bai ordenantza honetan bai abenduaren 9ko 19/2013 Legean publizitate aktibotzat jotzen den informazioa berrerabiltzeko ez da inoiz aldez aurreko baimenik eta/edo baldintza espezifikorik beharko, eta makinek irakurtzeko moduko formatu elektronikoetan eskainiko da, formatu irekietan, aukera izan dadin zabaltzeko, berrerabiltzeko eta aprobetxatzeko, betiere ekainaren 22ko 11/2007 Legean aurreikusitako moduan (Herritarrek zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea), baita informazio baliabideak berrerabiltzeari buruzko Elkarreragingarritasuneko Arau Teknikoan aurreikusitako moduan ere (arau hori Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzak 2013ko otsailaren 19an emandako Ebazpenaren bidez onetsi zen), edo hura ordezten duen arauan aurreikusitako moduan.

35. artikulua. Berrerabiltzeko baldintzak.

1. Pertsonek edo entitateek informazioa berrerabiltzeko, honako baldintza hauek izanen dira:

a) Edukia ezin izanen da aldatu, baldin horrela informazioaren zentzua galdu eta desnaturalizazioa gertatzen bada, eta esanahiaren interpretazio okerrak gertatzen ahal badira.

b) Jatorrian informazioa argitaratu duen entitatea aipatu beharko da beti, iturri gisa, eta berariaz aipatuko da berrerabilitako informazioaren azkeneko eguneraketaren data.

c) Ez da inola ere aditzera emanen informazioa jatorrian argitaratu duen entitateak babesten, laguntzen edo sostengatzen duela berrerabilpeneko produktua, zerbitzua, proiektua edo ekintza, galarazi gabe babes, laguntza edo elkarlan hori izan daitekeela, entitate horren erabaki edo akordio batean oinarriturik; kasu horretan, hori jasotzen ahalko da, erabaki edo akordioan ezarri bezala.

d) Informazioaren kalitatea bermatzen duten elementuak gorde beharko dira, baldin hori ez bada bateraezina egin beharreko berrerabiltzearekin.

2. Informazio publikoa argitaratzeak edo eskuragarri uzteak berarekin dakar informazioa jatorrian argitaratu duen entitateak doan lagako duela, eta ez esklusiboki, berrerabilpena gauzatzeko beharrezkoak diren jabetza intelektualeko eskubideen informazioa, izaera unibertsalarekin eta Legeak baimentzen duen gehieneko eperako.

3. Informazioa argitaratzen den atal, web-orri edo egoitza elektroniko berean, berrerabiltzeko baldintza orokorrak argitaratuko dira.

36. artikulua. Ordainarazpenak.

1. Ordenantza honen aplikazio-eremuko entitateek ordainarazpenak eska ditzakete informazioa berrerabiltzeagatik, zerbitzuaren edo jardueraren kostuak estaltzeko, barnean direla informazioa biltzeko, produzitzeko, erreproduzitzeko, eskura jartzeko eta zabaltzeko kostuak.

2. Informazio publikoa berrerabiltzeko ordainarazpenak ezartzen direnean, Udalaren web-orrian edo egoitza elektronikoan sartuko da horiek biltzen dituen zerrenda, non adieraziko baitira haien zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko erabilitako kalkulu-oinarria, bai eta zer datu edo agiri multzotan aplika daitezkeen ere.

37. artikulua. Berrerabilpenaren esklusibotasuna.

1. Debeku da informazioa berrerabiltzearen arloan akordio esklusiboak izatea. Merkatuko eragile potentzial guztiei irekia dago berrerabilpena, baita eragile batek edo gehiagok jadanik balio erantsiko produktuak ustiatzen badituzte ere sektore publikoko informazioan oinarriturik. Agiriek eta hirugarrenek dituzten bestelako kontratu edo akordioek ez dute eskubide esklusiborik emanen.

2. Nolanahi ere, interes publikoko zerbitzu bat emateko eskubide esklusibo bat behar denean, ordenantza honen eremuko entitateak aldian behin berrikusiko du, gehienez ere hiru urtetik behin, eskubide esklusiboa onartzea justifikatu zuen arrazoiaren balioa.

3. Baliabide kulturalen digitalizazioarekin lotutako eskubide esklusiboei dagokienez, arlo honi buruzko arauketari segituko zaio.

4. Eskubide esklusiboak ematen dituzten erabaki guztiak gardenak izanen dira eta jendaurrean emanen dira ezagutzera.

38. artikulua. Informazioa berrerabiltzeko modalitateak.

1. Ordenantza honen aplikazio-eremuko entitateek sailkatuko dute beren esku dagoen informazio guztiaren berrerabilpena, berrerabiltzeko modalitate hauetako batean argitaratzen dena:

a) Aldez aurreko baimenik gabe eta baldintza espezifikorik gabe berrerabiltzeko modalitatea. Hau izanen litzateke lehentasunezko erabilera modalitatea, orokorra, non argitaratzen edo eskuragarri jartzen den informazioa berrerabilgarria eta eskuragarria izanen den, aldez aurreko baimenik gabe eta baldintza espezifikorik gabe, irizpide orokorrak eta 35. artikuluko berrerabiltze baldintzak errespetatuz.

b) Erabilera mugatuko edo aldez aurreko baimena behar duen berrerabilpen modalitatea. Salbuespenez, modalitate honen barnean egonen da informazioa eskuragarri jartzeko modalitate hori non baldintza espezifiko batzuk dauden, lizentzia eredu batean ezarriak, edo aldez aurreko baimen bat izateko baldintza dagoen, non, era berean, baldintza espezifikoak izan daitezkeen.

2. Baldintza espezifikoek honako irizpide hauek errespetatuko dituzte:

a) Argiak, bidezkoak eta gardenak izanen dira.

b) Ez dute murriztuko berrerabiltzeko aukera, ezta lehia mugatuko ere.

c) Ez ditu diskriminatuko berrerabiltzeko antzeko kategoriak.

d) Horretarako zergati justifikatua dagoenean aplikatuko dira, informazioaren titular den entitatearekin aurrez adosturik.

3. Nolanahi, erabilera mugatuko ahalik eta modu gutxien erabiliko dira baldintza espezifikoak dituzten berrerabilpen kasuak arautzeko, eta formatu digitalean, irekian eta elektronikoki prozesatzeko modukoan egonen dira eskura beti. Erabilera mugatuko modu horiek entitateak berak presta ditzake, baina lehentasuna emanen zaie nazioan edo nazioartean onarpen zabala duten erabilera libre eta doakoei, beste administrazio publiko batzuekin edo batzuek adostutakoei. Erabilera mugatuko modu horiek Udalaren web-orrian argitaratuko dira.

4. Ordenantza honen aplikazio-eremuko entitateek aukera izanen dute baldintza espezifikoen edukia aldatzeko, baita orain dauden erabilera mugatuak ere. Halaber, baldintza espezifikoak eta erabilera mugatuak aplikatzen ahal dizkiete halakorik ez zuten datu multzoei edo agiriei. Aldaketa horiek web-orrian argitaratuko dira eta, behin aldaketa argitaratu ondoren, datuen edo dokumentuen lehenbiziko eguneraketa argitaratzen edo eskura jartzen denetik aurrera behartuko dituzte berrerabiltzaileak, edo, betiere, egun horretatik sei hilabete iragandakoan.

39. artikulua. Berrerabil daitekeen informazioaren publizitatea.

1. Berrerabil daitekeen informazioaren publizitate aktiboak honako hauek izanen ditu: edukia, izaera, egitura, formatua, eguneraketaren maiztasuna, berrerabiltzeko modalitatea, aplikatu beharreko baldintzak eta, behar denean, berrerabilpenak dakarren ordainarazpena, bide elektronikoen bidez egiteko aukera izanen duena, berrerabiltzaileek autolikidazioa eta ordainketa egin ahal izateko.

2. Ordenantza honen aplikazio-eremuko entitateek beren dokumentuak emanen dituzte aldez aurretik zeuden edozein hizkuntza edo formatutan, baldin ahal bada eta egoki bada, makinak irakurtzeko moduko formatuan, horien metadatuekin batera. Bai formatuak bai metadatuek, ahal den neurrian, arau formal irekiak bete beharko dituzte. Zehazki, erabiliko dira beren kategorian “ireki” tipologiarekin sailkatutako estandarrak, onartutako bertsio minimoan eta egoera onartuan, bat etorririk Estandarren Katalogoko Elkarreragingarritasuneko Arau Teknikoko eranskinean ezarritakoarekin, urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren babesean (haren bidez arautu zen Elkarreragingarritasuneko Eskema Nazionala, ekainaren 22ko 11/2007 Legean aurreikusia), baita Informazio baliabideak berrerabiltzeari buruzko Elkarreragingarritasuneko Arau Teknikoaren babesean ere.

3. 2. idatz-zatiak ez du esan nahi ordenantza honen aplikazio-eremuko entitateak beharturik daudenik, idatz-zati hori betetzeko, dokumentuak sortzera, egokitzera edo dokumentuen laburpenak ematera, baldin horrek eskatzen badu eginahal neurriz kanpokoa, manipulazio soila baino handiagoa. Ezin izanen zaie entitate horiei exijitu dokumentu mota baten produkzioa eta biltegiratzea mantentzea, sektore pribatuko edo publikoko entitate batek berrerabil dezan.

4. Informazioa eta argitaratutako dokumentazioa bilatzeko sistemak ahalbidetuko du adieraztea informazio berrerabilgarria bilatzen dela.

40. artikulua. Berrerabiltzeko eskaerak tramitatzeko prozedura.

1. Azaroaren 17ko 37/2007 Legearen 10. artikuluko idatz-zatietan –oinarrizko araudiaren izaera dutenak– arautuko da tramitatzeko prozedura.

2. Organo eskudunak berrerabilpen eskaerak ebatziko ditu, eskaera jaso eta hilabeteko epean gehienez ere. Epe hori betetzea ezinezkoa denean, eskatutako informazioaren tamaina eta konplexutasunagatik, ebazteko epea beste hamabost egunez luzatzen ahalko da. Kasu horretan, epearen luzatzearen berri emanen zaio eskatzaileari, baita luzapenaren arrazoiak ere.

3. Baldin aldi berean eskatzen badira IV. kapituluan araututako informazioa eta informazio horren berrerabilpena, batera tramitatuko dira, IV. kapituluan ezarritako prozeduraren bidez, eta abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 20. artikuluan ezarritako gehieneko epeak aplikatuko dira.

4. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epean ez bada ebazpen espresurik eman, eskatzaileak uler dezake eskaera ezetsi egin dela.

VI. KAPITULUA

Erreklamazioak eta zehapen-araubidea

1. ATALA

Erreklamazioak

41. artikulua. Erreklamazioak.

1. Norbaitek uste badu ez dagoela eskura informazio publiko bat, argitaraturik behar lukeena, ordenantza honen buru den publizitate aktiboaren printzipioarekin bat, baita 16. artikulutik 22.era xedatuarekin bat ere, kexa aurkez dezake informazio publikoaren arloan eskumena duen organoan, abisu, kexa eta iradokizunetarako sistemaren bidez. Organo horrek behar den komunikazioa eginen du erreklamazioa erregistratu eta 10 eguneko epean gehienez ere, edo bestela, abisu, kexa eta iradokizunetarako sistemak ezarritako kalitate konpromisoek ezarritako epean, baldin azken epe hori txikiagoa bada.

2. Informazio publikoa eskuratzearen arloan eskumena duen organoaren ebazpen, egintza edo omisioen kontra, erreklamazioa aurkez daiteke Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Kontseiluan, aukeran eta administrazioarekiko auzibidean inpugnatu aurretik, bat etorririk abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 24. artikuluan xedatuarekin, baita artikulu horrek ezartzen dituen erreklamazio epe eta bideekin, ebazpen epeekin eta jakinarazpen moduekin ere.

2. ATALA

Zehapen-araubidea

42. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) Berrerabilpenerako erabilera mugatuak dituen edo aldez aurreko baimena behar duen informazioaren zentzuaren desnaturalizazioa.

b) Berrerabilpenerako erabilera mugatuak dituen edo aldez aurreko baimena behar duen informazioaren edukiaren aldaketa oso larria.

2. Arau-hauste larritzat joko dira:

a) Dokumentazioa berrerabiltzea, egoki den baimena lortu gabe, beharrezkoa denean.

b) Informazioa berrerabiltzea, baimendutako helburua ez den beste baterako.

c) Berrerabilpenerako erabilera mugatuak dituen edo aldez aurreko baimena behar duen informazioaren edukiaren aldaketa larria.

d) Erabilera mugatuko modalitatean, aldez aurreko baimenean edo aplikatzekoa den araudian ezarritako beste baldintza batzuk larriki ez betetzea.

3. Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Informazioaren azken eguneraketaren data ez aipatzea, salbu eta Udaleko langileen karguaren eginkizunen barneko ardura bada; azken kasu horietan, dagokion araubidera joko da.

b) Berrerabilpenerako erabilera mugatuak dituen edo aldez aurreko baimena behar duen informazioaren edukiaren aldaketa arina.

c) Iturria ez aipatzea, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

d) Erabilera mugatuko modalitatean, aldez aurreko baimenean edo aplikatzekoa den araudian ezarritako beste baldintza batzuk arinki ez betetzea.

43. artikulua. Zehapenak.

1. Kapitulu honetan bildutako arau-hausteengatik honako zehapen hauek ezarriko dira (proportzionalak, eta ez balio absolutuekin):

a) 3.000 euro arteko isuna, arau-hauste oso larriak egiteagatik.

b) 1.500 euro arteko isuna, arau-hauste larriak egiteagatik.

c) 750 euro arteko isuna, arau-hauste arinak egiteagatik.

2. Hemen azaldutako arau-hauste oso larriengatik eta larriengatik, a) eta b) lerroaldeetan aurreikusitako zehapenez gain, zehapen gisa ezartzen ahalko da baimena behar duten edo erabilera mugatukoak diren informazioak berrerabiltzeko debekua, urtebete eta bost urte bitarte, eta onartutako baimena edo erabilera mugatua errebokatzea.

3. Zehapenak mailakatu eginen dira, kontuan harturik berrerabilitako informazioaren izaera, informazioaren tamaina, lortutako onurak, intentzionalitate maila, eragindako kalte-galerak, bereziki honako hauei dagozkienak: datu pertsonalak, berrerortzea eta beste edozein inguruabar, garrantzitsua dena zehazteko zer antijuridikotasun eta erru maila izan diren arau-hausteko jarduketan.

44. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Ordenantza honetan aurreikusi gabeko guztian, zehapen-ahalmena erabiliko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluan eta aplikatzekoak diren beste lege batzuetan xedatuaren arabera.

2. Ordenantza honetan aurreikusitako araubide zehatzailea ulertzen da galarazi gabe izan daitezkeen erantzukizun zibila edo penala, lege-arauei jarraikiz.

45. artikulua. Organo eskuduna.

Apirilaren 2ko 7/1985 Legean xedatutakoaren arabera egokia den organoa izanen da eskuduna zehapenak ezartzeko, ordenantza honen xedapenen kontrako arau-hausteengatik.

46. artikulua. Diziplina-araubidea.

Udalaren zerbitzuko langileek betetzen ez dituztenean ordenantza honen xedapenak, gardentasunaren eta informazioa eskuratzearen arloan, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 9.3 eta 20.6 artikuluetan xedatuaren arabera zehatuko dira, baita zehapen arloko araudiaren arabera ere.

VII. KAPITULUA

Ebaluazioa eta jarraipena

47. artikulua. Organo arduraduna.

1. Alkatetza Udalburutzak, gobernua eta tokiko administrazioa gidatzeko ahalmenak erabiliz, gauzatuko ditu jarduketak, edo horretarako eskumena beste organo batzuetan eskuordetuko du, ordenantza honen edukia garatzeko, inplementatzeko eta gauzatzeko.

2. Orobat, indarreko araudia betetzeak berarekin dakartzan eginkizunen ardura duen arloa edo zerbitzua ezarriko da, eta hari esleituko zaizkio helburu hauek: arlo honi buruzko araudia garatzea, ebaluatzea eta jarraipena egitea, zirkularrak eta gomendioak egitea eta, bere manuak aplikatuz, antolakuntza-arloak koordinatzea.

48. artikulua. Prestakuntzarako, sentsibilizatzeko eta zabalkunderako jarduerak.

Eguesibarko Udalak behar diren jarduketa guztiak eginen ditu, bermatzeko ordenantza honetan xedatua behar bezala hedatuko eta ezagutzera emanen dela. Horretarako, publizitate-ekintzak diseinatuko ditu, bere bitarteko elektronikoen bidez eta bere lurralde-eremuan dauden herritarren partaidetzarako tresnen bidez. Halaber, prestakuntza ekintza espezifikoak antolatuko ditu, langileendako, baita komunikazio ekintzak ere, 2. artikuluko entitateekin.

49. artikulua. Garapen, ebaluazio- eta jarraipen-eginkizunak gauzatzeko erantzukizunak.

Ebaluazio- eta jarraipen-prozesuen emaitzek ekartzen dituzten erantzukizunak VI. kapituluan ezarritakoaren arabera eskatuko dira.

50. artikulua. Urteko plana eta memoria.

Gardentasuna garatzeko eta mantentzeko, eta informazioa eskuratzeko eta berrerabiltzeko helburuak eta jarduketak urteko planetan zehaztuko dira. Planen eta xedapen hauen gauzatzearen ebaluazio- eta jarraipen-lanen emaitza memoria baten xede izanen da. Zerbitzu arduradunak prestatuko du urtero memoria hori eta, horretarako, zerbitzu guztien laguntza izanen du. Zerbitzuak beren jarduketa arloari buruz behar den informazio guztia ematera beharturik egonen dira.

Urteko memoria prestatzeko prozesuan eskatuko da egindakoaren balorazio egituratua, eta bilduko dira herritarrei egindako parte-hartze proposamenak, dauden herritarren partaidetzarako organoen bidez edo parte hartzeko beste bide batzuen bitartez.

Xedapen iragankor bakarra.–Gauzatzeko neurriak.

Ordenantza hau indarrean sartzen denetik 6 hilabeteko epean, antolaketa egiturak egokituko dira, ordenantza gauzatzeko. Horretarako, Eguesibarko Udala hasiko da barne diseinua berregiten eta erregelamendu organikoa berrikusten, baita arau honek ukitzen dituen xedapen, zirkular eta barne jarraibide guztiak berrikusten ere, eta horiek egokitzeko behar diren jarraibide zehatzak emanen ditu.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 eta 70.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera, behin Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun baliodun iragan ondoren.

Iragarkiaren kodea: L1700663