41. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Udal ordenantza, Zenbait jarduera eta obra, horiekin lotuak edo lotu gabe, abian jartzeko aurretiazko komunikazioa eta erantzukizunpeko adierazpena egiteko prozedura arautzen duena. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2016ko irailaren 6an egin osoko bilkura arruntean, aldaketa hasiera batean onetsi zuen Zenbait jarduera eta obra abian jartzeko aurretiazko komunikazioa eta erantzukizunpeko adierazpena egiteko prozedura arautzen duen udal ordenantza (2016ko 199. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 14an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantzan egindako aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriobeitin, 2017ko urtarrilaren 11n.–Alkatea, Juan M.ª Albizu Andueza.

UDAL ORDENANTZA, PROZEDURA ARAUTZEN DUENA AURRETIAZKO KOMUNIKAZIOA ETA ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA EGITEKO, BERRIOBEITIKO UDAL MUGAPEAN ZENBAIT JARDUERA ETA OBRA ABIARAZTEKO

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

Ordenantza honen xedea da alderdi orokorrak arautzea Udalaren esku-hartze prozedurei aplikatzekoa zaien araubide juridikoan, Berriobeitiko udalerrian kokatutako establezimenduei, lokalei eta zenbait obrari dagokienez, sustatzaileak aurreikusitako jarduerak eta erabilerak abiarazteko eta horietan aritzeko eskatzen den tramitazioari eta dokumentazioari buruz. Honako hauek ezberdintzen dira:

1. Jarduerak, 12/2012 Legearen eta ondotik egin zaizkion aldaketen esparruan.

2. Tramite laburreko jarduera sailkatuak, 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamenduaren garapen arauaren esparruan.

3. Jarduera sailkatu gabeak, aurreko 1. eta 2. puntuetan sartzen ez direnak.

4. Erabilera eta jarduera ez-ekonomikoak, aurreko hiru puntuetako batean ere jasotzen ez direnak.

5. Obra txikiak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legean jasotakoak.

6. Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko 12/2012 Legean jasotako obrak.

7. Obra txikiak, jardueran aritzeari lotuak edo lotu gabeak, ordenantza honetan deskribatzen diren bezala.

8. Jardueren titulartasuna aldatzea.

9. Jarduera etetea eta/edo iraungitzea.

10. 12/2012 Legearen azken xedapenetako 9. eta 10.ean jasotakoaren esparruan, Gobernuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak ezar ditzateketen jarduerak.

Hortaz, ordenantza honen bitartez zehazten dira jarraitu beharreko prozedura, tramitea eta behar den dokumentazioa, deskribatutako erabilera eta jardueretan aritzeko, bai eta jarduera eta erabilera horiei lotutako edo lotu gabeko zenbait obra egiteko ere. Hori guztia, 12/2012 Legearen 5. artikuluan eta 30/1992 Legearen 71 bis artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2. artikulua. Definizioak.

1. Erantzukizuneko aitorpena: interesdun batek sinatzen duen dokumentua, non hark, erantzukizuna beretzat hartuta, adierazten baitu eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura erabiltzeko arauz ezarritako beharkizunak betetzen dituela, badaukala hori frogatzen duen dokumentazioa eta konpromisoa hartzen duela eskubidea aitortzen zaion edo erabiltzen duen aldi osoan betetzeko.

2. Aurretiazko komunikazioa: dokumentu bat zeinaren bidez interesdunek Administrazio Publiko eskudunari ezagutzera ematen baitizkiote beren identifikazio datuak eta gainerako beharkizunak, eskatzen direnak eskubide bat erabiltzeko, jarduera bat hasteko edo eteteko, edo titulartasuna aldatzeko.

3. Jarduera ekonomikoa: ondasunak ekoiztea edo zerbitzuak egitea dakarten industria edo merkataritza jarduera guztiak, Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamenduaren 22.1 artikuluan aurreikusiari jarraikiz.

4. Zerbitzua: norbere konturako edozein jarduera ekonomiko, gehienetan ordainsari baten truke emana.

5. Jarduera sailkatua: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen IV. eranskinean eta garapeneko araudian sartutako jarduerak eta instalazioak.

6. Jarduera sailkatu gabea: indarreko ingurumeneko legerian jarduera sailkatu gisa ezarrita ez dauden jarduera guztiak.

7. Obra txikia: teknikoki erraza den obra, eta eraikuntzaren eta kostuaren aldetik, berriz, funts gutxikoa; normalean lan txikiak dira, konponketak, apainketak, edergarriak edo itxiturak egiteko, proiektu teknikorik eta aurrekontu handirik gabe. Ezaugarri horiek biltzeak zehazten du obra txikiaren kontzeptua. Ez dakarte inola ere bolumena, eraikitako azalera edo erabilera objektiborik aldatzea, eta ez dute eragiten inolako berregituratze, birbanatze edo funtsezko beste aldaketarik, higiezinen egiturazko elementuetan edo elementu komunetan, ezta eraikinen edo instalazioen egituran (zutabeak, habeak eta abar), ezta horien bizigarritasun- edo segurtasun-baldintzak ere. Aitzitik, munta txikiko obrak dira, barnekoak zein kanpokoak.

Obra gauzatzeko aurrekontuak 20.000 eurotik beherakoa beharko du izan.

Hona hemen, obra txikitzat jotzen diren obren zerrenda bat, gehiago izan badaitezke ere:

–Lehendik dauden etxebizitzetan, barnealdean obrak egitea, fatxada ukitu gabe:

  • Barneko estaldurak berritzea, konpontzea eta/edo aldatzea.
  • Banaketan, bizitegitarako ez diren espazioetan, aldaketa txikiak egitea, bizigarritasunari eragin gabe.
  • Instalazio berriak konpondu, berritu, aldatu edo egitea, fatxada ukitzen ez dutenak, salbu eta multzoaren homogeneotasuna mantentzeko edo ezarritako ereduari jarraitzeko badira.

–Lehendik dagoen eta mantentzen den jarduera daukan lokalean, barnealdean obrak egitea, fatxada ukitu gabe eta jarduera sailkatuan aldaketa funtsezkorik eragin gabe.

  • Barneko estaldurak berritu-aldatzea, konpontzea eta/edo aldatzea, gela ezberdinen banaketari eta erabilerari eragin gabe.
  • Trenkada batzuk kendu eta/edo jasotzea, honako hauetan eraginik ez dutenak:
  • Espazioen banaketan eta erabileran aldaketak, doikuntza txikiak salbu.
  • Jendeak okupatzen duen azalera handitzea, ez eta hustutzeko elementuen okupazioa eta banaketa ere.
  • Instalazioak eta azpiegiturak konpontzea.

–Jarduerarik ez duten lokaletan, barnealdean obrak egitea, fatxadei eragin gabe eta ondorengo jarduerarik ez badakarte:

  • Barneko estaldurak berritu-aldatzea, konpontzea eta/edo aldatzea, banaketari eragin gabe.
  • Trenkadak kentzea jendeak okupatzen duen azalera handitu gabe, ez eta hustutzeko elementuen okupazioa eta banaketa ere.
  • Instalazioak eta azpiegiturak konpontzea.

–Lehendik dauden eraikinetako fatxadetan eta estalkietan obrak egitea, baldin eta lehengo bolumena, forma, baoak, materialak, koloreak eta diseinua mantentzen badira:

  • Estalkiak konpondu, mantentze-lanak egin eta teilaberritzea.
  • Fatxadak margotu eta paramentuak eta fatxadako elementuak (eskudelak, moldurak, zorrotenak eta antzekoak) konpontzea.
  • Lehendik dagoen kanpoko arotzeria ordezkatzea eta berriak jartzea, mantenduz multzoaren homogeneotasuna, ondoko eraikinena edo ezarritako eredua.
  • Errotulu eta eguzki-oihalak ezartzea.

–Obrak eraikinen instalazio edo azpiegitura komunetan:

  • Konponketa eta ordezkapen puntualak.
  • Instalazio berriak egitea onetsitako fatxada multzoan.

–Bestelako jarduketak:

  • Laginak hartzea edo eraispen puntualak egitea, etxebizitza edo lokalak eraikitzeko eta/edo eraberritzeko proiektua prestatu aurrekoak, baldin eta beharrezkoak direla frogatzen bada.
  • Eraberritze txikiak berdeguneetan.
  • Aipatutako ezaugarri berdintsuak dituzten obra txikiak.

8. Lizentzia: edozein egintza administratibo aurretiazko kontrolerako erabiltzen dena, erregelamenduzkoa eta deklarazio izaera duena, zeinaren bidez toki entitateak jarduketak baimentzen baititu, behin egiaztatu ondoren bat datozela egoki den indarreko antolamenduarekin.

9. Titulartasun aldaketa: administrazioari egiten zaion komunikazioa, zeinaren bidez ezagutzera ematen baitzaio lehendik legeztatutako jarduera baten titulartasuna eskualdatzen dela. Titulartasun aldaketaren xede den jarduera hasierako jarduera bera izan behar da. Aurreko titularraren erantzukizun eta eskubideak hartuko ditu berriak.

10. Jarduera etetea: enpresa jarduerak aldi baterako bertan behera uztea. Hau da, entitateak existitzen segitzen du, baina “jarduerarik ezako” egoeran.

11. Jarduera iraungitzea: jarduera behin betiko etetea, eta, hortaz, era guztietako jarduerei bukaera ematea.

12. Gabezia zuzentzeko modukoa eta ez-funtsezkoa: jarduera/erabilera bat ezartzeko edo aldatzeko proposameneko gabezia, bere garrantziagatik ezarritako epeetan zuzen daitekeena eta, bai sustatzaileak garaiz erantzunda bai Administrazioak proposa dezakeen ezarpenagatik, ezarritako epean jardueran aritzea ahalbidetzen duena.

13. Gabezia zuzentzeko modukoa eta funtsezkoa: jarduera/erabilera bat ezartzeko edo aldatzeko proposameneko gabezia, bere garrantziagatik jarduera etetea eskatzen duena.

14. Zuzendu ezin den gabezia: jarduera/erabilera bat ezartzeko edo aldatzeko proposameneko gabezia, aurkeztutako dokumentazioan egina, jarduerarekin jarraitzea ezinezkoa egiten duena, deusetan ukatu gabe ekar dezakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboa.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Erantzukizunpeko adierazpenaren eta geroko kontrolaren menpe jarriko dira:

a) Indarrrean den legediari jarraituz, bai ezartzeko bai aldatzeko tramite laburtua (erantzukizunpeko adierazpena) duten jarduerak, betiere Berriobeitiko udal mugapean egin nahi badira.

b) Sailkatu gabeko jarduerak eta erabilerak ezarri edo aldatzea, haietan aritzeko tramitea legedia aplikagarrian aurreikusirik ez dagoenean, betiere Berriobeitiko udal mugapean egin nahi badira.

c) Aurreko bi letretan azaldutako jarduerak ezarri edo aldatzearen ondoriozko obrak, gainera Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189 ter artikuluan sartuta daudenak, edo horren ordezko edo osagarri ematen den arauan sartutakoak.

d) Aurreko a) eta b) letretan azaldutako jarduerak ezarri edo aldatzearen ondoriozko obrak, 12/2012 Legean jasotako jardueretarako.

e) Obra txikitzat jotzen diren obrak, inongo jardueran aritzearekin edo hura aldatzearekin nahitaez loturik ez daudenak.

f) Jarduera abiaraztea eta obrak bukatzea, horiek jardueran aritzearekin loturik egon ala ez.

2. Aurretiazko komunikazioaren menpe egonen dira, kontuan izan gabe ea abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena edo lizentzia behar izan duten:

a) Jarduera guztien titulartasun aldaketak.

b) Izandako era guztietako jarduera ekonomikoak etetea eta iraungitzea.

4. artikulua. Baztertzeak.

Ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo daude establezimendu, jarduera eta obra hauek, eta aplikatzekoa den araudi sektorialaren menpe egonen dira:

a) Jarduerak, haietan legediaren arabera aritzen hasteko tramitazioa eta prozedura indarrean den legeria eta/edo araudian araututa, jasota eta aurreikusia badago, hasiera horretan erantzukizunpeko adierazpena eta/edo aurretiazko komunikazioa aurreikusi gabe.

b) Obrak jabari publikoko ondasunen erabilera pribatiboan eta okupazioan, eta jarduera horiek zeinek berekin dakarten jabari publikoko ondasunak ukitzea edo horien erabilera pribatiboa.

c) Jarduerak edo obrak, baldin aplikatzekoa den hirigintzako araudiaren arabera erabilera debekatuak badira.

d) Obra proiektua behar duten obrak, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legeari jarraikiz.

e) Obrak, baldin Nafarroako Foru Komunitateari badagozkio haien gaineko eskumena eta aurretiazko kontrola.

f) Hirigintzako plangintzan aurreikusitako antolamenduarekin bat ez datozen eraikinetan egin beharreko obrak.

g) Obrak, antolamenduz kanpo deklaratutako eraikinetan.

h) Behin-behineko gisa kalifikatutako obrak edo hirigintzako bestelako edozein jarduketa egitea, sektoreko legeriak eta hirigintzako planeamenduak baimenduta daudelako, eten beharrekoak eta, edonola ere, eraitsi beharrekoak, inolako kalte-ordainik jaso gabe, Udalak erabakitzen duenean.

i) Eraikinen egitura eramailea, edozein motatakoa eta edozein gradutan (eskaileren ukipena eta behegainen eraikuntza barne) edo horien elementu komunak ukitzen dituzten obrak (salbu fatxada, estalki eta instalazioetan egiten diren obra txikiak).

j) Babestutako eta/edo graduren batean babestutako eraikinak, elementuak eta/edo edozein motatako multzoak ukitzen dituzten obrak.

k) Aldamioak behar dituzten obrak.

l) Etxebizitza edo jarduera baten banaketa ukitzen duten obrak, modu esanguratsuan bigarren kasuan.

m) Espazio, lokal, nabe eta abarren erabilera aldatzen duten obrak.

n) Eraikinaren alderdi estetikoak nabarmen ukitzen dituzten obrak.

o) Bi hilabetetik gorako exekuzio epea edo obra gauzatzeko aurrekontua 20.000 eurotik gorakoa dutenak.

5. artikulua. Eredu normalizatuak.

Erantzukizunpeko adierazpenak eta aurretiazko komunikazioak eredu normalizatuetan aurkeztuko dira. Horiek herritarren eskura daude Berriobeitiko Udalaren web-orrian eta udal bulegoetan.

INGURUABAR OROKORRAK, ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENETAN ETA AURRETIAZKO KOMUNIKAZIOETAN

Arau komunak

8. artikulua. Guztiendako arauak.

1. Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezteak ez dakar berez establezimendua eta/edo egin beharreko obrak eta/edo jardueraren hasiera bat datozenik aplikatzekoa den araudiarekin, eta ez du mugatzen Berriobeitiko Udalari aplikatzeko den araudi sektorialak egiaztatzeko, ikuskatzeko eta zehatzeko eta, orokorrean, kontrolatzeko ematen dizkion ahalmenen erabilera.

2. Erantzukizunpeko adierazpenak titularrari ahalmena emanen dio nahi duen eta eskaeran adierazi duen jarduketa egiteko, baldin beharrezko dokumentazio nahitaezkoa badu, galarazi gabe egoki diren egiaztatze, kontrol eta ikuskatze ahalmenak.

3. Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar izanik, halakorik aurkeztu gabe egiten badira jarduketak, edo jarduerak gauzatzen edo garatzen badira kautelazko etetea edo behin betikoa deklaratu arren, ondorio guztietarako ulertuko da baimen edo lizentziarik gabeko jarduketak direla, eta lizentziarik gabeko jarduera sailkatuen, obren eta erabileren lege-babes eta zehapen araubide bera aplikatuko zaie, kasu bakoitzean egoki dena.

4. Berriobeitiko Udalean erantzukizunpeko adierazpenean aurkezten diren datuak edo adierazpenak zuzenak ez badira edo faltsuak badira, edo zerbait funtsezkoa falta bada, horrek berarekin ekarriko du jarduera, zerbitzua edo obra abiatu, garatu edo gauzatu ezina, egoera horren berri jakiten den unetik beretik, aparte utzirik izan litezkeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboak.

5. Udalak ebazpena emanen du aipatutako inguruabarrak gertatu direla deklaratzeko eta erabakitzen ahalko du interesduna behartuta dagoela egoera juridikoa lehengoratzera, harik eta jarduera, zerbitzua edo obra abiatu, garatu edo gauzatu aitzineko uneraino, eta orobat erabaki xede berarekin beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezteko ezintasuna, ezarritako epean, aplikatzekoak diren arauetan ezarri bezala.

6. Jarduera edo zerbitzu beraren inguruan lokal berean hainbat jarduketa egin behar badira, bidezko diren erantzukizunpeko adierazpenak eta/edo aurretiazko komunikazioak batera tramitatuko dira.

7. Berriobeitiko Udaleko zerbitzu teknikoek ezartzen badute ezen erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez hasitako espediente bat tramitatu beharko litzatekeela lizentziaren edo aurretiazko baimen baten menpeko prozeduraren bidez, aipatutako espedientea prozedura egokira birbideratuko da, alkatetzaren ebazpenaren bidez, beharrezkoa izan gabe interesdunak berriz ere eskaera egitea, eta ebazpen hartan deklaratuko da ezin dela onartu erantzukizunpeko adierazpen edo aurretiazko komunikazio hori, eta adieraziko da ezin dela ukitutako eskubide edo jarduera gozatzen hasi behar den aginduzko lizentzia lortu gabe.

8. Jarduera ezin bada legeztatu, eskatuko da establezimendua ixteko.

9. Inola ere ez da ulertuko erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez hartzen direla legeriaren kontrako edo hirigintzako planeamenduaren kontrako ahalik, eta legeriaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrako erantzukizunpeko adierazpenak eta aurretiazko komunikazioak erabat deusezak izanen dira, baldin eraginkor izateko funtsezko beharkizunak betetzen ez baditu.

10. Jardueren eta establezimenduen ardura duten pertsonak beharturik daude horiek behar bezalako baldintzetan gauzatu eta mantentzera, segurtasunari, osasungarritasunari, irisgarritasunari eta ingurumeneko kalitateari dagokienez, espazio publikoetan izan litekeen eragina murriztuz eta aipatutako baldintzak betetzeko behar diren teknikarik hoberenak erabiliz, horiek eskura badira.

11. Erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez egiten den jarduera edo obraren ardura dutenek betebehar berariazkoa dute jarduera edo obrako establezimenduan deklaratutako elementu eta beharkizunen frogagiriak gordetzeko, eta, behar denean, Udalaren esku jartzeko, baldin egiaztapen eta/edo ikuskapen jarduketetarako eskatzen bada.

12. Erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren menpe dauden jarduerak ikuskatzeko ofizialki izendatutako langileak agintaritzaren agentetzat hartuko dira, berezko dituzten eginkizunak betetzeko, ikuskapenetarako ezarri den bezala hirigintzako eta/edo ingurumeneko legerian.

13. Berriobeitiko Udalean indarrean diren ordenantza fiskalek arautuko dituzte erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezteak ekartzen dituen tributuak.

ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA BEHAR DUTEN JARDUKETEN ARAUBIDE JURIDIKOA

Erantzukizunpeko adierazpena behar
duten jarduerak, zerbitzuak eta obrak

9. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduerak.

Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari lotuta daude ondoko hauek:

1. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak, indarreko ingurumeneko araudiak horrela ezartzen duelako.

Gaur egun, abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren II. eranskinean zehazturik daude jarduera horiek, baina ez III. eranskinean. Foru agindu horrek abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak ezartzea du helburu, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko arauak sartzeko asmoz; aipatutako foru dekretuak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten du.

2. Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legean, eta ondorengo aldaketetan (20/2013 Legea eta 14/2013 Legea) jasotako jarduerak.

3. Jarduera sailkatu gabeak eta erabilerak, haien tramiterako prozedura espresuki eta nahasbiderik gabe inongo araudik eta/edo legeriak, orokorra nahiz sektoriala izan, arautzen ez duenean.

4. Aurrekoen aldaketak, kontuan hartuz, kasua bada, haien funtsezkotasuna.

10. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko agiriak.

Egin beharreko obra eta/edo jardueraren titularrak edo sustatzaileak aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpena, obra eta/edo jarduera hasi aurretik.

Ordenantza honetan ezartzen den dokumentazioa gutxienekoa izanen da. Berriobeitiko Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduerak zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko direla bermatzeko.

11. artikulua. Obrak, jarduerei lotuak edo lotu gabeak eta erantzukizunpeko adierazpena behar dutenak.

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak izanen dira indarreko hirigintzako araudiak ezartzen dituenak. Gainerako obrek lizentzia beharko dute, hain zuzen ere Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluan zehaztutakoak.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona zer diren:

1. Lokalak egokitzearekin lotutako obrak, jardueran aritzeko eta zerbitzuak emateko, aplikatzekoa den araudi sektorialarekin bat:

Talde honetan sartuko dira lokaletako obrak baldin erakusketarako eta salmentarako azalera erabilgarriak ez badu gainditzen 12/2012 Legeak (eta ondorengo aldaketek) ezarritako azalera, betiere ez badute obra proiektu bat behar, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legeari jarraikiz.

Orobat, 12/2012 Legean jasotzen diren ezaugarrien antzekoak dituzten eta zerbitzuetarako diren lokaletako obrak ere sartuko dira.

2. Munta edo tamaina eskaseko obrak, eta obra txikiak, jarduera ekonomikoen garapenari lotuta edo lotu gabe egonik, ordenantza honen 2. artikuluko 7. puntuan zehaztutakoen antzekoak badira, zehatz-mehatz ez bada ere.

12. artikulua. Obrak egiteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea eta erantsi beharreko dokumentazioa.

Egin beharreko obraren titularrak edo sustatzaileak obra eta/edo jarduera hasi aurretik aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpena.

Ordenantza honetan ezartzen den dokumentazioa gutxienekoa izanen da. Berriobeitiko Udalak beste agiri batzuk ere eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko direla bermatzeko.

13. artikulua. Jarduera abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea eta jarduera bati lotutako edo lotu gabeko obren amaiera, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Edozein jarduera eta/edo erabilera abiarazi behar denean, bai eta obren amaiera komunikatzeko (obrak jarduera bati lotuak edo lotu gabeak izan), erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du titularrak edo sustatzaileak, jarduera hasi aurretik eta behin jarduera gauzatzeko eta egin diren obren amaierarako behar diren baldintza sektorial guztiak beteta eta baimen guztiak eskuratuta.

Jarduera bati lotu gabeko obrak egin ondotik erabilera hasten denean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da aurreikusitako obrak erabat bukatutakoan eta obrak egiteko beharrezkoak izan diren sektoreko baldintza eta baimen guztiak lortu ondotik.

Ordenantza honetan ezartzen den dokumentazioa gutxienekoa izanen da. Berriobeitiko Udalak beste agiri batzuk ere eska ditzake, kasu bakoitzerako beharrezkotzat jotzen badu, lokala eta/edo jarduera zuzen eta osoki definitzeko, edo araudira egokitzen dela bermatzeko.

Erantzukizunpeko adierazpenaren ondorioak eta eraginkortasuna

14. artikulua. Proiektatutako jarduera hastea, obrak bukatzea, jarduerari lotuak edo lotu gabeak izan.

Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak interesdunari ahalmena ematen dio proiektatutako jarduera hasteko eta/edo obrak gauzatzeko, aurkezpenaren egunetik beretik edo hasierarako adierazitako egunetik, baldin Udalaren esku uzten bada legez eskatzen den dokumentazio osoa, tramitaziorako, galarazi gabe udal administrazioak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko esleituta dituen ahalmenak.

Aurreko parrafoan adierazitakoaz haratago, jarduera eta erabilera bat abiarazteko baldintza denean lokala/establezimendua egokitzeko obrak fisikoki bukatuta egon behar izatea (dagokion aldez aurreko tramitea beteta), sustatzaileari jarduera hasten denean eskatuko zaio betebeharra, egokitzapen obrak erabat bukatuta daudenean. Lokala/establezimendua baldintza egokietan egon beharko da jarduera garatzeko; bereziki, pertsonen eta/edo ondasunen segurtasunari dagokionez.

Aurkeztutako eta behar bezala zigilatutako dokumentazioaren kopia edo erregistro elektronikoak luzatutako ordainagiria jendaurrean egonen da jarduera egiten den establezimenduan.

Aurreikusitako jardueran aritzeak edo hura abiarazteak eta erabilera hasteak, biak ere aldez aurretik obrak egiteari lotuta daudenean, dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharra ekarriko dute, ordenantza honetan horretarako ezarritako dokumentu ereduari jarraituz.

15. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna.

1. Jarduera sailkatuak. Aplikatzekoa den araudi sektorialean ezarritakoari jarraituko zaio iraungitzeari eta eraginkortasunari dagokienez.

2. Obrak. Aplikatzekoa den araudi sektorialean ezarritakoari jarraituko zaio iraungitzeari eta eraginkortasunari dagokienez. Pertsona interesdunak obrak bukatzeko data adierazi beharko du dagokion erantzukizunpeko adierazpen eredua aurkezten duenean, Udalak aukera izan dezan egiaztatzeko, hala ezarrita dagoenean edo hala erabakitzen denean.

3. Jarduerak abiaraztea. Pertsona interesdunak jarduera hasteko data adierazi beharko du dagokion erantzukizunpeko adierazpen eredua aurkezten duenean, Udalak aukera izan dezan egiaztatzeko, hala erabakitzen bada.

Jarduera abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena aurkezturik, jarduera ez bada hasten edo gelditzen bada 2 urtetik gora, beharrezkoa izanen da jarduera hasi edo hari segida eman nahi dion pertsona interesdunak erantzukizunpeko adierazpen berri bat aurkeztea.

Erantzukizuneko aitorpena egiaztatzeko prozedura

16. artikulua. Ohar orokorrak.

Egiaztatzeko jarduketak dagozkien arau sektorialei lotuko zaizkie. Halakorik ez bada, titulu honetako aginduak aplikatuko dira.

Udal zerbitzu eskudunek, edo, behar denean, entitate laguntzaile baimenduek noiznahi eginen dituzte beharrezkotzat jotzen diren egiaztapen eta/edo ikuskapenak, ordenantzaren xede diren jarduerei dagokienez, indarra duen legeriak egozten dizkien eskumenak erabiliz; horretaz aparte, eskatzen ahalko dira aplikatzekoa den araudian oinarriturik edozein alderdi betetzen dela erakusten duten frogagiriak.

Egiaztapenak egiteko prozedurak, oro har, jarduketa hauek izanen ditu:

1. Egiaztapen aldia: adierazitako jarduera eta erabilera erantzukizunpeko adierazpenaren tramiteari lotutako kasuen barnean dagoela egiaztatuko da, eskatutako dokumentazioa biltzen duela, aplikatzekoa den hirigintzako udal araudia betetzen dela eta baita segurtasuneko alderdi eta baldintza jakin batzuk betetzen direla ere.

17. artikuluko a) eta b) ataletan azaldutako egiaztapen aldia eginen da aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen guztietarako. Bi egiaztapen horiek ez dute egoera epaitzen, eta ez dute esan nahi establezimenduak betetzen dituela aplikatzekoa den araudiko baldintzak.

17. artikuluko c) atalean azaldutako egiaztapena eginen da jarduerak abiarazteko aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen guztietan, baldin geroko ikuskapenik izan behar badute. Gainera, Udalak, egokitzat jotzen badu, erantzukizunpeko adierazpen bat teknikoki egiaztatzen ahal du, kontuan izan gabe jardueren, obren edo abiarazteen erantzukizunpeko adierazpenak diren.

2. Ikuskapen aldia: in situ egiaztatzea betetzen dela erantzukizunpeko adierazpenean adierazitakoa edo baldintzak frogatzeko agirietan adierazitakoa.

Ikuskatzeko prozedura ofizioz hasiko da, bai norberaren ekimenez bai beste organo batzuen eskaera arrazoituaren ondorioz, edo hirugarrenen salaketen ondorioz.

Ikuskapenak egin daitezke:

1. Jarduera abiaraztearen ondorioz: jarduera guztien abiaraztea ikuskatuko da.

2. Jarduera egin bitartean: edozein jarduera ikuska daiteke, kontuan izan gabe abiaraztean ikuskatu zen edo ez.

3. Obrak bukatzearen ondorioz, eta horrekin, aurreikusitako erabilera edo jarduera hastea: ikuskapena eginen da obrak bukatzean (ordenantza honetan jasoak).

17. artikulua. Egiaztapen aldia.

Egiaztapen aldia honela garatuko da:

1. Egiaztatzea ea aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren xedea sartzen ote den erantzukizunpeko adierazpenaren menpe dauden kasuetan.

Erabakitzen bada aitortutako jarduera edo obra ez dagoela erantzukizunpeko adierazpenaren kasuen artean, eta aurretiazko baimena eta/edo lizentzia behar dela, ordenantza honetako arau amankomunetan (8. artikulua) ezarritakoari segituko zaio.

2. Agirien egiaztapena: egiaztatuko da ea ordenantza honek eskatutako agiri guztiak aurkeztu diren.

Agiri guztiak aurkeztu ez badira, interesdunari eskatuko zaio 15 egun balioduneko epean aitorpena zuzen dezala, eta erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna eten eginen da harik eta eskatzen den zuzenketa egiten den arte. Baldin epe horretan aitorpena zuzentzen ez bada, alkatetzaren ebazpenaren bidez hori jasoko da, erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasun eza deklaratuko da, eta, behar denean, jarduera edo obra eten behar dela ere deklaratuko da.

3. Aplikatzekoa den hirigintzako araudia betetzen dela egiaztatzea: aurreikusitako erabileraren eta egin beharreko obren bateragarritasunari buruz.

4. Segurtasun alderdiak eta baldintzak egiaztatzea. Halako alderdi eta baldintzatzat joko da dokumentazio teknikoa sinatzen duen profesional teknikoaren titulazioa, gaitasuna eta kualifikazioa aztertzeko beharra, bere funtzioa baita obretako segurtasuna bermatzea eta ziurtagiriak sinatzea.

Gabeziak edo ez-betetzeak ikusten badira, Udalaren zerbitzu teknikoek gabezia edo ez-betetze horiek honela sailkatuko dituzte: zuzentzeko modukoak eta ez-funtsezkoak direnak, zuzentzeko modukoak eta funtsezkoak direnak eta zuzendu ezin direnak.

a) Zuzentzeko modukoak eta ez-funtsezkoak badira, egiaztapen prozedurarekin jarraituko da eta interesdunari komunikazioa igorriko zaio zuzenketa egin dezan edo, kasua bada, jardueran aritzeko beharrezko baldintzak ezartzeko.

b) Zuzentzeko modukoak eta funtsezkoak badira, aginduko da jarduera edo obra kautelaz eten dadila, alkatetzaren ebazpenaren bidez, eta 15 eguneko epea emanen da interesdunak aukera izan dezan bere eskubidearen alde komenigarriak iruditzen zaizkion alegazioak egiteko, eta epe bat akatsak zuzentzeko, ohartaraziz ezen, zuzenketarik egiten ez bada, ebazpena ematen ahalko dela ezarriz erantzukizunpeko adierazpena eraginkortasunik gabea dela, eta aginduz establezimendua behin betiko itxi dadila.

Epe horiek amaituta, eta ikusirik aurkeztutako alegazioak eta egindako jarduketak, behar den ebazpena emanen da.

c) Zuzendu ezinak badira: ebazpen arrazoitua emanen da, ezarriz erantzukizunpeko adierazpena ez dela eraginkorra, eta aginduz establezimendua behin betiko itxi dadila, edo, behar denean obra geldi dadila. Ebazpen horrek ezar dezake, egoki bada, hasieraren aurreko egoera juridikora itzuli beharra.

18. artikulua. Ikuskapen aldia.

Erantzukizunpeko adierazpena eta horren dokumentazioa araudiarekin bat heldu direla frogatu ondoan, jarduera in situ egiaztatuko da; horretarako, egoki den ikuskapen akta jasoko da.

Ikuskapena bukatu eta behar den akta egin ondotik, horren kopia interesdunari igorriko baitzaio, proposatutako neurri zuzentzaileak hartzeko bertan ezarritako epeak kontatzen hasiko dira, aktaren dataren hurrengo egunetik kontatzen hasita, eta ez da beharrezkoa izanen horri buruzko ebazpenik ematea. Aktak geroko txosten tekniko bat aipatzen badu, hura jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen epeak.

Jardueraren badaezpadako edo behin betiko etenaren gaineko ebazpenaren aitzineko entzute epetzat hartzen dira neurri zuzentzaileak hartzeko nahiz agirien egiaztapen aldiaren ondoriozko akatsak edo baldintzak zuzentzeko emandako epeak.

19. artikulua. Ikuskapenaren aktak. Prozedura.

Ikuskapen jarduketez akta jasoko da, eta hura agiri publikotzat joko da, eta zehapen prozedurei dagokien proba balioa izanen du, aparte utzirik administratuek beren eskubide edo interesen defentsan aurkez ditzaketen probak.

Aktak, gutxienez ere, ordenantza honetan adierazten diren datuak izan beharko ditu, eta kopia bat emanen zaio interesdunari.

Ikuskapenaren emaitza aktan jasoko da, eta izan daiteke:

1. Aldekoa: jarduera eta/edo obra aitortu eta egiaztatua tramitatutako erantzukizunpeko adierazpenaren arabera eta berari erantsitako dokumentazioaren arabera gauzatzen ari bada.

Aktak berariaz adieraziko du ikuskapenaren akta aldekoa dela, eta jasoko dira, halakorik bada, egiaztapenetik ondorioztatutako zuzentzeko moduko akatsak, ez funtsezkoak, eta epe bat emanen da zuzenketa egiteko, aktan jasoko dena.

Emandako epea iraganik, alkatetzaren ebazpena emanen da, erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna eta egiaztapen prozeduraren amaiera deklaratzeko, eta espedientea artxibatu eginen da.

Epea iraganik, zuzenketarik egin ez bada, ebazpena emanen da erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna eta egiaztapen prozeduraren amaiera deklaratzeko, eta zehapena emanen da akatsak zuzentzeko betebeharra ez betetzeagatik.

Jarduera abiarazten bada, Udalak, 20 eguneko epean, abiarazte horren frogagiria emanen du, eta jendaurrean izan beharko da, jarduera egiten den establezimenduan.

2. Kontrakoa: baldin jarduerak akats funtsezkoak eta zuzentzeko modukoak baditu, edo akats zuzendu ezinak.

Aktak berariaz adieraziko du ikuskapenaren akta kontrakoa dela, eta arrazoiak agertuko dira, eta baita adierazpen egileak egoki juzgatzen dituen neurri zuzentzaileak hartzeko epea ere. Aktak adieraz dezake Udalaren txosten teknikoan emanen direla arrazoiak, neurri zuzentzaileak hartzeko beharra eta epea. Txosten hori 15 eguneko epean emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio.

Zuzendu ezin diren akatsak badaude, hori berariaz jaso behar da ikuskapeneko aktan, edo, egoki denean, aktak adierazten duen txostenean.

Aurkitutako akatsek edo ez-betetzeek hala eskatzen dutenean, alkatetzaren ebazpenaren bidez jarduera kautelaz eteten ahalko da, adierazitako neurri zuzentzaileak hartzen ez diren bitartean. Ebazpen horretan, interesdunari hamar eguneko entzute epea emanen zaio.

a) Akatsak zuzentzeko epea iraganik, agindutako neurri zuzentzaileak hartu badira, artikulu honen a) atalean ezartzen den bezala jokatuko da.

b) Baldin akatsak zuzentzeko emandako epea iraganda ez badira neurri zuzentzailerik hartu, alkatetzaren ebazpena emanen da, jarduera kautelaz eteteko, harik eta ezarritako epean neurri zuzentzaileak hartu arte, edo, jarduera lehenagotik eten bada, deklaratzeko eten horrek irauten duela, galarazi gabe egoki den zehapen prozedurari hasiera ematea.

Alegazioak aurkezten badira, ebazpen horretan berean ebatzi beharko dira.

Behin iraganik jardueraren etetearen jakinarazpenetik edo etenaldiaren jarraipenaren jakinarazpenetik aurrera emandako epea, ikuskapen berri bat eginen da, eta horren akta jasoko da:

–Agindutako neurri zuzentzaileak hartu badira, behar bezala ziurtatuta, akta aldekoa izanen da, eta artikulu honen a) atalean bezala jokatuko da.

–Eskatutako neurriak hartu ez badira, akta kontrakoa izanen da, eta txosten tekniko eta juridikoa eginen da, proposatuz jarduera eten dadila, ez-betetzeengatik. Alkatetzaren ebazpena emanen da, deklaratuz egiaztapen prozedura bukatu dela eta aginduz jarduera berehalakoan eten dadila osorik edo partez (egoki dena). Gero, ebazpen hori igorriko da hirigintzako ikuskapenera eta udaltzaingora, eta, kasuak jarraipena izanez gero, egoki den zehapen prozedurari hasiera emanen zaio.

c) Ikuskapen aktan zerrendatutako akatsak zuzendu ezinak badira, ebatziko da deklaratuz jarduera behin betiko eten behar dela, erantzukizunpeko adierazpenak ez duela eraginkortasunik, eta kontrol prozedura bukatu dela. Espedientea artxibatu eginen da, galarazi gabe egoki izan daitekeen zehapen prozedura.

Alkatetzaren ebazpenak deklaratzen duenean jarduera behin betiko eten behar dela eta erantzukizunpeko adierazpenak ez duela eraginkortasunik, erabakitzen ahalko du interesduna behartuta dagoela egoera juridikoa lehengoratzera, harik eta jarduera, erabilera, zerbitzua edo obra abiatu, garatu edo gauzatu aitzineko uneraino, eta orobat erabaki dezake xede berarekin beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezteko ezintasuna, ordenantza honetan dagokion atalean ezarritako epean, aplikatzekoak diren arau sektorialetan ezarri bezala.

Prozedura honetan emandako ebazpenen aurka aurkez daitezkeen errekurtsoak ebazpena eman zuen organoari zuzenduko zaizkio, aztertu eta ebatz ditzan. Proposatutako neurriak bateragarriak dira egoki den zehapen prozedura tramitatzearekin.

20. artikulua. Entitate laguntzaileak.

Udal administrazioaren entitate laguntzaile baimenduek bete ditzakete, osoki edo partez, erantzukizunpeko adierazpenean aipatutako beharkizunak eta inguruabarrak egiaztatzeko jarduera teknikoak.

AURRETIAZKO KOMUNIKAZIOA BEHAR DUTEN
JARDUKETEN ARAUBIDE JURIDIKOA

Titulartasun aldaketa eta etetea

21. artikulua. Aurretiazko komunikazioa behar duten jarduketak.

1. Jardueraren titulartasunaren aldaketa, izan jarduera sailkatua nahiz sailkatu gabea, kontuan izan gabe ea jardueraren abiaraztea egon den lizentziaren, erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren menpe.

2. Jarduera etetea eta/edo iraungitzea, izan jarduera sailkatua nahiz sailkatu gabea, kontuan izan gabe ea jardueraren abiaraztea egon den lizentziaren, erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren menpe.

15. artikulua. Titulartasuna aldatzeko aurretiazko komunikazioa eta erantsi beharreko dokumentazioa aurkeztea.

Titulartasun aldaketaren aurretiazko komunikazioa gehienez ere hamabost eguneko epean aurkeztu behar da, jarduera egin behar den lokalaren salerosketa, alokairu edo eskualdatze kontratua sinatzen denetik.

Ordenantza honetan ezartzen den dokumentazioa gutxienekoa izanen da. Berriobeitiko Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada aurretiazko komunikazioaren xede den titulartasun aldaketa zuzen eta osoki zehazteko.

23. artikulua. Jarduera eteteko aurretiazko komunikazioa eta erantsi beharreko dokumentazioa aurkeztea.

Jarduera eteteko aurretiazko komunikazioa gehienez ere hamabost eguneko epean aurkeztu behar da, eteten denetik hasita. Halako eguntzat hartuko da data hori non Udalaren zerbitzu teknikoek egiaztatzen duten jarduera eten edo iraungi egin dela.

Ordenantza honetan ezartzen den dokumentazioa gutxienekoa izanen da. Berriobeitiko Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada aurretiazko komunikazioaren xede den titulartasun aldaketa zuzen eta osoki zehazteko.

24. artikulua. Bete beharra eta ondorioak.

Jardueraren titulartasun aldaketen eta/edo eteteen aurretiazko komunikazioa (ordenantza honen aplikazio eremuko jarduerak ukitzen dituenean) ondorio informatiboetarako bakarrik eskatuko da.

Betebehar hori betetzen ez bada, administrazioak aukera izanen du, zuzenbideak ezartzen dituen bitartekoen bidez, zehazteko noiz izan diren gertaera horiek, egoki diren ondorioetarako, galarazi gabe horietan xedatutakoa, aplikatzekoa den zehapen prozeduran.

Aurretiazko komunikazioek kasuan kasuko legerian zehazten diren ondorioak sortuko dituzte. Haiei esker, aurkezten diren egunetik beretik eskubidea onartu edo erabiliko da edo jarduera bat hasiko. Betiere, galarazi gabe Administrazio Publikoek dituzten ahalmenak egiaztapena, kontrola eta ikuskapena gauzatzeko.

Titulartasuna aldatzen bada, aurkeztutako eta behar bezala zigilatutako dokumentazioaren kopia edo erregistro elektronikoak luzatutako ordainagiria jendaurrean egonen da jarduera egiten den establezimenduan, harik eta Udalak jardueraren abiarazteari buruzko frogagiria ematen duen arte.

25. artikulua. Dokumentazioaren eskaera.

Behin aurretiazko komunikazioa aurkezturik, Udalak egiaztatuko du ea dokumentazioa osorik dagoen.

Agiri guztiak aurkeztu ez badira, interesdunari eskatuko zaio 15 egun balioduneko epean komunikazioa zuzen dezala, eta aurretiazko komunikazioaren eraginkortasuna eten eginen da harik eta eskatzen den zuzenketa egiten den arte.

Epe horretan komunikazioa zuzentzen ez bada, aplikatzekoa den zehapen prozeduraren arabera jokatuko da.

26. artikulua. Jarduera ezaren ondorioak.

Titulartasuna aldatzeko aurretiazko komunikazioa aurkezturik, jarduera ez bada hasten edo eteten bada 2 urtetik gora, beharrezkoa izanen da jarduera berriz hasi edo hari segida eman nahi dion pertsona interesdunak erantzukizunpeko adierazpen berri bat aurkeztea.

Baldin, jarduera eten denetik, 2 urteko epean berriz hasten ez bada, beharrezkoa izanen da berriz hasteko interesdunak jarduerarako lizentzia berri bat eskatzea, eta/edo jarduera abiarazteko erantzukizunpeko adierazpen berri bat, kasu bakoitzean behar dena.

Baldin, jarduera etetearen aurretiazko komunikazioa aurkezten denetik 2 urte iragan gabe, jarduerari berriz ekin nahi bazaio, jarduera berriz hasteko aurretiazko komunikazioa aurkeztu beharko da (baldin jarduera eten zuen titular berbera bada) edo titulartasun aldaketaren aurretiazko komunikazioa (titularra beste bat izan behar bada).

ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

27. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Hirigintzako arau-hausteak eta legeria sektorialak araututako gainerako arau-hausteak sailkatuko eta zehatuko dira egoki den legerian ezarritakoaren arabera.

Gainera, arau-hauste administratibotzat hartuko dira ordenantza honen arauak urratzen dituzten egintzak eta ez-egiteak, baita udal administrazioak edo haren mandatariek hura aplikatzean ematen dituzten agindu eta errekerimenduei ez obeditzea ere.

Arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke, hurrengo artikuluetan ezarritako sailkapenari jarraituz, deusetan ukatu gabe arlo horretan aplika daitezkeen arauek ezar dezaketena, zehapen ahalmena udal administrazioarena den arau-hausteen sailkapenari dagokionez.

28. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) Ordenantza honetan ezarritako zehapen osagarriak ez betetzea.

c) Arau-hauste larriak errepikatzea edo haietan berrerortzea.

d) Arau-haustearekin ondasunen edo pertsonen segurtasuna edo osotasun fisikoa arriskuan edo arrisku larrian jartzen bada, edo bizikidetza modu larrian nahasten bada, horrekin beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideen erabilerari edo jardueraren garapen normalari larriki, berehalakoan eta zuzenean eraginez.

2. Arau-hauste larritzat joko dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpenari eta aurretiazko komunikazioari erantsitako edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua izatea, edo zerbait falta izatea.

b) Jardueran aritzea, Udalean erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu gabe.

c) Jardueran aritzea, indarrean den araudian eskatutako baldintzak, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan espresuki, argi eta zehatz azaltzen direnak, bete gabe.

d) Jardueran aritzea, indarrean den araudian eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan espresuki, argi eta zehatz azaltzen direnak, izan gabe.

e) Agintaritza eskudunak jarduera eteteko aitzinetik dekretatu duelarik, agindua ez betetzea.

f) Establezimendu publikoak segurtasun arloan egoera txarrean edukitzea, horrekin eskatutako segurtasun maila jaisten bada.

g) Establezimenduetan, aitortutakoaz besteko jardueretan aritzea.

h) Establezimenduak eta bertako instalazioak nabarmen aldatzea, baimen berririk edo erantzukizunpeko adierazpenik tramitatu gabe.

i) Ezarritako neurri zuzentzaileak edo horiek gauzatzeko errekerimendua ez betetzea.

j) Arau-hauste arinak errepikatzea edo haietan berrerortzea.

k) Agintari eskudunek ikuskapen eginkizunak betetzeari trabak jartzea.

3. Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Establezimenduak, bertako instalazioak edo baldintza teknikoak arinki aldatzea, hala adierazi gabe baimenaren espedientean, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan.

b) Jardueren titulartasun aldaketek behar duten aurretiazko komunikaziorik ez izatea.

c) Ordenantza honetan, legeetan eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoa ez betetzea, betiere arau-hauste oso larri edo larri gisa tipifikaturik ez badago.

29. artikulua. Zehapen ahalmenaren erabilpena.

Zehapen ahalmena erabiliko da ordenantza honetako dagokion tituluan ezarritakoari jarraituz.

Zehapen espedienteak tramitatuko dira administrazio prozedura arautzen duen legeria orokorrean eta hura garatzen duten erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoari jarraituz.

30. artikulua. Zehapenak.

Araudi sektorial berariazkoa izan ezean, ordenantza honetan tipifikaturiko arau-hausteak egiteak ondoko zehapenak ekarriko ditu:

a) Arau-hauste oso larriak: 1.001 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste larriak: 501 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste arinak: 100 eurotik 500 eurora bitarteko isuna.

31. artikulua. Zehapen osagarriak.

Ezarritako diru bidezko zehapenak ezertan galarazi gabe, ordenantza honetako arau-hausteek zehapen osagarri hauek izan ditzakete:

a) Jarduerak aldi baterako etetea eta establezimenduak aldi baterako ixtea, hilabetetik hiru hilabetera bitartez arau-hauste larrien kasuan, eta hiru hilabetetik sei hilabetera bitarte, arau-hauste oso larrien kasuan.

b) Sustatzailea desgaitzea arau-haustea egin zueneko jarduera berdinean edo antzekoan aritzeko, hilabetetik hiru hilabetera bitarte, arau-hauste larrien kasuan, eta hiru hilabetetik sei hilabetera bitarte, arau-hauste oso larrien kasuan.

c) Erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasun eza deklaratzea, arau-hauste larrien eta oso larrien kasuan.

32. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

1. Egindako arau-haustearen erantzuletzat joko da jardueraren titularra eta/edo hura hasteko edo titulartasuna aldatzeko erantzukizunpeko adierazpena sinatu duena, ezertan ukatu gabe erantzule horiek hirugarren pertsonei erreklamatu ahal izatea.

2. Arau-hausteen erantzuletzat jo ahalko dira, gainera, inguruabarrak kontuan harturik, haien portaerarekin arau-hausteak egiten dituztenak, bereziki eta kasuen arabera:

a) Jardueraren ustiapen tekniko eta ekonomikoaren arduradunak.

b) Dokumentazio teknikoa sinatzen duten teknikariak.

3. Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzea zenbait pertsonari batera dagokielarik, solidarioki erantzunen dute egiten diren arau-hausteetan eta ezartzen diren zehapenetan. Pertsona juridikoak iraungitzen badira, erantzukizuna subsidiarioki eskatuko zaie haien administratzaileei.

4. Arau-hausleen erantzuleak teknikariak badira eta horiek lanbidean aritzeko kidetuta egon behar badute, egitate horiek dagokion Elkargo profesionalari jakinaraziko zaizkio, bidezko neurriak har ditzan, ezertan ukatu gabe udal administrazioak ezartzen ahal dizkien zehapenak, betiere behar den zehapen prozedura tramitatu ondotik.

33. artikulua. Zehapenen mailakatzea.

1. Arau-hauste mota bakoitzari dagokion zehapena ezartzeko, proportzionaltasunaren printzipioa aplikatuko da, eta, nolanahi ere, honako mailaketa irizpide hauek kontuan hartuko dira:

a) Arau-haustearen larritasuna.

b) Asmo txarra izatea.

c) Eragindako kalteak nolakoak diren.

d) Berrerortzea.

e) Berregilea izatea.

f) Lanbidea, profesioa edo ohiko jarduera dela-eta norainoko ezagutza duen legezko araudiaz eta nahitaez bete beharreko lege teknikoez.

g) Arau-haustetik ateratako onura edo, hala behar bada, hura egitea etor daitekeen onura ekonomikoari begiratu gabe.

2. Berregilea dela ulertuko da, eite ezberdineko arau-hauste bat baino gehiago egiten baditu urtebeteko epean, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

3. Berrerortzetzat joko da urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

4. Isunaren zehapenak ezartzeko orduan betiere kontuan hartuko da zehapena betetzea hautsitako arauak betetzea baino onuragarriagoa ez izatea arau-hauslearentzat.

5. Zehapenak mailakatzeko orduan, inguruabar astungarriak izanen dira:

a) Pertsonen segurtasun eta osasunean, eta ingurumenean kalte egiteko arriskua.

b) Araua hautsi duen jardueraren ondoriozko onura.

c) Arau-haustearen eragilea nahita ari izana.

d) Arau-hausteen berregilea izatea eta haietan berrerortzea, betiere aitzinetik horiek kontuan hartu ez badira zehatu daitekeen arau-haustea zehazteko.

e) Arau-haustea egitea akustikoki itotako eremuetan.

6. Erantzunbeharraren aringarria izanen da arau-haustearen egileak, bere kabuz, neurri zuzentzaileak hartzea zehapen espedientea ireki aitzin.

7. Inguruabar aringarririk eta astungarririk ez dagoenean, administrazioak erdi mailako zehapena ezarriko du.

34. artikulua. Behin-behineko neurriak.

Halaber, arrazoitutako erabakiaren bitartez, behar diren behin-behineko neurriak har daitezke, berma daitezen ebazpenaren eraginkortasuna, prozeduraren bukaera egokia, arau-haustearen ondorioek ez irautea eta interes orokorrei eustea.

Behin-behineko neurri horiek izaten ahalko dira: establezimenduak edo instalazioak ixtea eta/edo jarduerak etetea. Eraginkortasuna mantenduko da, harik eta eskatutako baldintzak betetzen direla edo atzemandako akatsak zuzentzen direla modu ukaezinean frogatzen den arte.

Lehen xedapen gehigarria

Alkatetzaren ebazpen baten bidez alda daitezke ordenantza honen eranskinak eta aipatutako ereduak, baldin aldaketek prozedura hobetzen edo argitzen badute, akatsak zuzendu, karga administratiboak murriztu eta/edo prozesua erraztea eta arintzea badakarte, eta aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatutakoari jarraitzen badiote. Horrenbestez, alkatetzari ahalmena ematen zaio honetarako:

a) Ordenantza honen eranskinak zabaltzea eta murriztea eta/edo aldatzea, beharrezkotzat jotzen dituen alderdiak sartuz edo kenduz, araua hobeki garatzeko. Horrek berarekin ekarriko ditu, besteak beste, eskabideetarako eredu normalizatuak onestea eta aldatzea, dagokion prozedura zehaztea eta baita erantsi beharreko dokumentazioa edo establezimenduan gorde beharrekoa ere, edukia zehazturik.

b) Behar diren xedapenak aldatzea, ordenantza honetan ezarritakoa garatzeko.

Xedapen iragankor bakarra

Prozedura bat hasi bada ordenantza honek indarra hartu baino lehen, aurreko araudiak eskatutako lizentziak edo baimenak lortzeko helburuz, prozedura noiz hasi eta orduko araudia aplikatuta ebatziko da. Nolanahi ere, interesdunak, ebazpenaren aurretik, eskaeran atzera egin dezake, eta, hala, aukera dezake araudi berria aplikatzea, eta tramitazioan aurrera egitea ordenantza honetan araututako prozedura edo araubideen bidez, baldin espresuki uko egiten badio aurreko espedientea tramitatzeari, Berriobeitiko Udalari hala komunikatzen badio, eta ordenantza honetan azaldutako prozedura bakoitzean eskatzen den dokumentazioa aurkezten badu.

ERANSKINAK

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

Jardueraren erantzukizunpeko adierazpena (“DRACT” eredua).

Jarduera sailkatua bada:

–Ordezkaritzaren frogagiria, hala behar denean, partikularra, legala edo profesionala denean ere.

–Tasaren autolikidazioa eta ordaindu izanaren frogagiria.

–Egokitasunaren ziurtagiri teknikoa, Berriobeitiko Udalaren eredu normalizatuari jarraituz.

–Jarduera sailkatuaren proiektua, agiri bidez ikus-onetsia, dokumentazioa 448/2014 Foru Aginduaren 27. artikuluan eta haren ordez une bakoitzean ematen den arauan ezarritakora egokitua. Adierazi beharko dira Nafarroako Gobernuko Proiektuen Kontsignak emandako proiektuaren zenbakia eta sarbide gakoa, agiri bidezko ikus-onespena duen proiektu teknikorako. Gainera, kopia bat eman beharko da paperean, eta beste 4 formatu digitalean.

–Legez ez bada beharrezkoa elkargoaren ikus-onespena, dagokion lanbide elkargoak egindako elkargotze ziurtagiria aurkeztu beharko da.

–Egintza, lan edo jarduerak behar dituen baimenak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak eskatzen dituenak.

–Obra txikiak egiten badira, obra txikien erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua.

–Obra handiak egiten badira, obra lizentzia (erreferentzia/kopia).

Jarduera sailkatua ez bada:

–Ordezkaritzaren frogagiria, hala behar denean, partikularra, legala edo profesionala denean ere.

–Tasaren autolikidazioa eta ordaindu izanaren frogagiria.

–Egokitasunaren ziurtagiri teknikoa, Berriobeitiko Udalaren eredu normalizatuari jarraituz.

–Egintza, lan edo jarduerak behar dituen baimenak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak eskatzen dituenak.

–Obra txikiak egiten badira, obra txikien erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua.

–Obra handiak egiten badira, obra lizentzia (erreferentzia/kopia).

Obren erantzukizunpeko adierazpena (“DRO” eredua).

Oro har, kasu guztietan, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

–Aurrekontua, kapituluetan eta kontu-sailetan xehakatua.

–Kokapen planoak, obraren eremua eta ukitutako lokala zehaztuta.

–Jatorrizko/egungo egoeraren planoak, barne dituela banaketa, azalerak, instalazioak, eta jarduera eta lokala deskribatzeko beharrezkoak diren alderdi guztiak.

–Inguruaren, fatxaden, sarbideen eta barnealdearen dokumentazio fotografikoa.

–Tasaren autolikidazioa eta ordaindu izanaren frogagiria.

–Dokumentazio teknikoa, teknikari eskudunak sinatuta eta, kasua bada, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia, egituraren nahikotasunari buruz, egitura nagusiari edo bigarren mailakoari eragiten badio edo egiturako elementu txikiei (teilatu-hegalak, balkoietako lauzak, estalkietako petralak eta abar).

–Egokitasunari buruzko ziurtagiri teknikoa, ereduaren arabera, aurreko puntuan azaldutako obretako bat ez izanik ere, obra txikia bada, jarduerarik aurreikusi gabe.

–Egin nahi diren obrak azaltzen eta ulertzen laguntzen duten bestelako dokumentuak.

Jardueraren hasieraren, erabileraren hasieraren adierazpena (“IAIU” eredua).

–Pertsona fisikoa bada, ordezkatutako pertsonaren NANaren fotokopia.

–Pertsona juridikoa bada, ordezkaritzaren frogagiria.

–Tasaren autolikidazioa eta ordaindu izanaren frogagiria.

–Jarduera batean aritu behar bada (sailkatua izan edo ez), jarduera abiarazteko eta/edo erabiltzeko egokitasunari buruzko ziurtagiri teknikoa, eredu normalizatuari jarraituz.

–Jarduera sailkatuan aritu behar bada, dokumentazio teknikoa, aplikatzekoa den araudiak eskatutakoa (448/2014 Foru Agindua).

–Obrak egin badira, aldez aurreko tramitean dokumentu hauen aurkezpenari lotuak:

  • Dokumentazio teknikoa.
  • Egokitasunari buruzko ziurtagiri teknikoa.

Azkenean burututako obren egokitasunari buruzko ziurtagiri teknikoa aurkeztuko da, Berriobeitiko Udalak normalizatutako ereduari jarraituz.

–Obrak egin badira, aldez aurreko tramitean aurreko puntuan azaldutako dokumentuen aurkezpenari lotu gabeak, honako hauek aurkeztuko dira: deskripzio idatzia, krokis mugatua, dokumentazio fotografikoa eta likidazioaren balorazio ekonomikoa, kasua bada, egindako obretan gauzatutako aldaketak jasoko dituena.

Jardueraren titulartasun aldaketen, eteteen edo iraungitzearen aurretiazko komunikazioa (“CTCE” eredua).

–Tasaren autolikidazioa eta ordaindu izanaren frogagiria.

–Aurreko titularra pertsona fisikoa bada, pertsona ordezkatuaren, jarduera eskualdatzen duenaren NANaren fotokopia.

–Aurreko titularra pertsona juridikoa bada, jarduera eskualdatzen duenaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta jarduera eskualdatzen duen pertsonaren identifikazio fiskalaren txartelaren fotokopia.

–Titular berria pertsona fisikoa bada, pertsona ordezkatuaren, jarduera eskuratzen duenaren NANaren fotokopia.

–Titular berria pertsona juridikoa bada, jardueraren titular berriaren ordezkaritzaren frogagiria eta jardueraren titular berriaren identifikazio fiskalaren txartelaren fotokopia.

–Titulartasuna aldatzeko, gainera:

–Titular berriaren JEZaren altaren kopia, dagokion epigrafeko ordainagiria.

–Heriotzaren ziurtagiria, mortis causa eskualdaketaren kasuan.

–Jaraunsle-deklarazioa edo bestelako titulu juridikoa, jardueraren eskualdaketa egiaztatzen duena, mortis causa eskualdaketaren kasuan.

EREDUAK

–DRACT.V1 eredu normalizatua.

–DRO.V1 eredu normalizatua.

–IAIU.V1 eredu normalizatua.

–CTCE.V1 eredu normalizatua.

–CTI1.V1 eredu normalizatua.

–CTI2.V1 eredu normalizatua.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: L1700507