34. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BUÑUEL

Aldaketa, Herriko jabari publikoko lurzoruaren, hegalkinaren eta zorupearen aprobetxamendu berezia egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Buñuelgo Udalak, 2016ko urriaren 4an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen aldaketa hori.

Hasierako onespenaren erabakia 2016ko 200. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 17an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Buñuelen, 2017ko urtarrilaren 5ean.–Alkatea, José Antonio Lasheras Sanz.

ALDAKETA, HERRIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORUAREN, HEGALKINAREN ETA ZORUPEAREN APROBETXAMENDU BEREZIA EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALEAN

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren babesean eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

2. artikulua. Zergapeko egintza da toki entitatearen jabari publikoko zoruaren, hegalkinaren eta zorupearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia, hala nola:

1.–Erabilera publikoko lurren zorupea okupatzea.

2.–Erabilera publikoko lurrak salgai, eraikuntzako material, hondakin, hesi, puntal, euskarri, aldamio edo gisako instalazioen bidez okupatzea.

3.–Erabilera publikoko lurrak irabazi asmoko terrazekin okupatzea (arau osagarriak, II. eranskinaren arabera).

4.–Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta jolaskizunak eta kalez kaleko industriak.

3. artikulua. Ondoko hauek daude beharturik ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzera:

a) Udal lizentzien edo kontzesioen titularrak eta aprobetxamenduaren onurak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.

b) Lizentzia edo kontzesiorik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduetakoren bat egiten dutenak.

c) Aprobetxamenduaz gehiago baliatu gabe toki entitatean haren baja aurkezten ez dutenak.

4. artikulua. Toki mailako zerbitzu publikoak egiten dituzten enpresak salbuetsirik egonen dira tasen ordainarazpenetik.

5. artikulua. 1. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, baita aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

2. Kalteak konponezinak badira, desegindako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen zaio ordainetan toki entitateari.

Toki entitateak ez ditu inolaz ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta diru itzulerak.

6. artikulua. Tasa ordaindu beharra aprobetxamendua baimentzen denetik sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasi bada.

7. artikulua. Udalak behar den lizentziarik edo kontzesiorik eman gabe aprobetxamendua hasten bada, behar den tasa ordaintzeak ez ditu egindako aprobetxamenduak legeztatuko eta, beraz, instalazioak kentzeko agindu daiteke, kalte-ordainik eman gabe.

8. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasei lotutako aprobetxamenduak behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira.

9. artikulua. 1. Iruzurtzat hartuko da behar den baimenik gabe aprobetxamendua edo erabilera hastea.

2. Bestelako arau-hausteei dagokienez eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, ordenantza fiskal orokorrak xedatutakoari jarraituko zaio. Toki entitateak, agindu bidez, lizentzia edo baimenik gabeko instalazioak eremu publikotik ken ditzake udal biltegietara eramateko, eta instalazio hori desmuntatu, garraiatu, biltegira eraman eta egin behar den beste edozergatik sortutako gastuak jabearen kargu geldituko dira.

10. artikulua. Ordenantza honetako tasaren zenbatekoa finkatzeko, aprobetxamenduaren iraupena eta ordenantza honetako xede diren aprobetxamendu bereziek okupatutako eremu publikoaren azalera hartuko dira kontuan, ordenantzaren I. eranskinean xedatzen denari jarraikiz. Urtero zehaztuko du toki entitateko organo eskudunak.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditu da Herriko jabari publikoko lurzoruaren, hegalkinaren eta zorupearen aprobetxamendu berezia egiteko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskala, 1997ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 30ean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

I. ERANSKINA

Zenbatekoak (2017ko ekitaldia)

I. epigrafea.–Zorupearen eta hegalkinaren aprobetxamendu bereziak.

–Argiaren, telefoniaren eta gasaren aprobetxamendua: herrian duten fakturazioaren %1,5.

II. epigrafea.–Lurzoruaren aprobetxamendu bereziak.

1.–Eremu publikoaren erabilera:

–Terrazak: 25,00 euro mahai bakoitzeko, urtean.

Terrazarekin lurzorua herriko festetan, Santa Anatan eta gazteriaren jaietan soilik okupatzeagatik: Tarifa bakarra, 15,00 euro urtean. (5 mahai gehienez). Mahai gehigarri bakoitzeko 5 euroko tarifa gehituko da.

–Merkatu txikia:

Modulu finkoak, 2 metrokoak, urtean: 171,00 euro.

Modulu finkoak, 2 metrokoak, seihilekoan: 85,50 euro.

Modulu hutsak, 6 metro artekoak: 13,00 euro egunean; hortik goitiko metro bakoitzeko: 1,50 euro egunean.

–Feriak:

Saltoki txikiak: 10,00 euro egunean.

Saltokiak, 11 m-rainokoak: 16,00 euro egunean.

12 m-tik goitiko saltokiak, 7,50 euroko osagarria metro eta egun bakoitzeko.

–Obrak egiteko okupatzea:

Espaloia okupatzea: lehenbiziko hiru egunetan ordaindu gabe, eta hortik goiti 7,00 euro egunean.

Karrika erdia: lehenbiziko 15 egunetan: 7,00 euro egunean. Hurrengo 2 hilabeteetan: 11,00 euro egunean. Gainerako egunetan: 20,50 euro.

Karrika osoa: lehenbiziko 7 egunetan: 11,00 euro egunean. Hurrengo hilabetean: 21,00 euro egunean. Hurrengo 2 hilabeteetan: 54,50 euro egunean. Gainerako egunetan: 106,50 euro egunean.

Kasu berezietan eta bi hilabeteko epea iragan bada ere, Udaleko teknikariaren txostena egin ondotik, 54,50 euro kobratuko dira eguneko eta ez 106,50 euro.

–Pasabideak: 69 euro urtean.

II. ERANSKINA

Erabilera publikoko lurrak irabazi asmoko terrazekin okupatzeari buruzko xedapen osagarriak

1. artikulua. Xedea eta kontzeptua.

1.1. Xedapen osagarri hauek araubide tekniko eta juridikoa arautzen dute erabilera publikoko eremuen aprobetxamendu berezirako; hain zuzen ere, eremu horiek irabazi asmoko terrazekin aldi baterako okupatu nahi badira, establezimenduaren zerbitzurako.

1.2. Terrazatzat hartzen dira erabilera publikoko eremuetan jartzen diren mahaiak, aulkiak, eguzki-babesak, toldoak, loreontziak eta gainerako hiri-altzari eramangarri edo zatikagarriak, bertan egiten diren jarduerak ostalaritzako jarduera nagusi bati lotuak badaude, hala nola ostatu, ostatu-kafetegi, kafetegi, jatetxe edo horrelakoei.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Xedapen osagarri hauek erabilera publikoko espazio guztiei aplikatzen ahal zaizkie, haien titulartasuna edozein izanik ere.

3. artikulua. Instalazioaren muga orokorrak eta baldintzak.

1. Terrazak paratzean errespetatu behar da haietan lehentasuna duen erabilera komun orokorra; beraz, ez zaio trabarik eginen oinezkoen joan-etorriari ez hiri irisgarritasunari, eta ez zaio kalterik eginen haien segurtasunari edo ibilgailuen trafikoari.

2. Terrazek erabat libre utzi behar dituzte eraikin eta garajeetako sarrerak, larrialdi irteerak, garraio publikoaren geralekuak, oinezkoen pasabideak, semaforoak eta eremu publikoan ibilgailuak ibili eta aparkatzeko diren tokiak. Salbuespenez, eremu horietan terrazak paratzeko baimena ematen ahalko da, ibilgailuen trafikoa moztuta badago herriko festak eta antzekoak egiten direnean.

3. Terrazaren gehieneko zabalera establezimenduarena berarena izanen da, eremu publikoaren gainean proiektatua (zabalera gehiago nahi baldin bada, beharrezkoa izanen da alboetako establezimenduen edo eraikinen eskubideen titularrek baimentzea).

4. Ostalariak mantendu beharko ditu eremua eta altzariak modu egokian, alegia, garbitasuna, segurtasuna eta txukuntasuna begiratuta, eta bera arduratuko da bertan edo inguruan sor daitezkeen hondarrak biltzeaz. Orobat, okupatutako eremuan pasabide irekia izateaz arduratuko da, nahikoa eta egokia oinezkoak pasa daitezen bertatik, espaloitik jaitsi beharrik gabe.

4. artikulua. Terrazak paratzeko baimenak.

1. Ostalaritzako establezimendu behar bezala legeztatuei baizik ez zaie emanen terrazak paratzeko baimena; hau da, egin behar duten jarduerarekin bat heldu den jarduteko eta irekitzeko lizentzia dutenei.

2. Lizentzia emateko ezinbestekoa da Udal Ogasunean zorrik ez izatea.

3. Baimenaren titularrak establezimendu nagusiaren gaineko erantzukizun zibileko asegurua beharko du izan, eta haren babesak kanpoko instalazioaren funtzionamendutik etor daitezkeen arriskuak ere hartu beharko ditu.

4. Jabari publikoa besterenduezina eta preskribaezina denez eta baimen hauek guztiak ahalmenekoak direnez, aitzinetik ez da halakorik paratzeko eskubiderik; beraz, baimenak behin-behinekoak izanen dira.

5. artikulua. Baimena errebokatzea, aldatzea eta etetea.

1. Lizentziak noiznahi errebokatzen ahalko dira, arrazoiak emanez, interes orokorraren kariaz. Bereziki, bidezko izanen da errebokatzea, geroago onesten diren arau edo irizpideekin bateraezinak direlarik, espazio publikoan kalteak eragiten dituztelarik, interes publiko handiagoa duten jardueretarako erabiltzea galarazten dutelarik, erabilera orokorra mendratzen edo zailtzen dutelarik, baimena ematea ekarri zuten arrazoiak aldatzen direlarik edo baimena eman zen momentuan gertatu balira ukatzea ekarriko zuten inguruabarrak gertatzen direlarik.

2. Aitzineko paragrafoko arrazoi berengatik eta baldintza beretan, Administrazioak lizentziak aldatzen ahalko ditu kokalekuaz, zabaleraz, altzariez, ordutegiez edo beste edozein alderdiz den bezainbatean.

3. Lizentziaren eraginkortasuna besterik gabe etenik geldituko da baldin ospatzen badira segizioak, kabalkadak, azokak, merkatuak, ikuskizunak, kirol emankizunak, manifestazioak edo lehentasunezko interesa duten antzeko ekitaldiak, baita obrak, zerbitzu publikoen eskakizunak edo bestelako jarduerak direlarik ere, betiere nahitaez behar badute libre gelditzea terrazak okupatzen duen espazioa. Eteteak nahitaezko iraupena izanen du, eta lizentziak bere eraginkortasuna berreskuratuko du etetea ekarri duten arrazoiak desagertzen direnean, betiere administrazio ebazpen baten beharrik gabe.

4. Horren ondorioz, lehentasunezko interes publikoa dela-eta terraza aldi baterako edo behin betikoz eteteak ez du inolako kalte-ordainik ekarriko, bai ordea jabari publikoa erabiltzeagatik kobratu diren tasak itzuli beharra, behar den ordenantza fiskalean ezartzen den gisan.

6. artikulua. Baimenaren eskaera eta erantsi beharreko dokumentazioa.

1. Interesdunak baimenaren eskaera aurkeztu beharko du Udalean, baita dagokion autolikidazioa ere, eredu ofizialaren arabera eta behar bezala betea. Hartan jasotzen diren datuez aparte agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Kokalekuaren planoa, gutxienez ere 1:100 eskalakoa, instalazioak okupatzen duen azaleraz xehetasun aski ematen duena; hartan, hauek jasoko dira: paratu nahi diren altzariak, haien mota, kopurua, tamaina, guztira okupatu beharreko azalera eta antolamendua.

b) 4. artikuluak aipatzen duen aseguru poliza indarrean eta haren ordainketa eguneratua dagoela dioen frogagiria.

c) Alboko establezimenduen titularren baimena, 3.3 artikuluan aurreikusitako kasuan.

7. artikulua. Eskaera aurkezteko epea.

1. Urte osorako terraza paratzeko eskaerak, oro har, aitzineko ekitaldiko azaroan aurkeztuko dira.

2. Terraza paratzeko eskaera epe horietatik kanpora egiten bada, ez da tramitera onartuko, kasu hauetan izan ezik:

a) Baimen litezkeen establezimendu berriak.

b) Irekitzeko lizentziaren titulartasuna aldatzen duten establezimenduak.

3. Herriko jaietarako mahaiak eta aulkiak paratzeko eskabideak ekainaren 30a baino lehenago aurkeztu behar dira. Egun horretatik aitzina ez da bakar bat ere hartuko, eta zuzenean artxibatuko dira, ez onartzeko ebazpena eman ondoren.

8. artikulua. Baimena ematea.

1. Eskaera aitzineko artikuluetan adierazitako baldintzetan aurkeztuta, ikustaldia eginen da edo eskatzailearekin harremanetan jarriko dira terrazaren kokaleku eta luze-zabal zehatzak finkatzeko. Horren ondotik, bidezko diren txosten tekniko eta juridikoak eginen dira eta, gero, udal agintaritza eskudunak hilabetez emanen du ebazpena.

2. Baimena emateko, betiere, inguruabar hauek hartuko dira kontuan: ostalaritzako establezimenduaren azalera erabilgarria bera eta gehieneko edukiera baimendua; ostalaritzako beste establezimenduekiko pilaketa, diren zerbitzu publikoak, oinezkoen joan-etorrien ugaria, kasuan kasuko karrikako merkataritza ekipamenduaren maila etab.

3. Baimentzen den instalazioaren baldintza zehatzak (kokalekua, okupazioaren azalera, mahai eta aulki kopurua eta bestelakoak) grafikoki biltzen dituen agiri edo fitxara bilduko da txosten teknikoa.

4. Lizentziak beti ematen dira jabetza eskubiderik gabe eta hirugarrenik kaltetu gabe, eta ezin da haietara jo onuradunak bere jardueretan aritzean izan dezakeen erantzukizun zibila edo penala baztertu edo apaltzeko. Orobat, ez du salbuesten bestelako baimenak eskuratu behar izatetik, hala behar badu.

5. Administrazioaren isiltasunak ezespen ondorioak ditu; gisa hartara, ez da espazioa erabiltzen ahal horretarako gaitzen duen titulua aitzinetik eskuratu gabe.

6. Lizentziaren titularra behartua dago eremu publikoan instalazioaren edozein elementuren ondorioz egiten diren kalteak konpontzera.

9. artikulua. Terrazen funtzionamendurako aldiak edo aroak.

1. Lizentzia urtebeterako emanen da.

2. Salbuespenez, hilabete baino gutxiagoko aldiak baimentzen ahalko dira, ospakizun, ekitaldi eta/edo festa batzuk daudenean (herriko festak eta Santa Ana eta gazteriaren festak).

3. Indarraldia iraganik, lizentziaren titularrak edo establezimendukoak instalazio guztia kendu beharko du eta eremu publikoa lehengoratu.

10. artikulua. Berritzea.

Zer denboralditarako ematen diren, horrexek irauten duen bezainbat izanen dute baimenek indarra; berritu egin beharko dira hurrengorako.

Beharrezkoa izanen da berritzeko eskaerarekin batera aurkeztea hura emateko baldintzak betetzen direlako erantzukizuneko aitorpena eta dagokion autolikidazioa.

11. artikulua. Ordutegia eta funtzionamenduaren araubidea.

1. Terrazen ordutegia goizaldeko ordu bata artekoa izanen da astelehen, astearte, asteazken, ostegun eta igandeetan, eta goizaldeko ordu bi eta erdiak artekoak, berriz, ostiral, larunbat eta jai bezperetan.

Udalak, salbuespenez, bukaerako ordutegi malguagoa baimentzen ahalko du, udalerri osorako edo halako eremu jakin baterako baimendu ere, herriko festetan eta garrantzi bereziko bestelako egunetan, ostalaritzako establezimenduei buruz ezartzen denari jarraikiz.

Aitzineko ataletan agindu denagatik ere, Udalak murrizten ahalko du ordutegia, inguruabar soziologikoak, ingurumenekoak edo hirigintza mailakoak bilduz gero, edo inguru hartako bizilagunendako eragozpenak sortzen ahal badira, asotsak jarduera horietatik heldu direla frogatzen bada. Halakoetan, ordutegi murrizketa baimenean berean agertu beharko da ingurumenaren arloko nahitaezko baldintza gisa, hori gabe ez baita baimenik emanen.

2. Aitzineko puntuan ezarritako ordutegia bukatuta, titularrak 30 minutuko epea izanen du instalazioa kentzeko.

3. Lokalaren barnean pilatuko dira instalazioa osatzen duten elementuak, salbu baimenduta dauden beladoreen kopuruagatik barnean biltzen ahal ez direlarik. Halakoetan, lokalaren fatxadaren ondoan bilduko dira, eremu publikoan ahalik eta zatirik tikiena okupatzeko maneran.

Debeku dira arrunt zuzeneko emanaldiak, baita ikus-entzutezko ekipoak paratzea edo audioa edo bideoa erabiltzea terrazetako eremu eta instalazioetan.

12. artikulua. Okupatzen den azalera mugatzea eta baimena ikusgai paratzea.

1. Lizentzia erdietsirik, haren titularra beharturik dago okupatzen den gehieneko azalera baimenduaren mugak bere bizkar seinalatzera argi eta garbi eta bertan, Udaleko agenteek horren gainean ematen dizkioten aginduei jarraikiz.

2. Mugatzeko, elementu fisikoak erabiliko dira, hala nola lore-askak edo hesi estetikoak; horiek paratzeak galarazi behar die beladoreen erabiltzaileei erabiltzen den azalera hedatzea oinezkoek inguruan egiten duten joan-etorrien kaltetan. Udalari komenigarri iruditzen zaionetan, lurreko marka zuri jarraituak erabiliko dira mugatzeko; halakoetan pintura klorokautxozkoa izanen da, ez labaingarria eta udal zerbitzu eskudunek zehazten duten zabalerakoa.

3. Terrazaren baimenaren titularrak ororen ikusgai paratu beharko du baimena frogatzen duen administrazio agiria, establezimenduaren fatxadan edo terraza baimenduaren barnean kokaturik; honako hauek agertuko dira agirian: instalazio baimenduaren, altzarien eta instalazio osagarriaren krokisa, okupazio aldia eta, baimendurik badago, itxitura ere bai.

13. artikulua. Instalazioaren garbitasuna eta apaindura.

Lizentziaren titularra behartua dago baimendutako okupazioaren xedeko zorua, instalazioa bera eta haren elementu osagarriak egoera ezin hobean edukitzera, garbitasunaren, segurtasunaren eta apainduraren aldetik. Okupatutako eremuan daudekeen hondarrak kendu eta erratzaz garbitu beharko dira egunero.

Terrazak jartzeko baimenaren eskabidea tramitatu beharko da honako autolikidazio eta diru-sarreretarako orria beteta:

Terraza paratzeko eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1700174