1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
2E/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 11koa, Paisaiaren eta Lurraldearen zuzendari nagusiak emana, neurri batean Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “BTT Zentroa-Trailrunning Kintoa” proiekturako, Esteribarko, Erroko, Baztango, Lantzeko eta Anueko udal mugapeetan. Sustatzailea Eremua Bike Elkartea da.
2015eko azaroaren 6an Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko P epigrafean sartzen da (“Erregelamendu honen eranskinetan sartu ez den obra, lan edo aprobetxamendu proiektu oro, Nafarroako Gobernuak onetsitako Natura 2000 Sarean edo babes bereziko eremuetan dauden Tokiak Erabili eta Kudeatzeko Plan Gidarian ageri ez den eta foru lege honen eranskinetan ageri ez dena, edozein plan sektorialetatik etorri zein ez”). Foru dekretu horren bidez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektuaren xedea da BTT zentroa sortzea. Aurreikusten da tokiko kirolariek nahiz kanpokoek erabiliko dutela eta helburua da mendiko bizikletan eta trail running-ean aritzeko (Enduro eta All Montain segmentuetara bideratua) zentro erakargarri bihurtzea. Sustatzaileek ibilbideen erabileraren eta luperketaren erregularizazioa eta koordinazioa lehendik ezarrita dauden beste erabilera batzuekin sustatu nahi dituzte (besteak beste, ehiza, baso eta abeltzaintzako aprobetxamenduak, mendi-ibilia, turismo mikologikoa eta abar) eta erabilera horien mende geldituko dira.
BTT Kintoa Bike zentroa ibilbideen egokitzapena, seinalizazioa, mantentze-lanak eta dibulgazioa egiteaz arduratuko da. Web orria edukiko du, liburuxkak argitaratuko eta hainbat txirrindularitza probak antolatuko ditu. Harrera-zentro nagusiak Eugin eta Zubirin egonen dira.
Gaur egun dauden bideak eta bidexkak egokituko dira; izan ere, horietako batzuk bide itxiak eta erabilgaitzak dira eta ezin da ibili han barna. Proposatutako ibilbideek zabalera aldakorra dute; izan ere, 0,5 metro zabal diren bidexkak daude, baita 5 metro zabal diren bideak ere. Egokitzapenerako lanak hauek izanen dira: bide-trazadura profilatzea, bide-zorua eskuaretzea eta berdintzea, beheko adarrak inaustea, harriak eta enborrak kentzea, orbel pilaketak kentzea. Hori egiteko baliabide naturalak baino ez dira erabiliko.
Seinalizaziorako kartel orokor bana jarriko da Eugin eta Zubirin, eremuko mapa globala erakutsiko baitute, dauden ibilbide guztiekin. Ibilbide bakoitzaren hasieran mapa adierazgarria jarriko da, balizaje gisa, eta bertan ondoko informazioa egonen da: ibilbidearen profila, kilometro kopurua, zailtasuna eta iraupena. Ibilbidean zehar 12 x 12 cm-ko panelak jarriko dira, zein norabide hartu behar den adierazteko.
Dibulgazioa sortuko den web orriaren bidez eginen da, erabiltzaileek ibilbideen gaineko informazioa eskura izateko. Honako hau: ibilbideen zehaztasun teknikoak (distantzia, zailtasuna eta iraupena) eta egoera, jarduera horretan aritzeko urteko garairik onena, ehiza garaiak, ehiza jardueren egutegia, baso ustiapenak eta baso lanak. Ezarritako aldi baterako murrizketak, mugak eta neurriak zehaztuko dira. Halaber, udalen web orriei buruzko informazioa emanen dute, erakunde publikoek ematen dituzten zerbitzuekin lotu ahal izateko.
Ibilbide batzuk Aldude mendia ES2200019 ZBEren barnean daude (abuztuaren 22ko 105/2005 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Kudeaketa Plana). Eta bide-zati batzuk Belate ES2200018 ZBEren barnean daude (azaroaren 5eko 105/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Kudeaketa Plana). ZBEtik kanpo badira beste ibilbide batzuk, honako udalerri hauek zeharkatzen dituztenak: Erroibar, Baztan, Esteribar, Lantz, Anue eta Frantziako herri batzuk.
Proiektatutako ibilbideen guztizko luzera 500 km-tik gorakoa da, kontuan hartuta bide-zati batzuetan zenbait ibilbideren trazadura gainditzen dela. Ukitutako ZBEetan, zenbait ibilbidek zehakartzen dituzte lehentasunezko interesa duten habitatak (larre mesofitiko azidofiloak, esfagnoen eta txilarren goi zohikaztegiak), espezie mehatxatuen habitatak (okil gibelnabarra, okil beltza), erabilera publikoko mendiak, eboluzio naturaleko mendiak, Odiako pagadiaren lekune naturala, GR-11 eta GR-12, Done Jakue Bidea eta 26. iraganbidea izeneko abelbidea. Proiektuaren memorian ibilbideen trazadura deskribatzen da.
Espedientean Esteribarko Udalaren (15/07/23) eta Kintoko Mankomunitatearen (2015/09/28) aldeko baimena dago lehendik zeuden bideak garbitzeko, BTT zentroa sortzea helburua baita.
Erroibarko Udalak (2015/06/06) eta Baztango Udalak (2016/04/06) txosten bana eman dute jardueraren eta udal planeamendu indardunaren arteko hirigintzarekiko bateragarritasuna adierazteko. Anueko Udalari eta Lantzeko Udalari kontsulta egin zitzaien jardueraren hirigintzarekiko bateragarritasunari buruz eta orain arte ez dute txostenik eman.
Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak (2016/06/09) aditzera ematen du jarduera baimendutzat hartzen duela eta ez duela lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar.
Kontsultatuta, txostena eman dute Nafarroako Gobernuko ondoko hauek: Ehiza eta Arrantza Atala (2016/08/16), Oihanak Kudeatzeko Atala (2016/09/20), Habitaten Atala (2016/06/30) eta Biodibertsitatearen arloko Lankidetza eta Kudeaketa Bulegoa (2016/06/28). Txosten horien edukia ebazpen honetan sartu da.
Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak kontrako txostena eman du 1, 2, 4, 5, 6, 7, 8, 10, 15, 19 eta 20. ibilbideei buruz, KBEen deklarazioa sustatu zuten gako-elementuak kontserbatzea bermatzen duten baldintza beharrezkoak ez izateagatik eta, hain zuzen ere, “mendi larre mesofitiko azidofilo (Nardus strictaren larreak) kantauriar-atlantiarrak” izeneko lehentasunezko interesa duten habitatetan eta esfagnoen eta txilarren goi zohikaztegietan barna joateagatik, “Odiako pagadia” naturagune babestua eta haren inguruko babes eremua zeharkatzeagatik, basoko espezie eta espezie harkaiztar mehatxatuen habitatean barna zirkulatzeagatik non egiaztatu baita habiak egin dituztela, baita pizidoen ugalketarako eremuak daudela ere.
Halaber, aldeko txostena eman dute ibilbide hauei buruz: 9, 11, 12, 13, 14 eta 17. ibilbideak, betiere zehazten diren baldintza orokorrak betetzen badira.
Orobat, aldeko txostena eman da 3, 16 eta 18. ibilbideei buruz, betiere errespetatzen badira baldintza orokorrak eta oreinen araldiak eragindako aldi baterako berariazko murrizketak.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Neurri batean Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “BTT Zentroa-Trailrunning Kintoa” proiekturako. Sustatzailea Eremua Bike Elkartea da. Zehazki, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen zaie 9, 11, 12, 13, 14 eta 17. ibilbideei, betiere ondotik zehazten diren baldintza orokorrak betetzen badira. Halaber, 3, 16 eta 18. ibilbideak baimentzen dira, betiere baldintza orokorrak eta ibilbide bakoitzaren aldi baterako berariazko murrizketak errespetatzen badira. Gainerako ibilbideetarako ez da ematen Ingurumen ukipenetarako baimena.
2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Baldintza orokorrak:
1.–Ebazpen honetan aipatzen diren ibilbideak baino ez dira baimentzen, bertan adierazi bezala.
2.–Ekimen horrek mendien jabeen baimena eduki behar du (toki entitateetakoenak nahiz jabe partikularrenak).
3.–Dagokion toki entitateak antolatu eta erregulatu beharko du BTT Trailrunning Kintoa zentroaren eta bere udal mugapeko ingurune naturalean garatzen diren jardueren bateragarritasuna; ondoko jarduera hauek, besteak beste: ehizarekin eta abeltzaintzarekin zerikusia dutenak, jolas jarduerak, mendi-ibilia, mendizaletasuna, turismo mikologikoa...
4.–Proposatutako ibilbideak egokitzeko, eskuzko baliabideak baino ez dira erabiliko eta garatu beharreko egokitzapen lanak soilik proiektu honen memorian deskribatuak izanen dira.
5.–Sustatzailea jarduerari jarraipena egiteaz arduratuko da, ingurumenari dagokionez; xedea izanen da aurreikusi ez diren eta jardueraren garapenarekin bateraezinak diren ingurumen ukipenak eragiten dituen edozein egoera identifikatzea eta, horrelako inguruabarra antzemanez gero, kontrolatu eta lehengoratzeko neurri gehigarriak hartzea. Inpaktua arintzeko edo lehengoratzeko neurriak aplikatuta ukipenak berean jarraitzen badu ukitutako eremuan jarduera egiteari utzi beharko zaio.
6.–Mantentzeko programa bat garatuko da, inpaktua prebenitu, arindu eta zuzentzeko behar diren neurriak jasotzen dituena.
7.–Jardueraren garapena eta eboluzioa aldizka ebaluatu beharko dira aldez aurretik aurkitu ez diren arazoak eta hutsuneak zuzentzeko eta ahalegin handiagoa behar duten neurriak indartzeko.
8.–Jarraipen Batzordea sortzea proposatu da, baimen honetako artikuluak betetzea zainduko duena. Jardueraren eboluzioa eta hartutako neurrien nahikotasuna eta eraginkortasuna baloratuko ditu eta neurri berriak hartzen ahalko ditu, baita murrizketa edo muga berriak jarri ere.
–Aldi baterako berariazko murrizketak:
Irailaren 15etik urriaren 15era arte, oreinen araldia dela-eta, horien egoera ahulagoa den sasoia alegia, BTTen joan-etorria ondoko ibilbide hauetan mugatuko da.
1.–3. ibilbidea. Banka-Eugi / 16. ibilbidea. Azegi-Etxarro-Saigots 2 / 18. ibilbidea. Usetxi-Revirada-3. km.
2.–Baimena dago BTTek Erro-Karlistak-Saigots 17. ibilbidea erabili ahal izateko, baina aholkatzen da ez erabiltzea Done Jakue Bideko erromesen joan-etorriarekin bateraezina izan daitekeelakoan.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jardueraren obrek kalterik sortzen badute haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Esteribarko, Erroibarko, Baztango, Lantzeko eta Anueko udalei, Basozaintzari (Bidasoa eta Aezkoa-Kintoa barrutiak) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko urtarrilaren 11n.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1700665