31. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzaren eranskina, Nafarroako Ubideak ureztalur bihurtutako laborantzako herri-lurren aprobetxamenduari buruzkoa (IV.1, IV.2 eta V sektoreak). Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2016ko urriaren hogeita bostean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Tafallako udal mugapeko herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzaren eranskina, Nafarroako Ubideak ureztalur bihurtutako laborantzako herri-lurren aprobetxamendua berariaz ezartzen duena (IV.1, IV.2 eta V sektoreak) (2016ko 222. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren hamazazpian).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantzaren eranskin hori behin betiko onetsi eta testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tafallan, 2017ko urtarrilaren 4an.–Jarduneko alkatea, Cristina Arconada Armendáriz.

ERANSKINA

Tafallako udal mugapeko herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzarena, Nafarroako Ubideak ureztalur bihurtutako laborantzako herri-lurren aprobetxamendua berariaz ezartzen duena (IV.1, IV.2 eta V. sektoreak)

Tafallako herri-lurretako laborantzako lur batzuk ureztalur bihurtzeak, Nafarroako Ubidetik heldu diren uren bidez, ondasun horien aprobetxamendurako beste sistema bat ezarria du, aurreikusten ez dena “Tafallako udal mugapeko herri-lurretako ondasunen administrazioa, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzan” (hemendik aitzina Herri-lurretako ordenantza).

Eraldaketako obren finantzabidearen gainean Tafallako Udalak bere gain hartutako betebeharren, eta Nafarroako Ubidearen sisteman sartzearen ondorioz heldu direnen arabera, ureztalur diren lurzatiak esleitzeko baldintzak oso bestelakoak dira, ordenantzan agertzen direnekin alderatuta; izan ere, haren lehenbiziko faseko sektorean kokatzen dira Tafallan ureztalur bihurtu diren herri-lur horiek (IV.1, IV.2 eta V sektoreak), hori araututa baitago Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean.

Orobat, sektore horietako Ureztatzaileen Elkarteekin harremanak badaude, nola ez, eta horrek garamatza haien ordenantza eta erregelamendu orokorrak onartzera, eta nahitaez sortzen dira arau berriak, hark aurreikusten dituen testuinguru orokorrarekiko arras bestelakoak.

Horregatik guztiagatik, Tafallako Udalak beharrezkotzat jotzen du arautegi berariazkoa ezartzea herri-lurretako aprobetxamendu mota horretarako, eta bertan biltzea kontzeptu eta baldintza berriak, osagarri gisa, egungo Herri-lurretako ordenantzaren eranskin bat sortuz, ordezko gisa aplikatu ahal izateko.

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Eranskin honen xedea da Herri-lurretako egungo ordenantza osatzea, eta arau berariazkoak eta nahitaezkoak zehaztea Nafarroako Ubidearen uren ondorioz ureztalur bihurtu diren laborantzako herri-lurretako aprobetxamendua antolatzeko, sistema horren zati baitira IV.1, IV.2 eta V sektoreak.

2. artikulua. Laborantzako herri-lurretako ureztalurren aprobetxamendu motak.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 40.5.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, haren babesean ureztalur bihurtu diren herri-lurrak aprobetxatu egin beharko dira honako lehentasun hauen arabera:

–Lehen eta lehenbizi, familien lehentasunezko laborantzako ustiategiak, haien buru edo partaide lagun gazte bat bada.

–Bigarrenik, nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, lanbidez nagusiki nekazariak direnek osatuak.

–Hirugarrenik, Tafallako Udalaren zuzeneko ustiategiak.

Azkenik, eta soberako lurrik baldin bada, Udalak enkante publikoaren bidez esleitzen ahalko ditu.

1.–Esleipenak edo enkanteak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan iragarriko dira, enkantearen eguna baino hamabost egun natural lehenagotik gutienez ere.

Hala ere, herri-lurren bigarren eta hirugarren enkanteetarako edo esleipenetarako aski izanen da Udalaren iragarki oholean iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago, gutienez.

2.–Aurreko baldintzak eta Herri-lurretako ordenantzaren 25 eta 26. artikuluak eskatzen direnak beteta, lehentasunezko laborantzako ustiategietako titular direnek, esleipenerako sisteman sartu gogo badute, agertu beharko dute ureztaketari eta ongarri-ureztaketari buruz programatzen diren ikastaro homologatuetara, betiere ureztaketa abian dagoela deklaratu baino lehen edo, hala bada, ura erabiltzeko jarraibideak bete, horiek Riegos de Navarra SA sozietate publikoak zehazten baititu. Epeari dagokionez, gehienez ere ureztaketa sistema noiz jartzen den abian hurrengo sasoia bukatu baino lehen edo, hala bada, obren onarpena baino lehen.

3. artikulua. Eskabidea, loteak eta zozketa.

1.–Behin esleipenaren deialdia argitaratuta, aurreko artikuluaren baldintzak betetzen dituztela uste badute, laborantzako ustiategietako titularrek idatziz eskatuko diote Tafallako Udalari herri-lurretako esleipenaren onuradun izan nahi dutela. Eskabideari ondoko agiriak erantsi beharko zaizkio:

1.1. Ziurtagiria, nekazari gaztea edo lanbidez nagusiki nekazari dela erakusten duena.

1.2. Ziurtagiria, ureztaketak eta ongarridun ureztaketak programatzeari buruzko prestakuntza ikastaro homologatuak egin dituztela, edo konpromiso sinatua, ikastaro horietara joanen dela hala eskatzen zaionean, betiere ureztaketa abian dagoela deklaratu baino lehen edo, hala bada, obren onarpena baino lehen.

1.3. Konpromiso sinatua, Riegos de Navarra SAk ezarritako jarraibideak betetzen dituela ura erabiltzerakoan, ureztaketa abian jartzeko deklarazioa egin eta hurrengo sasoian, edo, hala bada, obren onarpena baino lehen.

1.4. Konpromiso sinatua, aldiro beteko dituela Nafarroako Gobernuak, Tafallako Udalak eta Ureztatzaileen elkarteek eginiko eskaerak, uraren erabilerari eta landatutako laborantza motaren ezaugarriei buruzkoak.

1.5. Herri-lurretako ordenantzaren 52. artikuluan ezarritakoak.

2.–Herri-lurretako ordenantzaren 53 eta 54. artikuluetan agertzen dira eskabideak onartzeko, esleipen-hartzaileen behin-behineko zerrendak osatzeko eta argitaratzeko, gerta daitezkeen erreklamazioak konpontzeko eta behin betiko zerrendak argitaratzeko prozedurak.

3.–Laborantzako herri-lurretako ureztalurren aprobetxamendu mota honetako lote ereduaren azalera, 2003ko maiatzaren 28ko Foru Aginduari jarraikiz, gutxienez ere izanen da inguru horretarako ureztatzeko oinarrizko unitatearen azalerakoa, alegia, 5 hektareatik 7ra bitartekoa.

Zenbat lote aprobetxatuko diren jakiteko, zatiketa eginen da, alegia, IV.1, IV.2, y V sektoreetan ureztatzen jarri diren herri-lurretako laborantzako lurren azalera zati Udalak zehazten duen ureztaketa oinarriko unitatea, horra lote kopurua.

Lotearen azalera aldatzeko, hamabost urte igaro beharko dira, gutxienez.

4.–Ondoriozko loteetatik, Udalak beretako gorde ditzake hainbat, izan daitezkeen eskariak estaltze aldera, hain zuzen ere eskubidea duten nekazari batzuek egiten ahal baitituzte, lehenbiziko esleipenean parte hartzerik izan ez dutelako.

5.–Gainerako loteak zozketen bidez esleituko dira, lehenbizi nekazari gazteendako lehentasunezko aprobetxamenduetarako, eta ondotik, lanbidez nagusiki nekazari direnendako aprobetxamenduetarako, honelaxe:

a) Zenbakiak jarriko dira modu batean zein bestean onartutakoen behin betiko zerrendetan.

b) Udalak eskaintzen dituen herri-lurretako ureztalurren loteei zenbakiak jarriko zaizkie.

c) Ondoren, eta ohiko moduan, zenbakiak zakutxoan sartu ondotik atera eginen da zenbaki bat onuradun jakin bati dagokiona eta beste bat, loteari dagokiona, eta biak elkarri atxikiak geldituko dira, horrela jarraituz bukatu arte.

Abeltzainek lote erdia eskuratzeko eskubidea izanen dute eta esleitu eginen zaie beren bazkatokiaren barrenean, eskortaren edo artegiaren mugan, betiere hala eskatzen badute.

Erabakiak hartzeko, izan daitezkeen inpugnazioak ebazteko eta onuradunei jakinarazteko prozedurak Herri-lurretako ordenantzaren 55.4 eta 56. artikuluetan xedatutakoaren arabera eginen dira.

6.–Zozketa eginda eta eskatzaile guztiei beren lotea esleitu ondoren, oraindik loterik eman gabe gelditzen bada, Udalak bigarren zozketa egiten ahalko du, prozedura berari jarraituz, horrela eskatzen duten nekazari guztien artean.

Bigarren zozketa eginda ere, oraindik loterik gelditzen bada, Udalak erreserbakoekin metatuko ditu, soberako lote gisa, geroan izan daitezkeen eskaerei erantzuteko.

7.–Esleitu gabeko lote baino eskatzaile gehiago baldin bada, eranskin honetako 2. artikuluan azaldutako aginduari jarraikiko zaio.

8.–Lehenbiziko esleipena eginda, laborantzako loteen onuradun izateko eskubidea duten nekazari gehiago agertzen bada, Udalak erabakiko du esleitzeko beste prozedura bat irekitzen duen, erreserbako loteekin eta soberakoekin, betiere jatorrizko esleipenari gelditzen zaion eperako. Nolanahi ere, jarraitu beharreko prozedura orain arte azaldutakoa izanen da.

9.–Tafallako Udalak beretako gordetzen du eskubidea esleipen prozesu bakoitza egin ondoren gelditzen diren soberako loteak enkante publikoan esleitzeko.

10.–Esleitzen diren loteak zatiezinak dira, hortaz, ez da onartuko esleipen hartzaileek azaleraren zati bati uko egitea. Uko partziala egiten bada, loterako eskubidea erabat galduko da, gelditzen zaion epe osorako.

4. artikulua. Adjudikazioaren epea.

Ureztalurren laborantzako esleipen epea hamabost urtekoa izanen da. Lehenbiziko esleipena eginda, Udalak erabaki dezake egokia dela epea aldatzea.

Esleipen hartzailerik bada esleipen epea baino luzeagoa duen laborantza mota bat landatu nahi duena, baimena eskatu beharko diote Udalari esleipen epea luzatzeko, behar duten denbora arte. Udalak epea luza dezake, gehienez ere 15 urte gehiagorako.

5. artikulua. Esleipenen araubide ekonomikoa.

Tafallako Udalak urteko kanona ezarriko du, hain zuzen ere 36,50 euro/erregua, urtero berrikusiko dena, jasotako diru-laguntzaren arabera, hori herri-lurretako ureztalurra erabiltzeagatik hartzen baita.

Ezarritako kanonak biltzen du amortizazio kuota, lurzatiko ureztaketa instalazioen banaz bertzeko 15 urteko iraunaldiaren ondorioz kalkulatua.

Kanona ordaintzeko. proposamena da urte naturaletan egitea eta hainbanatzea, alegia, esleipen urteko eta bukaera urteko hilabeteen arabera.

Orobat, esleipen hartzaileak kontsumitutako ura ordaindu beharko du, Udalak edo bertako Ureztatzaileen Elkarteek ezarritako prezioan.

1.–Sektore bakoitzeko Ureztatzaileen Elkarteek, sasoi bakoitzean, Nafarroako Ubidetik heldu den uraren metro kubikoaren oinarrizko prezioa finkatuko dute. Halaber, Riegos de Navarra SA sozietate publikoak, sasoi eta laborantza mota bakoitzean, uraren erreferentziako kontsumoak ezarriko ditu; Udalak finkatuko du esleipen hartzaile bakoitzari teorikoki dagokion ur bolumena; horretarako, laborantza mota bakoitzaren azalera bider erreferentziako kontsumoa eginen du, eta bukatzeko, bakoitzak dituen laborantza mota guztien batuketa eginen du.

2.–Esleipen hartzailearen egiazko kontsumoa baldin bada berari dagokion uraren erreferentziako bolumena baino txikiagoa, hura bera edo gehienez ere haren %10, ezarritako oinarrizko prezioa aplikatuko zaio ordainketan.

Egiazko kontsumoa erreferentziakoa baino %10 gehiago bada baina %20 gainditu gabe, oinarrizko prezioa halako hiru ordainduko du soberakin hori. Azkenik, egiazko kontsumoa erreferentziakoa baino %20 baino handiagoa bada, oinarrizko prezioa halako boskoitza ordainduko du soberakin hori.

3.–Kanonagatik eta amortizaziogatik diren urteko ordainketak, Udalaren adostasunez, Udalak zati ditzake hiruhilabeteka, bi hilabeteka, eta abar. Ur kontsumoagatik egin behar diren ordainketak egin beharko dira Udalak kobratzeko aurkezten dituenean, betiere tokian tokiko Ureztatzaileen Elkarteen karguak jaso ondoren.

4.–Herri-lurren loteen esleipenetan baja eman nahi bada norberak bere borondatez uko eginda, gutxienez hiru hilabete lehenago egin beharko da. Tafallako Udalak finkaren ikuskapena eginen du erabiltzeko eta aprobetxatzeko baldintza egokietan uzten dela egiaztatzeko; hala ez bada, esleipen-hartzaileari jakinaraziko zaio egoera konpon dezan. Ezarritako epea hasiko da kontatzen udal zerbitzuek aldeko txostena egiten duten unean; bitartean, egindako baja eskaerak ez du ondoriorik izanen.

6. artikulua. Funtzionamendu arauak.

1.–Ureztalurren loteen esleipen hartzaileak kasu egin eta bete beharko ditu Udalak eta/edo Ureztatzaileen Elkarteek emandako jarraibideak, alegia:

a) Ureztatzeko arauak.

b) Sistema orokorrak, ureztatzeko instalazio eta obren mantentze-lanetakoak.

c) Matxuren berri emateko metodoak.

Halaber, hartzen duten edozein arau edo erabaki, betiere sistemaren funtzionamendu egokia bermatzearren.

2.–Udalak, landazainen bidez, edozein momentu eta sasoitan egiten ahalko ditu egoki ikusten dituen ikuskapenak eta egiaztapenak, hala nola, ondoko hauek: laborantza moten egoera, ureztatzeko instalazioen funtzionamendua eta, oro har, ureztalur bihurtu diren herri-lurretako laborantzako lurren esleipenen gaineko arautegia behar bezala betetzen den egiaztatzeko. Esleipen hartzaileak lagundu beharko du egiteko horietan guztietan, ikuskapen lanak oztopatu gabe.

3.–Lote bakoitzaren esleipenaren hasieran, nekazaritzako zinegotzi delegatuak, tokian tokiko landazainak lagunduta eta nekazari esleipen hartzailearen aitzinean, egiaztatuko du ureztatzeko sistema egoki funtzionatzen ote duen eta horren gaineko akta jasoko du. Akta hori esleipen hartzaileak sinatuko du, betiere konforme badago.

Une horretatik aitzina, esleipen hartzailea izanen da instalazioaren eta haren erabilera eta maneiuaren arduradun bakarra. Behartuta egonen da esleitu zaion lotean dagoen ureztatzeko instalazioa konpontzera eta ordeztera, hala bada, hori guztia egoki erabiltzeko maneran egon dadin aldiro.

Betebehar hori betetzen ez badu, Udalak subsidiarioki egiten ahalko ditu lan horiek, eta gero kostuak esleipen hartzaileari kargatuko.

Orobat, nekazaria da erantzulea ureztaketaren maneiu desegokiaren ondorioz laborantza mota mugakideei edo hirugarrenei eragiten ahal zaizkien kalteak badira, eta horiek ordaindu beharko ditu.

4.–Eranskin honetako 4. artikuluaren arabera, betebehar eta ordainketa horien berme ekonomiko gisa, esleipen hartzaileek hauta dezakete honako aukera hauetariko bat:

–Diru-fidantza, 587 euro/hektarea.

–Banku-abala, 587 euro/hektarearen baliokoa.

–Autoaseguruaren poliza, betiere hori kontratatzerik badago; haren kostua kanonari atxikiko zaio.

Esleipen epea bukatzen denean, fidantza itzuliko da, betiere esleipen hartzaileak bete baldin baditu xedapen honen ondorioz heldu diren konpromiso guztiak.

Banku-abala denean, xedapen honetatik heldu diren konpromiso ekonomikoak betetzen ez diren unetan berean exekutatuko dira.

5.–Ureztalurretako laborantza moten loteak zuzenean landu beharko dituzte esleipen hartzaileek eurek, Herri-lurretako ordenantzaren 35.etik 40.era bitarteko artikuluetan zehaztutakoari jarraikiz.

6.–Abeltzain esleipen hartzaileek herri-lurretako ureztalurretan dauden larreak eta uztondoak egokiro aprobetxatu ditzaten, ureztalurretako laborantza loteen nekazari esleipen hartzaileek jakitera emanen diete Udalaren landazainei zein egunetan atera behar den laborantza mota bakoitza eta hurrengoa gutxi gorabehera zein egunetan landatuko den, betiere 8 eguneko epea errespetatuz batetik bestera, salbu eta aldez aurretik ukitutako abeltzainak edo nekazariak Udalaren landazainarekin adostutako kasu bereziak badira. Bigarren laborantza motarik egiten ez bada, epea 30 egunekoa izanen da, gutxienez.

7. Uztaren hondarrak aprobetxatzeko eskubidea bazkatokiko abeltzain esleipen hartzailearena da eta hori errespetatu egin beharko da, horrelaxe aginduta baitago Herri-lurretako ordenantzaren 78. artikuluan.

8.–Ureztalurretako laborantza loteen esleipen hartzaileak salbuetsiak egonen dira auzolan deritzon lan pertsonala egitetik, Herri-lurretako ordenantzaren VII. tituluko I. kapituluan aipatzen diren baldintzetan; izan ere, bideak mantentzeko kanona jadanik ordaintzen ari dira eta kontzeptu hori sartua dago horren barrenean.

9.–Laborantza loteen esleipen hartzaileek kasu egin beharko diete ITGk emaniko jarraibideei, transgenikoei dagokienez. Esleipen hartzailerik bada transgenikoak landatu nahi dituena, aldez aurretik Udalari jakinaraziko dio.

Arlo honen gainean baldin bada lerrun handiagoko legerik, hark aginduko du honako honen gainetik.

10.–Nekazaritza ekologikoa: interesa agertzen duenik baldin bada, Udalari eskatu beharko diote, zozketa eguna baino zazpi egun natural lehenago. Udalak erreserbatu eginen ditu loteak horretarako, eta horren gaineko zozketa, zozketa orokorra baino lehen eginen da. Zozketatik eman gabe gelditzen diren loteak orokorrari atxikiko zaizkio. Eskaerarik ez bada, ez da nekazaritzako ekologikorako lurzatirik erreserbatuko.

7. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Herri-lurretako ordenantzan aurreikusten diren arau-hausteen araubideaz eta Ureztatzaileen Elkarteen ordenantzetatik eta erregelamenduetatik etortzen ahal direnez gain, ureztalur loteen esleipen hartzaileak arau-hauste eta zehapenen araubide berariazkoaren menean egonen dira.

1.–Arau-hauste arintzat hartzen dira:

a) Udalaren edo Ureztatzaileen Elkarteen gomendioak ez betetzea.

b) Udal landazainen edo horretarako baimena duen bestelako erakunde baten ikuskapen lana oztopatzea edo ez laguntzea.

c) Lanabesak edo makineria uztea esleituak ez dituen beste laborantzako loteetan.

2.–Arau-hauste larritzat hartzen dira:

a) Hutsegite arinak berriz egitea.

b) Udal landazainen ikuskapen lana galaraztea, horretarako arrazoi aski izan gabe.

c) Loteen mugak aldatzea edo esleipenekoak ez diren loteetako lurrak landatzea.

d) Ureztatzeko instalazioak arduragabekeriaz erabiltzea, lote mugakideei edo hirugarrenen ondasunei kalteak eraginda.

d) Kanona ez ordaintzea, amortizazioaren urtekoa nahiz ur kontsumoarena.

d) Datu faltsuak edo ageriki gezurrezkoak ematea, esleipenerako eskubidea frogatzeko aurkezten den dokumentazioan.

3.–Arau-hauste arinak 300dik 500 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; larriak, 500dik 3000 euro bitarteko isunekin, eta sortzen diren kalteak ordaindu beharrarekin.

Udalak uste baldin badu arau-hauste bereziki larria izan dela, zehapena izan daiteke esleipena kentzea, inolako ordainik gabe, eta are gehiago, hurrengo esleipenetan aurkezteko debekua aginduz.

XEDAPEN OSAGARRIAK

Eranskin honen edukia aplikatzen denean izan daitekeen administrazio errekurtsoen araudiari dagokionez, Herri-lurretako ordenantzaren VII. tituluko II. kapituluan xedatutakoak aginduko du.

Orobat, herri-lurretako aprobetxamendu mota honetan, aplikagarriak izanen dira delako ordenantzaren VIII eta IX. tituluetako xedapenak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira Nafarroako Ubideko IV.1, IV.2 eta V. sektoreetako herri-lurretako aprobetxamendua arautzen duten udal ordenantzak, horiek Tafallako Udalak onetsi baitzituen 2008ko ekainaren 10ean eta 2009ko martxoaren 29an.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Herri-lurretako ordenantzaren eranskin honek ez die ez Udalari ez ureztatzaileei legez eskuratua ez duten bestelako eskubiderik ematen, ezta kentzen ere haien arabera dagozkienak.

Iragarkiaren kodea: L1700173