Iragarkia
40. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
292E/2017 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan psikologo kliniko izateko 4 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena. Beteko diren lanpostuak 1.3 oinarrian zehazten dira.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 16ko 292E/2017 Ebazpenaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan psikologo kliniko izateko 4 lanpostu, hain zuzen 1.3. oinarrian zehazten direnak, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da. Hona hemen
DEIALDIAREN OINARRIAK
1. Arau orokorrak.
1.1. Deialdi hau honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz gauzatuko da:
–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea erregulatzen duena.
–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.
111/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan osasun arloko A mailako langileen lanpostuetan (A.1 eta A.2 estamentuak) sartu eta lanpostu horiek betetzeko prozedurak arautu, eta horietan aplikatu beharreko merezimendu baremoak ezartzen dituena.
–55/2009 Foru Dekretua, ekainaren 15ekoa, euskaraz jakitearen trataera arautzen duena.
–203/2001 Foru Dekretua, uztailaren 30ekoa, adierazten duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako zein lanpostu diren euskaraz jakin beharra dutenak (Hezkuntza eta Kultura Departamentuko irakasleenak salbu) eta zer jakite maila behar duten, eta zehazten duena euskaraz jakitea zein lanpostutan hartu behar den merezimendu gisa, besteak beste; eta 35/2016 Foru Dekretua, maiatzaren 25ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatzen duena.
–Gainerako arau osagarriak.
1.2. Deialdiaren ondoriozko egintzak honako hauetako batean edo gehiagotan argitaratuko dira:
–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko (aurrerantzean O-NOZ) organo zentralen iragarki oholean (Armada etorbidea, 2, Iruña). Argitalpen ofiziala izanen da.
–Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Argitalpen ofiziala izanen da.
–O-NOZko enplegu publikoaren web orrian (www.empleosalud.navarra.es), oposizio-lehiaketen deialdien estekan, psikologo klinikoen oposizio-lehiaketa aukeratuz (2013-15-16 EPEa). Informazio balioa izanen du.
1.3. Deialdi honen xedea da psikologo klinikoen 4 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea; zehazki, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 19ko 1883E/2016 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiko lekualdatze lehiaketan hutsik gelditzen diren lanpostuak beteko dira.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira bete beharreko lanpostuen kopurua, destinoak eta plantilla-zenbakiak; hain zuzen, aipatu lekualdatzea ebatzi ondoren gelditzen direnak izanen dira.
1.4. Lanpostu hutsak betetzeko orduan, hurrenkera honi segituz banatuko dira:
a) Lehenengoa, hirugarrena, bosgarrena, zazpigarrena eta bederatzigarrena, igoera txandan.
b) Bigarrena, laugarrena, seigarrena, zortzigarrena eta hamargarrena, txanda irekian.
Lanpostu hutsak betetzeko hurrenkera txanda irekitik hasiko da kontatzen, lehenago eskaini zen azken lanpostua igoera txandakoa izan baitzen.
Izangaiek txanda bakar batean parte har dezakete. Beraz, parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute zein txandatan parte hartu nahi duten.
Igoera txandan lanposturen bat bete gabe gelditzen bada izangaiak hautaprobak gainditzeko ezarritako gutxieneko puntuaziora iristen ez direlako, txanda irekikoetara gehituko dira, aurreko oinarrian xedatutakoari jarraikiz.
Era berean, igoera txandan betetzeko dauden lanpostuen kopuruan sar daitezkeenak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan probak gainditu baina lanposturik eskuratzen ez dutenek txanda irekiko lanpostu hutsak hartzeko aukera izanen dute, txanda horretara aurkezten diren beste izangaiekin lehia garbian, lortutako azken puntuazioaren arabera.
1.5. Deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiak txanda irekian onartuko dira, baldin eta azkeneko txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte, eta, betiere, kontrakoa adierazten ez badute. Azterketa egiteko tasak ordaindu beharko dituzte, lehenago ordaindu dituztenak izan ezik.
1.6. Izendapena dela bide, izendatuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.
1.7. Deialdiko lanpostuak A maila edo taldekoak dira, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenean “Fakultatibo espezialista” estamentuan eta “Psikologia” espezialitatean sailkaturik daude (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea erregulatzen duena, Eranskina).
1.8. Lanpostuen ordainsariak urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak izanen dira.
1.9. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.
Izendatutako izangaiek dedikazio esklusiboarekin lan eginen dute, hau da, prestasun osoz, erabateko dedikazioz eta irabazizko beste inongo jardueratan aritu gabe, ez arlo publikoan ez pribatuan, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 10.3 artikuluan adierazitako kasuetan izan ezik.
Horrez gain, guardiak eginen dituzte, lanpostuan bertan egon beharrekoak eta/edo lanpostuz kanpokoak, zentroko zuzendaritzak edo, hark eskuordeturik, kasuan kasuko burutzak hala agintzen duenean.
1.10. Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak ezartzen duenez, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute osasun arloko profesionalen graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta, era berean, biztanleen osasuna hobetzea helburu duten heziketa ekintzetan lagunduko dute.
2. Izangaiek bete beharrekoak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
2.1.1. Txanda irekiko izangaiek:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kontura biziz gero. Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Psikologiako lizentziadun titulua edo baliokidea eta Psikologia Klinikoko psikologo espezialistarena edukitzea, edo eskaerak aurkezteko azken egunerako titulu hori eskuratzeko moduan egotea.
Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak dituztela, baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute, edo, bestela, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak hori egiaztatzeko emandako ziurtagiria aurkeztu.
Tituluak atzerrian lortu badira, homologatua dagoela frogatzen duen ziurtagiria eduki beharko da.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
f) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.
2.1.2. Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finko izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila edo talde berekoa edo beheragoko batekoa izatea eta beste kategoria batean sailkaturik egotea.
c) 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den titulazioa izatea eta Administrazio Publikoetan gutxienez ere bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea.
2.2. Kasu guztietan, izangaiek eskaerak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte baldintza horiek, eta hautapen prozesu osoan haiek betetzen segituko dute, harik eta izendatu arte.
3. Eskaerak eta dokumentazioa.
Eskaera aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina da.
Izena emateko eskabidea eta ordainketa telematika bidez eginen dira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunearen bidez (www.empleosalud.navarra.es), oposizio-lehiaketen deialdien estekan, psikologo klinikoen oposizio-lehiaketa aukeratuz (2013-15-16 EPEa). Online eskabideari ordainketa egitetik salbuetsita dagoela frogatzeko agiri eskaneatuak erantsi beharko zaizkio.
Berariaz eskatu ezean, ez da paperezko agiri bat ere aurkeztu behar.
3.2. Azterketa egiteko tasak eta ordaintzetik salbuetsita daudenak.
3.2.1. Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da.
3.2.2. Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak.
Agiri hauetako baten bidez frogatuko beharko dute desgaitasuna:
–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, erabateko ezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia.
b) Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa inskribaturik hilabete bat edo gehiago daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik goitiko diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.
Paragrafo honetan xedatutakoa honela frogatu beharko da:
–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.
–Interesdunaren aitorpen baten bidez frogatuko da lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako errentarik ez duela jasotzen hilabetean. Aitorpen hori orri zuri batean erredaktatu beharko da.
3.3. Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskabidean adierazi beharko dute, eta on line prestatuko den eremuan zehaztu beharko dute zein egokitzapen behar duten edo denbora eta baliabideak nola doitu behar diren.
3.4. Gainerako betebeharrei dagokienez, azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, deialdi honen 8. oinarrian ezarri den epean eta moduan.
4. Izangai onartuen eta baztertuen zerrenda.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.
4.2. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ulertuko da aurkeztutako erreklamazioak ebatzi egin direla.
4.4. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
4.5. Izangaiei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko, baldin eta beraiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen badira.
4.6. Onartuen zerrendan agertzeak ez dakar berarekin aitortzen denik izangaiek ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
5. Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Jesús Alfredo Martínez Larrea jauna, Osasun Mentaleko kudeatzailea.
Epaimahaiko ordezko burua: M.ª Amalia Zarzuela Ituarte andrea, Osasun Mentaleko Errehabilitaziorako Klinikako Zuzendaria.
Epaimahaikidea: M.ª Dolores de Luis Beorlegui andrea, Psikologoen Elkargo Ofizialak izendatua.
Ordezko epaimahaikidea: Margarita Aguinaga Aguinaga andrea, Psikologoen Elkargo Ofizialak izendatua.
Epaimahaikidea: Germán Jusué Erro jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko Kudeatzailetzako Tarteko Baliabideen Arloko Zerbitzuko burua.
Ordezko epaimahaikidea: Adriana Goñi Sarries andrea, Eguneko Ospitale Psikogeriatrikoko zuzendaria.
Epaimahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.
Ordezko epaimahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.
Epaimahaikide-idazkaria: Enrique Amóztegui Hermoso de Mendoza jauna, Osasun Mentaleko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuko burua.
Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Rubén Pérez jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio Publikoko teknikaria (arlo juridikoa).
Gainerako epaimahaikideen izendapena izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera argitaratuko da.
Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo eskudunari horren berri emanen diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
5.3. Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan izanen du egoitza: Armada etorbidea, 2, 31002, Iruña.
6. Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Hurrenkera honetan eginen dira deialdi hau osatzen duten faseak: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.
6.2. Oposizioa 2017ko ekainean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko da oposizioaldia zein toki, egun eta ordutan hasiko den. Hala denean, epaimahaiak gainerako probak edo ariketak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.
6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.
6.3.1. Oposizioaldian ariketa bakarra egonen da, honako proba hauek osatua:
a.1.) Proba teoriko-praktikoa, test motakoa; aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, lanpostuari lotutako gaiei buruz, eta erantzun zuzena bakarra izanen da. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira. Galdera kopurua, penalizazioa eta probaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko ditu proba hasi baino lehen.
a.2.) Epaimahaiak proposatuko dituen zenbait kasu kliniko praktiko egitea, idatziz egin eta gero jendaurrean irakurriko direnak. Izangai guztientzat proba bera izanen da, eta kasuek deialdiaren xedeko lanpostuarekin zerikusia izanen dute. Epaimahaiak probak hasi aitzin jakinaraziko du zenbat kasu izanen diren, zenbat denbora behar den erantzuteko eta zenbat puntu emanen zaizkion gehienez ere bakoitzari.
Epaimahaiak zozketaz erabakiko du irakurtzeko ordena.
Bi probak egun berean eginen dira, bata bestearen ondoren.
6.3.2. Oposizialdia honela baloratuko da:
a.1.) proba 33 puntuz baloratuko da. Puntuazio altuena (33 puntu) probaren balorazioan kalifikazio handiena lortzen duen izangaiari emanen zaio. Gainerako izangaiei proportzioan dagokien puntuazioa jarriko zaie. Bazterturik geldituko dira 33 puntuetatik gutxienez 16,5 lortzen ez dituztenak.
a.2.) proba 33 puntuz baloratuko da, gehienez ere. Baztertuta geldituko dira gutxienez 16,5 puntu eskuratzen ez duten izangaiak.
6.3.3. Probetarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute bertara.
Ariketa egitera azaltzen ez diren izangaiak edo epaimahaiak ezarritako egunean idazlanak irakurtzera azaltzen ez direnak oposizioalditik baztertuko dira.
6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira minusbaliotasunen bat duten izangaientzat, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.
6.3.5. Probaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren iragarki oholean azterketa egitera aurkeztu diren izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web orrian ere izanen da aztergai.
6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.
6.4.1. Epaimahaiak lehiaketaldiari ekinen dio oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin.
Oposizioaldia gainditu duten izangaiek telematikoki aurkeztu beharko dituzte merezimendu guztiak, www.empleosalud.navarra.es web orriaren bidez, oposizio-lehiaketen deialdien estekan psikologo kliniko izateko oposizio-lehiaketa aukeratuz (2013-15-16 EPEa), deialdiko baremoan ezarritako atalen arabera ordenatuak, epaimahaiak eskatu eta hamabost eguneko epean, hurrengo lerroaldean xedatutako kasuan izan ezik.
Honako merezimendu hauek ez dira aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren esku jarri, baremazioa egin dezan:
–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan egindako zerbitzuak.
–Web orriaren bidez izangaiei erakusten zaizkienak, aurreko deialdiren batean aurkeztuak izateagatik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko deialdien datu basean daudelako.
6.4.2. Euskaraz dakitela proben bidez frogatu nahi duten izangaiei behar den denborarekin jakinaraziko zaizkie proba horiek egiteko tokia, eguna eta ordua.
6.4.3. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoen arabera (I. eranskina).
Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase horretan gehienez 40 puntu biltzen ahalko dira.
6.4.4. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.
6.4.5. Merezimenduen baremoaren 1. atala baloratzean kontuan hartuko da deialdiko lanpostua “Fakultatibo espezialistak” estamentuan eta “Psikologia” espezialitatean sailkaturik dagoela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenaren arabera (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubideari buruzkoa. Eranskina).
Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:
–Lantokia.
–Estamentua eta/edo espezialitatea.
–Zerbitzuen iraupena, behar bezala adierazita hasiera eta bukaera egunak eta guztira zenbat egun diren.
Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuak izanez gero, ziurtagiri horrez gain, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak lan bizitzari buruz egindako txostena ere aurkeztu beharko da.
6.4.6. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretik alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.
6.4.7. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak balorazioaren emaitza argitara emanen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita. Emaitza horiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunean ere ikusten ahalko dira.
7. Azken puntuazioa.
Azken kalifikazioa lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura izanen da.
Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuaziorik altuena duen izangaiak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, deialdi honen eranskineko baremoaren atal bakoitzean guztirako puntuazio handiena lortzen duen izangaia lehenetsiko da, baremoko hurrenkera berari jarraituz.
8. Probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.
8.1. Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioen araberako hurrenkeran, jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren iragarki oholean. Gero, probak gainditu eta, puntuazio handiena izateagatik, lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Proposatutako izangaiek, izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Atalean:
8.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiek:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia, notarioak edo administrazioak konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.
c) Zinpeko aitorpena, erakusten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dutela baztertu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
d) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzeko.
f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.
g) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, edo O-NOZi baimena ematea ziurtagiri hori Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari eska diezaion.
8.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko edo Nafarroako administrazio publiko bateko langile finkoak diren izangaiek:
a) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia, notarioak edo administrazioak konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.
b) Nafarroako Foru Komunitatekoa ez den Nafarroako beste Administrazio Publiko bateko langile finko direnek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, eta bertan agertu beharko da funtzionario, estatutupeko langile edo lan kontratudun finko direla, noiztik, Administrazio Publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez egiaztatuko da prozesuak iraun bitartean ez dela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian egon gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.
c) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, aurreko atalean ezarritako ildo beretik.
8.3. Eskabidean %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutela alegatu duten izangaiek, gainera, frogatu beharko dute desgaitasun hori bateragarria dela deialdiaren xedeko lanpostuarekin. Horretarako, eskumena duten balorazio eta orientazio taldeek egindako ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
9. Lanpostu hutsak hautatzea.
9.1. Destinoko lanlekua Administrazioko organo eskudunak esleituko du, izendapen proposamena argitaratu baino lehen, probak gainditu eta deitutako lanpostuetan kabitzen diren izangaien eskaeren arabera, hautaprobetan lorturiko hurrenkerari jarraikiz, betiere lanpostu horietan aritzeko oinarri hauetan eskatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.
%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonek, lanpostua lortuz gero administrazioan sartzeko deialdi baten bidez, gainerako izangaien aurretik aukeratzen ahalko dute lanpostua, zein txandatatik parte hartzen duten kontuan hartu gabe. Horien ondotik, igoera txandatik parte hartzen duten langileek hautatuko dute, eta, azkenik, lanpostua txanda irekiaren bidez lortzen duten langileek.
Desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena esleituko zaio, horren gaineko txostena aztertu eta gero.
9.2. Destinoko lantokia aukeratzeko prozedura hauxe izanen da:
–Aukeratu baino lehen, hautatu behar duten izangaien eta zentroen (edo zein den kasua, lanpostuak) zerrenda argitaratuko da. Informazio hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletako iragarki oholean eta erakunde horren enplegu publikoaren webgunean argitaratuko da.
–Parte-hartzaileek 15 egun naturaleko epean eginen dituzte eskaerak, baremoaren behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, www.empleosalud.navarra.es webgunetik abiatuta, oposizio lehiaketen deialdien atalean klikatu, eta psikologo klinikoen oposizio lehiaketaren fitxan (2013-15-16ko EPEa) dagoen estekan sartu beharko dira, eta nahi lituzketen lanpostuak adierazi lehentasun ordenaren arabera.
–Organo dei-egileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza.
–Emaitza horiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoaren web orrian erakutsiko zaizkie interesdunei.
10. Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Administrazio organo eskudunak, egoki bada, aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten izangaiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko ditu ebazpen bidez, psikologo klinikoen lanpostuetan jardun dezaten.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.
10.2. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu behar du lanpostuaz, izendapena jakinarazten diotenetik hasita.
10.3. Izendapena dela bide, izendatuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.
Hautaprobak gainditu ondoren izendatzen diren izangaiak funtzionario bihurtuko dira eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.
Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzen diren funtzionarioek, lehendik haren montepioetakoren baten eskubide pasiboen araubidean afiliatuak badaude, bi aukera izanen dituzte: sartzen diren Administrazioaren Montepioan jarraitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.
10.4. Funtzionario gisa lanpostuaz jabetzea geroratuko da izangaia amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako aldian badago.
Lanpostuaz jabetzeko epea zenbatzen hasiko da amatasun edo adopzio lizentziari dagokion aldia bukatzen denetik hasita, edo lehenago, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, amarentzat erditu ondoren ezarritako derrigorrezko atsedenaldia errespetatuko da.
Kasu horietan, dagokion administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko da lanpostuaz jabetzeko gerorapen epe hori. Aitorpen hori egiteko nahitaezkoa izanen da lanpostuaz jabetzea, eta hori gertatzen denetik hasita izanen ditu ondorioak.
10.5. Deitutako lanpostuak betetzen direla bermatzeko, izangairen batek hautapen prozesuaren ondoriozko eskubideei uko egiten badie, lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, lanpostua aukeratzen ez badu ezarritako prozeduran finkatu bezala eta dagokion epean, izendapen proposamenaren ondotik eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu (behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik), esleitutako lanpostuaren jabetza hartzen ez badu (ezinbesteko kasuetan izan ezik), edo, izangaiak berak eskatuta, indarreko araudian adierazitako kasuetan borondatezko eszedentzia aitortzen bazaio jabetza hartzen duen egunetik aurrerako ondorioekin, administrazio organo eskudunak baja hori beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan haren atze-atzean dagoen izangaiarekin.
Aurreko atalean aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.
10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.7. Izendapenean eragina izan lezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren, oposizio-lehiaketaren nondik-norakoen edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta administrazio bidean nahiz Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenaren zain eta mende geldituko da.
11. Aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak.
11.1. Psikologo klinikoen aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 19ko 60/2015 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio; izan ere, foru agindu horren bidez, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren. (2015eko 103. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 29koa). Bestela, hala badagokio, zerrenda horiek indarra hartzen dutenean indarra duen araudiari jarraikiko zaio.
11.2. Deialdi honen emaitzan oinarrituta prestatzen den kontratazio zerrendako izangaiek 2.1 oinarrian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta haien jabe izaten jarraitu.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez duten izangai onartuak berehalakoan baztertuko dira kontratazio zerrendatik.
11.3. Iraupen laburreko zein luzeko kontratazioetarako zerrendak prestatzeko zentroak deialdian parte hartzeko eskabidean berean aukeratu beharko dira. Deialdiaren behin betiko emaitzak argitaratutakoan, interesdunek, argitaratu eta biharamunetik hamar eguneko epean, hasieran hautatutakoa aldatzen ahalko dute.
11.4. Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.
12. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1 eta 2.c) artikuluan eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren apirilaren 19ko 82/2016 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat.
Epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1 eta 3 artikuluarekin bat.
Iruñean, 2017ko otsailaren 16an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Óscar Moracho del Río.
I. ERANSKINA
1. atala.–Egindako zerbitzuak.
Ondokoak baloratuko dira:
1.1. Edozein administrazio publikotako zentroetan, lortu nahi den lanpostuaren estamentu eta espezialitate beretan egindako zerbitzuak: 1,5 puntu, urte bakoitzeko.
1.2. Edozein administrazio publikotan fakultatibo gisa egindako zerbitzuak. 0,75 puntu, urte bakoitzeko.
1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. 0,75 puntu, urte bakoitzeko.
Egindako zerbitzu gisa hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.
Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei jarraituko zaie.
Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldiaren araubidea kontuan hartu gabe.
Aurreko azpiatalengatik emandako puntuazioak bateraezinak dira, aldi berean egindako zerbitzuak badira; halakoetan, handiena bakarrik hartuko da kontuan.
Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin direneko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.
Zerbitzu berezietan egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.
Lortu nahi den espezialitatean, egoiliar gisa, egindako zerbitzuak prestakuntza espezializatuaren atalean baloratuko dira. Beste espezialitate batean, egoiliar gisa, egindako zerbitzuak 1.2 atalean baloratuko dira.
Atal honetan, guztira, 17 puntu emanen dira gehienez.
2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak.
Atal honetako merezimenduak baloratuko dira aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia baldin badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.
2.4, 2.6 eta 2.8 azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira ikerketa-lan beraren gainekoak izanda ere, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.
Akta-liburuetan edo abstraketan egiten diren txostenak, afixak eta komunikazioak ez dira argitalpentzat hartuko.
2.1. Hirugarren zikloko Ikasketak.
a) Ikerkuntzako masterra edo ikertzeko nahikotasuna/Ikasketa aurreratuen diploma: puntu bat.
b) Doktore gradua: 2,5 puntu.
c) Cum laude, 0,5 puntu gehiago.
Atal honetako a) eta b) letretan jasotako puntuazioak bateraezinak dira.
2.2. Prestakuntza espezializatua:
Egonaldia osorik egina izatea deialdiaren xedeko espezialitatean, programa nazionalaren bidez edo graduatu-ondokoentzako irakaskuntza programa onartua duen zentro batean: 6 puntu.
2.3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa kreditu bakoitzeko, 0,025 puntu.
Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztapenean orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko kredituak hartuko dira aintzat.
Ziurtagirian orduen kopurua ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.
Zatikiak proportzionalki puntuatuko dira.
Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.
Atal honetan, erakunde antolatzailearen gaineko betekizunak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek “Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen” barrenean antolatuak.
Titulazio ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.
Osasun zientzietako espezialistek ikasle egoiliar gisa egindako prestakuntzaldiko orduak ez dira atal honetan kontatuko.
Gehienez ere 2,5 puntu emanen dira.
2.4. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, afixak edo komunikazioak aurkeztea:
–Nazioartekoa: Lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,1 puntu.
–Estatukoa: Lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,05 puntu.
–Autonomia erkidegokoa: Lehen hiru sinatzaileak: 0,05 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,025 puntu.
Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.
Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.
Gehienez ere 3 puntu emanen dira.
2.5. Administrazio edo erakunde publikoen beka edo sariren bat jaso duten lan zientifikoak edo ikerlanak:
–Nazioartekoa: 1 puntu.
–Estatukoa: 0,5 puntu.
–Autonomia erkidegokoa: 0,25 puntu.
Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.
Gehienez ere 3 puntu emanen dira.
2.6. ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratutako lanak, Eragin Faktorearen arabera (EF), Journal Citation Reports-ek jasotakoari jarraikiz:
–EFa 3tik gorakoa bada, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,5 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,25 puntu.
–EFa 3 bada, edo hortik beherakoa, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,3 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,15 puntu.
–Eragin faktorerik ez badu, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,05 puntu.
Eragin faktorea izangaiak berak frogatu beharko du, eta lanaren argitalpen urtearen gainekoa izanen da.
Gehienez ere 4 puntu emanen dira.
2.7. Irakasle lana:
a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 0,2 puntu 10 orduko.
Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.
b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
b) Irakasle lana osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo adituen tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa, eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.
Egiaztagiriaren arabera, ikasturte osoa egiaztatua ez badago, egindako denborari dagokion puntuazio proportzionala emanen da.
Gehienez ere puntu 1 emanen da.
2.8. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.
Gehienez ere 3 puntu emanen dira.
2.9. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasunean erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez.
Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.
Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotzen dira, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
Atal honetan, guztira, 22 puntu emanen dira gehienez.
3. atala.–Euskara mailaren balorazioa.
Euskararen jakite-mailaren balorazioa ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eginen da, horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautu baitzen.
Iragarkiaren kodea: F1702097
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
