44. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

12/2017 FORU AGINDUA, otsailaren 10ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena, gazteria arloko tokiko politika publikoak bultzatu eta babesteko 2017. urtean.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari atxikitako Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua da eskumen hauek bere gain dituen erakunde autonomoa: gazteria, gazteentzako zerbitzuak eta jarduerak sustatzea prebentzioaren, informazioaren, prestakuntzaren eta mugikortasunaren arloan, bai eta Nafarroako gazteen eskaerei erantzuten dizkieten beste arloetan ere.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 7. artikuluak “Toki entitateen eskumenak” jorratzen ditu. Zehazkiago, 7.2 artikuluak honako hau dio: “Nafarroako Foru Komunitateko gazteen aukera berdintasuna lortzen laguntzeko xedez, gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak laguntza eta aholkuak emanen dizkie Nafarroako toki entitateei gazteriaren arloko politikak sustatzeko lanean, honako alderdi hauetan zehazki: gazteriaren arloko tokiko planak prestatzea, gazteentzako instalazioak sustatzea, gazteentzako zerbitzu eta jarduerak garatzea prebentzioaren arloan, informazioa, prestakuntza eta mugikortasuna, bai eta gazteen eskaerei erantzuten dieten beste arlo batzuk ere.”

Nafarroako toki entitateentzako laguntza hori gauzatzeko, Gazteriaren Legean aurreikusirik baitago, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak bidezkotzat jotzen du foru agindu berri bat onestea toki entitateei 2017an eman beharreko diru-laguntzen araubidea ezartzeko.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak jarritako helburuak betetzearren, beharrezkotzat jotzen da, halaber, Nafarroako toki entitateei emanen zaizkien diru-laguntzen deialdia norgehiagokako araubidearen bitartez tramitatzea.

Deialdi honen xedea toki entitate horiei laguntzea da, Nafarroako gazteek bizitza sozialean parte-hartze aktibo hobea izan dezaten entitate horiek gazteentzat 2017ko deialdiak hartzen duen epean gauzatzen dituzten programek eragindako gastuak zati batean finantzatuz.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak txosten bat aurkeztu du, non baloratzen baita toki entitateentzako laguntzek duten garrantzia herriko gazteen parte-hartzea gizartean ahalbidetzeko, horretarako gazteria planak eta diagnostikoak eginez eta gazteentzako programak aurrera eramanez.

Hortaz, bidezko da foru agindu bat onestea, gazteentzako programak egiten dituzten toki entitateentzako diru-laguntzen araubidea ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2017. urtean gazteria arloko tokiko politika publikoak bultzatu eta babesteko toki entitateei emateko diru-laguntzen deialdia onestea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean azaltzen dira.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 230.000,00 (berrehun eta hogeita hamar mila) euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorretan “Toki entitateek gazteentzako programak egiteko diru-laguntzak” izeneko A50003-A5220-4609-232103 kontu-sail ekonomikoaren kargura.

3. Foru agindu hau eta 1. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Gainerako eranskin eta inprimakiak http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Juventud/ web-orrian eskuratzen ahalko dira.

4. Foru agindu hau Gazteriaren Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta atal horretako Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari igortzea.

Iruñean, 2017ko otsailaren 10ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei gazteria arloko tokiko politika publikoak bultzatu eta babesteko emanen zaizkien diru-laguntzen araubidea ezartzea. Diru-laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira.

Hona hemen zertan datzan deialdi honen onura publikoa: Nafarroako tokiko entitateei laguntza emanen zaie gazteentzako neurriak gauzatzeko, gazteen garapen pertsonala helburu, eta udalerrian gazteen parte-hartzea sustatzeko, betiere aukera berdintasuneko baldintzetan Nafarroako Foru Komunitate osorako.

Arau orokor gisa, deialdi honetan diru-laguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean arauturik egon eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki entitateek.

2. Helburua.

Deialdi honetako diru-laguntzen xedea da Nafarroako toki entitateei gastu hauen zati bat finantzatzea:

a) Tokiko Gazteria Plana, aurretiazko diagnostikoak eta 2018. urteko programazioa prestatzea.

b) Nafarroako gazteek, hamalau urtetik hogeita hamar urtera bitartekoek, bizitza sozialean duten parte-hartze aktiboa hobetzeko helburua duten gazteentzako jardueren programak/proiektuak gauzatzea. Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 2. artikulua betez.

Proiektuak 2017ko urtarrilaren 1etik urriaren 20ra bitarte gauzatu beharko dira.

3. Aurrekontuko kreditua.

Deialdi honetarako aurrekontua 230.000,00 eurokoa da osotara, Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateek gazteentzako programak egiteko diru-laguntzak” izeneko A50003-A5220-4609-232103 kontu-sail ekonomikoaren kargura.

4. Entitate onuradunen betebeharrak.

Onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera eratuak izatea.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izatea.

–Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat ere ez urratzea.

5. Tokiko Gazteria Plana, aurretiazko diagnostikoak eta 2018. urteko programazioa prestatzeko diru-laguntza.

5.1. Atal honen xedea da diru-laguntza emateko oinarriak ezartzea Tokiko Gazteria Plana egiteko, bai eta gazteriaren diagnostikoak ere, planaren aurretik halakorik egiten bada, eta gazteentzako jarduerak programatzeko 2018. urterako.

Toki entitateek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute tokiko gazteria planak, aurretiazko diagnostikoak eta 2018. urteko jarduera programak egiteko kanpoko kontratazioak sortzen dituen gastuetarako. Kontratazioak 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko urriaren 20ra egina izan beharko du.

Tokiko Gazteria Plana deitzen zaio udalerrian proposaturiko gazteria arloko politikak gauzatu daitezen epe jakin batean beharrezkoak izanen diren gidalerro, neurri, ekintza eta baliabideak modu estrategikoan biltzen dituen agiriari.

Diagnostikoa deitzen zaio aldez aurretik egiten den eta beharrezkoa den azterketari, gazteria arloko eskaera eta beharrei buruzko datuak eta informazioa jasotzen dituenari, gerora Tokiko Gazteria Plana egiteko.

Urteko programazioa deitzen zaio herri batean gazteria arloan urtebetean egin beharreko jarduera planifikatuen multzoari.

5.2. Tokiko Gazteria Plana edo aurretiazko diagnostikoa egiteko laguntza eskatzen ahalko dute baldintza hauek betetzen dituzten Nafarroako toki entitateek:

a) Udala bada, 3.000 biztanle edo gehiago izatea, eta oinarrizko gizarte zerbitzuen mankomunitatea bada, 5.000 biztanle baino gehiago biltzea, 2017ko urtarrilaren 1eko populazio datuen arabera.

b) Egitura organikoan Gazteriaren Zinegotzigoa izatea, eta aurrekontuan arlo horretarako kontu-sail edo diru-izendapena izatea.

Bestalde, 2018rako jardueren urteko programazioa prestatzeko laguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako toki entitate guztiek.

5.3. Tokiko Gazteria Plana, aurretiazko diagnostikoak eta urteko programazioa diruz laguntzeko betekizunak.

a) Tokiko Gazteria Planaren azken agiriak informazio hau edukiko du gutxienez: udalerriko gazteriaren egoeraren diagnostikoa eta jarduketen plangintza hiru urterako, gutxienez. Plangintza horrek barnean bilduko ditu helburuak, ildo estrategikoak, eremuak, ekintzak, haien aplikaziorako aurrekontu ekonomikoa, ebaluazioa eta adierazleak eremuz eremu.

Tokiko Gazteria Plan horretan gazteek parte hartuko dute.

b) Tokiko Gazteria Planaren aurretik eginen diren gazteriaren diagnostikoek informazio hauek bilduko dituzte gutxienez: helburuak, metodologia, azterketa soziodemografikoa, gazteen eskari eta beharren identifikazioa, gazteek udalerrian duten parte-hartzea, politiken balorazioa eta egokitzapena, egungo zerbitzu eta programak, eta jarduketa ildoen definizioa.

c) 2018. urterako programazioak informazio hauek bilduko ditu, gutxienez: helburuak, hartzaileak, jarduerak, lortu beharreko emaitzak, jarraipenerako adierazleak eta aurrekontua. Gazteria arloko teknikaria duten toki entitateek ez dute urteko programazioa egiteko laguntzarik jasoko.

Atal honetako lanak 2. oinarrian adierazitako epean gauzatu behar dira, hau da, 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko urriaren 20ra bitartean.

5.4. Tokiko Gazteria Planetarako, aurretiazko diagnostikoetarako eta jardueraren urteko programaziorako diru-laguntzaren zenbatekoa:

a) Tokiko Gazteria Plana prestatzeko diru-laguntza %50 izaten ahalko da gehienez:

a.1) Diagnostikoa prestatzeko gastuaren %50, 3.000 euroko mugarekin.

a.2) Tokiko plana prestatzeko gastuaren %50, 3.000 euroko mugarekin.

b) Urteko programazioa egiteko diru-laguntza gehienez ere %50 izanen da 2018rako, 1.500,00 euroko mugarekin toki entitate bakoitzeko.

5.5. Eskaerak aurkezteko dokumentazioa.

Tokiko gazteria planak, aurretiazko diagnostikoak eta urteko programazioa egiteko diru-laguntza eskatzen duten entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Alkate udalburuak edo Gazteria arloko zinegotziak sinaturiko eskabidea, horretarako egin den II. eranskinaren araberakoa. Eredua Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan, Internet bidez (http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Juventud/) eta Nafarroako Gobernuko Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahalko da.

b) Toki entitateko Idazkaritzaren edo ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, entitatea diru-laguntzak jasotzeko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoera batean ez dagoela azaltzen duena.

c) Tokiko Gazteria Plana prestatzeko proiektua. Bertan zehatz azalduko dira helburuak, metodologia, faseak eta aurrekontua, eta diru-laguntzaren xede den tokiko plana zein entitate edo enpresak eginen duen adieraziko da.

d) Tokiko Gazteria Planaren aurreko diagnostikoa egiteko proiektua. Bertan zehatz azalduko dira helburuak, metodologia, azterketa eremuak, epeak eta aurrekontua, eta diru-laguntzaren xede den tokiko planaren aurreko diagnostikoa zein entitate edo enpresak eginen duen adieraziko da.

e) Udalaren Osoko Bilkurak, Gobernu Batzordeak edo organo eskudunak Tokiko Gazteria Plana egin dadila onesteko hartutako erabakia.

5.6. Atal honetako behar ekonomikoei aurre egiteko 30.000,00 euro gordetzen dira deialdirako ezarritako diru-kopuru osotik, eta horiek ez badira guztiz agortzen, soberakina gazteentzako programen garapenerako atalera sartuko da. Nolanahi ere, aurrekontuan dagoen kreditua ahituz gero, dagoena diru-laguntzaren entitate onuradunen artean hainbanatuko da, portzentaje berdinean.

6. Gazteentzako programak egiteko 2017ko diru-laguntza.

Diru-laguntzaren xede dira herrian bertan egindako ekintzak, gazteei zuzenduak eta haien inplikazioa eta erantzukizuna sustatzen dutenak, biltzen dituzten programak:

6.1. Gazteen integrazioa eta parte-hartzea sustatzen dituztenak.

6.1.1. Gazteei, ikuspegi integral batetik, bizitza sozialean parte-hartze aktiboa izateko bitartekoak eta tresnak ematen dizkieten ekintzak.

6.1.2. Gazteen bizi-ibilbidea hobetzen duten ekintzak, haien beharrak aintzat hartuta.

6.1.3. Belaunaldien arteko harremanak sustatzen dituzten ekintzak, gazteen eta zaharragoen arteko interakzioa errazteko, tradizioa eta teknologia berriak uztartuz.

6.1.4. Gazteen parte-hartze solidarioa bultzatzen duten ekintzak, boluntariotzaren, hezkuntzaren eta garapenerako lankidetzaren bidez.

6.1.5. Gazteen eta administrazioen arteko solasaldiak eta foroak bultzatzen dituzten jarduketak.

6.1.6. Elkarrizketa egituratuari lotutako ekintzak, gazteriaren arloko erabakiak hartzeko ardura dutenen eta gazteen arteko debateak.

6.1.7. Toki entitateak gazteen garapena eta udalerrian duten parte-hartzea hobetzearren antolatzen ahal dituen beste jarduera batzuk.

6.2. Gazteen prestakuntza hobetzen dutenak.

6.2.1. Gazteek prestakuntza eta enplegua izan ditzaten laguntzen duten ekintzak.

6.2.2. Osasun-hezkuntzako ekintzak.

6.2.3. Gazteriaren asteari lotutako jarduerak, balio demokratikoak sustatzen dituztenak.

6.2.4. Indarkeria, arrazakeria, xenofobia, sexismoa, homofobia eta intolerantzia prebenitzen duten ekintzak.

6.2.5. Emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren aldeko ekintzak.

6.3. Gazteen aisia eta astialdi osasungarria bultzatzen dituztenak.

6.3.1. Aisialdiko eta jostetako jarduerak. Aisia eta jostetako jardueratzat hartuko dira lokaletan nahiz eremu irekietan egiten direnak eta jolasa, josteta edo hezkuntza ez formala helburu dutenak, betiere deialdiaren 7. oinarrian zehaztutako salbuespenak salbuespen.

6.3.2. Gazteen artea sustatzen duten ekintzak. Gazteengan arte zaletasuna sustatu eta gazte talentudunei bultzada ematen dieten jarduerak dira. Ildo horretan, diru-laguntza eskatzen ahalko da Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren “Nafarroako artista gazteen topaketak” programako norbanako eta talde irabazleak protagonista dituzten ikuskizunak kontratatzeko.

6.3.3. Mugikortasuneko jarduerak. Herritik kanpora egiten diren irteeretan, hala nola, kanpalekuak, aterpetxeetara joatea, txangoak.

6.3.4. Gazteen aisialdiko eta astialdiko proiektuak, non baztertzeko arriskuan dauden gazteek eta/edo desgaitasuna duten gazteek parte hartzen baitute.

7. Jardueren 2017ko programak egiteko diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

7.1. Deialdi honetan diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira jarduerak gauzatzearekin zuzeneko lotura dutenak, hala nola:

–Toki entitateko gazteriaren arloko teknikariaren soldatari eta gizarte segurantzako gastuei egozten ahal zaien portzentajea.

–Garraioko gastuak; halakotzat joko dira garraio kolektiboak, publikoak nahiz pribatuak, erabiltzearen ondorioz sortutakoak.

–Mantenu eta ostatu gastuak, gaua kanpoan ematea barne hartzen duten mugikortasuneko jardueretan.

–Diru-laguntzaren xedeko jarduera egiteko beharrezkoak diren material suntsigarrien gastuak.

–Gazteentzako programetan jasotako jarduerak antolatu eta garatzeko profesionalak kontratatzetik etorritako gastuak.

–Jarduerarekin zerikusia duten argitalpen edota material didaktikoak, gazteei zuzenduak, argitaratzeko gastuak.

–Gazteen teknikari eta informatzaileak Gazteriaren Zuzendariordetzarekin koordinatzeko egin beharreko bilerek sortutako joan-etorrien gastuak.

Diruz laguntzen ahal diren gastuak dira, bakar-bakarrik, gastu arruntak, betiere diruz laguntzen den jardueraren izaerari zuzenean eta zalantzarik gabe lotuak badaude eta diruz lagundutako jarduerak egiteko ezarri den epe berari baldin badagozkio.

7.2. Diruz lagungarriak diren gastuetarako gehieneko muga hauek ezarri dira:

a) Joan-etorrien gehieneko gastua 1.500 eurokoa izanen da, joan-etorri bakoitzeko. Banakako txartelen bidezko garraio gastuetarako, tarifa arrunt merkeenaren prezioa ordainduko da (turista-maila).

b) Herritik kanpora egiten diren jardueretan, gaua kanpoan ematea beharrezkoa denean, ostatu eta mantenu gastu gehienekoak 28 eurokoak izanen dira, parte-hartzaile eta egun bakoitzeko.

7.3. Atal honetako behar ekonomikoei aurre egiteko 200.000,00 euro jarriko dira, edo horiei aurreko ataleko soberakinak gehituta ateratzen den diru-kopurua, soberakinik izanez gero.

8. Jardueren 2017ko programak egiteko diru-laguntzatik kanpo geratzen diren esparrua eta gastuak.

Deialdi honetako diru-laguntzatik kanpo daude:

a) Irakaskuntzako jarduerak, indarra duten ikasketa planetan aurreikusitakoak, edo hezkuntza formalaren xede edo edukiak dituztenak.

b) Kirol kluben jarduerak.

c) Inauteriak, dantzaldiak, kontzertuak, tokian tokiko jaiak, gazteria festak, desfileak eta unean uneko beste festa batzuk, gazteentzako berariazko proiektu batean garbi egokitzen ez direnak.

d) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren aurretiazko baimenik izan gabe 14 urtetik beherako haurrentzat antolatzen diren programa edota jarduerak.

e) Toki entitateen diru-laguntzekin beste entitate edo talde batzuek egiten dituzten jarduerak.

f) Nafarroako Gobernuaren beste departamentu batzuen eskumeneko gaiei buruzko programak, diruz lagunduak badira.

g) Gazteentzako azpiegituren kudeaketa, funtzionamendu edota mantentze gastuak.

h) Gazteentzako informazio zerbitzuen kudeaketa eta funtzionamendu gastuak.

i) Material inbentariagarria erostea.

j) Bazkari, hamaiketako, askari eta horrelako gastuak, irtenaldietako mantenu gastuak izan ezik.

k) Eta jarduerarekin zuzeneko loturarik ez duten beste gastu batzuk.

9. Jardueren 2017ko programak egiteko eskaerak eta hasierako agiriak.

Gazteentzako programak garatzeko diru-laguntza eskatzen duten entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

9.1. Diru-laguntzarako eskaerak, alkateak edo toki entitateko buruak sinatuak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendutako eskabide orokorraren bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak emanen dituen eta/edo http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Juventud/ web-orrian eta Nafarroako Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahalko diren ereduak erabiliz (III. eranskina).

9.2. Eskaerarekin batera, alkateak edo toki entitateko buruak eta idazkariak sinatutako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, IV. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa (eredua eskura daiteke Nafarroako Gazteriaren eta Kirolaren Institutuaren bulegoetan, http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Juventud/ webgunean, eta Nafarroako Atariko Zerbitzuen Katalogoan). Ziurtagiri horretan, toki entitatearen gaineko honako alderdi hauek frogatu beharko dira:

a) Toki entitatea diru-laguntzen onuradun izateko debekurik ez urratzea. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

b) 22. oinarrian ezarritakoa gertatu ezean, entitate onuradunak ez duela gardentasunaren gaineko betebeharrik, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzen duen unitateari egiaztapenak eta ikuskapenak egiteko esleitu zaizkion ahalmenak.

9.3. Behar bezala prestatutako eta ekonomikoki baloratutako proiektua. Proiektu horiek, gutxienez, eduki hau izanen dute: helburuak, hartzaileak, metodologia, jardueren deskribapena, gauzatu beharreko ekintzen banaketa geografikoa, jardueren egutegia eta aurrekontu zehaztua, bai eta diru-sarreren aurreikuspena ere; hala jasotzen da V. eranskineko 1-3 fitxen araberako eskabide ereduan, toki entitateko idazkariak izenpetu beharrekoan. Eredu horiek eskura egonen dira Nafarroako Gazteriaren eta Kirolaren Institutuaren bulegoetan, http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Juventud/ webgunean, eta Nafarroako Atariko Zerbitzuen Katalogoan.

9.4. Erantzukizunpeko adierazpena, sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboari buruzkoa, gazteentzako jardueretan parte hartu ahal izateko. (VI. eranskina)

9.5. Eskaerak hobeki ebaluatzen laguntzeko, eskatzaileei aurkeztutako proiektuetako informazioa argitzeko eskatzen ahalko die Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak.

10. Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

10.1. Deialdi honetarako eskaera guztiak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkezten ahalko dira (Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere. Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, eskabidea eta eranskinak sinatzen dituen pertsonaren sinadura elektronikoa beharko da, baita kasuan kasuko toki entitatearen sinadura elektronikoa ere.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

10.2. Eskaerak postaz aurkez daitezke. Kasu horretan, interesdunak dagokion ziurtagiriaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun berean, diru-laguntza kudeatzen duen organoari iragarri beharko dio telefax, telex edo telegrama bidez proposamena igorri duela. Bi baldintza horiek bete ezean, dokumentazioa ez da onartuko, betiere eskaera aurkezteko ezarritako epetik kanpo jasotzen bada. Halaber, epea amaitu eta 10 egun natural iraganik dokumentaziorik jaso ez bada, ez da inola ere onartuko.

10.3. Hala ere, agirien aurkezpenean akatsik atzemanez gero, beste 5 egun balioduneko epea irekiko da akats horiek zuzentzeko eta, halaber, ohartaraziko da, entitateak hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

Toki entitateak emandako posta elektronikoaren helbidera komunikazio elektronikoa igorriz eginen da errekerimendua, eskaera honetan ezarritako dokumentazioa osatzeko edo zuzentzeko.

10.4. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaerak, bai eta datu faltsuak dituztenak ere.

11. Diru-laguntza emateko irizpideak:

11.1. Tokiko Gazteria Plana, aurretiazko diagnostikoa eta urteko programazioa prestatzeko laguntzarako eskaerak deialdi honen 5. oinarriari jarraikiz baloratuko dira. Horretarako, lehentasuna emanen zaie tokiko gazteria planei lehenik, aurretiazko diagnostikoei bigarrenik eta urteko programazioei hirugarrenik. Nolanahi ere, aurrekontuan dagoen kreditua ahituz gero, dagoena diru-laguntzaren entitate onuradunen artean hainbanatuko da, portzentaje berdinean.

11.2. Jardueren 2017ko programak egiteko diru-laguntzen eskaerak honako irizpide hauei jarraikiz eginen dira, eta irizpideen balorazio bateratua eginen da. Nolanahi ere, aurrekontuan dagoen kreditua ahituz gero, dagoena diru-laguntzaren entitate onuradunen artean hainbanatuko da, portzentaje berdinean.

a) Proiektua zenbateraino egokitzen zaien deialdi honetako helburuei (45 puntu gehienez).

b) Proiektuaren kalitatea (35 puntu gehienez). Atal honetan baloratzekoak: jardueren plangintza, helburuen, ekintzen eta aurrekontuaren arteko koherentzia, proiektuaren izaera berritzailea eta emaitzen adierazleak.

c) Proiektua gauzatzeko toki entitateak jartzen dituen baliabideak (20 puntu gehienez).

70 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

12. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

a) Gazteentzako programak garatzea.

Herrian bertan gazteentzako egindako ekintzen finantzaketa ez da izanen ekintza bakoitzaren defizitaren erdia baino handiagoa.

Toki entitate bakoitzak 20.000,00 euro jasotzen ahalko ditu gehienez, deialdi honen atal guztien kontura.

b) Tokiko Gazteria Plana, aurretiazko diagnostikoak eta urteko programazioa prestatzea.

b.1) Tokiko plana egiteko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 3.000,00 eurokoa izanen da.

b.2) Diagnostikoa egiteko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 3.000,00 eurokoa izanen da.

b.3) Urteko programazioa egiteko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.500,00 eurokoa izanen da.

13. Diru-laguntzak emateko prozedura.

Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

14. Antolamendua eta instrukzioa.

Diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetza izanen da.

15. Diru-laguntza emateko ebazpena.

15.1. Behin eskaera eta hasierako dokumentazioa aurkezturik, eta eranskin honetako 11. oinarrian ezarritakoaren arabera baloratu ondoren, diru-laguntza onartzeko ebazpena emanen da.

15.2. Diru-laguntzarako eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du eta interesdunei jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoari jarraikiz, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik bi hilabeteko epean gehienez.

15.3. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

15.4. Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren xedeak eta zenbatekoa agertuko dira. Orobat, diru-laguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

15.5. Laguntzak ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura jasotzeak ez dakarkio onuradunari hurrengo urteetan laguntza izateko eskubidea.

16. Frogagiriak.

Diru-laguntza ordainduko da diru-laguntzaren xede den jarduera bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren. (VII. eranskina).

Diruz laguntzen den gastu osoa justifikatu beharko da; horretarako, 2017ko urriaren 27a izanen da azken eguna.

16.1. Tokiko Gazteria Plana, aurretiazko diagnostikoa edo 2018. urteko programazioa prestatzeko diru-laguntza justifikatzeko:

–Diru-laguntzaren xede den Tokiko Gazteria Planaren, aurretiazko diagnostikoaren edo 2018. urteko programazioaren azken agiria.

16.2. Gazteentzako 2017ko programak egiteko diru-laguntza justifikatzeko:

Egindako programak identifikatzeko datuak jasoko dituzten frogagiriak eta jarduera arrunten programa deskribatzen duen memoria, bertan jasota diruz lagundu eta bete diren jarduera guztiak. Besteak beste, honako hauek jasoko dira: jardueren izena, helburuak, zer adinetako jendearentzat diren, iraupena, non egin diren, monitoreen izenak, parte-hartzaileak eta publizitatea. (VII. eranskina, 1. fitxa).

Kasu guztietan:

16.3. Diru-laguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastuen faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 5. eta 6. oinarrietan ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira (VII. eranskina, 2. fitxa).

Jatorrizko fakturak (edo kopia konpultsatuak edo erkatuak) ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainketaren ziurtagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak, eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean eta zenbaki berarekin aurkeztuak, diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Dokumentazio horren ordez, toki entitateko idazkariak sinatutako eta alkateak edo buruak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla egiaztatzen duena. (VII. eranskina, 3. fitxa).

Toki entitateko gazteriaren arloko teknikariaren soldataren eta Gizarte Segurantzako gastuak toki entitateko idazkariaren ziurtagiri bat, bertako alkatearen edo buruaren ikus-onetsiarekin, aurkeztuz justifikatuko da.

16.4. Justifikaziorako epea bukatuta, entitate onuradunak ez baditu beharrezko agiriak aurkeztu, justifikatzeko betebeharra bete gabe gelditu dela ulertuko da.

16.5. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitateari eskaera eginen zaio, jaso izanaren agiriaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluak dioen bezala.

Toki entitateak emandako posta elektronikoaren helbidera komunikazio elektronikoa igorriz eginen da errekerimendua, eskaera honetan ezarritako dokumentazioa osatzeko edo zuzentzeko.

17. Diru-laguntza ordaintzeko modua eta epea.

17.1. Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 16. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

17.2. Ematen den diru-laguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta 2 hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

18. Betebeharrak.

18.1. Diru-laguntzen onuradunek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

18.2. Diru-laguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

18.3. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

18.4. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

19. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten toki entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta diru-laguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ezin izanen dute proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditu, deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa barne dela.

Kontzeptu berberetarako laguntza bi erakundetatik edo gehiagotatik jasotzen duten toki entitateek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, elkarteko buruak sinatua, diru-laguntza guztien batura elkarteak egindako gastua baino baxuagoa dela adierazteko. VIII. eranskina.

20. Oinarriak onartzea.

Deialdi honetan parte-hartzearekin onartu egiten dira bere oinarri guztiak.

21. Ez-betetzeak.

21.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko diru-laguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

21.2. Halaber, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, aitzineko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko dirua.

22. Gardentasun betebeharrak.

22.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, entitate onuradunek gardentasun-betebeharrak izanen dituzte, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren bidez arautuak (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrak arautzen dituen foru dekretua).

Urtean 20.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten entitate onuradunek, onetsitako laguntza beren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa bada, honako informazio hau eman beharko diote Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari:

a) Entitateen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Entitate onuradunen legezko ordezkariek sinatu beharko dute aipatutako informazioa.

22.2. Aurreko ataleko inguruabarrak ez gertatzeagatik entitate onuradunak gardentasun-betebeharra bete behar ez badu, horixe dioen aitorpena aurkeztu beharko du, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzeko unitateari egiaztatu eta ikuskatzeko esleitu zaizkion ahalmenak.

Aitorpen hori aurkeztuta ere, nahitaez onartu behar dira laguntza ematen duen organoaren egiaztapen lanak, eranskin honen 18. oinarrian ezarritakoak.

22.3. Atal honetan aipatzen den informazioa diru-laguntza onesteko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendua.

22.4. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa ez aurkezteak onetsitako diru-laguntza ez ordaintzea ekarriko du berekin, eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

22.5. Nolanahi ere, entitate onuradunek dokumentuak ez aurkezteko eskubidea izanen dute baldin eta haiek dagoeneko Foru Komunitateko Administrazioaren esku badaude (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikulua).

22.6. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datu pertsonalak jakinarazteko ez da beharrekoa izanen interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.

22.7. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

23. Azpikontratazioa.

23.1. Toki entitate onuradunek zilegi dute diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea, guztiz edo partez, eta ez dago horretarako portzentaje-mugarik. Nolanahi ere, onuradunak berak egiten badu diru-laguntza jasotzen duen jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

23.2. Behin ere ez da kontraturik eginen beste batzuekin, diruz lagundutako jardueraren kostua garestitu eta proiektuari ezer berririk eransten ez badio.

23.3. Kontratistek toki entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Toki entitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin beharko dira diru-laguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki entitate onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

23.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoaren edo zati baten exekuzioa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7. artikuluan adierazitako pertsonekin.

23.5. Nafarroako toki entitateak eta haien erakunde autonomoak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen xedapenak bete beharko dituzte, Toki Administrazioaren arloko foru legeek eragindako berezitasunekin betiere.

24. Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete toki administrazioek, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, ukatu gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

25. Aplikatu beharreko legeria.

Oinarri hauetan ezarri ez diren gaietan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1701960