44. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2017ko otsailaren 22an hartua. Honen bidez baimentzen da Osasun Departamentuko fakultatibo espezialistek jardunean jarraitzea, behin Gizarte Segurantzak ezarritako nahitaezko erretiro adina bete ondoren.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri hartzeari buruzko ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legearen 1.1 artikuluak ezartzen du 2013an ez dela aplikatuko Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioak jardunean aritzeko luzapenari buruzko aurreikuspena, edozein izanik ere haien aurreikuspen sozialeko sistema, behin Gizarte Segurantzak unean-unean ezarritako nahitaezko erretiro adina beteta. Gaur egun, 65 urteak dira adin hori. Bestalde, aipatutako 1. artikuluko 5. idatz-zatiak Nafarroako Gobernuari ematen dio ahalmena salbuespenez baimentzeko luzapena, baldin zerbitzu publikoak ongi emateko nahitaezkoa bada langile batzuek jardunean segitzea, denbora zehatz baterako, eta, nolanahi ere, hirurogeita hamar urteak bete arte.

2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legearen bidez luzatu dira, aldi horretarako, hainbat presako neurri, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan, besteak beste aipatutako 13/2012 Foru Legearen 1. artikuluan jasotakoa.

Osasun Departamentuak txosten batean adierazi du hurrengo hamar urteetan, egungo araudiarekin bat, aurreikusten dela 666 fakultatibo espezialista erretiratuko direla.

Hori hala izanik, eta profesionalak kontratatzeko gaur egun dauden zailtasunak egonik, kontratazio zerrendetan inor ez izateagatik edo izanda ere ezin izateagatik inor aurkitu erretiratzen dena ordezteko kontratua onartzen duenik, beharrezkoa da lehen aipatutako 13/2012 Foru Legeko ahalmena baliatzea, Nafarroako Gobernuari ematen zaiona fakultatibo espezialisten jarduna luzatzeko, hala eskatzen badute. Orobat, eta egoera hau bera gerta daitekeenez zerbitzuburuen edo laguntza ataleko buruen eginkizunak betetzen dituzten fakultatibo espezialisten kasuan, horietara ere zabaldu behar da.

Uste da neurri honek lagunduko duela laguntza zerbitzuen ematea oker ez dadin, eta Nafarroako herritarrentzako kaltea saihets dadin.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Osasuneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko fakultatibo espezialistek jardunean jarrai dezatela baimentzea, behin Gizarte Segurantzak ezarritako nahitaezko erretiro adina bete ondoren, baita zerbitzuburuen edo laguntza ataleko buruen eginkizunak betetzen dituzten fakultatibo espezialistek ere baldin egoera hauek gertatzen badira:

a) Erretiroko adinera iritsitako pertsona ordezteko, kontratazio zerrendetan izangairik ez izatea.

b) Kontratazio zerrendetan izangaiak izanik ere, egiaztatzen bada uko egin diotela erretiratzeko adinera iritsitako pertsonak utziko lukeen postua betetzeari.

2. Jarduneko zerbitzua luzatzeko baimena, interesdunak eskaturik, baimenduko da, kasua bada, indarreko araudiaren arabera organo eskuduna denak ebazpena emanda.

3. Luzapena urtebeterako eginen da, eta luzagarria izanen da baldin baimena emateko baldintzak betetzen badira eta interesdunak aurretik eskatzen badu.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko otsailaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1702417