1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
50E/2017 EBAZPENA, otsailaren 2koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: 13,2 kW-eko aireko deribazioa, 100 kVA-ko transformazio zentroa, euskarri gainean, hegazti-haztegi bat elektrizitatez hornitzeko, Murillo el Cuendeko udal mugapean. Sustatzailea Avícola Villar SL da.
Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jardueraren helburua da energia elektrikoz hornitzea Murillo el Cuendeko 8. poligonoko 80. lurzatian dagoen abeltzaintzako ustiategia. Horretarako, 13,2 kW-eko aireko deribazioa proiektatu da, baita linea horretako 13. euskarriaren gaineko kanpoko transformazio zentro bat ere. Deribazio berrirako hargunerako, Iberdrolak Caparroso-Santakara 13,2 kW-eko aireko lineako 13. euskarria ezarri du. Hauxe da jarduketa: hargunea egitea, linea horretako 13. euskarriaren gaineko kanpoko transformazio zentro bat eraikitzea, eta aireko linea berri bat egitea, 21 metrokoa, baita zerbitzutik kanpo gelditzen diren linea aldatu guztiak desmuntatzea ere.
Espedientean jasota daude Murillo el Cuendeko Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostenak. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: 13,2 kV-eko aireko deribazioa, 100 kVA-ko transformazio zentroa, euskarri gainean, hegazti-haztegi bat elektrizitatez hornitzeko, Murillo el Cuendeko udal mugapean. Sustatzailea Avícola Villar SL da.
2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Ingurumen arlokoak:
- Deribazioko euskarrian elektrokuzio arriskua murrizteko, linea nagusiko eroaleak eta linea deribatua lotzeko zubiak guztiz isolatuko dira.
- Linea amaierako euskarrian, lineako eroaleen, etengailuen eta tximistorratz autobalbulen arteko lotune zubiak isolatuko dira, bai eta horien eta loturako botilen artekoak ere. Isolamenduan erabiliko den materialak goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko egokia izan beharko du. Halaber, tximistorratz autobalbulak BCAC (“Bushing connection animal cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.
- Zerbitzurik gabe gelditzen diren azpiegitura guztiak desmuntatu egin beharko dira.
- Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremua lehengoratuko da.
–Hirigintza arlokoak:
- Murillo el Cuendeko Udalak Arau Subsidiarioetan ezarritako baldintzak betetzen direla zainduko du.
- Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo bertan paratu gogo diren beste jarduera batzuk elektrizitate sarera lotzea.
- Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Murillo el Cuendeko Udalari, Basozaintzari (Tafallako barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko otsailaren 2an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1701481