Iragarkia
40. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 27a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
SANTSOL
Ordenantza, Etxeko animaliak eta animalia arriskugarriak edukitzea eta animaliak babestea arautzen duena. Behin betiko onespena
Santsolgo Udalak, 2016ko urriaren 21ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Santsolgo etxeko animaliak eta animalia arriskugarriak edukitzea eta animaliak babestea arautzen duen ordenantza.
Hasierako onespenaren erabakia 226. Nafarroako Aldizkarian eman zen argitara, azaroaren 23an.
Jendaurrean egoteko epea iraganik, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez badu Etxeko animaliak eta animalia arriskugarriak edukitzea eta animaliak babestea arautzen duen ordenantzan egin aldaketaren kontra, behin betiko onetsirik geldituko da.
Santsolen, 2016ko urriaren 26an.–Alkatea, Francisco Javier Díaz de Ilarraza Sanz.
ORDENANTZA, ETXEKO ANIMALIAK ETA ANIMALIA ARRISKUGARRIAK EDUKITZEA ETA ANIMALIAK BABESTEA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da Santsolgo udalerrian egokitu eta aplikatzea abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak eta bertzelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa.
2. artikulua. Definizioa.
Ordenantza honi dagokionez, gizon-emakumeek lagun egiteko eduki edo baliabideak ateratzeko hazten dituzten animaliak dira etxekoak.
Arriskutsu gerta daitezkeen animaliatzat hartuko dira, 50/1999 Legean eta 287/2002 Errege Dekretuan aipatzen direnez gain, ordenantza honen 18. artikuluan zehazten direnak.
Baimen orokorra ematen da zakurrak etxebizitza partikularretan edukitzeko, betiere jendeari traba egin gabe edo arriskurik sortu gabe.
3. artikulua. Zakurren inskripzioa.
Zakur guztiak Udalaren erroldan inskribatu beharko dira.
Alta edo bajarik izanez gero, hori gertatu eta, gehienez ere, hogeita lau orduko epean jakinarazi beharko zaio Udalari. Zakurraren jabeari dagokio hori egitea.
4. artikulua. Alta izanez gero, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuek edo albaitari partikularrek txertatu eta aztertuko dute, eta animaliaren dokumentazioa eta nortasun xafla emanen.
5. artikulua. Hiltzeagatik gertatutako baja izanez gero, albaitariaren esanetara egonen da. Hark, zakurra aztertu ondoren, non eta nola ehortzi behar duen adieraziko dio jabeari.
6. artikulua. Txertoa.
Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen birtxertaketa egutegiarekin segitzera.
Txertaketa horiek animaliaren identifikaziorako osasun agirian agertu beharko dute, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da. Udal zerbitzuek nahiz albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute txertatze lan hori. Azken kasu horietan, egindako txertaketen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean.
Zakurrari txertoa jarri ondoren, identifikaziorako txipa ezarriko zaio.
7. artikulua. Zakur batek ausikirik inori egiten badio, horrek gertatutakoa jakinaraziko die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren gaztigu-orria aurkeztuko.
Hozka egiten duen zakurraren jabe edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasotua gertatu denari edo haren legezko ordezkariei, bai eta, eskatzen badizkiote, agintari eskudunei ere. Gainera, beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, osasun zerbitzuek bildu arte, espresuki debekaturik dagoelarik hura inora eramatea edo hiltzea.
Osasun zerbitzuek Nafarroako Gobernuak egokitutako zakurtegira eramanen dute animalia, eta bertan osasun aldetik aztertu eta begiratuko dute legeriak ezarrita daukan denboran, eta, bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.
Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorru zantzuak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.
8. artikulua. Animaliari eritasun aztarnarik, bizkarroirik edo zauririk agertuz gero, zakurraren jabea albaitariarengana jotzera beharturik egonen da hogeita lau ordu baino lehen, eta Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak agintzen duen tratamendua egin beharko dute.
Eritasun kutsakorrik badela egiaztatuz gero, zakurra bakartu eginen da, inguruabar hori desagertu delako ziurtagiria egin arte.
Debekuak
9. artikulua. Udal mugapeko edozein alderditan debeku da zakurra lepokorik edo urteko nortasun eta txertaketa txipik gabe ibiltzea. Horren ordez zakurra identifikatzeko txartela aurkez daiteke, hartan jabearen izena eta identifikazio zenbakia, baita txertaketa data ere, agertzen badira.
10. artikulua. Debeku da zakurra lotu gabe ibiltzea herrigunean.
Alde horretan, zakurrak gehienez ere 1,50 metroko hede sendo edo kate batetik arduradun bati loturik ibili behar du, eta nahitaez muturrekoa eraman beharko du.
Animalien jabe edo edukitzaileen ardura izanen da behar diren neurriak hartzea, animaliak etxe nahiz lokaletatik kanpora inork eraman gabe atera ez daitezen.
Bere jabe edo edukitzailearen etxetik kanpora bakarrik ibiltzen den animalia ustez abandonatutzat joko da eta udal zerbitzuek atzematen ahalko dute. Horien ardura izanen da animaliarekin zer egin, arauz kanpoko kasuetan, inork erreklamatzen ez badu legez ezarritako epean.
Jabeak edo edukitzaileak animalia kendu nahi badu, Nafarroako Gobernuaren eskuetan utzi beharko du. Debeku da udal mugapeko edozein tokitan abandonatzea, bai eremu zabaletan bai finka edo lokal itxietan.
11. artikulua. Debeku da, salbuespenik ez dela, etxeko animaliak eta etxekoturiko basa-animaliak bide eta eremu libre publikoetan nahiz jendearendako eremu pribatuetan barna ibiltzea, baldin eta arduradunek ezin badituzte animaliok behar bezala kontrolatu.
Udalak egokiak iruditzen zaizkion neurriak hartuko ditu herritarrek edozein salaketa jarritakoan, animaliek eremu publikoan beldurra, estresa, jazarpena eta abar eraginez gero.
12. artikulua. Berariaz debekatuta dago animaliak herriko parkeetan, lorategietan eta jolasgune publikoetan sartzea eta han barna ibiltzea. Debeku honetatik salbuetsirik daude ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrak.
Animaliaren edukitzaileak neurriak hartu beharko ditu animaliek bide eta eremu publikoak zikin ez dezaten; hortaz, erantzukizuna berea du, nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan.
13. artikulua. Kontrolik gabeko animaliek eritasun kutsagarririk zabal ez dezaten eta animaliok pertsona eta ondasunei kalterik egin ez diezaieten:
a) Herritarrek ustez abandonatuak diren animaliak ikusiz gero udal zerbitzuei ematen ahal diete horren berri, behar den gisara jokatu ahal izateko.
b) Animalia abandonatuak beren horrela egon ez daitezen, debekatuta dago jaten ematea edo janaria uztea, bai eremu publikoetan bai barneko lekuetan (esate baterako etxebizitzen patioak, balkoiak eta leihoak).
14. artikulua. Santsolgo udal mugapearen barnean, biziguneen inguruan, herrigunetik kanpo, zakurra ibili ahal izanen da soil-soilik muturrekoa ezarrita, hede edo katerik gabe, betiere arduradunarekin joanez gero.
Hala ere, zakurrarekin batera doan arduradunak aitzineko kapituluan ezarritako baldintzak dituen hedea edo katea eraman beharko du beti aldean, zakurrari kontzeko, horrek jendeari traba egin edo gauzei eta bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte egiten ahal badie.
15. artikulua. Udal mugapeko alde guztietan, aurreko artikuluetan aipatu betebehar horiek bete gabe dabilen zakurra osasun publikorako arriskutzat hartuko da eta Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak bildu eta atxikiko du.
16. artikulua. Arduradunak behar bezala kontrolatu ezin dituen lekuetan debeku da animaliarik edukitzea. Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo horien ondasunei ez kalterik ez trabarik ez egiteko.
Zakurrarekin ibiltzen den laguna beharturik dago galaraztera hark kaka egin dezan espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean, bereziki herritarren ibilbide edo jostaleku badira.
Zakurraren eramailea beharturik egonen da aitzineko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.
Baimendurik dago zakurrak kaka egitea udal mugapearen barrenean horretarako espres egokitutako tokietan.
Espresuki debeku da animaliak erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.
17. artikulua. Zakur zaindariak jabego partikularreko barrutietan baizik ez dira aske ibili ahal izanen, betiere barruti horiek eremu publikotik bereizteko erabat itxita badaude, zakurrak hesitik kanpora jauzi egiterik izan ez dezan. Jabea zakur zaindaririk badagoela gaztigatzera beharturik dago, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai paratuz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.
18. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak.
Arriskugarri gerta daitezkeen animaliatzat hartuko dira, 50/1999 Legean aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:
1. Izatez basa direnetakoa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaiekeen espezie edo arrazatakoa dena, eta ondasunei kalte egin ahal diena, erasokorra izan ala ez.
2. Arraza hauetako zakurrak: Pit Bull Terrier, Staffordshire Bull Terrier, American Staffordshire Terrier, Rottweiler, Dogo Argentino, Fila Brasileiro, Tosa Inu eta Akita Inu. Horietaz gain, oro har, arraza horien aitzinekoa izanik, haien ezaugarri etnikoak dituena eta haien gurutzatzea.
3. Martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren II. eranskinean zehazten diren ezaugarri guztiak edo gehienak dituzte ordenantza honek ukitzen dituen zakurrek.
4. Edozein espezietakoa izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo hezia izan den animalia.
5. Edozein espezietakoa izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diona.
19. artikulua. Animalia arriskutsu bat edukitzeko lizentzia pertsonala.
1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskutsuak izan daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du.
Animalia eskuratu baino lehen eskatu beharko da lizentzia, aurreko artikuluko 1, 2 eta 3. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.
2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:
a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.
b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga trafikoarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik.
c) Animalia arriskutsuak edukitzearen inguruko arau-hauste larriengatik edo oso larriengatik zehatua ez izana, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena izan ezik, hura osorik bete bada.
d) Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren ziurtagiria, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko.
e) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez ehun eta hogei mila (120.000) euroko zenbatekoa duena.
f) Kasuan kasuko ordenantzetan onartzen den udal tasa ordaintzea.
3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Santsolen bizi badira edo animaliak salerosi nahiz trebatzeko jarduera Santsolen egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Santsolen egon behar badu.
Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek komunikatzen ahalko dio Santsolgo Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.
4. Lizentziak 4 urteko indarraldia izanen du, eta indarrik gal ez dezan, eskuratzeko eskatu ziren baldintzei eutsi beharko zaie.
Erranak erran, Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.
20. artikulua. Arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe, hazle eta edukitzailearen betebeharrak.
Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.
b) Ordenantza honetan aipatzen diren lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.
c) Erregistroan sartzea arriskutsuak izan daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.
d) Udalari animaliaren lapurreta edo galeraren berri ematea, gertatzen denetik bost eguneko epean, baita hura bertze inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabortz eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.
e) Animalia eskuratzeko unean, bertze jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzinetik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean gehienez, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.
f) Erregistroko datuetan gertatzen den bertze edozein aldaketaren berri ere eman beharko da, gehienez ere hamabortz eguneko epean.
g) Animalia zikiratu edo antzutu dela komunikatu beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten denean.
h) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea bukatu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa frogatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren eta erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.
i) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Santsolera ekartzen bada, denbora mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak frogatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako neurri egokiak hartu beharko ditu.
j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz bete behar diren obligazio guztiak bete beharko dituzte.
Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egun izanen da.
21. artikulua. Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere debeku dira:
–Arriskugarritzat hartzen den animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan barna edo adingabe batek daramala.
Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskutsua izan daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo bertze animalia batzuei, edota kalte, bertzela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.
–Santsolgo Udalaren errekerimendua horretarako adierazitako epetik kanpo betetzea.
–Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta portaera hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako arau-haustetzat.
22. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa.
Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek Santsolgo Udalari eman beharko dizkiote hurrengo datuen berri, Erregistroan inskribatzeko:
a) Animaliaren espeziea.
b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.
c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.
d) Sexua.
e) Jaiotze data.
f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bertzela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako bertze xede baterako den.
g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.
h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.
i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bilakatzen duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bertzelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.
j) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.
k) Eraso kasuak.
l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.
Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabortz eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala komunikatu behar baita.
Erantzukizunak
23. artikulua. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.
24. artikulua. Jabearen erantzukizun subsidiarioa deusetan ukatu gabe, animaliaren edukitzailea:
1. Erantzule izanen da jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.
2. Halaber, ardura izanen du bere animaliak bide eta eremu publikoak zikintzea galarazteko.
3. Orobat, ardura izanen du bere animalia zaunka edo zalapartaka hasten bada hura berehala isilarazteko, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gertatzen denean, eta neurriak hartzeko aurrerantzean horrelakorik berriz ere gerta ez dadin.
Zakurrak edo bertzelako animaliak bildu eta atxikitzea
25. artikulua. Bere eskumenen esparruan, Nafarroako Gobernuari dagokio:
1. Animalia abandonatua biltzea.
2. Lagun egiteko animalia dekomisatzea, tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badu edo muntadura desegokietan bada.
26. artikulua. Horretarako izendatzen den lokalera eraman eta gero ezin bada zakurraren jabea nor den jakin, edo zakurra harrapatu eta hiruretan hogeita hamabi orduko epean jabeak eskatzen ez badu, animalia Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Zentrora eramanen da.
27. artikulua. Bildutako edozein zakur delako lokaletik atera ahal izateko, nahitaezkoa izanen da txertoaren eta identifikazioaren ziurtagiria aurkeztea eta ematen diren gainerako betebeharrak betetzea, baita sortutako tasak, gastuak eta isunak ordainduak izatea ere.
28. artikulua. Bertze zakur bati ausiki egin dionean, gizaki bati ausiki egin dionean edo ohiz kanpoko oldarkortasuna adierazten duenean, zakurra horretarako izendatzen den lokalera eraman beharko da, albaitari batek azter dezan. Albaitariak susmatzen badu amorru zantzurik badela, zakurra bakartu eginen da berehala, aztertu ahal izateko. Albaitariak kasu horietarako ezarririk dauden arauen ariora jokatuko du.
29. artikulua. Jabeak ordainduko ditu animalia bildu eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.
Arau-hausteak
30. artikulua.
Ordenantza honi dagokionez, arau hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
1. Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluaren arabera erroldatu gabe lagun egiteko animalia bat edukitzea.
b) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.
c) Zakurra kate edo hederik gabe eta muturrekorik gabe eramatea hiriko eremu publikoetan.
d) Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.
e) Herriaren inguruan hirilur gisa sailkatutako eremuetan zakurra muturrekorik gabe ibiltzea.
f) Bere zakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.
Debekatuta dago jaten ematea edo janaria uztea, bai eremu publikoetan bai barneko lekuetan (esate baterako etxebizitzen patioak, balkoiak eta leihoak).
2. Honako hauek dira arau-hauste larriak:
a) Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.
b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene-osasun baldintza txarretan.
c) Animalia zikiratzea, mutilatzea eta hiltzera ematea inongo albaitariren kontrolik gabe edo Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean finkatzen diren baldintza eta betebeharren kontra.
d) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.
e) Osasun zerbitzu ofizialei ez jakinaraztea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.
f) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliarekin sartzea.
g) Animalia bizkarroiduna edo eritua edo gaitzik ez duela ziurtatzeko albaitariaren agiririk gabe saltzea.
h) Arriskugarri gerta daitekeen animalia lotu gabe, edota muturrekorik gabe edo adingabe batek daramala erabilera publikoko eremuetan edo toki publikoetan barna ibiltzea.
i) Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskugarri gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.
j) Santsolgo Udalaren errekerimendua horretarako adierazitako epetik kanpo betetzea.
k) Ordenantza honetan ezartzen diren betebeharrak epetik kanpo betetzea, non eta ez-betetze hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako arau-haustetzat.
l) Arau-hauste arinetan berrerortzea.
3. Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:
a) Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.
b) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.
c) Arau-hauste larrietan berrerortzea.
31. artikulua. Zehapenak.
–Arau-hauste arinak 60,00 eurotik 150,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.
–Arau-hauste larriak 150,01 eurotik 600,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.
–Arau-hauste oso larriak 600,01 eurotik 3.000,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.
Prozedura
32. artikulua. 1. Ordenantza honek aurreikusten dituen arau-hausteei zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari segitu beharko zaio.
2. Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteen gaineko zehapen espedienteak irekitzeko ahalmena alkateak ebazpen bidez izendatzen duen zinegotziari dagokio.
33. artikulua. Erantzukizun zibila.
Erantzulea izanen da arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea, hau da, esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena.
Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:
–Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan duen eta zer kalte egin duen.
–Irabazte asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.
–Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.
Arau-haustean berrerori dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.
34. artikulua. Animalien babesa.
Animalien Babesari dagokionez, maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean xedatzen dena izanen da araua.
35. artikulua. Datu pertsonalen babesa.
Datu Pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:
Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.
50/1999 Legean Udalei ematen zaizkien beharkizunak Santsolgo Udalak betetzea du helburu. Fitxategia Santsolgo Udalak bakarrik erabiltzen ahalko du.
Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.
Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.
Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.
Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko.
Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Bakarra.–Arriskutsua izan daitekeen animalia bat lehendik dutenek sei hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Bigarrena.–Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan aplikatuko da honako hauetan xedatzen dena: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea; Itsuendako Gida-zakurrak arautzen dituen apirilaren 4ko 7/1995 Foru Legea; uztailaren 24ko 188/1986 Foru Dekretua, Abeltegiak baimentzeko higiene, osasun eta ingurumen arloko baldintza teknikoak ezartzen dituena; abenduaren 23ko 50/1999 Legea, eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak eta bertzelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa, eta Udalen erabakiak baino maila handiagoa duten xedapen guztiak.
Iragarkiaren kodea: L1701211
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
