30. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

15E/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Lesakako Udal Planeko egiturazko aldaketari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena lurzoru urbanizaezinaren eremurako. Lesakako Udala da sustatzailea.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, lurzoru urbanizaezina ukitzen duten aldaketek Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dituzte.

Lesakako Udal Planeko aldaketa 2014ko uztailaren 25ean onetsi zuen hasiera batean Lesakako Udalak, eta jendaurrean jarri zen 2014ko 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, abuztuaren 11n. Jendaurreko aldi horretan ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.

2015eko martxoaren 9an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin zuen dokumentazioan eta, zehazki, Ingurumen ondorioen azterlanean, ingurumenaren aldetik kontuan hartu beharreko alderdiei buruz. Txosten hori betetzeko helburuz, 2015eko azaroaren 4an, Ingurumen ondorioen azterlana eta hari erantsitako dokumentu bat, “Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalaren txostenari emandako erantzuna” izenekoa, aurkeztu ziren.

Gero, 2016ko maiatzaren 20an, Lesakako Udalak behin-behinekoz onetsi zuen Lesakako Udal Planeko egiturazko aldaketa.

Lurzoru urbanizaezineko jarduerak erregulatuko dituen berariazko araudia zehaztea da aldaketaren helburu nagusia, Foru Komunitateko araudiarekin bat eta Nafarroa Atlantikoko LAP 2ko determinazioekin bat etorriz. Aldaketaren aplikazio eremuak Lesakako landa-lur guztia hartzen du, eta lurzoruaren kategorizazio berri bat proposatzen du harentzat, dauden balioen arabera. Hirigintzako Udal Planean ezarritakoak indarra izaten jarraitzen du hiri-lurzoruentzat eta lurzoru urbanizagarrientzat.

Betiko auzoek, baserri barreiatuek eta komunikazio bide nagusietara eta herrigunera iristen diren bideen sare zabal batek osatzen dute okupazioaren eredua. Orain aurkezten den proposamenak mugatuta dauden 11 auzoetako (Endara, Auzoberri, Zala, Biurrana, Zalain, Alkaiaga, Otsango, Katazpegi, Nabaz, Izotzaldea eta Frain) bati atxikitzen dio udal mugape osoa.

Landa-lurzorua antolatzeko proposamenari hura babestu eta zaindu beharreko lurzoruaren kategorian sartuta heltzen zaio, eta hirigintzako azpikategoriak esleituta dauden balioen arabera. Proposamen horren deskripzioa Ingurumen ondorioen adierazpen honi gehitutako I. eranskinean sartzen da. Zaindu beharreko lurzoruari dagokionez, landa-lurzoru guztia ustiatze naturalerako balio duen lurzorua da, eta ibar-beheko alorrak eta belardiak, mendiko larreak eta ingurumen eta ekoizpen balioko basoak eta ekoizpeneko basoak bereizten dira. Labore eta aprobetxamenduen mapatik abiatuta mugatu dira azpikategoria horiek.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txosten batean dio Ingurumen ondorioen azterlanak eta araudiak azpikategoria bakoitzari ingurumen balio jakin bat aitortzen dioten arren, proposatu diren erabileren araubidea ez datorrela bat kasu guztietan balio horien zainketarekin paisaia, edafologia, abeltzaintza eta/edo basogintza aldetik.

Ingurumenaren ikuspegitik positiboak dira aipatu azpikategorientzat ezarri diren erabileraren irizpide orokorrak. Hala ere, jarduerak erregulatzen dituen araudiak ingurumen ondorio garrantzitsuak sor ditzake zenbait kasutan, eta balio horien iraupena zalantzan jarri. Alde horretatik, aldaketak baimentzeko modukotzat jotzen dituen eraikinentzat, on da paisaia integraziora bideratutako irizpideak eta neurriak errepikatzea, araudiari erantsiko zaizkionak:

–Ez da eraikinik ezarriko gailurretan, gainetan, begiratoki naturaletan eta irtenguneetan. Baldintza hori bereziki lurraldeak konektatzen dituzten eremuetan (Biandizko, Pagolletako eta Unanuko gainak) eta gailur-lerroetan, hala nola, Aita Donostian, hartuko dira kontuan. Larre horietako paisaiaren ahultasun handiak (abeltzaintza estentsiboari lotuta daude), lehentasunezko interesa duten habitatek (larre azidofiloak eta txilardiak) eta intereseko ondare elementuek neurri hauen aplikazioa behar dute haien balioak zaintzeko.

–Prebentzio neurri gisa, ezin izanen da eraikinik ezarri %30etik gorako malda duten lurretan, eraikuntzak lurraren berezko topografian egokituta eta integratuta egon daitezen.

–Ibar-beheko alorren eta belardien mugaketa zuzenduko da ondoren aipatzen diren lurzatietan, eta mendi-larreak izanen dira: Aita Donostiako parajea (8. poligonoko 30A azpilurzatia, 10. poligonoko 62 C eta G azpilurzatia), Burdiko Harria (8. poligonoko 32., 33. eta 57. lurzatiak), Telleria (9. poligonoko 4A azpilurzatia) eta Endara Erreka (8. poligonoko 41A, 42A, 50B eta 78A azpilurzatiak).

“Eremu ez-emankor” deitutakoei dagokienez, haien ezaugarriekin bat heldu den hirigintza kategoria bat esleituko zaie. Alegia:

–Endarako eta Domikoko urtegiak, Endara errekaren arroan. Edateko urari lotutako azpiegitura hidraulikoak dira eta, horrenbestez, azpiegituretarako lurzoru gisa sailkatuko dira.

–San Antongo harkaitza (Kopako Harria) Aiako Harrietako granitozko azaleratze berezien parte. Paisaia eta natura aldetik duten balioagatik, paisaia balioagatik zaindu beharreko lurzoruan, udalaren intereseko paisaietan sartuko dira.

–Herrigunea. Hiri-lurzoru edo/eta lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta jarraitzen dute, indarra duen planeamenduaren arabera.

Paisaiaren ikuspegitik, paisaia berezitzat jotzen diren zenbait eremu hartu dira kontuan. Frain mendiko paisaia berezia izan ezik (LAP 2an adierazia), proposatu diren gainerako tokiak eta aurreikusita duten erabilera erregimenarekin, udalaren intereseko paisaiak dira eta, hortaz, zaindu beharreko lurzorutzat hartu beharko lirateke.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 12ko 59/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Lesakako Hirigintza Planeko aldaketaren alde. Lesakako Udalak sustatu du.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau ematea, baldin eta determinazio hauek betetzen badira, azalpen zatian zehazten den moduan:

–Ez da eraikinik eginen gailur, gain, begiratoki natural eta irtenguneetan (Biandizko, Pagolletako eta Unanuko gainak, Aita Donostiako gailur-lerroan) eta %30etik gorako malda duten mazeletan.

–Aita Donostiako, Burdiko Harriko, Telleriako eta Endara Errekako parajeetan adierazitako lurzatiak mendi-larreetan sartuko dira.

–Azpiegituretarako lurzoruaren azpikategoria esleituko zaie Endarako eta Domikoko urtegiei, udalaren intereseko paisaiaren azpikategoria Kopako Harriari, eta hiri-lurzoru/lurzoru urbanizagarriarena Lesakako herriguneari.

–Proposatu diren paisaia bereziak, Frain izan ezik, paisaia balioagatik zaindu beharreko lurzorutzat, udalaren intereseko paisaiatzat hartuko dira.

–Urak har ditzakeen guneek arrisku naturaletatik babesteko lurzoruei buruz 4. eranskinean ezarritako erabilera erregimena izanen dute.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Lesakako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko urtarrilaren 16an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Lesakako Udal Planeko egiturazko aldaketaren laburpena, lurzoru urbanizaezinari dagokiona

Aldaketaren aplikazioko eremu geografikoak landa-lur guztia hartzen du, eta horrentzat beste mugaketa eta kategorizazio bat proposatzen dira, dauden balioen arabera eta foru araudiarekin eta Nafarroa Atlantikoko lurralde-antolamenduko planekin bat (LAP 2).

Babeserako lurzoruaren kategorian, balio hauek sartzen dira:

a) Ingurumen balioak. Aipagarriak dira Bidasoa ibaia, kontserbazio bereziko eremu deklaratua, eta lurraldea konektatzen duten eremuak. Esparru horiek honako hauek dira: Artikutzako eta Aiako Harrietako KBEak ukitzen dituzten guneak, Urumeako eta Bidasoko arroen arteko isurialdeen banalerroa osatzen duten mendi gainak eta lerroak (Bianditz-Aritxulegiko lepoa) eta ibai sare trinkoa (ubide eta ur-bazterren sistema).

b) Paisaiaren balioak. LAP-2ak paisaia berezitzat jotzen duen Frain mendiaz gain, honako eremu hauek proposatzen dira: Aiako Harriak, Kopa, Errenga, Bianditz, Agiñako Gaina, Aita Donostia, Ikatzulo, Azperra, Eskolamendi, Illasmendi, Almendruriz, Pagolleta, Itsaszelaieta, Unanu, Meakako Gaina, Amargun eta Otsango.

Eremu horien ezaugarriak ikusita, hau da, bistarako arro zabalak eskaintzen dituzten toki garaiak, udal aldetik identitate balioak dituztenak, direnez, Udalaren intereseko paisaiatzat eta, hortaz, zaindu beharreko lurzorutzat hartzea proposatzen da Ingurumen ondorioen adierazpenean.

c) Kultur balioak. Kultur balioaren azpikategorian badira inbentario arkitektonikoa eta ondare arkeologikoa (A06 planoa eta eranskin bat), 11 monumentu megalitiko, 2 ermita eta MN-26 natur monumentu deklaratua den sekuoia jasotzen dituztenak. Bidasoko bide berdea ere sartzen da, bide historiko gisa; horren determinazioak “Bidasoko trenbide zaharra egokitzea Endarlatsa-Doneztebe tartean, bide berde gisa erabiltzeko” Udalez gaindiko Plan Sektorialean jasota daude.

d) Arrisku naturalak. Bidasoa ibaiaren eta Onin errekaren zati baten uholdeek erasaten dituzten lurrak dira identifikatu diren arrisku nagusiak eta arriskuen prebentziorako lurzorutzat hartzen direnak.

Zaindu beharreko lurzoruari dagokionez, proposamenak ezartzen du landa-lurzoru guztia dela ustiatze naturalerako balioa duen lurzorua, eta eremu hauek bereizten dira: ibar-beheko alorrak eta belardiak, mendiko larreak eta ekoizpen balioko basoak eta ingurumen eta babes balioko basoak.

Lurzoru urbanizaezinaren sailkapenari dagokion kartografian, “ez-emankor” izenburuaren pean sartzen dira Endarako eta Domikoko urtegiak Aiako Harrietako multzoari lotutako granitozko azaleratze batzuk eta hiriguneak edo/eta etxebizitza multzoak edo industria jarduerak, hala nola, Katazpegiko zerrategia edo herrigunea bera. Aipatzeko modukoa da eremu horiek, askotarikoak erabilera eta ezaugarri aldetik, ez dutela hirigintzako azpikategoriarik. Eremu horien heterogeneotasuna ikusita, eta ingurumen ondorioen adierazpenean aipatzen den bezala, haien ezaugarriekin bat heldu den hirigintza sailkapena izan beharko dute.

Kopako Harriaren edo San Anton Harkaitzaren kasuan, eremu ez-emankor izatetik urrun, interes geologiko ezaguneko Aiako Harrietako granitozko mendigune bereziaren parte da. Kareharrizko harkaitzeko komunitateak daude, hala nola, Petrocoptis pyrenaica, urria honelako ingurune biogeografiko batean, bai eta espezie silizikolak ere, hala nola, Sedum hirstum subsp. hirsutum, eta beste espezie berezi batzuk ere, eta horiek ingurumen balio batzuk gehitzen dizkiote, paisaiaren berezitasunaren osagarri. Informazio honek udalerriko ingurumen diagnostikoaren parte izan beharko luke.

Gainera aipatu behar da beste habitat hauek daudela: amezti kantauriarrak (9230), pagadi azidofiloak (9120) eta intereseko formazioak, hala nola, Quercus robur hariztiak eta gaztainadiak, eta mendi gainetan eta mazeletan larre azidofiloak, txilar atlantikoak (4030) eta iratzeak. Baso eta abereen arteko paisaia honek mosaiko dinamiko baten itxura du, abeltzaintzari eta basoen kudeaketari lotua.

Honako hauek aipatu behar dira:

–Vandenboschia speciosa, espezie bakarreko komunitateak osatzen dituena harkaitzetan eta haien zuloetan, ur-jauzien atzean (Lesaka, Endara, Artikutza...).

–Soldanella villosa, Endara errekan.

“Lesakako Udalaren herri-basoen antolamendu proiektuaren 1. berrikuspena (MUP 566, 567 eta 568)” delakotik ateratzen den informazioa da udalaren diagnostikoak kontuan hartu beharreko beste alderdi bat; izan ere, hark ia udalerriaren erdia hartzen du eta basoa kudeatzeko helburuak ditu.

Ingurumen ondorioen azterlana:

Ingurumenaren azaleko deskripzio batetik abiatuta, ingurumenean izan daitezkeen ondorioen analisian eta ebaluazioan aldaketaren eta LAPak landa-lurrarentzat ezartzen dituen irizpideen arteko koherentziaren azalpena eta justifikazioa egiten dira, batez ere.

Azterlanak ez du prebentzio edo/eta zuzenketa neurririk proposatzen, hirigintza dokumentuan kontuan hartzeko. Hala ere, gomendio batzuk jasotzen ditu organo eskudunarentzat; esate baterako, ingurumen justifikazio zorrotza eskatzea eta ingurumenaren zaintza erregularra eta jarraitua egitea.

Iragarkiaren kodea: F1700653