1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
105/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, bertan behera uzten duena, mugarik gabe, fringilidoen familiako hegaztiak harrapatzeko baimenak ematea.
Basa hegaztien kontserbazioari buruzko apirilaren 2ko 79/409/EEE Zuzentarauaren 11. artikuluak agintzen du kontserba daitezela Europar Batasuneko lurraldean basa bizi ohi diren hegazti espezie guztiak. Nolanahi ere, 9. artikuluak dio kide diren estatuek salbuespenak ezar ditzaketela babes araubidean zenbait kasutan. Esaterako, salbuespen hau: baimena ematea, zorrotz kontrolatutako baldintzetan eta selektiboki, zenbait hegazti harrapatzeko, edukitzeko edo horien bestelako ustiapen zuhur bat egiteko, kantitate txikietan.
Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak ahalbidetzen du, betiere baimen bidez, zorrotz kontrolatutako baldintzetan eta metodo selektiboen bidez, Babes bereziko araubidea duten basa espezieen zerrendan ez dauden zenbait espezie harrapatzea, edukitzea edo horien bestelako ustiapen zuhur bat egitea, kantitate txikietan eta behar diren mugekin, kontserbazioa bermatze aldera. Autonomia erkidegoak edo Estatuko Administrazio Orokorrak baimen administratiboa eman beharko du aldez aurretik, haren eskumenaren barnean, beste konponbide egokirik ez badago, eta horrek berarekin ez du ekarriko kalterik egitea dena delako populazioaren kontserbazio egoera onari, berezkoa duen banaketa eremuan (61. art.).
Nafarroan, Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 9.1.d) artikuluak ahalbidetzen du aipatutako jarduera hori baldin beharrezkoa bada gatibutasunean hazteko.
Espainian 50 fringilido espezie baino gehiago daude gatibotasunean, besteak beste silbestrismoan kantu lehiaketetarako erabiltzen diren bost berezko espezieak. Hortaz, bada tradizioa familia honetako hegaztiak harrapatzeko, helburu horrekin hezteko. Jardun hau elkarte edo talde silbestristen inguruan multzokatzen da, eta elkarte horietako kideak dira, oro har, ingurune naturalean hegaztiak harrapatzen dituztenak, eta administrazio eskudunek ematen dituzten baimenak jasotzen dituztenak.
Nafarroan salbuespenezko baimenak eman dira fringilidoak harrapatzeko duela 20 urtetik hona gutxienez, eta harrapaketarako baimendutako aleak jaitsi egin dira, mende hasieran 800 bat izatetik 2015ean baimendutakoak 102 izatera. Hegaztiei buruzko Zuzentarauak ezartzen zuen “beste konponbide egokirik eza” kontuan hartuz ematen ziren azkeneko baimenak, kontuan harturik odolkidetasun arazoak, traba direnak hazleek espezie hauek hazteko. Beraz, hazleak ez ziren eskatzaileek baimenik eskatzen bazuten hegazti hauek harrapatzeko, ezezkoa ematen zitzaien. 2016. urtean ez zen baimen bakarrik eman Nafarroan fringilidoak harrapatzeko.
2011ko uztailaren 13ko Ingurumeneko Konferentzia Sektorialak jarraibide teknikoak onetsi zituen, Hegaztiei buruzko 2009/147/EE Zuzentarauaren 9. artikulura egokitzeko fringilidoak ingurune naturaletik ateratzea.
Jarduera hori, Espainian tradizioz egin izan den bezala, kontraesanean dago kontserbazioaren arloko legeriarekin, bai estatukoarekin bai Europar Batasunekoarekin.
Hala, 2011. urtean Europako Batzordeak espediente informatibo bati hasiera eman zion (EU Pilot 2235/11), Espainian fringilidoak harrapatzeko salbuespenezko baimenen aplikazioarekin loturik, Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren (2009/147/EE) 9. artikuluarekin bat.
2011. eta 2014. urteen artean, espediente horri egindako jarraipenaren esparruan, Europako Batzordeak informazioa eskatu zien Espainiako Estatuko autonomia erkidegoei. 2015eko ekainaren 26an Europako Batzordeak argitasunak eskatu zituen aurretik galdegindako informazio guztiari buruz, jarraipena eta zaintza egiteko, Hegaztiei buruzko Zuzentaraua Espainian betetzeko aurrerapenari dagokionez.
Informazio eskaera hari erantzunez, 2015eko irailean Estatuak txosten bat egin zuen autonomia erkidegoek –tartean Nafarroak– emandako datu eta ohar berriekin.
Nafarroaren eremuan, 2015eko bukaeran bai Nafarroako Ehiza Federazioak bai Nafarroako Kanario Hazleen Elkarte Ornitologikoak txosten bana aurkeztu zuten espezie hauen hazkuntzan izandako esperientziez. Nafarroako Ehiza Federazioak dioenez, gaur egun, federazio horretako silbestristek ez dute lortu aurreko urteetan harrapatutakoek kume bakar bat ere egitea.
Nolanahi ere, Nafarroako Kanario Hazleen Elkarte Ornitologikoak, zenbait kidek egindako saiakuntzaren ondotik, honako hau ondorioztatu du: “Oro har, aurrerapen garrantzitsuak izan ditugu hazkuntzan hasten diren bikoteekin, eta, txoriek denboraldiak igaro ahala, emaitzak hobeak dira”.
Aurrekoaren osagarri, eta azterturik autonomia erkidegoek Europako Batzordeari emandako informazioa, berresten da zenbait autonomia erkidegotan esperientzia onak izan direla gatibotasunean hazteari dagokionez. Halaber, jarraibide teknikoek onartzen dute posible dela hazkuntza gatibotasunean gauzatzea. Jarraibideek berek onartzen dute badagoela gatibotasunean egindako hazkuntza kide diren beste estatu batzuetan, esaterako Frantzian eta Belgikan. Orobat, adierazten da komeni dela hazleen artean trukeak egitea.
Aurretik esandako guztitik ondorioztatzen da gatibotasunean haztea posible dela, baina zaila, hegazti fringilidoen espezie gehienen kasuan, eta beharrezkoa litzatekeela eginahal handiak egitea hazkuntza harrapaketen alternatiba izateko; nolanahi ere, zailtasun horiek ez dira arrazoi hazkuntza posible dela ukatzeko edo hegaztiak bizirik harrapatzearen alternatibatzat ez hartzeko. Arrakasta tasa txikia hainbat faktoreren ondorio izan daiteke, hazkuntzaren baldintzarekin loturik (jardunbide onak behar bezainbeste ez sustatzea, hazle kopuru txikia, emeen populazio ez-nahikoa, albaitarien aholkularitzarik ez izatea, etab.).
Autonomia erkidegoek Europako Batzordeari emandako datuak oinarri harturik, Espainian, 2014an, gutxienez ere honako hau zen fringilidoen populazioa: 266.897 karnaba (horietatik, gutxienez 17.269 emeak); 115.961 txorru (horietatik, gutxienez 6.860 emeak); 134.205 txoka arrunt (horietatik, gutxienez 9.685 emeak); 10.210 txirriskila (horietatik, gutxienez 314 emeak) eta 21.930 txonta arrunt (horietatik, gutxienez 4.978 emeak).
2016ko otsailaren 22an, Europako Batzordeak honako honen berri eman zion Espainiako Kanpo Arazoetarako Ministerioari: 2235/11, 4022/12, 3782/12 eta 5713/13 espedienteen jarraipenean emandako informazioa azterturik, ikusi da ezen fringilidoen harrapaketetarako erabakitako indargabetzeen erabilerak ez dituela errespetatu Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren 9 (1) (c) artikuluko baldintza zorrotzak, zehazki aipu hauei dagokienez: “beste konponbide egokirik eza” eta “ustiapen zuhur bat egitea, kantitate txikietan”. Horrekin batera, ikusi da gabezia handiak daudela “zorrotz kontrolatutako baldintzetan eta selektiboki” aipuari dagokionez. Horrenbestez, arau-hauste horizontaleko prozedura baten bidez eginen da ondorio hauen jarraipena, Espainia osorako (salbu Asturiasko Printzerrirako).
2016ko urriaren 21ean bilera egin zuen silbestrismoari buruzko Lantaldeak, Ingurumeneko Ministerioak sustaturik, eta hartan autonomia erkidego guztiek hartu zuten parte (Espainian Hegaztiei buruzko Zuzentaraura egokitzeko jardun hori). Hartan, zenbait autonomia erkidegok eskatu zuten Florako eta Faunako Batzordearen Batzorde Zientifikoak irizpena eman zezala, jakiteko ea posible den edo ez silbestrismoan kantu lehiaketetarako erabiltzen diren hegazti fringilidoak gatibotasunean haztea (kontsulta: CC 26/2016).
Irizpena argia da: silbestrismoan erabiltzen diren hegazti fringilidoak gatibotasunean ugal daitezke, eta jardun hori gainera oso zabaldurik dago. Gatibotasunean jaiotako txoriak kantuan trebatzeko teknikak oso ezagunak eta eskuratzeko errazak dira kantu lehiaketen zaleentzat.
Oinarritzat harturik ezen Nafarroako legeriak debekatzen duela, oro har, hegazti hauek harrapatzea, salbuespenak salbuespen, komenigarritzat jotzen da, aurrekoa ikusirik, hori azpimarratzea eta mugarik gabe etetea hegazti familia honetako txoriak harrapatzeko era guztietako baimenak, salbuespen bakar honekin: helburu zientifikoekin harrapatzea, baldin arlo honetan ofizialki aitortutako entitate ikertzaile batek osoki babesten badu jardun hori, eta halakoetan nahitaezkoa izanen da proiektu zehatz bat aurkeztea, bere baitan izanen dituena, besteak beste, helburuak, eremua, harrapaketaren justifikazioa, espeziean izanen duen inpaktuaren aldez aurreko ebaluazioa eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Ingurune Naturalaren Zerbitzuak eskatzen dituen guztiak. Orobat, ikerketa hori bukatutakoan nahitaez aurkeztu beharko da egindako jarduera laburtuko duen txosten bat.
Kontuan harturik dauden datuak, arlo honetan Europan dagoen legeria, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalaren txostena eta Florako eta Faunako Batzordearen Batzorde Zientifikoaren irizpena, eta ikusirik Europako Batzordearen arau-hauste prozeduraren ondorioak.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Mugarik gabe etetea Fringilidae familiako hegaztiak harrapatzeko salbuespenezko baimenak.
2. Harrapaketak baimendu daitezke, salbuespenez, bakar-bakarrik helburu zientifikoengatik egiten direnean, eta baldin arlo honetan ofizialki aitortutako entitate ikertzaile batek osoki babesten badu jardun hori, eta halakoetan nahitaezkoa izanen da proiektu zehatz bat aurkeztea, bere baitan izanen dituena, besteak beste, helburuak, eremua, harrapaketaren justifikazioa, espeziean izanen duen inpaktuaren aldez aurreko ebaluazioa eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Ingurune Naturalaren Zerbitzuak eskatzen dituen guztiak. Orobat, ikerketa hori bukatutakoan nahitaez aurkeztu beharko da egindako jarduera laburtuko duen txosten bat.
3. Ebazpen hau igortzea Ingurune Naturalaren Zerbitzura, Ingurumena Zaintzeko Atalera, Foruzaingoko Ingurumeneko Brigadara eta Guardia Zibilaren SEPRONAra.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2017ko urtarrilaren 26an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
Iragarkiaren kodea: F1702038