31. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

4/2017 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 11koa. Honen bidez, Esteribarko eta Baztango udal mugapeen mugatze jurisdikzional partziala onesten da “Erregerena” izeneko mendian (3. mendia Nafarroako erabilera publikoko mendien katalogoan).

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren maiatzaren 19ko 230/2014 Ebazpenaren bidez, Esteribarko eta Baztango udal mugapeen mugatze partzialaren prozedura hasi zen, “Erregerena” izeneko mendirako (3. mendia Nafarroako erabilera publikoko mendien katalogoan). Ebazpen hori eta espedientearen kopia igorri zitzaizkion Institutu Geografiko Nazionalari, Toki Entitateen Biztanleria eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua arautzen duen uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren 18. artikuluan ezarritakoarekin bat, horrek nahitaezko txostena eman zezan.

2015eko urtarrilaren 5ean, Institutu Geografiko Nazionalak idazki bat igorri zion Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari, non adierazi baitzen ezen, Esteribarko Udalak tasa ordaindu izanaren ziurtagiria jaso ondoren, beharrezko idazkia igorriko zuela ingeniariak izendatzeko eta beharrezko bileraren eguna proposatzeko. 2015eko apirilaren 9an institutu horren idazkia jaso zen, 2015eko apirilaren 23an biltzeko proposamena ekarri zuena.

Aipatutako erregelamenduaren 18.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, 2015eko apirilaren 23an egin zen bilkura bat Institutu Geografiko Nazionalaren, bi udalen batzordeen eta instrukzio organoaren ordezkarien artean.

Toki entitate horien arteko desadostasunek bere horretan jarraituta, bilkuraren akta egin zen, eta bi alderdiei eskatu zitzaien dokumentazio osagarria igortzeko. Institutu Geografiko Nazionalean jaso zen, 2015eko ekainaren 2an.

2015eko urriaren 14an, Institutu Geografiko Nazionalak nahitaezko txostena egin zuen kasu honetako mugatzeari buruz, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian 2015eko azaroaren 4an sartu zena. Txosten horretan, erakunde horrek adierazi zuen kasu honetako mugatze prozedurak duen problema, funtsean, juridikoa dela; izan ere, ebatzi beharreko gakoa da ea 1919aren aurretik de facto zegoen egoerak behar adinako indar juridikoa zuen, ondoren edozein aldaketa jurisdikzional eginez gero, aldaketa egiteko aplikatu beharreko prozeduren arabera tramitatu behar izateko, aldaketaren unean indarra zuen araudiari jarraituz.

2016ko martxoaren 8an, Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuak txosten juridikoa egin zuen Institutu Geografiko Nazionalak adierazitakoari buruz. Bertan, ondorioztatu zen ezen, 1919ko Errege Aginduaren aurretik de facto zegon egoera aldatzeko, udalerriak aldatzeko behar den prozedura erabili beharko zela. Hortaz, Esteribarko batzordeak adierazten duen muga da lehenestekoa, “antzinako” M3T barne; izan ere, Institutu Geografiko Nazionalaren 1928ko aktetan hura aldatzeak kontra eginen lioke udalerrietako mugatzearen arloan aplikatu beharreko jurisprudentziari, institutuak bere txostenean zehazten duen moduan.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren martxoaren 14ko 62/2016 Ebazpenaren bidez, bi txostenak igorri zitzaizkien bi toki entitateei, bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak egin zitzaten.

2016ko maiatzaren 31n, Baztango Udalak alegazioen txostena igorri zuen, non irizpen hauek jaso baitziren:

–Zortasunak luditzeko 1919ko erabakiak, lurraldearen jabetza ez ezik, “imperium”-a ere eskualdatu zien baztandarrei, eta hura udalerriari erantsita gelditu zen. Izan ere, Udalak, ia 100 urtean, xedapenak, antolaketak, obrak eta kanonen kobrantzak egin ditu lurralde horren gainean.

–Eugiko Kontzejuak Erregerena mendia hartzeko 1991ko aktan, adierazi zen mendi horren iparraldeko muga Baztan dela.

–Esteribarrek mugen-erreklamazioa hasi du Baztanek lurrak okupatzeko baimena ukatu dionean Magnesitas de Navarra SA enpresari, alderdi horretan erauzketa jarduera bat martxan jartzeko. Ordura arte, udal horrek ez du inolako erreklamaziorik egin mendi horren gainean.

–Nahiz eta Institutu Geografiko Nazionalak ez duen artxiboetan aurkitu udal mugapea mugatzen duen prozedurarik, horrek ez du esan nahi halakorik ez dela izan. Hortaz, beharrezkotzat jotzen du ahalegin handiagoak egitea hura aurkitzeko.

–Oihan Kontseiluaren Lehenengo Ataleko buruak, 1929an, Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko oihan barrutiko ingeniari buruari egin jakinarazpenean, adierazi zuen Nafarroako erabilera publikoko mendien katalogoa aldatu beharra zegoela, Erregerenari zegokion aipamena Baztango mugape gisa sartzeko.

–Baztango zein Esteribarko udal katastroek eta Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroak irizten dute Baztango mugapea dela hura. Eta, 1919az geroztik, ez Esteribarrrek ez Nafarroako Gobernuak ez diote horri kontra egin.

–Hori dela eta, irizten du 1919aren aurretik de facto zegoen egoerak ez duela behar adinako garrantzi juridikorik. Hortaz, bi udalek onetsitako jurisdikzio agiririk ez dagoenez gero, Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia da aplikatzekoa.

Horri buruz, honako hau adierazi behar da:

–Institutu Geografiko Nazionalak 2015eko urriaren 14ko txostenean adierazten duen moduan, 1919aren aurretik, de facto egoerak Esteribarko udal mugapean kokatzen zuen Erregerena mendi osoa. Inongo agiri jurisdikzionalek ez du argitzen zein zen legezko egoera 1919aren aurretik, eta, Anuerekin egindako M3T izan ezik, ez dago lehenago adostasunez egindako mugatzerik.

–Aipatutako txostenean, Institutu Geografiko Nazionalak frogatutzat jotzen du Baztani esleitu ez zitzaion Erregerena mendiaren zatia mugatzeko prozedura administratiboa, 1919ko Errege Aginduaren ondokoa, jabetzaren mugatze bat baino ez zela izan, eta, udalerriak mugatzeko espediente administratiborik izan gabe lehendik, lehenbiziko prozedura horretan lehen aldiz aipatzen zela banandutako eta Baztani esleitutako zatia Baztango udal mugapean zegoela. Mendiaren jabetzaren mugatze horretan hasten da jabetzaren eta jurisdikzioaren arteko nahasketa hori, gaurdaino ailegatu dena.

–Aipatutako txosten horren arabera, 1919tik aurrera, bi udalek (hortaz, ez Baztangoak bakarrik) eduki nahi izan dute egun auzian dagoen lurraldearen gaineko jurisdikzioa, administrazio ahalen erabilera agertzen duten egintzen bidez.

Baztanen kasuan, Udalak, alegazioen idazkian, adierazi zuen xedapenak, antolaketak, obrak eta kanonen kobrantzak egin zituela lurralde horren gainean, baina ez ditu aurkeztu edo frogatu aipatzen dituen egintza jurisdikzional horiek.

Institutu Geografiko Nazionalaren txostenarekin bat, bi udalek egin dituzte jurisdikzioaren erabilera agertzen duten egintzak 1919tik aurrera: Baztanen kasuan, aurrekontuan sartu ziren auzian dagoen eremuaren zati batean larreak alokatzetik lortutako errentak (nahiz eta, diru-sarreren aurreikuspena izanik, ez dagoen frogatuta kobrantza hori egin zela), eta, Esteribarren kasuan, salgaien zergak kobratu ziren, eta etengabe egin dira erreklamazioak maila goragoko administrazioetan, auzian dauden lurraldeen jurisdikzioaren gainean Esteribarrek duen ustezko eskubideari buruz.

–Kasu honetako txostenean aztertzen den bezala, Nafarroako Gobernuko Lur-ondasunen Erregistroak Esteribarko antzinako katastroko poligonoen planoa prestatu zuen 1945ean, eta han Erregerena mendi osoa sartzen da. Hala ere, mendi horren nahiz Legua Acotada mendiaren kartografian, mugaren marra agertzen da Esteribarko planoaren barrenean.

Marra eta sinbologia horiek, Institutu Geografiko Nazionalaren arabera, XIX. mendeko Masen planoekin bat egiten dute, nahiz eta Baztango udalerriaren 1963ko planoan trazadura aldatu den, mendiaren 1919ko zatiketari jarraituz. Nabarmentzekoa da muga hori ez dela irudikatzen udalerriaren sinbologiarekin, baizik eta 93., 94. eta 107. poligonoen itxiera gisa. Udal banaketa berri hori da oraingo Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan jasotakoa.

Irudi du, hortaz, autonomia erkidegoko kartografia erakundeetan egun dagoen mugatze jurisdikzionala 1945etik 1963ra bitartean mugaren trazaduran egindako funtsezko aldaketaren emaitza dela, aurkeztu diren katastroko dokumentuak ikusita. Hala ere, ez dago jasota aldaketa mugatze jurisdikzionalaren inolako prozeduran oinarritu denik.

–Esteribarko Udalak auzian dagoen mendiaren jurisdikzioari buruz 100 urtean erreklamaziorik egin ez izanari dagokionez, zeren, gisa horretan, Baztango Udalak alegatzen duen moduan, oraingo erreklamazioak bat eginen bailuke Baztanek Magnesitas de Navarra SA enpresari ukatutako baimenarekin, auzian dagoen alderdian lur sail bat okupatzeko erauzketa jarduera bat martxan jartzearren, Institutu Geografiko Nazionalak adierazten du ezen, 80ko hamarkadaren bukaeratik gaur egun arte, Eugiko Kontzejuak eskatuta, Esteribarko Udalak Nafarroako Gobernuaren zenbait administraziotara jo duela 1919ko Errege Aginduaren aurretik de facto zegoen mugatze jurisdikzionala erreklamatzeko.

Hala, 1989an, Eugiko Kontzejuak Ogasuneko Kontseilaritzara jo zuen, eta, 1991n, berriz, osoko bilkuran erabaki zen auzitegian aurkaratzea Erregerena Mankomunitatearen Estatutuen onespena, Baztango Udalak berak aipatzen duena alegazioetan.

Halaber, Institutu Geografiko Nazionalaren arabera, Esteribarko Udalak Nekazaritzaren, Abeltzaintzaren eta Landa Sustapenaren Departamentura jo zuen, udal mugarteen mugatzea eskatzeko. Gaurdaino ailegatzen da toki entitate horrek jurisdikzioaren gainean egiten duen erreibindikazioa, kasu honetako mugatze espedientearekin.

Hori dela eta, adierazitako arrazoien arabera, bidezko da Baztango Udalak aurkeztutako alegazioak ezestea, ezin izan baitu frogatu 1919aren aurretik de facto zegoen egoerak ez zuela behar adinako indar juridikorik ondoren edozein aldaketa jurisdikzional eginez gero, aldaketa egiteko aplikatu beharreko prozeduren arabera tramitatu behar izateko, orduko legedia indardunari jarraituz, Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuaren 2016ko martxoaren 8ko txostenean frogatutzat jotzen den moduan.

Kontuan izanik espedientearen instrukzioan Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 12. artikuluan ezarritako prozedura bete dela, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateak espedientea ebaztea.

Lurralde Mugaketarako Batzordeak 2016ko azaroaren 23ko bilkuran egin aldeko txostenak osatzen du espedientea.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko urtarrilaren 11ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Esteribarko eta Baztango udal mugapeen mugatze jurisdikzional partziala onesten da “Erregerena” izeneko mendian (3. mendia Nafarroako erabilera publikoko mendien katalogoan). Mugaren marra da Esteribarko Udalaren Batzordeak defendatu duena. Haren UTM koordenatuak foru dekretu honen eranskinean daude jasota.

2. artikulua. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari foru dekretu hau betearazteko behar diren ekintza guztiak aurrera emateko agintzen zaio.

3. artikulua. Foru dekretu hau Baztango eta Esteribarko udalei jakinaraztea. Aditzera ematen zaie haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dutela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko urtarrilaren 11n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

ERANSKINA

UTM koordenatuak

1,617620,4766439

2,617638,4766529

3,617641,4766605

4,617693,4766708

5,617827,4766840

6,617872,4766943

7,617956,4767093

8,618112,4767268

9,618378,4767445

10,618616,4767334

11,618983,4767422

12,619098,4767349

13,619154,4767317

14,619201,4767296

15,619368,4767075

16,619415,4767042

17,619502,4767032

18,619576,4767081

19,619647,4767177

20,619649,4767247

21,619650,4767373

22,619714,4767620

23,619633,4767808

24,619640,4767879

25,619663,4767938

26,619738,4768098

27,619803,4768157

28,619830,4768196

29,619873,4768296

30,619930,4768348

31,620039,4768390

32,620116,4768408

33,620268,4768495

34,620348,4768532

35,620436,4768544

36,620327,4768780

37,620345,4768926

38,620380,4768970

39,620465,4769026

40,620608,4769052

41,620630,4769048

42,620694,4769004

43,620806,4768948

44,620937,4768879

45,620970,4768849

46,621028,4768783

47,621121,4768809

48,621220,4768827

49,621336,4768818

50,621380,4768767

51,621470,4768770

52,621607,4768793

53,621678,4768799

54,621723,4768860

55,621857,4768783

56,621901,4768690

57,621979,4768635

58,622050,4768575

59,622223,4768457

60,622282,4768342

61,622336,4768316

62,622385,4768265

63,622522,4768236

64,622578,4768193

65,622610,4768151

66,622611,4768015

67,622586,4767870

68,622596,4767840

69,622568,4767810

70,622549,4767725

71,622547,4767618

72,622500,4767531

73,622470,4767395

Iragarkiaren kodea: F1700465