44. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

923/2017 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, prozedura ezartzen duena Nafarroako behi eta ardi aziendak mihi urdinaren 8. serotipoaren kontra txertatzeko, 2017. urtean.

Mihi urdinaren 8. serotipoaren egoera epidemiologikoa ikusirik, zenbait foku baititu Frantziako hegoaldean, Nafarroako mugatik hurbil, komeni da Nafarroako Foru Komunitateko behi eta ardi azienda presaz txertatzea.

Indarrean den otsailaren 2ko AAA/107/2016 Aginduak (uztailaren 14ko AAA/1424/2015 Agindua aldatzen baitu), mihi urdinaren kontrako babes neurri berariazkoak ezartzen dituenak, zehazten du mihi urdinaren 8. serotipoaren kontra txertatu beharra dagoela Nafarroan.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren 2017ko otsailaren 13ko 203/2017 Ebazpenak berresten du Nafarroako behi eta ardi azienda nahitaez eta presaz txertatu behar dela, 2017. urtean, mihi urdinaren 8. serotipoaren kontra, eta larrialdiko kontrataziorako prozedura ezartzen da.

Aurreko programen arrakastak erakutsi du ezen INTIAren kudeaketak eta albaitari pribatuen elkarlanak bermatzen dutela azkar txertatzea, ustiategietako ugalketa eta ekoizpen unerik hoberenean, eta kontrako erreakzioak saihesten direla. 2016. urtean, ia-ia animalia guztiak txertatu ziren, eta, hala, osasun hesi bat sortu zen, eta birusa hona iristea eragotzi.

Hori dena kontuan harturik, beharrezkotzat jotzen da txertoa aplikatzeko epea zehaztea; 2017. urteko lehen seihilekoan gauzatu beharko litzateke, animaliak immunizaturik egon daitezen bektorea aktiboen dagoenean. Hala, bermatuko da 2016. urtean hasitako kanpainaren barnean txertoa ahalik eta gehien zabaltzea. Orobat, beharrezkoa da txertatzeko prozedura zehaztea.

Halaber, mihi urdina kontrolatzeko plan nazionalarekin batera, beharrezkoa da ustiategi zaindarien talde bat izatea, ezarritako zaintza serologikoa egiteko. Haietan, animalia multzo bat txertatu gabe edukiko da, eta proba serologikoen bidez ikusiko da ea birusa badabilen.

Bestalde, gizentzeko ustiategiek, animalien sarrera eta irteera etengabea baitute, ezaugarri bereziak dituzte. Txertoa aplikatzeko beharra aldatu egiten da, sartzen diren animalien egoera immunitarioaren arabera. Gaur egun, animalia batzuk eremu mugatuetatik heldu dira, edo txertatze eremuetatik; hortaz, txertaturik iristen dira. Horrek berarekin dakar animalia sorta bat txertatu behar izatea, iristen direnean, urte osoan zehar. Helburua da ahal dela jadanik txertatutako behiak eskura ditzatela, eta, hala, gaixotasuna duten animaliak hartzeko arriskua saihestea. Horregatik, 2017. urteko kanpainan, ezarri da gizendegiei txertoa emanen zaiela, hartzen dituzten animalientzat, eta larrialdiko kontratazio prozeduratik salbuetsiko dira.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Mihi urdinaren 8. serotipoaren kontrako txertatze nahitaezkoa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren 203/2017 Ebazpenaren bidez ezarri baitzen, Nafarroako ardi eta behi azienden ustiategi guztietarako, 2017. urteko ekainaren 30ean bukatuko da.

2. Hiru hilabetetik gorako animalia guztiak txertatuko dira. 2016ko kanpainan txertatutako animaliek oroitzapen-dosi bat jasoko dute urtean. Serotipo honetarako lehendik txertatu ez diren animaliek bi txerto dosi hartu beharko dituzte, elkarrengandik hogeita bat eguneko tartea izanik gutxienez. Abeltzaintza Zerbitzuak zaindari ezartzen dituen ustiategiek hogeita hamar animalia edukiko dituzte txertatu gabe. Ustiategi bakoitzari ofizialik komunikatuko zaio zaindari izendatu dela.

3. Ustiategietako albaitari klinikoek edo Nafarroako Nekazaritzako Industrien Teknologien eta Azpiegituren Institutukoek (INTIA) eginen dute txertaketa. Orobat, albaitariek Botiken Agentziari eta Abeltzaintza Zerbitzuari emanen diete kontrako edozein erreakzioren berri, INTIArekin batera prestatzen den prozeduraren arabera.

4. Txertoa aplikatzeko ardura duten albaitariei txerto dosia ematea erregistratu eginen du INTIAk, Abeltzaintza Zerbitzuak ezarritako prozedurarekin bat.

5. Nafarroako Gobernuaren albaitaritzarako kudeaketa telematikoko atarian ezarritako aplikazioan erregistratuko ditu albaitari bakoitzak egindako txerto guztiak. Behien kasuan, txertatutako animalien banakako identifikazioa grabatuko da. Ardi aziendaren kasuan, aski izanen da txertatutako animalia guztien kopurua grabatzea.

6. Txertoa aplikatzearen kostuak albaitariei ordainduko zaizkie, behin behar den faktura aurkezturik eta Abeltzaintza Zerbitzuak zehaztutako egiaztapen administratiboak eginik. Indarreko gastuen aurrekontuko “Larrialdiko txertaketa ofizialak” izeneko 71004 71320 2279 412205 kontu-sailaren kargura eginen da ordainketa, 203/2017 Ebazpenaren eranskinean ezartzen den baremoaren arabera.

7. Ez zaie txertatzearen kostua ordainduko “gizendegia” sailkapen zooteknikoa duten ustiategiei eta 2016. urtean txerto programa bete ez zutenei.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko otsailaren 22an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F1702413