1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
375/2017 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzearren hizkuntza komunitarioen jakintza-maila neurtzeko berariazko probetarako deialdia egiten duena.
Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak martxoaren 8an emandako 18/2004 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzearren euskara eta hizkuntza komunitarioen jakintza-maila neurtzeko berariazko probak arautu ziren.
Foru agindu horren 3.3. artikuluak xedatzen du proben deialdia Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez eginen dela eta ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dela, baita Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko iragarki-ohol ofizialetan eta haren webgunean ere. Ebazpenean balorazio proben gaineko zehaztasunak emanen dira.
Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak, 45. artikuluan, zehazten ditu hizkuntzen prestakuntza jardueretan edo hautapen prozesuetan hizkuntzen ezagutzak egiaztatzeko probak egitea. Eta Bigarren Xedapen Iragankorrean Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren esku uzten da berariazko proben deialdiaren eta oinarrien onespena egitea, desagertutako Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua organismo autonomoaren betebeharra izanik.
Aipatutako xedapenean adierazitakoa betetzeko, bidezkoa da behar den ebazpena ematea, hizkuntzak baloratzeko proba berariazkoen deialdiaren oinarriak ezartzeko.
Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak esleitzen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen ingeles, frantses eta aleman maila neurtzeko proba berariazkoetarako deialdia egitea, Nafarroako Administrazio publikoen lanpostuak betetzearen ondorioetarako.
2. Deialdi hori arautuko duten oinarriak (eranskinean ageri direnak) eta erabili beharreko inprimaki-ereduak onestea.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko webgunean ere argitaratzea, jende orok horren berri izan dezan.
4. Ebazpen hau Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Zuzendaritzara eta Berrikuntzaren eta Hizkuntzen Atalera igortzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2017ko otsailaren 13an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.
OINARRIAK
Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ingeles, frantses eta aleman maila neurtzeko proba berariazkoetarako deialdia, Nafarroako administrazio publikoen lanpostuak betetzearen ondorioetarako
Lehen oinarria.–Arau orokorrak.
Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen ingeles, frantses eta aleman maila neurtzeko proba berariazkoetarako deialdia egiten da, Nafarroako administrazio publikoen lanpostuak betetzearen ondorioetarako, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak martxoaren 8ko 18/2004 Aginduak ezarritakoarekin bat.
Bigarrena.–Betebeharrak.
Proba berariazkoetan onartuak izateko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Eskaera aurkeztea, hirugarren oinarrian adierazitakoari jarraikiz.
b) Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea. Proba hauek ezin izanen dituzte egin administrazio horietan administrazio kontratudun gisa edo aldi baterako edo behin-behineko lan kontratadun gisa aritzen diren langileek.
Hirugarrena.–Eskabideak noiz eta nola aurkeztu.
1. Proba hauetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpen deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak epea amaitu baino lehen aurkeztu beharko dira, Nafarroako Administrazio Publikoen Institutuak prestatutako eskabide-orria erabiliz. Eskabide-orriaren eredua oinarri hauen bukaeran dago.
3. Interesdunek ebazpen honetan ageri den eskabide-orria erabil dezakete, edo eredua Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Berrikuntzaren eta Hizkuntzen Atalaren bulegoetan eskatu edo Interneteko helbide honetan eskuratu: www.inapidiomas.net.
4. Eskabide-orriak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutura igorriko dira (Nabarreria kalea, 39, 31001 Iruña), eta aurkezteko bide hauetako bat erabili beharko da:
–Zuzenean Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Berrikuntzaren eta Hizkuntzen Ataleko bulegoetan.
–Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Karlos III.aren etorbidea, 2.
–Posta bidez.
–Posta elektronikoaren bidez, eskabide-orria beteta erantsi eta helbide honetara bidalita: seridcom@navarra.es.
–Internet bidez, www.inapidiomas.net helbidean.
–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako bideetakoren bat erabiliz
Laugarrena.–Baloratzeko eskumena.
Onarturikoen azterketak baloratzea Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Berrikuntzaren eta Hizkuntzen Atalari dagokio.
Hizkuntza bakoitzerako Berrikuntzaren eta Hizkuntzen Atalak arduradun bat izendatuko du.
Interesdunen hizkuntza maila ebaluatzeko ardura ebaluatzaileei dagokie. Ebaluatzaileak Administrazio Publikoko langileak izanen dira edo lan horretarako propio kontrataturiko adituak, eginkizun horietarako titulazio ofiziala izan beharko dutenak.
Bosgarrena.–Balorazio mailak.
Izangai bakoitzari A1-C1 bitarteko balorazioa emanen zaio aurkezten den hizkuntza bakoitzean, hamarrenik gabe, erakusten duen mailaren arabera.
Hizkuntza maila baloratzeko lau hizkuntza gaitasunak ebaluatuko dira: entzumena, irakurmena, mintzamena eta idazmena.
Hizkuntza mailak gainditzeko (A1etik Cprimera) lau atal horiek guztiak gainditu beharko dira proba berean. Gainera, aurreko deialdi batean hizkuntza gaitasunen bati dagokion zatia gainditua izanda ere, ez da aintzat hartuko.
Kalifikazioa orotarikoa izanen da, hots, ebaluaturiko langileak hizkuntza maila bat osorik gainditu ote duen ikusiko da.
Seigarrena.–Balorazio probak.
Probak egiteko, interesdunek nortasun agiria aurkeztu beharko dute.
Balorazio probak bi zati izanen ditu: idatzia eta ahozkoa.
a) Idatzizko zatian, hizkuntzaren erabilera, testuen ulermen orotarikoa eta berariazkoa, eta idazmena baloratzeko ariketak egin beharko dira.
b) Ahozko zatian, ulermena eta mintzamena ebaluatuko dira.
Ahozko proba grabatu eginen da.
Zazpigarrena.–Probak egiteko egunak.
Ahozko eta idatzizko probak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan eginen dira 2017ko maiatzean, ondoren behin-behinean zehazten diren datetan eta ordutegietan:
Proba idatzia:
–Alemana: maiatzak 16, asteartea, 9:30ean, NAPIko Pedro Mayo 4 ikasgela.
–Frantsesa: maiatzak 17, asteazkena, 9:30ean, NAPIko Pedro Mayo 4 ikasgela.
–Ingelesa: maiatzak 18, osteguna, 9:30ean, NAPIko Pedro Mayo 1, 3 eta 4 ikasgelak.
Ahozko proba:
Proba idatzia gainditzen duten izangai guztiei ahozko proba egiteko hitzordua emanen zaie, gure baliabideen arabera, ondoko egunetan:
–Alemana: maiatzak 23, asteartea, goizez, NAPIko M4 ikasgela.
–Frantsesa: maiatzak 24, asteazkena, goizez, NAPIko M4 ikasgela.
–Ingelesa: maiatzak 25, osteguna; maiatzak 26, ostirala; maiatzak 29, astelehena, eta maiatzak 30, asteartea, goizez, NAPIko M4 ikasgela.
Eskaera guztiak jasotakoan, izena emandakoen zerrenda eta proben behin betiko datak argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Berrikuntzaren eta Hizkuntzen Ataleko web orrian (http://www.inapidiomas.net).
Zortzigarrena.–Emaitzen jakinarazpena.
Probak bukatu eta ariketak zuzendu ondoren, Berrikuntzaren eta Hizkuntzen Atalak interesdun bakoitzari emandako balorazioaren egiaztagiria eginen du.
Egiaztagiri hori interesdunak jakinarazpenetarako eman duen tokira bidaliko zaio, probak amaitu ondoko hilabetearen barrenean.
ESKABIDE-ORRIA
Funtzionarioendako edo behin betiko langileendako hizkuntzen maila egiaztatzeko probak. 2017ko I. deialdia (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1702224