43. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

636/2017 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 9ko 484/2017 Ebazpena aldatzen duena. Horren bidez Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikasketetako ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu eta izendatzeko merezimendu lehiaketarako deia egin zen.

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 9ko 484/2017 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikasketetako ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu eta izendatzeko merezimendu lehiaketarako deialdia onetsi zen.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematen dituen Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 2ko 7/2017 Foru Aginduaren bigarren xedapen iragankorrarekin bat, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak indarra hartu eta hurrengo bost urtean, lege horren lehenbiziko xedapen iragankorrarekin bat, ez da beharrezkoa izanen zuzendaritza lanari buruzko prestakuntza ikastaro bat gainditu duela egiaztatzen duen agiria izatea, Foru Agindu horren 3. artikuluko 1.d) atalean adierazitakoa, ikastetxeetako zuzendariak hautatzeko merezimendu lehiaketetan parte hartzeko. Aldi horretan zehar zuzendaritza lanari buruzko prestakuntza ikastaro bat gainditu duela egiaztatzen duen agiria izatea merezimendu gisa baloratuko da.

Deialdian agiri honen galdagarritasunari eta beraren balorazioari buruz adierazten dena argitzeko, bidezkoa da Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak otsailaren 9an emandako 484/2017 Ebazpena aldatzea.

Bestalde, akats bat atzeman denez deialdi horren seigarren oinarrian, bidezkoa da, halaber, hori zuzentzea.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak abuztuaren 13an emandako 1/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu eta izendatzeko merezimendu lehiaketarako deialdiaren lehen oinarria aldatzea. Deialdia Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 9ko 484/2017 Ebazpenaren bidez onetsi zen eta aurrerantzean testu hau izanen du:

“Lehena.–Parte hartzeko betebeharrak.

1.1. Merezimendu lehiaketan parte hartzeko, honako hauek bete beharko dira:

a) Irakaskuntzako funtzio publikoan gutxienez ere bost urteko antzinatasuna izatea karrerako funtzionario gisa.

b) Egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende dagoen karrerako funtzionarioa izatea, eta Hezkuntza Departamentuan zerbitzuak ematea.

c) Karrerako funtzionario gisa zuzenean irakatsi izana, bost urtez, hautatu nahi den ikastetxeak ematen dituen ikasketetako batean. Hezkuntza orientabideko espezialitatea duten irakasleen kasuan, ondorio horietarako, karrerako funtzionario gisa bere espezialitatearen berezko lana egin izana bost urtez.

d) Zuzendaritza proiektu bat aurkeztea, alderdi hauek biltzen dituena gutxienez: ikastetxearen egoeraren azterketa; aurkeztutako proiektuaren eta ikastetxeko hezkuntza proiektuaren eta, hala bada, proiektu funtzionalaren arteko lotura; helburuak eta horiei lotutako adierazleak; helburuak lortzeko jarduketa ildoak; eta proiektua ebaluatzeko prozedurak.

e) Zuzendaritza taldeko gainerako kideak proposatzea, interesdunek onartuta.

f) D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituen ikastetxe bateko zuzendarigaien kasuan, EGA titulua edo baliokidea izatea.

g) Beharrezko espezialitatea izatea, hautatu nahi den ikastetxeko plantillan dagoena, ikastetxe horretan behar beste irakastordu eduki ahal izateko.

1.2. Haur Hezkuntzako berariazko ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzako ikastetxe osatugabeetan, zortzi unitate baino gutxiagoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, arte ikasketa profesionalak, kirolekoak eta hizkuntzakoak ematen dituztenetan eta zortzi irakasle baino gutxiago dituzten helduendako ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuak artikulu honen 1. idatz-zatiko a) eta c) letretan ezarritako betebeharrak betetzetik salbuesten ahalko ditu hautagaiak.

1.3. Eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza horiek.”

2.–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu eta izendatzeko merezimendu lehiaketarako deialdiaren seigarren oinarrian atzemandako akatsa zuzentzea.

Honela dioen tokian:

“6.4. Hautapen batzorde bakoitzeko buruak hautatutako izangaiaren proposamena igorriko dio Giza Baliabideen Zerbitzuari, bai eta lehen fasea gainditu duten gainerako izangaien zerrenda ere. Jakinarazpen hori oinarri honen 3. atalean aipatu zerrenda argitaratzen den egunean eginen da”.

Honela behar du:

“6.4. Hautapen batzorde bakoitzeko buruak hautatutako izangaiaren proposamena igorriko dio Giza Baliabideen Zerbitzuari, bai eta bigarren fasea gainditu duten gainerako izangaien zerrenda ere. Jakinarazpen hori oinarri honen 3. atalean aipatu zerrenda argitaratzen den egunean eginen da”.

3.–Eskabideak, merezimenduak eta zuzendaritza proiektua aurkezteko beste epe bat jartzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun baliodunekoa.

4.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5.–Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira eta bere Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Irakasleen Prestakuntzako Atalera eta Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko otsailaren 22an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Miren Itziar Aragüés Cemboráin.

Iragarkiaren kodea: F1702393