1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
18/2017 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari esleitzen diona Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko informazioaren segurtasunaren kudeaketa.
Abuztuaren 28ko 132/2015 Foru Dekretuaren bidez, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Departamentuaren egitura nagusian daude Osasun Zuzendaritza Nagusia, Idazkaritza Tekniko Nagusia, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoa eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoa, azken hori Osasun Zuzendaritza Nagusiari atxikita.
Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak ezarri ziren. Foru dekretu horren 54. artikuluan aipatzen da Osasuneko Informazio Sistemen Zerbitzuaren eginkizunen artean daudela informazioaren segurtasunaren kudeaketarekin lotutakoak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39 artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko organoek ahalmena dute beste organo batzuei emateko beren eskumeneko lan materialak, teknikoak edo zerbitzuak egiteko ardura, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, hurrengo idatz-zatietan xedatutakoari jarraituz. 39. artikulu horren 2. idatz-zatian adierazten da kudeaketa bat departamentu bereko beste organo bati edo haren menpeko erakunde publiko bati esleitzeko, kasuan kasuko kontseilariaren baimena beharko dela.
Alde batetik, osasunaren administrazio arlo guztiak elkarri lotuta daude, eta bestetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, departamentuko beste organoek ez bezala, baditu aipatutako arloetarako unitate espezializatuak. Eraginkortasuna eta eragimena helburu, ez da egokia unitate horiek errepikatzea.
Azaroaren 10eko 509E/2016 Foru Aginduaren bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari esleitu zitzaion Osasun Departamentuko informazioaren segurtasunaren kudeaketa, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari baimena eman zitzaion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari esleitzeko Osasun Departamentu osoaren informazioaren segurtasuna kudeatzeko eginkizunak, galarazi gabe Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenak.
Testuinguru honetan, ikusirik Osasuneko Informazio Sistemen Zerbitzuak aurkeztutako proposamena, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren estatutuen 10. artikuluak ematen dizkidan eskudantziekin bat (urriaren 14ko 242/2015 Foru Dekretuak onetsi zituen estatutu horiek),
EBATZI DUT:
1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari esleitzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutu osoko informazioaren segurtasunaren kudeaketarekin lotutako eginkizunak, galarazi gabe Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenak.
2. Kudeaketa esleipen honen indarraldia lau urtekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen hau igortzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasuneko Informazio Sistemen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko otsailaren 6an.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, María José Pérez Jarauta.
Iragarkiaren kodea: F1701551