31. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ATARRABIA

Deialdia, izangaien zerrenda bat osatzeko, Amalur haur eskolan haur hezitzailearen lanpostuan aldi baterako kontratazioaren bidez aritzeko

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdia egiten da izangaien zerrenda bat osatzeko, haur hezitzailearen lanpostuan aldi baterako kontratazioen bidez aritzeko, Atarrabiako Udalaren Amalur haur eskolan sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

1.2. Izangaien zerrenda honek indarrik eta ondoriorik gabe utziko du deialdiaren lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko lehendik dagoen izangaien zerrenda oro.

1.3. Deialdi hau eginen da Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan, 42.2 artikuluan, aldi baterako langileen hautapenari buruzkoan, eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezartzen denari jarraituz.

1.4. Bete beharreko eginkizunak izanen dira haurrak zuzenean laguntzea, zaintzea eta heztea, horretarako planifikazio, jarraipen, koordinazio eta ebaluazio lanak garatuz, ikastetxearen hezkuntza proiektuan eta funtzionamendu arauetan ezarritakoari jarraituz.

1.5. Lanpostuak C mailari dagokion hasierako soldata jasoko du, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileendako ezarritakoetarik, gehi Udalaren plantilla organikoan ezarritako osagarriak (25.000 euro gordin/urtea, gutxi gorabehera, lanaldi osoko kontratuetarako).

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa.

Aitzineko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideei, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, hala nola haien oinordekoei eta ezkontidearen oinordekoei ere, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, baldin eta oinordekoak hogeita bat urtetik beheitikoak badira edo, zaharragoak izanda ere, haien bizkar bizi badira.

Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.

b) Hemezortzi urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Titulu hauetako bat edukitzea: Haur Hezkuntzako goi mailako teknikariaren titulua, Haur Hezkuntzako maisu-maistren lanbidean aritzeko gaitzen duen graduko titulua, Haur Hezkuntzako espezialitateko maisu-maistren titulua edo horren baliokidea, betiere, uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, edo eskabideak aurkezteko azken egunean hura erdiesteko maneran egotea.

d) Euskaraz jakitea eskatzen duten lanpostuetan, halaber, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailari dagokion ezagutza izan beharko da euskaraz.

e) Euskaraz jakitea eskatzen ez duten lanpostuetan, merezimendu gisa baloratuko da Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 maila izatea ahoz eta B1 maila, berriz, idatziz.

f) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

g) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

h) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

2.3. Dei eginda, aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

2.4. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedura aldian eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

2.5. Deialdian onartuak izateko nahitaezko betekizun horiez gainera, kontratatzeko tenorean, izangaiek elikagaien higienearen arloan prestakuntza jaso dutela ziurtatu beharko dute (elikagaiak erabiltzeko prestakuntza).

3.–Inskribatzeko prozedura.

3.1. Hautapen prozesuan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Atarrabiako Udaleko Erregistro Orokorrean, bertara agertuta edo bere egoitza elektronikoaren bitartez, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.3. Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.4. Deialdian parte hartzeko eskabidea I. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da eta harekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nortasuna frogatzen duen beste agiri ofizial baliokideren batena.

–Deialdian parte hartzeko eskubidea ematen duen titulu akademikoaren fotokopia konpultsatua.

–Euskaraz jakitea eskatzen duten lanpostuetan aritu nahi duten izangaiek edo euskara merezimendu gisa baloratzea nahi dutenek, hura eskatzen ez den lanpostuetan aritzeko, euskararen ezagutza frogatzen duen tituluaren fotokopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute; Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulazioa aurkeztu ahalko da.

Titulazio hori ez daukatenek eskatutako hizkuntza mailaren proba bat gaindituta frogatu ahalko dute ezagutza hori, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Proba hori Foru Komunitateko Administrazioak eginen du eta interesdunek deialdian parte hartzeko eskabidea aurkezterakoan eskatu beharko dute (I. eranskina).

–Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak ziurtatzen dituzten agirien fotokopia konpultsatuak.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.6. Agiriak aurkezten badira Administrazio Prozeduraren Legeak baimendutako gainerako bideetakoren bat erabiliz, eskatzaileak eskabidea igorri duela jakinaraziko du fax bidez (948 136 386 zenbakia), telegramaz edo posta elektronikoz (ayuntamiento@villava.es), eskabideak aurkezteko epearen azken eguna eta ordua baino lehen.

3.7. Bi betekizun horiek gabe dokumentazioa ez da onartuko, kontratazio organoak jasotzen badu oinarri hauetan adierazitako epea amaitzeko eguna eta ordua pasatu eta gero. Dena den, aipatutako epea iragan eta bost (5) eguneko epean dokumentazioa jasotzen ez bada, ez da inola ere onartuko.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Atarrabiako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko. Zerrenda horretan izangaien izen-abizenak jasoko dira eta, baztertuen kasuan, horretarako arrazoia ere bai.

4.2. Deialdiaren garapenari buruzko iragarki eta argitalpen guztiak Udalaren iragarki oholean eta web-orrian (www.villava.es) argitaratuko dira.

4.3. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko bost egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta okerrik egin badute, haiek zuzendu.

4.4. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko. Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda. Zerrenda horretan izangaien izen-abizenak jasoko dira eta, baztertuen kasuan, horretarako arrazoia ere bai.

5.–Deialdiaren epaimahaia.

5.1. Deialdiaren epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Mahaiburua: Atarrabiako Udaleko alkate udalburua edo Hezkuntzako Informazio Batzordeko burua.

–Mahaikide idazkaria: Udaleko idazkaria edo Giza Baliabideen zuzendaria.

–Mahaikidea: Ainhoa Ibarrola Hernandorena, Amalur haur eskolako zuzendaria.

–Mahaikidea: Izaskun Resano Apezarena, Iruñeko Haur Eskolak erakunde autonomoko haur hezitzailea.

–Mahaikidea: langileen ordezkari bat.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da eta ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa biltzen ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Hautapen prozesua.

6.1. Hautapen prozesuak bi fase izanen ditu: lehiaketaldia eta oposizioaldia, oinarri hauetan adierazten den gisan. Hasiera 2017ko urtarriletik aurrera gauzatuko da, seguruenik.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioaldiko probak non eta zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak gutxienez 48 ordu lehenago emanen dira argitara.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaldia ez da baztertzailea eta haren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, betiere deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin zuzeneko harremana duten gaiei loturik. Gehienez ere 30 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:

–Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 15 puntu.

–Prestakuntza osagarriagatik, haren edukiak lanpostuarekin zuzenean ikusteko badu, gehienez ere 5 puntu.

–Euskaraz jakiteagatik, hura jakitea behartzen ez den lanpostuetarako, 10 puntu gehienez.

7.2. Epaimahaiak III. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

7.3. Balorazio hori eginen zaie lehenengo 25 izangaiei soilik; oposizioaldia gainditurik, kalifikaziorik onenak lortu dituztenei, alegia. Zozketaren emaitzak iragarki oholean argitaratuko dira.

7.4. Euskara proba: oposizioaldiko kalifikazioak argitaraturik, hura gainditu duten izangaietako batek euskararen ezagutza proba egitea eskatua badu, epaimahaiak hizkuntza maila zehazteko proba egiteko deituko du, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

7.5. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian proba teoriko-praktikoa eginen da, gazteleraz, eta bertan hainbat aukeratako galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik. Gaiak deialdiko II. eranskinean ageri dira.

8.2. Probaren gehieneko balioa 70 puntu da, eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere puntuazio horren erdia eskuratzen ez dutenak. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte epaimahaiak probak hasi aurretik ezarritako proportzioan.

8.3. Dei bakarraren bidez eginen da proba, eta izangaiak NANa aldean dutela agertuko dira, nork bere nortasuna behar bezala frogatzeko. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Proben kalifikazio amaiturik, epaimahaiak argitara emanen du gainditu duten izangaien zerrenda, lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako kalifikazioak batuta izangaiek lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du, emaitzen inguruko alegazioak aurkezteko.

9.2. Alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzita, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda igorriko dio alkateari, hautapen prozesuko espediente osoarekin batera. Zerrenda horrek izangaien izen-abizenak jasoko ditu.

9.3. Bi izangaik edo gehiagok puntuazio bera baldin badute, berdinketa hausteko, lehentasuna izanen du lan esperientzia baloratzeko atalean puntuazio handiena lortu duen izangaiak. Berdinketak jarraitzen badu, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

9.4. Atarrabiako Udaleko alkate udalburuak aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda hauek osatuko ditu:

–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda.

–Probak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

9.5. Izangaiak deituko dira “Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak kudeatzeko arauetan” ezarritakoari jarraituz. Arau horiek 2016ko ekainaren 28an onetsi zituen Atarrabiako Udalak eta www.villava.es web-orrian daude.

9.6. Deia jasotzen dutenek gainerako betebehar hauen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte:

–Epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

–Elikagaien higienearen arloko prestakuntza (elikagaiak erabiltzeko prestakuntza).

10.–Datu pertsonalen babesa.

10.1. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Legearekin bat, izangaiek, deialdira aurkeztu hutsez, baimena emanen dute beren datu pertsonalen tratamendurako, eta jakinaren gainean geldituko dira “langileen kudeaketa” izeneko fitxategia dagoela, bertzeak bertze, langileak hautatzeko prozesuak egiteko.

10.2. Orobat ematen zaie aditzera izangaiei bildutako datuak hirugarrenei lagatzen ahal zaizkiela legean berariaz adierazten denetan, edo lagapena bertze administrazio publiko batzuei egiten zaienean, bakoitza bere eskumenetan ari dadin.

10.3. Hautapen prozesuaren emaitzak jendaurrean jarriko dira, ez bakarrik aplikatzeko arauetan ezartzen diren tokietan, baita Atarrabiako Herriko Etxeko iragarki oholean eta bertako Udalaren web orrian ere.

10.4. Atarrabiako Udala da fitxategiaren arduraduna eta udal egoitzan erabiltzen ahalko dira fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Atarrabian, 2016ko azaroaren 18an.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Ikastetxeko hezkuntza proiektua eta proposamen pedagogikoa.

2.–Hezitzailearen eginkizuna haur hezkuntzan. Eskumenak, trebetasunak eta jarrerak. Haurraren eta hezitzailearen arteko harreman interaktiboak.

3.–Hezkuntzako esku-hartzearen oinarriak. Ikuspuntu globalizatzailea. Ikasketa esanguratsua. Haurrak egiten duen ezagupenen erdiespena eta hezitzailearen laguntza pedagogikoa.

4.–Behaketa eta esperimentazioan oinarritutako metodologia. Laneko programazioa epe labur eta luzera. Egindako lanaren dokumentazioa.

5.–Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa. Ebaluazioaren eginkizuna. Ebaluazioko estrategiak, teknikak eta tresnak. Behaketa, ebaluazio teknika gisa.

6.–Praktikan oinarritutako ikerketa, haur hezkuntzan. Ikerketa, hezkuntza taldea hobetzeko estrategia gisa.

7.–Bilakaera unerik garrantzitsuenak 0-3 urte bitarteko aldian.

8.–Pentsamenduaren konplexutasuna. Garapen kognitiboa eta mugimenduarena, 0-3 urte bitarteko haurrengan. Sentitze-mugitzezko garapenaren eta garapen kognitiboaren arteko harremana haurtzaroan. Garapen logiko-matematikoa. Zentzumenen garapena: zentzumenak garatzeko jarduerak eta espazioak. Psikomotrizitatea eta bere eginkizun globalizatzailea garapen kognitibo, afektibo eta mugimenduzkoan: gorputzaren eskema eta bere garapena, posturaren kontrola, lateralitatea.

9.–Garapen sozio-afektiboa. Nortasunaren garapena: identitatea, autonomia eta autoestimua. Indibiduatzea eta sozializazioa.

10.–Mintzairaren garapena. Adierazpena eta komunikazioa 0-3 urte bitarteko haurrengan. Mintzaira eta pentsamendua. Ulermenaren eta adierazpenaren garapena.

11.–Esku-hartzea familiekin. Familiaren parte hartzea haur eskolaren heziketa zereginetan. Komunikazio eta lankidetza bideak. Bilerak gurasoekin, helburuak, planifikazioa eta balorazioa.

12.–Autonomia eta osasuna: haurren oinarrizko beharrak. Norbere autonomiarako ohiturak lantzea eta ebaluatzea. Elikadura, esfinterren kontrola, loa, garbiketa, janztea. Janordua hezkuntzarako une gisa. Haurraren atsedena.

13.–Jolasa, haurren garapen orokorrean. Jolasa, baliabide didaktiko gisa. Haur jolasaren garapena. Jolas heuristikoa. Jolas eta jostailu motak. Jolasa laguntzen duten material eta baliabideak. Hezitzailearen egitekoa haurren jolasean. Jolas eremuak eta jolastokia. Jolaserako giroa sortzea.

14.–Espazio eta denboren antolaketa eta ebaluazioa. Eguneroko erritmo eta ohiturak. Denbora antolatu eta banatzeko ereduak: banakako jarduerak eta taldekakoak. Espazioen antolaketa. Txokoak, jolaserako eta atsedenerako eremuak.

15.–Lantegiak, haurraren interesean eta jardueran oinarritutako metodologia gisa. Adierazpen artistikoa: teknikak eta baliabideak. Adierazpen artistikoaren garapena haurrengan. Mintzaira artistikoaren oinarrizko elementuak.

16.–Eskola berria eta Decroly, Montessori, Freinet eta Pestalozziren ideiak. Abanguardiako mugimendu pedagogikoak: Vigotski, Bruner, Ausubel eta Emmi Pikler. Reggio Emiliako (Italia) Udalaren haur eskoletan aplikatutako Loris Malaguzziren pedagogia. Korronte psikopedagogiko nagusien eragina haur hezkuntzan.

III. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 15 puntu, baremo honen arabera:

–Haur hezitzailearen lanpostuan entitate publiko batean urtebetez edo hortik gora egindako zerbitzuengatik: 2 puntu, urte oso bakoitzeko.

–Haur hezitzailearen lanpostuan entitate pribatu batean urtebetez edo hortik gora egindako zerbitzuengatik: puntu 1, urte oso bakoitzeko.

Laneko eskarmentua baloratzeko oharrak:

1. Laneko eskarmentua frogatuko da entitate kontratatzailearen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzako kotizazioaren ziurtagiria aurkeztuz.

2. Entitate kontratatzailearen ziurtagirietan hauek jaso beharko dira: kategoria profesionala, lanaldi mota (lanaldi partzialak izanez gero, portzentajea edo ordu kopurua zehaztuta) eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera data zehatzak.

3. Eskabideak aurkezteko epea bururatu aitzin gauzatu diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

4. Data beretan bi kontratu edo gehiago egon badira, izangaiari mesedegarrien zaion hura baloratuko da soilik.

5. Denbora partzialeko kontratuak eta urtebete baino gutxiago irauten dutenak, proportzioaren arabera kontatuko dira.

b) Bete beharreko lanpostuarekin zuzenean ikusteko duen edukiaren gaineko prestakuntza osagarriagatik, gehienez ere 5 puntu, baremo honi jarraikiz:

–Haur hezkuntzako eginkizunekin lotutako prestakuntza ikastaro bakoitzagatik, iraupena gutxienez ere 10 ordukoa izanik: 0,2 puntu ikastaro bakoitzeko, eta gehienez ere 2 puntu.

Prestakuntza osagarria baloratzeko oharrak:

1. Iraupena behar bezala frogatzen ez bada, ikastaroa 10 orduko gisa baloratuko da.

c) Euskaraz jakiteagatik, halakorik eskatzen ez den lanpostuetan aritzeko, gehienez ere 10 puntu, ondoko baremoari jarraituz.

Euskararen ezagutza baloratzeko oharrak:

1. Gehieneko puntuazioa jasoko dute Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 maila ahoz eta B1 maila idatziz daukatela egiaztatzen dutenek.

2. Ezagutza maila apalagoa dutela egiaztatzen dutenei proportzioan baloratuko zaie.

3. Ez dira onartuko ofizialak ez diren zentroek emandako egiaztagiriak ez eta azterketa-txartelak ere.

Iragarkiaren kodea: L1700619