Iragarkia
34. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 17a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
290/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, kazetariaren lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez egiteko deialdiak onesten dituena. Zerrendetako bat prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko da, eta bestea aldi baterako kontratazioak egiteko.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat kazetariaren lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatutako lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.
Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak osatzeko.
Deialdi hauek honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten dira: Administrazioaren zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza arautzen dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duen abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua.
Horrenbestez, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Kazetariaren lanpostuak betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdiak onestea: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan (Osasun Departamentukoak kenduta) sortzen diren beharrei erantzuteko.
2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
3. Ebazpen hau eta bere eranskinak Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta izendatutako epaimahaiko kideei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2017ko urtarrilaren 31n.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.
I.–DEIALDIA KAZETARI GISA PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN ARITZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO
Hona hemen deialdiaren.
OINARRIAK
Lehenbizikoa.
Deialdia egiten da kazetariaren lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran ariko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.
Bigarrena.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.
2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C, D edo E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.
b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.
c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.
d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Informazio eta/edo Komunikazio Zientzien espezialitateren baten lizentziadun titulua izatea, edo dagokion graduko titulua, edo horren baliokidea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
e) Kazetari gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.
2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.
2.3. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuaren menpeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.
Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.
3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek II. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.
Parte hartzeko eskabidean, eskatzen zaizkien baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen dituztela adierazi beharko dute interesdunek.
3.2. Euskarazko 3. jakite-mailaren betebeharra duten lanpostuak hautatu nahi dituztenek, parte hartzeko eskabideaz gain, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailari dagokion euskara tituluaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo hizkuntza eskola ofizial batek luzatutako Euskararen Gaitasun Agiriarena edo ofizialki baliokidea den beste titulu batena.
Aipatutako titulua izan ezean, izangai horiek hizkuntza horretan behar bezalako maila duten zehazteko proba bat gainditu beharko dute. Gaitasun proba hori egin nahi dutenek prozesuan parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute, horretarako ezarritako tokian.
3.3. %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute.
Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara eramanen dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.
3.4. Bigarren oinarriko 2.1.d) atalean eskatzen den titulazio betebeharra agiri bidez frogatu beharko da, deialdia egiten denean, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.
Laugarrena.–Eskabideak aurkeztea eta hori egiteko epea.
Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bideen bidez eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.
Bosgarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.
Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.
II.–DEIALDIA KAZETARI GISA ALDI BATERAKO KONTRATATZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO
Hona hemen deialdiaren.
OINARRIAK
Lehenbizikoa.
Deialdia egiten da kazetariaren lanpostuetan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.
Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.
Bigarrena.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.
2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:
a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.
Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Informazio eta/edo Komunikazio Zientzien espezialitateren baten lizentziadun titulua izatea, edo dagokion graduko titulua, edo horren baliokidea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.
Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.
3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek III. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.
Parte hartzeko eskabidean, eskatzen zaizkien baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen dituztela adierazi beharko dute interesdunek.
3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Nortasun agiri nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen fotokopia.
Dena dela, Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek, eskabidean horretarako gaitutako laukitxoan, baimena ematen ahalko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari beren identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsultatzeko, datu horiek beharrezkoak badira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasun agiri baliokidearena aurkeztea.
Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/1992 Legearen 68.1. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.a) atalean nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, parte hartzeko eskabidean, zinpeko aitorpena egin beharko dute, edo hitzeman beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe ez daudela.
b) Euskarazko 3. jakite-mailaren betebeharra duten lanpostuak hautatu nahi dituztenek, parte hartzeko eskabideaz gain, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailari dagokion euskara tituluaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo hizkuntza eskola ofizial batek luzatutako Euskararen Gaitasun Agiriarena edo ofizialki baliokidea den beste titulu batena.
Aipatutako titulua izan ezean, izangai horiek hizkuntza horretan behar bezalako maila duten zehazteko proba bat gainditu beharko dute. Gaitasun proba hori egin nahi dutenek prozesuan parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute, horretarako ezarritako tokian.
c) %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu.
%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara eramanen dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.
3.3. Bigarren oinarriko 2.1.c) atalean eskatzen den titulazio betebeharra agiri bidez frogatu beharko da, deialdia egiten denean, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.
3.4. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua izan; dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira eskabideak aurkezteko epearen barnean.
Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.
Laugarrena.–Eskabideak aurkeztea eta hori egiteko epea.
Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bideen bidez eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.
Bosgarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.
Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.
III.–BI DEIALDIETARAKO OINARRI KOMUNAK
Lehena.–Eskabideak aurkeztea.
Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren erregistroko beste edozein bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian ageri da: www.navarra.es), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/1992 Legearen 16.4. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.
Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.
Bigarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.
Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hirugarrena.–Izangaien onarpena.
3.1. Behin-behineko zerrendak.
Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak onetsi den deialdian onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es).
Zerrenda horien kontra, interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu, idazki bat aurkeztuta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, hura argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean.
Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.
3.2. Behin betiko zerrendak.
Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu, deialdian ezarritako hautaproba egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.
Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
Eskabidean adierazten dutenek bi deialdien hirugarren oinarriko 3.2 atalean ezarritako euskara tituluetako bat dutela, zuzenketak egiteko epea iraganda ez badute frogatu, euskararen mailaketa proba egiteko deia jasoko dute.
Euskarazko berariazko probarako deia jaso eta atal honetan aipatzen diren behin betiko zerrendak argitaratu ondoren eta euskara probak hasi baino lehen, bi deialdien hirugarren oinarriko 3.2 atalean ezarritako tituluetako bat dutela frogatzen duten izangaiak euskara proba egitetik salbu geldituko dira. Tituluak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari igorri beharko zaizkio, eta bi deialdietarako balio duten oinarrietan lehenengoan aipatzen diren bideetako bat erabiliz aurkeztu beharko dira. Ohartuz gero aurkezten den titulua ez dela bi deialdien hirugarren oinarriko 3.2 atalean jasotakoetako bat, interesdunari jakinaraziko zaio berariazko euskara proba egin beharra duela.
3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Laugarrena.–Epaimahaia.
4.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: María Asunción Ruesta Ozcoidi andrea, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Navarra.es Atariaren Ataleko burua.
Ordezko mahaiburua: Ana Setién Rodríguez andrea, Komunikazio Zerbitzuari atxikitako kazetaria.
Epaimahaikidea: Juan José Balerdi Usabiaga jauna, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Komunikabideen Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezko epaimahaikidea: Felipe Rius Saleta jauna, Komunikazio Zerbitzuari atxikitako kazetaria.
Epaimahaikidea: David Chivite Pérez jauna, Komunikazio Zerbitzuari atxikitako kazetaria.
Ordezko epaimahaikidea: Cristina Aznar Munárriz andrea, Komunikazio Zerbitzuari atxikitako kazetaria.
Epaimahaikidea: César Valencia Guembe jauna, Langileria Batzordeak izendatutako ordezkaria.
Ordezko epaimahaikidea: Idoia Alonso Ayerra andrea, Langileria Batzordeak izendatutako ordezkaria.
Batzordekide-idazkaria: María Antonia Uriz Ayestarán andrea, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamentuko Prentsa Bulegoaren Ataleko burua.
Ordezko mahaikide-idazkaria: Susana Flamarique Sendoa andrea, Komunikazio Zerbitzuko Idazkaritza Bulegoko burua.
4.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.
Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
4.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
4.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
4.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probetarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
Bosgarrena.–Probak.
5.1. Hautapen prozesua bi proba bidez eginen da:
–Lehenbiziko proba, teorikoa: bi gai garatu behar dira, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den gaitegiko edukien artean zozketa bidez hautatuak.
Proba hori egiteko hiru ordu emanen dira.
Proba horrek 15 puntuko kalifikazioa du, gehienez ere.
–Bigarren proba, praktikoa: Bi kasu praktiko konpondu behar dira, ondokoarekin bat:
–Lehenbiziko ariketak lotura izanen du ondokoarekin: prentsa oharrak idaztea, ekitaldiak antolatzea, komunikazio planak prestatzea eta publizitate kanpainak diseinatu eta programatzea. Proba honek 20 puntuko kalifikazioa du, gehienez ere.
–Bigarren ariketa praktikoak lotura izanen du ingurune digitaletako komunikazioaren alderdi hauekin: informazioaren arkitektura. Edukien kudeaketa korporazio atarietan. Webaren eduki eskuragarria sortzeko jarraibideak. Teknikak posizionamendua hobetzeko bilatzaileetan. Web orrien azterketa. Edukia kudeatzeko sistemak, testua, irudia eta bideoa editatzeko tresnak. Proba honek 20 puntuko kalifikazioa du, gehienez ere.
Proba egiteko hiru ordu emanen dira.
5.2. Bi probak ordenagailuan eginen dira. Ezin da kalkulagailurik erabili, ezta kalifikazio epaimahaiak ematen ez duen materialik ez agiririk ere.
5.3. Hautapen prozesuan 55 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez, eta bazterturik geldituko dira proben gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
5.4. Probetarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.
5.5. Proba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.
Seigarrena.–Emaitzak.
6.1. Probak kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.navarra.es) argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.
6.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:
a) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoaren arabera deseginen dira, zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki-oholean jarriko dira jendaurrean.
b) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.
6.3. Aurkeztutako alegazioak eta berdinketak ebatzita, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Interneteko web orrian (www.navarra.es):
–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.
–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.
6.4. Euskara proba: Proba gainditu duten izangaien artean, euskararen ezagutzari buruzko probak egitea eskatu duen izangairik bada, epaimahaiak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren laguntza eskatuko du. Organo horrek hizkuntza mailaren gaineko berariazko ariketa bat eginen du, eta izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen die, euskarazko 3. jakite mailarako.
Horretarako, epaimahaiak, Euskarabidearekin bat, probak egiteko tokia, eguna eta ordua iragarriko ditu. Izangai horientzako deialdia Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa), bai eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko www.navarra.es web-orrian ere.
Euskararen ezagutzari buruzko proben kalifikazioa bukaturik, emaitzak jendaurrean jarriko dira Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa), bai eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web-orrian ere.
6.5. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio proba gainditu duten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidalik dio.
Zazpigarrena.–Kazetari lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak eta deia.
7.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko dira izangaien zerrendak, eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) argitaratuko dira, bai eta Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.navarra.eus).
7.2. Izangaiak prestakuntzaldian aritzeko deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeraren deklarazioa apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuen Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa) eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera eginen dira.
7.3. Izangaiei aldi baterako dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak, deialdi honetako oinarriak, lanpostuak aldi baterako betetzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Izangaiei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, 4. atalean, ezarritakoa. Horren bidez Nafarroako administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen dira.
7.4. Deia jasotzen duten pertsonek deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, aurkeztu beharko dute Informazioaren edo Komunikazioaren Zientzietako espezialitateren baten lizentziadun tituluaren fotokopia, edo dagokion graduko tituluarena, edo horietako baten baliokidearena, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratua.
Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
Zortzigarrena.–Errekurtsoak.
Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Deialdiaren, bere oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
I. ERANSKINA
Gai zerrenda
1.–Espainiako 1978ko Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarria. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.
2.–Nafarroako Gobernua. Funtzioak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta ahalmenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentuaren desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria.
3.–Hitzarmen Ekonomikoa. Sorrera eta historia. Indarreko hitzarmen ekonomikoa: negoziazio prozesua eta edukia. Nafarroaren eta Estatuaren arteko negoziazioen oraingo egoera.
4.–Foru Administrazioa XXI. mendean. Administrazio gardenagoa, irekiagoa, eskuragarriagoa eta modernoagoa lortzeko ekintzak.
5.–Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataria: www.navarra.es. Kontzeptuaren eredua. Ereduaren isla edukiaren egituran. Nabigazio eredua. Nafarroako Gobernua gizarte-sareetan: twitter, facebook, blogak, etab.
6.–Nafarroako Gobernuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusia. Antolaketa, egindako zerbitzuak, giza baliabideak eta baliabide materialak. Eskumenak.
7.–Euskara Nafarroan. Aplikatu beharreko araudia. Gaur egungo egoera. Euskara sustatzeko ekimen publikoak.
8.–Nafarroako Gobernua 2015-19 legegintzaldian. Akordio programatikoa: konpromiso nagusiak. Gobernuaren departamentuen egitura. Alor desberdinetan ezarritako proiekturik eta berrikuntzarik garrantzitsuenak.
9.–Eskubide sozialak. Politika publikoak eta mendekotasunari arreta emateko arloan. Gizarteratzea eta errenta bermatua. Etxebizitza eskuratzea. Haurrak babestea.
10.–Nafarroako ekonomia. Krisi ekonomikoa eta Foru Komunitatean izandako ondorioak. Etorkizuneko erronkak eta ikuspegiak. Plan estrategikoak Foru Komunitatearen garapenerako.
11.–Nafarroako osasun sistema. Bilakaera, egungo egoera eta etorkizuna. Lan osasuna. Osasun publikoa.
12.–Nafarroako hezkuntza sistema. Ekimen pribatua eta publikoa. Derrigorrezko, unibertsitate aurreko eta lanbide heziketako ikasketak. Unibertsitatez kanpoko beste ikasketa batzuk.
13.–Nafarroako sinboloak eta zeremoniak. Nafarroako sinboloak: legezko araudia. Agintarien lehentasuna. Festa instituzionalak: Nafarroaren Eguna. Nafarroako sari nagusiak.
14.–Turismoa. Baliabide turistiko nagusiak. Instalazioak. Nafarroako Gobernuak arlo horretan martxan jarritako politika aktiboak.
15.–Genero berdintasuna. Araudia. Berdintasunaren aldeko politika publikoak. Sentikortasun jarduerak. Hizkuntza ez sexista. Genero indarkeria.
Oharra: gai guztiak deialdi hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunean indarra duen legeriaren arabera eskatuko dira.
II. ERANSKINA
Prestakuntzarako zerbitzu berezietarako eskabidea (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile finkoak bakarrik) (PDFa).
III. ERANSKINA
Aldi baterako kontrataziorako eskabidea (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1701573
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
