30. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza orokorra.
Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2016ko azaroaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Tafallako Udalaren diru-laguntzak arautzen dituen udal ordenantza. Hura 2016ko 223. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 18an.

Hasierako onespenaren espedientea jendaurrean egon da eta ez da alegaziorik aurkeztu. Hortaz, argitara ematen da testu osoa, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 17. artikulua betez eta Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatutakoarekin bat, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tafallan, 2017ko urtarrilaren 5ean.–Jarduneko alkatea, Cristina Arconada Armendáriz.

TAFALLAKO UDALAREN DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA OROKORRA

ZIOEN AZALPENA

Diru-laguntzak sustapen teknika bilakatu dira, bai eta Administrazioa partikularrekin elkarlanean aritzeko tresna ere, interes orokorrekotzat jotzen diren jarduerak kudeatze aldera, besteak beste, ondoko esparruetan: gizarte ekintza, gizakion eta herrien arteko lankidetza eta elkartasuna, etxebizitza, kultura, hezkuntza, gazteria, kirola, ingurumena, merkataritza, interes publikotzat jotako hainbat jarduera pribaturen sustapena, aisia eta denbora librea edo, halaber, herritarren parte-hartzea, hori zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoaren eskakizuna den aldetik.

Tafallako Udalaren eta haren erakunde autonomoen eremuan jarduera hori egin ahal izateko, esparru juridiko egoki bat onetsi beharra dago, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari egokituko zaiona, bat etorririk sustapena eta diru-laguntzen kontzesioa, diruz lagundutako jarduera betiere oinarritu behar duten printzipioetara: publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta bereizkeriari eza, eraginkortasuna eta eragimena.

Ordenantza honek udal araudi bat ezartzen du Tafallako Udalak eta haren erakunde autonomoek diru-laguntzak emateko erakunde publiko nahiz pribatuei eta irabazi asmorik gabeko partikularrei, gisa horretara egin ditzaten zerbitzuak eta jarduerak, toki administrazioaren eskumenekoen osagarri edo ordezko.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Tafallako Udalak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten diru-laguntzen araubide juridiko orokorra ezartzea.

Diru-laguntzei buruz berariazko ordenantza duten gaietan ematen diren diru-laguntzak ordenantza propio horren arabera arautuko dira, ordenantza honen aginduei egokiturik, haien ordezko izanen baita.

2. artikulua. Diru-laguntza zer den.

1. Hona zer jotzen den diru-laguntzatzat, ordenantza honetaz den bezainbatean: Tafallako Udalak edo haren erakunde autonomoek egindako diru-xedapen oro, pertsona publiko zein pribatuen alde egina, betiere ondoko baldintzak betez gero:

a) Ez onuradunen ez hirugarrenen zuzeneko kontraprestaziorik gabe eman behar da dirua.

b) Diru-laguntza emateko baldintza izanen da xede jakin bat betetzea, proiekturen bat gauzatzea, jardueraren bat egitea, jokabide berezi bat hartzea –hori guztia gauzaturik nahiz gauzatzeko egonik– edo egoera bat gertatzea; eta ezartzen diren betebeharrak bete beharko ditu onuradunak.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat bulkatzea edo xede publikoren bat sustatzea izan behar du.

2. Ordenantza honen aplikazio esparrutik baztertuta daude:

a) Tafallako Udalaren edo haren erakunde autonomoen eta beste administrazio publiko batzuen arteko diru-ekarpenak, oro har haien eskumenen esparruko jarduna finantzatzekoak badira.

b) Udaleko talde politikoei edo udalkideei ematea udal aurrekontuan aurreikusiak dauden diru-ekarpenak.

c) Publizitatez deitzen diren sari ofizialak eta onuradunek aldez aurretik eskatu gabe ematen direnak.

3. artikulua. Aplikazio esparru orokorra:

1. Diru-laguntza jaso dezakete gizarte, hezkuntza, kultura, gazteria, kirol, merkataritza, ingurumen edo bestelako alor batean Udalaren eskumenen osagarri edo ordezko diren jarduera edo zerbitzuek (8. artikuluan aipatzen dira).

2. Jardueren lurralde esparrua Tafallako udalerria izanen da. Diru-laguntzaren xede diren jarduerak Tafallako udal mugapeaz gaindikoak badira, Udalaren interesen aldekoak izan beharko dute, zuzenean edo zeharka, halako moduz non baldintza horrek aski justifikaturik gelditu beharko baitu espedientean, txosten arrazoitu baten bitartez, diru-laguntza eman baino lehen. Baldintza horretatik salbuetsiak daude garapen bidean dauden herriendako laguntza programaren aurrekontuan aurreikusitako %0,7ari lotutako garapen proiektuetarako diru-laguntzak.

4. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen diru-laguntzak:

a) Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta bereizkeriarik eza.

b) Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.

c) Eragimena, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

2. Diru-laguntzak ezartzea proposatzen duten organoek aldez aurretik adierazi beharko dute, diru-laguntzen plan estrategiko batean, zein xede eta onura publiko edo sozialeko eraginak lortu nahi diren, zenbat denbora behar den horiek lortzeko, ustez zenbateko kostuak izanen diren eta zein finantzabide erabiliko diren, eta, betiere, aurrekontuan dirua egotearen mende jarriko dute diru-laguntza.

3. Lortu nahi diren xedeek merkatuari eragiten badiote, argi eta garbi identifikaturiko akatsak zuzentzera bideratu behar dira eta haien ondorioek ahalik eta distortsiorik txikiena eragin behar dute.

5. artikulua. Onuradunak.

1. Diru-laguntzaren onuraduntzat joko da diru-laguntzaren xede den jarduera egin behar duen pertsona, edo diru-laguntza ematea zilegi egiten duen egoeran aurkitzen dena.

2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik haren izenean eta haren kontura diru-laguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3. Oinarri arautzaileetan espresuki aurreikusten delarik, onuradun bihurtzen ahal dira pertsona fisiko edo juridikoen batasunak, publiko edo pribatuak, ondasun komunitateak edo beste edozein unitate ekonomiko edo bereizitako ondare, nortasun juridikorik izan gabe ere, proiektuak, jarduketak edo jokabideak gauzatzen ahal badituzte edo diru-laguntza jasotzeko behar den egoeran badaude. Halakoetan, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartutako konpromisoak espresuki adieraziko dira eskaeran eta kontzesioaren ebazpenean; orobat, bakoitzari aplikatuko zaion diru-laguntzaren zenbatekoa. Kide guztiak onuraduntzat hartuko dira. Nolanahi ere, batasunaren ordezkari edo ahalorde bat izendatu beharko da, batasunari onuradun gisa dagozkion zereginak betetzeko adinako ahalen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin, harik eta 38/2003 Legearen 39. artikuluan ezarritako itzulketaren preskripzio epea bukatu arte.

6. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunak betebehar hauek ditu:

a) Diru-laguntza jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

b) Emandako diru-laguntza diru-laguntzaren xede diren gastuak finantzatzeko baizik ez erabiltzea.

c) Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta diru-laguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

d) Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudunek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere; bestetik, lehenagoko jarduketen ondorioz eskatzen ahal zaion informazio guztia ematea.

e) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari edo lankide den entitateari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

f) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten denean, betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak izatea Nafarroako Foru Ogasunarekin, Udalarekin eta haren erakunde autonomoekin, ofizioz eginen baitira egiaztapena, baita Gizarte Segurantzarekin ere.

g) Egiaztatze eta kontrol ahalmenak erabili ahal daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, diru-laguntzak arautzeko oinarrietan eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea, eta horiek guztiak zaintzea.

h) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

i) Zabalkunderako eskatzen zaizkion neurriak hartzea.

j) Euskararen eta berdintasunaren arloko udal ordenantzen xedapenak errespetatu eta betetzea, bai publizitatea eta materialak erabiltzean bai jarduerak gauzatzean.

k) Eskuratutako diruak itzultzea, bidezko delarik.

2. Berariazko oinarri arautzaileetan betebehar hauen salbuespenak jasotzen ahalko dira, beren izaera dela eta.

3. Artikulu honen 1.f) ataleko betebeharretatik kanpo daude larrialdi sozialen kasuak eta banakako gizarte laguntzak.

7. artikulua. Entitate laguntzaileak.

Diru-laguntzak arautzen dituzten oinarriek ezarri ahal izanen dutenez, diru-laguntza publikoak entitate laguntzaile baten bidez ematen ahalko zaizkie onuradunei. Hala bada, lankidetza hitzarmena eginen da Udalaren eta entitate laguntzailearen artean, eta hartan arautuko dira entitateak bere gain hartzen dituen baldintzak eta betebeharrak. Hitzarmen horrek ez du inondik ere lau urte baino gehiago iraunen.

II. KAPITULUA

Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak

8. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3 a) artikuluak ezarritakoa bete beharrez, ondotik azaltzen diren objektu, gai, helburu, proiektu, jarduera edo jokabideak izaten ahalko dira diru-laguntzen xede, kontuan hartuta, betiere, horiek dagozkien deialdietan berariaz garatzen ahalko direla, edo zehazkiago zedarritu. Hona hemen:

8.1. Arlo sozialean:

a) Eskoletako jantokietan jateko laguntzak ematea, esku-hartze sozialeko prozesuetan dauden familietako seme-alabentzat.

b) Laguntza ematea, infraetxeetan, etxebizitza desegokietan edo erantzun soziala behar duten beste zenbait egoeratan bizi diren familiei alokairua ordaintzen laguntzeko.

c) Aisiaren eta denbora librearen esparruan prebentzio eta sustapenerako proiektuak garatzea. (Ludoteka, Musika Eskola, Kirola, Gazteriaren Etxea...).

d) Gizarte ekintzako proiektuak garatzea, hala nola: gutxiengo etnikoei, etorkinei, pobrezian bizi direnei eta abarri arreta emateko programak.

e) Familiei sostengua ematea, familiako kideren bat tratamendu terapeutikoan badute errehabilitazio zentroetan, eta egonaldiaren kostuari aurre egiteko baliabiderik ez.

f) Garapen bidean dauden herrialdeekin lankidetza proiektuak egitea.

g) Garapenerako prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza jarduketak eta proiektuak egitea.

h) Larrialdi humanitarioko eta hondamendi egoeretako jarduketak egitea.

i) Laguntza ekonomikoak ematea larrialdi sozialeko egoeran dauden familiei, bizirauteko oinarrizko beharrei erantzuteko.

j) Prestakuntzarako laguntza ekonomikoak, gizarteratzeko eta laneratzeko programan parte hartzen dutenentzat.

k) Eta oro har, beste edozein jarduera, baldin eta bideratuta badago familien, haurren eta nerabeen, adinekoen, emakumeen, desgaitasuna dutenen, mendekotasuna dutenen, etorkinen, etnien eta gizartetik baztertzeko arriskuan dauden beste talde batzuen arloko prebentziora, esku hartzera, asistentziara, errehabilitaziora, gizarteratzera edo gizarte ongizateraren sustapenera; orobat, baldin eta bideratuta badaude elkarteen mugimendura eta gizarte boluntariotzara eta gabezia egoera larriei eta larrialdi sozialeko egoerei arreta ematera.

8.2. Herritarren parte-hartzearen arloan:

a) Herritarren parte-hartzearen arloan gizarte dinamizazioa eta parte-hartzea bultzatzen dituzten proiektuak.

b) Kontsulta kontseiluen eta partaidetza foroen sustapena, oro har.

c) Obrak eta erreformak egin, oztopo arkitektonikoak kendu eta lokalak zein altzariak erosi eta teknologia berriak ezartzeko inbertsioak, herritarren parte-hartzearen arloan jarduerak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko elkarte, entitate edo herritar taldeendako.

8.3. Hezkuntza, kirol eta gazteria arloan:

a) Federazio-liga ofizialetan parte hartzen duten kirol taldeendako laguntzak.

b) Kirol afizionatuarendako laguntzak (kirol taldeak, klubak eta abar).

c) Kirol emanaldi eta ikuskizunak edo bestelako kirol jarduerak antolatzen dituzten irabazi asmorik gabeko herritar elkarteendako diru-laguntzak.

d) Irabazi asmorik gabeko elkarteek antolatutako gazte jarduerak.

e) Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako gurasoen elkarteek antolatzen dituzten berezko jardueretarako sostengua.

f) Ikastetxeek Haur eta Lehen Hezkuntzan egiten dituzten eskolaz kanpoko jarduera osagarriak.

g) Lehen Hezkuntzako ikastetxeetarako laguntzak, irakaskuntzako material suntsigarria erosteko.

h) Gizarte eta kultur animazioko jarduerak, gazteendako programak, lehiaketak, erakusketak, gazte kultur eta sormenarekin zerikusia duten bestelako jarduerak, argibideak eta aholkuak emateko programak, aisia eta denbora libreko programak, prestakuntzako eta hezkuntzako jarduerak, aldizkariak eta argitalpenak, eta gazteen parte-hartzea zein asoziazionismoa bultzatzen dituzten jarduerak oro.

i) Kirol ekitaldiak eta jarduerak edo kirola sustatzekoak antolatu eta kirol entitateekin elkarlanean aritzea.

j) Ikasleen prestakuntzara bideratutako jarduerak eta hezkuntza sektorera bideratutako gainerako jarduerak.

8.4. Merkataritza eta turismo arloan:

a) Eguberrietako argiak paratzea.

b) Tafallan turismoa sustatzeko jarduerak, bai eta hura ezagutzera ematekoak ere, hala foro nazionaletan nola nazioartekoetan.

c) Hiri espazioa sustatzea, merkataritza edo turismoa helburu.

d) Ekintzaileek udalerriko merkatua sustatzea.

e) Tafallako merkataritzarekin eta merkatarien elkarteekin zerikusia duten prestakuntza, jarduerak eta programak.

8.5. Kulturaren, festen eta euskararen arloan:

a) Kultur elkarteek kultur jarduerak gauzatu eta programatzea.

b) Musika emanaldiak.

c) Tafallako kultur lehiakortasuna sustatzea.

d) Kultur adierazpenak oro sustatu eta hedatzea.

e) Talde profesionalen kultur jarduna sustatzea.

f) Euskarazko kultur jarduerak sustatzea.

g) Euskara ikastea sustatzea.

h) Euskarazko aisia jarduerak sustatzea.

i) Sormena, arte plastikoak, eszenikoak eta musikalak sustatzea.

j) Eta, oro har, arteekin, zientziekin eta letrekin zerikusia duen edozein kultur jarduera sustatzea, baita hirikoak berekoak diren jarduera soziokulturalak eta herriko festak ere.

8.6. Ingurumen eta osasun arloan:

a) Osasun arloko prebentzioa, babesa eta sustapena bulkatzeko jarduerak, biztanle orori eta, bereziki, gazte, zahar, emakume, haur eta abarrei zuzenduak. Biztanleria osatzen duten multzo ezberdinen osasuna gordetzeko hezkuntza eta prebentzio helburuak xede dituzten proiektuak zein programak, argibideak emateko eta prestakuntzako jarduerak, jardunaldiak, mintegiak eta abar.

b) Hiri eta natur ingurumena babesteko jarduerak eta babes hori lortzeko egiten diren jarduerak oro sustatzea, besteak beste, prestakuntzakoak, argibideak ematekoak, herritarrek parte-hartzekoak eta ingurumenari buruzko sentsibilizazioaren gainekoak.

8.7. Hirigintza arloan:

a) Etxebizitzak eta fatxadak zaharberritzea, kasuan kasuko ordenantzak ezarritakoarekin bat.

8.8. Bestelakoak:

Udalaren jardunaren osagarri izan eta artikulu honetan deskribatu ez den beste edozein jarduera, betiere diruz laguntzeko modukoa bada.

–Diruz laguntzen ahal diren objektuak, gaiak, helburuak, proiektuak, jarduerak edo jokabideak, artikulu honetan ageri direnak, ez dira numerus clausus moduan hartuko ordenantza honen ondorioetarako; aitzitik, dagokien deialdian zabaldu eta zehazten ahalko dira edo, orobat, diru-laguntza lerro berriak ezarri Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren bitartez.

III. KAPITULUA

Oinarri arautzaileak

9. artikulua. Diru-laguntzen kontzesioa arautzen duten oinarriak.

1. Diru-laguntzak emateko, horretarako erabiltzen den bitartekoa edozein izanik ere, oinarri arautzaileak onetsi behar dira eta beraiei jarraitu behar zaie, ordenantza honetan ezartzen diren baldintzetan.

2. Diru-laguntzak arautzeko oinarrietan alderdi hauek zehaztu beharko dira, gutxienez:

a) Diru-laguntzaren xedearen definizioa. Diru-laguntzari ezarri zaion onura publikoko edo gizarte onurako xedea azalduko da.

b) Onuradunek diru-laguntza eskuratzeko bete behar dituzten baldintzak.

c) Diru-laguntza emateko prozedura.

d) Diru-laguntza onartzeko irizpide objektiboak eta, hala behar badu, horien ponderazioa.

e) Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa edo hori zehazteko irizpideak. Hala behar denean, onuradunen artean hainbanatzeko aukera.

f) Diru-laguntza onartzeko prozedura agindu, ireki eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea.

g) Deialdian ezartzen bada, balorazio batzordearen osaketa; hura diru-laguntzaren kudeaketari loturiko hiru lagunek osatuko dute gutxienez.

h) Ematen diren diru-laguntzei eta haien onuradunen zerrendari emanen zaien araubidea eta publizitate maila.

i) Diru-laguntzaren justifikazio egokia bermatzeko kontabilitateko liburu eta erregistrorik behar bada, horien zehaztapena.

j) Onuradunak edo entitate laguntzaileak zein epetan eta nola frogatu behar duen diru-laguntzaren helburua bete dela eta hartutako diruak beren xederako erabili direla, hala egindako gastuari nola diruen ordainketari dagokionez.

k) Diru-laguntza ematen duen organoarendako berme neurriak eratu behar badira, horiek zein diren, nola eratzen diren eta horiek bertan behera uzteko prozedura zein den.

l) Diru-laguntza ordaintzeko modua eta epeak, eta onuradunei eskatzen ahal zaizkien bermeen mota eta zenbatekoa, halakorik eskatzen baldin bazaie, emandako diru-laguntzaren ordainketa aurreratuak egitea aurreikusten denean.

m) Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, zer inguruabarrek ekar dezaketen ebazpena aldatzea.

n) Jarduera azpikontratatzeko aukera.

o) Onuradunen betebeharrak, diru-laguntzaren xede den jardueraren finantzaketari buruzko publizitatea dela eta.

p) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, jatorria edozein izanik ere: administrazio edo entitate publiko edo pribatuak edo nazioko, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeak.

q) Diru-laguntzak emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez betetze hori norainokoa den neurtzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira azken-azkenean onuradunak jaso edo, hala behar badu, itzuli behar duen dirua zehazteko, eta proportzionaltasun printzipioari jarraitu beharko diote.

r) Oinarri arautzaileen eta deialdiaren aurka paratzen ahal diren administrazio errekurtsoak.

3. Oinarri arautzaileak onesteko proposamena bideratzen duen espedienteak txosten juridikoa eduki beharko du, oinarriak zuzenbidearen araberakoak direla adierazten duena, eta Kontu-hartzailetzak fiskalizatuko du aitzinetik, eginkizun horri buruzko araudian ezartzen den gisan.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira diru-laguntzei buruzko arauak eta, halakorik izanez gero, diru-laguntzen deialdiak eta haien oinarri arautzaileak, zuzenean emateko ezarritakoak izan ezik.

5. Berariazko oinarri arautzaileak onesteko eskumena Alkatetzak izanen du, nahiz eta eskuordetzeak egiten ahalko dituen.

10. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

1. Udalak eta bere erakunde autonomoek jendaurrean jarriko dituzte emandako diru-laguntzak, eta ondoko datuak zehaztuko: deialdia, diru-laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egozten zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren xedea.

Publizitatea Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren eta Udalaren webguneko gardentasunaren atariaren bidez eginen da.

Ondoko kasuetan ez da diru-laguntzen kontzesioa jendaurreratuko:

a) Banakako ebaluazio araubideari jarraikiz emanak.

b) Diru-laguntzaren xedea dela eta, onuradunaren datuak argitaratzean kalte egiten bazaio ohorearen errespetu eta babesari, pertsona fisikoen intimitateari edo familiakoei edo norberaren irudiari, hala xedatzen baita ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko legerian.

2. Onuradunek behar bezalako publizitatea eginen diote diruz laguntzen diren edozein motatako programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoari.

11. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantziazioa.

1. Diruz lagundutako jarduera zati batean edo portzentaje batean funts propioekin finantzatu dadila eskatu ahal izanen da diru-laguntzen araudian. Justifikatu beharra dago finantzaketa horren zenbatekoa, jatorria eta diru-laguntzaren xedea den jardueran egindako aplikazioa.

2. Diru-laguntzaren araudiak bateragarritasun edo bateraezintasun araubidea zehaztuko du beste edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik xede bererako bestelako diru-laguntzak, laguntzak edo baliabideak eskuratzeko, hurrengo atalean xedatzen dena deusetan ukatu gabe.

3. Diru-laguntzen zenbatekoa, berez edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, inoiz ez da izanen diru-laguntza ematen zaion jardueraren kostua baino handiagoa.

4. Diru-laguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak deusetan aldatzen badira eta, betiere, deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean baimendutako kasuetatik at beste hainbat diru-iturri eskuratzen badira, aldatzen ahalko da diru-laguntzak emateko ebazpena.

5. Araudiak horretarako bidea ematen badu, aurreikusi ez diren inguruabarrak direla medio, aldaketak egiten ahalko dira proiektuan; kasu honetan, organo eskudunak onetsi beharko ditu horiek, Udalaren kasuan kasuko alorrak balorazioa egin eta gero.

6. Benetako defizita edo benetako gastuak eskaera egitean aurreikusiak baino gutxiago diren kasuetan, kontuan harturik, betiere, azken horiek zedarritzen dutela hasiera batez diru-laguntzaren zenbatekoa, aintzat hartuko da inguruabar hori, eta proportzioan murriztuko da behin betiko ordaindu behar den kopurua.

IV. KAPITULUA

Diru-laguntzak emateko prozedurak

12. artikulua. Diru-laguntzak emateko prozedurak.

1. Diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, salbu eta, behar bezala justifikatutako kasuetan, Tafallako Udalak banakako ebaluazio araubidea baimentzen duenean. Ordenantza hau den bezainbatean, norgehiagokako lehiatzat hartuko da diru-laguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei diru-laguntza esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarriarena gainditu gabe. Halakoetan, diru-laguntza emateko proposamena diru-laguntza ematen duen organoari eginen zaio, instrukzioa egiten duen organoaren bitartez.

Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, proposatzen ahalko da diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatzea diru-laguntzetarako jarritako gehieneko zenbateko osoa.

2. Banakako ebaluazioaren araubidea, berriz, bestelakoa da: hartan, deialdiaren araudiak edo oinarriek irizpideak ezartzen dituzte eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera diru-laguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

3. Diru-laguntza hauek zuzenean ematen ahalko dira:

a) Udalaren aurrekontuetan aurreikuspen izenduna eta aurrekontuko zuzkidura dutenak.

b) Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da diru-laguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

c) Salbuespen gisara, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen diren diru-laguntzak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

13. artikulua. Norgehiagokako araubideari jarraikiz diru-laguntzak emateko prozedura.

1. Hastapena:

a) Diru-laguntzak emateko prozedura hasi baino lehen, organo eskudunak diru-laguntzari buruzko araua edo diru-laguntzaren deialdia ezarri behar du, bai eta oinarri arautzaileak ere, ez baldin badaude lehendik ezarrita.

b) Diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da.

c) Interesdunak eskaera aurkeztu beharko du, arauan edo deialdian ezarritako ereduaren eta sistema normalizatuaren arabera egina. Eskaerarekin batera, diru-laguntza ezartzen duen arauan edo diru-laguntzaren deialdian eskatutako agiriak eta informazioak aurkeztuko dira.

Eskaerak aurreko atalean finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo kudeatzaileak interesdunari eskatuko dio hamar eguneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Instrukzioa:

a) Oinarri arautzaileetan izendatutako organoak eginen du diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa.

b) Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, arauetan edo oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideak, balorazio bideak eta lehentasunak aintzat harturik.

c) Diru-laguntzen oinarri arautzaileek horixe aurreikusten dutenean, batzorde bat eratzen ahalko da eskaerak ebaluatzeko, eta horren funtzionamenduak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean organo kolegiatuentzat ezarritako araubideari jarraituko dio. Instrukzio organoak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena aurkeztuko du.

d) Diru-laguntzak emateko espedienteari instrukzio organoaren txostena erantsiko zaio. Bertan agertu beharko da onuradunek diru-laguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela.

3. Ebazpena:

a) Ebazpen proposamena ikusita, organo eskudunak diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

b) Ebazpena arrazoitua izanen da. Ematen den ebazpenaren oinarriak azaldu beharko dira betiere.

c) Ebazpenean azalduko da, gutienez ere, diru-laguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

4. Jakinarazpena:

Prozeduraren gaineko ebazpena administrazio prozedura erkideari buruzko legerian ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei. Ebazpena jakinarazteko, diru-laguntzari buruzko arauan nahiz haren deialdian adierazitako komunikazio bidea erabiltzen ahalko da.

5. Ustezko ezespena:

Diru-laguntzari buruzko arauan edo deialdian prozedura ebazteko ezarritako epea iraganik, berariazko ebazpenik ez badago, eskaera ezetsitzat joko da. Ebazpena emateko eperik ezarri ezean, eskaera ezetsitzat joko da eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteren buruan.

6. Errekurtsoak:

Diru-laguntzaren arauak edo deialdiak ezarriko du ezespen espresaren nahiz ustezkoaren kontra ezartzen ahal den errekurtsoa.

14. artikulua. Banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz diru-laguntzak emateko prozedura:

Banakako ebaluazioaren araubideari ordenantza honetan jasotako norgehiagokaren prozeduraren arau orokorrak zaizkio aplikagarri, salbu eta, diru-laguntza mota hauen izaera berezia dela-eta, “lehiakortasun” ezaugarri berariazkoari dagozkion alderdietan edo galdakizunetan arau orokor horiek aplikagarri ez badira.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdian, hitzarmenean, ebazpenean edo berariazko ordenantzan ezarritako irizpideak, balorazio bideak eta lehentasunak aintzat harturik.

15. artikulua. Diru-laguntzak zuzenean emateko prozedura:

1. Ematen diren diru-laguntzak bideratzeko administrazio egintzek haien oinarri arautzaileak ezarriko dituzte, ordenantza honetako aurreikuspen guztiei jarraikiz, lehia printzipioari dagozkionak izan ezik.

2. Diru-laguntzak baztertzen badu beste interesdunek eskuratzeko aukera, diru-laguntzaren onuragarritasuna eta interes soziala edo xede publikoaren lorpena arrazoitu beharko dira, eta lehia printzipioa zergatik ezin den aplikatu azaldu beharko da.

3. Diru-laguntzak hitzarmenen bidez bideratzen badira, horiek onesteko eskumena duen organoa izanen da diru-laguntza horiek onartzeko eskumena duena.

V. KAPITULUA

Diru-laguntzen kudeaketa eta justifikazioa

16. artikulua. Diru-laguntzen deialdiak eta kontzesioa.

1. Diru-laguntzen deialdiek berekin ekarriko dute gasturako baimena, udal aurrekontua betearazteko oinarrietan adierazten diren baldintzetan. Deialdiaren testuan aditzera eman beharko da zenbateko gastua egiteko baimena eman den, eta, diru-laguntza urteka banatu behar bada, urteko zenbateko guztiak jarriko dira.

2. Ordenantza honetan jasotzen diren prozeduretarik edozein erabiliz diru-laguntzak emateak dagokion gastu konpromisoa ekarriko du.

3. Ezin izanen da deialdian zehaztu den zenbatekoa baino diru-laguntza handiagorik eman, ez eta urte bakoitzeko aurrekontuari gehienez egozten ahal zaion zenbatekoaren muga gainditu ere. Aurrekontuetan behar adina dirurik ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Ondoko aurrekontu ekitaldiaren aitzineko deialdietan, ekitaldi horretan kreditua egotea izanen da gastua baimentzeko baldintza; horrek ez du gainditu behar aitzineko ekitaldian horretarako izendatu den zenbatekoa.

17. artikulua. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira, ordenantza honetan ezarritakoaren ondorioetarako, diru-laguntzaren xede den jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak, baldin eta diru-laguntzei buruzko kasuan kasuko oinarri arautzaileetan ezarritako epean egiten badira. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuetan, eskuratze kostua inoiz ez da izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

18. artikulua. Diru-laguntza publikoen justifikazioa.

1. Diru-laguntza ematerakoan ezarri ziren baldintzak eta helburuak bete direla frogatzeko, hura kudeatzen duen organoaren aitzinean aurkeztuko da justifikazioa, deialdiaren oinarrietan zehazten diren agiriekin batean.

2. Gastua frogatzeko kontu-ematea derrigorrez egin behar du onuradunak edo entitate laguntzaileak. Kontu horretan sartu behar dira, aitortzailearen erantzukizunaren pean, gastuaren frogagiriak edo diru-laguntza publikoaren xedea bete dela egiaztatzeko balio juridikoa duen beste edozein agiri. Diru-laguntza publikoei buruzko kasuan kasuko oinarrietan zehaztuko dira gastua frogatzeko kontuaren forma eta hura aurkezteko epea.

Betiere, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) Idatzia, udal erregistroan sartuta, diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko. Hartan agertuko dira onuradunaren izena eta helbidea, haren NANa edo IFZ , eta bankuko kontu zenbakia, hura ordaindu ahal izateko.

b) Onuradunaren zinpeko aitorpena, frogagiri gisa aurkeztu dituen fakturak eta agiriak diruz lagundutako jardueran aplikatu direla dioena.

c) Egindako jarduerari eta gastuei buruzko txosten zehatza, emaitzak zehazturik.

3. Gastuak fakturen bidez edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera duten edo administrazio eragina duten agirien bidez frogatuko dira, oinarrietan ezarrita dagoen bezala. Gastuak faktura elektronikoen bidez ere froga daitezke, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte. Dokumentuak jatorrizkoak edo organo kudeatzaileak baliozkotutako fotokopiak izanen dira, eta diru-laguntzaren xede den aldian dataturik egonen dira.

Larrialdi sozialen eta banakako gizarte laguntzen kasuan, Gizarte Ongizatearen Alorrak egindako txostenaz edo memoriaz ordezten ahalko dira.

4. Jarduerak, diru-laguntzaz gain, diru berekiekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, justifikazioan diru horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, diruak diru-laguntza jaso duten jarduerei aplikatu zaizkiela.

5. Ordenantza honen 6. artikuluaren 2 eta 3. ataletan aurreikusitako entitateetako kideek justifikazioaren arloko baldintzak bete beharko dituzte onuradunaren izenean eta haren kontura egindako jarduerei dagokienez, aurreko ataletan zehaztu bezala. Diru-laguntza eskatu duen onuradunak aurkeztu behar duen justifikazioaren atal izanen da dokumentazio hori.

6. Diru-laguntza eman bada hartzailearen halako egoera batengatik, egoera bera baizik ez da frogatu behar zuzenbidean onarturiko edozein bide erabiliz, betiere diru-laguntza eman aitzin, aparte utzita hori horrela dela egiaztatzeko ezar daitezkeen kontrolak.

19. artikulua. Justifikatzeko epea.

1. Oinarri arautzaileetan, deialdietan edo lankidetza hitzarmenetan adieraziko da diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko epea.

Eperik adierazten ez badute, jarduera egiteko epea bukatu eta hurrengo ekitaldiko urtarrilaren 31 izanen da gehienez ere.

2. Diru-laguntza justifikatzen ez bada, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, osorik edo partez, eta dirua itzuli beharko da, orobat osorik edo partez, betiere ez-betetzearen maila eta gainerako inguruabarrak kontuan harturik.

20. artikulua. Ordainketa.

1. Oro har, diru-laguntzak zer jarduera egiteko edo zer jokabide hartzeko ziren, horiek egin eta hartu direla egiaztatu ondoan ordainduko dira diru-laguntzak.

2. Egiaztatzea eta ondoriozko ordainketa, dena batera egin daiteke jarduera bukatzean, edo zatika, zatikako justifikazioen ondoan, oinarri arautzaileetan ezartzen diren baldintzak betez.

3. Dagokion organo kudeatzaileak txostena erantsiko dio ordainketa-proposamenari edo, hala badagokio, gastuaren justifikazioari, diru-laguntzaren zati bat aurretik ordaindu bada; txosten horren bidez egiaztatuko da diru-laguntza ematean ezarri ziren helburuak eta hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak bete direla.

4. Diru-laguntzaren ordainketa aurreratu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da oinarri arautzaileetan hori jasota egotea, eta oinarri horietan zehaztutako mugak, baldintzak eta, behar denean, bermeak egonen dira; gainera, betiere frogatu beharko da diru-laguntzaren helburuak betetzeko diruak jaso beharra dagoela.

21. artikulua. Zorrak kitatzea.

Diru-laguntzaren onuradunak zorrik badu Tafallako Udalarekin eta haren erakunde autonomoekin, zor horiek kitatuz pagatu lekioke diru-laguntza.

22. artikulua. Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola:

1. Organo kudeatzaileek komenigarriak iruditzen zaizkien egiaztapenak egiten ahalko dituzte eta onuradunei eskatu baldintzak ezarritako epeetan betetzeko. Ondorio hauetarako, organo horiek behar diren erregistroak eginen dituzte halako diru-laguntzen jarraipen egokirako, jarduketa hauek barne:

a) Diru-laguntzen onuradunek diru-laguntzak emateko betekizun, baldintza eta betebeharrak betetzen ote dituzten eta jasotako diru publikoak beren xederako behar bezala erabiltzen ote dituzten begiratzea.

b) Beharrezkoa izatera, diru-laguntzak onuradunen kontabilitatean edo erregistro liburuetan behar bezala jasotzen ote diren begiratzea.

c) Oinarri arautzaileetan ezartzen diren gainerako jarduketa guztiak.

2. Baldin eta, jarraipen eta kontrol eginkizunen ondorioz, jasotako diru-laguntzaren lorpen, helburu edo justifikazio okerren zantzuak antzematen badira, organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen diren kautelazko neurriak hartu ahalko ditu, eginkizun haiei dagozkien dokumentuen desagerpena, deuseztapena edo aldaketa eragozteko. Hartzen diren neurriek inola ere ez diote kalterik eraginen onuradunari eta, edonola ere, lortu nahi den helbururako egokiak izanen dira.

3. Diru-laguntzen kontrol finantzarioa Udaleko Kontu-hartzailetzak egiten ahalko du, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 44. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

VI. KAPITULUA

Diru-laguntzak itzuli beharra eta zehapenak

23. artikulua. Diru-laguntzak itzuli beharra.

Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren erregelamenduan xedatutakoari jarraituko zaio.

24. artikulua. Diru-laguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.

Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan eta 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren erregelamenduan xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Arau osagarriak. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikatzekoak izanen dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren erregelamendua.

Bigarrena.–Indarra hartzea. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Iragarkiaren kodea: L1700165