31. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE ARAKIL

Ohoreen eta goresmen sarien gaineko erregelamendua. Behin betiko onespena

Uharte Arakilgo Udalak, 2016ko urriaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Uharte Arakilgo Udaleko ohoreen eta goresmen sarien gaineko erregelamendua. Erabaki hori iragarki oholean paratu zen, eta 2016ko 219. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, azaroaren 14an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onesteko agindu da.

Uharte Arakilen, 2016ko abenduaren 30ean.–Alkatea, Ainara Ayestarán Ijurco.

UHARTE ARAKILGO UDALEKO OHOREEN ETA GORESMEN SARIEN GAINEKO ERREGELAMENDUA

Udalbatzak erregelamendu bide bat eduki nahi du, bere esker ona egoki adieraztearren erregelamendu honetako ohoreak eta goresmen sariak merezi dituztenei, jardun aipagarria izan dutelako, Uharte Arakilgo Udalaren aldeko merezimendu bereziak izan dituztelako edo Udalari onura nabarmenak ekarri dizkiotelako.

I. KAPITULUA

Uharte Arakilgo Udalak emanen dituen titulu eta goresmen sariak

1. artikulua. Nafarroako Foru Eraentza Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoak, 46. artikuluan, ezarri du Nafarroako udalek Estatuko nazioei oro har onartzen zaien autonomia izanen dutela gutxienez ere, 1978ko abenduaren 6ko Espainiako Konstituzioak VIII. Tituluko 137 eta 140. artikuluetan onartzen eta bermatzen duen autonomia, hain zuzen. Erregelamendu honen onespena xedapen hauetan oinarritzen da: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4. eta 49. artikuluak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Legearen 324. artikulua eta ondokoak, eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 189. artikulutik 191.era bitarteko artikuluak.

2. artikulua. Honako hauek dira ematen ahal diren ohore eta goresmen sariak:

–Seme edo alaba kuttuna.

–Seme edo alaba adoptiboa.

–Aipamen bereziak.

3. artikulua. Ohoreak eta goresmen sariak pertsona fisiko edo juridikoei eman ahalko zaizkie, erregelamendu honetan horietako bakoitzari buruz xedatzen denaren arabera.

Ondorio hauetarako, edozein erregistrotan inskribaturiko pertsona juridikoak, entitateak eta elkarteak parekatzen dira.

4. artikulua. Hauxe da lehentasun-ordena,

a) Pertsona fisikoei dagokienez:

–Seme edo alaba kuttuna eta seme edo alaba adoptiboa.

–Aipamen bereziak.

b) Pertsona juridikoei edo entitateei dagokienez:

–Aipamen bereziak.

5. artikulua. Goresmen sariak eta aipamen bereziak pertsona fisikoei egiten zaizkienean, horiek eginen dira omenduak bizi diren bitartean edo hil eta gero, haien oroitzarretan.

6. artikulua. Seme edo alaba kuttunaren edo adoptiboaren tituluak bizi bitartean edo, denbora mugarik gabe, hil eta gero emanen dira; hil artekoak, pertsonalak eta besterenezinak izanen dira.

Titulu horiek erabaki berean pertsona bati baino gehiagori emanez gero elkarrekin lortutako merezimenduengatik, goresmen sari bakar gisa zenbatuko da.

7. artikulua. Aipatutako goresmen sariak ez zaizkie emanen administrazio publiko batean edo haren mendeko entitate batean goi karguak edo kargu hautesgarriak dituzten pertsonei, egoera horrek dirauen bitartean.

8. artikulua. Erregelamendu honetan aipatzen diren goresmen sari guztiak ohorezkoak dira bakarrik, eta ez dute ekarriko eskubide ekonomikorik.

9. artikulua. Seme edo alaba adoptiboaren nahiz kuttunaren titulua jasotzen duten pertsonek eskubidea izanen dute, Uharte Arakilgo Udalak antolatzen dituen hotsandiko ekitaldi ofizialetan egoteko, ohorezko leku batean.

II. KAPITULUA

Seme edo alaba kuttuna eta seme edo alaba adoptiboa

10. artikulua. Seme edo alaba kuttunaren titulua Uharte Arakilgo herrian jaio ziren pertsona fisikoek hartu ahalko dute bakarrik, herriaren aldeko zerbitzuetan edo jardueran nabarmendu badira, eta itzal handia eta begiramen orokor eztabaidaezina lortu badituzte.

11. artikulua. Seme edo alaba adoptiboaren titulua Uharte Arakilgo herrian jaio ez ziren pertsona fisikoek hartu ahalko dute, berdin da espainiarrak edo atzerritarrak izan, baldin eta herriarekin lotura badute, herriaren interesen alde lan egin dutelako, eta aurreko artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

12. artikulua. Seme edo alaba kuttunaren eta adoptiboaren titulua diploma baten eta bereizgarri baten bidez egiaztatuko da.

Diploma hori Udaleko alkate udalburuak sinatuko du, eta Udalbatzako idazkariak horren fedea emanen du.

13. artikulua. Seme edo alaba kuttunaren eta adoptiboaren izendapenerako, espedientea tramitatuko da, eta hartan ziurtatuko da pertsona omenduak betetzen dituela erregelamendu honetan eskatzen diren baldintzak. Espedientea ofizioz nahiz parte batek eskaturik has daiteke, eta bi kasuetan zehaztu beharko da zertan oinarritzen den Udalbatzaren edo, kasua bada, eskaera sinatu dutenen nahia; horretarako, labur azalduko da zer gertakari edo inguruabar nabarmen den oinarria, pertsona horrentzat edo horientzat ohorea edo goresmen saria eskatzeko; gertakari edo inguruabar hori frogatuta egonen da, recoveta horren kalitatea eta maila ere aipatuko dira.

14. artikulua. Behar diren jarduketa guztiak eginen dira, proposatutako pertsonek dituzten merezimenduak egiaztatzeko. Merezimendua frogatzeko behar diren txosten eta lekukotasunak eskatuko dira, eta espedientean sartuta geratuko dira.

Aurreko izapidea bukatu ondoren, Alkatetzak Udaleko Osoko Bilkurari igorriko dio proposamena, dagokion erabakia har dezan.

Espedientea gehienez ere bi hilabeteko epean izapidetuko da hasten denetik aitzina, eta hura bukatu ondoren, Udalbatzak –bere iritziaren arabera eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2586/1986 Errege Dekretuaren 50.24 artikuluari jarraikiz– erabakiko du bidezkoa den ala ez ematea. Kideen legezko kopuruaren gehiengoak aldeko botoa eman beharko du.

III. KAPITULUA

Onartzea, publizitatea eta ematea

15. artikulua. Erabakiak indarra izanen du erabakitzen denetik aitzina, deusetan ukatu gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Udalaren iragarki oholean paratzea, orok jakin dezan.

16. artikulua. Udaleko alkateak emanen ditu goresmen sariak, hotsandiko ekitaldi publiko batean, eta hartara udalkide guztiei dei eginen zaie, deusetan ukatu gabe bidezko jotzen diren gonbidatuak deitzea.

Goresmen saria hil eta gero ematen denean, hildakoarengandik hurbilenekoa den ahaideari eskuratuko zaio edo pertsona horrek izendatzen duenari, testamentuan adierazitako nahirik ez dagoenean.

Pertsona juridikoen edo entitateen kasuan, legezko ordezkariari eskuratuko zaio.

IV. KAPITULUA

Ohorezko beste aipamen batzuk

17. artikulua. Udalak aipamen bereziak eman ahalko dizkie pertsona fisikoei, entitateei edo pertsona juridikoei, haien itzalagatik edo gizarte eraginagatik.

Goresmen sari hori bereizgarri bat eta diploma bat izanen lirateke. Diploma hori alkateak sinatuko du, eta Udalbatzako idazkariak horren fedea emanen du.

Aipamen hauek ez dute berariazko prozedura baten tramiataziorik behar, baina proposamena arrazoitua izanen da eta Osoko Bilkurak gehiengo soilez hartuko du erabakia.

18. artikulua. Udalak, halaber, pertsona fisikoen izenekin izendatzen ahalko ditu bera titularra deneko eremu publikoak, azpiegiturak edo eraikinak.

V. KAPITULUA

Baliogabetzea

19. artikulua. Goresmen sari guztiak baliogabetu ahalko dira, haiek jaso dituzten pertsona edo entitateek esker txarra agertzen badiote Udalari edo saritu batek egiteko modukoak ez diren ekintza itxusiak egiten badituzte.

20. artikulua. Eman dituen organo berak kendu ahalko ditu goresmen sariak, aurreko artikuluko arrazoiak direla medio. Goresmen saria emateko behar diren prozedura eta gehiengo berak beharko dira hura kentzeko.

VI. KAPITULUA

Goresmen sarien erregistroa

21. artikulua. Udaleko Idazkaritzak erregistro bat kudeatuko du non jasoko baitira erregelamendu honetan aipatzen diren ohore eta goresmen sari guztiak eman ziren eguneko datu guztiak. Bertan bilduko dira haiek jaso dituzten pertsona edo entitateen izena, haien mota eta jaso nahi diren datu interesgarri guztiak.

Iragarkiaren kodea: L1614984