34. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LERIN

Udal hilerria arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Leringo Udalak, 2016ko irailaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Leringo udal hilerria arautzen duen udal ordenantza; erabakia 2016ko 193. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 5ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lerinen, 2016ko abenduaren 23an.–Alkatea, M.ª Consuelo Ochoa Resano.

UDAL HILERRIA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Leringo udal hilerria zerbitzu publikoko ondasuna da, Udalaren agintearen mendekoa, Udala baita jabea eta hari baitagozkio hilerriaren kudeaketa, administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, ordenantza honetako xedapenekin bat, eta beste administrazio publiko batzuenak diren eskumenak deusetan ukatu gabe.

2. artikulua. Udalari dagozkio:

a) Hilerria antolatu, kontserbatu, mantendu eta egokitzea, bai eta zaindu eta garbitzea ere.

b) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua, hilobien gaineko kontzesioak ematea eta mota guztietako ehorzketa-eskubideak onartzea.

c) Dagokion ordenantza fiskalean, legez ezartzen diren tasak eta eskubideak jasotzea.

d) Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera, berrehortzi eta lekualdatzea, hilotzen gaineko osasun arauei jarraikiz (urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretua, Nafarroako hilotzen gaineko Osasunaren Erregelamendua arautzen duena).

e) Hilerriko zerbitzuekin zerikusia izan dezaketen Udalaren bestelako administrazio eskumenak.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar diren langileak izanen ditu, edo zerbitzu hori kudeatzen duen kanpoko enpresa bat, eta bere eginbeharra ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Udalak udalerriko bizilagunen eskakizunei erantzuteko beste hilobi eraiki eta banatuko ditu.

Hilerrian nitxoak eta hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

II. TITULUA

Hilerriko barne antolamendua eta gobernua

5. artikulua. Hilerriak indarreko legediak eskatzen dituen instalazioak eta zerbitzuak izanen ditu.

6. artikulua. Hilerriaren esparrua zabalik egonen da, zerbitzuaren beharrizanekin bat etorriz Udalak ezartzen duen ordutegian.

7. artikulua. Hilerriko seriotasunari eta antolamendu egokiari traba egin diezaiekeen animalia orori ez zaio hilerrian sartzen utziko. Garraioko ibilgailuen sarrera ere ez da onartuko, ez badira udal zerbitzuko ibilgailuak, ehorzketa-zerbitzuaren enpresa adjudikaziodunarenak eta hilerrian berean erabiliko diren eraikuntza materialak eramaten dituztenak; betiere, gidariek behar diren lizentziak eta baimenak badituzte.

Nolanahi ere, garraiobide horien jabeak izanen dira hilerriko bide eta muntaduretan eragindako kalteen erantzuleak eta berehala konpontzera behartuak, edo, hala behar balitz, kalte-ordaina ematera. Jabea ez badago, berehala eskatzen ahal zaio erantzukizun hori bera kaltea eragin duen ibilgailuaren gidariari.

8. artikulua. Udalaren organo eskudunek dute hilerria zaindu eta garbitzeko lan orokorren ardura.

Titularren betebeharra da hilobiak, gauzak eta muntadurak zaintzea, segurtasun, higiene eta apaindurako baldintzak behar bezala betez.

Partikularrek hilobiak garbitzeko eta zaintzeko betebeharrean huts egiten badute, eta narriatze zantzurik baldin bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 egunean beren zabarkeriaz eragindako narriadura konpontzeko. Horrela ez eginez gero, hori aski izanen da ehorzketak egiteko baimena ez emateko.

Epe hori iraganik, Udalak subsidiarioki egiten ahalko ditu lan horiek, interesdunen kontura egin ere. Horiek berehalakoan ordaintzen ez badute, kontzesioa iraungiko da eta hilobia Udalaren eskura itzuliko da. Hori guztia, titularrak ehorzketa-eskubideari bere borondatez uko egiten ahal diola ukatu gabe.

9. artikulua. Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko, zerbitzuarekin zerikusirik ez duten pertsonek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebatsi edo narriatzen badituzte.

III. TITULUA

Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta lekualdatzeak

10. artikulua. Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta hilotz eta gorpuzkien lekualdatzeak Nafarroako hilotzen gaineko Osasunaren Erregelamenduaren arauei jarraituz eginen dira.

11. artikulua. Hilotz bat ehorztean, hilobitik ateratzean eta lekuz aldatzean edo berrehorztean, horren oharra jasoko da erregistro liburuan, dagokion hilobian, titularraren baimena duela.

IV. TITULUA

Ehorzketa-eskubideak

I. KAPITULUA

Hilobien kontzesioa

12. artikulua. Leringo hilerrian, hiru ehorzleku mota egonen dira:

a) Nitxoak.

b) Lurreko hilobiak.

c) Kolunbarioak.

Partikularrek ezin izanen dituzte panteoi berriak eraiki. Iraungi arte aitortuko dira, ordea, Leringo Udalak 2001eko azaroaren 22an egin osoko bilkuran onetsitako zerrenda osatzen dutenak, baimena eman baitzitzaien, zegokien tasa ordaindu ondotik; hau da, ehorzte erabilerarako 99 urteko kontzesio administratiboa, data honetatik aitzin.

13. artikulua. Nitxoen, kolunbarioen eta lurreko hilobien erabileraren gaineko ehorzte-eskubidea, kontzesio egintzaren bidez sortuko da, eta horretarako dagokion ordenantza fiskalean ezarritako tasa ordaindu beharko da.

14. artikulua. Nitxoak, kolunbarioak eta hilobiak erabiltzeko kontzesioaren titularra izanen da eskaera egiten duen pertsona.

15. artikulua. Nitxoak, kolunbarioak eta lurreko hilobiak erabiltzeko kontzesioak emanen dira ehorzleku mota bakoitzaren zenbaki korrelatiboaren ordenari jarraikiz, edo dauden leku hutsak osatuz, epe hauetarako:

10 urterako, 20 urte egin arte luzatzeko aukera izanda.

10 urterako, 99 urte egin arte luzatzeko aukera izanda.

20 urterako, 99 urte egin arte luzatzeko aukera izanda.

99 urterako, luzatzeko aukerarik gabe.

Kontzesioak luzatzeko, kasua bada, hasierako epea iraungi ondotik eskatu beharko da, eta dagokion tasa ordaindu ondotik adostuko da.

16. artikulua. Nitxo berean hurrenez hurren egiten diren hobiratzeek ez dute ehorzketa-eskubidea aldatuko. Hala ere, salbuespen bat egonen da, izan ere kontzesioa edo, bestela, luzapena bukatzeko falta den epea hilotzak lekuz aldatzeko legez ezarritako denbora baino txikiagoa izan daiteke; beraz, hilotz bat orduan hobiratzen bada, epe hori behar adina luzatuko da, eta gehitutako denboraren proportzioaren araberakoa izanen da egokituko zaion tasa.

17. artikulua. Ehorzketa-eskubideen kontzesio guztiak dagokion erregistroan inskribatuko dira, Leringo udal bulegoetan.

II. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubidearen iraungipena

18. artikulua. Ehorzketa-eskubidea iraungiko da, eta kasuan kasuko hilobia Udalari itzuliko, honako kasu hauetan:

a) Eraikuntzaren hondamen egoera dela eta, aurreikusitako txosten teknikoan deklaratua, eta titularrak konpontzeko eta egokitzeko ematen zaion epea betetzen ez badu.

b) Hilobia abandonatzeagatik. Horrelakotzat joko da eskubidearen titularrak egin beharreko garbiketetan eta mantentze-lanetan modu agerian arreta ez jartzea, horretarako aitzinetik egindako errekerimenduari ez aditu eginik.

c) Eskubidearen kontzesio epea iragateagatik luzapena eskatu gabe, edo luzapenaren epea iragateagatik.

d) Dagokion ordenantza fiskalean ezarritako tasak ez ordaintzeagatik.

e) Titularrak berariaz uko egiteagatik.

f) Hilerria ixteagatik.

19. artikulua. Iraungipena dela-eta kontzesioa galduz gero, hilobia Udalaren esku geldituko da, eta eskubidearen iraungipenetik ez da inolako ordainketarik edo kalte-ordainik sortuko titularraren alde. Gelditzen diren gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira, salbu eta ahaideek bertze hilobi batera eramateko eskatzen badute.

V. TITULUA

Hilobi-harrien instalazioa

20. artikulua. Nitxoetan ehorztea:

Nitxoen hilobi-harriak nitxoa ixteko estalkiaren eta adreilu hozkatuen arteko hutsunearen hondoan jarriko dira. Hozkadurak berriro ixten ahalko dira, baina gutxienez ere 3 zentimetroko bistako adreilua geratu beharko da alboan.

Hilobi-harriaren gainean ezin izanen da jarri adreiluzko pilastren planotik irteten den elementurik, ez eta bertze nitxoak inbaditzen dituenik ere.

21. artikulua. Lurrean ehortzea.

Lurrean ehortzeko hilobiak eta hilobi-harriak dagokien espazioan jarriko dira, ordenantza honetan ezarri bezala, eta espazio edo hilobi mugakideekiko distantzia errespetatuko da; oin-planoaren okupazioak (hegalak barne) 110 zentimetroko zabalera eta 235 zentimetroko luzera izanen ditu gehienez. Bideko sestratik 35 zentimetroko altuera izanen da gehienez, eta hilobiaren edo hilobi-harriaren buru gainean hilarriak edo dekorazio-elementuak jartzen ahalko dira, prisma angeluzuzenaren barruan badaude eta neurri hauek gainditzen ez badituzte: 150 zentimetroko luzera, 100 zentimetroko zabalera eta 40 zentimetroko sakonera. Hilobiaren oina bidearen ondoan jarriko da, perpendikularrean.

15. artikulua. Harrizko, zeramikazko, ormigoi aurrefabrikatuzko, zurezko eta metalezko materialak jartzen ahalko dira eta, oro har, behar bezalako akabera duten guztiak.

23. artikulua. Jarri aitzin, Leringo Udalari baimena eskatu beharko zaio, eta krokis mugatuak edo instalatuko den hilobia edo hilobi-harria behar bezala zehazten duten agiriak aurkeztu beharko dira.

Xedapen gehigarria.–Ordenantza honek espresuki aipatzen ez duen orotan, alor honetako legeriak ezarritakoari jarraituko zaio.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin bat, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatuari jarraikiz.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe uzten dira, ez baliorik ez ondoriorik ez dutela, Leringo hilerria erabiltzeko udal ordenantza, 2001eko otsailaren 1ean onetsia, eta ordenantza honetan xedatuari aurka egiten dioten udal xedapen guztiak.

Iragarkiaren kodea: L1700233