44. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GALAR

Udal ordenantza, Udalak garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloan egiten dituen jarduketak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Galarko Udalak, 2016ko urriaren 13an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Galarko Udalak garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloan egiten dituen jarduketak arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2016ko 218. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 11n.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Getze Galarren, 2017ko urtarrilaren 19an.–Alkatea, Cecilio Lusarreta Echarri.

ORDENANTZA, GALARKO UDALAK GARAPENERAKO NAZIOARTEKO LANKIDETZAREN ARLOAN EGITEN DITUEN JARDUKETAK ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

Ordenantza honen bidez esparru juridikoa ezarri nahi da, Galarko Udalak nazioarteko lankidetzarako erabiliko dituen modalitate eta tresnetarako.

Ordenantza honen lehen berritasun gisa, bere helburua aipa daiteke. Ez gaude garapenerako lankidetzaren eremuan soilik. Nazioarteko lankidetzak bere baitan hartuko du kanpoko edozein komunitaterekin egiten dena, haren garapen maila edozein dela ere. Hala ere, horrek ez du galarazten arreta berezia jartzea hirugarren munduko komunitate eta herrialdeen garapenerako lankidetzan eta laguntzan.

Udal hau nazioarteko lankidetzarako ekintzak egiten ari da gure ingurune europarreko komunitateekin, eta, orobat, hirugarren mundukotzat jotzen diren herrialdeen garapenerako lankidetza eta laguntzako ekintzak, normalean lankidetzako beste eragile batzuen proiektuak diruz lagunduz.

Beharrezkotzat jotzen da jauzi kualitatiboa ematea nazioarteko lankidetzaren eremuan egiten diren ekintzetan, tresna berriak sustatuz eta horien kudeaketa hobetuz, gardentasun eta egonkortasun handiagoa emanen dien esparru juridiko baten bitartez.

Garapenerako nazioarteko lankidetza bere jarduketen nolakotasunak definitzen du; jarduketa horien bidez esperientziak eta baliabideak trukatzen dira Galar Zendeako Udalaren eta hirugarren munduko herrialdeen artean, horrela helburu komunak lortzeko, irizpide hauetan oinarriturik: elkartasuna, ekitatea, eraginkortasuna, elkarrekiko interesa, jasangarritasuna eta erantzunkidetasuna, betiere pobrezia, langabezia eta gizarte bazterketa desagerraraztea bilatuz. Hegoaldeko herrialdeen garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala bultzatu nahi da.

Horregatik, ordenantza bat prestatu nahi izan da, horren bidez segurtasun juridikoa bateratu ahal izateko lankidetzarako tresnek bilatzen dituzten xedeen eraginkortasun eta efizientziarekin, betiere administrazio prozedura erkidearen araudia errespetatuz. Garapenerako lankidetza programak zein gizarte errealitatetan gauzatzen diren kontuan harturik, araudi orokorra egokitu egin behar da ekintza eta laguntza horiek emankorrak izan daitezen.

I. TITULUA

Ohar orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da beharra duten herrialde edo komunitateen garapenerako nazioarteko lankidetzari begira Udalak eskura dituen tresnak arautzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau aplikatuko zaie garapenerako nazioarteko lankidetzari eta laguntzari begira Galar Zendeako Udalak sustatzen dituen ekintzei edo Udalaren partaidetza dutenei.

Ordenantza honen eremuan sartzen dira elkartasunerako sentsibilizazio eta hezkuntza jarduketak, proiektuak edo programak; hau da, gure zendean gauzatzen direnak.

3. artikulua. Definizioak:

1.–Garapenerako lankidetza: ordenantza honen ondorioetarako, garapenerako nazioarteko lankidetza gisa hartzen dira Galar Zendeako Udalak garapen bidean dauden herrialde eta komunitateen alde lagundu, sustatu edo gauzatzen dituen jarduketa guztiak, testu honetan ezarritako helburuak betetzen laguntzeko xedez.

2.–Diru-laguntza: araudi honen ondorioetarako, diru-laguntzatzat jotzen da Galar Zendeako Udalak ordenantza honetan ageri diren jarduketak sustatzeko zuzeneko transferentzia bidez egiten duen diru ekarpena.

3.–Garapenerako lankidetza programak: ekintzen multzoa, horien helburua izanik hirugarren munduko herrialdeetako komunitateetan pobrezia sortzen duten egiturazko arrazoiak murriztea eta haien gizarte egoera hobetzea. Gauzatzeko epea hamabi hilabetetik beherakoa denean, proiektu gisa hartuko da.

4.–Elkartasunerako sentsibilizazio eta hezkuntza programak, proiektuak edo kanpainak: Zendeako bizilagunei bideratutako jarduketak, garapen bidean dauden herrialdeen egoerari eta haien zailtasunen jatorriari buruzko informazioa eman eta horri buruzko prestakuntza emateko, herrien arteko elkartasuna eta sentsibilizazioa bultzatze aldera. Horien artean espresuki sartzen dira hirugarren munduko herrialde edo komunitateetakoak diren pertsonen aldi baterako harrerak edo antzeko kanpainak.

5.–Laguntza humanitarioa eta larrialdietakoa: jarduketa aringarriak, ahal den neurrian arintzeko naturako hondamendiek edo pertsonek eragindakoek, gatazka armatuek eta giza eskubideak ez izateak sorrarazten dituzten pairamenak.

6.–Kooperantea: garapenerako lankidetzaren eremuan proiektu edo programa bat gauzatzeko lanean parte hartzen duen pertsona, Espainian indarra duen lan arloko legediaren araberako kontratuarekin; gainera, prestakuntza egokia edo titulazio akademiko ofiziala ez ezik, lan esperientzia frogatua du.

7.–Boluntarioa: gobernuz kanpoko erakunde bati loturik, ordaindu gabeko zerbitzuak egiten dituen pertsona, garapenerako lankidetzaren esparruan eta boluntariotzari buruzko araudiaren barnean; hortaz, diru konpentsazioa jaso dezake egiten dituen gastuengatik.

4. artikulua. Garapenerako lankidetzaren eta laguntzaren tresnak.

Garapenerako nazioarteko lankidetzaren eta laguntzaren tresnak, Galar Zendeako Udalak erabiliko dituenak, honako hauek dira:

1. Diruz laguntzea kanpoan gauzatuko diren garapenerako lankidetzaren programak eta proiektuak, kudeaketa deszentralizatuko modalitatearen bidez, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen (GGKE) bitartez.

2. Banakako laguntzak, banakako edo elkartutako kooperanteei eta boluntarioei.

3. Laguntza humanitarioa.

4. Sentsibilizazio proiektuak, elkartasuna sustatzea eta harrera programak.

5. Lankidetza zuzena.

6. Lankidetza kulturala, soziala eta zientifiko-teknikoa.

7. Funtsetarako ekarpenak.

5. artikulua. Funtsen jatorria eta horien banaketa, garapenerako lankidetzaren alde.

1.–Urtero, Galar Zendeako Udalak bere aurrekontuetan, programa bereki batean, hasierako kreditu bat jarriko du erregelamendu honetan ageri diren jarduketak finantzatzeko, eta baliabide arrunten %0,7aren parekoa izanen da gutxienez.

2.–Orientazio moduan, ekitaldi bakoitzean garapenerako laguntzaren modalitateetarako erabilgarri dauden funtsak honela banatuko dira:

URTE ANITZETARAKO PROGRAMEN DEIALDIA

URTEKO
PROIEKTUEN DEIALDIA

BANAKAKO LAGUNTZAK

SENTSIBILIZAZIO ETA HARRERA PROIEKTUAK

LANKIDETZA ZUZENA

LANKIDETZA KULTURALA

FUNTSETAKO EKARPENA

%50

%25

%7

%7

%7

%2

%2

3.–Tokiko Gobernu Batzarrari ahalmena ematen zaio, berariaz, ezarri diren portzentaje horiek aldatzeko.

4.–Ekitaldi bakoitzeko azaro bukaeran ez badago konprometituta hasiera batean jarritako kreditua, zinegotzi delegatuak Tokiko Gobernu Batzarrari proposatzen ahalko dio zer xede zehatzetarako erabili kreditu erabilgarriak, lehentasuna izanik nazioarteko lankidetzaren eremuak.

II. TITULUA

Lankidetza ekonomiko deszentralizatua GGKEen bidez

I. KAPITULUA

Deialdia eta prozedura

6. artikulua. Modalitateak.

1.–Galar Zendeako Udalak diruz lagunduko ditu garapenerako lankidetzako programak eta proiektuak, kudeaketa deszentralizatuaren bidez, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen (GGKE) bitartez.

2.–Erregelamendu honen ondorioetarako, honako hauek laguntzen ahalko dira diruz: garapenerako lankidetza programak, hau da, bi urte edo gehiago irauten dutenak eta lau gehienez, hirugarren munduko herrialde edo komunitateetan edo garapen bidean daudenetan gauzatzekoak, norgehiagokako araubidean, gobernuz kanpoko erakundeen eskutik.

3.–Halaber, hamabi hilabete baino gutxiago irauten duten garapenerako lankidetza proiektuak diruz laguntzen ahalko dira, baldin eta nortasun propioa badute beren horretan ebaluatu ahal izateko.

7. artikulua. Eskatzaileak:

GGKEen betebeharrak: kaudimen eta eraginkortasun baldintzak sartu.

a) Nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna izatea, legez eratuta egotea eta dagozkien erregistro publikoetan inskribatuta.

b) Erakundearen xede nagusiak honako hauek izatea: garapenerako nazioarteko lankidetza jarduerak egitea eta/edo herrien arteko elkartasuna sustatzea, behar handiena dutenen bizi baldintzak hobetu ahal izateko. Nazioarteko Lankidetzarako Estatuko edo Nafarroako Agentziari atxikita dauden erregistroetakoren batean inskribatuta egon behar dute.

c) Lehenago Galar Zendeako Udaletik jasotako diru-laguntzak, halakorik izan bada, behar bezala justifikatu izana.

d) Helburuak beteko direla bermatzeko egitura aski izatea.

e) Zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Galar Zendeako Udalekoak beteak izatea.

8. artikulua. Noiz eta non aurkeztu.

1.–Tokiko Gobernu Batzarrak, urtarrilean egiten duen lehen bilkuran, diru-laguntzen deialdia onetsiko du. Deialdi hori Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.

2.–GGKEek, nahi badute, kanpoan gauzatzekoak diren lankidetza proiektuetarako diru-laguntza eskatzen ahalko dute, epe hauetan:

a) Urte anitzetarako finantziazioa (bi ekitaldi edo gehiagorako) behar duten lankidetza proiektuak biltzen dituzten programetarako, deialdia argitaratzen denetik apirilaren 30era arte.

b) Hamabi hilabetetik beherako proiektuetarako, deialdia argitaratzen denetik urte bakoitzeko otsailaren 28ra arte.

3.–Eskaerak aurkeztu beharko dira Galar Zendeako Udaleko Erregistroetan edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean edo horren ordezko araudian ezartzen diren bideetakoren bat erabiliz.

9. artikulua. Aurkeztu beharreko agiriak.

1.–Eskaerak Udaleko alkate udalburuari zuzenduko zaizkio, eta agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, xede bererako beste diru-laguntza batzuk eskatu edo eskuratu ez izanari buruzkoa, edo, bestela, zeintzuk diren adierazi beharko da.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, horren bidez azaltzeko entitateak ez duela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere.

c) Legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, betebehar hauek onartzeko:

I.–Proiektuaren kostu osoaren eta lortzen den diru-laguntzaren arteko aldea bere gain hartzea, zuzenean edo hirugarrenek finantziatuta; horrek ez du galarazten haren birformulazioa, ematen ahal den diru-laguntzaren behin betiko onespenaren aurretik.

II.–Emandako dirua itzultzea, diruz lagundutako proiektuan inbertitzen ez bada.

d) Garatu beharreko lankidetza proiektua.

e) Proiektuaren kudeaketa tekniko eta ekonomikoaren ardura dutenen izena, kargua, dedikazioa eta titulazioa. (2. eranskinean agertzen da)

f) Memoria, bertan zehaztuz entitateak zer esperientzia izan duen, aurreko urteetan, garapenerako nazioarteko lankidetza proiektuetan.

2.–Gainera, eskaerak jarraian aipatzen diren agiriekin batera aurkeztuko dira, baldin eta aurreko deialdien ondorioz jada Udalean gordeta ez badaude, orduan horixe adieraziko baita, edo agirietan aldaketaren bat izan bada:

a) Entitatearen IFKren fotokopia konpultsatua.

b) Entitatearen estatutuen fotokopia konpultsatua; horietan berariaz adieraziko da entitatearen xedeek ez dutela irabazi asmorik eta horiek bat datozela diru-laguntzaren helburuekin.

c) Entitateak erregistro publikoetan nahitaez egin beharreko inskripzioaren fotokopia konpultsatua.

d) Garapenerako Lankidetza Agentzien erregistroetan inskripzioa egin izana frogatzea.

e) Eskaera GKEaren edo entitatearen izenean egiten duen pertsonaren ahalordea, ordezkaritza edo baimena eta nortasun agiri nazionala.

f) Diru-laguntza hartzen duenaren izena eta datu pertsonalak, bai eta bankuko datuak, kontu korrontearen zenbaki osoa, diru-laguntza bertan sartzeko, hala behar da.

3.–Entitate bakoitzak bakarka edo beste erakunde batzuekin elkartuta eska dezake diru-laguntza. Edonola ere, elkartuta eskatuz gero, entitate guztiek bete beharko dituzte aipatu diren baldintzak.

10. artikulua. Abala eta erreferentziak.

Garapenerako lankidetza programak berariaz abalatu behar dituzte, sostengu gutunen edo beste agiri batzuen bidez, programa horietan parte hartzen duten edo haien onuradun diren erakunde publiko edo pribatuek.

Nolanahi ere, aintzat hartuko da erakunde horiek proiektuan diruz parte hartzeko konpromisoaren egiaztapena.

Era berean, proiektua gauzatuko den herrialdean edo eremu geografikoan Espainiako Gobernuak duen Lankidetzarako Bulego Teknikoaren txostena aurkeztea baloratuko da. Txosten horretan adieraziko da proiektua ezagutzen dela eta Espainiak eremu horretan duen lankidetza estrategiaren barruan sartzen dela.

11. artikulua. Akatsen zuzenketa.

Eskaera aurkeztean datuak edo agiriak falta badira edo aurkeztutakoek akatsen bat badute, eskaera sinatu duenari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzala 10 eguneko epean; adieraziko zaio hori egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, ebazpena eman ondoren.

12. artikulua. Prozeduraren instrukzioa.

Garapenerako lankidetza programa eta proiektuetarako diru-laguntzak emateko prozeduren instruzkioa zinegotzi delegatuak eginen du, Udaleko zerbitzu juridikoen laguntzarekin.

13. artikulua. Baremazioa.

Programak eta proiektuak irizpide hauen arabera puntuatuko dira.

1.–Proiektuaren edo programaren kalitate teknikoa (20 puntu gehienez).

1.1. Garatu nahi den proiektuaren edo programaren oinarriak, haren ingurunea etab.

1.2. Proiektua zein sektoretan sartzen den, sektore haren egoerari buruzko informazioa (ingurunea, baliabideak, azpiegiturak...).

1.3. Ekintzaren beharra erakusten duten arrazoiak, zehaztutako helburuak eta proposatutako jarduerak koherenteak izatea haien artean.

1.4. Ekintzaren bideragarritasun teknikoa (atal honi buruzko informazioa ezinbestekotzat jotzen da ekoizpena eta azpiegiturak ukitzen dituzten proiektuen kasuan).

1.5. Proiektuak gerora izanen duen jasangarritasuna bertako baliabideekin. Berrikuntza eta originaltasun maila.

1.6. Aurreko urteetako proiektuen ingurukoak izatea; hau da, proiektu haien oinarri izan ziren beharrak izatea oraindik, eta proiektu haiek ongi garatu izana eta entitate finantzatzaileen aniztasuna handitu izana.

2.–Sektoreak.

2.1. Azpigaraturiko herrialdeetako edo garapen bidean daudenetako giza baliabideen prestakuntza: 3 puntu.

2.2. Osasunaren, etxebizitzaren eta hezkuntzaren sustapena: 2 puntu.

2.3. Behar handiena duten populazio sektoreak: haurrak, emakumeak, indigenen komunitateak, errefuxiatuak, lekuz aldarazitakoak, gutxiengo etnikoak eta hiri zein landa inguruneetako pobrezia poltsak: 2 puntu.

3.–Kokapen geografikoa.

3.1. Iberoamerikako, Afrika Iparraldeko, Saharaz Hegoaldeko Afrikako eta lehengo Yugoslaviako herrialdeak: 5 puntu. Edonola ere, eremu horien barnean lehentasuna izanen dute giza garapenaren indize txikiena duten herrialdeek, Nazio Batuen Garapenerako Programan ezarritakoaren arabera.

3.2. Latinoamerikan garapen erlatibo handiena duten herrialdeei dagokienez, landa eta hiri inguruneetako pobrezia poltsetan eta behar handieneko populazio sektoreetan eragina duten ekintzak: 3 puntu.

4.–Eskatzaileak eta parte-hartze maila.

4.1. Tokiko GKEek edo beraien arteko elkarteek aurkeztutako ekintzak; egoitza eta funtzionamendu iraunkorra Galar Zendean izan behar dituzte, eta parte-hartzaileen artean argi banatuta egon behar dute edukiek eta erantzukizunek, edo proiektuan edo programan zuzenean sartuta egon behar du Galar Zendeako pertsona batek edo erreferentzia frogatua duen batek: 5 puntu.

4.2. Independentea eta kaudimen argikoa den entitate batek ekintzak ebaluatzea gauzatzean berean eta/edo amaitutakoan: 3 puntu.

4.3. Egoitza edo helbide soziala Galar Zendean ez baina Nafarroan baduten gobernuz kanpoko erakundeen taldeek aurkeztutako ekintzak: 2 puntu.

5.–Garapen ekintzen araubidea eta onuradunak.

5.1. Ekintzek gobernuz kanpoko erakundeen beren eta/edo beste erakunde edo instituzioa batzuen kofinantziazioa izatea, proiektu edo programaren kostuaren %25etik gorako portzentajean: 3 puntu.

5.2. Bideragarri eta jasangarritzat jotzen diren ekintzak; hau da, laguntza amaitu ondoren ere eraginak jarraitzea ekartzen dutenak, egoera objektiboa eta populazio onuraduna kontuan harturik: 3 puntu.

5.3. Populazioen edo komunitateen garapen ekonomiko eta sozialaren eta giza garapenaren beharrei zuzenean erantzutera edo konpontzera jotzen duten ekintzak; bereziki, behar handiena duten populazio sektoreen beharrak. Saiatu behar da ekintza horiek herrialde hartzaileetako biztanleen mendekotasunik ez sortzen eta enplegua sortzen: 2 puntu.

5.4. Proiektuan onuradunek parte hartzea aurreikusten duten ekintzak, bai prestatze eta diseinu lanetan bai gauzatzen eta jarritako baliabideak kudeatzen: 2 puntu.

5.5. Tokiko talde eta erakundeen autogarapena eta autokudeaketa indartzen eta/edo ahalbidetzen laguntzen duten ekintzak: 2 puntu.

5.6. Jardueretan edo proiektuetan parte hartzen duten laguntzaile sozialen kopurua (boluntarioak, objektoreak etab.): 2 puntu.

Gutxienez ere 25 puntu lortzen dituzten programek eta proiektuek izanen dute diru-laguntzarako eskubidea. Gainerakoentzat, urteko deialdiko diru kopuru osoa programa eta proiektu bakoitzak, baremazioa egin ondoren, lortzen dituen puntuen arabera banatuko da. Betiere, 16. artikuluko baldintzak beteko dira.

14. artikulua. Birformulazioa.

Diru-laguntzaren helburua eskatzaileak garatu beharreko jarduerak finantzatzea denean, eta behin-behineko ebazpenean ageri den diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaerakoa baino txikiagoa denean, onuradunari eskatzen ahalko zaio eskaera birformula dezala, konpromisoak eta baldintzak bat etor daitezen ematen ahal den diru-laguntzarekin, baina, beti, diru-laguntzaren helburua, baldintzak eta xedea errespetatuz, baita eskaeren gainean ezarritako balorazio irizpideak ere, hori guztia Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraen 27. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

15. artikulua. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak izanen dira ebazpenetik hasi eta proiektua amaitzeko azken egunera arte sortzen direnak, betiere diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak zalantzarik gabe. Besteak beste, honako hauek:

1.1. Zuzenak.

a) Proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren gastu guztiak, ezinbestekoak proiektuko ekintzak ongi prestatu edo gauzatzeko.

b) Eskuraketen eta eraikuntzen eta gainerako eranskinen ondoriozko gastuak.

c) Ekipamenduak, materialak eta hornidurak eskuratu eta garraiatzearen ondoriozko gastuak.

d) Ekintzan zuzenean parte hartzen duten pertsonen kostuak, lehentasuna izanik pertsona horiek ekintzaren onuradunak direnean.

e) Funtzionamendu kostuak, betiere ekintzaren nolakotasunak justifikatzen duenean.

1.2. Zeharkakoak.

a) Jendearen iritzia sentsibilizatzeko ekintzen ondoriozkoak, baldin eta ekintza nagusiarekin lotuta badaude.

b) Proiektuak eta horien barneko ekintzak ebaluatzearen kostuak.

c) Justifikatzeko zailak diren beste batzuk.

1.3. Zeharkako kostuek, guztira, ezin izanen dute gainditu diru-laguntzaren zenbatekoaren %5a.

2.–Ez dira inolaz ere finantzatuko erakunde eskatzailearen beraren mantentzearekin eta funtzionamenduarekin zerikusia duten jarduerak, edo erakunde horren sustapen eta zabalkundearekin zerikusia duten ekintzak.

16. artikulua. Zenbatekoa eta gauzatzeko epeak.

1.–Diruz lagunduko diren proiektuek 20.000 euroko kostua izanen dute gehienez. Proiektuak kostu handiagoa badu, diru-laguntza zein azpiproiektutarako eskatzen den zehaztuko da eskaeran; azpiproiektu hori argi identifikatzen den unitate gisa agertuko da, eta hamabi hilabetetik beherako exekuzio epea izanen du.

2.–Diruz laguntzen diren programek lau urteko exekuzio epea izanen dute gehienez, eta 80.000 euro inguruko aurrekontua; hori urtekoetan hainbanatuko da, udal honek finantzatu ahal izateko.

3.–Bi kasuetan, eskaerako guztirakoaren %10-%25 artekoa izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa, gehienez ere 4.000 euro proiektu bakoitzeko edo programarako urteko ekarpeneko.

17. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Diru-laguntzaren onuradunak konpromiso hauek hartu behar ditu:

a) Ordenantza honetan ezartzen diren baldintzak onartzea.

b) Diruz lagundutako proiektuan aldaketaren bat egin behar bada, baimena eskatzea.

c) Beste administrazio batek edo erakunde publiko nahiz pribatu batek, Estatukoak nahiz nazioartekoak, xede bererako beste diru-laguntza edo baliabide batzuk emanez gero, horiek jakinaraztea.

d) Proiektuen kasuan, proiektua gehienez ere 12 hilabeteko epean gauzatzea, diru-laguntzaren ebazpena jakinarazten denetik hasita.

e) Galar Zendeako Udalaren logotipoa argi agerraraztea diruz lagundutako proiektuaren dokumentazioan eta edozein euskarritan.

f) Galar Zendeako Udalak eraikinen eraikuntza eta/edo zaharberritze proiektuetan lagundu izanari buruzko testua argi eta modu iraunkorrean agerraraztea.

g) Ondasun inbentariagarriak eskuratuz gero, horiek diruz lagundutako jarduerari atxikitzea balio-bizitza osoan. Ondasun higiezinak eskuratu edo berrituz gero, gutxienez ere 10 urtez atxikitzeko konpromisoa.

h) Orokorrean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan aurreikusitako guztiak.

18. artikulua. Onuradunaren erantzukizunak.

Diru-laguntza jasotzen duten entitateek, gobernuz kanpoko erakundeek eta pertsonek erantzukizun hauek dituzte:

a) Diruz lagundutako proiektua zuzen gauzatzea.

b) Aurreikusitako baliabide finantzario eta material guztiak eta giza baliabide guztiak ekintza abiarazteko erabiltzea.

c) Proiektuaren edo jardueraren kudeaketan, exekuzioan, garapenean eta amaieran eragina duen ezustekoren bat gertatzen bada, Udalari horren berri ematea.

d) Proiektuko jarduerak gauzatzen dituzten pertsonei buruzko betebehar sozial eta fiskalak eta bestelakoak beren gain hartzea, erantzukizun osoz.

19. artikulua. Ebazpena eta jakinarazpena.

1.–Tokiko Gobernu Batzarrak behar den erabakia hartuko du eta eskatzaileari jakinaraziko zaio. Erabaki horretan agertuko dira diru-laguntzaren zenbatekoa, diru-laguntza zein baldintzatan ematen den eta ordainketarako betebeharrak.

2.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritako ondorioetarako, diru-laguntzarako eskaeren gaineko ebazpena emateko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, aurkezpen epea bukatzen den egunetik hasita. Administrazioaren isiltasunak ezetsi egin dela esan nahiko du.

3.–Prozeduraren ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, eta administrazio bidea amaituko da horrela.

20. artikulua. Prozeduraren ohiko amaiera.

Lankidetza programen kasuan, prozeduraren amaiera hitzarmen-programa modalitatearen bidez eginen da. Horretan agertuko da, gutxieneko edukiaz gain, egindako jarduketen jarraipeneko txostena egin beharra dagoela exekuzio epearen erdia iragandakoan, eta urte anitzetarako gastu konpromisoen espedientea tramitatuko da.

1.–Hitzarmen-programak eduki hau izanen du gutxienez:

a) Diruz lagundutako jardueraren helburua.

b) Aurreikusitako finantziazioa.

c) Hitzarmenaren iraupena eta hori luzatzeko kasuak.

d) Ordainketa aurreratuak egiteko aukera, eta bermeen araubidea, halakoetan.

e) Diruz lagundututako jarduera kontrolatu eta gastuak frogatzeko bideak.

g) Jarraipen batzordearen aurreikuspena eta horren funtzionamendua.

2.–Udaleko Osoko Bilkurak onetsi beharko du hitzarmen-programa.

21. artikulua. Argitalpena.

Emandako diru-laguntzak Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko dira.

22. artikulua. Ordainketa.

1. Orokorrean, hitzarmen-programan edo ebazpenean bestelakorik ezarri ezean, ordainketa 30 eguneko epean eginen da, laguntza emateko erabakia hartzen denetik hasita.

2.–Ez da ezer ordainduko onuradunak zerga betebeharretan edo Gizarte Segurantzakoetan egunean ez badaude edo, bestalde, zordunak badira dirua itzultzeko eskatzen dien ebazpen baten ondorioz.

23. artikulua. Gerora sortutako inguruabarrak, diru-laguntza emateko baldintzak aldatzen dituztenak.

Diru-laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edo, laguntza honekin batera, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten diru-laguntzak edo laguntzak lortzen badira, zilegi izanen da diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea, eta horrek, bidezko bada, diru-laguntza itzuli beharra ekar dezake.

24. artikulua. Beste laguntza batzuekiko bateraezintasuna.

Diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, hala bakarrik nola beste laguntza batzuekin batera.

25. artikulua. Proiektua gauzatzeko epea.

Ebazpenean kasu bakoitzerako ezartzen ahal dena galarazi gabe, proiektuak gehienez ere 12 hilabeteko epean eginen dira, eta programak, berriz, hitzarmen-programan ezarritakoaren arabera.

II. KAPITULUA

Justifikazioa

26. artikulua. Epea.

1.–Ordenantza honetan edo kasuan kasuko hitzarmenetan ezarritakoarekin bat, diru-laguntza jasotzen dutenek jasotako funtsak nola aplikatu diren frogatu beharko dute, horretarako ematen zaien epean; eperik ematen ez bada, diruz lagundutako proiektua edo jarduera bukatzeko azken egunetik hiru hilabeteko epean.

2.–Benetako arrazoiak daudenean, onuradunari jarduera egitea eragozten diotenak edo jardueraren justifikazioa ezarritako epean egitea eragozten dutenak, interesdunak eskaturik, eta diru-laguntzaren kontzesioa tramitatzeko eskuduna den organoaren txostena ikusi ondoren, diru-laguntzaren organo emaileak justifikaziorako epea luzatzen ahalko du.

27. artikulua. Edukia.

1.–Diru-laguntzak jasotzen dituzten gobernuz kanpoko erakundeek jardueren memoria eta diruz lagundutako proiektu edo programen memoria ekonomiko justifikatzailea aurkeztu beharko dituzte Udaleko Erregistro Orokorrean. Jardueren memorian azaldu beharrekoak: lortutako emaitzak eta udal honek proiektuan edo programan parte hartu izanari buruzko publizitatearen euskarri frogatzaileak.

2.–Gastuak fakturen edo antzeko agirien bidez frogatuko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera; eurotan emanen dira, eta jasotako funtsen xedea frogatzeko egokitzat jotzen diren argazki eta bideoak eta gainerako agiri grafikoak ere aurkeztuko dira.

3.–Nolanahi ere, Udalak edozein agiri mota eskatzen ahalko du, egokia iruditzen zaion euskarrian, diru-laguntza zertarako erabili den egiaztatzeko, eta, orobat, Udaleko edo beste entitate bateko ordezkariak igortzen ahalko ditu proiektua gauzatzen den tokira, proiektua zein mailatan gauzatzen ari diren egiaztatzeko.

28. artikulua. Memoria ekonomikoa.

1.–Memoria ekonomikoak eduki hau izanen du gutxienez:

a) Jardueraren, proiektuaren edo programaren diru-sarrerak eta gastuak, baita gastuen frogagiriak ere, gutxienez ere diru-laguntzaren kopuru bera izanen dutenak.

b) Jarduera bererako jaso eta erabili diren beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa.

2.–Gastuen frogagiriak honako hauek izanen dira: nominak, Gizarte Segurantzako kuoten sarreraren agiriak, fakturak eta halako froga balioa duten gainerako agiriak, betiere zerga arloko legediaren araberakoak.

3.–Diruz lagundutako gastua ordaintzeko modua fakturan edo horren pareko agirian adieraziko da, eta honela frogatuko da:

a) Eskudirutan ordaintzea: dokumentuaren beraren gaineko hartze-agiri sinatuaren bidez, funtsak jasotzen dituenaren izen-deiturak eta NANa azalduta.

b) Txeke izendunaren bidez ordaintzea: fakturari txekearen kopia edo fotokopia gehituta, eta Udalean aurkeztuta, aipatu txekearen bankuko kargua erkatzeko.

c) Transferentzia bidez ordaintzea: ordaintzeko modu hori aipatuko beharko da fakturan, baita onuradunaren kontua ere, eta Udalean aurkeztuko da, aipatu transferentziaren bankuko kargua erkatzeko.

d) Bankuan helbideratuta ordaintzea: dagokion bankuko kargua aurkeztuta.

29. artikulua. Fakturen edo ordainagirien gutxieneko edukiak.

1.–Fakturen titularra, zeina izaten ahal baita diru-laguntzaren onuraduna, GKEa, tokiko erakundea edo proiektuaren arduraduna.

2.–Jatorrizko agiriak edo kopiak. Kasu honetan, proiektuaren arduradunak konpultsatuko ditu, eta jatorrizkoa non gorde den adieraziko da.

3.–Jatorrizko fakturekin batera agiri bat aurkeztu beharko da, eta bertan faktura horien zerrenda agertzen ahalko da, non gaztelaniako itzulpena jasoko den, eta beti kontrabalioarekin, zeina fakturan bertan edo erantsitako agiri batean azalduko den.

4.–Fakturen edo ordainagirien identifikazioa; faktura baten oinarrizko datuak azalduko dira kobrantza agirian:

4.1. Sozietatearen izena, egoitza soziala eta IFK, biena (hartzekoduna-zorduna), zerga-oinarria eta zergak, halakorik bada.

4.2. Ordainagiri bat edo merkatu informal bateko beste agiri bat bada, esku-hartzaileen (hartzekoduna-zorduna) izena, ordaintzailearen helbidea eta kontzeptua jasoko dira.

5.–Beti aski argi azaldu behar da honako hauen arteko lotura: ordainketa agiria, gastuaren kontzeptua eta kasuan kasuko proiektua edo programa. Horregatik, kontzeptua zehaztean, erreferentziako proiektua zehaztuko da, udal honek emandako espediente zenbakiarekin edo identifikazio kodearekin, edo entitate onuradunak jatorrizko faktura eginbidetuko du, erreferentzia hori aipatuta.

30. artikulua. Proiektu edo programako kobrantzen eta ordainketen arduradunak.

Orokorrean, diruz lagundutako proiektuaren kargurako ordainketak egiten ahalko dituzte:

a) Espainiako GKE eskatzailea.

b) Tokiko GKE gauzatzailea.

c) Proiektuaren onuradunak, beren gain hartzen dituzten jardueren, eginkizunen eta eskumenen arabera.

31. artikulua. Merkatu informalak.

1.–Gastuaren ziurtapena profesional kualifikatuek eginen dute obren kasuan, eta gainerakoetan, berriz, proiektuko zuzendariak, Espainiako entitate eskatzaileak ikus-onetsita.

2.–Proiektuko zuzendariak tokiko monetaren kanbio balioa ziurtatuko du.

3.–Merkatu informaleko eragiketak eta merkatu horretan aurreikusitako gastuaren zenbatekoa proiektuan edo programan jakinaraziko dira.

32. artikulua. Ordezkaria edo ahalduna.

Diru-laguntza jasotzen dutenek batasunaren ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, nahikoa ahalmen izanen duena onuradun gisa batasunari dagozkion beharkizunak betetzeko; halaber, hark aurkeztuko ditu toki korporazioak eskatzen dituen justifikazioak eta txostenak.

Diru-laguntza eskatzen duenak aurkeztu beharreko agiriekin batera aurkeztu beharko da izendapen hori, betiere jarduera hasi baino lehen.

33. artikulua. Agiriak aztertzea.

Diru-laguntzaren aplikazioari buruzko frogagiriak administrazio zerbitzuek jasoko dituzte eta, hala egokitzen bada, aurkeztu diren kopiak erkatu eta jatorrizkoak eginbidetuko dituzte.

Eskatutako agiri guztiak aurkezturik, zinegotzi delegatuak, Udaleko langileen laguntzarekin, honako hauen gaineko txostena eginen du: diru-laguntzaren xedeen betetze maila, ea gastuak xede horiekin bat datozen eta ea aurkeztutako agiriak zuzen dauden.

34. artikulua. Justifikazioaren ebazpena.

Kontu-hartzailetzak txostena egin ondoren, diru-laguntza eman zuen organoari proposamena igorriko zaio, eta hark bidezkoa den ebazpena emanen du.

III. TITULUA

Banakako laguntzak, banakako edo
elkartutako kooperanteei eta boluntarioei

35. artikulua. Banakako laguntzak.

Udalak zuzeneko esleipenak egiten ahal dizkie Galar Zendeako banakako edo elkartutako kooperanteei eta boluntarioei, baldin eta hirugarren munduko herrialdeetan garapenerako laguntzarekin lotura zuzena badute edo bertan bizi badira.

Banakako kooperanteek urte bakoitzeko otsailaren 28a baino lehen eskatu beharko dute laguntza. Salbuespenez, Gobernu Batzarrak aldatu egin dezake epe hori. Laguntza eskaerarekin batera, aurreikusitako jardueraren memoria eta memoria ekonomikoa aurkeztuko dituzte.

Banakako kooperante bakoitzari gehienez ere 4.000 euro esleituko zaizkio. Eskaera bat baino gehiago izanez gero eta behar baino kreditu gutxiago, jarduerari buruzko memoria bakoitzaren kalitate teknikoa 13.1 artikuluko irizpideekin barematuko da, eta lortutako puntuen araberako banaketa proportzionala eginen da.

IV. TITULUA

Lankidetza zuzena garapen bidean
dauden herrialdeetako komunitateekin

36. artikulua. Lankidetza zuzena.

1.–Udalak garapenerako lankidetza ekintzak egin ditzake, inolako bitartekaririk gabe.

2.–Horrelako jarduerak eragileren batekin batera gauzatzen ahal dira, dela hirugarren munduko herrialde bateko bazkide bat edo dela sareko lan bat; esan nahi da zenbait egile batuta gauzatzen ahal diren ekintzak direla, lan bat amankomunean egiteko.

V. TITULUA

Laguntza humanitarioa eta larrialdietakoa

37. artikulua. Irizpide orokorrak.

1.–Udalak lankidetzarako funtseko zati bat laguntza humanitariorako eta larrialdietako laguntzarako erabil dezake.

2.–Laguntza hori bai diruzkoa bai gauzen bidezkoa izan daiteke.

3.–Lankidetza mota horietarako zenbatekoa Tokiko Gobernu Batzarrak zehaztuko du, zinegotzi delegatuaren proposamena ikusirik.

4.–Urtean zehar ikusten diren beharren arabera zehaztuko dira laguntzen zenbatekoa, modalitatea eta aldizkakotasuna.

5.–Kontuan harturik laguntza hauen izaera, eta azken xedea frogatzeko ezintasuna, bai tramitazioan bai modalitatean (diruzkoa edo gauzen bidezkoa), bai entitate laguntzailearen hautaketan, orduan bizkortasunaren eta eraginkortasunaren printzipioari jarraituko zaio bereziki laguntza hauek ematerakoan, aurreikusitako xedea beteko dela bermatzeko.

VI. TITULUA

Lankidetza funtsetan parte hartzea eta beste
entitate edo administrazio batzuekin elkarlanean aritzea

38. artikulua. Irizpide orokorrak.

1.–Udalak parte har dezake beste administrazio edo entitate publiko zein pribatu batzuen ekarpenekin eratutako lankidetza funtsetan, jarduketa koordinatuak edo ahalegin bateratuak behar dituzten ekintzak finantzatzeko.

2.–Era berean, Udalak parte hartzen ahalko du, ekarpen ekonomiko, tekniko edo materialen bidez, nazioarteko lankidetza ekintzetan, beste administrazio publiko edo entitate batzuekin batera, lankidetza motaren arabera horixe komeni denean.

VII. TITULUA

Lankidetza zientifiko-teknikoa, soziala eta kulturala

39. artikulua. Ohar orokorrak.

Udalak lankidetza zientifiko-teknikoa, soziala eta/edo kulturala sustatuko du beste herrialde eta komunitate batzuekin, elkar aberasteko.

Horretarako truke programak, topaketak, erakusketak eta azokak sustatuko ditu, besteak beste, nazioarteko lankidetzan aritzen diren eragileen artean, bereziki gazteen eta eragile ekonomikoen artean.

VIII. TITULUA

Sentsibilizazio proiektuak, elkartasuna sustatzea eta harrera programak

40. artikulua. Ohar orokorrak.

Udalak sentsibilizazio proiektuak eginen ditu eta elkartasuna sustatuko du, Zinegotzigo Delegatuaren bitartez.

Orobat, Udalak deialdi bat eginen du urtero, harrera programei atxikitzen zaizkien familiei laguntzeko. Deialdiaren oinarrietan agertuko dira laguntzen baldintzak eta zenbatekoa.

IX. TITULUA

Diru-laguntzak itzuli beharra

41. artikulua. Araudi orokorra.

Emandako diru-laguntzak edozein unetan baliogabetzen edo murrizten ahalko dira, baldin eta horretarako arrazoi frogaturen bat badago eta oinarri hauetako baldintzak edo, hala denean, aplikatu beharreko legedia bete ez badira.

Edonola ere, diru-laguntzak osorik edo hein batean itzuli beharko dira eta, hala behar denean, berandutza interesa eskatuko da, alegia, ordainketa egunetik hasita itzuli beharra erabakitzen den unera artekoa, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikulutik 40.era bitartekoetan ezarritako kasu eta baldintzetan.

42. artikulua. Prozedura.

1.–Diru-laguntza eman zuen organoak abiaraziko du dirua itzultzeko prozedura, bertako kideetakoren batek proposaturik, edozein zinegotzik eskaera arrazoitua eginik edo salaketaren bat izatearen ondorioz. Udaleko Kontu-hartzailetzak kontrol finantzarioari buruz egiten dituen txostenen ondorioz ere abiaraziko da.

2.–Prozedura tramitatzean, dena dela, interesdunari entzuna izateko eskubidea bermatuko zaio.

3.–Dirua itzultzeko prozedura bat etorriko da Galar Zendeako Udalak diruz laguntzen dituen garapenerako lankidetza proiektuen gastua frogatu eta kontrolatzeko instrukzioarekin. Instrukzio hori Udaleko Kontu-hartzailetzak emanen du.

X. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

43. artikulua. Arau-hausteak eta erantzuleak.

a) Diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean tipifikaturiko eginak eta ez eginak, eta zehatzen ahalko dira, baita utzikeria hutsagatik ere.

b) Diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboen erantzuleak izanen dira pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, bai eta herritarren taldeak eta nortasunik gabeko entitateak, diru-laguntzen onuradun badira. Era berean, entitate laguntzaileak eta diru-laguntza jasotzen dutenen legezko ordezkariak, jarduteko gaitasunik gabeak.

44. artikulua. Zehatzeko prozedura.

Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluak orokorrean xedatzen duenari jarraituko zaio.

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Ahalmena ematen zaio alkateari, ordenantza hau garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen ebazpenak emateko, eta ordenantza aplikatzen lagunduko duten aldaketak egiteko, betiere honako honen funtsezko edukia aldatu gabe.

Bigarren xedapen gehigarria.–Ordenantza hau aplikatzean intepretaziozko zalantzak sortzen badira, Tokiko Gobernu Batzarrak ebatziko ditu.

Iragarkiaren kodea: L1700845