Iragarkia
39. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 24a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BERRIOBEITI
Etxebizitzen eraikinetan balkoiak eta terrazak ixtea arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena
Berriobeitiko Udalak, 2016ko ekainaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxebizitzen eraikinetan balkoiak eta terrazak ixtea arautzen duen udal ordenantza.
Onesteko erabakia 2016ko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 24an, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.
Berriobeitin, 2017ko urtarrilaren 16an.–Alkatea, Juan M.ª Albizu Andueza.
ETXEBIZITZEN ERAIKINETAN BALKOIAK ETA TERRAZAK IXTEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
ZIOEN AZALPENA
Ordenantza honek helburu du balkoien eta terrazen itxiera arautzea hirigintzaren aldetik finkaturik dauden Berriobeitiko etxebizitzen eraikinetan.
Berriobeitiko hirigintza 2001ean behin betiko onetsitako Udal Planaren bidez dago arauturik.
Orain arte, Udalaren irizpidea izan da itxitura horiek ez baimentzea, aukera hori ez zegoelako aipatu planeamenduan jasota. Jarduketa horietarako aukera emateko asmoz, Hirigintzako Batzordeak erabaki zuen horiek arautzeko ordenantza bat sustatzea, aurreikuspen faltari aurre egiteko, iritzi baita errealitate horri heldu behar zitzaiola.
Kontuan hartu behar da ez dela baimentzen itxitako balkoi eta terraza horiek etxebizitzan jada badiren gelei eranstea eta, beraz, ez dela gela horien azalera handitzen, ezta etxebizitzaren banaketa aldatzen ere.
Orain arte aipatutakoaz gainera, ez da ahaztu behar etxebizitzaren eraginkortasun energetikoa hobetu nahi izatea izan daitekeela balkoiak eta terrazak ixtearen xedea. Energiaren aldetik eraginkorrak diren etxebizitzen diseinuan jarduera ohikoa da espazio kristaldunak (galeriak edo behatokiak) sortzea gelen aurretik, bide ematen dutenak eguzki erradiazioaren beroa biltzeko edo hotzaren kontrako babesgunea sortzeko, orientazioa zein den.
Horrenbestez, hainbat administraziotan etxebizitzen eraginkortasun energetikoa sustatzen ari bada (baita diruz laguntzen ere eraikinen ingurukari termikoa guztiz eraberritzeko edo berokuntza eta etxeko ur beroa sortzen duten elementuak ordezteko), zentzugabea litzateke Udalak helburu horretan laguntzen duen jarduketa bat galaraztea, batez ere horren aldekoa izanik exekuzio kostuaren eta lortutako hobekuntzaren arteko harremana.
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honek helburu du balkoien eta terrazen itxiera arautzea Berriobeitin.
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 64. artikuluko 1. puntuaren babesean egiten da (Eraikuntzari eta urbanizazioari buruzko udal ordenantzak), bertan ezartzen baita udalerriek zilegi dutela hirigintzako ordenantzak onestea, helburua bada, besteak beste, eraikuntzetako alderdi morfologikoak eta apaingarriak eta eraikitzeko obren baldintzak arautzea.
2. artikulua. Esparrua.
Hiri lurzoruan bizitegitarako erabiltzen diren eraikuntzetan baimenduko da balkoiak eta terrazak ixtea.
Jarduketa hauek joko dira egingarritzat:
–Balkoiak ixtea, balkoitzat hartuta fatxadaren planotik irteten den elementua, bere sakonera ez bada 100 cm-tik gorakoa, kontuan hartu gabe zer karel mota edo itxitura duen.
–Terraza sartuak ixtea, terraza sartutzat hartuta kanpora irekita egonik fatxadaren planoaren barrenaldera dagoen eraikuntzaren partea.
–Atikoko terraza edo familia bakarreko etxebizitzako terraza ixtea, atikoko terrazatzat edo familia bakarreko etxebizitzako terrazatzat hartuta eraikuntza bateko estalki lauaz osatutakoa, gutxienez etxebizitza batetik sarbidea duena, kontuan hartu gabe espazio horren jabetzari edo erabilerari buruzko beste puntu batzuk.
–Beheko solairuaren gaineko terraza ixtea, beheko solairuaren gaineko terrazatzat hartuta beheko solairuko forjatuaren gainean osatutakoa, gutxienez etxebizitza batetik sarbidea duena, kontuan hartu gabe espazio horren jabetzari edo erabilerari buruzko beste puntu batzuk.
Aipatu diren kasu horietan agertzen ez diren salbuespenezko kasuetarako, kontuan hartzeko beharrezkoak diren agiriak aurkeztuko dira, beharrezkoak diren kontsultak edo bisitak eginen dira eta, egokia dela uste bada, Udaleko zerbitzu teknikoek Hirigintza Batzordean aurkeztuko dute kasua. Batzorde hori izanen da azken buruan jarduketari baietza edo ezetza emanen diona.
3. artikulua. Balkoiak eta terrazak ixteko baldintzak.
Oro har, honako baldintza hauek bete beharko dira balkoiak eta terrazak ixteko:
–Jabeen elkarteen kasuan, jabeen elkartearen berariazko baimena eduki beharko da, Jabetza Horizontalaren Legeak ezartzen duen moduan.
–Familia bakarreko etxebizitzen kasuan, horiek promozio berekoak izan badira, egiten den lehen jarduketan erabilitako ereduari jarraitu beharko diote gainerako jabeek. Beheko solairuaren gaineko terrazak ixten badira, Bizitegietarako erabilerari lotutako lurzati libre pribatuak arautzen dituen ordenantzan, Berriobeitiko Udalak ezarritakoan, karrerapeetarako xedatutakoa bete beharko da.
–Babes ekonomikoko araubideren bati loturik dauden etxebizitzetan (babes ofizialeko etxebizitzak, prezio tasatukoak etab.), Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Zuzendaritzaren baimena beharko da.
–Balkoiak eta/edo terrazak ixteko edozein jarduketak kasuan kasuko obra lizentzia eskuratu beharko du.
–Eraikin katalogatuetan Vianako Printzea Erakundearen aldeko txostena beharko da.
–Ez da baimentzen eremu itxiak etxebizitzari eranstea, eta eraikinaren fatxadak eta akaberak mantendu beharko dira kasu guztietan.
–Obrak egiteko eremu publikoa okupatu behar bada, horretarako baimena eskatu beharko da Udalean.
4. artikulua. Jabeen elkarteen baimenaren ezaugarriak.
Balkoiak edo terrazak ixteko edozein jarduketak jabeen elkartearen berariazko erabakia eta baimena eduki beharko ditu, Jabetza Horizontalaren Legeak ezartzen duen moduan.
Honako hauek dira baimenaren ezaugarriak:
–Jabeen elkartea identifikatzeko datuak (izena eta IFK), horren ordezkariarenak (izena, NANa eta kargua) eta eskatzailearenak (izena eta NANa) jaso behar dira.
–Berariaz jaso behar da zein etxebizitzatarako eskatzen den jarduketa. Terraza eta/edo balkoi bat baino gehiago izanez gero, zehaztu behar da zer elementutan jardun nahi den.
–Berariaz jaso behar da eragozpenik ez dagoela jabeen elkartearen partetik balkoia eta/edo terraza ixteko, indarra duen udal ordenantzarekin bat.
–Jabeen elkartearen onespen erabakia aipatu beharko da, eta erabaki horretan azaldu beharko da teknikari eskudun batek sinatutako dokumentazio teknikoa, 5. artikuluan ezarritakoaren arabera.
5. artikulua. Obra lizentziaren eskaera.
Balkoiak eta/edo terrazak ixteko jarduketa guztietan, kasuan kasuko obra lizentzia eskuratu behar da aldez aurretik.
Obra lizentzia lortzeko, obra lizentzia lortzeko eskabidea aurkeztu beharko da, agiri hauekin batera:
A) Jabeen elkarteen kasuan, jabeen elkartearen baimena, ordenantza honen 4. artikuluan zehaztutakoarekin bat, eta Jabetza Horizontalaren Legean ezartzen den moduan.
B) Dokumentazio teknikoa:
–Jarduketaren azalpen memoria, bertan jasoz materialak, koloreak eta hainbat alderdiren konponbidea, hala nola:
- Euri urak jaso eta ateratzeko modua.
- Eraikinaren hobekuntza energetikoa.
- Eraikinaren egitura nahikoa izatea gainkarga berriei eusteko.
- Aurreikusi diren sistemen eta materialen eta karel berrien erresistentzia eta segurtasuna Eraikuntzaren Kode Teknikoaren (EKT) arabera.
- Itxiturak garbitzeko sistema Eraikuntzaren Kode Teknikoaren (EKT) arabera etab.
- Gainera bermatu behar da hurbileko etxebizitzen konfort akustikoak ez duela okerrera eginen (esate baterako, itxiturako estalkian metalezko panel bat paratzeak eragozpenak sor ditzake, euriak edo txingorrak horren gainean jotzean sortzen den zaratagatik).
–Jarduketa zer etxebizitzatan egin gogo den, horren oraingo oinplanoak, jarduketaren elementuaren edo elementuen azalerak eta kotak erakusten dituztenak.
–Jarduketaren elementua zer eraikinetan dagoen, horren oraingo altxaera osoaren planoa.
–Itxi gogo den elementuaren oraingo egoeraren argazkiak, baita bere altxaera osoarenak ere.
–Jarduketa zer etxebizitzatan egin gogo den, horren oinplanoak obrak egin ondoren, itxitako elementuaren edo elementuen azalerak eta kotak erakusten dituztenak.
–Itxitako elementua zer eraikinetan dagoen, horren altxaeraren planoa obrak egin ondoren.
–Arotz-lanen/itxituren zatikatzeak.
–Egin beharreko jarduketaren aurrekontu xehakatua.
–Segurtasun eta osasunari eta hondakinen kudeaketari buruzko araudiaren alderdiak.
C) Kasuan kasuko alorreko erakunde eskudunen baimenak edo aldeko txostenak (Etxebizitza Zuzendaritzarena etxebizitza babestuen kasuan, eta Vianako Printzea Erakundearena eraikin katalogatuenean).
Dokumentazio teknikoa paperean eta formatu digitalean aurkeztuko da.
6. artikulua. Lanen bukaera.
Lanak bukatu ondoren, obraren azken dokumentazioa aurkeztu beharko da, obra lizentzian bertan zehazten dena, eta gutxienez honako hauek osatuko dute:
–Jarduketa zer etxebizitzatan egin den, horren benetako oinplanoak, itxitako elementuaren edo elementuen benetako azalerak eta kotak erakusten dituztenak.
–Itxitako elementua zer eraikinetan dagoen, horren benetako altxaeraren planoa.
–Itxitako elementuaren edo elementuen egoera aldatuaren argazkiak, baita bere altxaera osoarenak ere.
–Egin den jarduketaren benetako aurrekontua (fakturak).
Agiri horiek aurkeztu eta Udaleko Zerbitzu Teknikoek ikuskapen bisita egin ondoren, itxitzat joko da espedientea.
7. artikulua. Itxituren baldintzak.
Balkoiak eta/edo terrazak ixteko jarduketa guztiek, oro har, ondoko baldintzak bete behar dituzte:
–Itxitura bertikala arina izanen da, eta alde kristalduna nagusituko zaio alde kristalgabeari. Arras debekaturik daude fabrikako itxiturak.
–Sandwich motako metalezko panelekin edo beirekin eginen da estaltzea. Debekaturik daude metalezko itxitura bakunak.
–Familia bakarreko etxebizitzetan edo alde zaharreko eraikinetan, estaltzeko erabiliko den materiala eraikin nagusiak duen bera izanen da (zeramikazko teila arabiarra edo mistoa). Justifikatuz gero, sandwich motako metalezko panelak eta beirak onartzen ahalko dira estalketarako material gisa.
–Itxiturak egiteko erabiltzen diren materialek fatxadan lehendik dauden kolore eta formen antzekoak izanen dituzte.
–Ez da baimentzen eremu itxiak etxebizitzari eranstea, eta eraikinaren fatxadak aldaketarik gabe mantendu beharko dira.
–Itxitako eremua ezin da termikoki egokitu berotzeko eta hozteko sistemak erabiliz.
Eraikinean arotz-lan batzuk egin badira eta horiek jatorrizko ezaugarrietatik aldendu badira, jatorrizkoei lotuko zaie, eta hala adierazi beharko da jabeen elkartearen baimenean.
A) Azalera txikiko balkoiak, galeria irekiak edo beste elementu ireki batzuk direnean, honako ezaugarri hauek izanen dituzte itxiturek:
–Itxitura ezin da lauzatik edo haren egiturazko elementutik irten.
–Itxitura bertikala erabat kristaleztatua izan daiteke baina, kasu guztietan, fatxada bereko balkoi guztiak modu berean itxi beharko dira.
–Fabrikako karelen bat egonez gero, mantendu egin beharko da, eta itxitura horren gainean kokatu.
–Itxitura baranda bat bada, kendu eta itxitura berri bat jarri beharko da, horrela bermatu ahal izateko mantentze egokia eta barrutik garbitu ahal izatea, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera.
–Karel kristaleztatuak edo beheko aldeak kristaleztatuak dituztenak zeharrargitasunezkoak izanen dira.
Edonola ere, soluzioa uniformea izanen da altxaera osoan.
B) Terraza sartuen kasuan, honako ezaugarri hauek izanen dituzte itxiturek:
–Itxiturak bat eginen du oraingo fatxadaren planoarekin. Bai terraza sartua bai balkoia badaude, balkoiaren araudia aplikatuko da.
–Itxitura bertikala erabat kristaleztatua izan daiteke baina, kasu guztietan, fatxada bereko terraza sartu guztiak modu berean itxi beharko dira.
–Fabrikako karelen bat egonez gero, mantendu egin beharko da, eta itxitura horren gainean kokatu (halakoetan, guztiz kristaleztatua egonen da).
–Itxitura baranda bat bada, kendu eta itxitura berri bat jarri beharko da, horrela bermatu ahal izateko mantentze egokia eta barrutik garbitu ahal izatea, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera.
–Karel kristaleztatuak edo beheko aldeak kristaleztatuak dituztenak zeharrargitasunezkoak izanen dira.
Edonola ere, soluzioa uniformea izanen da altxaera osoan.
C) Atikoetako terrazen edo familia bakarreko etxebizitzetako terrazen kasuan, honako ezaugarri hauek izanen dituzte itxiturek:
–Itxitura ezin izanen da irten egiturazko elementutik.
–Itxitura bertikala erabat kristaleztatua izan daiteke baina, kasu guztietan, fatxada bereko terraza guztiak modu berean itxi beharko dira.
–Fabrikako karelen bat egonez gero, mantendu egin beharko da, eta itxitura horren gainean kokatu; terrazako karelaren lodieraren erdira artekoa izaten ahalko da, baina gehienez 2,50 m-ko sakona gainditu gabe, sarbide den etxebizitzaren edo atikoaren fatxadari dagokionez. Zabaleran, ondoko etxebizitzen mugetara iristen ahalko da.
–Itxitura baranda bat bada, kendu eta itxitura berri bat jarri beharko da, horrela bermatu ahal izateko mantentze egokia eta barrutik garbitu ahal izatea, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera.
–Karel kristaleztatuak edo beheko aldeak kristaleztatuak dituztenak zeharrargitasunezkoak izanen dira.
–Kasu guztietan, terrazen itxitura uniformea izanen da altxaera osoan.
–Atikoko terraza edo familia bakarreko etxebizitzako terraza ixteko eskatzen duenaren ardura izanen da eraikineko estalkiko ura behar bezala biltzea, eta bere gain hartuko ditu itxitura elementuak paratzeak irazgaiztean sortzen ahal dituen kalte guztiak. Ez da inolaz ere baimenduko euri urak eremu publikora bideratzea.
–Itxitura egiteko erabiltzen den materialak, bereziki estalkikoak, bermatu beharko du hurbileko etxebizitzen konfort akustikoak ez duela okerrera eginen (5. artikulua).
D) Bizitegien eraikin kolektiboetako eta familia bakarreko etxebizitzetako beheko solairuetan dauden terrazen kasuan, ezaugarri hauek izanen dituzte itxiturek:
a. Bizitegien eraikin kolektiboetako beheko solairuetan dauden terrazak:
–Itxitura ezin izanen da irten egiturazko elementutik.
–Itxitura bertikala erabat kristaleztatua izan daiteke baina, kasu guztietan, fatxada bereko terraza guztiak modu berean itxi beharko dira.
–Fabrikako karelen bat egonez gero, mantendu egin beharko da, eta itxitura horren gainean kokatu.
–Itxitura baranda bat bada, kendu eta itxitura berri bat jarri beharko da, horrela bermatu ahal izateko mantentze egokia eta barrutik garbitu ahal izatea, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera.
–Karel kristaleztatuak edo beheko aldeak kristaleztatuak dituztenak zeharrargitasunezkoak izanen dira.
Kasu guztietan, terrazen itxitura uniformea izanen da altxaera osoan.
Gainera, alderdi hauek hartuko dira kontuan:
i. Fatxadak eremu publikora ematen duenean, eta lurzatiaren hondo librea, eremu publikoaren alderakoa, 5 metrotik beherakoa (<) denean.
–Itxitura ezin izanen da irten balkoiko lauzaren hegalkinaren, hegalaren, terrazaren edo gorputz irtenaren mugetatik, hots, goiko solairuan daudenetatik.
–Bertikalki itxiko da, aipatu diren elementuetara iritsi arte.
Baldin eta itxitura egin nahi bada eraikinaren buruhormetatik edo eraikinaren atariko sarreratik metro bat baino hurbilago, nahitaezkoa izanen da buruhorma horietara eta/edo atariko sarrerara iristea. Itxitura kristaleztatuak lurzatiaren itxiera ordezten ahalko du, edo azken hori aldatzen ahalko da, itxituretarako gehienez baimendutako altuera (2,00 m) gainditu gabe. Edonola ere, planteatzen den konponbideak kasu hori konponduko du, eta saihestuko da fatxada kristaleztatuak lurzatietako metalezko itxiturekin gainjartzea; materialen tratamendu bateratua mantenduko da, itxiturakoekin eta eraikinekoekin bat etorriz. Lanak banan-banan eginen dira, beharrezkoa den obra lizentzia eskatzen denean.
–Itxitura erabat kristaleztatua izan daiteke baina, kasu guztietan, eraikin bereko beheko solairuko terraza guztiak modu berean itxi beharko dira.
–Beheko solairuko terraza ixteko eskatzen duenaren ardura izanen da euri urak behar bezala biltzea, eta bere gain hartuko ditu itxitura elementuak paratzeak irazgaiztean sortzen ahal dituen kalte guztiak. Ez da inolaz ere baimenduko euri urak eremu publikora bideratzea.

ii. Fatxadak barneko eremu pribatura ematen duenean, edo eremu publikoaren aldera, lurzatiaren hondo librea, eremu publikoaren alderakoa, 5 metrokoa edo handiagoa (≥) denean.
–Itxitura ezin izanen da irten balkoiko lauzaren hegalkinaren, hegalaren, terrazaren edo gorputz irtenaren mugetatik, hots, goiko solairuan daudenetatik, nahiz eta halakorik ez izan.
–Itxitura ez bada irteten aipatu diren elementu irten horien proiekziotik, bertikalki itxiko da, elementu horietara iritsi arte.
–Hegalkinik ez badago edo itxitura horietatik irteten bada:
- Fatxadatik hasiko da estalketa eta %15eko malda izanen du gehienez. Ezin izanen da inolaz ere gainditu goiko solairuko elementuaren hegalkineko beheko kota.
- Itxituraren altuera, punturik baxuenean, 2,20 m-koa edo txikiagoa izanen da.
- Itxiturek 2,50 m-ko hondoa izanen dute gehienez. Salbuespenez, barneko eremu pribatuaren aldera ematen duten fatxadetan, lurzatiko hondo librea 3 m-koa edo txikiagoa bada, horretararaino iristen ahalko da.
- Itxituraren zabalera librea izanen da, eta ondokoaren mugaraino iristen ahalko da.
- Itxitura egin nahi bada eraikinaren buruhormetatik edo eraikinaren atariko sarreratik (eremu publikotik) metro bat baino hurbilago, nahitaezkoa izanen da horietara iristea. Itxitura kristaleztatuak lurzatiaren itxiera ordezten ahalko du, edo azken hori aldatzen ahalko da, itxituretarako gehienez baimendutako altuera (2,00 m) gainditu gabe. Edonola ere, planteatzen den konponbideak kasu hori konponduko du, eta saihestuko da fatxada kristaleztatuak lurzatietako metalezko itxiturekin gainjartzea; materialen tratamendu bateratua mantenduko da, itxiturakoekin eta eraikinekoekin bat etorriz. Lanak banan-banan eginen dira, beharrezkoa den obra lizentzia eskatzen denean.
–Itxitura erabat kristaleztatua izan daiteke baina, kasu guztietan, eraikin bereko beheko solairuko terraza guztiak modu berean itxi beharko dira.
–Beheko solairuko terraza ixteko eskatzen duenaren ardura izanen da eraikineko estalkiko ura behar bezala biltzea, eta bere gain hartuko ditu itxitura elementuak paratzeak irazgaiztean sortzen ahal dituen kalte guztiak. Ez da inolaz ere baimenduko euri urak eremu publikora bideratzea.
–Itxitura egiteko erabiltzen den materialak, bereziki estalkikoak, bermatu beharko du hurbileko etxebizitzen konfort akustikoak ez duela okerrera eginen (5. artikulua).



b. Familia bakarreko etxebizitzen beheko solairuko terrazak.
Bizitegietarako erabilerari lotutako lurzati libre pribatuak arautzen dituen ordenantzan, Berriobeitiko Udalak ezarritakoan, karrerapeetarako xedatutakoa bete beharko da, eta modu osagarrian onartuko dira kristaleztatutako itxitura bertikalak.
8. artikulua. Hiri altzariei buruzko arauak.
Fatxadari atxikita dauden eta euskarri bertikalik ez duten eguzki-oihalak baimenduko dira.
Etxebizitza blokeetan, jabeen elkarte bakoitzak arautuko du eguzki-oihalaren mota, eredua, kolorea eta beste ezaugarri batzuk. Itxitura kristaleztatuen soluzioarekin bateragarriak eta horretaz apartekoak izanen dira, eta obra lizentzia beharko da; horretarako, eskabidea aurkeztuko da, jabeen elkartearen erabakiarekin batera, eta bertan azalduko dira eguzki-oihalaren ezaugarri teknikoak. Eguzki-oihalaren gehieneko hedadura, fatxadatik duen proiekzioan, 2,50 m-koa izanen da, eta beti lurzati pribatuaren barruan; gutxieneko altuera, berriz, 2,20 m-koa punturik baxuenean.
Girotzeko aparatuak paratzen ahalko dira kaletik ikusi ezin diren tokietan eta beti ezkutuan.
Beheko solairuan lorategiko altzariak paratzen ahalko dira.
Guztiz debekatuta dago pergolak jartzea atikoetako edo etxebizitzetako terrazetan; salbuespen dira beheko solairuko terrazak, barneko eremu pribatuaren aldera ematen dutenak, gehienez 12 m²-koak, kokapen librea dutenak lurzati pribatuan. Ondoko lurzatien mugetara iristen direnean, ondoko jabeen baimena aurkeztu beharko da. Gehienez ere 2,5 metroko altuera izanen dute. Erabat zurezkoak edo metalezkoak izanen dira eta osorik desmuntatzeko modukoak. Estalkia (sabaia) horizontala edo malda gutxikoa (< %15) izanen da, eta oihala, txilarra edo kereta baizik ez da erabiltzen ahalko horiek itxi edo estaltzeko.
Etxebizitza kolektiboetan guztiz debekaturik daude bizitegi erabilera komunitarioari ez dagozkion elementu eta eraikuntzak (adibidez, plastikozko berotegiak, barbakoak, egiturazko elementuen gaineko igerileku eramangarriak etab).
9. artikulua. Lehenago egindako itxiturak legeztatzea.
Lehenago egindako edozein itxitura legeztatzen ahal da, dela jabearen ekimenez, dela Udalaren ekimenez, baldin eta ordenantza honetan ezarritakoa betetzen bada, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean horri buruz xedatutakoarekin bat.
Horretarako, 5. artikuluko dokumentazioa aurkeztu behar da, etxebizitzaren jatorrizko egoeraren oinplanoarekin eta lehenago egindako itxitura legeztatzeko dela dioen eskaera batekin batera. Gainera, hala behar denean, jabeen elkartearen baimena beharko da, 4. artikuluan adierazitako moduan.
Ordenantza honetan ezarritakoarekin bat egiten ez duten itxituren kasuan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean halako kasuetarako xedatutakoari jarraituko zaio. Lehengoratu egin beharko dira, hala behar denean, fatxadan, itxituretan eta akaberetan aldatuta dauden elementuak, jatorrizko moduan uzteko.
10. artikulua. Eraikina ordeztea.
Balkoiak eta/edo terrazak ixtearekin lortutako azalerak ezin dira eskubide edo azalera finkatu gisa konputatu eraikina ordezten bada. Halakoetan, eraikinaren jatorrizko lizentziaren ondoriozkoak izanen dira eskubide edo azalera finkatuak.
11. artikulua. Eraikinaren jatorrizko egoerara itzultzea eta jada eginda dauden itxiturak ordeztea.
Udalak hirigintzako legedira itzultzarazteko dituen eskumenak alde batera utzi gabe, eraikinaren jatorrizko egoerara itzuli behar denean eta jada eginda dauden itxiturak ordeztu, nahitaezkoa izanen da jabeen elkartearen baimena izatea eta Udalean obra lizentzia tramitatzea.
Itxituraren zati bat edo itxitura osoa ordeztu edo berritu nahi denean artikulu hauetan ezarritakoaren arabera egokitzeko, edo hondatuta dagoelako edo haren bizitza baliagarria amaitu delako, lehenbizikoz ezartzeko izaten den prozedura berari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: L1700664
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
