31. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

6/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 30ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan 2017-2018 ikasturtean haurrak onartzeko prozedura arautzen duena.

Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duenak, 12. artikuluaren 1. atalean ezartzen du Hezkuntza Departamentuak arautuko duela ikasleak nola onartu funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan, baldintza beretan sartzeko aukera izan dezaten.

Bestalde, Hezkuntza Departamentuak uste du hobe dela Haur Hezkuntzako lehen zikloko zentroen titular diren entitateek berek erantzutea ikasturte honetarako dagoen euskarazko irakaskuntzaren eskaerari, Hezkuntza Departamentuak irakaskuntzen gainerako mailetan egiten duen bezalaxe, xedea izanik Euskarari buruzko Foru Legeak nafarrei euskara jakin eta erabiltzeko aitortzen dien eskubidea babestea.

Araudi indarduna aplikatzeko, eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak eskolatzearen arloan ezarritako esparruaren barnean, komenigarritzat jo da funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxe guztietan ikasleak onartzeko irizpideak eta prozedurak arautzea.

0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Ataleko buruak, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariaren oniritziarekin, txosten bat aurkeztu du, non haurrak onartzeko prozedura proposatzen baita, 2017-2018 ikasturterako, funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako.

2016-2017 ikasturtean indarrik gabe geratu denez abuztuaren 27ko 72/2012 Dekretuaren lehen xedapen iragankorra, zeinaren bidez haurren taldekatzeak eta ratioak xedatu diren azken lau urteotan, martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak artikulatuko ditu 2017-2018 ikasturterako haurrak onartzeko ratioak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 21.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. –Ebazpen honen xedea da funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan 2017-2018 ikasturtean haurrak onartzeko prozedura arautzea, zehaztapen hauekin bat:

1. Ikaspostuen hartzaileak.

Ikaspostua eska dezakete 2015ean eta 2016an jaiotako haurren aitek, amek edo tutoreek, eta 2017an jaiotako haurrenek, baldin eta 2017-2018 ikasturte hasiera baino 16 aste lehenago jaiotzen badira. Urtebetetik beherakoentzat instalaziorik ez duten Haur Eskoletan, ikasturte hasieran urtea egina duten haurrentzat bakarrik eskatzen ahalko da ikaspostua.

Ikastetxeetan hasteko, haurrak 16 aste beteak izanen ditu, edo urtebete, ikasturtea hasi baino lehen egina, baldin eta ikastetxeak urte batetik beherako haurrentzako instalaziorik ez badu.

Ebazpen honetan aurreikusitako prozedura 2016-2017 ikasturtean ikastetxean matrikulatuta ez dauden haurrei aplikatuko zaie, salbu ordainketa konpromisoari buruzko 4.1 oinarrian xedatutakoa, hura beren gain hartu beharko baitute ikaspostua erreserbatu duten eta haurren ikastetxeko udalerrian ez beste batean bizi direnek.

2. Haurrak onartzeko prozeduran eskumena duten organoak.

Entitate titular bakoitzak hautapen batzorde bat izendatuko du, eta gutxienez ere entitate titularraren eta ikastetxeen ordezkari batek edo batzuek osatuko dute. Entitate titularraren ordezkari bat izanen da batzordeburua.

Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ikaspostuak erreserbatzeko prozedura zehaztu eta burutzea.

b) Tramitaziorako baremoa eta epeak argitaratzea.

c) Eskatzaile bakoitzari dagokion puntuazioa esleitzea, haurrak onartzeko araudian ezarritako irizpideekin bat.

d) Haurrak onartzeko prozesua ebaztea, onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzea, lortutako puntuazioa adierazita, eta erreklamazioak ebaztea.

e) Plangintza egitea, haurrak unitateka banatuta, ikasturte hasieran duten adina erreferentzia gisa hartuta.

f) Behin-behineko plangintzaren lehen plantilla Hezkuntza Departamentura igortzea aurreinskripzioko datuekin, apirilaren 18a baino lehen; behin-behineko plangintzaren bigarren plantilla, matrikulako datuekin, ekainaren 13a baino lehen; eta behin betiko plantilla, ikasturteko lehen astean betetako ikaspostuen kopuruaren datuekin, eskolak hezkuntza ikuskaritzara onesteko bidalitako egutegiarekin bat.

Haurrak onartzeko epeak egokitu dituzten entitateen kasuan, onartuen behin-behineko zerrendak argitaratu baino lehen igorri beharko dute behin-behineko plangintza, aurreinskripzioko datuekin.

3. Haurrak onartzeko prozeduraren zati diren jarduketak.

Jarraian adierazten diren jarduketak eginen dira funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan haurrak onartzeko prozeduran:

a) Ikaspostuak erreserbatzeko prozedura, ikastetxe horietan 2016-2017 ikasturtean matrikulatu diren haurrentzat.

b) Eskaerak aurkeztu eta jasotzea, baremazioa egitea eta behin-behineko zerrendak argitaratzea.

c) Erreklamazioak ebaztea eta behin betiko zerrendak argitaratzea.

d) Matrikula egitea.

Iruñearen kasuan, aldi berean eginen dira Eskubide Sozialetako Departamentuaren ikastetxeetako aurreinskripzioa eta Iruñeko Udalaren ikastetxeetakoa.

4. Haurrak onartzeko prozeduraren garapena.

4.1. Ikaspostuak erreserbatzea.

Hautapen Batzordeak jarraibide batzuk ezarriko ditu 2016-2017 ikasturtean ikastetxera etorri diren haurrei ikaspostua erreserbatzeko. Erreserba 2017ko otsailaren 15etik 19ra bitarte eginen da. Nolanahi ere, ikastetxe bakoitzeko elkartzeko modalitatea desberdina izan daiteke Hezkuntza Departamentuak berrikusitako plangintzaren arabera.

Haur Hezkuntzako ikastetxeko udalerrian ez beste batean bizi diren haurren familien kasuan, ikaspostuaren erreserba egitean, idatzita aurkeztu beharko dute bizilekuko udalak edo familiak berak hartutako konpromisoa, udal titularrari dagokion moduluaren portzentajea ordaintzeko.

Ikaspostua erreserbatzean, aurreko lerroaldean adierazitako baldintza betetzen ez duten edo kuotaren bat ordaindu gabe duten familiek ezin izanen dute erreserba eskatu.

4.2. Eskaerak.

Eskaerak ikastetxean edo entitate titularrean jaso eta aurkezten ahalko dira, 2017ko martxoaren 1etik 15era arte. Entitate titularraren ikastetxe bat baino gehiago egonez gero, edo ordutegi edo hizkuntza eredu bat baino gehiago izanez gero, eskatzaileek horietatik zein lehenesten duten adierazi beharko dute.

4.3. Dokumentazioa.

4.3.1. Sartzeko eskabideak eredu ofizialaren araberakoak izanen dira, eta dokumentazio hau izanen dute erantsita:

a) Haurraren jaioteguna eta eskatzailearen bizilekua egiaztatzen dituen dokumentua. Oraindik ere jaio ez den haurraren eskabidea egiteko, noiz jaioko den aurreikusten duen txosten medikoa erantsiko da eta, adoptatutako edo harreran hartutako haurren kasuan, kasuan kasuko frogagiria sartuko da.

b) NANaren, pasaportearen, atzerritarrentzako bizileku-txartelaren edo balio bera duen aitaren eta amaren edo legezko tutoreen nortasun agiriaren fotokopia.

c) Familiaren osaera frogatzen duen dokumentazioa.

–Familia-liburuaren fotokopia (aita, ama eta seme-alabak) edo, halakorik ez badago, antzeko agiri ofiziala osorik.

–Haurra harrera-egoeran dagoela edo adoptatua dela frogatzen duen agiria.

–Banantzearen edo dibortzioaren kasuan, hura ezartzen duen epai judiziala edo legez frogatzen duen dokumentua aurkeztu beharko da.

–Familia unitateko edozein kideren minusbalioa frogatzen duen agiria, edo familia unitateko kideren bat Gizarte Segurantzako pentsioduna dela frogatzen duen agiria, baldin ezintasun iraunkor osoko, absolutuko edo baliaezintasun handiko pentsioa aitorturik badu.

d) Aitaren eta amaren edo legezko tutoreen lan-egoeraren eta/edo egoera akademikoaren frogagiriak.

–Besteren konturako langileen kasuan, aurreinskripzioaren epea bukatzeko egunaren aurreko 30 egunean Gizarte Segurantzan edo dagokion mutualitatean alta emanda zegoela frogatzen duen agiria, eta enplegatzailearen zinpeko deklarazioa edo ziurtagiria.

–Norberaren konturako langileen lan egoerak frogatzeko, aurreinskripzioa bukatzeko egunaren aurreko 30 egunean mutualitate orokorrean edo Gizarte Segurantzaren dagokion araubidean eta jarduera ekonomikoen zergan altan zegoela frogatzen duten agiriak beharko dira.

–Langabeziaren kasuan, enplegu eskariaren txartelaren fotokopia.

–Hiru urtetik beherako haurrak zaintzeko eszedentzian egonez gero, eszedentziaren jakinarazpena aurkeztuko da eta idatziz azalduko da lanera itzuliko dela ikasturtea hasi ondoko hilabete eta erdian beranduenez, jarduneko langiletzat har dadin.

–Eskaerak aurkezteko unean ikasten arituz gero, matrikularen, ikasturteko egutegiaren eta ordutegiaren frogagiriak aurkeztuko dira.

e) Errenta mailak frogatzeko agiriak.

–Aitaren eta amaren edo legezko tutoreen azken errenta aitorpenaren fotokopia. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin beharrik ez bada, ebazpen honen eranskinaren C.2 ataleko errenta edo diru-sarreren zinpeko adierazpena, eta/edo ikastetxearen titularra den toki entitateak beharrezkotzat jotzen dituen agiriak, 2015. urteko familiaren diru-sarrerak zein diren zehazteko, edo 2016. urtekoak, baldin ikasleak hartzeko prozesua 2017ko ekainaren 30aren ondokoa bada.

–Interesdunak bi aukera izanen ditu: dokumentazioa berak aurkeztea, edo entitate titularrari baimena ematea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barrenean eskumena duen unitate organikoari edo departamentuari behar den dokumentazioa eska diezaion. Baimen hori eskabide bitartez eman beharko da, deialdian dokumentazioa aurkezteko ezartzen den epearen barrenean, eta agiria noiz eta zein organotan aurkeztu zen finkatu beharko da.

f) Aitaren, amaren edo legezko tutoreen bizilekua edo lantokia eraginpeko eremu geografikoan dagoela frogatzen duen dokumentua.

–Erroldaren ziurtagiria, Udalak emana, haurra eta aita edo/eta ama edo haurraren legezko tutoreak 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen udalerrian erroldatuta daudela jasotzen duena, edo, lanagatik edo haurrarekin bizi den gurasoaren beste arrazoi batzuk direla eta, udalerri horretara bizitzera aldatu diren egunekoa.

–Jaio gabeko haurren kasuan, haurraren aitaren eta/edo amaren edo legezko tutoreen erroldaren ziurtagiria.

–Haur eskolaren udal titularrak beste udalerrietako haurrak ez onartzeko ahalmena izanen du, haiek udal titularrari dagokion moduluaren portzentajea ordaintzeko konpromisoa, bizilekuko udalarena edo familiarena berarena, aurkezten ez badute idatziz.

–Aita, ama edo haurraren tutoretza egiten duen pertsona eskatu den ikastetxean zerbitzuan ari bada, edo entitate titularraren Haur Hezkuntzako beste edozein ikastetxetan, Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeko Zuzendaritzaren ziurtagiria, eskatzailea bertan lanean ari dela agerrarazteko.

–Zaintza eta jagoletza dituen aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokia zein den frogatzen duen agiria.

–Bizilekuz aldatzea aurreikusi bada, etxebizitza ikasturtea hasi baino lehen emanen dela frogatzen duen agiria baloratuko da. Kasu horretan, gaur egungo bizilekua zein den adieraziko da jakinarazpenetarako, eta bizileku berria, berriz, baremazioa egiteko.

–Haur eskolaren udal titularrak beste udalerrietako haurrak ez onartzeko ahalmena izanen du, haiek udal titularrari dagokion moduluaren portzentajea ordaintzeko konpromisoa, bizilekuko udalarena edo familiarena berarena, aurkezten ez badute idatziz.

g) Sarbide zuzenerako baldintza bereziak betetzen direla frogatzen duen agiria:

–Haurraren minusbalioa kalifikatzeko ziurtagiria eta/edo haurraren mendekotasun handia (III. gradua) aitortzen duen egiaztagiria eta/edo profesional batek egindako txostena, dituen ezaugarriengatik hezkuntza berezia behar duela dioena.

h) Beste edozein egoera berezi baloratzen duten frogagiriak. Medikuaren, psikologoaren, gizarte langilearen edo zerbitzu espezializatu ofizialen txostena aurkeztu beharko da inguruabar hori frogatzeko.

4.3.2. Alegatzen den egoerari buruzko ziurtagiriak aurkezten ez badira, zero puntuazioa emanen da onarpen baremoan dagokion atalean.

4.3.3. Egiaztatzen bada eskabidean edo erantsitako agirietan adierazitako datuak okerrak edo faltsuak direla, dagokion puntuazioa aldatuko da eta, kasua bada, emandako ikaspostua kenduko.

4.3.4. Hautapen Batzordeak zilegi izanen du edozein unetan eskatzea hautapen baremoan puntuazioa duten inguruabarrei buruzko frogagiriak zuzentzeko.

4.4. Ebazpenaren faseak.

4.4.1. Eskabideak baloratzeko, Hautapen Batzordeak ebazpen honen eranskinean ageri den baremoa aplikatuko du, haurren gurasoek edo legezko tutoreek aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

4.4.2. Onartuen behin-behineko zerrenda eta behin-behineko itxarote-zerrenda ikastetxearen eta entitate titularraren iragarki oholean jarriko dira 2017ko maiatzaren 5ean, ebazpen honetan ezarritako baremoa aplikatu ondoren lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz.

4.4.3. Erreklamazioak ikastetxearen entitate titularrean aurkeztuko dira, Hautapen Batzordeari zuzenduta, eta azalduko da zergatik eskatzen den behin-behineko zerrendetan agertutako puntuazioa berrikusteko. Aurkezteko epea 2017ko maiatzaren 5ean hasi eta maiatzaren 11n bukatuko da, biak barne. Ezin izanen dira inolaz ere hautapen baremoan puntuazioa ematen duten agirietako akatsak zuzendu.

4.4.4. Onartuen behin betiko zerrenda eta behin betiko itxarote-zerrenda 2017ko maiatzaren 19an argitaratuko dira ikastetxearen eta entitate titularraren iragarki oholetan, lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz.

4.5. Matrikula egitea.

4.5.1. Matrikulak entitate titularrak finkatzen duen tokian eginen dira, 2017ko maiatzaren 19tik 26ra bitarte, biak barne.

4.5.2. Matrikula egiteko, beharrezkoa da haurrak 16 aste beteak izatea ikasturtea hasten denean, edo 12 hilabete, urte batetik beherako haurrentzako instalaziorik ez duten ikastetxeen kasuan.

4.5.3. Ezarritako epean matrikularik egiten ez bada, ikaspostuari uko egin zaiola ulertuko da, eta beste esleipen bat eginen da itxarote-zerrendako ordenari jarraituz.

4.5.4. Eskatutako aukeretako batean matrikula egiteak ikastetxe bereko beste aukera guztiei uko egitea ekarriko du, edo herri bereko beste edozein ikastetxetakoei, ikastetxearen entitate titularrak hala ezartzen duen udalerrietan.

4.5.5. Matrikula egiteko honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Gizarte Segurantzako kartillaren edo txartelaren fotokopia, haurra inskribatua dela frogatzeko.

–Matrikulari dagokion kuota ordaindu izanaren egiaztagiria.

–Beste udalerri batean bizi diren haurren kasuan, modulutik udalari dagokion portzentajea finantzatu izanaren egiaztagiria. Finantzaketa hori bizilekuko udalaren edo familiaren beraren kontura izanen da.

–Aitaren eta amaren edo legezko tutoreen 2016ko pertsona fisikoen errentaren gaineko aitorpenaren fotokopia. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin beharrik ez bada, 2016. urteari dagozkion errenta edo diru-sarreren zinpeko adierazpena, eta/edo ikastetxearen titularra den toki entitateak beharrezkotzat jotzen dituen agiriak, aipatutako urteko familiaren diru-sarrerak zein diren zehazteko.

Agiri hori aurkezteko eguna 2017ko ekainaren 30era arte atzeratzen ahalko da.

–Ordainagiriak helbideratzeko banku entitateko kontu-zenbakiaren fotokopia, titularra eta zenbakia agertzen dituena.

–Kasua bada, beharrezkoa den osasun informazioa, haurra behar den moduan zaintzeko.

–Beste seme-alaba batzuengatiko kuotak ordaindu gabe dituzten familiek ezin izanen dute haurren lehen aldiko matrikula egin.

4.5.6. Itxarote-zerrendan sartutako haurrak ikaspostu hutsak sortzen direnean matrikulatzen ahalko dira ikastetxean, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz, harik eta 2018-2019 ikasturteko ikaspostuen erreserba egiteko epea ireki arte.

4.5.7. Matrikula epea bukaturik, ohiko epetik kanpo aurkezten ahalko dira haurra onartzeko eskaera berriak, harik eta 2018-2019 ikasturteko ikaspostuen erreserba egiteko epea ireki arte; betiere, aurkezteko unean haurrak 16 aste beteak izan beharko ditu, edo urtebete ikasturte hasieran, adin horretatik beherakoentzat instalaziorik ez duten ikastetxeetan.

Eskaera horiek kontuan hartuko dira ikasposturen bat hutsik gelditzen bada, onarpen prozesu arruntean sortutako itxarote-zerrenda agortu ondoren. Ikaspostuak esleitzeko, eskabidea aurkezteko egunari jarraikiko zaio; betiere, eskaera unean haurrak 16 aste beteak baditu, edo urtebete ikasturte hasieran, urte batetik beherako haurrentzako instalaziorik ez duten ikastetxeen kasuan.

4.5.8. Oro har, ez da haurrik onartuko ikaspostuen erreserbaren ondoren. Salbuespenez, entitate titularrak hala erabakitzen duenean eta Hezkuntza Departamentuak ontzat ematen duenean, aipatu epetik kanpo ere matrikula daitezke haurrak. Matrikulazio horiek ez dute eskubiderik ematen hurrengo ikasturtean ikaspostua erreserbatzeko.

5. Hezkuntza laguntzako askotariko premiak dituzten ikasleak.

Hezkuntza laguntzako askotariko premiak dituzten haurrek sarbide zuzena izanen dute Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan. Hezkuntza Departamentuak antolatuko du nola banatu eta kokatu haur horiek.

Sarbide zuzena emateko beharrezkoa izanen da Hezkuntza Departamentuak (Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak) aldeko txostena ematea, alde batera utzita eskaerekin batera aurkezten diren txostenak.

6. Epeak egokitzea.

Aldez aurretik Hezkuntza Departamentuari jakinarazita, entitate titularrek ebazpen honen 4.2, 4.4.2., 4.4.3. eta 4.4.4. ataletan aipatutako epeak egokitzen ahalko dituzte, eta apirilaren 8a izanen da 2017-2018 ikasturterako ikaspostuen erreserba egiteko azkeneko eguna.

7. Ikasleak onartzeko prozedura berezia.

Haurrak 2017-2018 ikasturtean onartzeko prozedura bereziak abiarazten ahalko dira ikastetxe berrietarako edo unitateak handitzen dituzten ikastetxeetarako. Halakoetan, horretarako eratutako Hautapen Batzordeak, aldez aurretik Hezkuntza Departamentuari jakinarazita, ebazpen honen 4.2, 4.4.2., 4.4.3., 4.4.4., 4.5.1. eta 4.5.6. ataletan adierazitako epeak zehaztuko ditu.

8. Tarifak.

Hezkuntza Departamentuak familien 2017-2018 ikasturteko tarifak arautzen dituen araudian ezarritakoaren arabera aplikatuko dira tarifak.

9. Bajak.

Hona bajarako arrazoiak:

–Aitak, amak edo legezko tutoreek egindako baja eskaera.

–Haurra, arrazoi justifikaturik gabe, ikastetxean ez hastea, ikasturtea hasi eta 15 egun natural iraganik.

–Ikastetxean hasirik, 15 egun naturalean ez agertzea arrazoirik gabe.

–Bi hilabeteko kuota ez ordaintzea, jarraian edo ez.

2.–Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3.–Ebazpen honen eta bere eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4.–Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari eta 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko urtarrilaren 30ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Hautapen baremoa

A) Aitaren eta amaren edo legezko tutoreen egoera soziolaborala edo akademikoa:

A.1) Haurren aita, ama edo legezko tutoreak jarraian adierazten diren egoeretako batean daudenean: 20 puntu gehienez.

–Aita, ama edo legezko tutoreak lanaldi osoan edo partzialean daudenean biak.

–Aita, ama edo legezko tutoreak, biak, dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari direnean, behar bezala frogaturik.

–Aita, ama edo legezko tutoreetako bat lanaldi osoan edo partzialean eta bestea dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari denean, behar bezala frogaturik.

–Familia gurasobakarrak, lanean edo ikasketa arautuetan ari direnak lehentasunezko dedikazioarekin.

A.2) Gurasoetako edo legezko tutoreetako bat lanaldi osoan edo partzialean edo dedikazio handia behar duten ikasketak egiten, eta bestea lan bila, 15 puntu.

A.3) Aita eta ama lan bila, 10 puntu.

–Heldu batek eta bere seme-alabek osatutako familiak, seme-alaben zaintza eta jagoletza modu esklusiboan dituztenak, behar bezala justifikatuta, eta lan bila ari direnak (familia gurasobakarrak), 15 puntu.

A.4) Lan-egoeraren kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

1.–Gizarte Segurantzan edo, zein den kasua, jarduera ekonomikoen zergan alta eman gabe egindako lana ez da kontuan hartuko.

2.–Seme-alaba baten jaiotzagatik lanean ez egotea, lanpostu finkorik izan gabe, hau da, ordezkoen zerrenden eta antzekoen kasuetan, ez da eszedentziatzat hartuko.

3.–Baremazioaren ondorioetarako, lanaldi osoko edo partzialeko lan gisa kontatuko dira ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.

4.–Ikasketak baloratzeko, ikasketa araututzat hartzen dira titulu akademiko ofizialak eskuratzeari begira egiten direnak: DBHa, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Unibertsitateko titulazioak, eta abar.

Orobat, dedikazio handitzat joko da interesduna, ikasketa planaren arabera, ikasturte oso bateko kreditu edo irakasgaien %80an, gutxienez ere, matrikulatua dagoenean.

A.5) Lan bila egoeraren kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

Pertsona bat lan bila dabilela joko da Nafarroako Enplegu Zerbitzuko edozein agentziatan edo enplegu agentzia baimendutan enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoenean.

B) Familiaren osaera, gehienez metatzen ahal den puntuazioa: 15 puntu.

B.1) Modalitateak:

–Deialdi eta ikastetxe beretan bi seme-alabarentzat edo gehiagorentzat ikaspostua eskatzen duten familiak (ikaspostuaren erreserba sartzen da, baita jaiogabearentzako eskaera ere), 15 puntu.

–6 urtetik beherako bi seme-alaba edo gehiago dituzten familien kasuan: 1 puntu. Ondorio horietarako, bakarrik kontuan hartuko dira aurreinskripziorako epea bukatu arte jaiotako seme-alabak.

–Heldu batek eta bere seme-alabek osatutako familiak, seme-alaben zaintza eta jagoletza modu esklusiboan dituztenak, behar bezala justifikatuta (familia gurasobakarrak), 5 puntu.

–Familia unitateko edozein kideren minusbalio fisiko, psikiko edo zentzumenekoa, gutxienez %33koa eta aitortua bada, 4 puntu.

B.2) Familiaren osaeraren kontzeptua:

1.–Familia unitatearen zati dira zaintza eta jagoletza dituzten aita eta ama edo adingabearen tutoreak, seme edo alaba adingabeak, salbu eta gurasoen baimena izanda haiekin bizi ez direnak, eta judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatuaren edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak. Familia harreran diren haurrak familia unitateko kidetzat joko dira ondorio guztietarako.

2.–Banantze edo dibortzio kasuetan, ez da kidetzat joko adingabekoaren zaintza eta jagoletza ez dituen aita edo ama.

B.3) Zehaztapenak.

–“6 urtez azpiko seme-alabak” kontatzeko, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako seme-alabak hartuko dira kontuan.

–“Bi anai-arrebarentzat edo gehiagorentzat ikaspostua eskatzea deialdi berean” kontzeptuagatik emandako puntuazioa galdu eginen da eskatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik matrikula egiten ez bada.

–Familia harreran diren haurrek, betiere egoera hori behar bezala frogatuta, ikastetxean anai-arrebak izateagatik ematen den puntuazioa lortzen ahalko dute, familia-hartzaileak eskatutako ikastetxean seme edo alabaren bat badu eskolatuta.

C) Familia unitatearen urteko errenta mailak: 15 puntu gehienez.

C.1) Errenta tarteak eta puntuazioa:

–LGS (lanbide arteko gutxieneko soldata) halako 1,5, gehienez ere: 15 puntu.

–LGS (lanbide arteko gutxieneko soldata) halako 1,7, gehienez ere: 12 puntu.

–LGS halako 2,8, gehienez ere: 8 puntu.

–LGS halako 3,9, gehienez ere: 4 puntu.

–LGS halako 3,9 baino gehiago: 0 puntu.

C.2) Errenta mailen kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

1.–Familia unitatearen urteko errenta izanen da aitaren eta amaren edo legezko tutoreen 2015eko diru-sarrera edo errenta indibidual justifikatuen batura.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko 2015eko zergaren aitorpena aurkeztuta justifikatuko da familia unitatearen urteko errenta.

2.–Zerga-oinarriaren alde orokorrari higigarriaren kapitala errendimenduen saldo positiboa eta ondare-eskualdaketen saldo positiboa gehituta eta etxebizitza zaharberritzeko edo eskuratzeko jasotako diru-laguntzak kenduta ateratzen den emaitza izanen da errenta indibiduala.

Ondorio praktikoetarako, errenta kalkulatzeko laukitxo hauek batuko dira: Nafarroako Foru Komunitatean, 2015. ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko 507, 8810, 8808 laukitxoak ken 708 laukitxoa, edo horien baliokide direnak Estatuko gainerako aitorpenetan.

3.–Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin beharrik ez bada, 1. eta 2. azpiataletako errenta eta diru-sarreren zinpeko adierazpena, eta/edo ikastetxearen titularra den toki entitateak beharrezkotzat jotzen dituen agiriak aurkeztu beharko dira, 2015. urteko familiaren diru-sarrerak zein diren zehazteko, edo 2016. urtekoak, baldin ikasleak hartzeko prozesua 2017ko ekainaren 30aren ondokoa bada.

4.–Banantze edo dibortzio kasuan:

–Haurraren zaintza eta jagoletza dituen aitaren edo amaren errenta aitorpena edo diru-sarrerak hartuko dira kontuan.

–Oinarri honen 2. atalean xedatutakoaren arabera kalkulatutako diru-sarreretatik, zaintza eta jagoletza ez dituen aitak edo amak seme-alaben mantenurako urtean ordaindutakoa kenduko da; betiere, itun erregulatzaile edo erabaki judizial baten arabera ordaindutakoa izan beharko du.

D) Eraginpeko eremu geografikoa; puntuazioa, gehienez ere: 20 puntu.

D.1) Haurra eta aita eta/edo ama eta/edo legezko tutoreak 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen eskaeraren xedeko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxea dagoen udalerrian edo eraginpeko eremu geografikoan den udalerri batean erroldatua egoteagatik (horretarako akordioa ezarria duten udalerrietan): 20 puntu.

D.2) Aita, ama edo legezko tutorea eskaeraren xedeko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxea dagoen udalerrian edo eraginpeko eremu geografikoan lanean aritzeagatik: 8 puntu.

D.3) Aita, ama edo legezko tutorea entitate titularraren Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxe batean lanean aritzeagatik: 5 puntu.

E) Beste irizpide batzuk.

Hautapen Batzordeak beste behar larri batzuk, pertsonalak, familiakoak edo sozialak, behar bezala frogatuak eta aurreko ataletan bildu gabeak, hartzen ahal ditu kontuan (10 puntu, gehienez ere).

F) Puntuazioko berdinketa kasuak ebaztea.

Baremoa aplikatuta, adin talde bakoitzerako eskaintzen den azken ikaspostuan berdinketa gertatuz gero, egoera ebazteko irizpide hauek aplikatuko dira, bata bestearen ondoren:

–Ikastetxean anai-arrebak dituzten haurrak.

–Familiaren errenta txikiena.

–Berdinketak jarraituz gero, Hautapen Batzordeak ebatziko du zozketa baten bitartez.

G) Beste herrietako bizilagunak onartzea.

Haur eskolaren udal titularrak beste udalerrietako haurrak ez onartzeko ahalmena izanen du, haiek udal titularrari dagokion moduluaren portzentajea ordaintzeko konpromisoa, bizilekuko udalarena edo familiarena berarena, aurkezten ez badute idatziz.

Iragarkiaren kodea: F1701283