33. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATARRABIA

Udal ordenantza, Eremu publikoan terrazak eta beladoreak paratzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Atarrabiako Udalak, 2015eko apirilaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Espazio publikoak babesteko eta gizalegezko jokaerak sustatzeko udal ordenantza.

Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, jendaurrean egoteko epea ireki zen. Epea bukatu ondoren, Atarrabiako Udalak, 2016ko azaroaren 28an egin osoko bilkuran, aurkeztutako alegazioak ebatzi zituen eta behin betiko onetsi zuen aipatutako ordenantza hori, eta orain testu osoa ematen da argitara.

Atarrabian, 2016ko abenduaren 30ean.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.

XEDEA, KONTZEPTUA, APLIKAZIO EREMUA, MUGA OROKORRAK ETA APLIKATZEKO ARAUDIA, ERANTZUKIZUN ZIBILEKO ASEGURUA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honek ezartzen du araubide tekniko, estetiko eta juridikoa, haren menpe egon dadin jabari eta/edo erabilera publikoko espazioetan egiten den aprobetxamendu berezia, haiek aldi baterako okupatuz, terraza, beladore edo gisako instalazioekin, ostalaritzako establezimenduen zerbitzurako eta irabazi asmoz.

2. Ordenantza honetan ezarritako aginduen mende egonen dira, nahitaez bete beharrekoa izanen baita udal mugapearen barnean, taberna eta kafetegien jarduera lizentzia edo irekitzeko lizentzia duten jarduera guztiak, hala katalogatuta badaude irailaren 23ko 201/2002 FDaren arabera, bai eta merkataritzako establezimenduak ere, haien jarduera motagatik ordenantza honetan araututako baimena beharrezkoa badute.

3. Ordenantza hau erabilera publikoko espazio guztiei aplikatzen ahal zaie, haien titulartasuna edozein izanik ere. Erabilera publikoa egitatezko egoerak nahiz indarra duen planeamenduak dakarte.

2. artikulua. Definizioak.

Aitzineko artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako, jarduera nagusian aritzeko Udalaren baimena duen ostalaritzako jarduera baten aldi baterako osagarri izanik, mahai, aulki eta behin-behineko instalazio finko edo mugigarriei erraten zaie terraza eta beladore. Hona kontzeptu horiek:

a) Itxitura egonkorrik gabeko terraza beladoreduna: itxitura egonkorrik gabeko terraza beladoreduna da hiri altzarietako elementu desmuntagarriek –mahai, aulki, eguzkitako, toldo, lore-aska, upel, taburete eta bertze– osaturiko instalazio multzoa, espazio ireki eta eraikuntzarik gabeko batean paratua eta hurbil dagoen ostalaritzako establezimendu bateko jarduerei lotua.

b) Itxitura egonkorreko terraza beladoreduna: itxitura egonkorreko terraza beladoreduna da hiri altzarietako elementuek –mahai, aulki, lore-aska eta bertze– osaturiko instalazio multzoa, alde batean itxitura eta/edo estalki suerteren bat duena, hurbil dagoen ostalaritzako establezimendu bateko jarduerei lotua.

c) Altzariak: mahaiak, aulkiak, mahai garaiak, upelak, tabureteak, berogailuak, lore-askak, eguzki-babesak eta gisakoak paratzeari erraten zaio altzari.

3. artikulua. Muga orokorrak.

1. Terraza paratzeko eskubidea izateko, nahitaezko baldintza izanen da udal ogasunarekin zorrik ez izatea jardueraren eta/edo jarduera gauzatzen den establezimenduaren ondorioz, eta orobat asotsari buruzko araudia ez betetzeagatik zehatua ez izana.

2. Baimenen izaera juridikoa dela-eta, aldi baterako eteten ahalko dira, Udalak sustatu edo baimendutako besta, kultur, gizarte edo kirol jarduerak egiten badira. Orobat, eten eginen dira herri lanak egiten direlarik, edo zerbitzuen hornitzaile diren enpresek nahiz partikularrek egiten dituzten obra pribatuak egiten direlarik, gauzatzeko baimendu den denboran, horietarako nahitaezkoa baldin bada espazio publiko bera erabiltzea.

3. Terrazak eta beladoreak paratzea debekatzeko bertze arrazoi batzuk izan daitezke, behar bezala arrazoituz gero, bide segurtasuna edo oinezkoen trafikoari nabarmenki egiten dioten traba, irisgarritasuna edo segurtasuna (eraikin eta lokal hurbilen hustuketa eta hiri ekipamendu edo altzarien erabilera galarazi edo larriki trabatzea, edo interes publikoko gisako bertze inguruabar batzuk).

4. Emandako lizentziek urte natural bateko iraupena izanen dute gehienez, urte bakoitzeko abenduaren 31 arte, eta beste urtebeterako berritu nahi dutenek hala eskatu beharko dute urtarrileko lehen hamabostaldian, ezarritako tasa ordaindu izanaren frogagiria aurkeztuta.

4. artikulua. Aplikatzekoak diren arauak.

Ordenantza honetan arautzen diren muntadurek, ezarri denaz gainera, aplikatzeko diren araudiei jarraitu behar diete, erran nahi baita, ikuskizun publiko eta josteta jarduerei buruzkoari eta ingurumenaren babesari buruzkoari; beraz, haien determinazioak oso-osorik galdatzen ahalko dira, ordenantza honetan berariaz ez aipatuagatik ere.

5. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.

Baimenaren titularrak establezimendu nagusiaren gaineko erantzukizun zibileko eta suteetatik babesteko asegurua beharko du izan, eta haren babesak instalazioaren funtzionamendutik etor daitezkeen arriskuak ere hartu beharko ditu.

Instalazioak bete beharreko baldintzak

6. artikulua. Funtzionamendurako baldintzak.

1. Baimenen edo kontzesioen titularrek instalazioak eta elementu guzti-guztiak behar bezain garbi eta apain mantendu beharko dituzte, eta segurtasun baldintza egokiak betetzen dituztela bermatu. Horretarako, hondakinak bildu eta gordetzeko elementu egokiak eduki beharko dituzte.

2. Baimenen edo kontzesioen titularrak erantzuleak izanen dira erabiltzaileek auzoei traba egiten badiete; haien lana da, halaber, galaraztea erabiltzaileek janari-edariak terrazarako eremu baimendutik kanpora ateratzea.

3. Higiene eta osasun arloko baldintzei eta kontsumitzaileak nahiz erabiltzaileak babesteari buruzko araudi orokorrean biltzen diren xedapenak aplikatuko zaizkie ordenantza honen xede diren instalazioei.

4. Arau orokor gisa debekatuta daude:

a) Ur horniduraren, saneamenduaren eta/edo argindarraren harguneak, azken kasu horretan, argietarako eta/edo berokuntzarako argindarrarena izan ezik, ordenantza honetan arautzen diren baldintzetan.

b) Soinua erreproduzitzeko gailuak, hala nola musika-ekipoak, bozgorailuak edo bertze edozein (ekipo informatikoak, karaokeak etab.), soinua sor dezaketenak.

c) Salmenta-makinak, salgaia zeinahi delarik, eta edariak eta/edo jakiak prestatzeko instalazio osagarriak, (barrak, orgatxoak edo antzekoak) edo gisako bertze edozein.

d) Josteta makinak, ausazko jokoen makinak, billarrak, mahai-futbolak edo gisako bertze edozein.

e) Haurrendako josteta makinak paratu ahal izateko udal agintarien baimen berariazkoa beharko da.

5. Arau orokor gisa, orobat, debeku da honelakoak egitea:

a) Ezin izanen dira zoladuran finkagailuak ezarri.

b) Establezimenduaren kanpoaldean ezin izanen da produkturik, gairik edo hondakinik altxatu edo pilatu, ez funtzionamendu orduetan ez bertzelakoetan, bai estetikari eta itxurari lotutako arrazoiengatik bai higieneari dagozkion arrazoiengatik.

7. artikulua. Terrazak paratzeko baldintza orokorrak.

1. Aprobetxamenduaren baldintzak eta ezaugarriak.

a) Espazioak eta banaketa:

Oro har, beladorea non jarri nahi den, kale horretara ematen duen fatxada duten establezimenduei baino ez zaie baimenik emanen terrazak edo beladoreak jartzeko.

Establezimenduko fatxadaren zabalera nolakoa, halakoa edo txikiagoa izanen da terraza edo beladorea, eta haren aurrean kokatuko da.

Salbuespen gisa eta toki aldaketa justifikatu ondoren, betiere udal zerbitzu teknikoek erabakita, beste toki batean jarri ahalko da, irizpide orokorrari jarraitzea ezinezkoa baldin bada.

Beladore eremuak beti erabilera publikokoak izanen dira. Debeku da, oro har, beladoreak ataripeetan jartzea, salbu eta behar bezala justifikatutako kasuetan, gainerako baldintzak betetzen direla frogatzen bada.

Kale Nagusian eta Udaletxe plazan, oinezkoendako direnez, Udalak erabakiko du kokalekua, kontuan hartuz, besteak beste, segurtasuna, oinezkoak, bizikletak eta ibilgailuak zirkulatzerakoan, eremuko etxebizitzei egiten ahal zaien traba, bai eta zuhaitzei eta gainerako hiri altzariei ere.

Udaleko zerbitzu teknikoek eremu horiek markatuko dituzte zoruan zeharkako zerrendak pintatuz, arestian aipatutako determinazioak eta beladorea ezartzeko eremuaren ezaugarriak kontuan hartuz. Zerrenda horiek beladoreak okupatuko duen azalera gehienekoa zehaztuko dute, eta hori izanen da oinarria ordenantza fiskalean ezarritakoari jarraituz tasa kalkulatzerakoan, eta kontuan hartuz terrazarako okupatutako espazioaren kalkulua, 4m²-koa baita, mahai batek eta lau aulkik osatutako modulu bakoitzeko.

Ezin izanen da zoladuran elementurik finkatu; erraz desmuntatzekoak izanen dira eta beladorearen egonkortasuna bermatu beharko dute, haizearen, euriaren, elurraren eta beladorean nahiz bere elementuetan eragin dezakeen abarren aurrean.

Debeku da:

a) Musika ekipoak edo soinua sor dezakeen beste edozein elementu paratzea, bai instalazio finkoekin bai eramangarriekin. Telebistak ezarri ahalko dira, betiere soinua aktibaturik ez badute.

b) Arau orokor gisa, debeku da honelako elementuak paratzea:

1.–Hornidurarako eta saneamendurako harguneak.

2.–Salmenta-makinak, salgaia zeinahi delarik, eta edariak edo jakiak prestatzeko instalazioak.

3.–Josteta makinak, ausazko jokoen makinak, billarrak, mahai-futbolak edo antzeko beste edozein.

Haizea harrotzen denean eguzkitakoak tolestu eta altzariak bildu beharko dira, haren abiadura baldin bada egileak segurtasun baldintzak mantentzeko gehienekotzat jotzen duena edo handiagoa.

Irekitzeko lizentziaren titularra izanen da baldintza horiek mantentzearen erantzulea, bai eta beladorearen eremua higiene baldintza egokietan eta garbi mantentzearena ere.

b) Beladoredun terraza paratzea:

b.1) Terraza edo hori osatzen duten elementuetakoren bat paratzeko lekurik egokiena zein den erabakitzea Udalari dagokio.

b.2) Nahiz eta eremu batek baldintza guztiak bete terraza bat paratzeko, debekua jaso dezake edo eskatu baino tamaina txikiagokoa paratzeko baimena, lehentasuna eman behar baitzaio interes orokorrari interes partikularraren gainetik.

b.3) Terrazen eta beladoreen kokalekuak ez du inolaz ere trabatuko galtzadarako sarbidea ondoan diren finketako atarietatik edo haien lokalen sarbideetatik, ez eta ibilgailuen sar-atereak zaildu ere, legez baimenduak diren pasabideetan barna. Atari edo sarbide horien eta terraza edo beladoreen arteko gutxieneko distantzia 2,50 metrokoa izanen da; handiagoa ere izaten ahalko da.

b.4) Terrazak espaloietan kokatzen direnean, gutxienez ere 1,80 metroko zabalera duen eta oztoporik ez duen oinezkoendako pasabide bat gorde beharko da, modu jarraian eta etxesail baten lerroan zehar etenak saihestuz. Oinezkoendako pasabidea terraza eremu baten eta fatxada ondoko upel lerro baten artean dagoenean, edo ataripeetan terrazak jartzeko baimenak ematen diren salbuespeneko kasuetan, oinezkoendako pasabide horren gutxieneko zabalera 2,50 metrora handitu ahalko da.

b.5) Sarbidea bermatu beharko da beti Udalaren zerbitzu eta ekipamenduetara, larrialdietara eta zerbitzu konpainietara, gunean 24 orduz bermatu ere.

c) Estetikako baldintzak:

Beladoreek batasun estetikoa zaindu beharko dute eta egoki integraturik egonen dira hiri inguruan; baimenduko diren materialak izanen dira aluminioa, altzairua, beira eta kolore argiko olanak (grisak, txuriak).

Beladoreen elementu guztiak, haien egitura barne, desmuntagarriak izanen dira eta ez dira inoiz ere zoladuran finkatuak egonen.

Mahaiek eta aulkiek, bai eta beste edozein elementuk ere, gomazko babesak izanen dituzte, arrastaka eramatean ahalik eta zaratarik txikiena egin dezaten.

Upelak eta tabureteak:

Upelak eta tabureteak paratzen ahalko dira, haien pisu eta neurriengatik eramateko modukoak badira; upelek gutxi gorabehera 60 cm-ko aldea edo diametroa eta 1,20 metroko garaiera izanen dute, eta tabureteen garaiera upelari egokitutakoa izanen da. Erraz garbitzeko moduko materialekoak izanen dira. Tabureteen hanken azpian gomazko edo neoprenozko babesak jarriko dira, arrastaka eramatean ahalik eta zaratarik txikiena egin dezaten.

d) Segurtasun eta osasungarritasun baldintzak.

Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak.

Irekitzeko lizentziaren titularra izanen da baldintza horiek mantentzearen erantzulea, bai eta beladorearen eremua higiene baldintza egokietan eta garbi mantentzearena ere.

Establezimenduaren kanpoaldean ezin izanen da produkturik, gairik edo hondakinik gorde edo pilatu, ez funtzionamendu orduetan ez bestelakoetan, bai estetikari eta itxurari lotutako arrazoiengatik bai higieneari dagozkion arrazoiengatik.

Ikusmen-desgaituek hauteman ahal izateko, terrazako elementuen zati bat ere ez da aterako baimendutako eremutik kanpo; orobat, ez da onartuko baimendutako eremuaren perimetroan elementuak jartzerik (elementu mugatzaileak, haize-babesak, itxiturak edo eguzki-babesak), baldin eta haien azpiko ertza 15 zentimetro baino distantzia handiagora badago zoladuratik. Arrazoi beragatik, elementu hauetako bakoitzaren gutxieneko garaiera 90 zentimetrokoa izanen da, zoladuratik gora, eta elkarren jarraian dauden elementuen arteko distantzia 15 zentimetrokoa izanen da gehienez.

8. artikulua. Ordutegia eta funtzionamenduaren araubidea.

Jarduera nagusiak baimendua duen ordutegiaz landa, honako hauek izanen dira terrazen ordutegiak:

a) Ordutegi orokorra 8:00etatik 24:00etara izanen da.

b) Ostiraletan eta jaiegunen bezperetan, jaieguneko goizaldeko 1:00ak arte.

c) Herriko festetan eta aparteko ekitaldiak daudenean, irekitzeko gehieneko ordutegia Alkatetzaren ebazpenaren bitartez ezarriko da.

Aitzineko puntuan ezarritako ordutegia bukatuta, titularrak 30 minutuko epea izanen du instalazioa kentzeko. Aulkiak, mahaiak eta gainerako elementuak lokalaren barnealdean gelditu beharko dira eta kasu berezietan, pilatuta eta lotuta, ezarritako ordutegietatik kanpo erabili ez daitezen, betiere auzoei trabarik egin gabe.

Debeku da terrazaren muntaia egitea eta lanean hastea 8:00ak baino lehen.

Inolaz ere ezin izanen da lokal hartarako zehaztutako ordutegiaz kanpo aritu.

Aitzineko ataletan agindu denagatik ere, Udalak murrizten ahalko du ordutegia, inguruabar soziologikoak, ingurumenekoak edo hirigintza mailakoak bilduz gero, edo inguru hartako bizilagunendako eragozpenak sortzen dituzten asotsak jarduera horietatik heldu direla frogatzen bada. Halakoetan, ordutegi murrizketa baimenean berean agertu beharko da ingurumenaren arloko nahitaezko baldintza gisa, hori gabe ez baita baimenik emanen.

2. Aitzineko puntuan ezarritako ordutegia bukatuta, titularrak 30 minutuko epea izanen du instalazioa kentzeko.

d.2) Terrazak hartuko duen eremua honela zehaztuko da:

Irizpide orokorra izanen da mahai bat eta lau aulki, terrazako 2x2 metroko (4 m²) modulu bakoitzeko. Alboetako babesgarriek mugatzen ahalko dute, eta horiek esparrua zedarrituko dute eta bidea emanen diete itsuei oztopoa dagoela gaztigatzeko. Alboetako babesgarri horiek mugigarriak izanen dira eta betiere bat eginen dute ordenantza honetan biltzen diren baldintza estetikoekin eta inguruaren ezaugarriekin. Ez dira terrazarako baimendutakoa baino zabalagoak izanen eta, garaieraz, 0,40 metro izanen dira gutxienez eta 0,90 metro gehienez.

9. artikulua. Itxiturak dituzten terraza beladoredunak paratzeko baldintza partikularrak.

Baldintza orokorrez gain, beladoredun terraza mota honek baldintza hauek bete beharko ditu:

Beladoreek batasun estetikoa zaindu beharko dute eta egoki integraturik egonen dira hiri inguruan; oro har baimenduko diren materialak izanen dira aluminioa, altzairua, beira eta kolore argiko olanak (grisak, txuriak). Salbuespen gisa egurra edo antzeko materialak baimendu ahalko dira.

Beladoreen elementu guztiak, haien egitura barne, desmuntagarriak izanen dira eta ez dira inoiz ere zoladuran finkatuak egonen.

Beladore estalia jartzeko baimenarekin batera proiektua aurkeztu beharko da, teknikari eskudunak sinatuta. Bertan egin beharreko egitura justifikatuko da eta haren elementu ezberdinen ezaugarriak zehaztuko dira. Oinplanoko planoak, altxaera, sekzio eta abarrenak aurkeztuko dira, ezarri nahi den beladorearen irudi argi eta zehatza izateko.

Garaiera ez da inoiz 2,80 metrotik gorakoa izanen eta estalkia isurki bakarrekoa izanen da; berariaz debekatuta daude bi isurkiko estalkiak.

Arau orokor gisa, debeku da honelako elementuak paratzea:

1.–Hornidurarako eta saneamendurako harguneak.

2.–Salmenta-makinak, salgaia zeinahi delarik, eta edariak edo jakiak prestatzeko instalazioak.

3.–Aipatu den bezala, musika edo soinu ekipoak ezartzea, bai instalazio finkoekin bai eramangarriekin.

4.–Edozein motatako josteta makinak ezartzea (“txanpon-makinak” barne).

Terrazaren eremua berotzeko elementu gisa soilik estufak erabili ahalko dira, erakunde ofizial eskudunak behar bezala homologatuak; edonola ere, kontsumo txikiko gailuak izanen dira eta ingurumenaren iraunkortasuna errespetatzen dutenak.

Beladoreak aireztapen sistemak izanen ditu (naturala edo eragindakoa), haren barnealdean airearen kalitate egokia bermatzeko, indarrean den araudiari jarraituz. Puntu honi dagozkion frogagiriak aurkeztuko dira, proiektuaren agiriekin batera.

Diziplina araubidea

10. artikulua. Lizentziarik gabeko muntadurak.

1. Terrazak eta beladoreak baimentzeko eskumena duen udal agintaritzak edo Udaltzaingoak, ofizioz, terrazak eta beladoreak edo bertzelako elementu osagarriak kentzen ahalko ditu, eskura dituen baliabideak, bereak nahiz bertzerenak, erabiliz horretarako, badaezpadako eta berehalako neurri gisa, eremu publikoan lizentziarik gabe paratu badira, era orobat biltegiratuko ditu horretarako toki batean, betiere erantzulearen bizkar eta bidezko diren zehapenak ezartzeaz aparte.

Kendutako elementuak berreskuratzeko, behar den zehapena ordaindu dela frogatu beharko da, baita horiek kendu eta altxatzeak sorarrazitako kostua ere, Ordezko betearazpenen tasak eta betearazteko aginduenak arautzen dituen ordenantza fiskalaren arabera.

2. Lizentziak babesten duen aldia bukatu ondoan terrazak eta beladoreak bertan segitzea, diziplina kontuei dagokienez, baimen faltaren parekoa izanen da.

11. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau-haustetzat hartuko dira ordenantza honetan xedatuaren aurka doazen eginak eta ez eginak.

2. Aplikatzen ahal den araudi sektorialaren arabera zehatuko dira ikuskizun publikoei eta josteta jarduerei buruzko legerian nahiz adin txikikoen babesari eta kontsumitzailearen babesari buruzkoan tipifikaturiko arau-hausteak.

12. artikulua. Subjektu erantzuleak.

Jardueren titular diren pertsona fisiko edo juridikoak dira arau-hausteen erantzuleak.

13. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetako arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

1. Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Bizilagunei traba egitea.

b) Behar diren neurriak ez hartzea instalazioaren erabiltzaileek beladoreak okupatzeko markatu den eremutik kanpora heda ez ditzaten.

c) Okupaturiko espazioa behar bezalako baldintzetan ez edukitzea garbitasunari, segurtasunari eta apaindurari dagokienez.

d) Terrazak edo beladoreak hartzen duen eremua behar bezain garbi ez uztea muntadura eremu publikotik kendu ondotik.

e) Lizentzian baimendu tokia ez, beste bat okupatzea.

f) Lizentzian zehaztuak baino mahai-aulki gehiago ezartzea, edo hartan jaso gabeko bertzelako objektuak paratzea.

g) Hasteko edo ixteko ordutegia ordu erdi baino gutxiagoz ez betetzea.

h) Ordenantza honetan araututako elementuak paratzea Udalaren aginduzko lizentzia gabe, legeztatzeko aukera dagoenean.

i) Lizentzian ezarritako baldintzak edo ordenantza honetan ezarritako araudia ez betetzea, betiere larritzat edo oso larritzat jotako hutsegiteak ez badira.

2. Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Arau-hauste arinetan hiru aldiz berrerortzea.

b) Hasteko edo ixteko orduak ordu erdi baino gehiagoz ez betetzea.

c) Baimendu baino azalera gehiago okupatzea, %10etik goiti eta %25etik beheiti, edo mugatzeari dagokionez dauden bertze baldintza batzuk ez betetzea.

d) Nahitaezko asegururik ez izatea.

e) Muntaduraren funtzionamenduaren ondorioz bizilagunei edo oinezkoei traba frogatuak berriz eragitea.

3. Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Arau-hauste larrietan hiru aldiz berrerortzea.

b) Beladoreak dituzten terrazak baimenik gabe edo baimendutako alditik kanpora paratzea.

c) Baimendu baino azalera gehiago okupatzea, %25etik goiti.

d) Instalazioak zerbitzu publiko baten erabilera edo funtzionamendua galarazten edo trabatzen duenean edo ekipamenduei, azpiegiturei, zerbitzu publikoen instalazioei, espazio publikoei edo haien instalazio guztiei hondamen larria ekartzen dienean, hura berehala eteteko agindua ez betetzea.

e) Ordenantza honetan ezarritako baldintzak behin eta berriz eta larriki ez betetzeagatik, instalazioaren funtzionamenduaren ondorioz bizilagunei edo oinezkoei traba larriak eragitea.

f) Hasteko edo ixteko ordutegia ordubete baino gehiagoz ez betetzea.

3.a) eta 3.d) letretako kasuetan, nahaste nabarmentzat joko da modu larrian, berehalakoan eta zuzenean eragitea beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren, osasungarritasunaren eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari.

14. artikulua. Zehapenak.

1. Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteak egiteak ondoko zehapenak ezartzea ekarriko du berarekin:

a) Arau-hauste arinek 300 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.

b) Arau-hauste larriek 301etik 1.200 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.

c) Arau-hauste oso larriek 1.201etik 2.000 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.

2. Arau-hauste larrien sailkapena duten aitzineko artikuluko 2.e) kasuko arau-hausteek, edo oso larriek, aitzineko artikuluko 3.d) eta 3.e) kasuetakoek, badaezpadako neurritako ekarriko dute agintaritza eskudunak jarduera etetea, egokitzat jotzen den eperako, horren gainean ireki den zehapen espedientea ebazten den bitartean.

15. artikulua. Zehapenak finkatzea.

Zehapen espedientea instruitu bitartean hautematen diren inguruabar zehatzen ponderazioak aparte utzirik, urratze zehatzak duen garrantziari begiraturik graduatuko dira isunak, arau-hauste bakoitzak espazio publikoaren erabilera komun orokorrari, Udalaren zerbitzu publikoen garapen arruntari eta elkarbizitza publikoko harremanei egiten duen ukipena kontuan hartuta.

Bete beharrekoak bete daitezen agintaritzaren agenteek ematen dituzten jarraibide eta errekerimenduei kasurik ez egitea bereziki hartuko da kontuan, zehapenen zenbateko zehatza finkatzeko tenorean.

Betiere, proportzionaltasun printzipioa kontuan hartuko da zehapenen zenbateko zehazteko, eta aipatu diren inguruabarrez landa, asmo txarra, berrerortzea edo errepikatzea hartuko dira aintzat.

16. artikulua. Zehatzeko prozedura.

Tartean baimenik ez bada, zehapen prozedura orokorra ofizioz abiatuko da, behar den salaketaren ondorioz, eta abiatzeko ebazpen baten bidez eginen; hura, zehapenaren ebazpenaren proposamenarekin, ustezko erantzuleari igorriko zaio, bere eskubideak hobeki defendatzeko komenigarritzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan 15 eguneko epean. Prozedura abiatzeko ebazpenak pertsona bat izendatuko du prozeduraren instruktore; haren ardura izanen da zehapenaren ebazpenaren proposamen zehatza formulatzea, aurkezten diren alegazioen gainean ebaztea, komenigarri iruditzen zaizkion frogak egitea eta bidezko den isunaren azken zehaztapena, kasu bakoitzaren inguruabar berezien arabera.

Baldintzaren bat bete ez delako erantzukizuna duen pertsonari zehapen proposamena igorriz eta alegazioak egiteko 10 eguneko epea emanez hasiko da jabari publikoa erabiltzeko baimena duten pertsonen kontra baimen horietan ezartzen ziren baldintzak ez betetzeagatik abiatutako zehapen prozeduren tramitazioa. Prozedurari bukaera ematen dion ebazpenak, berriz, pertsona baimenduari zer zehapen jartzen zaion zehaztuko du, edo bestela erantzukizunik ez duela ezarriko.

17. artikulua. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.

Arau-hauste arinak sei hilabeteren buruan preskribatuko dira, larriak bi urteren buruan eta oso larriak hiru urteren buruan.

Arau-hauste arinengatik ezartzen diren zehapenak urtebeteren buruan preskribatuko dira, arau-hauste larriengatik ezartzen direnak bi urteren buruan eta arau-hauste oso larriengatik ezartzen direnak hiru urteren buruan.

Preskripzio epearen kontaketa eta haren etena administrazio prozedura erkideari buruzko araudian ezartzen denari jarraikiz eginen dira.

18. artikulua. Zehapenak betetzea.

Administrazio bidean irmo bilakatu ondoko hilabetean bete beharko dira zehapenak, hau da, zehapenaren ebazpenaren kontra hautara jar daitekeen berraztertzeko errekurtsoaren ebazpena jakinarazi ondoko hilabetean; batere errekurtsorik paratzen ez bada, zehapenaren ebazpena jakinarazi ondoko hilabetean.

Zehapena ordaintzeko emandako epea iraganik, haren ordainarazpena derrigorrezko betearazpenaren bidez eginen da, bidezko diren errekargu eta interesekin.

Ezartzen den epean ordainarazpena ez gauzatzeak baimena errebokatzeko edo iraungitzeko prozedura abiatzea ekarriko du.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honek indarra hartu aitzin eman lizentziek sei hilabeteko epea izanen dute ordenantza honetan jasotakoari jarraikiz bertze lizentzia bat eskatzeko.

Bigarrena.–Ordenantza honetan xedatzen denaren araberako ordenantza fiskala onetsi bitartean, egun indarra duena aplikatuko da, baina soilik zerga alorrean eta tasari dagokionez.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorioak izanen ditu haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako tramitazioa bukatuta.

Iragarkiaren kodea: L1700168