34. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

484/2017 EBAZPENA, otsailaren 9koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikasketetako ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu eta izendatzeko merezimendu lehiaketarako deia egiten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 133. artikulutik 139. artikulura bitarte, ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu eta izendatzeko prozesua arautu zuen. Gero, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak 133., 134., 135. eta 136. artikuluak aldatu zituen, hain zuzen ere zuzendariak hautatu eta izendatzeko prozesuari buruzkoak. Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 2ko 7/2017 Foru Aginduak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematen ditu. Foru aginduan aipatu aldaketak biltzen dira, eta araua Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza testuingurura egokitzen da.

Orain, ebazpen honen bidez, Hezkuntza Departamentuari dagokio Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikasketetako ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu eta izendatzeko merezimendu lehiaketarako deia egitea, Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 2ko 7/2017 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematen dira.

Ikastetxe publikoetako zuzendariak prozesu baten bidez hautatuko dira. Prozesu horretan hezkuntza komunitateak eta Hezkuntza Departamentuak hartuko dute parte, hautagai aurkezten diren eta ikastetxeko ikasketetakoren bat irakasten dituzten irakasleen arteko merezimendu lehiaketa baten bidez. Aurkeztutako merezimenduak eta zuzendaritza proiektua baloratuko dira.

Hezkuntza Departamentuak badaki zuzendaritza lana zaila dela, eta horregatik lan horretan aritzeko erraztasunak jarri nahi ditu. Beraz, zuzendaritza taldeen osaera errazteko, aukera ezartzen da ikastetxean destinoa ez duten izangaiei ikastetxean behin-behineko destinoa emateko.

2017ko ekainaren 30ean zenbait ikastetxetako zuzendaritza hutsik geldituko denez, kargu huts horiek betetzeko behar den hautapen prozedura ezarri behar da. Prozeduran sartuko dira aurreko bi ikasturteetan hutsik gelditu eta izendapen bereziaren bidez bete direnak.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak abuztuaren 13an emandako 1/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu eta izendatzeko merezimendu lehiaketarako deialdiaren oinarriak, jarraian ageri direnak, onestea.

2. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpena eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Irakasleen Prestakuntzako Atalera, Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalera eta Argibide eta Agiri Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

NAFARROAKO GOBERNUKO HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN MENDEKO IKASTETXE PUBLIKOETAKO ZUZENDARIAK HAUTATU ETA IZENDATZEKO MEREZIMENDU LEHIAKETARAKO DEIALDIA. OINARRIAK

Lehena.–Parte hartzeko betebeharrak.

1.1. Merezimendu lehiaketan parte hartzeko, honako hauek bete beharko dira:

a) Irakaskuntzako funtzio publikoan gutxienez ere bost urteko antzinatasuna izatea karrerako funtzionario gisa.

b) Egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende dagoen karrerako funtzionarioa izatea, eta Hezkuntza Departamentuan zerbitzuak ematea.

c) Karrerako funtzionario gisa zuzenean irakatsi izana, bost urtez, hautatu nahi den ikastetxeak ematen dituen ikasketetako batean. Hezkuntza orientabideko espezialitatea duten irakasleen kasuan, ondorio horietarako, karrerako funtzionario gisa bere espezialitatearen berezko lana egin izana bost urtez.

d) Zuzendaritza lanari buruzko prestakuntza ikastaro bat gainditu duela egiaztatzen duen agiria izatea, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak erregelamenduz ezarritakoaren arabera egina, betiere ikastaroa Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak edo autonomia erkidego bateko hezkuntza administrazioak, zuzenean edo baimendutako entitate laguntzaileen bidez, eman badu.

e) Zuzendaritza proiektu bat aurkeztea, alderdi hauek biltzen dituena gutxienez: ikastetxearen egoeraren azterketa; aurkeztutako proiektuaren eta ikastetxeko hezkuntza proiektuaren eta, hala bada, proiektu funtzionalaren arteko lotura; helburuak eta horiei lotutako adierazleak; helburuak lortzeko jarduketa ildoak; eta proiektua ebaluatzeko prozedurak.

f) Zuzendaritza taldeko gainerako kideak proposatzea, interesdunek onartuta.

g) D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituen ikastetxe bateko zuzendarigaien kasuan, EGA titulua edo baliokidea izatea.

h) Beharrezko espezialitatea izatea, hautatu nahi den ikastetxeko plantillan dagoena, ikastetxe horretan behar beste irakastordu eduki ahal izateko.

1.2. Haur Hezkuntzako berariazko ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzako ikastetxe osatugabeetan, zortzi unitate baino gutxiagoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, arte ikasketa profesionalak, kirolekoak eta hizkuntzakoak ematen dituztenetan eta zortzi irakasle baino gutxiago dituzten helduendako ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuak artikulu honen 1. idatz-zatiko a) eta c) letretan ezarritako betebeharrak betetzetik salbuesten ahalko ditu hautagaiak.

1.3. Eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza horiek.

Bigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

2.1. Eskabide orokor bat aurkeztu beharko da, Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalari zuzendua, ebazpen honen II. eranskinean ageri den ereduaren araberako eskabide orriarekin batera. Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean (San Domingo kalea, 8, 31001 Iruña) aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 7an), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/1992 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, posta funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan.

2.2. Eskabidean baremaziorako aurkezten den merezimenduen zerrenda adierazi beharko da.

2.3. Zuzendarigaiak zein ikastetxe aukeratu duen ere zehaztu beharko da. Ikastetxeko irakasleen hautagaiek lehentasuna izanen dute gainerakoen aldean. Ikastetxeko hautagairik ez badago edo egonik ere batere hautatu ez bada, batzordeak beste ikastetxe batzuetako irakasleen hautagaiak baloratuko ditu.

2.4. Proposatutako zuzendaritza taldekoak izanen diren gainerako kideen izen-deiturak adierazi beharko dira.

2.5. Eskabidearekin batera merezimenduen egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute izangaiek, baita zuzendaritza proiektuaren sei ale ere. Ale horietako bat Giza Baliabideen Zerbitzuan artxibatuko da, izangaia ebaluatu ahal izateko agintaldia bukatzen duenean.

Horretarako, Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetako zuzendariek ahalmena dute agiriak konpultsatzeko, Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 18an emandako 182/2001 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz (79. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 29koa).

2.6. Hezkuntza Administrazioan betetako postuak, ikastetxe publikoetan emandako zerbitzuak eta zuzendaritza karguak zerbitzu-orri baten bidez frogatuko dira, eta Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz erantsiko du.

2.7. Eskabideak aurkezteko epearen barnean behar bezala frogatutako merezimenduak baizik ez dira kontuan hartuko, betiere deialdi honetako I. eranskineko baremoaren I. atalean zehaztutakoarekin bat baldin badatoz.

2.8. Aurkezten den zuzendaritza proiektuak DIN-A4 formatuko 20 orrialde izanen ditu, gehienez ere.

2.9. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baloraziorako aurkeztutako merezimenduen jabe izan beharko dute.

2.10. Hautapen batzordeak ez du merezimendutzat joko bigarren arauan aipatu baldintzetako bat betetzen dela frogatzeko aurkezten den dokumentazioa.

2.11. Estatuko edozein hizkuntza koofizialetan aurkezten diren agiriek, euskaraz daudenek izan ezik, gaztelaniazko itzulpena izan beharko dute ondoan. Atzerriko erakundeek emandako agiriak ofizialak izan beharko dira, agintari eskudunek sinatuta egonen dira eta bide diplomatikoz legeztatuak; behar izanez gero, gaztelaniazko itzulpen ofiziala izanen dute.

I. eranskineko baremoaren 5.2 atalaren arabera, hizkuntzak jakitea frogatzen duten ziurtagiriak ez dira itzuli beharko gaztelaniara.

2.12. Eskabideak, merezimenduak eta zuzendaritza proiektua aurkezteko 15 egun baliodun izanen dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.13. Ebazpen honen bidez deitutako hautapen prozeduretan parte hartzen dutenek 2017ko irailean berreskuratzen ahalko dute aurkeztu zuten dokumentazioa, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan. Ezarritako epea dokumentazioa jaso gabe bukatuta, haren gaineko eskubide guztiak galduko dira eta dokumentazio hori suntsituko da.

2.14. Ikastetxeren batean kargu hutsa betetzeko hautagai bakarra aurkeztuz gero, ez da merezimenduen baremazioa eginen. Kasu horretan, ebaluazio batzordeburuak izangaiari bueltatuko dizkio agiriak zuzendaritza proiektua azaltzeko zehazten den egunean.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta seigarren egun baliodunean, Giza Baliabideen Zerbitzuaren ebazpen baten bidez, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, bazterketen arrazoia adierazita. Ebazpen hori Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian argitaratuko da.

Behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

3.2. Zerrenda horren kontra interesdunek erreklamazioak egin ditzakete idatzita, argitaratu eta biharamunetik hasita hiru egun balioduneko epean, baita baztertzea ekarri dien akatsa, halakorik bada, zuzendu ere, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari igorrita. Deialdiaren 2. oinarriko 1. atalean aipatu tokietako edozeinetan aurkez daitezke erreklamazioak.

3.3. Aurreko atalean aipatu erreklamazioak egiteko epea amaitu eta biharamunetik hasita, bosgarren egun baliodunean, Giza Baliabideen Zerbitzuaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian argitaratuko da.

Aipatu ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Dokumentazioa aztertu eta ikusten baldin bada betebeharren bat falta dela, interesdunek deialdian parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

3.4. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzen den egunean, Giza Baliabideen Zerbitzuak zuzendarigairen bat badagoen ala ez adieraziko dio kargu hutsa duen ikastetxe bakoitzari, posta elektronikoz, faxez, telefonoz edo jakinarazpena egunean berean egiten dela bermatzen duen beste edozein bidez.

Laugarren.–Hautapen batzordeak.

4.1. Hautapen batzordeak eratzea.

Hautapen batzordeek kide hauek izanen dituzte:

a) Hezkuntza Departamentuaren ordezkariak.

–Hezkuntza Departamentuko ikuskatzaile bat, batzordeburua izanen dena.

–Hezkuntza Departamentuaren mendeko bi irakasle funtzionario.

b) Ikastetxeko hezkuntza komunitatearen ordezkariak.

–Klaustroaren ordezkari bat.

–Eskola Kontseiluaren ordezkari bat.

4.2. Hautapen batzordeko kideen izendapena.

4.2.1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izendatuko du zerbitzu horren ordezkaria.

4.2.2. Dagokion zuzendaritza nagusiak izendatuko ditu Hezkuntza Departamentuko irakasle funtzionarioak, ikastetxeko ikuskatzaileak proposatuta. Ahal bada, eta klaustrokideak behar adina badira, horietako bat klaustroko irakasle bat izanen da, oinarri honen 1. ataleko b) letran adierazitakoa ez dena.

Administrazioaren ordezkaria klaustroko funtzionarioen artean hautatzeko, zozketa publikoa eginen da Hezkuntza Departamentuan. Letren zozketa egiteko, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 19ko 387/2015 Ebazpenari jarraituko zaio. Haren bidez, letren zozketa egiteko prozedura ezarri zen Giza Baliabideen Zerbitzuak kudeatzen dituen deialdietarako.

4.2.3. Klaustroaren ordezkaria klaustrokideen artetik aukeratuko dute klaustrokideek beraiek. Horretarako, bost egun balioduneko epean, ikastetxeei hautagairik badela jakinarazi eta biharamunetik hasita, ikastetxeko zuzendariak klaustro berezi baterako deia eginen du, onartutako izangaiak ezagutarazteko eta klaustroa hautapen batzordean ordezkatzeko pertsona aukeratzeko. Ikastetxe bateko zuzendaria lanpostu horrexetarako hautagai aurkezten baldin bada, bilkurako burua ikastetxean antzinatasunik handiena duen irakaslea izanen da, betiere hautagaitza bakar batean ez badago.

Klaustrokide guztiak izanen dira hautesle eta hautagarri, salbu eta hautagaiak eta aurkezten diren hautagaitzetako zuzendaritza taldeetan aritzeko proposatzen diren pertsonak, zeinak hautesle izanen baitira bakarrik.

Klaustroaren aparteko bilkurako buruak ikastetxearen ordezkari izan nahi duen pertsonarik badagoen galdetuko du. Ordezkarigai izateko beharrezkoa izanen da klaustrokidea izatea, ikastetxean behin betiko destinoa izatea eta aurkeztutako hautagaien zerrenda baten barruan ez egotea.

Ordezkari izateko bi hautagai edo gehiago badaude, klaustrokide guztiei botoa emateko dei eginen zaie, eta haietako bakoitzak bi hautagairi ematen ahalko die botoa, gehienez. Bozkatuena klaustroaren ordezkaria izanen da hautapen batzordean, eta hurrengo biak (edo hurrengoa, gehiagorik ez badago), boto kopuruen ordenaren arabera, haren ordezko. Berdinketarik bada, zozketa bidez erabakiko da.

Hautapen batzordean klaustroaren ordezkari izateko hautagairik ez badago, kargu huts hori betetzeko, zozketa eginen da klaustrokideen artean, aurkeztutako hautagaitzetako kideak kanpo utzita.

4.2.4. Eskola Kontseiluko kideek beren artetik aukeratuko dute Kontseiluak hautapen batzordean izanen duen ordezkaria, betiere klaustrokidea ez bada, ezta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailatik beherako ikaslea ere.

Bost egun balioduneko epean, ikastetxeei hautagairik badela jakinarazi eta biharamunetik hasita, ikastetxeko zuzendariak Eskola Kontseiluaren bilkura berezi baterako deia eginen du, onartutako izangaiak ezagutarazteko eta Eskola Kontseilua hautapen batzordean ordezkatzeko pertsona aukeratzeko. Ikastetxe bateko zuzendaria lanpostu horrexetarako hautagai aurkezten baldin bada, bilkurako burua ikastetxean antzinatasunik handiena duen irakaslea izanen da, betiere hautagaitza bakar batean ez badago.

Eskola Kontseiluaren aparteko bilkurako buruak ikastetxearen ordezkari izan nahi duen pertsona hautagarririk badagoen galdetuko du. Bi hautagai edo gehiago badaude, Eskola Kontseiluko kide guztiei botoa emateko dei eginen zaie, eta haietako bakoitzak bi hautagairi ematen ahalko die botoa, gehienez. Bozkatuena Eskola Kontseiluaren ordezkaria izanen da hautapen batzordean, eta hurrengoa, haren ordezko. Berdinketarik bada, zozketa bidez erabakiko da.

Hautapen batzordean Eskola Kontseiluaren ordezkari izateko hautagairik ez badago, kargu huts hori betetzeko, zozketa eginen da hautesle eta hautagarri diren Eskola Kontseiluko kideen artean.

4.2.5. Klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren bilkura berezietan, hautagaiek beren zuzendaritza proiektuaren funtsezko alderdiak azalduko dituzte. Azalpen horrek informatzeko baino ez du balioko, eta ez da eztabaidarik izanen hautagaien eta Klaustroaren edo Eskola Kontseiluaren artean. Bi zuzendarigai edo gehiago izanez gero, zozketa eginen da hautagaiek jarduteko ordena finkatzeko.

4.2.6. Zuzendariak, oinarri honen 2.3 eta 2.4 ataletan aipatu epearen bosgarren eguna bukatu baino lehen, fax bat igorriko dio Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari, ikastetxeak hautapen batzordean izanen dituen ordezkariak eta horien ordezkoak nor diren jakinarazteko.

4.3. Hautapen batzordeen izendapena eta eraketa.

4.3.1. Giza Baliabideen Zerbitzuak ebazpen baten bidez izendatuko ditu hautapen batzordeetako kideak, ikastetxeetako zuzendariek batzordekide titularrak eta ordezkoak (jarduteko ordenarekin) izanen direnen datuak jakinarazi ondoren, oinarri honen 2.6 atalean jakinarazpen hori egiteko ezartzen den epea bukatu eta bigarren egun baliodunean.

4.3.2. Hautapen batzordeak hautagaitzak aurkezten diren ikastetxe guztietan eratuko dira, hirugarren egun baliodunean, oinarri honen 2.6 atalean jakinarazpen hori egiteko ezartzen den epea bukatu eta biharamunetik hasita. Ikastetxea izanen da hautapen batzorde bakoitzaren egoitza, eta hor bertan jendaurrean jarriko dira hautapen batzordearen osaera eta zuzendarigaien zerrenda.

Batzordea eratzeko beharrezkoa izanen da batzordeburua, idazkaria eta bi batzordekide bertan egotea, eta lanean aritzeko, hiru batzordekide behar dira, horietako bat batzordeburua edo idazkaria.

4.3.3. Hautapen batzordeen funtzionamendua eta, abstentzio eta errefusatze kasuetarako, batzordekideei aplikatzen zaien araubidea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15., 16., 17., 18., 23. eta 24. artikuluetan eta Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 28. artikulutik 34.era bitarte daude ezarrita.

Bosgarrena.–Hautapen batzordearen eginkizunak.

Hautapen batzordearen eginkizunak hauek dira:

a) Zuzendarigaien merezimenduak barematzea, deialdi honen I. eranskinean ezarritakoarekin bat, ikastetxeko zuzendari izateko hautagai bat baino gehiago daudenean.

b) Hautagaiei dei egitea zuzendaritza proiektuaren defentsa egitera.

c) Aurkezten diren hautagaitzen zuzendaritza proiektuak baloratzea.

d) Hautagai bakoitzak merezimenduen baremoan lortzen duen behin-behineko puntuazioa eta zuzendaritza proiektuari ematen zaion puntuazioa onetsi eta argitaratzea.

e) Merezimenduen baremoaren eta zuzendaritza proiektuaren behin-behineko puntuazioaren aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

f) Aurkezten diren hautagaien behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratzea, atal bakoitzean lortutako puntuazioa adierazita.

g) Ikastetxe bakoitzean azkeneko puntuazio altuena lortzen duen pertsona hautatzea.

h) Hezkuntza Departamentuari bidaltzea hautagai bakoitzaren behin betiko puntuazioa eta aukeraturiko hautagaia izendatzeko proposamena.

i) Hautagaia aukeratu ondoren, aurkezturiko dokumentazioa eta hautapen prozesuan sortzen dena Hezkuntza Departamentuaren esku uztea.

j) Batzordearen funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizunak.

Seigarrena.–Hautapen prozesua.

Hautapen prozesuak bi fase izanen ditu. Lehenbizikoan merezimenduak baloratuko dira, eta bigarrenean zuzendaritza proiektua baloratuko da.

6.1. Lehen fasea: Merezimenduen balorazioa.

6.1.1. Lehen fase honetan izangaiek alegatutako merezimenduak baloratuko dira, deialdi honen I. eranskineko baremoaren I. atalean ezarritakoari jarraikiz, ikastetxeko zuzendaritzarako izangai bat baino gehiago daudenean.

Merezimenduen azken puntuazioa ateratzeko, baremoaren I. ataleko 1. azpiataletik 6.era bitartekoetan lortutako puntuak batuko dira.

6.1.2. Hautapen batzordeak jendaurrean jarriko du hautapen batzordea eratu eta biharamunetik hasita bosgarren egun baliodunean, zuzendarigaien behin-behineko zerrenda. Izangai bakoitzaren izenaren ondoan, I. eranskinaren araberako merezimenduen baremoko I. atalean lortutako puntuazioa azalduko da, ikastetxeko zuzendaritzarako izangai bat baino gehiago daudenean.

6.1.3. Zuzendarigaiek bi egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, baremazioari buruz egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak egiteko.

Erreklamazioak aurkezteko toki bakarra Hezkuntza Departamentuko erregistroa izanen da (San Domingo aldapa, 8, 31001, Iruña). Kasuan kasuko hautapen batzordeburuari zuzenduko zaizkio.

6.1.4. Bigarren egun baliodunean, erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita, hautapen batzordeak ebatziak izanen ditu aurkeztutako erreklamazioak eta baremoaren behin betiko zerrenda argitaratuko du bere egoitzan.

Hautapen batzordeak baremazioaren behin betiko zerrenda argitaratzen den egun berean, bere egoitzako iragarki taulan, jakinaraziko du noiz eta zein hurrenkeratan eginen duten izangaiek beren zuzendaritza proiektuaren defentsa.

6.2. Bigarren fasea: Zuzendaritza proiektuaren balorazioa.

6.2.1. Zuzendarigaiek bost egun balioduneko epea izanen dute, gehienez ere, zuzendarigaien jarduketa hurrenkera eta egunak argitaratu eta biharamunetik hasita, zuzendaritza proiektuaren defentsa egiteko. Zein ikastetxetako zuzendaritzan jardun nahi den, hartan eginen da defentsa.

6.2.2. Fase honetan, zuzendaritza proiektua, haren defentsa barne, gehienez ere 20 puntuz baloratuko da, deialdi honen I. eranskineko baremoaren II. atalean ageri denaren arabera.

Proiektua baloratzeko, hautapen batzordeko kide bakoitzak 1etik 20 puntu bitarteko kalifikazioa emanen du. Hautapen batzordeko kide guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa (bi dezimalekin) izanen da proiektuaren azkeneko nota.

Batzordekideen kalifikazioen artean 6 puntuko edo gehiagoko aldea baldin badago, kalifikaziorik altuena eta baxuena baztertuko dira, eta azkeneko nota gainerakoen batezbestekoa eginez aterako da. Handieneko eta/edo txikieneko kalifikazio bat baino gehiago badaude besteekiko alde hori dutenak, bat baino ez da baztertuko. Batezbestekoak ateratzeko, biribiltzearen araua aplikatuko da.

6.2.3. Hautagaiak, dei egiten bazaio, gehienez ere 45 minutu izanen ditu zuzendaritza proiektuaren defentsa egiteko. Hautapen batzordeko kideek 30 minutu izanen dituzte gehienez izangaiari galderak egiteko, aurkeztu eta defendatutako zuzendaritza proiektuko zenbait alderdi argitu edo zehatzago azal ditzan.

6.3. Proiektuen defentsa egiteko epea bukatzen den egun berean, hautapen batzordeak jendaurrean jarriko du izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera, ordenatuta.

Zerrenda horretan, izangai bakoitzaren izenaz gainera, ikastetxeko zuzendaritzarako izangai bat baino gehiago dagoenean, merezimenduen baremoko I. atalean lortutako puntuazioa eta zuzendaritza proiektuari buruzko II. atalean lortutakoa agertuko dira.

Baremoko II. atalean (zuzendaritza proiektuaren balorazioa eta defentsa) 10 puntu baino gutxiago lortzen duten hautagaiek ez gai kalifikazioa izanen dute.

Berdinketak honako irizpide hauek, hurrenez hurren, kontuan hartuta hautsiko dira:

–Zuzendaritza proiektuan zeinek duen puntu gehien.

–Azpiataletan zeinek duen puntu gehiago, ebazpen honen I. eranskineko baremoaren I. ataleko hurrenkerari jarraikiz.

6.4. Hautapen batzorde bakoitzeko buruak hautatutako izangaiaren proposamena igorriko dio Giza Baliabideen Zerbitzuari, bai eta lehen fasea gainditu duten gainerako izangaien zerrenda ere. Jakinarazpen hori oinarri honen 3. atalean aipatu zerrenda argitaratzen den egunean eginen da.

6.5. Giza Baliabideen Zerbitzuak Argibide eta Agiri Bulegoan eta Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko du hautatutako pertsona guztien izenen zerrenda, bakoitzaren ikastetxea adierazita. Izangai bakarra dagoenean, batzordeburuak epeak arintzen ahalko ditu hautapen batzordeko kideak izendatzen diren unetik aurrera.

Zazpigarrena.–Zuzendariaren eta zuzendaritza taldearen izendapena.

7.1. Zuzendariaren izendapena.

7.1.1. Zuzendarien izendapenak amaiera emanen dio unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko prozedurari.

7.1.2. Oro har, hautatuak lau urterako izendatuko dira zuzendari, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dena.

7.1.3. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak 2017ko uztailaren 1ean izanen dituzte ondorioak. Zuzendaria zenak, ondorio horietarako, aurreko egunean utziko du kargua.

7.2. Zuzendaritza taldearen izendapena.

Giza Baliabideen zuzendariak, ebazpen baten bidez, zuzendaritza taldeak izendatuko ditu, ikastetxeko zuzendariari dagokion epe bererako. Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 2ko 7/2017 Foru Aginduaren 10. artikuluko 4. eta 5. puntuetan adierazitako jarraibideen arabera eginen da izendapen hori.

7.3. Izendapen bereziak.

7.3.1. Hautapen batzordeak ikastetxe bateko zuzendaritzarako hautagai bakarrik ere proposatzen ez badu, edo hautagairik ez badago, edo ikastetxea sortu berria bada, Hezkuntza Departamentuak izendatuko du ikastetxeko zuzendaria, lau urterako gehienez, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txosten batean proposamena egin ondoren.

7.3.2. Prozedura berezi hori erabiliz D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituzten ikastetxeetarako zuzendari izendatzen diren pertsonek EGA titulua edo baliokidea izan beharko dute.

7.3.3. Horrela izendatzen diren pertsonek izendatu behar diren ikastetxeko plantilla organikoan ageri denaren arabera eskatzen den gaitasuna edo espezialitatea eduki beharko dute, ikastetxean bertan irakastorduak eduki ahal izateko.

7.3.4. Zuzendaritza taldekideen izendapen berezia ikastetxeko zuzendariari dagokion epe bererako eginen da, Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 2ko 7/2017 Foru Aginduaren 10. artikuluko 4. eta 5. puntuetan adierazitako jarraibideen arabera.

7.3.5. Ikastetxe publiko batean izendapen berezia egiteko, erreferentziako ikuskatzaileek dagokion prozesuari jarraituko diote, Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuak prestatutako ereduaren arabera.

Zortzigarrena.–Zuzendaritza lanaren aitorpena.

Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendariek karguari dagozkion eginkizunak bete eta ezarrita dauden ordainsariak jasoko dituzte, eta balorazio berezia izanen dute irakaskuntzaren arloko funtzio publikoan lanpostuak betetzearen ondorioetarako.

Bederatzigarrena.–Plangintza instituzionaleko agiriak.

Zuzendaritza proiektua egiteko beharrezkoak diren plangintza instituzionaleko agiriak emanen dizkie ikastetxeak eskatzen dituzten hautagaiei.

Hamargarrena.–Kargu hutsak argitaratzea.

Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean, Giza Baliabideen Zerbitzuak zuzendari kargua berritu behar duten ikastetxeen zerrenda jakinaraziko du Hezkuntza Departamentuko Argibide Bulegoan eta web orrian (http://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio).

Hamaikagarrena.–Errekurtsoak.

Hautapen batzordeek ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen eta bere aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Justiziako eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2017ko otsailaren 9an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Miren Itziar Aragüés Cemboráin.

I. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1. ATALA

MEREZIMENDUAK

BALORAZIOA

10 puntu, gehienez

FROGAGIRIAK

1.–Zuzendaritza lanaren balorazioa.

Atal honetan karrerako irakasle funtzionario gisa egindako lana besterik ez da baloratuko.

Gehienez ere 3 puntu

1.1. Ikastetxe publiko batean zuzendari karguan aritutako urte bakoitzeko:

Urte zatiak baloratu behar direnean, 1/12 puntu emanen da hilabeteko.

0,50 puntu

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen egiaztagiria.

1.2. Ikastetxe publiko batean, ikasketaburu, zuzendariorde edo idazkari karguan aritutako urte bakoitzeko:

Urte zatiak baloratu behar direnean, 1/12 puntu emanen da hilabeteko.

0,40 puntu

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen egiaztagiria.

1.3. Ikastetxe publiko batean alboko zuzendaritza karguetan aritutako urte bakoitzeko:

–alboko zuzendari gisa aritutako urte bakoitzeko:

–alboko ikasketaburu edo alboko idazkari gisa aritutako urte bakoitzeko:

Urte zatiak baloratu behar direnean, 1/12 puntu emanen da hilabeteko.

0,40 puntu

0,30 puntu

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen egiaztagiria.

2.–Ibilbide profesionalaren balorazioa.

Atal honetan karrerako irakasle funtzionario gisa emandako zerbitzuak besterik ez dira baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu

2.1. Irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten kidegoetako karreko funtzionario moduan baldintza gisa eskatutako bost urteetatik gora aritutako urte bakoitzeko:

Urte zatiak baloratu behar direnean, 1/12 puntu emanen da hilabeteko.

Gehienez ere puntu bat.

0,20 puntu

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria.

2.2. Haur eta Lehen Hezkuntzako ziklo bateko koordinatzaile; DBHIetako arloko koordinatzaile; ikastetxe publikoetako mintegi, departamentu edo saileko buru; irakaskuntzako aholkularia eta etengabeko prestakuntzako aholkulari; hezkuntzako eta psikopedagogiako orientazio talde bateko zuzendari edo arduradun; hezkuntzako laguntza unitateen koordinatzaile; helduen hezkuntzako eskualdeko talde baten arduradun edo koordinatzaile; Nafarroako Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroko alorretako arduradunek eta talde zein lan-taldeen koordinatzaile; edo Ingelesez Ikasteko Programen koordinazioaren arduradun aritutako urte bakoitzeko:

Urte zatiak baloratu behar direnean, 1/12 puntu emanen da hilabeteko.

0,20 puntu

Ikastetxeko zuzendariak edo organo eskudunak emandako ziurtagiria, non agertuko baitira eginkizun horien jabetza hartzearen eta kargua uztearen datak edo, hala denean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean irakaskuntza lanetan jarraitzen dutela.

Etengabeko prestakuntzarako aholkulari eta irakaskuntzako aholkulari lanaren frogagiria ofizioz aurkeztuko ditu Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak, espediente pertsonaleko informazioari jarraikiz.

2.3. Bigarren Hezkuntzako, Musikako eta Arte Eszenikoetako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen Kidegoetako karrerako funtzionarioa izateagatik:

0,20 puntu

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen egiaztagiria.

2.4. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan, ikuskatzaile edo bulegoburu gisa edo hortik gorako karguetan, eta Estatuko Hezkuntza Administrazioan horien baliokideak diren karguetan, aritutako urte bakoitzeko:

Urte zatiak baloratu behar direnean, 1/12 puntu emanen da hilabeteko.

0,30 puntu

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen egiaztagiria.

3.–Zuzendaritza karguetan eta irakasle lanpostuetan egindako lanaren balorazio positiboa.

Gehienez ere puntu bat

3.1. Zuzendaritza karguetan egindako lanaren balorazio positiboa:

3.1.1. Zuzendari gisa:

Puntu bat

Ebaluazio positiboko txostena, Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuak egina, zuzendariak hautatzeko aurreko deialdiei dagokienez.

3.1.2. Bost urteko lana (edo luzeagoa) beste zuzendaritza kargu batzuetan edo izendapen berezi baten bidezko zuzendari gisa:

0,5 puntu

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria.

3.2. Irakasle gisa egindako lanaren balorazio positiboa:

0,5 puntu

Ondorio horietarako, izangaiaren lanaren edozein ebaluazio hartuko da kontuan, zuzendaritza karguetan eta lehenbiziko urtean, karrerarako funtzionario gisa, egindako lanarena izan ezik, ikasketak egiteko lizentziaren deialdi batean, atzerriko lanpostuetarako deialdi batean, zerbitzu berezietan aritzeko deialdi batean edo antzeko beste batean egina, edo Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuak egina (izangaiak borondatez eskatu ondoren).

BAREMOAREN 3.2 ATALAREN GAINEKO OHARRAK:

1.–Baremoaren 3.2 ataleko merezimenduak kontuan hartzeko, izangaiak ikastetxe batean aritu behar du deialdia argitaratzen denean.

2.–3.2 ataleko merezimenduen baremazioa egiteko, parte-hartzaileak berariaz eskatu behar du.

4.–Prestakuntza eta hobekuntza.

Gehienez ere 2 puntu

4.1. Ikastetxeen kudeaketa, antolaketa eta zuzendaritzarekin, hezkuntza kalitatearen ezarpenarekin edo eskolako bizikidetzarekin zerikusia duten prestakuntza jarduera gaindituengatik:

Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen 10 ordutik beheitikoengatik. Prestakuntza jarduerak kreditutan –eta ez ordutan– adierazten badira, kreditu bakoitzak 10 orduren balioa izanen du.

0,10 puntu, egiaztatutako 10 prestakuntza orduko.

Entitate antolatzaileak emandako ziurtagiriaren fotokopia, zeinetan berariaz agertuko baitira jardueraren kreditu kopurua edo orduak.

4.2. Ikastetxeen kudeaketarekin, antolaketarekin eta zuzendaritzarekin, hezkuntza kalitatearen ezarpenarekin edo eskolako bizikidetzarekin zerikusia duten prestakuntza jardueretan irakasle gisa aritu izateagatik:

Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen 10 ordutik beheitikoengatik. Prestakuntza jarduerak kreditutan –eta ez ordutan– adierazten badira, kreditu bakoitzak 10 orduren balioa izanen du.

0,20 puntu, egiaztatutako 10 prestakuntza orduko.

Jarduera egin dela frogatzen duen ziurtagiri edo dokumentuaren fotokopia, zeinetan berariaz agertuko baitira jardueraren kreditu kopurua edo orduak.

4.3. Ikastetxeen kudeaketa, antolaketa eta zuzendaritzarekin, hezkuntza kalitatearen ezarpenarekin edo eskolako bizikidetzarekin zerikusia duten argitalpenengatik, ISBNa edo ISSNa baldin badute:

Gehienez ere puntu bat.

Kasuan kasuko jatorrizko aleak.

Formatu elektronikoko agirien kasuan, txosten bat beharko dute baloratu ahal izateko. Txosten hori egiten duen erakundeak ziurtatuko du argitalpena zein datu base bibliografikotan agertzen den.

5.–Merezimendu akademikoak.

Gehienez ere puntu bat.

5.1. Unibertsitateko titulu ofizial bakoitzeko, dagokion irakaskuntza kidegoan sartzeko alegatutakoaz gainera:

0,40 puntu

Kidegoan sartzeko alegatutako tituluaren fotokopia, bai eta merezimendu gisa alegatzen diren guztiena ere edo, hala denean, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Izangaiak aurkezten dituen unibertsitateko bigarren titulazioa eta gainerakoak baino ez dira baloratuko atal honetan.

Titulazioak atzerrian lortu badira, titulazio horien fotokopia aurkeztu beharko da, homologazioa egiaztatzen duen agiriarekin batera.

5.2. Hizkuntzak jakiteagatik (hizkuntza bakoitzean, hautagaiak aurkezten duen maila altueneko ziurtagiria hartuko da kontuan bakarrik):

–B1 mailako edo balio bereko ziurtagiri bakoitzeko:

–B2 mailako edo balio bereko ziurtagiri bakoitzeko:

–C1 mailako edo balio bereko ziurtagiri bakoitzeko:

0,10 puntu

0,20 puntu

0,40 puntu

Merezimendu gisa alegatutako egiaztagiriaren fotokopia edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Ez da beharrezkoa hizkuntza gaitasunen egiaztagiriak gaztelaniara itzultzea.

6.–Beste merezimendu batzuk.

Gehienez ere puntu bat.

6.1. Ikastetxe publikoetako zuzendaritzan aritzeko egiaztagiria izatea, edo zuzendaritza lanari buruzko prestakuntza ikastaro bat gainditu duela egiaztatzen duen agiria izatea:

Puntu bat

Ikastetxe publikoetako zuzendaritzan aritzeko egiaztagiriaren fotokopia.

2. ATALA

Zuzendaritza proiektua. Memoria berariazko proiektu gisa baloratzea, hots, zuzendaritzarako proposamena ikastetxeko hezkuntza proiektuarekin lotzen duen proiektu gisa: 20 puntu, gehienez.

II. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko merezimendu lehiaketan parte hartzeko eskabidea (PDFa).

III. ERANSKINA

Kargurako proposamena onartu duten pertsonen zerrenda (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1701890