34. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

GARES

Deialdia, Garesko Udalaren zerbitzu anitzetako arduradun izateko C mailako lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko

OINARRIAK

1. oinarria. Baldintza orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako arduradun izateko C mailako lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta barne igoera murriztuan betetzea, Garesko Udalaren zerbitzu anitzetako langileen artean.

1.2. Aplikatzekoak diren arauak.

Oposizio-lehiaketa hau eginen da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarritakoari jarraituz, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen, eraginkortasun eta ekonomia arrazoiek lanpostuen antolaketa aldatzea aholkatzen baitute, deialdiko lanpostuarekin egungo plantilla organikoa handitu gabe.

1.3. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko C mailari dagokiona izanen da urteko lansari gordina. Horretaz gain, bereak izanen ditu Udalaren plantilla organikoan ezarritako osagarriak.

1.4. Lanaldi osoko araubidea izanen du, zerbitzuko beharrei egokitua. Araubide hori noiznahi alda dezake Garesko Udalak.

1.5. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen lan araubide juridiko finkoa, eta lehengo lan araubide berari eutsiko dio.

1.6. Lanpostuaren eginkizunen eta deialdiaren kategoriari dagozkion lanak eta eginkizunak bete beharko dira. Hona hemen laburtuak:

–Zerbitzu anitzetako, kale garbiketakoen eta Ikastetxe Publikoko etxezainaren koordinazioa, plangintza eta segimendua, esleitutako giza baliabide eta materialen eraginkortasunaren ardura izanen duela. Bere kargu dauden langileen antolaketa eta plangintza.

–Gertatzen ahal diren larrialdi, arazo eta desbideraketei irtenbidea ematea, zuzenketa egokiak eginez larrialdiak edo ezartzen diren lehentasunak nolakoak eta horrela.

–Alorreko buruarekin, Aparejadorearekin, edo Idazkaritza nahiz Alkatetzarekin edo udalaren beste zerbitzuekin koordinazio bilerak egitea eta lanen jarraibidea gainbegiratzea.

–Udalaren eraikin, azpiegitura eta berdeguneetan honako lan hauek antolatu eta eginen ditu: igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, uraren ingurukoak, garbiketa, lorezaintza, pintura, zurgintza eta mantentze-lanak, baita beste arlo batzuetan laguntza emanen ere, beharrezkoa denean.

–Udalaren kontzesio eta baimenak egoki erabiltzen ari diren kontrolatzea.

–Udal ordenantzak egokiro betetzen ari ote diren begiratzea.

–Hirigintza eta ingurumenaren arloko aferak kontrolatzea, baita obra lizentzia, bide publikoaren okupazioa, isurketak behar bezala egiten diren kontrolatzea.

–Gune Garbiaren zerbitzua kontrolatzea.

–Udalaren egoitzen eta bertako giltzen ardura izatea.

–Asteko merkatu txikia antolatzea.

–Makineria eta lanabesak erosten direnean, horiek jaso eta kontrolatzea.

–Lan programaren arabera, langileak edo/eta ekipoak kontratatzeko iritzia eman edo proposatzea.

–Lanaren beharren arabera, kanpoko zerbitzuen kontratazioa proposatzea.

–Materialaren, tresnen, ibilgailuen eta gainerako makineriaren kontrolaz, inbentarioaz eta mantentze-lanez arduratzea.

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea eta betearaztea, lan bakoitzean erabiltzen diren babes ekipo egokiak behar bezala baliatuta.

–Udalak manatzen dizkion bertze guztiak, dagokion kategoriaren barnean sartzen badira, betiere.

2. oinarria. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Garesko Udalaren zerbitzuko D edo E mailako funtzionarioa izatea.

b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

c) Bost urteko antzinatasun onartua frogatzea.

d) Batxilergoko, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako edo haien balio bereko tituluaren jabe izatea, gutxienez.

Titulazioaren baldintzaren ordez, administrazio publikoen zerbitzuan zortzi urteko antzinatasuna izatea frogatzen ahalko da.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izana.

2.2. Arestiko betebeharrak, azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak egiaztatu beharko ditu, deialdi honeteko 9.3 oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Baldintza horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen direla ulertuko da eta hautapen prozedura osoan izendapenera arte bete beharko dira.

3. oinarria. Eskabideak.

3.1. Eskabideak Garesko Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira, 09:00etatik 13:00ak arte; deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.3. Eskabidearekin batera izangaiek behar den dokumentazioa aurkeztuko dute, Garesko Udalean eta beste administrazio batzuetan lanean emandako urteak egiaztatzeko. Gainera, merezimenduak frogatzeko agiriak eta NANaren fotokopia ere aurkeztu beharko dituzte.

4. oinarria. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Garesko Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, onartu eta baztertuen zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, eskabidean edo dokumentazioan akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta haiek ebatzitakoan, Alkatetzak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta, probak hasteko datarekin eta tokiarekin batean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5. oinarria. Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Oihan Mendo Goñi, Garesko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Daniel Arana Belloso, Garesko Udaleko zinegotzia.

1. mahaikidea: “Fundación Laboral de la Construcción”.

Ordezkoa: ...........................................................................................

2. mahaikidea: Mayte Manzano Ciudad, Garesko Udaleko aparejadorea.

Ordezkoa: ...........................................................................................

3. mahaikidea: Luis Kolomo Castro, langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Maite Arraiza López, langileen ordezkaria.

4. mahaikidea: Fidel Aracama Azcona, Garesko Udaleko udalkidea. Reina.

Ordezkoa: Manuel Ayechu Redín, Garesko Udaleko udalkidea.

Idazkaria: Sonia García Milton, Garesko Udaleko idazkaria.

5.2. Hautaprobak hasi aitzin eratu beharko du epaimahaiak eta eratzea baliozkoa izateko, baita jarduteko ere, kideen gehiengo osoak bederen bildu beharko du.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu oinarri hauek ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.4. Epaimahaiak proba guztietan nahiz batzuetan aholkulari adituak ekar ditzake. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko.

6. oinarria. Lehiaketaldian 30 puntu eskuratuko dira, gehienez ere.

Puntuazioaren antolaketa.

–Esperientzia: gehienez ere 15 puntu.

  • Administrazio Publikoan antzeko postuan aritua izateagatik. 2 puntu, urte bakoitzeko.
  • Zerbitzu anitzetako D mailan aritu izategatik. Urte bakoitzeko puntu bat.

Oharrak:

a) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

b) Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

c) Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

d) Administrazio publikoetan bai langile finko bai bitarteko gisa egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan.

–Prestakuntza: gehienez ere 10 puntu.

a) LH. 5 puntu. Lanpostuarekin zerikusia duten ikastaroak eta prestakuntza ikastaroak, LHko bigarren mailatik gora baizik ez da kontuan hartuko.

b) Lanpostuarekin zerikusia dutenetan: ez dira kontuan hartuko 30 ordutik beheitiko ikastaroak. Lanpostuarekin zerikusia dutenean, 30 orduko ikastaro bakoitzeko puntu bat.

c) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: emandako 30 ordutik 2 puntu izanen dira. 30 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

Oharra: Deialdi honetan parte hartzeko ezinbestekoa den titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

–Euskara: gehienez ere 5 puntu, C1 maila frogatzen denean. Gainerakoetan, proportzioan.

Aukera bada izangaiek eskaera egiteko euskara proba baterako aurkezteko.

7. oinarria. Oposizioa.

7.1. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

a) Lehendabiziko ariketa.–Teorikoa: test moduko galdera sorta egin beharko dute lanarekin zerikusia duten gaiei buruz. Gai horiek I. eranskinetan zerrendatzen dira. Ariketa honen puntuazioa gehienez ere 30 puntukoa izanen da.

b) Bigarren ariketa praktikoa: bi kasu praktiko eginen dira, egin beharreko lanaren alderdi desberdinei buruzkoak. Gehienez ere 40 puntu emanen dira.

Oposizioaldian 70 puntu emanen dira gehienez.

7.2. Ariketa burututa, epaimahaiak Garesko Udalaren iragarki oholean eta Udalaren web orrian emanen ditu argitara izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak.

7.3. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta haietara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala daramatela agertu beharko dute. Probetara agertzen ez direnak bazterturik geldituko dira.

8. oinarria. Gainditu dutenen zerrenda.

8.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondoren, epaimahaiak Garesko Udalaren iragarki oholean ezarriko du gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera paratua.

8.2. Epaimahaiak Lehendakaritzari igorriko dio oposizio-lehiaketa murriztuan puntuazio altuena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egunean, proposatutako izangaiak deialdiaren 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak, eta ondotik heldu direnak, aurkeztu beharko ditu Udalaren Erregistro Orokorrean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Osasun ziurtagiri ofiziala, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisikorik ez duela frogatzeko.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez dela izan dioena.

Aurkezten den dokumentazioa jatorrizkoa edo kopia konpultsatua izanen da.

8.4. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aipatutako epean aurkezten, eta behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko eta, orduan, probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaia izendatuko da.

8.5. Aurreko 8.4 atalean ezarritako kasuan, 8.1 atalean aipatzen den zerrenda horretan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, eta horrekin aurreko idatz-zatietan adierazi den gisara jokatuko da.

9. oinarria. Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Hautaketa prozesua bukatuta, proposatutako izangaia Garesko Udaleko alkateak funtzionario finko izendatuko du, ebazpen baten bidez, zerbitzu anitzetako arduradun lanposturako.

9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horren barrenean eta, ezinbestekoak salbu, jabetza hartzen ez badu funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu Garesko Udaleko C mailako zerbitzu anitzetako arduradun izateko, eta aurreko oinarrian esandakoari jarraituko zaio.

10. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta horiengatik eta hautapen organoen jarduketengatik etorritako egintza administratiboen kontra, errekurtso hauek aurkezten ahal dira:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki/ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Garesen, 2017ko urtarrilaren 13an.–Alkatea, Oihan Mendo Goñi.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Zerbitzuko alorren zuzendaritza eta lanaren planifikazioa, zerbitzu arloetan.

2.–Larrialdietan, kontrolerako Udalak dauzkan tresnak, zailtasunak eta deribazioak erabiltzea, eguneroko zereginetan sortzen ahal diren arazoak zuzentzeko.

3.–Udalaren beste zerbitzuen koordinatzeko tresnak.

4.–Udalaren kontzesio eta baimenak, lanpostuarekin zerikusia dutenak.

5.–HIrigintza eta ingurunearen gaineko kontrol lanak.

6.–Udalaren eraikinen funtzionamendua eta egoera.

7.–Makineria, lanabesak eta kontsumigarriak jaso eta kontrolatzea.

8.–Laneko arriskuei aurrea hartzeko arauak.

9.–Lan tresnak eta ibilgailu propioak lanaren zereginetan: soropila mozteko traktorea, heskaiak mozteko makina, sasia mozteko makina, birrintzeko makina, hormigoi makina, zerrak, daratulua, soldagailua, motor ibilgailua.

10.–Udal ordenantza, Garesko udalaren lanabesak, makineria eta bertze mailegatzea arautzen duena.

11.–Udal ordenantza, Etxeko animaliak eta animalia arriskugarriak edukitzea eta animaliak babestea arautzen duena Garesen.

12.–Udal ordenantza, Garesko udal mugapean ibilgailuen trafikoa arautzen duena; Portaerako arau nagusiak; bide publikoko oztopoak; zama-lanak; bide publikotik ibilgailuak eramatea; bide publikoetan eskutik utzitako ibilgailuak eta I. eranskina.

13.–Udal ordenantza, bide publikoa terrazekin okupatzea Garesen: xedapen orokorrak; funtzionatzeko egutegia; ordutegia; okupatzeko izan daitezkeen guneak; okupatzeko moduak; bide publiko berean dauden terrazak; debekuak.

14.–Udal ordenantza, Garesko merkataritza ez-egonkorra arautzen duena: merkatu txikiko eremuak eta saltokiek bete beharreko baldintzak; I. eranskina. Merkatu txikiko funtzionamendu arauak.

15.–Garesko Udalaren zerbitzuan dauden administrazio kontratudun eta funtzionario gisa ari direnen lan-baldintzei buruzko akordioa. Garesko Udalaren zerbitzuan dauden lan-araubideko langileen lan-baldintzei buruzko hitzarmena. Oporrak; lizentziak eta baimenak; ekipamendua eta jantziak.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1700697