Iragarkia
41. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 28a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UHARTE
Aterpe-premiarako etxebizitzen gaineko ordenantza.
Behin betiko onespena
Uharteko Udalak, 2016ko urriaren 27an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Aterpe-premiarako etxebizitzen gaineko udal ordenantza.
2016ko 224. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 24an, bai eta Udalaren iragarki oholean ere, eta legezko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, testu osoa argitara ematen da honen ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean indarra har dezan.
Uharten, 2017ko urtarrilaren 19an.–Alkate udalburua, Alfredo Javier Arruiz Sotes.
ATERPE-PREMIARAKO
ETXEBIZITZEN GAINEKO ORDENANTZA
ZIOEN AZALPENA
Azken urte hauetan, oraindik ere pairatzen ari garen krisialdi ekonomikoaren ondorioz, txirotasuna orokortu da herritarren multzo ugaritara zabaldu den prozesu batean. Hori dela eta, familia askok ezin izan diote hipoteketako kuotei edo alokairuen ordainagiriei aurre egin, eta, etxerik gabe bukatu dute, edo gutxienez behar diren baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzetan. Bestalde, genero indarkeria izurria da oraindik ere gure gizartean, eta emakume andanak ez du non aterpetu, bizitza berri bati ekiteko tratu txarrak ematen dizkieten pertsonengandik babestuta.
Uharteko Udalak urteak daramatza lanean etxebizitzarako eskubideari eusteko udalerrian. Horren erakusle dira etxe-utzarazpenen gauzatzea gelditzeko 2012ko azaroko eta 2013ko martxoko mozioak eta etxebizitzen problemaren, txirotasun energetikoaren eta etxe-utzarazpenen aurrean jarduteko 2015eko urriko protokoloa.
Ildo horretan aurrera segitzeko asmoz, eta gizartetik baztertuta edo horren arriskuan dagoen jendeari arreta berehala emateko eta higiezinak kudeatzeko arloetan legeak udalei ematen dizkien eskumenak erabiliz, ordenantza honek helburu du aterperako baliabide duinak eskaintzea etxebizitzagatik larritasun egoeran dauden Uharteko herritarrei.
LEHEN TITULUA
Xedea eta beharrezko baliabideak
1. artikulua. Xede orokorra.
Arautzea nola eskuratu udal etxebizitza bat aldi baterako larritasun soziala duten pertsonek eta familia unitateek, horiek aterpe duinik edo egokirik ez dutenean edo horretarako errentarik edo ondarerik ez dutenean.
2. artikulua. Etxebizitzak.
Ordenantza honetako xede hori betetzeko, udal kapitaleko etxebizitza bat erabiliko da, baita horretarako Uharteko Udalari erakunde publikoek edo pribatuek utzitako etxebizitzak ere.
Etxebizitza arloko Politika Aktiborako eta Kohesio Sozialerako Alorrak eguneraturik izanen du etengabe halako etxebizitzen inbentarioa.
Ordenantza honen esparruko etxebizitzek bizigarri izateko baldintzak bete behar dituzte, eta oinarrizko ekipamendua eduki esleipen-hartzaileak bizitzen has daitezen.
BIGARREN TITULUA
Udal etxebizitzen aldi baterako lagapena jaso dezaketenak
3. artikulua. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
3.1. Ordenantza honetan araututako udal etxebizitzak erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
Eskaera bat aurkeztea Udal Erregistroan, Etxebizitza arloko Politika Aktiborako eta Kohesio Sozialerako Alorrari zuzendua. Eskatutako dokumentazio guztia erantsi behar da, egiaztatzeko ea eskatzaileek betetzen dituzten ordenantza honetan zehaztutako baldintzak.
Uharteko eta Esteribarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte zerbitzuek igor ditzakete eskaera horiek. Halakoetan, pertsona edo familia eskatzailearen egoerari buruzko txostena eskatuko da.
3.2. Udal etxebizitzen aldi baterako lagapenaren onuradun izateko, baldintza hauek bete behar dira:
a) Uharten erroldaturik egotea, 2 urteko antzinatasunarekin gutxienez. Salbuespenez, bestelako egoerak balora daitezke, gizarte zerbitzuen abala badute.
b) Ondoko taulan ezarritakoak baino handiagoak ez izatea familiaren diru-sarrerak:
FAMILIA UNITATEA EDO BIZIKIDETASUN UNITATEA | GEHIENEKO BATEZ BESTEKO |
Kide 1ekoa | IPREM halako 1,8, gehienez ere |
2 kidekoa | IPREM halako 2, gehienez ere |
3 kidekoa | IPREM halako 2,5, gehienez ere |
4 kidekoa | IPREM halako 2,75, gehienez ere |
5 kide edo gehiagokoa | IPREM halako 3, gehienez ere |
c) IPREM halako 1,2tik gorako balioa duen ondare higigarria ez izatea (horretarako, banku-kontuak hartuko dira aintzat, eta eskaera noiz egiten den, horren aurreko hiruhilekoan jasotzen den batez besteko saldoa konputatuko da).
Artikulu honetan xedatutakoa interpretatzeko ondorioetarako, familia unitatearen hileroko diru-sarrera guztien eta ondarearen batura hartuko da horren baliabide ekonomikotzat, ondokoa barnean dagoelarik:
–Laneko etekinen bidezko diru-sarrera garbiak. Norberaren konturako laneko etekinak kalkulatzeko, BEZaren aitorpen fiskalaren azken hiruhilekoari dagozkionak zatituko dira aitorpenaren hilabete kopuruarekin.
–Funts publiko nahiz pribatuen kargura finantzatutako gizarte aurreikuspeneko araubideetan sartutako prestazio eta pentsio aitortuak.
–Ondare elementuak ustiatzearen ondoriozko diru-sarrerak.
Hileko diru-sarrerak kalkulatzeko, azken seihilekoko laneko etekinen bidezko eta ondare errendimenduaren bidezko diru-sarreren batura seirekin zatituko da. Ondorio horietarako, eskaera egitean etxebizitzaren eskatzaileak eskuragarri duen benetako ondarea baloratuko da.
Honako hauek salbuetsiko dira familia unitatearen baliabide ekonomikoetatik:
–Helburu zehatz baterako diren laguntza ekonomikoak, eta halakotzat joko dira larrialdiko laguntzak, bekak, eskolako jantokietarako prestazio ekonomikoak, familia eta lana bateratzeko udal prestazio ekonomikoak, gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuen pizgarri ekonomikoak eta familia unitatearen behar jakin bat betetzeko eman den beste edozein.
–Adingabeak familian hartzeak ekarritako gastuak konpentsatzeko Nafarroako Gobernuak ematen dituen prestazio ekonomikoak.
–Seme-alaba adingabe bakoitzeko edo minusbaliotasun frogatua duen adinez nagusi bakoitzeko ematen diren familia prestazioak.
–Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa, laguntzaile pertsonala izateko prestazio ekonomikoa eta familiaren ingurunean egiten den zaintzarako eta zaintzaile ez-profesionalei sostengua emateko prestazio ekonomikoa, horiek denak Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean aurreikusitakoak.
–Familiaren jabetzak, non ez duen horren balioak iradokitzen behar adinako baliabide ekonomikoak dituztela.
3.3. Berebat, udal etxebizitzen aldi baterako lagapenaren onuradunek ordenantza honen 4.1 artikuluan zehaztutako premia egoeretako batean egon behar dute.
3.4. Etxebizitza bat jabetzan dutenek ezin dute udal etxebizitza horietako bat eskuratu, etxebizitza horrek beharrezko baldintzak betetzen baditu bertan bizitzeko.
Aurrekoaren salbuespena da etxebizitza erabili ezin izatea banantze edo dibortzio baten epai judizial baten ondorioz, edo legeak edo ohiturak etxebizitzaren jabetza eskubidearen erabileran eta luperketan ezartzen duen beste edozein mugarengatik; edo etxebizitza 200 kilometrora edo gehiagora egotea, lekualdaketak deserrotze larriak ekartzen badio pertsona horri edo familiari eta frogatzen badu benetan saiatu dela denboran zehar hura besterentzen katastroko baliotik gorakoak ez diren prezioetan arlo horretan espezializatutako higiezin enpresetan.
4. artikulua. Esleitzeko prozedura.
Ondotik zehazten diren faktoreak baloratuko dira. Horien maila desberdinen puntuazioa izanen da bakoitzari bukaerako taulan ematen zaiona, eskariari lehentasuna emateko ondorioetarako.
4.1. Premia egoera:
Ondoko mailen arabera kalifikatuko da sorturiko etxebizitzaren premia:
- Lehen maila: genero indarkeriaren biktimak, hondamendi humanitarioarenak, behin betiko ezbeharrarenak edo gertaera atzeraezinarenak (hala nola, ohiko etxebizitza utzarazpena, sutea, uholdea, aurri egoera, edo beste batzuk).
- Bigarren maila: infraetxea edo etxe desegokia ondoko arrazoietako batengatik:
- Eraikinak gutxieneko baldintzak ez betetzea eraikuntzaren aldetik, hala frogatuta badago txosten tekniko egiaztatu batean eta ez badago konponbiderik.
–Jendearen pilaketa handia izateagatik, azalera erabilgarria 31 m²-tik beherakoa denean, edo, betiere, pertsona bakoitzeko 10 m² edo gutxiago dagoenean.
–Etxebizitza beste familia unitate batzuekin partekatzea, adingabeak ukitzen dituen gatazkarik badago.
–Hirugarren maila: ondoko testuinguruetako bat sortzen duten errealitateak:
- Ohiko etxebizitza utzarazteko iragarritako prozesuak, edo etxebizitzaren premia sortzen duten muturreko larritasuneko beste egoera batzuk, ordenantza honetan eskuratzeko baldintzetan aurreikusita dagoen moduan, edo,
- Udalaren gizarte zerbitzuei lotutako esku-hartze sozialaren proiektuetan parte hartzea lagun egitearekin, aterperako baliabiderik behar bada hura hasi edo horretan segitzeko. Kasu horretan ezinbestekoa izanen da Udalaren gizarte zerbitzuetako erreferentziako langile teknikoek prestaturiko gizarte txosten bat aurkeztea.
4.2. Egoera ekonomikoa:
Diru-sarrera guztiak konputatuko dira, bizikidetza unitateko kideen kopuruaren arabera, ondoko taulari jarraituz.
–Lehen maila: 3.2.b) artikuluan etxebizitza eskuratzeko baldintza gisa eskatzen direnen %40ra arteko etekinak.
–Bigarren maila: 3.2.b) artikuluan etxebizitza eskuratzeko baldintza gisa eskatzen direnen %40tik %60ra arteko etekinak.
–Hirugarren maila: 3.2.b) artikuluan etxebizitza eskuratzeko baldintza gisa eskatzen direnen %60tik %80ra arteko etekinak.
4.3. Familia unitatea.
Familia-unitatetzat joko da eskatzaileak osatzen duena gehi, kasua bada, berarekin bizi den pertsona, ezkontza edo pareko afektibitate-harremanean elkartuta, sexu joera edozein dela ere, gehi, kasua bada, eskatzailearekin bizi, eta harekin bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuneko lotura edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasunekoa duten pertsonak. Familia unitateari atxikitako hirugarrenak ez dira kontuan hartuko, ez bada behar bezala frogatzen eta arrazoitzen.
–Lehen maila: familia unitateak 4 kide baino gehiago izatea.
–Bigarren maila: familia unitateak 3 edo 4 kide izatea.
–Hirugarren maila: familia unitateak 2 kide izatea.
4.4. Diru-sarreren prekarietatea:
Ondokoa hartuko da kontuan adierazten diren mailak zehazteko:
–Lehen maila: diru-sarrerarik gabe edo diru-sarrera prekarioekin: familia unitatean pertsona nagusiak (edo beste kideek) inongo diru-sarrerarik ez dutenean, edo dagokien gizarteratze-errentaren %100ekoak edo handik beherakoak direnean.
–Bigarren maila: diru-sarrera prekarioak: familia unitatean pertsona nagusiak (eta/edo beste kideek) enplegua duenean aldi baterako kontratu batekin (jakin gabe berrituko dioten hiru hilabeteko epean) edo langabeziaren prestazioa iraungitze datarekin duenean, edo ekonomia informaleko diru-sarrerak dituenean, gizarteratze-errentaren %120ra artekoak.
–Hirugarren maila: diru-sarrera egonkorrak ordenantza honetan ezarritako mugara arte: familia unitatean pertsona nagusiak (eta beste kideek) soldatapeko enplegu bat dutenean, finkoa edo mugagabea izan, edo sei hilabetetik gorako eta lanaldi osoko kontratu bat duenean, edo bestelako diru-sarrera finkoak dituenean, pentsioen edo gizarteratze-errentaren %120tik gorako diru-sarreren gisara.
4.5. Osasuna:
–Lehen maila: familia unitatean %65eko minusbaliotasuna edo handik gorakoa duten pertsonak, edo III. graduko mendekotasuna (mendekotasun handia) edo II. gradukoa (mendekotasun larria) dutenak, mendekotasunari buruz indarrean dagoen legedian zehazten den moduan.
–Bigarren maila: familia unitatean %33tik %65era bitarteko kalifikazioa dutenak, edo I. graduko mendekotasuna (mendekotasun moderatua) dutenak.
–Hirugarren maila: familia unitatean autonomia murrizten duten patologia kronikoak dituzten pertsonak, osasun tratamendu etengabeak behar dituztenak.
4.6. Diskriminazio positiboko elementuak:
Eskatzaileak eta/edo bizikidetza unitateko edozein pertsonak bete ditzakete ondoko baldintzak, zein behar bezala arrazoitu eta neurtuko baitira.
–Familia gurasobakarra.
–Adingabe bat edo gehiago.
–Etxebizitzarekin loturarik izan gabe, sorturiko gertaera traumatiko puntualak, ondorio fisiko eta psikiko larriak dakartzatenak.
–Gizarte desabantailak, adina, sexua, jatorria, etnia eta abarrengatik.
–Diru-sarreren %25 baino gehiago etxebizitzan gastatzea.
–Familia unitatean pertsona batek baino gehiagok izatea minusbaliotasunaren kalifikazioa edo mendekotasunaren balorazioa.
–Errehabilitazio sozio-sanitarioaren edo sozio-pertsonalaren prozesu zehatzak, eboluzio zuzenekoak.
–Jarduketa planen eta/edo gizarteratze hitzarmenen gaineko akordioak, Udalaren gizarte zerbitzuetako langileekin izenpetuak.
Kasu bakoitzaren barrenean egoera bat zenbat aldiz errepikatzen den, horrenbeste faktore konputatuko dira:
–Lehen maila: diskriminazio positiboko lau faktore edo gehiago.
–Bigarren maila: diskriminazio positiboko bi edo hiru faktore.
–Hirugarren maila: diskriminazio positiboko faktore bat.
FAKTOREAK NEURTZEKO TAULA | |||
FAKTOREAK | LEHEN | BIGARREN MAILA | HIRUGARREN MAILA |
1. Gertaera | 5 | 3 | 1 |
2. Egoera ekonomikoa | |||
3. Familia unitatea | |||
4. Diru sarreren egonkortasuna | |||
5. Osasuna | |||
6. Diskriminazio positiboa | |||
HIRUGARREN TITULUA
Udal etxebizitzak erabiltzeko araubidea
5. artikulua. Udal etxebizitza erabiltzeko baldintzak.
Uharteko Udalak, kasuen deribazioaren eta balorazioaren ondoren, alokairu kontratu bat eginen du etxebizitza bakoitzaren hartzaileekin.
Aldi baterako errentamendua izanen da Udalaren eta maizterren arteko harreman juridikoa, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 3.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Harremana 6 hilabetekoa izanen da gehienez, eta beste behin baino ezin da luzatu beste 6 hilabeterako.
6. artikulua. Maizterren betebeharrak udal etxebizitzarekiko.
Erabilera laga ondoan, maizterren ardura izanen da alokairuan lagatako etxebizitzaren egoera onari eustea eta mantentze-lanak egitea. Printzipio hori urratzen bada, segituan utzi beharko dute etxebizitza. Horretarako, argazkien inbentario bat eginen da maizter bakoitza sartu eta ateratzen denean, Udalak beharrezko doikuntzak egin ditzan lagapen berri bakoitzerako.
Halaber, etxebizitzetan sor litezkeen kalteen erantzuleak izanen dira. Kontratuan jasoko da zer ondorio ekarriko duen kasu bakoitzak.
Etxebizitzaren erabiltzaileei dagokie horniduren kontsumoak pagatzea (ura eta energia), baita familia unitate bakoitzarekin hitzartzen ahal diren bestelako komunitate gastuak ere.
7. artikulua. Kontraprestazio ekonomikoa.
Alokairurako hileroko kuota bat ezartzen da, ondoko irizpideetan oinarrituta:
–Gutxieneko hileroko gastuak:
- Gutxieneko gastuak etxebizitza bakoitzeko: 120,00 euroko gastua etxebizitzako hornidurarako (energia, ura, etab.). %20 handituko da familia unitateko kide bakoitzeko (N).
- Gutxieneko gastuak pertsona bakoitzeko: 200,00 euroko gastua pertsona bakoitzeko (elikadura, garraioa, arropa, etab.). %65etik gorako minusbaliotasunak bi kidetzat hartuko dira.
- Gutxieneko gastu guztiak = 120 *(1+ 0,2 *N) + N*200.
- Gasturik gabeko diru-sarrerak: diru-sarrera guztiak - gutxieneko gastu guztiak.
Alokairuaren hileroko kuota kalkulatzeko, gutxieneko gastu guztien %10 batuko da gasturik gabeko diru-sarreren portzentaje progresiboarekin (ondoko taularen arabera).
Alokairuaren hileroko kuota = gutxieneko gastu guztien %10 + gasturik gabeko diru-sarreren % progresiboa.
(Adibidez: gasturik gabeko diru-sarrerak 450,00 eurokoak balira, atal horretako alokairu kuota honakoa litzateke: lehenbiziko 200,00 euroen %15 + 100,00 euroen %20 + gainerako 150,00 euroen %30).
GASTURIK GABEKO DIRU-SARRERAK | % PROGRESIBOA |
200,00 euro bitarte | %15 |
201,00 eurotik 300,00 euro bitarte | %20 |
301,00 eurotik 500,00 euro bitarte | %30 |
501,00 eurotik 700,00 euro bitarte | %35 |
701,00 eurotik 1.000,00 euro bitarte | %40 |
1.000,00 eurotik gora | %45 |
–Edonola ere, ezartzen da gutxieneko hileroko kuota 50 eurokoa izanen dela.
8. artikulua. Baloraziorako batzorde teknikoa.
Uharteko eta Esteribarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea arduratuko da etxebizitzen eskaerak baloratzeaz.
Balorazio positiboa jasotzen duten eskaera guztiak, ordenantzan aurreikusitako baldintzak betez gero, udal etxebizitzaren eskatzaileen erregistro bakarraren parte izanen dira. Erregistro hori ordenantza honen babeserako ezarriko da. Udalaren gizarte zerbitzu baten deribazioak diren eskaerek lehentasuna izanen dute udal etxebizitza horiek eskuratzeko, balorazioa egin ondoan puntuazioa berdina denetan.
Udal etxebizitza eskuratzeko eskaeren ereduak prestatuko dira, ordenantza honetan ezarritako irizpideetan oinarrituak.
Halaber, agiri bat prestatuko da Udalak eta maizterrak etxebizitzaren erabilera egokiaz izenpetu beharreko konpromisoaren eredurako.
Beharrezkotzat joz gero, batzordeak itxaron zerrenda kudeatuko du, eta erabilera honetarako dauden etxebizitzak nola eskuratu planifikatuko.
9. artikulua. Eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Honako hau da eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa, udal etxebizitza eskuratzeko eskaerarekin batera:
–NANaren fotokopia edo Espainiako Estatuan legez bizi dela frogatzen duen agiriarena edo pasaportearena.
–Familia liburua, beharrezkoa bada.
–Familia unitateko kideen PFEZaren aitorpena, edo, hura aurkeztu beharrik ez badago, eskaera egin aurreko sei hilabetean izandako diru-sarreren edo etekinen zinpeko aitorpena, baita familia unitateko kide guztien higiezinen ondarearena ere. Aitorpen horrekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
–Besteren konturako langileak: nominak edo enpresaren ziurtagiriak, azken 6 hilabeteei buruzkoak.
–Erretirodunak edo pentsiodunak: kasuko urtean jaso beharreko pentsioaren edo prestazio ekonomikoaren ziurtagiria.
–Bere konturako langileak: azken seihilekoko BEZaren hiruhilekoko aitorpena, eta seihileko horretako diru-sarreren zinpeko aitorpena.
–Langabeak: enplegu eskaerako txartela eta Estatuko Enplegu Zerbitzuaren ziurtagiria, zehazten duena zer prestazio ari den jasotzen eta zein jaso den azken sei hilabetean.
–16 urte baino gehiago dituen eta araututako ikasketan ari ez den familia unitateko kide bakoitzari dagokion lan bizitzaren txostena, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana.
–Onuradunek jasotzen dituzten laguntzen, diru-laguntzen edo prestazioen ondoriozko beste diru-sarrera batzuk ematen dituen ebazpenaren fotokopia.
–Familia unitateko kide bat edo bat baino gehiago beharturik ez badaude legez aitorpena aurkeztera, Nafarroako Foru Ogasunak emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztuko da.
–Hala dagokionean, hipoteka-betearazpeneko, desjabetzeko edo antzeko prozedura batean sartuta dagoela frogatzen duen agiria.
–Hala dagokionean, genero indarkeriaren biktima dela frogatzen duen agiria.
–Hala dagokionean, banantze edo dibortzio epaiaren fotokopia, horren itun erregulatzailearena, edo hura lortzeko tramite judizialak hasita daudela frogatzen duen agiriarena.
–Udalaren gizarte zerbitzuek prestatutako banakako esku-hartze sozialaren plana eta txosten soziala, eskaerak horien deribazioak direnean.
–Eskaerari funtsa ematen dioten gertaerak frogatzen dituen beste edozein agiri.
Eskaera kudeatzen duenak, halaber, beharrezkotzat jotzen den dokumentazio osagarria eska dezake, egoera aztertzeko prozesuan.
10. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
Onuradunak betebehar hauek izanen ditu:
–Etxebizitza familia unitateko kideen bizileku arrunt eta etengabea izatea. Hertsiki debekaturik dago espedientean jasotzen ez diren pertsonek erabiltzea etxebizitza.
–Etxebizitza ezin izanen da azpikontratatu edo osorik zein hein batean hirugarren batzuei laga, eta baldintza hori ez betetzeak ere lagapena deuseztatzea ekarriko du.
–Bizikidetzaren arauak errespetatzea, baita bizilagunen elkartekoak ere.
–Obrarik ez egitea udal baimenik gabe.
–Etxebizitza higiene eta kontserbazio egoera onean mantentzea eta barneko eta kanpoko elementuak eta elementu komunak zaintzea.
–Udal erregistroan aurkeztutako eskabidearen bitartez, egoera sozio-familiarrean edo ekonomikoan izandako edozein aldaketaren berri ematea, eta Udalari jakinaraztea instalazioan matxurarik badago.
–Higiezina gaizki erabiltzeagatik sortutako kalteengatik erantzutea.
–Familiaren lagun egiteko programaren segimendua, Udalaren gizarte zerbitzuen deribazioen kasuetan.
–Beharrezko urratsak egitea premia egoeraren jatorria konpontzeko.
–Udalak irizten duenean maizter den pertsonaren edo familiaren egoera hobeki egokitzen dela Udalaren beste aterperako baliabide batera (alokairu sozialaren araubidea), maizterrak beharturik daude ebazpen hori onartzera.
Iragarkiaren kodea: L1700820
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
