30. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

9/2017 FORU AGINDUA, otsailaren 3koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak ezartzen dituena.

Urtarrilaren 11ko 136/2017 Foru Dekretuaren bidez Hezkuntza Departamentuaren egitura organiko berria onesteko, bulegoen egitura eta haien eginkizunak eta atxikipena egokitu behar dira.

Foru agindu honen xedea Hezkuntza Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak departamentuko egitura berrira egokitzea da.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 24.4 artikulua aplikatuz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Hezkuntza Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzua

1. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

1. Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak bulego hauek ditu bere egituran:

–Antolamendu Bulegoa.

–Titulu eta Baliozkotze Bulegoa.

–Etengabeko Prestakuntzaren Bulegoa.

–Hezkuntza Premien Bulegoa.

–Orientazio Bulegoa.

–Inklusio Proiektuetarako Bulegoa.

–0-3 urteko Haurren Bulegoa.

2. Antolamendu Bulegoa, Titulu eta Baliozkotze Bulegoa eta Etengabeko Prestakuntzaren Bulegoa Ikasketak Antolatzeko Atalari atxiki zaizkio.

Hezkuntza Premien Bulegoa, Orientazio Bulegoa eta Inklusio Proiektuetarako Bulegoa Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari atxiki zaizkio.

0-3 urteko haurren Bulegoa 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalari atxiki zaio.

2. artikulua. Antolamendu Bulegoa.

Antolamendu Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Indarra duen hezkuntza sistemak lege aldetik behar duen garapena aztertzea eta proposatzea.

–Ikasketen eta antolaketaren gaineko araudiaren proposamenak prestatzea.

–Estatuko zein autonomietako hezkuntza administrazioek onesten duten hezkuntza arloko araudia berrikusi, katalogatu eta artxibatzea.

–Ikasketa planak irakaskuntza arautuen erregistroan sartzea, baita haiek prestatu eta gordetzea ere.

–Eskola Kontseiluak berritu eta osatzeko prozesuen garapena gainbegiratu eta kontrolatzea.

–Ikastetxeetako zuzendariak hautatu eta izendatzeko merezimendu lehiaketak gainbegiratu eta kontrolatzea.

–Ikasleen eskolatzea malgutzeko eta beste urte bat irauteko baimen eskaerak tramitatu eta ebaztea.

–Bere eskumeneko esparruaren barrenean prestakuntza planifikatu, prestatu eta ematea.

–Agintzen zaion beste edozein eginkizun, atxikita dagoen atalak esleituak dituenetatik.

3. artikulua. Titulu eta Baliozkotze Bulegoa.

Titulu eta Baliozkotze Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Titulu akademikoak eta profesionalak emateko proposamenak tramitatzea eta horien gainean ebaztea, ikastetxeek eskaturik.

–Ikastetxeei titulu akademiko eta profesionalak luzatu eta banatzea.

–Ikasketen ziurtagiriak luzatzea.

–Tituluak homologatzeko eta ikasketak baliozkotzeko espedienteak tramitatzea eta, hala behar denean, horien gainean ebaztea.

–Diploma eta tituluen erregistroaz arduratzea.

–Bere eskumeneko esparruaren barrenean prestakuntza planifikatu, prestatu eta ematea.

–Agintzen zaion beste edozein eginkizun, atxikita dagoen atalak esleituak dituenetatik.

4. artikulua. Etengabeko Prestakuntzaren Bulegoa.

Etengabeko Prestakuntzaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Helduen hezkuntza garatzeko beharrezkoa den araudia prestatzea, zuzendaritza nagusi honetako beste zerbitzu batzuekin elkarlanean.

–Helduentzako prestakuntza programak garatu, kudeatu, koordinatu eta horien jarraipena egitea.

–Helduen hezkuntzan eta urrutiko irakaskuntzan diharduten ikastetxe eta ikasgelen sarearen koordinaziorako eta funtzionamendu akademikorako neurrien plangintza egitea.

–Helduen hezkuntzaren beharretan izaten diren aldaketak atzeman eta aztertzea, eskaintza behar horietara egokitzeko.

–Beste kultura batzuetako helduen integrazioa errazteko berariazko programak planifikatu eta abian jartzea.

–Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeak helduei ekar diezazkiekeen onurez baliatzeko aukera ematen duten berrikuntza programak garatu eta kontrolatzea.

–Bere eskumeneko esparruaren barrenean prestakuntza planifikatu, prestatu eta ematea.

–Helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion gainerako eginkizunak, kudeatzen duen esparruan.

5. artikulua. Hezkuntza Premien Bulegoa.

Hezkuntza Premien Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Hezkuntza laguntzako premia bereziak dituzten ikasleen inguruan, aniztasunari erantzutearen esparruan, Hezkuntza Departamentuan izanen diren funtzionamendu irizpideen eta araudiaren proposamena prestatzea, Nafarroako Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroarekin (NHBBZ) eta zuzendaritza nagusiko beste zerbitzu batzuekin elkarlanean.

–Ikasteko berariazko zailtasunen, gaitasun intelektual handien, hezkuntza sisteman berandu sartzearen, gaixotasunen, baldintza pertsonalen edo eskola historiaren ondorioz, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei laguntza emateko jarduketak, baliabideak eta euskarriak planifikatzea eta horien gaineko proposamena egitea, NHBBZrekin elkarlanean.

–Hezkuntza arloko berrikuntza eta ikerketa programak eta esperimentazio proiektuak proposatu, zabaldu eta ebaluatzea, bai eta ikasleen aniztasunari eta behar den laguntza motari erantzuteko berariazko programak garatzea ere, NHBBZrekin elkarlanean.

–Irakasle eta familientzako material didaktikoak prestatu, argitaratu eta zabaltzea, hezkuntza laguntzako premia bereziak dituzten ikasleei hezkuntza hobea eman ahal izateko, NHBBZrekin elkarlanean arituz.

–NHBBZtik bereziki, Hezkuntza Bereziko ikastetxeei eta ikastetxe arruntei aholkuak eta laguntza ematea, aniztasunari eta, zehazkiago, hezkuntzako laguntzako premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateko.

–Departamentuak, premia berezien arloan, premia orokorrak dituzten ikasle, ikastetxe eta familientzat dituen diru-laguntzak planifikatu eta kudeatzea, NHBBZrekin elkarlanean.

–Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei laguntzearekin zerikusia duten jarduketak eta programak planifikatzea eta departamentuan bertan eta beste departamentu, zerbitzu, erakunde eta entitate batzuekin koordinatzea.

–Hezkuntza laguntzako premia bereziak dituzten ikasleen zentsua egin eta kudeatzea, bere eskumenen esparruan, NHBBZrekin elkarlanean.

–Hezkuntza sisteman berandu sartzearen edo beste egoera berariazko batzuen ondoriozko premia bereziak dituzten ikasleen eskolatzea planifikatzen laguntzea, Nafarroako ikastetxe guztien artean erantzukizuna partekatzeko eta zuzentasunez jokatzeko irizpideak ezarriz.

–Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteen instrukzioa egitea.

–Bere eskumeneko esparruaren barrenean prestakuntza planifikatu, prestatu eta ematea.

–Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

6. artikulua. Orientazio Bulegoa.

Orientazio Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Orientazio departamentuen, hezkuntza sostengurako unitateen eta, oro har, orientazioko profesionalen orientazio lanari buruzko araudia aplikatzea.

–Ikasleak eskolatzeko modalitateen gainean eta etorkizuneko lanbiderako prestatzeko aukeren gainean, orientazioko profesionalek egiten duten lana planifikatzea, irakasle taldeekin eta familiekin elkarlanean.

–Orientazio lana, berrikuntza eta ikerketa, langileen koordinazioa, jardunbide egokien zabalkundea eta prestakuntzarako elkarlana etengabe hobetzeko laguntza ematea, on line plataformen edo beste baliabide batzuen bitartez.

–Irakasle taldeekin eta familiekin elkarlanean aritzea ikasleen eskolatze egokia errazteko eta horien jarraipena egiteko etapa edo modalitatea aldatzen denean.

–Inklusio proiektu eta inguruneetan dauden ikasleei arreta pertsonalizatua eta pertsonalizatzailea emateko, irakasleen eta beste profesional batzuen esku-hartzea koordinatzeko lana sustatzea.

–Hezkuntza orientazioaren eginkizunak garatzeko behar diren material psikoteknikoak eta baliabide dokumental eta bibliografikoak erosi eta zabaltzea, NHBBZrekin elkarlanean.

–Urteko Plana eta Memoria prestatzea, zerbitzuaren jarraibideen arabera.

–Bere eskumeneko esparruaren barrenean prestakuntza planifikatu, prestatu eta ematea.

–Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

7. artikulua. Inklusio Proiektuetarako Bulegoa.

Inklusio Proiektuetarako Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Hezkuntza Departamentuak onetsitako funtzionamendu irizpideak eta araudia zabaldu eta aplikatzea, ikasleak hezkuntza sisteman berandu sartzearen edo berariazko beste egoera batzuen ondorioz sortzen diren hezkuntza laguntzako berariazko premiei dagokienez.

–Aurreko paragrafoan aipatutako ikasleei harrera egin eta arreta emateko behar diren jarduketen, baliabideen eta sostenguen proposamena eta programazioa egitea.

–Irakasle eta familiak gidatzeko material didaktikoak prestatu, argitaratu eta zabaltzea, ikasleak sisteman hobeki txertatzeko, zuzendaritza nagusiko beste zerbitzu batzuekin elkarlanean.

–Ikastetxeei aholkua eta laguntza ematea harrera programak, berandu eskolatzen diren ikasleei arreta emateko programak eta inklusio proiektuak ezartzerakoan.

–Egoera sozial ahulean dauden ikasleek hezkuntza jasotzeko aukera berdinak dituztela bermatzeko laguntzak kudeatzea.

–Ikasle atzerritarrei edo gizarte edo kultur egoera ahulean dauden ikasleei arreta ematen dieten ikastetxeen, gizarte zerbitzuen, erakundeen eta entitateen arteko koordinazio lana egitea.

–Egoera soziokultural ahularen ondorioz hezkuntza premiak dituzten ikasleen zentsua egin eta kudeatzea, bere eskumenen esparruan.

–Ikasleak hezkuntza sisteman txertatzeari begira Europan, Estatuan, eskualdeetan eta udaletan egiten diren ekintzetan parte hartzea, eta biltzarrak, ekitaldiak eta jardunaldiak sustatzea jardunbide egokiak zabaltzeko ikasleak txertatzearen arloan, berrikuntzaren eta ikerkuntzaren arloan, hezkuntza bikaintasunaren arloan, hezkuntza pertsonalizatuaren arloan eta eskola uztea saihestu eta aurreikustearen arloan.

–Eskolatze Batzordeari laguntzea hezkuntza sisteman berandu sartzearen edo beste egoera batzuen ondorioz premia berariazkoak dituzten ikasleak eskolatzeko orduan, Nafarroako ikastetxe guztien artean erantzukizuna partekatzeko eta berdintasunez jokatzeko irizpideak ezarriz.

–Bere eskumeneko esparruaren barrenean prestakuntza planifikatu, prestatu eta ematea.

–Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

8. artikulua. 0-3 urteko Haurren Bulegoa.

0-3 urteko Haurren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Haur Hezkuntzako lehen zikloko hezkuntza eskaintzaren plangintza egiten parte hartzea.

–Ikastetxeetako titularrei aholku ematea eta hitzarmenak prestatzea, tramita daitezen.

–Diru-laguntzen eta finantziazioko beste gastu batzuen espedienteak tramitatzea, departamentuko beste zerbitzu batzuekin koordinatuta.

–Beste administrazio batzuekin elkarlanean aritzea haur hezkuntzako lehen zikloaren arloan.

–Ziklo horretako ikasketak garatzeko beharrezkoa den araudia prestatzen laguntzea.

–Hezkuntza Departamentuak ziklo horren inguruan onetsitako araudia eta funtzionamenduko irizpideak zabaldu eta aplikatzea, atalak emandako jarraibideen arabera.

–Hezkuntza ziklo honetan familien eta hezitzaileen arteko lankidetza sustatzea.

–Prebentzioko eta konpentsaziozko jarduketa bideratzeko ekintzen aurreikuspena egitea, hezkuntzan zuzentasunaren alde jokatzeko.

–Hezkuntza Proiektuan sartu beharreko Proposamen Pedagogikoa prestatu eta garatzeko sostengua ematea.

–Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikasleez arduratzen diren irakasleen eta hezkuntzako beste langile batzuen urteko Prestakuntza Planaren proposamena prestatzen parte hartzea, zuzendaritzako beste zerbitzu batzuekin elkarlanean.

–Hezkuntza esperientziak sustatu eta zabaltzea, eta haiek garatzeko proposamenak egitea.

–Landa eskolen eta osatu gabeko eskolen gainean kudeatu, proposatu, arreta eman eta antolatzeko lanetan laguntzea, atalaren jarraibideen arabera.

–Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteak tramitatzea.

–Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

2. ATALA

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzua.

9. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

1. Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak bulego hauek ditu bere egituran:

–Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegoa.

–EGAren Bulegoa.

–Hizkuntza Programen Bulegoa.

–Europako Proiektuen Bulegoa.

–Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoa.

2. Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegoa eta EGAren Bulegoa Euskara Atalari atxiki zaizkio.

Europako Proiektuen Bulegoa eta Hizkuntza Programen Bulegoa Atzerriko Hizkuntzen Atalari atxiki zaizkio.

Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoa Arte Ikasketen Atalari atxiki zaio.

10. artikulua. Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegoa.

Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Euskararen irakaskuntzaren curriculum garapenaren gaineko txostenak, azterlanak eta proposamenak egitea, zuzendaritza nagusiko beste zerbitzu batzuekin lankidetzan arituz.

–Euskara irakasteko material didaktikoak prestatzeko eta erosteko proposamenak egitea, zuzendaritza nagusiko beste zerbitzu batzuekin lankidetzan arituz.

–Irakasleei eskaintzen zaizkien euskarazko prestakuntza jarduerak planifikatzea, zuzendaritza nagusiko beste zerbitzu batzuekin elkarlanean.

–Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren urteko lan plana, ikasturte amaierako memoria eta antolaketarako agiria onets daitezen proposatzea, eta haien jarraipena egitea.

–Hizkuntza arloko laguntza emateko hezkuntza jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen plangintza proposatzea, bai eta jarduera horiek ikastetxeko hezkuntza planetan integratzeko estrategiak ere.

–Eskola esparruan euskara erabiltzeko jarduerak egiten dituzten gizarte ekimeneko entitateekin hitzarmenak sinatzeko proposamenak egitea.

–Helduei euskara irakasteko irakaskuntza modalitateak eta curriculuma proposatzea, bai eta material egokiak ere, zuzendaritza nagusi honetako beste zerbitzu batzuekin elkarlanean.

–Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteen instrukzioa egitea.

–Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

11. artikulua. EGAren Bulegoa.

EGAren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko Nafarroako Gobernuak antolatzen dituen probak prestatzeko irizpideak prestatzea eta proposatzea, eta proba horiek baliozkotzea.

–Probetako epaimahaiak antolatzea eta eratzea.

–Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko azterketen urteko deialdiak antolatzea eta gauzatzea.

–EGA titulua maila bereko beste titulu batzuekin baliozkotzeko eskaerak onartzeko proposamenak egitea.

–Europako ALTE elkartean (Association of Language Testers in Europe) parte hartzea eta hartan Nafarroako Gobernuaren ordezkaria izatea, eskubide osoko kide gisara.

–Euskara maila egiaztatzeaz arduratzen diren Nafarroako Gobernuko beste entitate batzuekin edo beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea eta koordinatzea.

–Euskararen irakaskuntzaren curriculum garapenaren gaineko txostenak, azterlanak eta proposamenak egitea, zuzendaritza nagusiko beste zerbitzu batzuekin lankidetzan arituz.

–Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteen instrukzioa egitea.

–Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

12. artikulua. Hizkuntza Programen Bulegoa.

Hizkuntza Programen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan atzerriko hizkuntzak ikasteko programak planifikatzea, martxan jartzea eta haien segimendua egitea.

–Koordinazio eta funtzionamendu neurriak proposatzea eta aholku ematea, atzerriko hizkuntzak ikasteko programak garatu eta ezartzeko.

–Atzerriko hizkuntza ikasteko programak ematen dituzten irakasleen prestakuntza antolatzea, on line prestakuntzako tresnak eta materialak bultzatuz, haren erabilera eta sarbidea errazteko.

–Berrikuntza programak ezartzeko azterlanak egitea, atzerriko hizkuntzen ikasketa hobea sustatzeko, baita irakaskuntzako jardunbide egokiak ere.

–Hezkuntza Departamentuko Ebaluazio Atalarekin elkarlanean aritzea Nafarroako ikasleei atzerriko hizkuntzen gaineko ezagutza ebaluatu eta kontrolatzeko probetan.

–Prestakuntza Atalari laguntzea atzerriko hizkuntzen irakasleen prestakuntza diseinatzen.

–Hizkuntzaren aniztasuna sustatzen dituzten jarduerak antolatzea.

–Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteen instrukzioa egitea.

–Atzerriko hizkuntzak ikasteko eta haietan ikasteko programak garatzeko beharrezkoa den araudia prestatzea, zuzendaritza nagusi honetako beste zerbitzu batzuekin elkarlanean.

–Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

13. artikulua. Europako Proiektuen Bulegoa.

Europako Proiektuen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Europako hezkuntza proiektuen gaineko informazioa zabaltzea eta ikastetxeei aholku ematea programa horietan parte har dezaten.

–Autonomia erkidegoaren ordezkaria izatea Erasmus+ eta eTwinning Europako programetan.

–Ikasleek atzerrian ikasteko programak planifikatu eta kudeatzea.

–Atzerriko hizkuntzen mintzapraktikako laguntzaileen programak koordinatzea.

–Hizkuntza mailak garatzea Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari dagokionez, baita Hizkuntzen portfolioa ere, Nafarroako eremuan.

–Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteen instrukzioa egitea.

–Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

14. artikulua. Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoa.

Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Musikaren Hiriaren instalazio eta hornidura beharrak planifikatzea eta behar horiei erantzutea.

–Musikaren Hiriaren ekipamendu didaktikorako eta azpiegituretarako zehazten diren planak proposatu, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea.

–Eskumena duten organoekin koordinatu eta elkarlanean aritzea, Musikaren Hirian sare informatikoek eta komunikazioek behar bezala funtzionatzeko.

–Segurtasun arloan eskumena duten organoekin elkarlanean aritzea, Musikaren Hiriaren eta bertan dauden pertsonen segurtasun beharrak planifikatu eta behar horiei erantzuteko.

–Musikaren Hiriari atxikitako langileen kudeaketa eta administrazioa.

–Musikaren Hirian jarduera ez akademikoak planifikatu eta programatzea.

–Beste entitate batzuekin elkarlanean aritzea, Musikaren Hiriaren kanpo-proiekzioa sustatzeko.

–Kontserbatorioetako zuzendaritza taldeekin koordinatzea, esleituta dituen eginkizunak gauzatzeko beharrezkoak diren gaietan.

–Bere eginkizunak behar bezala gauzatzeko esleitzen zaizkion baliabide ekonomikoak kudeatzea.

–Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteen instrukzioa egitea.

–Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

3. ATALA

Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren,
Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzua

15. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

1. Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuak bulego hauek izanen ditu bere egituran:

–Ebaluazio Bulegoa.

–Kalitatearen Bulegoa.

–Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta Berriztapen Proiektuen Bulegoa.

–Prestakuntza Programen Bulegoa.

–Baterako Hezkuntzaren Bulegoa.

–Bizikidetzaren arloko Aholkularitza Bulegoa.

2. Ebaluazio Bulegoa eta Kalitate Bulegoa Ebaluazio eta Kalitate Atalari atxiki zaizkio.

Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta Berriztapen Proiektuen Bulegoa eta Prestakuntza Programen Bulegoa Prestakuntza Atalari atxiki zaizkio.

Baterako Hezkuntzaren Bulegoa eta Bizikidetzaren arloko Aholkularitza Bulegoa Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Atalari atxiki zaizkio.

16. artikulua. Ebaluazio Bulegoa.

Ebaluazio Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Nafarroako hezkuntza sistemako etapa eta irakaskuntza guztietan behar adina ebaluazio diseinatu, antolatu eta egitea.

–Nafarroako hezkuntza sistemako etapei eta ikasketei buruzko kanpo ebaluazioak diseinatu, antolatu eta egitea.

–Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aurreikusitako diagnostikoko ebaluazioak antolatzea.

–Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Ebaluazio Institutuak zuzentzen dituen estatuko eta nazioarteko ebaluazioak Nafarroan koordinatzea.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Hezkuntza Departamentuak Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Ebaluazio Institutuan duen parte-hartzea koordinatzea eta bideratzea.

–Urteroko txostenak egitea, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako emaitza akademikoei buruz.

–Nafarroako hezkuntza adierazleak prestatzea, estatuko eta nazioarteko adierazleen sistemen testuinguruaren barnean.

–Ebaluazio gaiei buruzko txostenak eta azterlanak egitea.

–Hezkuntza Departamentuaren beste instantzia batzuekin kolaboratzea, hezkuntza sistemaren funtzionamenduari buruzko informazioa emanez.

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarekin kolaboratzea ikastetxeak, irakasleak eta programak ebaluatzen.

–Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteen instrukzioa egitea.

–Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

17. artikulua. Kalitate Bulegoa.

Kalitate Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Foru Komunitateko ikastetxeetan kalitate prozesuak zabaltzea eta, hala bada, abian jartzea.

–Etengabeko hobekuntzaren kultura bultzatzea ikastetxeetan eta hezkuntzako administrazioan, horrela ikasleen, irakasleen, familien eta gizarte osoaren behar eta nahiei erantzun ahal izateko.

–Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan kalitatea kudeatzeko sistemen garapena, ezarpena eta aitorpena koordinatzea.

–Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan Kalitate Sareen lana koordinatu, lagundu eta sustatzea.

–Hezkuntza kudeaketa errazten duten prestakuntza jardueren garapena planifikatu eta kudeatzea.

–Kalitatea kudeatzeko sistemen ebaluaziorako sistemak ezartzea.

–Eskola erakundeetarako egokia den kalitate-egiaztapen bat sustatzea.

–Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeen kalitatea kudeatzeko sistemaren kanpo berrikuspena eta haren plangintza koordinatzea.

–Aurrekontuen exekuzioa kudeatzea, baliabideak gainditu gabe.

–Kalitatea kudeatzeko sistemak aitortzeko ziurtagiriak kudeatzea.

–Zuzendaritza nagusi honetako kudeaketa sistemetan eta zerbitzuen gutunean kalitate sistemak ezartzeko prozesuan parte hartzea.

–Zuzendaritza nagusi honek egiten dituen zerbitzuei buruz herritarrek dituzten pertzepzio eta espektatibetarako eta iradokizun, kexa eta erreklamazioetarako sistemak garatzen laguntzea, eskumena duen unitatearen irizpideei jarraikiz.

–Kalitatea kudeatzeko sistemekin lotuta dauden kanpo erakundeekiko harremanak bultzatzea.

–Hezkuntza Departamentuko beste bulego batzuekin elkarlanean aritzea, hala erabakitzen denean.

–Bere eskumeneko esparruaren barrenean prestakuntza planifikatu, prestatu eta ematea.

–Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, atxikita dagoen atalak dituenetatik.

18. artikulua. Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta Berriztapen Proiektuen Bulegoa.

Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta Berriztapen Proiektuen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Irakasleentzako Laguntza Zentroak antolatzeko eta abian jartzeko arau eta jarraibideak proposatzea.

–Irakasleentzako Laguntza Zentroetako langileen barne prestakuntza koordinatzea.

–Irakasleentzako Laguntza Zentroen jardunaren ebaluazioa zuzentzea.

–Irakasleentzako Laguntza Zentroekin bat, prestakuntza jardueren erregistro bat prestatu eta mantentzea eta jarduera horiek erregistratzeko eta ziurtatzeko jarraibideak proposatzea.

–Datu base erkidea eta Irakasleentzako Laguntza Zentroen jarduketa koordinatzea.

–Irakasleek etengabeko prestakuntzako ekitaldietan parte hartzeko laguntza, baimen eta lizentziak lortzeko deialdiak prestatu, horien jarraipena egin eta horien gaineko ebazpena proposatzea.

–Prestakuntza Sarea abian jartzeko esleituriko baliabideen arabera, aurrekontuen exekuzioa kudeatzea eta haien jarraipena egitea.

–Lan taldeak koordinatu eta haien jarraipena egitea.

–Irakasleentzako Laguntza Zentroak eta haien hedapenak sortu, eraldatu eta aldatzeko proposamenei buruz txostenak egitea.

–Hezkuntza Departamentuko beste bulego batzuekin elkarlanean aritzea, hala erabakitzen denean.

–Hezkuntza berrikuntzarako proiektu eta programak proposatu, onetsi, gauzatu eta ebaluatzea.

–Baliabide didaktikoen zabalkundea egitea eta, hala behar denean, horiek prestatzea.

–Bere eskumeneko esparruaren barrenean prestakuntza planifikatu, prestatu eta ematea.

–Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, atxikita dagoen atalak dituenetatik.

19. artikulua. Prestakuntza Programen Bulegoa.

Prestakuntza Programen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Irakasleen prestakuntzaren kalitatea ebaluatzeko eta hobetzeko ekintzak bultzatu eta koordinatzea.

–Irakasleak prestatzeko prozesu eta edukien kalitatea hobetzen duten ekintzak bultzatu eta koordinatzea, ebaluazio egoki batetik abiaturik.

–Nafarroako Foru Komunitateko Irakasleen Urteko Prestakuntza Plana prestatzeko prozesua planifikatzea eta horretarako osatzen diren lan taldeak koordinatzea.

–Irakasleen Urteko Prestakuntza Plana gauzatzeko baldintzak aztertu eta baloratzea eta plana hobeki garatzeko neurriak proposatzea.

–Irakasleen Prestakuntza Atalak zuzenean bultzatu eta garatu behar dituen prestakuntza programen garapena planifikatu eta kudeatzea.

–Irakasleak prestatzeko jarduerak garatzeko prozedura administratiboak kudeatzea.

–Hezkuntza Departamentuko beste bulego batzuekin elkarlanean aritzea, hala erabakitzen denean.

–Unibertsitateetako ikastetxe eta erakundeekiko lankidetza hitzarmenak proposatzea, irakasleen hasiera bateko eta etengabeko prestakuntza garatzearren.

–Bere eskumeneko esparruaren barrenean prestakuntza planifikatu, prestatu eta ematea.

–Trabarik gabeko komunikazio eta harremanetarako bide egokiak jartzea Hezkuntza Departamentuaren –bereziki Hezkuntzako kontseilariaren– eta gizartearen artean, batik bat hezkuntza eragileekin (familiak, irakasleak, ikastetxeetako zuzendaritza taldeak, elkarteak, udalerriak eta entitateak), Nafarroan hezkuntzari lotutako gaietan arreta zuzen eta hurbila behar duten eskakizunei erantzuteko eta ekimenak eskaintzeko.

–Hezkuntzako kontseilariaren Kabinetearekin elkarlanean aritzea hezkuntzan zuzenean edo zeharka esku hartzen duten eragileekin komunikazioa eta harremanak bultzatzeko, interes orokorreko hezkuntza mezu, ekimen edo proiektuak zabaltzeko, eta hezkuntzaren aintzatespen soziala bultzatzeko, bereziki hezitzaileen, irakasleen eta zuzendaritza taldeen lanarena.

–Erakundeekin eta hezkuntza sisteman ordezkaritza eta partaidetza izateko organo instituzionalekin elkarlanean aritzea interes partekatuko ekintzak eta ekimenak sustatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntzaren onerako.

–Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, atxikita dagoen atalak dituenetatik.

20. artikulua. Baterako Hezkuntzaren Bulegoa.

Baterako Hezkuntzaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Estrategiak proposatzea berdintasunaren urteko planak errazteko, Departamentuaren beste plan eta programa batzuekin integratuak daudenak (hala nola, irakasleen prestakuntza plana, hobekuntzakoa, irakurketakoa, bizikidetzakoa, etab.).

–Ikastetxeekin zehaztea zein diren beharrezko prestakuntza, orientazioa eta langileriaren premiak baterako hezkuntzaren helburuak behar bezala betetzeko.

–Orientaziorako irizpide eta material pedagogikoak garatu eta hedatzea, ikastetxeek errazago izan dezaten baterako hezkuntzaren printzipioak aplikatzea hezkuntza sistemako etapa eta maila guztietan.

–Sentikortasuna, prestakuntza eta informazioa ematea ikastetxeetako irakasleei eta zuzendaritzako kideei, sareko lana sustatuz eta baterako hezkuntzaren ikasketen, esperientzien eta materialen trukaketa erraztuz.

–Baterako hezkuntzaren baliabide pedagogikoen funtsa kudeatu eta eguneratzea eta ikastetxeei eta familiei ezagutaraztea eta erabilaraztea.

–Estrategiak eta ekintzak proposatzea hezkuntzaren aldetik esku hartzeko eskolaz kanpoko eremuan eta familietan, gizarte eragileekin eta toki entitateekin batera.

–Ebaluaziorako eta segimendurako tresnak eta adierazleak diseinatzea, ikastetxeek eta Hezkuntza Departamentuak errazago izan dezaten jakitea norainoko eragina izan duten politikek eta ezarritako ekintzek.

–Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, atxikita dagoen atalak dituenetatik.

21. artikulua. Bizikidetzaren arloko Aholkularitza Bulegoa.

Bizikidetza Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Bizikidetza Aholkularitza zuzendu, koordinatu eta horretan aktiboki parte hartzea.

–Bizikidetza hobetzera eta hobeki garatzera bideratutako plan, jarduera, kanpaina eta materialak bultzatu eta zabaltzea.

–Irakasleen Prestakuntzako Atalarekin bat, bizikidetzaren eremuko prestakuntza programak diseinatu eta proposatzea eta, behar izatera, prestakuntza hori ematea.

–Aholkularitza ematea hezkuntza komunitateko sektoreei, Hezkuntza Departamentuak laguntzarako ezarritako telefonoa eta bideak erabiliz, eskolako jazarpenaren, indarkeriaren eta tratu txarren gainean eta gatazken konponketaren gainean, eta halako kasuetan esku hartzea, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarekin elkarlanean.

–Ikastetxeei laguntza eta orientazioa ematea bizikidetza planak prestatu eta garatzeko orduan, eta informazioa ematea eskolako bizikidetza hobetzeko dauden materialei, baliabideei eta programei buruz, eta Komunitateko ikastetxeen artean hezkuntza arloan izandako esperientzien trukaketa sustatzea bizikidetzari dagokionez.

–Segimendua egitea, hezkuntzako ikuskapenarekin batera, Nafarroako Foru Komunitateko eskola bizikidetza hobetzeko helburua duten jarduketei.

–Bizikidetzari lotutako gaietan, Estatuko eta Nafarroako erakunde eta instituzioen arteko koordinazio ekintzetan parte hartzea.

–Bizikidetza Batzordea dinamizatu eta eraginkor egitea, Hezkuntza Departamentuko beste atal batzuekin komunikatzeko plataforma den aldetik.

–Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, atxikita dagoen atalak dituenetatik.

4. ATALA

Lanbide Heziketaren Zerbitzua

22. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

1. Lanbide Heziketaren Zerbitzuak bulego hauek ditu bere egituran:

–Lanbide Irakaskuntzak Garatzeko Bulegoa.

–Kualifikazio Sistemaren Kalitate eta Jarraipenerako Bulegoa.

–Lanbide Heziketa Berriztatzeko Bulegoa.

–Enpresako Lanbide Heziketaren eta Etengabeko Prestakuntzaren Bulegoa.

–Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoa.

2. Lanbide irakaskuntzak Garatzeko Bulegoa Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari atxiki zaio.

Kualifikazio Sistemaren Kalitate eta Jarraipenerako Bulegoa Lanbide Kualifikazioen Atalari atxiki zaio.

Lanbide Heziketa Berriztatzeko Bulegoa, Enpresako Lanbide Heziketaren eta Etengabeko Prestakuntzaren Bulegoa eta Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoa Berrikuntzaren, Enpresaren eta Lanbide Heziketa Nazioartekotzearen Atalari atxiki zaizkio.

23. artikulua. Lanbide Irakaskuntzak Garatzeko Bulegoa.

Lanbide Irakaskuntzak Garatzeko Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren kudeaketa eremuko irakaskuntzetako kurtsoak, sartzeko probak eta bestelako pasabideak, indarreko araudian ezarriak, planifikatzea.

–Lanbide Heziketako, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako eta kirol ikasketen zikloetako erdi eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proba orokorrak kudeatu eta koordinatzea.

–Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetarako gaitasun artistikoaren proba kudeatu eta koordinatzea.

–Araubide bereziko kirol ikasketetarako berariazko probak kudeatu eta koordinatzea.

–Lanbide heziketako irakaskuntzak, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak eta araubide bereziko kirol ikasketak hedatzeko erakundeetatik egiten diren ekintzak koordinatzea.

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren kudeaketa eremuko irakaskuntzetako irakasleei dagokienez, Prestakuntza Atalak prestakuntza beharrak zehazteko eta prestakuntza plana egiteko orduan aplikatu beharreko lehentasun irizpideak ezartzea.

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren kudeaketa eremuko irakaskuntzetako irakasleek enpresetan egonaldiak egiteko deialdia prestatu eta kudeatzea.

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren kudeaketa eremuko irakaskuntzetako irakasleek Hezkuntza Departamentuak kudeatzen ez dituen zentro, erakunde edo prestakuntza entitateetan egiten dituzten prestakuntza ikastaroak aitortzeko deialdia prestatu eta kudeatzea.

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren kudeaketa eremuko webguneak diseinatze eta mantentze-lanetan laguntzea.

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren kudeaketa eremuko irakaskuntzak modu birtualean ikasteko prestakuntza ereduen garapenak antolaketaren arloan dakartzan aldaketak aztertzea eta planifikatzea.

–Aipatutako irakaskuntzak modu birtualean ikasteari lotutako prozesu operatiboak kudeatu eta administratzea.

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren kudeaketa eremuko irakaskuntzak modu birtualean ikasteko prestakuntza eredua diseinatu, garatu eta ebaluatzea.

–Lanbide heziketako irakaskuntzak, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak eta araubide bereziko kirol ikasketak modu birtualean ikasteko prestakuntza ereduaren diziplinarteko taldea kudeatzea.

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren kudeaketa eremuko irakaskuntzak modu birtualean ikasteko prestakuntza ereduaren diseinu instrukzional eta teknologikoaren prozesuak koordinatzea, baita hipermediako prestakuntza materialak prestatzekoak ere.

–Hipermediako materialetan eta laguntzazko jarduera birtualetan oinarritutako ikaskuntza jarduerak diseinatzeko lanak koordinatzea, baita orientazio eta irakaskuntza birtualari buruzkoak ere.

–Lanbide heziketako irakaskuntzak, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak eta araubide bereziko kirol ikasketak modu birtualean ikasteko plataforma bat garatu eta kudeatzea.

–Atxikita dagoen atalaren barruan, agintzen zaion beste edozein eginkizun.

24. artikulua. Kualifikazio Sistemaren Kalitate eta Jarraipenerako Bulegoa.

Kualifikazio Sistemaren Kalitate eta Jarraipenerako Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Lanbide kualifikazioak Nafarroan berrikusi eta eguneratzeko tresna metodologikoak garatzea.

–Nafarroako sektore produktiboek eskatzen dituzten lanbide kualifikazioak identifikatu eta egituratzea, aurrerapen teknologiko berrien ondorioz etorritako beharrei behar bezalako arreta emanez.

–Lehiakortasun estandarrak definitzen, eskakizun sektorialak eguneratzen eta lanbide kualifikazio berriak definitzen kolaboratzea.

–Lanbide heziketako tituluetan agertzen diren gaitasun unitateei lotutako prestakuntza egitura modularra garatzea.

–Lanbide heziketako tituluen bidez prestakuntza behar berriei erantzuna ematea, kasuan kasuko curriculumak eguneratuz.

–Europa mailan kualifikazioak aitortzeko eta mugigarritasunerako ekimenak sustatzea eta laguntzea.

–Lan esperientziaren bidez eta prestakuntza ez-formalaren bidez eskuratutako gaitasunak ebaluatu, aitortu eta egiaztatzeko prozedura antolatzen eta garatzen kolaboratzea, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalarekin bat.

–Lanbide Kualifikazioen Sistema Nazionalari lotutako informazioa egituratu eta antolatzea, aisago hedatzearren.

–Lanbide orientaziorako eta informaziorako sistemekin koordinatzea, herritarrak lanbide kualifikazioen sistemara sartzeko bideak errazteko.

–Lanbide gaitasuna aitortzeko eta egiaztatzeko prozedurarekin lotutako lanbide orientazioa eta informazioa ematean aktiboki parte hartzea.

–Lanbide Heziketako tituluak eta Profesionaltasunaren ziurtagiriak lortzeko prestakuntza eskaintzari buruzko informazioa ematea.

–Nafarroako Kualifikazioen Sistema Nazionalaren webgunearen diseinu eta mantentze-lanetan kolaboratzea, eguneraturiko informazioa emateko.

–Lanbide Kualifikazioen Sistema Nazionalak Nafarroan dituen tresnei buruz kalitate prozesuak sustatzea, eta horien jarraipena egitea.

–Atxikita dagoen atalaren barruan, agintzen zaion beste edozein eginkizun.

25. artikulua. Lanbide Heziketa Berriztatzeko Bulegoa.

–Lanbide Heziketa Berriztatzeko Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Berrikuntza teknologikoaren eta didaktikoaren zaintza teknologikoa egitea, Espainiakoa eta atzerrikoa, batez ere Nafarroan gehien hedatzen ari diren sektore teknologikoetan.

–Berrikuntza teknologikorako lan-ildo estrategikoak, berrikuntza proposamenak eta proiektu berriak bultzatu eta ezartzea, lanbide heziketa hobetu eta garatzeko balio dutenak.

–Lanbide heziketako ikastetxeen berriztapen teknologikorako proiektuak garatzea.

–Berrikuntza didaktikoko ekintzak bultzatzea Lanbide Heziketako ikastetxeetan.

–Berrikuntza teknologikoa eta didaktikoa zabaldu eta orokortzea lanbide heziketako ikastetxeetan, enpresetan eta arlo horiekin zerikusia duten erakundeetan.

–Lanbide Heziketako ikastetxeak hornitzeko irizpideak ezarri eta planifikatzea.

–Berrikuntza teknologikoarekin eta ikasleei eta irakasleei laguntzeko didaktikarekin loturiko edizio proiektuak diseinatu eta kudeatzea, eta proiektu horiek ikastetxeetan, enpresetan eta haiei loturiko bestelako entitateetan zabaltzen eta orokortzen laguntzea.

–Lanbide Heziketako ikastetxeetako sare informatikoak hobetzen eta optimizatzen dituzten ekintzak bultzatzea, Hezkuntzako Sistema eta Sareen Bulegoarekin koordinatuta.

–Multimedia material didaktiko berritzaileak eta multimedia instalazio eta gela interaktiboak sortzeko koordinazio eta sustapen lana egitea.

–Ikasketa horien berriztatze arloan beste administrazio, entitate eta enpresa batzuekin elkarlanerako eta koordinaziorako loturak ezartzea.

–Bere eskumeneko esparruaren barrenean prestakuntza planifikatu, prestatu eta ematea.

–Atxikita dagoen atalaren barruan, agintzen zaion beste edozein eginkizun.

26. artikulua. Enpresako Lanbide Heziketaren eta Etengabeko Prestakuntzaren Bulegoa.

Enpresako Lanbide Heziketaren eta Etengabeko Prestakuntzaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Lanbide Heziketako ikasleen lantokietako prestakuntza planifikatu, kudeatu eta koordinatzea.

–Lanbide heziketa dualaren barreneko Lantokietako Prestakuntza moduluaren programazioari eta jarraipenari dagokienez, enpresako arduradunen prestakuntza koordinatzea.

–Entitate laguntzaileen katalogoa prestatu eta eguneratzea, lanbide heziketaren lanbide profilen arabera.

–Lantokietako Prestakuntza moduluaren eta Lanbide Heziketa dualaren ezarpenaren eta funtzionamenduaren gaineko azterlanak egitea.

–Hasierako Lanbide Heziketako ikasle tituludunen laneratzeari, bilakaerari eta aukerei buruzko azterlanak egitea.

–Heziketa programei dagokienez, Lanbide Heziketa irakasten duten ikastetxeen eta gizarte eta lan arloko estamentuen artean elkarlanerako loturak eta prestakuntza zentroaren eta enpresaren arteko elkarlanerako bestelako esparruak sustatzea.

–Hezkuntza Departamentuak lantokietako prestakuntzarako ematen dituen diru-laguntzak tramitatu eta kudeatzea.

–Lanbide Heziketa Europar Batasuneko edo bestelako erakundeetako funtsen bidez finantzatzeko aukerak aztertzea, Garapen Ekonomikorako Departamentuarekin koordinaturik.

–Langileen eta langabeen prestakuntza beharrak aztertzea, baita Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeek etengabeko prestakuntzaren arloan eskaintzen dituzten aukerak ere, haien ezaugarri eta gorabeherak kontuan hartuz.

–Behar horiei erantzuna emateko, prestakuntza zentroen jarduketa ildoak planifikatzea eta langabeen eta langileen prestakuntzaren arloan eskumena duten erakundeei proposatzea.

–Hezkuntza Departamentuaren menpeko lanbide heziketako ikastetxeetan langabeentzat eta langileentzat egiten diren prestakuntza ekintzak kudeatzea eta haien jarraipena eta ebaluazioa egitea.

–Hezkuntza Departamentuaren menpeko lanbide heziketako ikastetxeei aholku ematea langabetuen eta langileen prestakuntzari loturiko gaietan.

–Ekintza instituzionalak garatzea, enpresaren eta lanbide heziketako ikastetxeen sarearen arteko loturak hobetzen dituztenak, prestakuntza eta enplegua hobeki egokitzeko elkarrekin.

–Bere eskumeneko esparruaren barrenean prestakuntza planifikatu, prestatu eta ematea.

–Atxikita dagoen atalaren barruan, agintzen zaion beste edozein eginkizun.

27. artikulua. Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoa.

Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Ikastetxeek nazioarteko mugigarritasun proiektuetan parte har dezatela sustatzea, ikasleen lan proiekzioari dagokionez.

–Ikastetxeak bultzatzea lanbide heziketaren helburuekin zerikusia duten nazioarteko proiektuetan parte har dezaten.

–Irakasleei atzerrian eguneratze eta hobekuntza profesionala egiten laguntzea, nazioarteko programek eskaintzen dituzten aukeren bidez.

–Espainiako edo atzerriko bestelako erakundeekin harremanak izateko aukerak aztertu eta haiekin harremanetan hastea, Hezkuntza Departamentuak lanbide heziketari buruzko interes komuneko proiektuetan parte hartzeko edo elkarlanean aritzeko.

–Nazioarteko ekintza eta proiektuak planifikatu, garatu eta haien jarraipena egitea, haiek kudeatzea kontratuei eta ekonomiari dagokienez, eta erakunde eskudunen aurrean justifikatzea.

–Hezkuntza Departamentuak bultzaturiko nazioarteko proiektuak Europar Batasunaren edo beste erakunde batzuen funtsen bidez kofinantzatzeko aukerak aztertzea.

–Bere eskumeneko esparruaren barrenean prestakuntza planifikatu, prestatu eta ematea.

–Atxikita dagoen atalaren barruan, agintzen zaion beste edozein eginkizun.

5. ATALA

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua

28. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak bulego hauek ditu bere egituran:

–Kontrol Administratiboaren eta Artxiboaren Bulegoa.

–Eskolatze Bulegoa.

2. Kontrol Administratiboaren eta Artxiboaren Bulegoa eta Eskolatze Bulegoa Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari atxiki zaizkio zuzenean.

29. artikulua. Kontrol Administratiboaren eta Artxiboaren Bulegoa.

Kontrol Administratiboaren eta Artxiboaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagozkion espediente administratiboen tramitazioa eta jarraipena koordinatzea, Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe eta programek igortzen dituztenena, hain zuzen ere.

–Artxiboa antolatzea eta hori osatzen duten agiriak kontrolatzea.

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua osatzen duten ikuskatzaileei laguntza administratiboa ematea.

–Eskolatze Bulegoari laguntza administratiboa ematea, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak eskatuz gero.

–Telefonoz eta bide administratiboaren bidez aurkezten diren eskariei kasu ematea eta, hala bada, behar den moduan bideratzea.

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak agintzen dion beste edozein eginkizun.

30. artikulua. Eskolatze Bulegoa.

Eskolatze Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Eskolatze Batzordean parte hartzea. Bulegoko burua bertako kidea izanen da eta idazkari lanetan arituko da.

–Guraso eta tutoreei, ikasleei eta ikastetxeei berei argibideak eta aholkuak ematea eskolatze prozesuari buruz.

–Telefonoz eta bide administratiboaren bidez aurkezten diren eskari eta galderei kasu ematea eta, hala bada, behar den moduan bideratzea.

–Eskolatze prozesuei buruzko argibide materialak prestatzen parte hartzea.

–Eskolatze Batzordeari dagozkion espediente administratiboak tramitatu eta haien jarraipena egitea, baita haiek informatizatu, artxibatu eta kontrolatzea ere.

–Ikasleei eta haien familiei orientabideak eta argibideak ematea hezkuntza sistemak eskaintzen dituen ikasketa aukerei buruz.

–Eskolatze Batzordeak hartzen dituen erabakiak ikastetxeei eta familiei jakinaraztea.

–Ikasleen, eskabideen eta eskolatzeari buruzko bestelako kontuen datu base informatizatuak mantentzea.

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak agintzen dion beste edozein eginkizun.

II. KAPITULUA

Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Giza Baliabideen Zerbitzua

31. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

1. Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak bulego hauek ditu bere egituran:

–Kontrol Administratiboaren eta Langileriaren Araubidearen Bulegoa.

–Langileriaren Plantillaren Bulegoa.

2. Kontrol Administratiboaren eta Langileriaren Araubidearen Bulegoa Langileriaren Araubide Juridikoaren Atalari atxiki zaio.

Langileriaren Plantillaren Bulegoa Giza Baliabideen Zerbitzuari atxiki zaio zuzenean.

32. artikulua. Kontrol Administratiboaren eta Langileriaren Araubidearen Bulegoa.

Kontrol Administratiboaren eta Langileriaren Araubidearen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Giza Baliabideen Zerbitzura igorritako dokumentazio osoa kontrolatzea.

–Araubide Juridikoaren Atalak zerbitzuaren eskumenekoak diren arloetan ezarririko irizpideak betearaztea.

–Giza Baliabideen Zerbitzuaren eskumenekoak diren espediente administratiboak tramitatzea.

–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpenak kontrolatu, haien jarraipena egin eta igortzea.

–Zerbitzuak emandako agiriak kontrolatu eta artxibatzea.

–Hezkuntza Departamentuko langileei dagokienez: izendapenak, jabetza hartzeak, kargu uzteak eta langileen gaineko beste gorabehera batzuk.

–Bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

33. artikulua. Langileriaren Plantillaren Bulegoa.

Langileriaren Plantillaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Hezkuntza Departamentuko plantilla organikoa kontrolatzea eta gaurkotzea.

–Ikastetxeetako zuzendaritza karguen proposamenak tramitatzea, Hezkuntza Departamentuko organo eskudunekin lankidetzan.

–Administrazio arloko analisi, azterketa eta aholkularitza lanak egitea, langileriaren arloko informazioa eta ezagutza egoki kudeatzeko.

–Lanpostuak atxiki, amortizatu, moldatu eta sortzeko proposamenak tramitatzea.

–Administrazio arloan, ikertu, aztertu eta aholkatzeko lanak egitea.

–Bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

2. ATALA

Baliabide Ekonomikoen Zerbitzua

34. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

1. Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak bulego hauek ditu bere egituran:

–Hezkuntzako Langileen Nominen Bulegoa.

–Gizarte Aseguruen Bulegoa.

–Itunpeko eta Diruz Lagundutako Ikastetxeetako Nominen Bulegoa.

–Ikastetxeak Finantzatzeko Bulegoa.

2. Nomina eta Gizarte Aseguruen Atalari atxiki zaizkio Hezkuntzako Langileen Nominen Bulegoa, Gizarte Aseguruen Bulegoa eta Itunpeko eta Diruz Lagundutako Ikastetxeetako Nominen Bulegoa.

Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari atxiki zaio Ikastetxeak Finantzatzeko Bulegoa.

35. artikulua. Hezkuntzako Langileen Nominen Bulegoa.

Hezkuntzako Langileen Nominen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Langileen nominak egin eta justifikatzea.

–Hartzekoen ordainketa eta atxikipenak kudeatzea.

–Langileentzako ziurtagiri ekonomikoak.

–Bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

36. artikulua. Gizarte Aseguruen Bulegoa.

Gizarte Aseguruen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Gizarte Segurantzako alta eta bajak.

–Gizarte Segurantzako Diruzaintzarekiko kudeaketa eguneratua izatea.

–Bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

37. artikulua. Itunpeko eta Diruz Lagundutako Ikastetxeetako Nominen Bulegoa.

Itunpeko eta Diruz Lagundutako Ikastetxeetako Nominen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Ikastetxe itunduetako irakasleen nomina tramitatu eta ordaintzea.

–Langile horiei dagozkien Gizarte Segurantzako inprimakiak eta kuoten ordainketa.

–Ikastetxe itunduetako langileei dagokienez, agintzen zaion beste edozein eginkizun.

38. artikulua. Ikastetxeak Finantzatzeko Bulegoa.

Ikastetxeak Finantzatzeko Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoek funtzionamendu gastu arruntetarako eta irakaskuntza jardueretarako behar dituzten kredituak aztertu, proposatu eta ordaintzeko agintzea, eta horietatik zenbait gastu egiteko baimena ematea.

–Udaletarako eta beste toki entitate batzuetarako diru-laguntzak proposatu eta kudeatzea, haien menpeko eskola-kontzentrazioen eta bestelako ikastetxeen funtzionamendurako, alde batera utzita inbertsio, obra eta ekipamendurako diru-laguntzak.

–Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza mailetako ikastetxe pribatuekin sinatutako hezkuntza itunak eta ikastetxe horiei ematen zaizkien diru-laguntza arautuak proposatu eta kudeatzea.

–Ikastetxe pribatuetarako hezkuntza itunen eta diru-laguntza arautuen modulu ekonomikoak aztertzea eta proposatzea.

–Agintzen zaion beste edozein eginkizun, atxikita dagoen atalak esleituak dituenetatik.

3. ATALA

Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzua

39. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

1. Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak bulego hauek ditu bere egituran:

–Kontratazio Bulegoa.

–Eskola Zerbitzuak Kudeatzeko Bulegoa.

–Eraikuntza Bulegoa.

–Mantentze-lanen Bulegoa.

–Erosketa Bulegoa.

2. Kontratazio Bulegoa eta Eskola Zerbitzuak Kudeatzeko Bulegoa Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalari atxiki zaizkio.

Eraikuntza Bulegoa Obra Atalari atxiki zaio.

Mantentze Lanen Bulegoa eta Erosketa Bulegoa Hezkuntza Departamentuko Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze Lanetarako Atalari atxiki zaizkio.

40. artikulua. Kontratazio Bulegoa.

Kontratazio Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Obra, hornidura, mantentze-lan eta laguntza teknikorako kontratuen tramitazioa.

–Kontratistei eskatzen zaizkien berme eta gainerako agiriak kontrolatzea.

–Obra, mantentze-lan, hornidura eta laguntza teknikorako kontratuen aldaketak proposatzea.

–Obra, mantentze-lan, hornidura eta laguntza teknikorako kontratuak bukatutzat emateko proposamenak egitea.

–Kontratuen amaiera eta artxiboa.

–Kontratazioari buruz agintzen zaion beste edozein eginkizun.

41. artikulua. Eskola Zerbitzuak Kudeatzeko Bulegoa.

Eskola Zerbitzuak Kudeatzeko Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Unibertsitatez kanpoko hezkuntza mailetan, garraioan eta jantokietan dauden beharren plangintza egitea, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarekin elkarlanean.

–Unibertsitatez kanpoko hezkuntza mailetarako garraio eta jantokiko eskola zerbitzu osagarriekin zerikusia duten jarduerei dagokienez, deialdien proposamenak egitea, kudeatzea eta tramitatzea.

–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren izenean dauden ikastetxeak garbitzeko kontratuak planifikatzea eta egoki betetzen direla kudeatzea.

–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren izenean dauden ikastetxeetako lorategiak edo berdeguneak kontserbatzeko kontratuak planifikatzea eta egoki betetzen direla kudeatzea.

–Agintzen zaion beste edozein eginkizun, atxikita dagoen atalak esleituak dituenetatik.

42. artikulua. Eraikuntza Bulegoa.

Eraikuntza Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Hezkuntza Departamentuko obra espedienteak kudeatu, haien jarraipena egin eta kontrolatzea.

–Hezkuntza arloko obretarako diru-laguntzen deialdiak kudeatu, haien jarraipena egin eta kontrolatzea.

–Obra, hornidura, ekipamendu eta laguntza teknikoko kontratuak arautu behar dituzten klausulak aztertzea, prestatzea eta onesteko proposatzea.

–Horniketaz arduratzen den unitatearekin, obra bukatutakoan behar diren altzari, ekipamendu eta bestelako beharrak koordinatzea.

–Nafarroako Gobernuaren web orrian obrei buruzko espediente eta esleipenak argitaratzen direla begiratzea.

–Bere kudeaketa esparruan, udalekiko lankidetza hitzarmenak prestatu, proposatu eta tramitatzea.

–Agintzen zaion beste edozein eginkizun, atxikita dagoen atalak esleituak dituenetatik.

43. artikulua. Mantentze-lanen Bulegoa.

Mantentze-lanen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Edonolako instalazioetan segurtasun arauak betetzen direla begiratzea, jantokietako osasuna barne.

–Hezkuntza Departamentuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalarekin elkarlanean aritzea, Nafarroako Gobernuaren ikastetxeetan eta Hezkuntza Departamentuan arriskuak saihesteko.

–Ikastetxe berriak eraikitzeko obren proiektuak aztertzea, Obra Atalarekin koordinaturik.

–Zerbitzuak kontratatzen dituen obren jarraipena egiten laguntzea Obra Atalari.

–Ikastetxeetako instalazioak ikuskatzea, udalenak barne, eta bidezko diren txostenak ematea.

–Igogailuetako instalazioen, berokuntzaren, jantokien, suteetarako instalazioen eta abarren mantentze-lanetarako laguntza teknikoko kontratuen arauak proposatzea.

–Telekomunikazioetako arduradunekin telefonoguneetako instalazioak, sare informatikoko kableak eta abar kontrolatu eta koordinatzea.

–Erosketa Bulegoarekin batera, arriskuren bat dakarten erosketetako segurtasunari buruz indarra duten arauak betetzen direla begiratzea.

–Nafarroako Gobernuaren ikastetxeetako eta departamentuko garbiketa kontratuen kontratazioa planifikatzea eta kontratuak betetzen direla begiratzea.

–Ikastetxeetako mantentze-lanak planifikatzea eta presakoak direnez arduratzea.

–Agintzen zaion beste edozein eginkizun, atxikita dagoen atalak esleituak dituenetatik.

44. artikulua. Erosketa Bulegoa.

Erosketa Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Foru Komunitateko ikastetxeetako eta Hezkuntza Departamentuko bulegoetako ekipamendu beharrak aztertu eta baloratzea.

–Foru Komunitateko ikastetxeetako eta departamentuko bulegoetako ekipamendurako inbertsioak planifikatu, koordinatu eta programatzea.

–Foru Komunitateko ikastetxeetako eta Hezkuntza Departamentuko lokal eta instalazioetako urteroko ekipamendu plana antolatzea.

–Ikastetxeetako ekipamendua eta Hezkuntza Departamentuko lokal eta instalazioetako orotariko ekipamendua erosteko proposamenak egitea.

–Hezkuntza maila guztietan, eskolako ekipamendua ebaluatu eta kontrolatzea.

–Fitxa teknikoen katalogoa prestatzea, eskolak eta, oro har, departamentuko bulegoak hornitzeko erosten diren gaien ezaugarriak zehaztuz.

–Ikastetxeetako eta Departamentuko bulegoetako inbentario sistemak antolatu eta mantentzea, ikastetxeen kudeaketarako programen barruan.

–Obra, hornidura, ekipamendu eta laguntza teknikoko kontratuak arautu behar dituzten klausulak aztertzea, prestatzea eta onesteko proposatzea.

–Ikastetxe bakoitzean dauden baliabideak erabiltzeko eta egokitzeko modua zehaztea, horretarako aurrekontuak prestatuz eta behar diren kudeaketak eginez, arlo bakoitzeko irakasle eta espezialistekin elkarlanean.

–Hornidurari buruzko urteko planaren berri ematea ikastetxeei.

–Eskoletako ekipamenduaren urteroko programak gauzatzeko prozedura administratiboak zuzendu, bultzatu eta koordinatzea, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean kontratazio eta esleipenerako zehazten diren prozeduren bidez.

–Erositako ekipamenduaren harrera eta martxan jartzea kontrolatzea, eta bidezko diren erreklamazioak egitea.

–Kasuan kasuko departamentuan erosketez arduratzen den unitate administratiboari Hezkuntza Departamentuko bulegoen hornidura beharrak jakinaraztea, kasuan kasuko txostenak prestatu ondoren.

–Departamentuko Biltegi Nagusiko altzariak eta ekipamendua antolatu eta kontrolatzea, eta, orobat, soberako eskola materiala berreskuratu, konpondu eta, eskola sistemaren beharren arabera, banatzea.

–Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiaren aldizkarien harpidetzarako plana mantendu eta eguneratzea.

–Agintzen zaion beste edozein eginkizun, atxikita dagoen atalak esleituak dituenetatik.

4. ATALA

Unibertsitateen Zerbitzua

45. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

Unibertsitateen Zerbitzuak Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoa du, Unibertsitateen Atalari atxikia.

46. artikulua. Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoa.

Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Ikerketarako laguntzen deialdietako kudeaketa administratibo eta ekonomikoa tramitatu eta gainbegiratzea eta haien inplementazioa kontrolatzea.

–Elkarlanean aritzea Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalarekin, goi mailako irakaskuntzetarako laguntzak aztertu, kudeatu eta tramitatzeko.

–Ikertzaileen Mugikortasunerako Europako Sarearen eskualdeko nodoa kudeatzea.

–Jarduera zientifikoa eta ikerketa sustatzeko eta bultzatzeko ekitaldi, jardunaldi, ikastaro eta bestelakoak antolatzea eta horrelakoetan parte hartzea.

–Ikerketarako laguntzen deialdien jarraipena eta ebaluazioa egiteko datu estatistikoak biltzea.

–Ikerketako programa nazional eta nazioartekoetan parte hartzen duten ikertzaileei informazioa, aholkuak eta laguntza ematea.

–Nafarroako ikertzaileek eta ikerketa zentroek ondoko programetan parte hartzea bultzatzea: Ikerketa Zientifikorako, Garapenerako eta Berrikuntza Teknologikorako Plan Nazionaleko programak; Europako Esparru Programa, Nafarroako Plan Teknologikoa, edo Ikerketa Zientifikorako Zentro Nagusiak, unibertsitateko ikerketaren arloan eskuduna den ministerioak edo beste edozein erakundek sustatutako beste programa batzuk.

–I+G+Bko Nafarroako sistemako erakundeekin elkarlanean aritzea beren eskaintza zientifiko eta teknologikoaren zabalkundean, eta ikertzaileak sartzeko prozesuetan aholku ematea.

–Hezkuntza Departamentuaren jarduera zientifiko eta teknologikoaren plangintzan eta araudiaren prestakuntzan parte hartzea.

–Ikerkuntzaren arloko programen batzordeetan eta lantaldeetan parte hartzea, eskualdekoetan, estatutukoetan eta nazioartekoetan.

–Bere eskumeneko esparruaren barrenean prestakuntza planifikatu, prestatu eta ematea.

–Bere eskumenen esparruaren barruan agintzen zaion beste edozein eginkizun.

5. ATALA

Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzua

47. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

1. Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuak bulego hauek ditu bere egituran:

–Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoa.

–Koordinazioaren, Modernizazioaren eta Atarien Bulegoa.

–Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Informazio Sistemen Bulegoa.

–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiko Informazio Sistemen Bulegoa.

–Ikastetxeetako Informazio Sistemen Bulegoa.

–Hezkuntzako Sistema eta Sareen Bulegoa.

–Sostengu Bulegoa.

2. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Informazio Sistemen Bulegoa eta Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiko Informazio Sistemen Bulegoa eta Ikastetxeetako Informazio Sistemen Bulegoa Informazio Sistemen Eboluzioaren eta Kudeaketaren Atalari atxiki zaizkio.

Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoa eta Koordinazioaren, Modernizazioaren eta Atarien Bulegoa Hezkuntzako Teknologiak Txertatu eta Ustiatzeko Atalari atxiki zaizkio.

Hezkuntzako Sistema eta Sareen Bulegoa eta Sostengu Bulegoa Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalari atxiki zaizkio.

48. artikulua. Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoa.

Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Eskola kudeaketaren gaineko aplikazioak garatzeko eskaerak jasotzea.

–Informazio Sistemen Eboluzioaren eta Kudeaketaren Atalarekin batera, zehaztea zer premia duten Hezkuntza Departamentuak unibertsitatez kanpoko ikastetxeen eskura jartzen dituen informazio sistemek modernizazioari eta hobekuntzari dagokienez, eta martxan jartzea horietatik heldu diren proiektuak.

–Bere eskumeneko esparruaren barrenean prestakuntza planifikatu, prestatu eta ematea.

–Euskarri funtzionala egitea, hala ikastetxeetan nola Hezkuntza Departamentuan, eskola kudeatzeko aplikazioetarako, Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalarekin koordinatuta.

–Euskarri funtzionala eta laguntza ematea Educaren eta eskola kudeaketarako beste aplikazio batzuen artean datuak trukatzeko dauden web zerbitzuen erabiltzaileei, Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalarekin koordinatuta.

–Hezkuntzaren eta departamentuaren kudeaketaren gaineko aplikazioetatik atera daitezkeen datuei buruz (gehituak edo zehaztuak) Hezkuntza Departamentuak egiten dituen eskaerei erantzutea.

–Hezkuntzari buruzko estatistika bildu, araztu eta ustiatzea eta Nafarroako eta Estatuko estatistika institutuekin elkarlanean aritzea.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan.

49. artikulua. –Koordinazioaren, Modernizazioaren eta Atarien Bulegoa.

Koordinazioaren, Modernizazioaren eta Atarien Bulegoak eginkizun hauek beteko ditu:

–Departamentuko unitateetan informazioaren kudeaketa edo sistema prozedurak modernizatu eta hobetzeari buruz egiten diren eskaerak koordinatu, aztertu, lehenetsi eta esleitzea zerbitzuko zuzendaritzarekin batera.

–Aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea departamentuko unitateen kudeaketa antolatu eta modernizatzen duten proiektuak kudeatu eta martxan jartzeko.

–Interneteko edukien eta zerbitzuen sorrera eta hautaketa sustatu, kudeatu eta koordinatzea, hezkuntzako komunitateak erabil ditzan.

–Hezkuntza Departamentuaren presentzia webetan eta sare sozialetan gainbegiratu eta koordinatzea, Kontseilariaren Kabinetearekin elkarlanean.

–Interneterako hezkuntza edukien hautaketa eta prestaketa sustatu, kudeatu eta koordinatzea, ikastetxeetako ikasleek erabil ditzaten.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan.

50. artikulua. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Informazio Sistemen Bulegoa.

Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Informazio Sistemen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuekin batera, informazio sistemak modernizatu eta hobetzeko beharrak zehaztea eta horren ondotik datozen proiektuak abian jartzea.

–Informazio sistemak etengabe, garatzea, kudeatzea, mantentzea eta gaurkotzea, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren beharrei erantzuteko eta inplikatutako eragile guztien arteko komunikazio elektronikoa pixkanaka ahalbidetzeko.

–Lan egitea Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiko Informazio Sistemen Bulegoarekin eta Informazio Sistemen Bulegoarekin batera, Informazio Sistemen Eboluzioaren eta Kudeaketaren Atalak kudeatzen dituen proiektu eta produktu guztiak ezagutzeko, eta, horrela, euskarri homogeneoa eman ahal izateko eragile guztiei eta informazio sistema irekiak eta elkarri laguntzekoak sortzeko Hezkuntza Departamentu osorako.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan.

51. artikulua. Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiko Informazio Sistemen Bulegoa.

–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiko Informazio Sistemen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuekin batera, informazio sistemak modernizatu eta hobetzeko beharrak zehaztea eta horren ondotik datozen proiektuak abian jartzea.

–Informazio sistemak etengabe garatzea, kudeatzea, mantentzea eta eguneratzea, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiaren beharrei erantzuteko eta inplikatutako eragile guztien arteko komunikazio elektronikoa pixkanaka ahalbidetzeko.

–Lan egitea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Informazio Sistemen Bulegoarekin eta Ikastetxeetako Informazio Sistemen Bulegoarekin batera, Informazio Sistemen Eboluzioaren eta Kudeaketaren Atalak kudeatzen dituen proiektu eta produktu guztiak ezagutzeko, eta, horrela, euskarri homogeneoa eman ahal izateko eragile guztiei eta informazio sistema irekiak eta elkarri laguntzekoak sortzeko Hezkuntza Departamentu osorako.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan.

52. artikulua. Ikastetxeetako Informazio Sistemen Bulegoa.

Ikastetxeetako Informazio Sistemen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Hezkuntzako Teknologiak eta Proiektuak Txertatzeko Atalarekin batera, zehaztea zer premia duten Hezkuntza Departamentuak unibertsitatez kanpoko ikastetxeen eskura jartzen dituen informazio sistemek modernizazioari eta hobekuntzari dagokienez, eta martxan jartzea horietatik heldu diren proiektuak.

–Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoarekin koordinatuta, Hezkuntza Departamentuak unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen eskura jartzen dituen hezkuntza kudeaketarako informazio sistemak eta aplikazioak garatzea, kudeatzea, haien mantentze-lanak egitea eta eguneratzea, haien beharrei erantzuteko eta bertan inplikatutako eragile guztiei komunikazio elektronikoa errazteko pixkana-pixkana.

–Lan egitea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Informazio Sistemen Bulegoarekin eta Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiko Informazio Sistemen Bulegoarekin batera, Informazio Sistemen Eboluzioaren eta Kudeaketaren Atalak kudeatzen dituen proiektu eta produktu guztiak ezagutzeko, eta, horrela, euskarri homogeneoa eman ahal izateko eragile guztiei eta informazio sistema irekiak eta elkarri laguntzekoak sortzeko Hezkuntza Departamentu osorako.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan.

53. artikulua. Hezkuntzako Sistema eta Sareen Bulegoa.

Hezkuntzako Sistema eta Sareen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Hezkuntza Departamentuak sustatutako programen sistemak, aplikazioak, zerbitzuak eta konektibitatea mantendu, administratu, kudeatu eta garatzea.

–Educa ikastetxeak kudeatzeko programari eusten dioten sistemak eta Hezkuntza Departamentuaren gainerako sistemak mantendu, administratu eta garatzea.

–Ikastetxeetako komunikazio sistemen eta informatika tresnen plangintzaz, mantentze-lanez eta kontrolaz arduratzea.

–Bere eskumeneko esparruaren barrenean prestakuntza planifikatu, prestatu eta ematea.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan.

54. artikulua. Sostengu Bulegoa.

Sostengu Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Sostengu informatikoa eta lehen mailako arreta ematea ikastetxeetako erabiltzaileei eta Teknologia Berrien programako eta Hezkuntza Departamentuko informatika eta komunikazio sistemen erabiltzaileei.

–Hezkuntza Departamentuko eta ikastetxeetako sistema eta aplikazio informatikoetatik sostengu informatikoa emateko egiten diren eskaera guztiak bideratu eta koordinatzea.

–Aztertu eta baloratzea zer behar duten ekipamendu informatikoen aldetik Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeek eta Hezkuntza Departamentuko bulegoek.

–Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan eta Hezkuntza Departamentuko bulegoetan eskura dagoen ekipamendu informatikoaren inbentarioa egitea.

–Jakinaraztea erosketez arduratzen den unitate administratiboari zer behar duten ekipamendu informatikoen aldetik Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeek eta Hezkuntza Departamentuko bulegoek, kasuan kasuko txostenak prestatu ondoren.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan.

III. KAPITULUA

Idazkaritza Tekniko Nagusia

55. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

1. Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak bulego hauek ditu bere egituran:

–Laguntza Juridikoaren Bulegoa.

–Erregistro Bulegoa.

–Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa.

–Ikastetxeen Jarduera Ekonomikoari Laguntzeko eta Aurrekontu Kontrolerako Bulegoa.

2. Laguntza Juridikoaren Bulegoa Araubide Juridikoaren Atalari atxiki zaio.

Erregistro Bulegoa Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalari atxiki zaio.

Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa eta Ikastetxeen Jarduera Ekonomikoari Laguntzeko eta Aurrekontu Kontrolerako Bulegoa Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari atxiki zaizkio.

56. artikulua. Laguntza Juridikoaren Bulegoa.

Laguntza Juridikoaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Hezkuntza Departamentuko unitate organikoei sostengu eta laguntza juridikoa ematea.

–Esleitzen zaizkion administrazio espedienteen gaineko txosten juridikoak egitea.

–Atxikita dagoen atalak emandako jarraibideen arabera, zerbitzu juridikoen txostena behar duten espedienteak egoki tramitatzen direla begiratzea eta koordinatzea.

–Departamentuko zerbitzuek proposatutako administrazio espedienteak tramitatzea.

–Idazkaritza Tekniko Nagusiko gainerako organoekin lankidetzan arituz, kontseilariak Nafarroako Gobernuari igortzen dizkion departamentuko gaien espedienteak tramitatzea.

–Auzitegiek eskatzen dituzten espedienteen igorpenak prestatzea.

–Behar den guztia prestatzea departamentuaren zerbitzu administratibo eta orokorrek funtzionamendu egokia izan dezaten.

–Departamentuko espediente administratiboen artxiboaren funtzionamendua antolatzea.

–Zirkuitu administratiboak hobetu eta arrazionalizatzeko behar diren berrikuntzak proposatzea.

–Agintzen zaion beste edozein eginkizun, atxikita dagoen atalak esleituak dituenetatik.

57. artikulua. Erregistro Bulegoa.

Erregistro Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Departamentuan sartzen diren eta Idazkaritza Tekniko Nagusitik ateratzen diren dokumentuen erregistroa kudeatzea.

–Dokumentuak konpultsatu eta kautotzea, eta ezarritako tasak kobratzea.

–Ziurtagiri digitalak luzatzea.

–Agintzen zaion beste edozein eginkizun, atalari esleitutakoen artean.

58. artikulua. Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa.

Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Departamentuko Kontabilitate Zentroa kudeatzea.

–Departamentuko diru-sarreren eta ordainketen espedienteak tramitatzea.

–Justifikatu beharreko funts-aurrerakinen kontuak kontrolatzea eta haien jarraipena egitea.

–Agintzen zaion beste edozein eginkizun, atalari esleitutakoen artean.

59. artikulua. Ikastetxeen Jarduera Ekonomikoari Laguntzeko eta Aurrekontu Kontrolerako Bulegoa.

–Ikastetxeen kontabilitatearen kudeaketa errazteko tresna informatikoak ezartzea eta horien jarraipena egitea.

–Ikastetxe publikoek, kudeaketarako duten autonomiaren eremuan, egiten dituzten diru-sarreren eta gastuen kontrola.

–Ikastetxeek hezkuntza zerbitzuak emateagatik kobratzen dituzten prezioen baimenak tramitatzea eta, orobat, ikastetxe publikoek altzariak eta ekipamenduak erosteko baimen eskaerak tramitatzea Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusian.

–Ikastetxeen kontu korronteen baimenak kudeatzea.

–Aurrekontuaren exekuzioaren gaineko kontrola eta jarraipena.

–Aurrekontua aldatzeko espedienteak tramitatzea.

Xedapen gehigarri bakarra.–Izendapenak.

Foru agindu honetan ezarritako egituraren arabera izen bera duten burutzetako titularren izendapenak berresten dira.

Era berean, honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

–Bizikidetza Bulegoko burua, Mª Josefa Goñi Garaioa, Bizikidetzaren arloko Aholkularitza Bulegoko buruaren izena hartu ondoren.

–Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegoko burua, M.ª Ángeles Iriarte Azpíroz, Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegoko buruaren izena hartu ondoren.

–Atzerriko Hizkuntzak Ikasteko Programen Bulegoko burua, Izaskun Ruiz de Larramendi Ecay, Hizkuntza Programen Bulegoko buruaren izena hartu ondoren.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauen indargabetzea.

Indarrik gabe uzten da Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 31n emandako 169/2015 Foru Agindua, Hezkuntza Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak ezartzen dituena.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko otsailaren 3an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Luis Mendoza Peña.

Iragarkiaren kodea: F1701503