Iragarkia
34. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 17a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2017ko urtarrilaren 25ean hartua, “Cavar-1, Cavar-2, Cavar-3, Cavar-4 eta Cavar-5 izeneko parke eolikoen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onesten duena. Renovables de la Ribera, S.L. merkataritzako sozietateak sustatu du.
Renovables de la Ribera SL enpresak sustatu duen Cavar-1, Cavar-2, Cavar-3, Cavar-4 eta Cavar-5 izeneko parke eolikoen proiektuari dagokionez, Nafarroako Gobernuak, 2012ko apirilaren 18an eta 2015eko ekainaren 24an, Udalez Gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zuen eta onetsi zuen espedientearen bi tramiteak aldi berean egitea, alegia hogeita hamar egunez jendaurrean jartzea eta entzutea ematea proiektuko trazadurak ukitutako mugapeak dituzten toki entitateei, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz. Ebazpen horiek 2012ko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 9an, eta 2015eko 136. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 15ean, argitaratu ziren.
Proiektuaren xedea bost parke eoliko eta haiekin lotutako instalazioak ezartzea da; udal mugape hauek ukitzen dituzte: Cadreita, Valtierra, Arguedas, Castejon eta Tutera.
Kontuan harturik sustatzaileak aurkeztutako azken dokumentazioa erabaki horiei, aurkeztutako alegazio idazkiei eta espedientean dauden txosten sektorialei dagokienez, honako hau da proposatutako parkeen azken eraketa:
PARKEA | HAIZE-SORGAILUEN KOPURUA | AEROSORGAILUAREN IZENA | POTENTZIA (mW) |
CAVAR-1 | 8 | A.01 - A.08 | 40 |
CAVAR-2 | 8 | B.01 - B.08 | 40 |
CAVAR-3A | 8 | CA.01 - CA.08 | 40 |
CAVAR-3B | 8 | CB.01 - CB.08 | 40 |
CAVAR-3C | 2 | CC.01 - CC.02 | 10 |
CAVAR-4 | 9 | D.03 - D.11 | 45 |
CAVAR-5 | 11 | E.01 - E11 | 55 |
GUZTIRA | 54 | 270 |
Azkenik hautatu diren haize-sorgailuek 5.000 kW-eko potentzia dute (aurreko modeloak, berriz, 4.500 kW-ekoa). Errotorearen diametroa 132 metrokoa da, eta abatzaren garaiera, 120 metrokoa.
Azpiestazio bakarrean, Iberdrola DESAUren oraingo Valtierra ST-tik hurbil aurreikusitako 30/220 kV-eko potentzia duten transformadoreak bilduko dira, bat parke bakoitzeko (guztira, zazpi).
Ebakuazioa Red Eléctrica de Españaren La Serna azpiestazioan egin gogo da, 44 euskarri eta zirkuitu bikoitza dituen aireko 220 kV-eko eta goi tentsioko linea baten bidez, Valtierrako, Castejóngo eta Tuterako udalerriak zeharkatuz. Proiektuari jarraituz, erabaki da ebakuazio azpiegitura hori partekatzekoa dela beste sustapen bateko parke eolikoekin.
9/2013 Errege Lege Dekretua eta 24/2013 Legea argitaratu ondoan, ikusita antzeko zentroak daudela Nafarroan, sustatzaileak erabaki du hasiera batez aurreikusita zegoen energia berriztagarriak interpretatzeko zentroa kentzea jarduketetatik.
Jarduketen aurrekontua 267 milioi eurokoa da, guztira. Proiektua gauzatzeko egutegiaren arabera, aurreikusten da parkeak bi urtean instalatzea, kasuan kasuko obra-lizentzia eman ondoren.
I.–JENDAURREAN JARTZEA
Proiektuak izan dituen bi jendaurreko aldietan, alegazioen 15 idazki aurkeztu dira.
Ondotik, idazki horiek laburbildu eta erantzuna ematen zaie; dena dela, argitu beharra dago batera erantzun zaiela eduki bera edo antzekoa duten idazki guztiei, eta ingurumenari buruzko alegazioen erantzunerako, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren 1209/2016 Ebazpenera jo beharra dagoela (haren bidez, proiektuari ingurumen eraginaren adierazpena egin zitzaion).
I.1.–Sustrai fundazioak aurkeztutako alegazio idazkiak (1. eta 14 zenbakikoak), Unión Popular Socialista Castejonerak aurkeztutakoak (3. eta 13 zenbakikoak) eta Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxanek aurkeztutakoak (8. eta 15. zenbakikoak).
Proiektuari ingurumen eraginaren adierazpena egiten dion 1209E/2016 Ebazpenean bezala, alegazio horiei guztiei batera erantzuten zaie, eduki antzekoa dutelako (8., 13., 14. eta 15. zenbakiko alegazioak) edo eduki bera (1. eta 3. zenbakiko alegazioak).
Edukia:
Sustrai Fundazioak (1. eta 14. zenbakia), Unión Popular Socialista Castejonerak (3. zenbakia) eta Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan-ek (8. eta 15. zenbakia) Nafarroako testuinguru ekonomikoa eta energetikoa aztertu dute beren idazkietan. Cavar proiektua zati batean edo osoki egitearen aurka agertzen dira, horrek ingurumenari eragin zinez larriak eginen lizkiokeelakoan. Haien iritziz, ez dago justifikaturik instalazio horiek eraikitzea benetako premien ikuspegitik. Eskatzen dute plan energetikoa berriz aztertzeko eta zentral eolikoen eraikuntza atzeratzeko Castejongo termikoak baliogabetu arte. Ulertzen dute zentral elektrikoek sinergia negatibo latzak sortzen dituztela paisaien naturaltasunaren gainean eta hegaztien gainean, eta, haien iritziz, ezin da justifikatu zentral eoliko berriak egitea, ez bada oraingoen potentzia handitu.
Irizten dute berariaz justifikaturik zegoela Nafarroan parke eolikoak ezartzeko zegoen atzerapena, ingurumenaren gaineko eraginengatik eta muga teknikoengatik, eta, baldintza tekniko egokiak izanik ere zentral eoliko horietan sortzen den energiari irteera emateko, ez dela lanik egin ingurumenaren gaineko ukipenak prebenitu edo murrizteko arloan, eta, hortaz, oraindik ere badirela mehatxagarriak. Alde horretatik, interesdunek eskatzen dute atzera dadila halako zentralen eta horien ebakuazio linearen eraikuntza, haien aburuz, arrisku garbia baitira aipatzen dituzten ingurumen balio batzuetarako: besteak beste, Batasunaren intereseko habitaten suntsipena, oztopo efektua hegaztientzat, eta ukipenak Errege Bardeetako IBAetan eta estepako hegaztien kontserbaziorako interesekoa den Eguaras-Peñarroya eta Errege Bardea eremuetan, abelbideetan eta Bardeako Ubideko ureztalurretan. Halaber, nabarmentzen dute lurraldearen okupazio maila handia izanen dela, ikuspegiaren gaineko eragina (Ebro ardatzeko Lurraldearen Antolamenduko Planean identifikatutako El Yugo inguruko paisaian) eta eragin akustikoa oso handiak izanen direla eta proiektuak oztopo eragina sortuko dituela hegaztien gainean. Bestalde, adierazten dute Ebro ibaia zeharkatzen duen linea elektrikoak eragin handia duela ibarbasoaren gainean.
Azkenik, idazkietako batzuek irizten dute prozesua baliogabea dela hiru arrazoi motarengatik:
A) Egindako tramitazioa ez da zuzena izan, irizten baita 2012ko jendaurreko epea ez zela behar bezala ebatzi eta ez zaiela erantzunik eman bere garaian aurkeztutako alegazioei. Irizten da tramitazio hori bukatu beharra zegoela berria hasi baino lehenago.
B) Ekonomiaren eta energiaren testuingurua oinarri hartuta, irizten dute ez dagoela justifikaturik parke eoliko berriak egitea, Nafarroak energia elektrikoaren soberakinak dituelako. Gainera, irizten dute azterlanaren xedeko parke eolikoa tamaina handikoa dela, eta une hauetan beste proiektu eoliko batzuk tramitatzen ari direnez, oro har sinergia negatiboak sortuko dituzte paisaiaren naturaltasunaren gainean eta hegaztiak ukituta geldituko dira. Gainera, adierazi da ezen, Nafarroan energia eolikoak izan duen garapena gorabehera, Castejongo zentral termikoek funtzionamenduan jarraitzen dutela, zenbait epaitegik legez kanpokotzat jo arren.
C) Proiektuaren kokalekua eta horren ingurumen balioak oinarritzat hartuta, irizten dute proiektuan egindako aldaketekin ingurumenaren gaineko eraginak ez direla txikiagoak, ez badira handiagoak. Eskatu da proiektua osorik geldi dadila, arriskua baita ingurumen arloko zenbait baliotarako: Batasunaren intereseko habitatak, oztopo efektua Ebro ibaiaren eta Bardeen artean, ukipenak Errege Bardeetako IBAetatik eta estepako hegaztien kontserbaziorako interesekoa den Eguaras-Peñarroya eremutik eta Errege Bardea intereseko eremutik gertu egoteagatik, eremuan dauden hegaztiak, Sotos del Ebro BGLa eta Soto Alto eta Soto Giraldelli eremuak. Nabarmenak dira linea elektrikoak gurutzatzearen ukipenak. Lineak, gainera, Agua Salada-Montes de Cierzo-Plana de Santa Ana estepako hegaztiak babesteko intereseko eremua ere ukituko luke, eta 220 kV-eko linea baten ukipena handiagoa da 66 kV-eko batena baino.
Erantzuna:
Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak ondokoa adierazi du alegazio horiei eta bere eskumenei buruzko txostenean:
“Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak enpresaren ekimen librea aitortzen du energia elektrikoa sortzeko jardueran aritzeko. Ministroen Kontseiluaren 2015eko urriaren 16ko erabakiaren bidez, Planifikazio energetikoa: energia elektrikoa garraiatzeko sarearen garapen plana, 2015-2020 onetsi zen, sortutakoa ebakuatzeko zenbait jarduketa aurreikusten dituena.
Nafarroako Energia Plan (2020) indardunean edo Nafarroako Energia Planaren zirriborroan (2025) ezarritakoaren despit, proiektuak aplikatu beharreko araudia betetzen duen heinean, ezin zaio dagokion baimena ukatu.”
Bestalde, idazki horietan ingurumenaren aldetik alegatutakoa proiektuari ingurumen eraginaren adierazpena egiten dion 1209E/2016 Ebazpenean dago aztertuta. Horrek proiektuko zenbait parke eta haize-sorgailu ukatzea ekarri du, eta ingurumenaren aldetik bateragarritzat jotzen direnak baino ez baita onetsi.
2012ko jendaurreko aldia behar bezala ebatzita ez egoteari dagokionez eta beste berri bat hasi aurretik tramitazio horrek bukatu behar zuelako usteari dagokionez, adierazi beharra dago espediente bera dela, eta, hortaz, administrazio prozedura bakarra. Arintasun administratiboagatik eta proiektuaren ikuspegi orokorragatik, komenigarritzat jo da batera ebaztea proiektuak izan dituen jendaurreko bi aldietan aurkeztutako alegazioak. Alde horretatik, bidezkoa da azpimarratzea horiek bereiz eta bi alditan ebaztea ez dela nahitaezkoa. Hortaz, ezin da pentsatu espedientea ez dela behar bezala tramitatu.
Azkenik, lurraldearen okupazio handiari dagokionez eta El Yugoko inguruneko paisaiaren gaineko ikuspegian izanen duen eraginari dagokionez, aipatu beharra dago proiektuari ingurumen eraginaren adierazpena egin zion 1209E/2016 Ebazpenaren bidez, kontrako txostena egin zitzaiela Cavar 3C, 4 eta 5 parkeetako 22 haize-sorgailuri. Parke horiek El Yugo ermitatik hurbilen dagoen eremuan kokatzen ziren, eta eragin handia sortzen zuten ikuspegiaren eta hotsaren aldetik eremu horretan.
Hori guztia dela eta, alegazioen idazki horiek partez baiesten dira.
I.2.–Proiektuaren sustatzaile den Renovables de la Riberak aurkeztutako alegazio idazkia (2. zenbakiko idazkia).
Edukia:
Alegazio hauek osatzen dute aurkeztutako idazkia:
1. Sustatzaileak, onartzen badu ere Cavar 4 eta 5 parke eolikoek eragin larriak sortzen dituztela, ulertzen du zehaztu beharra dagoela eremu horietan zer haize-sorgailu jotzen den bateraezintzat El Yugo ermitatik ikuspegiaren eragin handia izateagatik, zein hegaztien presentziagatik, eta zeinek, Nafarroako Ubidea etorkizunean hara eramanda eta eremu osoa ureztalur bihurtuta, izanen duen oso eragin bestelakoa hegaztien eta faunaren gainean oro har. Ulertzen du azken eremu horretan aldi baterako etenen litzatekeela haize-sorgailuen instalazioa, sustatzaileak eskatu ondoren beste ebaluazio bat egin arte.
2. Sustatzailea ez dago ados esaten denean Errege Bardeetako parke naturaletik ikuspegiaren gaineko ukipena hobetu dela Cavar-1 A04, Cavar-1 A.05 Cavar-1 A.11, Cavar-2 B.09. Cavar-2 B.10, Cavar-2 B.11, Cavar-3 CB.04, Cavar-3 CC.01, Cavar-3 CC02 haize-sorgailuak kentzeagatik. Hori frogatzeko, argazkien simulazioak aurkeztu ditu haize-sorgailu guztiekin, zalantzan daudenak kenduta.
Sustatzailearen ustez, leku enblematikoetatik (hala nola, Castilltierra, interpretazio zentroa edo horko behatokia), ez da haize-sorgailu bat ere ikusten. Peñaflor gaztelua da hurbilen gelditzen den eremu aipagarriena, Eguarasko barrutian, 10 bat kilometrora. Puntu horretatik ez dira parke eolikoak ikusten, eta handik hurbil paseatzen denean, toki jakin batzuetatik baino ezin dira ikusi hein batean.
3. Sustatzaileak azpimarratzen du, beste behin, zehaztu behar dela Cavar 4 eta 5 parke eolikoetatik zer haize-sorgailuk sortzen duen eragin larri bat ikuspegiaren gainean El Yugo ermitatik (edo, are zailago, Senda Vivatik), eta hortaz, horiek direla kendu beharrekoak. Argumentuen oinarria da LAP-5ek ezartzen duela ukipenaren kokaleku zehatza udal planeamenduan nahiz foru planeamenduan bilduko dela. Orobat, adierazten du Arguedasko oraingo arau subsidiarioek babes eremu bat zehaztuen dutela, El Yugo ermitarekin mugakide dena, baita amildegien eremu zabal bat ere, horren ekialdean dagoen mendilerroan. Hartan, Arguedas eta Valtierra aldera jotzen du ordokiak, eta parke eoliko hauek ez dute ukitzen. Azkenik, argudiatzen du ez dagoela errotarik alde horietan.
4. Puntu horretan, interesdunak garraio sarearen operadorearen erantzuna eransten du. Han, zehazten da proposatutako parke eoliko guztiek La Serna azpiestazioan egin dezaketela ebakuazioa, UPS honetan ebakuazioa proposatu den tokian. Hala ere, ulertuta Espainiako sektorearen araudian ez dela zilegi potentzia erreserba egitea (1955/2000 ED, 52. artikulua), eta puntu hori funtsezkoa denez sistema elektriko nazionalaren eraketan, sorkuntza lehia askeko araubidean dagoelako, interesdunak ez du ulertzen zergatik eskatu duen txosten bat Enpresaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak ebakuazio gaitasunaren gainean.
Erantzuna:
Idazki horietan ingurumenaren inguruan alegatutakoa proiektuari ingurumen eraginaren adierazpena egiten dion 1209E/2016 Ebazpenean jorratu da.
Bestalde, sustatzaileak, erreferentziako erabakiari helduz, Bardeetako parke naturaletik ikuspegiaren gaineko eragina murrizteko asmoz, eremuko malkar monoklinalean zeuden 9 errotetatik 5 lekualdatu ditu. Sustatzaileak aurkeztutako argudioak eta argazki simulazioak aztertuta, ondorioztatzen da lekualdaketa horiek murrizten dutela aipatutako eragina oro har. Hori dela eta, sustatzailearekin bat egiten da eta aurkeztutako proposamena onartzen da.
Hori guztia dela eta, alegazioen idazki hori partez baiesten da.
I.3.–Valtierrako Udalak aurkeztutako alegazio idazkia (4. zenbakiko idazkia).
Edukia:
Lehenik, Udalak aditzera eman nahi du aurreikusita dagoela Cavar 4 eta 5 parke eolikoek okupatutako eremua ureztalur bihurtzea Nafarroako Ubideak hura zeharkatu bezain laster. Hortaz, hegaztien ikuspuntutik, bi eremuak (ingurumenaren aldetik bideragarria dena eta ez dena) berdinduko dira. Hori dela eta, Gobernuari eskatzen dio “behin betiko ukoa” eman beharrean, “aldi baterako etenaldia” egin dezala, Nafarroako Ubidearen hurrengo faseak martxan jarri ondoren berraztertu beharrekoa.
Bigarrenik, Udalak adierazten du zenbait haize-sorgailu kendu direla ikuspegiaren gaineko eragina izategatik Errege Bardeak parke naturaletik. Udalak ulertzen du ezen, batetik, parke eolikoak parke naturaletik kanpo daudela eta parke naturalak ez duela ezarrita bere inguruan inolako ukipen eremurik, eta, bestetik, parke eolikoa Bardeetatik ikusiko dela, eta ez daudela ados errota gutxi batzuk kentzeak ikuspegia hobetzen duela adierazitakoarekin. Hortaz, ikuspegiaren gaineko eragina izaten badu, eraginkorra izan dadila guztiz.
Azkenik, eskatzen du Valtierrako udalerrian kendu diren haize-sorgailuen kopuru handia balora dadila (25 45etik), bai eta Udalari horrek ekarriko lizkiokeen diru-sarrera handiak ere.
Erantzuna:
Alegazio horren lehenbiziko puntua proiektuari ingurumen eraginaren adierazpena egiten dion 1209E/2016 Ebazpenean jorratu da.
Ezin da entitate alegatzailearekin bat egin esaten duenean haize-sorgailuak ez direla Bardeetako parke naturaletik kanpo kokatzen eta horrek ez duela paisaiaren ingurune mugatu bat, paisaiaren aldetik eragina sortzen duten jarduketatik babestu beharrekoa. Alde horretatik, proiektuari ingurumen eraginaren adierazpena egiten dion ebazpenak kontrako txostena egiten die hasiera batez proposatutako haize-sorgailuen heren bati baino gehiagori.
Valtierrako Udalaren alegazioko azken puntuari dagokionez, adierazi behar da lurraldearen eta ukipenen azterketa udalez gaindiko ikuspegitik egin dela, udalerrien mugak kontuan hartu gabe, ezta horietako bakoitzak izanen dituen ondorio ekonomikoak ere. Azpimarratu beharra dago espedientearen ebazpenean administrazio autonomikoak udalez gaindiko interesak edo interes orokorrak lehenetsi behar dituela, interes partikularraren edo tokian tokikoaren gainetik. Hori dela eta, interes orokorren balorazioan oinarritzen den eskumen diskrezional bat erabiliz eta, beste azterketa sektorialez aparte, alegatutako kokalekuaren kontra agertu beharra dago argiro, erabakian eta ingurumen eraginaren adierazpenean jasotako irizpide objektibo eta teknikoetan oinarrituta.
Hori guztia dela eta, alegazioen idazki hori ezesten da.
I.4.–Eólica Navarrak aurkeztutako alegazio idazkia (5. zenbakiko idazkia).
Edukia:
Eólica Navarrak adierazten du Cavar-1etik 5era bitarteko parke eolikoak egiteko tokia eskatu zuela Eólica Navarra SLUk 2000ko urtarrilaren 21ean eta irailaren 21ean eta 2007ko urriaren 22an, “Valtierra-El Yugo” izeneko 39,9 MW-eko parke eolikoa egiteko.
Alegatzaileak ulertzen du bere eskaerek lehentasuna dutela kokaleku horietan parke eolikoen instalazioa kontuan hartu eta ebazteko orduan, eta, izaera bereko proiektuak izanik eta leku berberetan kokatzen direnez, zuzenbidearen kontrakoa eta bateraezina liratekeela Eólica Navarra SLUk Valtierrako udal mugapean sustatutako proiektuak baimenduko ez lituzkeen kontrako ebazpen bat eta Renovables de la Ribera SLk sustatutako proiektuak baimenduko lituzkeen aldeko ebazpen bat (alegazio honen xedea dena).
Erantzuna:
Alegazio hori proiektuari ingurumen eraginaren adierazpena egiten dion 1209E/2016 Ebazpenean jorratu da eta ezetsita dago.
I.5.–Cadreitako Udalak aurkeztutako alegazio idazkia (6. zenbakiko idazkia).
Edukia:
Udal horrek Nafarroako Udalari eskatu dio erreboka dezala UPSaren onespenean Cavar 1 parkeko A.04 eta A.05 haize-sorgailuak kentzeko erabakia (biak Cadreitako udal mugapean); izan ere, bi errota horiek, entitate horren iritziz, ez daude gainerakoak baino kota altuago batean, ezta Bardeetan hurbilen dauden eremuak baino ere (zenbait kilometroko ingurunean). Interesdunaren iritziz, errota horiek ez dute eraginik paisaiaren gainean Bardeetako punturik garrantzitsuenetatik urrun egoteagatik, eta onetsiko diren beste haize-sorgailuek pantaila moduan eginen dute. Bestalde, adierazten du errota horiek kenduz udalerriari proposatutako erroten laurden bat kenduko zaiola, eta horrek era nabarmenean murrizten dituela Udalaren diru-sarrerak.
Erantzuna:
Renovables de la Riberak aurkeztutako alegazio idazkiaren erantzun bera du (I.2 atala).
Alegazio idazki hau baiesten da.
I.6.–Gurelurrek aurkeztutako alegazio idazkia (7. zenbakiko idazkia).
Edukia:
Gurelurrek (Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural) alegazio idazki bana aurkeztu du jendaurreko bi aldietan (2012an eta 2015ean). Bi idazkietan, antzeko edukia baitute, eskatzen dute ez dadila parke eolikorik paratu eremu horretan ondoko arrazoiengatik:
–Proiektuak oraingo araudiaren kontra jotzen du, baita Nafarroako Gobernuak abenduaren 24ko 685/1996 Foru Dekretua garatzeko ingurumenaren eta legalitatearen arloan erabilitako argudioen kontra ere (foru dekretu horren bidez parke eoliko berrien onespena bertan behera utzi zen). Alde horretatik, interesdunak ondokoa azpimarratzen du: bidezkoa da ekimen berrien tramitazioa eta onespena bertan behera uztea, gure ingurune naturala ez betetzeko parke eolikoz eta linea elektrikoz, eta azterketa zorrotzagoa egiteko Nafarroan etorkizunean energia eolikoa egoki sortzeak izan ditzakeen alde onen eta txarren inguruan; are gehiago, Estatuko Administrazioak prestatu duen protokolo elektrikoak energia eolikoaren produkzioan eta banaketan izan ditzakeen ondorioak baloratu behar badira. /... Teknologia horren garapena mugatuta dago kokaleku eoliko berririk ez dagoelako, salbu eta parke esperimentalak paratzeko eta ekipo zaharkituak berri batzuekin ordezteko.
–Gure komunitatean, Ingurumeneko Departamentuak berak jaso ditu hilkortasun tasa handiak babestutako espezieen artean zentral eolikoengatik, eta administrazioa bera horretaz baliatu da energia eolikoarekin lotura duten proiektu batzuei uko egiteko.
–Energia eolikoa produzitzeko industria instalazioek sortuko lituzketen ukipenak Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko 2/1993 Foru Legearen 8. artikuluaren kontrakoak dira, ondokoa biltzen baitu: “Debekaturik dago beren habitat natural, kabi, kume-zulo eta ugalketa-eremu, negu-toki eta atseden-eremuak bestelakotu eta hondatzea”.
–Proiektu horrek ukitutako eremuan paisaia saturatuta dago, bertan eguzki instalazio eta linea elektriko ugari daudelako; hortaz, aurreikusitako parkeetako bakar bat egiteak ukipen jasanezina sortuko luke paisaiaren, ingurumenaren, legalitatearen eta ekologiaren aldetik. Ingurumeneko Departamentua bera baliatu da arrazoibide horretaz uko egiteko proiektu honek ukitutako eremuaren antzeko baldintzak dituzten proiektu batzuei. Hori dela eta, ez litzateke zilegi izan beharko parke eolikoak eta linea elektrikoa egitea.
–Otsailaren 17ko 1/1992 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Ingurumen Kontseiluari dagokiola nahitaezko txostenak egitea ingurumen eraginaren azterlana behar duten azpiegitura proiektuei buruz (2.1.A) artikulua, bigarren atala). Alde horretatik, Nafarroako Arartekoak, urtarrilaren 13ko 1/2012 Ebazpenean, ondokoa jasotzen du Nafarroako Kontseilu horretan aipatutako proiektuak aztertzeko beharraz: .../... Dagozkigun proiektuak Nafarroako Ingurumen Kontseiluan aztertu ez direnez gero, legeak hartaratzen duen moduan, UPSaren deklarazioa legez kontrakoa da argiro. Hori dela eta, legezkotasuna ezarri behar da gai honetan, eta UPSaren deklarazioa erretiratu.
Erantzuna:
Lehia eta merkatu libreen printzipioak Foru Komunitatean indarra du, dagokion araudiaren babesean. Hori bistakoa da, hortxe baitaude Nafarroan energia elektrikoaren sektorean lan egiten duten enpresak eta 2007ko urriaren 2ko epaiaz geroztik (2007ko azaroaren 19ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) hainbat sustatzailek parke eoliko berriak ezartzeko aurkeztu dituzten espedienteak. Epai horrek deuseztzat jo zuen abenduaren 24ko 685/1996 Foru Dekretua, Nafarroan parke eoliko berriak onestea eten zuena.
Aurrekoa gorabehera, edozein proiektu eoliko ebaztean, ezin baita bestela izan, kasuan kasuko ezaugarriak eta ukipen partikularrak kontuan izanik, legalitatearen eta egokitasunaren irizpideez gain, ingurumenaren gaineko ondorioak ere aztertzen dira.
Alde horretatik, espediente honen tramitazioan esku hartu zuenean, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak ez du adierazi ez direla bete Nafarroako Energia Plan (2020) indarduna edo Nafarroako Energia Planaren zirriborroa (2025).
Paisaiari buruz alegatutakoari dagokionez, Renovables de la Riberak aurkeztutako alegazio idazkiaren erantzun bera du (I.2 atala).
Bestalde, Nafarroako Ingurumen Kontseiluak txosten bat egin behar izateari dagokionez, interesdunari gogorarazi behar zaio Ingurumena Ebaluatzeko abenduaren 21eko 21/2013 Legeak, bere I. eta II. eranskinetan, bereizten dituela, batetik, parke eolikoak eta linea elektrikoak biltzen ez dituzten azpiegitura proiektuak eta, bestetik, parke eolikoak eta linea elektrikoak biltzen dituzten energia industriaren proiektuak. Horrenbestez, ez da aplikatu behar alegatzaileak aipatutako kasua eta ez da nahitaezkoa Nafarroako Ingurumen Kontseiluak txostena egitea.
Gainerakoan alegatutakoa proiektuari ingurumen eraginaren adierazpena egiten dion 1209E/2016 Ebazpenean jorratu da.
Alegazio idazki hau partez baiesten da.
I.7.–Arguedasko Udalak aurkeztutako alegazio idazkia (9. eta 11. zenbakiko idazkiak).
Edukia:
Arguedasko Udalak irizten du Valtierrako eta Arguedasko udal mugapeetan dauden Cavar 4 eta Cavar 5 parke eolikoek ez dutela ingurumen balio handiagoak Cavar 1, Cavar 2 edo Cavar 3 parke eolikoetarako zehazten direnak baino, eta, horrenbestez, ez dela ulertzen kontsulten agirian adierazitakoa: 4. eta 5. parkeak ez dira bideragarriak ingurumenaren aldetik, aintzat harturik eremuko jardueren eragin metakorrak, paisaiaren aldetik dauden balioak –lurraldea planifikatzeko dokumentuetan aitorturik daudenak– eta balio ekologikoak –jadanik azterturik daude, El Yugoko mendilerroa barnean hartzen duen eremu horri dagozkion espedienteetan–. Desadostasun horren arrazoiak ondokoan oinarritzen dira:
–Ez dira oso aipagarriak faunaren, habitaten eta landareen gaineko ingurumen eraginak ukitutako eremuan, ez oraingo egoeran ez aurreikusten den horretan.
–Aitortuta ere badaudela eraginak paisaian, irizten du ez direla larriak eta, hortaz, haize-sorgailuak para daitezkeela Cavar 4 eta Cavar 5 izeneko eremuetan.
Haren iritziz, Nafarroako Ubideko ureztalurren proiektua etorkizunean gauzatzearen ondorioz egungo habitata galduko da, eta Cavar 4 eta Cavar 5 eremua ez dela estepakoa izanen.
Bestalde, bere desadostasuna agertzen du Cavar 4 eta Cavar 5 parkeek okupatutako eremuak Errege Bardeak parke naturalaren jarraipen espaziala izatearekin, eta adierazi du antzeko ingurunean baimendu direla parke eolikoak.
Hori dela eta, Arguedasko Udalak eskatzen du onar dadila haize-sorgailuak Cavar 4 eremuko erdialdean eta Cavar 5 eremuko erdialdean eta hego-ekialdean paratzeko aukera.
Horretaz gain, El Yugo mendilerroko parke eolikoaren proiektuari babesa agertzen dio, eta argudiatu Udalak aurkeztutako aukerak lurraldeen arteko oreka hobea duela eta jasangarriagoa dela ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen aldetik, zeren Cavar 4 eta Cavar 5 eremuetatik haize-sorgailuak kentzeak Arguedas haize-sorgailurik gabe utziko bailuke, eta, horrenbestez, onurarik gabe ekonomiaren eta gizartearen aldetik, Cavar 1, Cavar 2 eta Cavar 3 parkeen eraginak jasotzen dituen bitartean, horiek onetsiz gero.
Orobat, haren ustez, egindako tramitazioa ez da zuzena izan, irizten baitu 2012ko jendaurreko epea ez zela behar bezala ebatzi eta ez zaiela erantzunik eman alegazio horiei.
Erantzuna:
Paisaiari, onura ekonomikoei eta sozialei eta tramitazio okerrari buruz alegatutakoari dagokionez, IV.2, IV.3 eta IV.1 ataletako alegazio idazkiei emandako erantzun bera du.
Gainerakoan alegatutakoa proiektuari ingurumen eraginaren adierazpena egiten dion 1209E/2016 Ebazpenean jorratu da.
Azkenik, aurrekoa gorabehera, bidezkoa da gehitzea sustatzaileak berak onartzen duela Cavar 4 eta Cavar 5 parke eolikoek sortzen dituztela eragin larriak.
Alegazio idazki hau ezesten da.
I.8.–Castejongo Udalak aurkeztutako alegazio idazkia (10. zenbakiko idazkia).
Edukia:
Castejongo Udalak eskatzen du UPSa kentzeko, irizten duelako Nafarroako politika energetikoa hurrengo urteetarako berraztertu eta zehaztu beharra dagoela. Ez dela bidezko halako proiektu energetiko bati ekitea premiazkoa denean Estatu osorako plan energetiko bat diseinatzea. Ez dela egokia jendaurreko aldia data horietan egitea, jarduneko gobernu batek egin baitu, gobernu aldaketa izan denean ukitutako udaletan, eta haize-sorgailuak paratzeko eremua itxuraz saturatuta dagoela, non babestutako eremuak ukituak gera baitaitezke.
Erantzuna:
Nafarroako politika energetikoa berraztertu eta zehaztu beharrari dagokionez, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren txostenera jo behar da (IV.1 atalean jasotzen da).
Jendaurreko aldia data desegokietan egiteari dagokionez, aipatu beharra dago jendaurreko aldia dagokionean egiten dela, bere tramitazioari jarraituz, eta gobernu aldaketa batek ezin duela ekarri ekimen ekonomiko pribatuak gelditzea. Jendaurreko aldia egun horietan egiteak ez du aldatu partikularrek edo administrazioek alegatzeko duten gaitasuna.
Gainerakoan alegatutakoa proiektuari ingurumen eraginaren adierazpena egiten dion 1209E/2016 Ebazpenean jorratu da.
Alegazio idazki hau partez baiesten da.
II.–2015EKO EKAINAREN 24KO ERABAKIAREN KONTSIDERAZIOAK
2015eko ekainaren 24ko Erabakiak ezartzen zuen ezen, espedientea osatzeko, ondotik zehazten diren puntuak bete behar zirela, aurkeztutako azken dokumentazioaren arabera:
1. Proposatutako araudia (Memoriaren 11.1 puntua), memoriatik bereizi beharko da, eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2013ko abenduaren 23ko idazkian eskatutako puntu guztiak berrikusi beharko dira.
Memoriatik bereizi da eta orain 9. zenbakiko agirian dago (Erabileren eta jardueren erregulazioa). Agiri horrek erabilera eta jarduera berriak arautzen ditu parke eolikoaren lurralde eremurako (memoriaren 8.2 puntuan zehaztutakoa da lurralde eremua: parke eolikoen berezko eremua, transformazio azpiestazioaren kokalekua eta ebakuazioaren linea elektrikoen trazadura. Agiriak eremua biltzen duen lerroa zehazten du).
Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren abenduaren 23ko idazkiko kontsiderazio gehienak hartuko dira kontuan. Hala ere, ondoko jarduera baimengarritzat jo da, baimendutzat jo behar denean (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 111 artikulua):
–Parke eolikoetako bideetan motorrik gabeko kirol-probak egitea (zikloturisten ibilaldiak, mendi-bizikletaz egiteko ibilaldiak, oinezko lasterkak, txangoak, etab.).
Eta baimengarri gisa sartu da, baimendu gisa sartu behar denean:
“–Eraikuntza berriak haize-sorgailu hurbilenetik 300 metrotik 500 metrora bitarte kokatzea, baldin eta erabilera baimengarria bada lurraldearen antolamendurako tresnen bidez eta/edo indarreko udal planeamenduaren bidez.”
Gainera, hirigintzako terminologiari jarraituz, araudian erabilera erregulatzen denean, “gomendatu” terminoa “ezarri” edo “finkatu” terminoekin ordeztu behar da.
2. “2. eta 3. planoak kasuan kasuko legendekin osatu behar dira”.
2. eta 3. planoek legenda dakarte. Nolanahi ere, irizten da plano horiek ezarri beharko luketela zer esparrutan aplikatzen den araudia.
3. “4-Araudia” izeneko dokumentua kentzeko aukera baloratu beharko da, haren edukia memoriaren 11. puntuan dagoen berbera delako. Kentzen ez bada, izena aldatu beharko da, nahasbiderik ez sortzeko eta hauxe jarri: “Sustatzailearen identifikazioa eta hirigintza arloko indarreko determinazioak.
“4-Araudi arautzailea” agiriaren izena aldatu da “4-”Sustatzailearen identifikazioa eta hirigintza arloko indarreko determinazioak” izenarekin. Memoriaren 11. puntuko edukia kendu da, edukia bikoiztuta baitzegoen.
Agiri horrek, sustatzailea identifikatzeaz gain, atal batean justifikatzen du zergatik hautatu den UPSaren tresna parke eoliko horren tramitaziorako, 35/2002 Foru Legean eta LAPetan araututakoari dagokionez. Gainera, eranskin horretan hirigintzako araudia dago sartuta ukitutako eremuan indarra duten udal planei buruz (Cadreita, Valtierra, Arguedas, Castejon eta Tutera).
III.–TXOSTEN SEKTORIALAK.
Sustatzaileak aurkeztutako azken dokumentazioa eta egin diren txostenak ikusirik, txosten berriak eskatu zaizkie Red Eléctrica de Españari, Ebroko Ur Konfederazioari, Energiaren eta Meatzaritzaren Zerbitzuari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari.
Ondotik, txosten horien ondorioak laburbilduko dira.
–Ebroko Ur Konfederazioa. 2015eko urriaren 8ko txostenean, irizten du balioa dutela oraindik 2012ko abuztuaren 3ko irteera erregistroa duen txostenaren ondorioek. Ondorio horiek hau ezartzen zuten:
Erakunde horren eskumenei dagokienez, ingurumenaren aldetik, irizten zen ezen, babesa emateko eta zuzenketak egiteko neurriak eta ingurumenaren zaintzari buruzko programakoak hartuta, parkeetan aurreikusten diren eraginak bateragarritzat jotzen direla sistema hidrikoari dagokionez. Gainera, zehazten da ur jabari publikoan eta horren zortasun eta polizia eremuetan lan egiteko, beharrezko dela arroko erakundearen administrazio baimena.
Orobat, proiektatutako ebakuazio lineari dagokionez, aipatu behar zaio sustatzaileari Ur jabari publikoaren erregelamenduaren 6. eta 127. artikuluak bete behar direla, ibilguarekiko distantziari dagokionez zein harekiko garaierari dagokionez, euskarriak kokatzeko orduan.
Sustatzaileari gogorarazten zaio ur jabari publikoaren ur baliabideen aprobetxamendu pribatiboa egiteko, administrazioaren kontzesioa edo baimena behar dela aldez aurretik, urari buruzko araudian ezarritakoarekin bat.
Era berean, Ur jabari publikoaren erregelamenduaren 245. artikulua eta hurrengoak betez, ur jabari publikoa kutsatu edo andeatzeko arriskua ekar dezakeen edozein jarduera egiteko, eta batik bat, ur kontinentalak kutsatzen ahal dituzten hondakinak eta urak isurtzeko, beharrezkoa da arroko erakundearen administrazio baimena.
–Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua. 2015eko abenduaren 9ko txostenak ondorioztatzen du bermatutako dagoela ebakuazioa Renovables de la Ribera SLk sustatutako proiekturako.
–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua. 2015eko ekaineko azken txostenean, irizten da Cavar 1, Cavar 2, Cavar 3A, Cavar 3B, Cavar 3C, Cavar 4 eta Cavar 5 parke eolikoen UPSak ondoko baldintzak bete behar dituela ureztalurren gaineko ukipena murrizteko:
“Ureztaketa piboten bidez egiten den lurzatietan, sustatzaileak UPSko neurri zuzentzaile guztiak aplikatu behar ditu ukitutako azalera ahalik eta txikiena izan dadin.
Bestalde, Nafarroako Ubidearen bigarren faseko XII. eta XII. sektoreetako lurzati berrantolamendurako eta ureztalur bihurtzeko etorkizuneko lanen gaineko ukipenak ahalik eta txikienak izan daitezen, etorkizuneko eremu ureztagarrian barna lurperatuta joanen diren zirkuituak 2 metroko sakoneran jarriko dira gutxienez. Profilean (harkaitza) material sendotua dagoenean, gutxieneko sakonera 50 cm-koa izanen da harkaitzaren goiko mailatik behera.”
Bestalde, txosten horretan irizten da aireko ebakuazio linea egiteak ukipen arina sortzen duela oraingo ureztalurren gainean eta Nafarroako Foru Komunitateko Ureztalur Planen gainean.
–Red Eléctrica de España. 2016ko azaroaren 14ko txostenean, REEk eskatzen du sustatzaileak linea eta euskarriak identifikatzeko datuak osa ditzala. Bestalde, zehazten du Cavar 1 parke eolikoko sorkuntza instalaziorako, sarbide eta loturarako behar diren prozedurak beteak dituela, ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren 36. artikuluaren arabera, horren administrazio baimena eskuratzeko, eta, nahiz eta egun baden gaitasun teknikoa REEren webgunean (www.ree.es) proiektu zehatzak baloratzeaz argitaratutakoarekin bat, ez dagoela jasota eskaerarik egin denik edo abala utzi denik gainerako parke eolikoetarako (Cavar 2, 3, 4 eta 5). Horrenbestez, administrazio baimena emateko, kasuan kasuko baimenak lortu beharko dira garraio sarera lotzeko eta sarbidea egiteko, eta, horretarako, 1955/2000 Errege Dekretuaren 59. bis artikuluan ezarritako berme ekonomikoak eratu behar dira aldez aurretik.
IV.–INGURUMEN ERAGINAREN ADIERAZPENA
Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 10eko 1209E/2016 Ebazpenaren bidez, ingurumen eraginaren adierazpena egin zaie Renovables de la Ribera SLk sustatutako Cavar 1, Cavar 2, Cavar 3 A, Cavar 3B, Cavar 3C, Cavar 4 eta Cavar 5 parke eolikoei. Horretan, aldeko txostena egin zaie Cavar 1, Cavar 2, Cavar 3A eta Cavar 3B parkeei, eta kontrakoa, berriz, Cavar 4, Cavar 5, eta Cavar 3C parke eolikoetako 22 haize-sorgailuri. Halaber, ezartzen da espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei jarraikiz eginen dela jarduera, eta, gainera, ingurumen eraginaren adierazpenean zehazten diren beste baldintza batzuk ere bete beharko dira.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2016ko abenduaren 2ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honetan eta ingurumen eraginaren adierazpenean azaldutako moduan ebaztea.
2. Cavar-1, Cavar-2, Cavar-3, Cavar-4 eta Cavar-5 izeneko parke eolikoen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onestea, Renovables de la Ribera SLk sustatu duena, ondoko determinazioekin:
a) Cavar-1, Cavar-2, Cavar-3A eta Cavar 3B izeneko parke eolikoak eta haiei lotutako instalazioak espedientean dagoen dokumentazio teknikoko baldintzei jarraituz eginen dira, baita Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 10eko 1209E/2016 Ebazpenean zehaztutakoei jarraituz ere (horren bidez, proiektuari ingurumen eraginaren adierazpena egin zitzaion).
b) Ingurumenaren arloko arrazoiak direla medio eta Nafarroako Foru Komunitatean parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 2. artikuluaren ondorioetarako, Cavar 3C, Cavar 4 eta Cavar 5 parke eolikoei uko egitea, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 10eko 1209E/2016 Ebazpenean zehaztutakoagatik (horren bidez, proiektuari ingurumen eraginaren adierazpena egin zitzaion).
c) Sustatzaileari jakinaraztea 2. eta 3. planoak osatu behar dituela, zehaztu beharko baitu araudia zer eremutan den ezarri eta aplikatzekoa.
3. Baimendutako parke eolikoetako obrek beste azpiegitura eta elementu batzuetan (errepideak, ureztaketa, ur ibilgu publikoak edo beste batzuk) sortzen dituzten edo sor ditzaketen ukipenei dagokienez, sustatzaileak kasuan kasuko arloan eskudun diren organoen baimen guztiak eskuratu beharko ditu. Gogorarazi behar da ezen, Red Eléctrica de Españaren txostenarekin bat, administrazio baimena emateko parkeei, kasuan kasuko baimenak lortu beharko direla sarbidea egiteko eta garraio sarera lotzeko. Alde horretatik, gogorarazi behar da, halaber, ezen, 35/2002 Foru Legearen 46. artikuluarekin bat, Nafarroako Gobernuak, ofizioz edo alde batek eskaturik, zilegi duela proiektu hau iraungitzea, besteak beste, bi urte iragaten direnean behin betiko onesten denetik proiektua gauzatzen hasi gabe, edo, hura hasita ere, gauzatzea eteten denean bi urtetik gorako epean, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoirik ez bada.
4. Proiektua garatu eta gauzatzean, espedientearen tramitazioan emandako txosten sektorialetan xedatutakoa beteko da.
5. Proiektu sektorial honen araudia argitaratzea, erabaki honen eranskin gisa biltzen dena, 2015eko ekainaren 24ko Erabakiko “Kontsiderazioak” atalean jasotako aldaketekin, 35/2002 Foru Legearen 29.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.
6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari igortzea.
7. Erabaki hau jakinaraztea Sustapen Ministerioko Trenbideen Zuzendaritza Nagusiko Plangintza eta Proiektuen Zuzendariordetza Nagusiari, Ebroko Ur Konfederazioari, Iberdrola SAri, Red Electrica de España SAri, Acciona Energía SAri, Parque de la Naturaleza de Navarra SA enpresari, Cadreitako, Valtierrako, Arguedasko, Castejongo eta Tuterako udalei, sustatzaileari eta alegatzaileei, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta, haren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.
Dena dela, administrazio publikoek aldez aurreko errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2017ko urtarrilaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.
ERANSKINA
Araudia
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko35/2002 Foru Legearen 42. artikuluak ezartzen du udalez gaindiko proiektu sektorialek helburua dutela garraio sistemako azpiegiturak edo instalazioak, hidraulikoak, ingurumenaren kudeaketakoak, energia alorrekoak, telekomunikaziokoak eta antzeko gainerako guztiak lurraldean nola ezarri arautzea, haien eraginak, tamainagatik, garrantziagatik edo ezaugarri bereziengatik, kokatzen diren udalerrietan dutena gainditzen duenean.
Halaber, udalez gaindiko plan edo proiektu sektorialetan biltzen diren determinazioak lotesleak izanen dira kasuko toki entitate edo entitateentzat.
Gisa hartara, sektorearen araudiarekin bat instalazio elektrikoek aplikagarri duten indarreko legezko araudiaz gain, ondotik zehazten diren arauak ere bete behar dira berariaz modu osagarrian parke eolikoen eremuan:
a) Jarduera eta erabilera baimenduak, baimengarriak eta debekatuak.
Parke eolikoen eremuan, honako hauek dira jarduera eta erabilera baimenduak, baimengarriak eta debekatuak:
1) Hona hemen jarduera eta erabilera debekatuak.
Printzipioz, parke eolikoen funtzionamenduarekin industria jarduera arautu gisa bateragarriak ez direnak, bai eta instalazio mota horretarako gomendatzen diren segurtasun-baldintzak kontuan hartzen ez dituztenak edo baldintza horiek alda ditzaketenak ere. Hortaz, honako hauek debekaturik daude parke eolikoetan:
a) Kirol jardueretan, aisialdikoetan edo hirugarrenen jarduera profesionaletan ibilgailu motordunak parkearen barreneko bideetatik zirkulatzea, salbu eta baimena dutenak. Debeku horren abisua emateko, kartel bat paratuko da sarbidearen ondoan. Muturreko egoeretan, haize-sorgailuen inguruan ibilgailu baimengabeen zirkulazioa mugatzeko, bidezkoa izanen da kateak edo hesiak paratzea haize-sorgailuen oinetara heldu ez daitezen; dena den, itxiturak ez du giltzarik izanen, hesia psikologikoa eta atzera-eragilea izan dadin igarotzea galarazi gabe.
b) Ibilgailuak 30 km/h-tik gorako abiadura izatea.
c) Larreak, uztondoak edo bestelako landaredia erretzea.
d) Lur-leherketak.
e) Hegaztientzako hondakindegiak eta bazkaleku osagarriak ezartzea haize-sorgailu hurbilenetik 5 kilometrotik beherako distantzian.
f) Zaborrak edo animalia-hondakinak uztea haize-sorgailu hurbilenetik 5 kilometrotik beherako distantzian.
g) Airearen zirkulazioan eragina duten oztopoak ezartzea.
h) Publizitate-instalazioak eta 2 metrotik gorako sinbolo edo oroitzapen-irudiak, haizeak erauzten ahal dituenak.
i) Airean ibiltzea delta hegoekin, parapenteekin, etab., 400 metro baino beherago, haize-sorgailu hurbilenetik 750 metroko erradioan.
j) Lurpeko kanalizazio elektrikoak ukitzen ahal dituen edozein jarduketa baimengabe egitea.
k) Hegaztiak ehizatzea, plater-tiroa eta palak kalte ditzaketen antzeko jarduerak.
l) Eraikuntza berriak egitea haize-sorgailu hurbilenetatik 300 metrotik beherako distantzian, sorkuntza elektrikoari lotutako berariazko erabilera bati dagozkion parkeko eraikuntza osagarriak izan ezik.
l) Baimenik gabeko langileak haize-sorgailuetan, azpiestazioan eta parkeko gainerako instalazioetan sartzea. Tentsio-elementuak badaude.
n) Nekazaritzako lanak, baldin eta bideak, garabi-plataformak, zimenduak eta lurpeko linea elektrikoak kaltetzen badituzte.
2) Baimentzen ahalko dira.
a) Errepikagailuak eta irrati eta telebistako antenak instalatzea, betiere haize-sorgailu hurbilenetik 250 metrotara, gutxienez.
b) Eraikuntza berriak haize-sorgailu hurbilenetik 300 metrotik 500 metrora bitarte kokatzea, baldin eta erabilera baimengarria bada lurraldearen antolamendurako tresnen bidez eta/edo indarreko udal planeamenduaren bidez.
3) Gainerako jarduerak baimentzen dira.
Eta, berariaz, parke eolikoek ukitzen duen eremuan egindako nekazaritzako eta abeltzaintzako lan tradizionalak; parkeko instalazioek (bideek, garabi-plataformek eta zimenduek) zuzenean ukitzen ez dituzten lursailetan normaltasunez egiten ahalko dira; instalazioek ukitutakoetan, debekaturik daude.
Hartara, honako hauek biltzen dira jarduera baimendu gisa:
a) Parkeko barneko bideak erabiltzea zerbitzuko ibilgailuak pasa daitezen. Honako hauek dira zerbitzuko ibilgailuak: parkearen kontrola eta mantentze-lanak behar bezala egiteko behar direnak; Ingurumena zaintzeko plana edo antzekoren bat egin behar duten langileenak; nekazaritzako eta abeltzaintzako tokiko lan tradizionalak (abeltzaintza, artzaintza, laborantza, etab.) egiteko behar direnak; eta Administrazioenak eta bere kontratenak (segurtasun indar eta kidegoak barne, noski).
b) Abereentzat alanbrezko hesiak egin edo mantentzea, parkearen lurralde eremuaren zerrenda zeharkatzeko beharra badute eremuko abeltegiak behar bezala ustiatzeko. Kasu horretan, pasabide kanadarrak edo itxiturako ateak eginen dira parkearen barneko bideari jarraipena emateko.
c) Baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko lanei lotutako instalazioak.
d) Lurpeko hoditeriak egitea edo mantentzea, bereziki ureztatzeko behar direnak, betiere lurpeko kanalizazio elektrikoen zortasunak errespetatuz eta teknikari eskudun batek gainbegiratuta.
e) Abereei ura emateko iturriak egin edo mantentzea.
f) Zuhaitz eta zuhaixka txikien landaketak.
g) Lurpeko linea elektrikoak ukitzen ez badituzte, obra publikoko makinekin eta leherketarik gabe egiten diren lur mugimenduak, gutxienez 100 metrora haize-sorgailurik hurbilenetik. Goldatzea eta nekazaritzaren beste lan tradizional batzuk, lur mugimendutzat jotzen ez direnak.
i) Parke eolikoetako bideetan motorrik gabeko kirol-probak egitea (zikloturisten ibilaldiak, mendi-bizikletaz egiteko ibilaldiak, lasterketak, txangoak, etab.).
4) Behin behineko murrizketak industria segurtasunagatik.
a) Mota guztietako ibilgailuen eta pertsonen joan-etorriak, baita funtzionamendu baldintza arruntetan baimenduta daudenenak ere, paletan izotza biltzen den salbuespeneko kasuetan, edo haize-sorgailuetan ezbehar larriak suertatzen direnean, materialak erortzea eragin dezaketenak. Kasu horretan, edozein ibilgailu edo pertsona zirkulatu ahal izateko, segurtasun eta osasun arloko arduradunak eta/edo agintaritza eskudunek baimena eman beharko dute.
b) Mota guztietako ibilgailuen eta pertsonen joan-etorriak, baita funtzionamendu baldintza arruntetan baimenduta daudenenak ere, haize-sorgailua muntatzen denean edo garrantzi handiko mantentze-lanak egiten direnean, garabia eskatzen dutenak. Halakoetan, edozein ibilgailuk edo pertsonak joan-etorriak egiteko, segurtasunaren eta osasunaren arduradunak onespena eman beharko du. Halaber, aldi baterako murrizketak egon daitezke zangak irekitzen direnean bide baten ondoan edo bide batean barna, edo bideak hobetzeko.
Iragarkiaren kodea: F1701182
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
