28. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4E/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 13koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Canteras Achak eskatuta, Almandozko (Baztan) Arritxuri harrobiko sarbidea irekitzeko hasitako espedientea iraungia dela deklaratzen duena.

2016ko otsailaren 3an Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan sartu zen aurreko lerroaldean aipatutako espedientea.

Espedienterako aurkeztu proiektu teknikoa ikusirik, 2016ko otsailaren 26ko idazkiaren bidez sustatzaileari eskatu zitzaion dokumentazio osagarria bidal zezala, behar bezala tramitatzeko. Errekerimendu horretan, propio ohartarazi zen dokumentazio hori igorriko ez balu espedientea hiru hilabetetik gora geldirik egoteak eskaeraren iraungipena ekarriko lukeela eta jarduketak artxibatuko liratekeela eta, ondorioz, ezin izanen liratekeela proiektatutako obra eta instalazioak egin; eta hori, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 92. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Emandako epea aise joana denez egindako errekerimenduari erantzun gabe, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Almandozko (Baztan) Arritxuri harrobiko sarbidea irekitzeko espedientea iraungi dela deklaratzea; sustatzailea Canteras Acha SA da.

Adieraztea ezen, etorkizunean jarduera hori gauzatu nahi balu, espediente berri bati hasiera eman beharko litzaiokeela, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan ezarritako moduan. Foru dekretu horren bidez Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatu zen.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

3. Ebazpen hau interesdunari, Baztango Udalari, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari igortzea, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko urtarrilaren 13an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1700649