34. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

6E/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Lizarrerriko BTT proiekturako. Sustatzailea Lizarrerriko Turismo Partzuergoa (TEDER) da.

2016ko abuztuaren 3an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko E) epigrafean dago sartua, hots, lurzoru urbanizaezineko aisia edo kirol instalazioak diren antolamendu turistikorako proiektuak izenekoan. Foru dekretu horren bidez Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatu zen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren xedea da Lizarrerrian BTT espazio bat sortzea. BTT espazio horrek, hasiera batean eskualdearen erdialdean eta iparraldean garatu eta, ondoren, tramitazio aldian, hegoaldea ere barne hartuz zabaldu baitzen, ibilbide luze zirkularra aurreikusten du. Ibilbide horrek zazpi harrera-puntu batzen ditu eta hortik beste zirkuitu zirkular eta lineal batzuk abiatzen dira.

Ibilbide guztiak bi norabideetan balizatzen dira eta hiru kategoriatan sailkatzen dira, eskakizun fisikoaren eta teknikoaren mailaren arabera (berdea-zailtasunik gabea, horia-zailtasun ertaina eta gorria-zailtasun altua edo oso altua).

BTT ibilbideak 18 dira, osotara, eta bi zenbakiren bidez izendatu dira, norabidearen arabera. 804,4 km dira, osotara, norabide bakarrekoak (proiektatutako ibilbideak konbinatuta sortzen ahal diren azpi-ibilbideei dagozkien kilometroak ez daude horren barnean). Homologatu beharreko kilometroak 380 izanen dira; horietatik 131 bat datoz balizatuta dauden ibilbideekin eta 249 balizatu behar dira.

Harrera guneak erabiltzaileak hartu eta haiei informazioa emateko tokiak dira. Zenbait zerbitzu eskaintzen dute eta ibilbide balizatuen hasierako puntua dira. Tailer txikia, garbiketa gunea eta txirrindulak aparkatzeko tokia izanen dituzte. Aukeratutako 7 puntuak ondoko hauek dira: Acedoko, Lerateko, Errezuko, Lizarrako eta Iratxeko kanpinak, Leringo pilotalekua eta Larragoako abentura zentroa, baita Turismo Partzuergoaren bulegoak ere.

Jarduketak honako hauek izango dira:

1.–BTT ibilbideen seinalizazioa:

a) Hasierako panelen bidezko seinalizazioa.

b) Norabidezko plaken bidezko seinalizazioa zenbait euskarritan.

2.–BTT espazioaren dibulgazioa:

a) Proiektuaren irudi bereizlea.

b) GPSa duen nabigazio materiala.

c) Material inprimatua.

d) WEB materiala.

Dokumentazioa jasota eta egiaztatuta proposatutako ibilbideen trazaduraren zati batek bat egiten duela, gutxienez 5 bide-zatitan, Done Jakue bidearekin, urriaren 17an, errekerimendu bat igorri zitzaion sustatzaileari eta horren bitartez aditzera eman zitzaion ez dela egokia bide historiko horretan ibilbide turistiko berriak zabaltzea eta sustatzea oso saturatu dagoelako, bereziki uda garaian. Bide tarte horietarako alternatibak bilatzea proposatu eta gomendatzen da. Gainera, errekerimendu berean aditzera ematen da abelbideek nahiz Done Jakue Bideak berariazko araudia dutela seinalizazioari buruz, edonola ere errespetatu beharko dena.

Departamentu honetan 2016ko azaroaren 22ko sarrera zenbakia izan zuen errekerimenduaren erantzunak Done Jakue Bidetik urruntzen diren ibilbide nagusiak aurkezten ditu eta alternatiba gisa horrekin bat egiten duten beste batzuk adierazten ditu.

Dokumentazio berrian zirkuitu berriak sartzen dira eskualdearen hegoaldean, lehen aurreikusita ez zeudenak. Horietako bat Done Jakue bidearen trazaduran dago (13. ibilbidea). Zirkuitu horiek bide-trazadurak dituzte Lerin, Cárcar, Andosilla, Sartaguda, Lodosa, Mendabia, Elizagorria, Santsol, Torres del Río eta Los Arcos artean, bai eta lotura hasierako proposamenean aurreikusi ziren Lizarrerriko erdialdeko eta iparraldeko zirkuituetarantz. Zirkuitu berri horietan beste zirkuitu balizatu batzuk aprobetxatzen dira, besteak beste GR-99 Ebroko bide naturala.

2016ko abenduaren 14an, eranskina igortzen zaio proiektuari, Eraulgo Udalak espresuki proposatuta ibilbide bateko aldaketa sartzen duena herri horren eta Abartzuzaren artean.

Espedientean Alloko, Arroitzeko, Larragoako, Deikazteluko eta Villatuertako udalen aldeko txostenak daude, baita Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandakoa ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 111. artikuluarekin bat, eskatutakoa baimendutako jardueratzat jo daitekeela aditzera ematen baitu.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena eman du jarduerari buruz egiaztatu ondoren proiektuaren barnean dauden ibilbide guztiak lehendik zeuden bideetan garatzen direla eta ez dela beharrezkoa bide gehiago irekitzea. Beraz, ez da lur-mugimendurik sortzen eta ez da landarerik kentzen edo oro har, ingurumen balioak galdu, horiek baitira, hain zuzen ere, bide-trazaduren diseinua sustatu dutenak kontserbatzeko eta haien balioa agerian jartzeko.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Lizarrerriko BTT proiekturako. Sustatzailea Lizarrerriko Turismo Partzuergoa da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Lehendik dauden landa bideak erabiliko dira beti, proiektuaren proposamenaren arabera.

–Done Jakue bideari dagokionez, ez da bidean bertan dagoenaz bestelako seinalizazio gehigarririk onartzen. Aditzera ematen da bide hau Done Jakue bidearen Nafarroako tartea behin betiko mugatu eta hura babesteko araubidea ezarri zuen abenduaren 14ko 290/1988 Foru Dekretuan araututa dagoela.

–BTTetarako proposatutako bide-trazadurek abelbideekin bat egiten duten bide-zatietan Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean xedatuari jarraituko zaio, haien seinalizazioari dagokionez.

–Edonola ere, Done Jakue bidearen inguruko babes zerrendaren barnean (30 metro, bide ertzetik neurtuta) edo abelbideetako zortasunean (3 metro, bide ertzetik neurtuta) ezartzen diren seinaleek departamentu honen berariazko baimena eduki behar dute. Kontu handia izan beharko da haiekin izaten ahal diren bidegurutzeak seinaleztatzeko, inor harrapatzeko edo istripuak izateko arriskua murrizteko. Horrela, seinale horietarako baimen zehatza aurkeztuko da departamentu honetako Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren aurrean.

–Done Jakue bidearekin bat egiten duten bide-zatien dibulgazio lanetan bereziki aipatu beharko da ibiltariekiko errespetua, bidearen erabiltzaileak baitira. Horiek lehentasun osoa izanen dute bizikletaren aurrean bidea erabiltzeko.

–Gomendatzen da Allotzeko urtegiaren hegoaldeko bazterretik igarotzen den ibilbidea goragoko kotetara mugitzea, uholde arriskua duen eremutik oso hurbil baitago, goi uren garaian urak ibilbide hori azpian har dezakeelako.

–Aldaketa bat proposatzen da Errezu eta Aritzaletaren arteko ibilbidean, bide jendetsuago eta erakargarriago bat erabiltzeko: (UTM: 584.438, 4.734.395).

–Bideak hartzen ahal dituzten belar-sastrakak garbitzea beharrezkoa bada, hori eskuzko makinekin eginen da, geldialdi begetatiboan, mozketa garbiak eginez.

–Zuhaitzen bat bota behar bada, hori mozteko administrazio baimena izan beharko da.

–Dibulgazio-liburuxketan ehiza egutegiari buruzko informazioa sartzea gomendatzen da, bereziki ehiza larriarena. Bertan modalitatea, garaia eta lanegunak aipatuko dira, elkarrekiko eragozpenak eta istripuak ekiditeko.

–Inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, eta abar) sustatzaileak Basozaintzari abisu eman behar badio, mezu elektronikoa bidaliko dio dagokion barrutiari.

–Lanak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Natur Ingurunearen Zerbitzuari, Basozaintzari (Urbasako, Lizarrako iparraldeko eta Lizarrako hegoaldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko urtarrilaren 16an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1700794