34. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LERIN

Udal hilerriko zerbitzuak emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Leringo Udalak, 2016ko irailaren 23an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Leringo udal hilerriko zerbitzuak emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala (2016ko 193. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 5ean).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lerinen, 2016ko abenduaren 23an.–Alkatea, M.ª Consuelo Ochoa Resano.

ORDENANTZA FISKALA, UDAL HILERRIKO ZERBITZUAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza udal hilerriko zerbitzuak ematea da; honako hauek dira:

a) Ehorzketak eta berrehorzketak.

b) Hobitik ateratzea.

c) Hilobietako gorpuzkiak garbitzea.

d) Lurreko hilobien, nitxoen eta kolunbarioen kontzesioa.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Zerbitzua eskatzen duen pertsona natural edo juridikoak ordaindu beharko du dagokion tasa, subjektu pasibo gisa.

Tarifen aplikazioa

4. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta beste batean ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak.

Gorpuzkiak bertze hilerri batetik ekarriz gero, berriz, ehorzteari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

5. artikulua. Hilotzak nahiz gorpuzkiak erretzetik sortutako errautsek gorpuzkiak hobiratzerakoan hartzen duten tratamendua izanen dute ordenantza honi dagokionez.

6. artikulua. Hilobien kontzesioen luzapenetan, eskaera egitean indarra duen tarifa aplikatuko da.

Tasen sorrarazpena

7. artikulua. Ordenantza honen 2. artikuluan aipatzen diren zerbitzuetako bat egiteko eskatzen denean gertatuko da tasen sorrarazpena.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indarrik gabe gelditu da “Hilerriari dagozkion zerbitzuak emateko eta jarduerak egiteko eta Udalaren bestelako hileta zerbitzuetarako tasa arautzen duen ordenantza fiskala”, hasiera batez onetsia 1983ko abenduaren 15ean, eta behin betiko, 1984ko martxoaren 15ean.

TARIFEN ERANSKINA

1.–Nitxoak alokatzea:

a) 10 urtetarako: 250 euro.

b) 20 urtetarako: 500 euro.

c) 99 urtetarako: 990 euro.

2.–Lurreko hilobiak:

a) 10 urtetarako: 70 euro.

b) 20 urtetarako: 140 euro.

c) 99 urtetarako: 300 euro.

3.–Kolunbarioak alokatzea:

a) 10 urtetarako: 200 euro.

b) 20 urtetarako: 340 euro.

c) 99 urtetarako: 500 euro.

Luzapenak: 10 urtetik 20ra eta 99 urtera bitarte, eta 20 urtetik 99 urtera bitarte, ezarritako prezioa ordainduz, lehen alokairuan ordaindutako zenbatekoa kenduta.

Hilerriko zerbitzuak.

Cementerios de Navarra SL enpresak egiten ditu, Leringo udal hilerriko zerbitzuen adjudikazioduna baita.

Iragarkiaren kodea: L1700232